Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2010eko urriaren 7koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, zeinen bidez hasiera ematen baitzaio Antzuolako (Gipuzkoa) Amilleta baserria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari, bai eta espedientea jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko aldiari ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 216
  • Hurrenkera-zk.: 5291
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/10/07
  • Argitaratze-data: 2010/11/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Antzuolako Amilleta baserriak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau

Lehenengoa. Hasiera ematea Amilleta baserria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena. Jendeaurrean jartzea Amilleta baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Gasteiz).

Hirugarrena. Ebazpen hau interesdunei, Antzuolako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu ahal izateko eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkezteko.

Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak ebazpenaren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 7a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

ANTONIO RIVERA BLANCO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketak eraikina bera eta ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

    Ipar-ekialdean, baserriaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 35 metrora dagoena.

    Hego-ekialdean, lerro bat, baserriren ekialdetik 65 metrora eta hegoaldeko muturretik 50 metrora, eta nabarmen paraleloa Maltzaga-Zumarraga burdinbide zaharraren zabaldegiarekiko, trenbideko azpipegituraren kanpoaldeko lubeta jarraituta.

    Hego-mendebaldean, baserriaren mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 50 metrora.

    Eta, azkenik, ipar-mendebaldean, baserriaren fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxada horretatik 20 metrora.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Mugaketa hau proposatu da Amilleta baserriaren inguruak duen balioa babestu behar delako, ingurumenaren aldetik zein ikusteko duen balioaren aldetik. Baserria malda handia duen mendi-hegal batean kokatutako dago, Antzuolako Basalde auzoan. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berarekin batera dakar baserriaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea babestea, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.

Familia bakarreko baserria, oinplano angeluzuzenekoa, 33,5 x 23,5ekoa. Egurrezko estalkia, hodi-teilez egina, 3 isurkikoa, gailurra hego-ekialdera jotzen duen fatxada nagusiarekiko elkarzut duena. Bi solairu eta ganbara ditu. Horma perimetralak landu gabeko harriz eginak, eta eskantzuak harlanduzkoak. Fatxada nagusiak antolaketa simetrikoa du; beheko solairuan, erdian, erdi-puntuko bi arku daude; arku batetik atondora sartzen da eta bestetik kortara. Lehenengo solairuan sei leiho-hutsarte daude, silarriz hesituta. Hastialean (goiko aldean) oholtza labur bat ikus daiteke, alde hori ixten duena. Hego-mendebaldeko fatxadak zazpi leiho eta ezaugarri desberdinetako balkoiak ditu, beheko solairuan, eta beste zazpi leiho-bao lehenengo solairuan. Lurraren desnibela aprobetxatuz, soto-upategi bat dauka, non zenbait saietera irekitzen diren; azken horiek ere hego-mendebaldera jotzen dute. Ipar-ekialdeko fatxada oso baxu dago lurraren desnibelarengatik, eta handik sotora edo lastategira sartzen da zuzenean. Ipar-mendebaldeko fatxadak leiho-bao bat dauka.

Eraikin honen barneko egitura suhesi batean bermatzen da, hego-ekialdeko fatxada nagusiarekiko elkarzut; suhesiak bi zati simetrikotan banatzen du eraikina. Egurrezko egiturak fatxadetan eta erdiko suhesi horretan bermatzen dira. Bi erdien egiturak pieza bakarreko zortzi zutabe-ardatzetan bermatzen dira; horiek habe, beso eta gapirioekin ahokatuta, baserri honen teilatuari eusten diote. Beheko solairura argi naturala sartu dadin, argizulo bat dauka, forma tronkopiramidala duena. Ipar-mendebaldeko azken hormartea XIX. mendean eginiko zabalkuntzean egina da. Horma zaharraren gainean, gaur egun barruan dagoena, XVI. mendeko arku zorrotza irekitzen da.

Amilleta XVI. mendeko baserria da. Garai horretako ipar-mendebaldeko murrua eta upeltegia gorde ditu. Beranduago, erabat berregin zen, XVIII. mendean; eta garai hartakoak dira, hain zuzen, barruko murru eta egitura gehienak.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik