Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2008ko abuztuaren 18koa, Universidad del Paνs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, lan harremanen unibertsitate eskolaren arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 177
  • Hurrenkera-zk.: 5279
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/08/18
  • Argitaratze-data: 2008/09/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del Paνs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Esukal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluak, 2008ko uztailaren 16ko bileran, Lan Harremanen Unibertsitate Eskolaren Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

Euskal Herriko Unibertsitateko Lan Harremanen Unibertsitate Eskolak Lan Harremanetan diplomatua titulu ofiziala lortzera bideratutako unibertsitate-ikasketak antolatu eta gestionatzen ditu maila adiministratiboan; eta baita ere, halakorik egonez gero, etorkizunean eslei dakizkiokeen ikasketak zein ikastegiari dagokion eremuko UPV/EHUren berezko tituluak.

Eskolak eginkizun hauek eramango ditu aurrera, helburuak betetzeko:

  1. – Lan Harremanetan diplomatua titulua eskuratzera bideratutako irakaslana antolatu eta programatzea eta baita ere, halakorik egonez gero, etorkizunean eslei dakizkiokeen tituluetakoa zein ikastegiaren bestelako titulu eta diploma espezifikoetakoa.

  2. – Ikasketa-planak onetsi edo aldatzea proposatzea.

  3. – Harremanak izatea Lan Harremanen beste unibertsitate-eskola batzuekin, fakultate eta unibertsitate-eskolekin, ikastegiekin, elkargo profesionalekin, enpresekin, sindikatuekin eta erakunde publiko zein pribatuekin. Kanpoko erakundeekiko harreman juridikoak izatean bete egin beharko da arautegi orokorrak eta unibertsitateko organo orokorren akordioek diotena.

  4. – Aurrekontua gestionatu, baliabide materialak administratu eta irakaskuntzako zein ikerkuntzako plana betetzen lagunduko duten langileak gidatzea.

  5. – Irakaskuntzaren kalitatea bermatu eta irakasleen gaitasun pedagogikoa eguneratu eta hobetzen laguntzea.

  6. – Bitarteko egokiak jartzea euskararen erabilera normalizatzeko. Helburu hori dela-eta, bitarteko hauek jarriko dira:

    1. Eskola Batzarreko kideek organo horren bileretan euskaraz mintzatzeko daukaten eskubidea bermatzeko beharrezko direnak.

    2. Beharrezko direnak zerbitzu elebiduna bermatzea eskolako organoei eta administrazioko zerbitzuei eskatutako informazio, eskaera eta kontsultetan.

    3. Eskolako edozein organoren idatziak bi hizkuntzetan ematea argitara, eta baita ere irakasle elebidunek ikasleei zuzendutakoak eta, oro har, eskolaren iragarkiak.

    4. Euskarazko material didaktikoaren ekoizpena bultzatzea ikastegian.

  7. – Irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari.

  8. – Sailak eta institutuak sortu eta aldatzeko proposamenak egitea.

  9. – UPV/EHUren Estatutuetan xedatutako beste eginkizunak edo indarrean dagoen legeriak esleitutakoak.

Lan Harremanetan diplomatua ikasketak irakatsiko dira Lan Harremanen Unibertsitate Eskolan eta baita ere, halakorik egonez gero, etorkizunean eslei dakizkiokeenak zein ikastegiaren bestelako titulu eta diploma espezifikoak, kasuan kasuko arautegi eta prozedurei jarraiki onartuak izango direnak.

  1. – Honako hauek dira Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako gobernu, ordezkaritza eta administrazio-organoak: Ikastegiko Batzarra, zuzendaria, zuzendariordeak, idazkari akademikoa eta administratzailea.

  2. – Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako kide bakarreko organoei lotutako karguak beteko dituzten pertsonek, indarrean dagoen legeriaren arabera izendatuek, bete egin beharko dute legeek ordutegiaren eta bateraezintasunen gainean diotena; beraz, ezingo dute bete kargu bat baino gehiago aldi berean.

  3. – Kide anitzeko zein kide bakarreko organoen egintzen kontra egin nahi izanez gero errekurtsoa aurkeztuko zaio errektoreari, bai eta eskumenen alorrean arazorik gertatuz gero, horregatik kalterik egiteke UPV/EHUren Estatutuetan eta legeria aplikagarrian xedatutakoari.

  4. – Helburu jakinetarako eratuko diren batzordeak aholkularitza-organotzat hartuko dira.

  5. – Eskolaren gobernu-erregimena ondorengoetan oinarritzen da:

    1. Eskolako sektore guztien ordezkaritza kide anitzeko organoetan.

    2. Kide anitzeko organoak kide bakarreko organoen gainetik egongo dira.

  1. – Honako hauek dira kide anitzeko gobernu-organoak: Ikastegiko Batzarra eta ikastegian sortutako batzorde guztiak, erabakiak hartzeko berezko eskumena dutenak zein eskumen hori eskuordetuta dutenak.

  2. – Gizon eta emakumeen parte-hartze parekatua bermatuko da gobernu eta ordezkaritza-organoetan.

  1. – Ikastegiko Batzarra berezko kideek eta kide hautatuek osatuko dute. Honako hauek dira berezko kideak: zuzendaria (batzarreko buru izango dena), idazkari akademikoa eta ikastegiko administratzailea. Kide hautatuak 25 izango dira, eta eskolako taldeek aukeratuko dituzte.

  2. – Kide hautatua honela banatuko dira:

    • Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasleak: 13 (% 52).

    • Unibertsitatearekin lotura iraunkorrik ez duten irakasleak: 3 (% 12).

    • Ikasleen ordezkariak: 6 (% 24).

      – AZP: 3 (% 12).

      Nolanahi ere, batzarreko kide gehienak unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasleak izango dira.

  3. – Batzarreko kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  4. – Ikastegiko Batzarreko kideak hautatzean bete egin beharko da UPV/EHUko Estatutuek eta UPV/EHUko ikastegien oinarrizko arautegiak xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

  5. – Zuzendariordeak ez dira izango batzarreko eskubide osoko kide.

  1. – Sufragio unibertsal, libre, zuzen eta sekretuaz aukeratuko dira ordezkariak. Talde bakoitzeko kideek hautatuko dituzte euren ordezkariak, eta hauteskunde-erroldan agertzen direnak izango dira hautesle eta hautagai. Edonola ere, Ikastegiko Batzarreko kideak unibertsitateko arautegi orokorraren arabera hautatuko dira.

  2. – Zuzendaria da organo eskuduna batzarreko hauteskundeetarako deia egiteko.

  3. – Hauteskundeetarako deia egingo duen erabakian jasota egongo da zein izango den hauteskunde-eguna. Erabakia argitaratu eta gutxienez hamar egunera eta gehienez hirurogei egunera izango da, hauteskunde-batzordeak kontrako erabaki arrazoiturik eman ezean.

  4. – Erabakian, era berean, jasota egongo da hauteskunde-egutegia:

    1. Errolda ixteko eguna.

    2. Behin-behineko errolda argitaratzeko eguna.

    3. Errolda inpugnatzeko epea.

    4. Behin betiko errolda argitaratzeko eguna.

    5. Hautagai-zerrendak aurkezteko epea.

    6. Behin-behineko hautagai-zerrendak jakinarazteko eguna.

    7. Hautagai-zerrendak inpugnatzeko epea.

    8. Behin betiko hautagai-zerrendak jakinarazteko eguna.

    9. Botazioa.

    10. Behin-behineko emaitzak jakinarazteko eguna.

    11. Behin-behineko emaitzak inpugnatzeko epea.

    12. Behin-betiko emaitzak jakinarazteko eguna.

      Hautesle-errolda eta, beraz, hauteskunde-taldeen banaketa (hautagai edo hautesle izan zaitezkeen jakin ahal izateko), hauteskunde-eguna baino hilabete lehenago itxiko da, betiere hauteskundeetarako onartutako egutegiari jarraituta.

      Errolda argitara emango da, berori itxi eta gehienez ere 5 egunera, honako lekuetan: ikastegietan eta zerbitzu orokorretan horretarako jarritako iragarki-oholetan eta, nahi izanez gero, iragarki-ohol elektronikoan.

      Kasuan kasuko hauteskunde-batzordeak ebatziko ditu hautesle-errolden kontra egindako inpugnazioak, eta erabakiarekin batera hauteskunde-batzordera bidaliko dituzte. Hauteskunde-batzordeak egiaztatu egingo ditu erroldetan egindako zuzenketak, eta okerrik edo hutsik antzemanez gero, zuzendu egingo ditu.

      Hautesle-erroldan akatsik egonez gero, interesdunak hiru eguneko epea izango du (erroldak argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita) inpugnazioak egiteko; zuzenketak ofizioz ere egin daitezke, baldin eta hauteskunde-batzordeak berak okerrik antzemanez gero.

  5. – Kide anitzeko organoetarako talde bakoitzeko ordezkariak taldekideek eurek aukeratuko dituzte euren artetik.

    Hautagai-zerrendak aurkezteko epea bozketa-eguna baino hamar egun baliodun lehenago amaituko da. Hauteskunde-batzordeak egiaztatu egin beharko du hautagai bakoitzak baldintzak betetzen dituela, egon daitezkeen inpugnazioak ebatziko ditu eta bost eguneko epean, gehienez ere, hautagaiak aldarrikatuko ditu. Era berean, hautagai zerrenden boto-txartel ofizialak egingo ditu.

    Hautagai-zerrenda kolektibo, itxi eta ordenatuak aurkeztuko dira.

    Hauteskundeetarako deia egiten denetik aurrera, bilerak edo hauteskundeei buruzko informazioa emateko jarduerak egin ahal izango dira. Behin betiko hautagai-zerrendak aldarrikatzen diren egunean hasi ahal izango da botoa ekitaldi publikoan eskatzen, ez lehenago.

  6. – Botoa deialdian zehaztutako egun eta ordutegian emango da kasuan kasuko mahaian, eta hautesleak berak eman beharko du. Mahaiak hauteslearen nortasuna eta erroldan dagoela egiaztatuko du. Ondoren, txartel ofiziala boto-kutxan sartuko dute (behar bezala betea eta behar izanez gero gutunazalean sartuta).

    Hauteskundeak eskolaldian egingo dira, eskola-orduetan, eta bai goizez, bai arratsaldez.

    Botazio-egunean bere hauteskunde-barrutian egoterik ez dutenei parte hartzea errazteko asmoz, hauteskunde-batzordeek botoa aldez aurretik ematea onartuko dute, botazio eguna baino lehenagoko hiru egun baliodunetan eta behar den ziurtagiria emanda.

    Boto horiek gutunazal ofizial itxian bidali beharko dira. Gutunazal itxi hori eta NANaren fotokopia bat beste gutunazal batean sartu beharko dira, dagokion mahaiburuari zuzendurik. Gutunazal horren kanpoaldean hauteslearen izen-abizenak eta zein taldetako kidea den adierazi beharko da, eta hautesleak hegalean sinatu eta zinta itsasgarriarekin ondo itxiko du.

