Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2010eko urriaren 7koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Donostia-San Sebastiángo (Gipuzkoa) Munotxabal edo Muñozabal baserria, monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 216
  • Hurrenkera-zk.: 5290
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/10/07
  • Argitaratze-data: 2010/11/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Donostia-San Sebastiángo Munotxabal edo Muñozabal baserriak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

Lehenengoa. Munotxabal edo Muñozabal baserria, monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena. Munotxabal edo Muñozabal baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena. Ebazpen hau interesdunei, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 7a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

ANTONIO RIVERA BLANCO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketak eraikina bera eta ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

    Ekialdean, baserriaren ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 40 metrora trazatua.

    Hego-mendebaldean, baserriaren mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 30 metrora trazatua.

    Ipar-mendebaldean, baserriaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 30 metrora trazatua.

    Eta, azkenik, ipar-ekialdean, baserriaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxada horretatik 30 metrora trazatua.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Proposatutako mugaketaren arrazoia da Muñotxabal baserriaren inguruak duen balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren ikuspegitik eta baita ikusteko duen balioa dela-eta. Baserria muino zabal batean kokatuta dago, ingurumenaren aldetik balio handiko muino batean, Donostiako Ibaeta auzuneko Igara aldean. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko, eta baserriaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea babestea du helburu, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.

Familia bakarreko baserria da, oinplano angeluzuzen txikia duena. Hiru solairu ditu: behekoa, lehendabizikoa eta ganbara labur bat. Bi isuriko estalkia dauka, eta gailurra, fatxada nagusiarekiko (hego-ekialdera begira) perpendikularra. Teilatu-hegalaren irteera oso txikia da. Hormak landu gabeko hareharrizkoak dira, eta bistan daude. Alde askotan, harri bitarteetan mortero karga handia ikusten da. Hareharrizko harlandu nabarmenak ditu ertzetan eta baorik gehienetan.

Fatxada nagusiak, hego-ekialdera begira, egitura simetrikoa dauka, eta erdian sarrera nagusia dauka, ateburu eta guzti. Sarrera horrek egurrezko ate lodi bat dauka, burdineria eta burdinazko iltzeak dituena, bai eta behatxulo bat ere erdian. Sarrera horretako baoa harlanduz inguratuta dago, eta behealdean ere harlandu bat dauka, karel gisa jarrita. Ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko fatxadetan harlanduz inguratutako leiho-zuloak daude, eta fatxada bietan dago egurrezko atez itxitako sarrera bana. Ipar-mendebaldeko fatxada itsua da ia, leiho-zulo bakarra baitago.

Baserriaren barruko armadura eta dolarea zeharkako hiru habe luzetan bermatzen dira. Aurreko habea dolarearen ardatz-zutabe nagusi bitan dago zurkaiztua. Hirugarrena atzeko horman bermatuta dago eta dolare barrokoaren bigarren ardatz-zutabe nagusiarekin mihiztatuta dago. Bien artean dolare horren azpilari eusten diote. Ardatz-zutabe horietan, alboetan erantsitako eskuairak ikusten dira, aipatutako azpilari eusten dion aldea sendotzeko. Zutabe horietan bermatzen da estalkiaren egitura eta armadura, petral eta gapirioz osatua. Bai gailurra bai alboetako petralak tirante kurbatuen gainean jarrita daude.

Beheko solairuan sukaldea eta biltegi bat daude, baita eskailera eta upategia eta ukuilua ere, irekita, eraikinaren barrenean. Azken horma-artearen forjatuaren altuera aurreko biena baino txikiagoa da. Lehenengo solairuan, aurreko horma-artean, logelak, ganbarara igotzeko eskailera eta goian aipatutako azpil zabala daude.

Muñotxabal baserria XVIII. mende amaieraren eta XIX. mende hasieraren artean eraiki zuten, eta ez da aldatu eraiki zuten aldiko jatorrizko egitura.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik