Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2008ko abuztuaren 18koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, honen bidez agindua ematen da estratigrafia eta paleontologia sailaren arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 180
  • Hurrenkera-zk.: 5338
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/08/18
  • Argitaratze-data: 2008/09/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak uztailaren 16an egin zuen bileran jakinarazi zen Estratigrafia eta Paleontologia Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

  1. – Euskal Herriko Unibertsitateko (EHUko) irakaskuntza programazioari eta ikastegien antolakuntzari jarraiki, Estratigrafia eta Paleontologia saila dagozkion jakintza arloetako (Estratigrafia eta Paleontologia) irakaskuntza koordinatu eta emateaz arduratzen da ikastegi edo titulazio batean edo gehiagotan, baita irakasleen irakaskuntza eta ikerketa eginkizunak eta ekimenak laguntzeaz ere. Bere funtzionamenduak eta erabakiek EHUko Estatutuetako, EHUko Sailen Oinarrizko Arautegiko eta aplikatu beharreko gainerako arauetako xedapenak errespetatu behar dituzte.

  2. – Berezko saila da eta erabat txertatuta dago EHUren egituran eta antolamenduan.

Honako hauek dira sailaren eginkizunak:

  1. Bere eskumeneko jakintza arloetako irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Bere eskumeneko jakintza arloetako ikerkuntza sustatu eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko eginkizunak sustatzea, bai eta espezializazioko edo unibertsitate hedakuntzako ikastaroak ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, indarrean dagoen legediaren esparruan betiere.

  5. Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta saileko langileak gidatzea.

  7. Urteko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

  10. Saileko jakintza arloen ikasketa planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza arloekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, beren eskumenen esparruan betiere.

  1. – Sailaren egoitza administratiboa Leioako Sarriena auzoan dagoen Zientzia eta Teknologia Fakultatean dago kokatuta, EHUren Bizkaiko Campusari dagokiolarik.

  2. – Gobernu Kontseiluaren baimena behar da egoitza aldatzeko, eta aldaketa saileko kontseiluak proposatu behar du, arautegiari jarraiki.

  3. – Saileko zuzendaritza lekuz aldatzea edo saileko kontseiluak zuzendari berria hautatzea ez da nahikoa arrazoi sailari egoitzaz aldatzeko baimena emateko.

  4. – Beharrezkoa bada, Gerentziak hartu behar ditu neurriak sailaren egoitzaren eta zuzendaritzaren arteko komunikazioa bermatzeko.

  1. – Saila arautzeko, saileko kontseiluak arautegia egin behar du Sailen Oinarrizko Arautegian xedatutakoari jarraiki.

  2. – Gobernu Kontseiluari dagokio sail bakoitzeko arautegia behin betiko onestea eta, horretarako, beharrezko txostenak -nahitaezko legezkotasun txostena barne- egin behar ditu aurrez. Eskumenak eskuordetuta, idazkari nagusiak onetsi behar ditu arautegiak, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko. Honako hauek dute eskari hori egiteko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek, arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako kontseiluek eta kasuan kasuko saileko kideek, baldin eta kideen gutxienez % 15 alde badaude. Edozelan ere, idazkari nagusiak onespen horren berri eman behar dio Gobernu Kontseiluari.

  3. – Sailak honako printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:

    1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

    2. Sail bakoitzaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera.

    3. Sail atalen antolakuntza autonomiaren eta autonomia funtzionalaren errespetura, haien eta osatzen dituzten kideen arteko orekari eta elkarlanari kalterik egin gabe.

Saila bi jakintza arlotan banatuta dago: batetik Estratigrafia eta bestetik Paleontologia (arloen katalogo ofizialean ageri dira biak).

  1. – Honako hauek dira saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

  2. – Aurreko atalaren ondorioetarako, irakasle eta ikertzaile guztiak saileko jakintza arloren batean sartuta egongo dira.

  3. – Salbuespen gisa, baimena eman ahal izango da sail bateko jakintza arloari atxikitako irakaslea beste sail bateri atxikitzeko behin behinekoz, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide orokorrei jarraiki.

  4. – Ez da baimenik emango atxikipena emateko, baldin eta horrek saileko irakats betebeharrak bete gabe geratzea badakar.

  5. – Artikulu honi dagokionez, bekadunei buruzko aipamenak ez ditu barne hartzen EHUko Estatutuetako 115.3. artikuluan aipatutako bekadun lankideak.

  1. – Sailaren gobernua kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Saileko kontseilua da saileko kide anitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoa.

  3. – Zuzendaria eta idazkari akademikoa dira saileko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak, sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkari bat, hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

  2. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da.

  3. – Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eurek aukeratu behar dituzte euren artean.

  4. – Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

  5. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, azaroaren 15aren eta abenduaren 15aren artean egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deitu behar dira: saileko graduondoko berezko tituluetan eta doktorego programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikitako ikerketako bekadunak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio hala dagokion zerbitzuari.

Ordezkari eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira, eta honako hauek dira ordezkari izateari uzteko arrazoiak:

  1. Hiltzea edo ezintasunen bat izatea.

  2. Hauteskundeak baliogabetzea.

  3. Agintaldia amaitzea.

  4. Dimisioa aurkeztea.

  5. Ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari uztea.

  6. Organoen elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts egitea.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:

    1. Saileko zuzendaria hautatzea arautegiak xedatutakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteko irakats eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

    4. Saileko langileei irakats betebeharrak eta balizko aldaketak esleitu, Sailaren Arautegiko 26. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

    5. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea kasuan kasuko ikasketa planaren barruan.

    6. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktorego programetako irakats zama kasuan kasuko sailak entzun ondoren esleitu behar da.

    7. Legediak baimentzen dituen baldintzetan, doktorego tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea, baita bestelako epaimahaietako kideak ere.

    8. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

    9. Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

    10. Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak eskuratu eta kontratuak berritze aldera.

    11. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailen eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

    12. Venia docendi eman behar bada, aurrez jakinaraztea.

    1. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, Unibertsitatean ezarritako ebaluazio prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegien proiektuak eta, dagokionean, arautegien erreforma proiektuak aurkeztea.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Saileko arautegian jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Sailetako zuzendaritzak deitu behar du hauteskundeetara, Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

    6. Indarrean dagoen legediak, EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Bilerak ohikoak eta ez ohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Kontseiluak gutxienez ohiko bi bilera egin behar ditu seihileko bakoitzean.

  3. – Ez ohiko bilerarako deia egingo dute aztertu beharreko gaiak direla-eta beharrezkoa denean edo aplikatu beharreko araudiak xedatutako kasuetan. Ez ohiko bileretako gai zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ez ohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruak egin behar du bileretarako deia. Gainera, kide anitzeko organoetako kideen edo sailetako irakasleen % 33k eskatzen badute, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ez ohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

  2. – Bilerarako deiak organoko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilerak baino gutxienez hiru egun lehenago. Bilerak non egingo diren, zein ordutan eta zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdian. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute Organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Gai zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean, organoetako kideen gutxienez % 10ek eskatutakoak agertu behar dute. Eskari hauek EHUren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, Saileko Zuzendariari zuzenduta, gutxienez hamabost egun baliodun lehenago. Ezin da hartu gai zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

  4. – Guztiak jakitun egon daitezen, deialdiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta gainerako gune guztietan, eman ere organoetako kideei bileretarako deia egiten zaien egun berean.

  1. – Kide anitzeko ordezkari eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki eta bete ezin den leku kopurua kideentzako lekuen % 50ekoa edo handiagoa edo organoetako kideentzako lekuen % 30ekoa edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egin behar dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatutakoek ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte bete behar dituzte ordezkari eginkizunak.

  1. – Kide anitzeko organoko kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta Sailaren Arautegiak ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak betetzeko beharrezko dokumentazio eta informazio guztia eskatu eta eskuratzeko, eskaria EHUren Erregistro Orokorraren bidez gauzatu behar delarik gutxienez zazpi egun baliodun lehenago.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren arteko tartea hamar minutukoa izango da. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 17. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

  2. – Eztabaidak gai zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezakete organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Beharrezkotzat joz gero, organoko buruak bozketa egin aurretik gaiaren inguruan eztabaidatzeko denbora muga dezake, bai eta egon daitekeen parte hartze kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, ikastegiaren arautegiak edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruak kalitatezko botoa izango du.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek edo abstenitzen direnek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio organoko idazkariari, boto txartelarekin batera. Boto txartelak eta testuak aktari erantsi behar zaizkio.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek beraien botoa organoko beste kideren baten esku uzteko aukera izango dute. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoetako kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  5. – Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan; azalpena idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto bereziak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko dira. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar du.

  2. – Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta azalpena emanez bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena; gai zerrenda; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

  3. – Boto bereziak ere jasota egon behar dira aktan, baldin eta boto berezia eman duten kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada erreklamaziorik aurkezten esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu behar dira.

  6. – Onartu ostean, aktak argitara emango dira, beti ere pertsonen intimitatea gordez, Sailaren Iragarki Oholean ipiniz bi egun baliodunetan, eta saileko kideek Idazkaritzan eskuratu ahal izango dituzte kontsultak egiteko.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.

  2. – Hartutako erabakiak hiru egun balioduneko epean argitaratu behar dira, eta pertsonen intimitatea babestuta egon behar da. Edonola ere, organoko idazkariak eta buruak erabakiak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, eta argitaratu eta hilabetez daudela jendaurrean gutxienez.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakats betebeharrak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  3. – Sailaren Arautegiko IV. tituluko II. Kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Saileko kide bakarreko organoak zuzendaria eta idazkaria dira.

  2. – Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoz aritu behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Sailean zuzendaririk ez badago, saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari, eta saileko kontseilua premiazko bilerara deitu. Bilera horretan behin-behineko zuzendaria aukeratuko da baldintzak betetzen dituztenen artetik, baina, bitartean, kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak beteko ditu saileko zuzendari eginkizunak, eta, era berean, bera izango da bilerako buru. Bestalde, artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta zuzendaririk aukeratu ez bada dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du aldi baterako zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

  2. – Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa da.

  3. – Zuzendariak Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua. Edozein zentsura-mozio, idatziz eta arrazoituz, EHUko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, Saileko Idazkariari zuzendua, eta gutxienez Kontseiluko kideen % 20ak sinatu beharko du eta Zuzendari izateko hautagai baten izena aurkeztu beharko du. Zentsura-mozioa jaso eta eskatutako betebeharrak betezen dituela ziurtatutakoan, 72 orduren buruan Zuzendariak Saileko Kontseilua deituko du bilera egin dezan zentsura mozioa jaso denetik hamabost egun balioduneko epean. Zentsura-mozioa sinatu duten kideetako batek emango dio hasiera bilerari zentzura-mozioa defendatuz. Jarraian zuzendari izateko hautagaiak hartuko du parte bere proposamena aurkez dezan. Ondoren zentsuratuak erantzuteko eta defendatzeko eskubidea izango du. Azkenik hitza eskatzen duten Saileko Kontseiluko kideek hartuko dute parte, zentsura-mozioaren aldeko eta aurkako elkarren segidako txandetan.

    Zentsura onartua izango da bere alde aurka baino Saileko Kontseiluko kide gehiagok bozkatzen badute. Saileko kontseiluak mozioa onartuko balu, Zuzendariak berehalako dimisioa aurkeztuko du. Kasu honetan, zentsura-mozioan aurkeztutako hautagaia zuzendari berri aukeratu dela ulertuko da.

  1. – Errektoreak irakats betebeharretatik salbuets dezake zuzendaria, eta arduraldia gehienez ere erdira murriztuta.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakats betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte edo gehiago eman behar dituzte karguan.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

    1. Sailaren ordezkari izatea.

    2. Saileko kontseiluko buru izatea.

    3. Saileko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

    6. Saileko kontseiluak, batzorde iraunkorrak eta, dagokionean, ataletako kontseiluek hartutako erabakiak betearaztea.

    7. Sailak eta saileko kideek irakats betebeharrak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea programen arduradunekin batera.

    10. Eginkizunak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jasotzea eta diziplina espedientea irekitzeko proposamena egitea.

    12. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainontzeko guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza hitzarmenak sinatu behar ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta zuzendariaren proposamenari jarraiki errektoreak hala erabakitzea.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Saileko kontseiluak antolatu behar du saileko ziklo, jakintza arlo eta ikasketa guztietako irakaskuntza. Irakaskuntza fakultateko eta eskolako zuzendaritzarekin batera antolatu behar da, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar da kontuan. Harremana bideratze aldera, sailak ordezkaria izendatu behar du irakaskuntza eman arren atalik ez duten ikastegietan.

  2. – Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, hizkuntza normalizazioan aritzen diren Unibertsitateko organo orokorrek eta ikastegietako euskara batzordeek egindako plangintzak izan behar ditu kontuan.

  3. – Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.

  4. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.

  5. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza edo ikerkuntza arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren lauhilekoan dutenen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar baldin badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilekoari dagokion irakaslana baino ezin izango du hartu bere gain ordezkoak.

  3. – Saileko kontseiluak lan baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar dituzte kontuan, batik bat, irakasle kategoria jakin bat asteko eskola orduak murrizteko izan dezakeen eskubidea, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. – Sailak kasuan kasuko jakintza arloekin lotutako gaietako irakats betebeharrak egokitu behar dizkiete irakasleei. Hala ere, salbuespenezko egoeretan, sailak antzeko jakintza arloetako gaiak eslei diezazkiekete irakasleei, irakaskuntza eman egiten dela bermatzearren.

  2. – Salbuespenak gorabehera, irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei diezazkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premiazko egoeratan, zuzendariak berak banatuko ditu eskolak. Erabaki hori zuzenean ezarriko da, baina saileko kontseiluak berretsi beharko du.

  3. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

  1. – Irakasleek beren lehentasunak adierazi aurretik, sailak eskolak esleitzeko irizpide osagarri eta orokorrak erabaki ditzake, arrazoitu egiten baditu eta titulu honetan xedatutakoa errespetatzen badu, betiere.

  2. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.

  3. – Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskola berak, honakoaren arabera banatuko dira ikasketa planetako enborreko irakasgaiak, nahitaezkoak eta hautazkoak:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunek eta irakasle osoek.

      • Unibertsitateko irakasle titularrek, unibertsitate eskoletako katedradunek eta irakasle agregatuek.

      • Unibertsitate eskoletako irakasle titularrek, irakasle lankideek eta irakasle elkartuek.

      • Irakasle atxikiek.

      • Laguntzaileek.

    3. Diplomaturetan, ingeniaritza teknikoetan eta arkitektura teknikoan izan ezik, irakasle doktoreek lehentasuna dute.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleek lehentasuna dute. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak 0,5eko koefizienteaz haztatu behar dira.

  4. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  5. – Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun hurrenkerako azkenak izango dira.

  6. – Inongo irakaslek eskatzen ez dituen irakasgaiak eta taldeak esleitzeko, artikulu honetako 3. ataleko irizpideak alderantzizko ordenan aplikatu behar dira. Aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago egoera berean daudelako guztiak, zozketa egin behar da.

  1. – Saileko kontseiluak eskolak eta urteko irakats betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.2., 59.5.b) eta 60. artikuluetan xedatutako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.

  2. – Irakasle bakoitzaren irakats betebeharrak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko kontseiluek eskolak esleitzearen inguruan erabakitakoaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza orduak finkatzerakoan. Halaber, ikasleek zerbitzu hau behar bezala erabil dezaten ahalegindu behar dute eta, horretarako, astean gutxienez bi egun finkatu behar dituzte.

  2. – Irakasle jakin bati kontratatutako irakaskuntza osoa esleitu ez arren, tutoretza ordu guztiak bete behar ditu. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak behar adina egokitu behar du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza orduak finkatu behar ditu.

  1. Saileko irakasleen eta ikertzaile taldeen ikerkuntza lana bideratu eta sustatzea.

  2. Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

  3. Ziklo guztietako ikasleak ikerkuntza arloekin harremanetan jartzea.

  4. Doktorego tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  5. Zientzia arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa, garapen eta berrikuntza zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.

  6. Unibertsitateko ikerkuntzaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerkuntza eta aholkularitza kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

  7. Gizarteak unibertsitateko ikerkuntzaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.

  1. – Besteak beste, EHUren berezko ikerketa funtsek balio behar dute ikerkuntzan jarduteko beharrezko giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta materialak emateko sailei eta bertako ikertzaile taldeei. Baliabide horiek kasuan kasuko deialdietan xedatutako irizpideen arabera esleitu behar dira, eta kanpoko ebaluatzaileek aurkeztutako eskaeren inguruan emandako iritzia ere hartu behar da kontuan.

  2. – Sailaren eskumeneko jakintza arloetako ikerkuntza, hein handi batean, landan eta ingurumen baldintza oso zehatzetan egiten da. Honek nabarmenki zailtzen du landako ikerkuntza aurretiaz antolatzea eta, gainera, premiazko irtenaldiak eragiten ditu maiz. Beraz, Sailak bere kideei landa ikerkuntza behar bezala burutzen lagunduko dien egoera bultzatuko du. Hala ere, Saileko kideak ezingo dira arrazoi honengatik ohiko laneko tokitik aldendu Saileko Zuzendariari edo, bestela, Idazkariari ezer esan gabe, hauek beharrezko oniritzia idatziz luzatu beharko dutelarik. Nolanahi ere, irakasleek ikerkuntzaren aurretik jarriko dituzte dagozkien irakats betebeharrak eta tutoretzak, eta ezin izango dituzte ikasleak eskolarik gabe utzi.

  1. – Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerkuntza lanei eta horien emaitzei buruzko memoriak onartu behar ditu urtero. Memoria horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar ditu eta, jarraian, hari aurkeztu behar dizkio, baliabideak esleitze aldera.

  2. – Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren ikastegietan egindako ikerkuntza lanak unibertsitateko ikerkuntzatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar beste langile izan behar ditu, baita sail berezituak ere EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izan behar du sail horiek kudeatzeko.

  1. – Saileko aurrekontu orokorrak kontseiluak finkatzen duen moduan banatu eta kudeatu behar dira.

  2. – Saileko aurrekontuko diru sarrerak honakoak izango dira, EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Sailak antolatu eta gauzatzen dituen irakaskuntza eta ikerketa jarduerek emandako etekin garbiek eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenek.

    2. Zientzia, teknika eta arte lanak egin, espezializazio ikasketak eman eta prestakuntzako ekimen espezifikoak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatiak.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituzten diru laguntzek, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.

    4. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkieten dohaintzek eta legatuek, eman zaizkien baldintza berberetan.

  3. – Sailak EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariek horren berri eman beharko dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko kontseiluari, ontzat eman ditzan.

Saileko jardun ekonomikoek EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar dute, EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan xedatutakoari jarraiki.

  1. – Ikertzaile taldeek eta sailek eskatzen badute, EHUk ikerlariak kontratatu eta onar ditzake aldi baterako. Langile horiek ikerketa programen arabera eta ikerketarako berariazko fondoen eta kanpoko finantziazioaren kontura kontratatu behar ditu.

  2. – Edonola ere, saileko fondoen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoreordetzaren bidez kontratatuko dira, EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

  1. – Saileko arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen % 20ari dagokio. Aldaketarik eskatuz gero, ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu behar da eta proposamena nortzuek egin duten adierazi. Atal honetan xedatutako azken kasuan, saileko zuzendariak kontseiluaren bilerara deitu behar du hilabeteko epean, aldaketa horri buruzko iritzia eman dezaten.

  2. – Arautegiaren aldaketak kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

Arautegi honetan jasotakoa Sailen Oinarrizko Arautegiari eta aplika dakiokeen beste edozein arauri jarraiki aplikatuko da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.