    Behin botazioa amaituta, horrela emandako botoak boto kutxan sartuko dira, hauteslea erroldan agertzen dela egiaztatu ondoren. Hautesleren batek botoa aldez aurretik eman arren hauteskunde-egunean ere ematen badu, aldez aurretik emandako botoak balioa galduko du eta ez da kutxan sartuko.

    Hautesleak berak eman beharko dio aldez aurretiko botoa hauteskunde mahaiko buruari edo eskumenak eskuordetuta dituenari.

  7. – Ikastegiko hauteskunde-batzordeko kideak honakoak izango dira:

    1. Zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duena, batzordeko burua izango dena.

    2. Idazkari akademikoa, batzordeko idazkaria izango dena.

    3. bi irakasle: bata, unibertsitateko kidegoetako funtzionario doktorea, eta, bestea, bestelako irakasle eta ikerlarien taldekoa, bata zein bestea ikastegiko batzarreko kideen artetik zozketaz aukeratua.

    4. ikasleen ordezkari bat, Ikastegiko Batzarreko kideen artetik zozketaz aukeratua.

    5. administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Ikastegiko Batzarreko kideen artetik zozketaz aukeratua.

      Hauteskunde-batzordearen agintaldia lau urtekoa izango da. Ikasleen ordezkariak, baina, urtero-urtero aldatuko dira.

      Hauteskunde-batzordeko kideren bat hautagai bada, ordezkoa izendatu beharko da adierazitako prozedurari jarraiki, betiere, hori posible bada. Hori egiterik ez badago, batzarraren ustez egoki diren neurriak ezarriko dira.

  8. – Botoak zenbatzen amaitu ondoren, mahaiko buruak emaitzak irakurriko ditu eta botazioaren akta egiteko prozesua gainbegiratuko du. Mahaiko kide guztiek sinatuko dute akta hori. Aktan honako datuok zehaztuko dira: hauteskunde-barrutia; emandako boto-kopurua; boto baliozkoak, baliogabeak eta zuriak; hautagai-zerrenda bakoitzak lortutako botoak; eta proposatutako ordezkarien izenak. Era berean, talde bakoitzerako hautatuentzako ordezkoak ere proposatuko dituzte boto-kopuruaren arabera ordenatuta, hautaturen batek organoko kide izateari uzten dionerako. Beraz, norbaitek organoko kide izateari utziz gero, kasuan kasuko zerrendako ordezkoa izendatuko da.

    Boto-berdinketarik egonez gero, boto gehien lortu dituen hautagai-zerrendakoari emango zaio lehentasuna. Hala ere, zerrendek ere boto-kopuru bera lortu badute, zozketa publikoa egingo da.

    Ordezkari izatea norberaren ezaugarria da eta ezin zaio beste inori utzi. UPV/EHUren Estatutuetako 228. artikuluan eta UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorreko 4. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio ordezkari batek ordezkari izateari.

  1. – Eskolako Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu-organoa ikastegian, eta bere erabakiak lotesleak dira bere eskumenen arloan ikastegiko gainerako organo eta kideentzat.

  2. – Ikastegiko Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

    1. Ikastegiaren arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Gobernu-organoei irakasleen plantilan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantilan dauden beharrizanak aurkeztea.

    3. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak ikastegira egokitzeko plana onartzea.

    4. Hizkuntza-normalkuntzako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko ikastegiak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

    5. Ikastegiari atxikitako irakasle lanpostuen eskariez iritzia ematea.

    6. Ikasketa-planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    7. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta ikastegiari atxikitako sailen iritzia.

    8. Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dena bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    9. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    10. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena ikastegiko Ikasleen Kontseiluak egingo du.

    11. Ikastegiak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

    12. Urteko aurrekontua proposatu eta gestionatzea.

    1. Sailak eta institutuak sortu eta aldatzeko proposamenak egitea.

    2. Ikastegiko irakaskuntzako eskaintza publikoaren proposamena onartzea.

    1. Ikastegiari atxikitako sail eta institutuek irakaskuntza eta ikerketaren gainean urtero aurkeztu behar duten memoriari buruzko txostena egitea.

    2. Aldi baterako batzordeak eratzea onartzea, bai eta batzordeetako kideak ere.

    3. Honoris causa doktorearen titulua emateko aurretiaz egin behar den aldeko txostena egitea.

    4. Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeko kideak izendatzea.

    5. Beharrezko neurri guztiak hartzea eskolak behar bezala funtziona dezan.

    6. Euskal Herriko gizarte eta lan-arloko azterlanen unibertsitate-institutua sortzea bultzatuko du bereziki Eskolako Batzarrak.

    7. Eskolako Batzarrak eskolaren eta honako hauen arteko harremanak sustatuko ditu: beste unibertsitate-ikastegi batzuk, erakunde publiko edo pribatuak, eta sindikatuak zein enpresak.

    8. Indarren dagoen legeriak, UPV/EHUko Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko beste gobernu-organoek eskuordetzen dizkiotenak.

    9. Ikastegiko Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizunen plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek zuzendariak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkie, jakitun egon daitezen.

  1. – Hauek dira ikastegiko batzordeak:

    • Ikasleen Praktiketarako Batzordea.

    • Ekonomia Batzordea.

    • Euskara Batzordea.

    • Irakasleak Ebaluatu eta Kontrolatzeko Batzordea.

    • Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea.

    • Kalitate Batzordea.

  2. – Batzorde horiek bi motatakoak dira. Batetik, batzarrak bere ahalmenez baliatuta helburu jakin batzuetarako sortu eta kentzen dituenak (Euskara Batzordea, Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea, eta batzarrak sor ditzakeen gainerako guztiak). Bestetik, Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako arautegi honetan aipatutako batzordeak, aholkularitza-organoak izango direnak:

    1. Ikasleen Praktiketarako Batzordea. Batzordeko burua zuzendaria izango da, eta idazkaria Praktiketako zuzendariordea. Horiez gain honako hauek osatuko dute batzordea: bi irakaslek, ikasleen ordezkari batek, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari batek.

    2. Ekonomia Batzordea. Batzordeko burua zuzendaria izango da edo hark bere ordez izendatuko duena, eta idazkaria administratzailea. Horiez gain honako hauek osatuko dute batzordea: irakasleen ordezkari batek, ikasleen ordezkari batek, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen beste batek.

    3. Irakasleak Ebaluatu eta Kontrolatzeko Batzordea. Batzordeko burua zuzendaria izango da, eta idazkaria Irakasleen zuzendariordea. Horiez gain honako hauek osatuko dute batzordea: irakasleen ordezkari batek eta ikasleen beste batek.

    4. Kalitate Batzordea. Zuzendaritza-taldeko kide guztiek osatuko dute, eta batzordeko burua zuzendaria izango da.

  3. – Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea. Batzordeko burua zuzendaria izango da edo hark bere ordez izendatuko duena. Zuzendariaz gain, honako hauek osatuko dute batzordea: Akademia Antolakuntzako zuzendariordeak, irakasleen ordezkariek (% 80) eta ikasleen ordezkariek (% 20). Ez da izango beharrezko Ikastegiko Batzarreko kide izatea beste batzorde honetan aritzeko. Ikastegiko zuzendaritzak bermatuko du ikastegiko kasuan kasuko bulegoak aholkularitza teknikoa emango diola batzordeari.

    Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak, eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, ikasketak baliozkotzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak ebatziko ditu, indarreko legeriari jarraiki. Batzorde horrek hartutako erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio errektoreari.

  4. – Euskara Batzordea parte-hartze eta aholkularitza organoa izango da. Batzorde horren helburua izango da euskararen erabilera bultzatzea ikastegian, UPV/EHUren plangintza orokorrari jarraiki. Honako hauek osatuko dute batzordea: zuzendaritza-taldeko kide batek, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari batek, ikasleen ordezkari batek eta irakasleen beste batek.

    Hauek dira Euskara Batzordearen eginkizunak:

    1. Ikastegiak euskarari buruzko arautegia betetzen duela egiaztatzea.

    2. Euskarari buruzko plan eta ekimen jakinen gaineko informazioa eta aholkua eman eta proposamenak egitea.

  5. – Hauek dira Ekonomia Batzordearen eginkizunak:

    1. Premiei eta lehentasunei buruzko informazioa ematea aurrekontuaren proiektua prestatze aldera.

    2. Ikastegiko administratzaileari laguntza ematea aurrekontua zuzendu, koordinatu eta gestionatzeko lanetan.

  6. – Ikasleen Praktiketarako Batzordeak ikasleek egingo dituzten praktikak gestionatu eta kontrolatuko ditu, Eskola Batzarrak onartuko dituen irizpideez bat.

  7. – Irakasleak Ebaluatu eta Kontrolatzeko Batzordeak, beste eginkizun batzuen artean, diziplina-espedienteak irekitzeko ekimena izango du.

  8. – Honako hauek osatuko dituzte, gutxienez, eskolako batzordeak, beren-beregi arautuak izan ezik: zuzendariak edo hark bere ordez izendatuko duenak, eta Eskola Batzarra osatzen duten taldeen ordezkari banak. Ekonomia Batzordean administratzailea egongo da.

    Batzordeetako kideak Eskola Batzarreko taldeetako kideek aukeratuko dituzte euren artean eta artetik. Batzordeetako kide izateko ez da beharrezkoa Eskola Batzarreko kide izatea.

    Zuzendariak edo hark bere ordez izendatzen duenak deituta bilduko dira batzordeak, eta, baita ere, batzordeko bi kidek edo Eskola Batzarreko kideen bostenak eskatuta. Bilerako burua zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duena izango da.

    Batzordeetako kideek euren artetik aukeratuko dute idazkaria. Idazkariak bileretako aktak egingo ditu eta, horretarako eskumena daukaten pertsonen proposamena jasota, bileretarako deiak.

    Erabakiak hartu ahal izateko gehiengo soila beharko da. Kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Ikastegiko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela onartu beharko da bileraren hasieran. Onartzen ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia.

  2. – Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta gehienera ere zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  3. – Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zein ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan. Organoko kideek denboraz eskuratu beharko dituzte aztergaiei dagozkien dokumentuak eta, edonola ere, bileraren data baino 24 ordu lehenago.

  4. – Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz eta mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, idatziz eskatutakoak bilerako eguna baino bost egun lehenago behintzat.

  5. – Aztergaietan puntu gehiago sartu nahi dituzten batzarreko kideek bilera-eguna baino 72 ordu lehenago egin behar diote eskaera ikastegiko idazkari akademikoari. Eskaera gutxienez bost kidek egin behar dute.

  6. – Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo absolutuak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  7. – Organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. UPV/EHUko Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio organoko kide batek kide izateari.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunetarako beharrezko izan dezaketen unibertsitateko dokumentazioa eta informazioa eskatzeko. Eskaera formala aurkeztu beharko dute horretarako Erregistroan, eta jasota utzi eskaeraren data.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo absolutua egotea bertan lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Edonola ere, organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, euren ordezkoak.

  2. – Kide anitzeko organoko kide bakoitzak beste baten ordez baino ezin izango du eman botoa. Organoa eratzeko quorumerako ez dira zenbatuko organoko kideek beste batzuen esku utzitako botoak.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa izango den quoruma beharrezkoa izango da bozketa guztietan.

  4. – Lehen eta bigarren deialdiaren artean 15 minutuko tartea egongo da.

  5. – Ezingo da utzi botoa kide anitzeko organoko beste kide baten esku.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzeko erabakia har dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte-hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerraraziko dira haiekin batera.

  5. – Kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa eman diezaioten kide anitzeko organoari. Gonbidatuen izen-abizenak bilerako aktan jasoko dira, botoa emateko eskubidea izango ez duten arren.

  1. – Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta hala ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, eta ezta ere abstenitzen direnek. Botazioa isilpekoa bada, interesatuak boto-txartela emango dio organoko idazkariari botazioko unean eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto-txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio.

  4. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila beharko da. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

  1. – Idazkariak bilerako akta egingo du. Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartuko dira, eta hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko dira akten zirriborroak. Aktak, behin onartuta, idazkariak sinatuko ditu eta organoko buruak ontzat emango.

  2. – Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte-hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak proposatu den aldaketa egiaztatuko du, eta gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo da.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar eguneko epea emango zaie erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, kide anitzeko organo aldatuak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.

  6. – Aktak onartu ostean, kasuan kasuko kide anitzeko organoko kide guztiei bidaliko zaizkie bai posta elektronikoz bai posta arruntez, pertsonen intimitatea behar bezala babestuta. Era berean, iragarki-oholean emango dira argitara.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Organoko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla iragarki-oholean, eta gutxienez hilabete egongo direla argitaratuta jendaurrean. Izan ere, epe horren barruan egongo da aukera kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko errektoreari.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak jakinarazi egin beharko zaizkie interesatuei. Erabakiak jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango ditu ondorioak. Jakinarazpena Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egingo da.

  4. – Hartutako erabakiak hiru egun balioduneko epean emango dira argitara, gehienera ere, eta pertsonen intimitatea babestuta.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Arautegi honetako 5. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio-organoa da zuzendaria.

  2. – Estatutuetan xedatutakoari jarriki hautatuko da, unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasleen artetik.

  3. – Ikastegiko zuzendaria errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da.

  4. – Zuzendaria sufragio unibertsal haztatuaren bidez aukeratuko da, Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoaren arabera.

  5. – Eskola Batzarrak finkatuko du zuzendaria aukeratzeko hauteskundeen hasiera, eta baita ere hautagai-zerrendak aurkezteko epea.

  6. – Eskolakoak diren eta arduraldi osoan dauden irakasle guztiak izan daitezke hautagaiak. Agintaldia lau urtekoa izango da, eta berriro aukeratu ahal izango da jarraian, baina behin baino ez.

  7. – Hautagai-zerrendak eskolako erregistroan aurkeztuko dira, interesatuak sinaturik eta programa eta zuzendaritza-taldeko kideen izenekin batera.

  8. – Hautagaien zerrendak eta euren programak eskolako iragarki-oholean jarriko dira, zerrendak aurkezteko epea amaitu ondoren.

  1. – Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako zuzendariaren kargua hutsik balego, hauteskundeetarako deia egingo litzateke. Zuzendariaren kargua hutsik geratu eta handik hilabetera, gehienez ere, Eskola Batzarrak ezohiko bilera egingo du, hauteskundeetako egutegia ontzat emateko. Hauteskunde-prozesua organo eskudunaren erabakiaren bidez irekiko da. Zuzendaria da organo eskuduna hauteskundeetarako deia egiteko, Eskola Batzarraren aldez aurreko onespenaz.

  2. – Hautagai-zerrendak unibertsitateko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira. Idatzia ikastegiko hauteskunde-batzordeko buruari zuzenduko zaio eta epea hamar egunekoa izango da hauteskundeetarako deia egiten duen erabakia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

  3. – Ikastegiko zuzendariaren kargurako hautagai-zerrendari gobernu-taldearen egitura eta programa erantsi beharko zaizkio.

  4. – Hautagai-zerrendak aurkezteko epea behin bukatuta, hauteskunde-batzordeak jendaurrean jarriko ditu zerrenda onartuak, eta jardunean dagoen zuzendariari emango dio horren berri bost eguneko epean.

  5. – Hautagai aurkeztu nahi izanez gero, hautagaiak idatzia bidali beharko dio kasuan kasuko organoari, eta Ikastegi Batzarreko kideen % 10aren babesa izan beharko du.

  6. – Hautagai izateak hauteskundeko emaitzak onartzea dakar, eta, garaile izanez gero, karguari dagozkion eginkizunak onartzea.

  7. – Botazioa egin ahal izateko, kide anitzeko organoa balioz eratzeko beharrezko den kide-kopurua egon beharko da bertaratuta.

  8. – Botazio-egunean bere hauteskunde-barrutian egoterik ez dutenek botoa aldez aurretik eman dezatela onartuko dute hauteskunde-batzordeek, botazio eguna baino lehenagoko hiru egun baliodunetan eta behar den ziurtagiria emanda.

  9. – Boto horiek gutunazal ofizial itxian bidali beharko dira. Gutunazal itxi hori eta NANaren fotokopia bat beste gutunazal batean sartu beharko dira, dagokion mahaiburuari zuzendurik. Gutunazal horren kanpoaldean hauteslearen izen-abizenak eta zein taldetako kidea den adierazi beharko da, eta hautesleak hegalean sinatu eta zinta itsasgarriarekin ondo itxiko du.

  10. – Behin botazioa amaituta, horrela emandako botoak boto-kutxan sartuko dira, hauteslea erroldan agertzen dela egiaztatu ondoren. Hautesleren batek botoa aldez aurretik eman arren hauteskunde-egunean ere ematen badu, aldez aurretik emandako botoak balioa galduko du eta ez da kutxan sartuko.

  11. – Hautesleak berak eman beharko dio aldez aurretiko botoa hauteskunde-mahaiko buruari edo eskumenak eskuordetuta dituenari.

  1. – Zuzendaria hautatzeko hauteskundeetako botoa haztatua izango da, ikastegiko talde-banaketaren araberakoa. Taldeak eta bakoitzari dagozkion ehunekoak honakoak dira:

    • A taldea, UPV/EHUrekin lotura iraunkorra duten irakasleak, % 51.

    • B taldea, bestelako irakasle eta ikertzaileak, % 18.

    • C taldea, ikasleak, % 20.

    • D taldea, administrazio eta zerbitzuetako langileak, % 11.

  2. – Botoen haztapena egiteko, hautagai-zerrendei emandako baliozko botoak baino ez dira kontuan izango. Artikulu honen ondorioetarako, baliozko botoak hautagai bakar bat markatuta dutenak izango dira. Beraz, ez dira baliozko bototzat hartuko ez boto zuriak, ez boto baliogabeak.

  3. – Zenbaketaren akta egin ondoren, hauteskunde-batzordeak hautatutako hautagaia aldarrikatuko du behin-behinekoz.

  4. – Baliozko botoen haztapena kasuan kasuko hauteskunde-batzordeak egingo du. Botoen haztapenari dagokion koefizientea lortzeko, zatiketa egingo da: talde bakoitzari dagokion ehunekoa zati hautagai-zerrenda guztiek talde horretan lortutako baliozko boto guztiak. Hauteskunde batzordeak koefiziente hori ezarriko die hautagai-zerrenda bakoitzak talde bakoitzean lortutako botoei, ondorengo puntuan adierazitako irizpideei jarraituz.

  5. – Gehiengoa osoa izango da boto haztatuen % 50 baino gehiago lortu bada.

  6. – Hautagai bakoitzak guztira lortutako boto haztatuak hautagai bakoitzak talde bakoitzean lortutako botoen batura izango dira.

  7. – Lehenengo txandan hautetsi aldarrikatuko da baliozko botoen erdiak baino gehiago biltzen dituen hautagaia, aurreko zenbakiak adierazitako haztapenak behin aplikatuta. Inork lortuko ez balu boto-kopuru hori, bigarren botazioa egingo da, baina horretan bakarrik lehiatu ahal izango dira lehen botazioan boto gehien lortu duten hautagai biak, lehen aipatutako haztapenak kontuan hartuta. Bigarren txandan botoen gehiengo soila lortzen duen hautagaia aldarrikatuko da hautetsi, botoen haztapena egin ondoren. Bigarren txanda lehenengo txandako emaitzak argitaratu eta gehienez 10 egunera egingo da.

  8. – Hautagai bakarra badago, lehen botazioa baino ez da egingo. Botazio horretan hautesleek alde, kontra edo zuri eman ahalko dute botoa. Hautagai bakar hori ikastegiko zuzendari aldarrikatuko da, baldin eta emandako baliozko botoetatik aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira, lehenago zehaztu diren haztapenak behin aplikatuta.

  9. – Hasiera batean hautagai bat baino gehiago egon arren hauteskunde-egunean hautagai bakarra balego gainontzeko hautagaitzak bertan behera utzi dituztelako, txanda bakarra egingo da.

  10. – Hautagai hautetsia behin-behinekoz aldarrikatzen denean, erreklamazioak jarri ahal izango dira aldarrikapena egin eta hurrengo bi egunetan. Kasuan kasuko hauteskunde-batzordeak bi eguneko epea izango du (erreklamazioak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatzen hasita) erreklamazioak ebazteko, eta, ondoren, behin betiko aldarrikatuko du nor den hautetsia.

  11. – Hautagai hautetsia behin betiko aldarrikatzearen kontra errekurtsoa jar dakioke errektoreari hiru eguneko epean, eta hark bost eguneko epea izango du errekurtsoa ebazteko. Epe hori igarota ez badu horren gaineko erabakirik eman, erreklamazioa ez dela onartu ulertu beharko da eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du erreklamazio-egileak.

  12. – Hautetsia behin betiko aldarrikatu aurretik, hauteskunde-batzordeak baliogabetu egin ahalko du mahai bateko edo zenbaitzuetako botazioa, baldin eta botazioaren emaitzan eragina izan dezakeen akatsik egon bada. Horrelakoetan, berriro egingo da botazioa ahalik eta arinen.

  13. – Hauteskundeetarako deia egin eta hautagairik ez badago, edo aurkeztutako bakarrak ez badu hautetsi izateko behar besteko gehiengorik lortu, ikastegiko zuzendariak jardunean jarraituko du, eta beste hauteskunde batzuetarako deia egingo du, gehienez ere hogeita hamar eguneko epean.

  14. – Batzarreko idazkariak errektoreari jakinaraziko dio nor izan den hautetsia, izendapena egin dezan.

  1. – Hauteskundeetarako deia egingo duen erabakian jasota egongo da zein izango den hauteskunde-eguna. Erabakia argitaratu eta gutxienez hamar egunera eta gehienez hirurogei egunera izango da, hauteskunde-batzordeak kontrako erabaki arrazoiturik eman ezean.

  2. – Erabakian, era berean, jasota egongo da hauteskunde-egutegia:

    1. Errolda ixteko eguna.

    2. Behin-behineko errolda argitaratzeko eguna.

    3. Errolda inpugnatzeko epea.

    4. Behin betiko errolda argitaratzeko eguna.

    5. Hautagai-zerrendak aurkezteko epea.

    6. Behin-behineko hautagai-zerrendak jakinarazteko eguna.

    7. Hautagai-zerrendak inpugnatzeko epea.

    8. Behin betiko hautagai-zerrendak jakinarazteko eguna.

    9. Botazioa.

    10. Behin-behineko emaitzak jakinarazteko eguna.

    11. Behin-behineko emaitzak inpugnatzeko epea.

    12. Behin-betiko emaitzak jakinarazteko eguna.

  3. – Hautesle-erroldan akatsik egonez gero, interesdunak hiru eguneko epea izango du (erroldak argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita) inpugnazioak egiteko; zuzenketak ofizioz ere egin daitezke, baldin eta hauteskunde-batzordeak berak okerrik antzemanez gero.

  4. – Hautagai-zerrendak aurkezteko epea bozketa-eguna baino hamar egun baliodun lehenago amaituko da. Hauteskunde-batzordeak egiaztatu egin beharko du hautagai bakoitzak baldintzak betetzen dituela, egon daitezkeen inpugnazioak ebatziko ditu eta bost eguneko epean, gehienez ere, hautagaiak aldarrikatuko ditu. Era berean, hautagai zerrenden boto-txartel ofizialak egingo ditu.

  5. – Botoa deialdian zehaztutako egun eta ordutegian emango da kasuan kasuko mahaian, eta hautesleak berak eman beharko du (hurrengo artikuluan adierazitako kasuan izan ezik). Mahaiak hauteslearen nortasuna eta erroldan dagoela egiaztatuko du. Ondoren, txartel ofiziala boto-kutxan sartuko dute (behar bezala betea eta behar izanez gero gutunazalean sartuta).

  1. – Zuzendariek arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

    1. Hilez gero.

    2. Legezko ezintasuna izanez gero.

    3. Dimisioa aurkeztuz gero.

    4. Ikastegiko kide izateari utziz gero.

    5. Agintaldia amaituz gero.

    6. Ikastegiko Batzarrak zentsura mozioa onartuz gero. Kasu horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioari buruzko azalpenak emango ditu mozioa sinatu duen batzarkideetako batek. Azalpenen ondoren, erantzuna emango du zuzendariak eta, gero, hitza eskatu duten batzarkideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek.

  2. – Ahal den kasuetan, zuzendariak jardunean jarraituko du zuzendari berria izendatu arte.

  3. – Zuzendaria gaixorik edo kanpoan egonez gero, izendapenean beren-beregi hautatutako zuzendariordeak ordezkatuko du. Halako izendapenik ez balego, Ikastegiko Batzarrak izendatuko du ordezkoa egingo duen zuzendaritza-taldeko kidea. Ikastegiko Batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.

  4. – Ikastegian pertsona bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan ikastegiko arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain zuzendariaren zereginak. Irakasle horrek ikastegiko zuzendaria aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

  5. – Eskolako Batzarrak erantzukizunak eska diezazkioke zuzendariari, zentsura-mozioa gehiengo osoz onartuta.

  6. – Zentsura-mozioak idazkaritzan aurkeztuko dira eta, gutxienez, batzarreko kideen % 25ek sinatuko dute. Mozioarekin batera hautagai baten izena ere emango da.

  7. – Mozioa behin aurkeztuta, zuzendariak batzarraren ezohiko bilerarako deia egin beharko du, gehienez ere hiru eskola-eguneko epearen barruan, mozioa eztabaidatu eta botazioa egiteko.

  8. – Mozioa onartuko balitz, zuzendariak kargua utzi beharko luke. Halakoetan, berehala emango zaio hasiera hauteskunde-prozesuari. Zentsura-mozioa onartzen ez bada, eskatzaileek ezingo dute aurkeztu besterik ikasturte berean.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu zuzendariak, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaslanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko dituzte emanda karguan.

Hauek dira ikastegiko zuzendariaren eginkizunak:

  1. Ikastegiko ordezkariak izatea eta ikastegiari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

  2. Ikastegiaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

  3. Ikastegiko kide anitzeko organoetako buru izatea.

  4. Ikastegiko Batzarraren, gobernu-organo orokorren eta campus bakoitzeko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

  5. Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

  6. Ikastegiko Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

  7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

  8. Ikastegiko kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

  9. Ikastegiaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

  10. Ikastegiari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, UPV/EHUren Estatutuetako 102.2 eta 103.2 artikuluetan adierazitako moduan.

  11. Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Ikastegiko Batzarrak onartuko dituen irizpideez bat. Era berean, ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

  12. Lankidetza eta koordinazio-programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa-jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

  1. Eskolaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

  2. Unibertsitateko Klaustroaren, Gobernu Kontseiluaren, Eskolako Batzarraren eta gainerako gobernu-organo orokorren jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea, indarrean dagoen legeriak dioena betetzeko eta betearazteko.

  1. Karguen eta ikastegiari atxikitako langileen izendapenak proposatzea errektoreari, kontuan izanda Eskola Batzarrak bere iritzia eman behar duela aldez aurretik irakasleak kontratatu behar direnean.

  2. Bere eskumenekoak diren diziplina-neurriak proposatu eta, beharrezkoa bada, aplikatzea, indarrean dagoen legeriari jarriki.

  3. Eskola Batzarraren eta eratuko diren batzordeen buru izatea, edo ordezkoa izendatzea.

  4. Administratzailearen izendapenaren berri ematea gerenteari.

  5. Unibertsitateko gobernu-organoek hartutako erabakien berri ematea, ikastegiari eragiten diotenean, baina informazioa emateari buruzko legeria errespetatuta.

  6. Urteko memoria prestatu eta Ikastegiko Batzarrari aurkeztea, ondoren Gobernu Kontseilura bidaltzeko.

  7. LRUko 83. artikuluan aipatutako kontratuak izenpetzea, egonez gero.

  8. Errektoreak eskuordetzen dizkion gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta, beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, ikastegiarekin zerikusia daukatenak.

    1. Era berean, ikastegiko zuzendariak lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  1. – Ikastegiko zuzendaritza-taldeko burua zuzendaria izango da, eta zuzendariordeek eta idazkari akademikoak osatuko dute.

  2. – Ikastegietako zuzendaritza-taldeek laguntza eman behar diote zuzendariari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    1. titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

    2. ikasketa-planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    3. ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

    4. ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    5. irakats-plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio-lanean ere;

    6. titulazioen irakats-kalitatea sustatzeko lanean;

    7. ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Errektoreak, zuzendariak proposatuta, zuzendariordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten ikastegiko arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Zuzendariordeek zuzendariak agindutako eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Ikastegiko Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Zuzendariordeetako bat lehen zuzendariordea izango da, eta berak ordezkatuko du zuzendaria gaixo edo kanpoan denean. Zuzendariorde berak hartuko ditu bere gain zuzendariaren eginkizunak kargu hori hutsik geratzen bada, zuzendari berria izendatu artean.

  4. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, ikastegiko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

  5. – Zuzendariak zuzendaritza-taldean gertatuko aldaketen berri emango du Ikastegiko Batzarraren hurrengo bileran.

Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu zuzendariordeak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Idazkari akademikoa errektoreak izendatu du, zuzendariak proposatuta. Idazkaria unibertsitatearekin lotura iraunkorra izanik jardunean, arduraldi osoan, dagoen irakasle bat izango da.

  2. – Gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea, akta liburuak osatzea eta zaintzea, eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  3. – Bestalde, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen espedienteak zainduko ditu. Egoki denean, eskolako gobernu organoen erabakiak argitaratuko ditu pertsonen intimitatea behar bezala gordeta, eta ekitaldi nagusiak antolatuko ditu horretarako zehaztuta dagoen protokoloari jarraituz.

  4. – Zuzendariak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du idazkaria, gehienez ere arduraldiaren erdiraino. Horrelakorik eginez gero, zuzendariak horren berri emango dio errektoregoari eta kasuan kasuko sailari.

  5. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

Hauek dira ikastegiko idazkari akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Ikastegiko Batzarrean, Batzorde Iraunkorrean (halakorik egonez gero) eta, betetzen duen karguagatik, dagokion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Zuzendariaren aginduari jarraituz, ikastegiko batzarrerako deia egitea.

  3. Gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Ikastegiko erregistro nagusiaren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta zuzentarauei jarraituz.

  5. Ikastegiko Batzarrak eta Batzorde Iraunkorrak hartuko dituzten erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu organoari.

  6. Oro har, laguntza ematea ikastegiko o zuzendariari, baita ikastegiko idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea ere.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du ikastegiko idazkari akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Ikastegiko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.

  2. – Administratzaileak menpekotasun funtzionala izango du dekano edo zuzendariarekiko eta ikastegiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, ikastegiko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. – Ikastegiko administratzaileak eguneratuta izango du ikastegiari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Ikastegiko Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio zuzendaritza taldeari ikastegiaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ere Ikastegiko Batzarrak onartu behar du.

Ikastegiek euren helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, behar beste langile izango dituzte, eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak, eta bakoitzak autonomiaz gestionatuko du bere saila.

UPV/EHUk urtero zehaztuko du ikastegiaren aurrekontuko hornidurarako emango duen diru sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

  2. Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia, teknika edo arte lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatia.

  1. – Ikastegiaren jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Ikastegiak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabiderik badu, zuzendaritza taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek ikastegiaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztu du Ikastegiko Batzarrean, ontzat eman dezan.

  1. – Arautegia aldatzeko prozedura hasteko, batzarreko kideen % 75ak babestu beharko du eskaria. Behin Ikastegiko Batzarrak eskaria onartuta, batzorde bat eratuko du batzarrak, honako kideek osatua: zuzendariak, idazkari akademikoak eta sailetako koordinatzaileek. Ikastegiko Batzarrak berak desegingo du batzordea. Batzordeak proposamena aztertu eta irizpena egingo du, nahitaezkoa baina ez loteslea, eta batzarri aurkeztuko zaio hark onar dezan.

  2. – Batzarrak emendakinean aurkeztutako testua bere osotasunean aztertuko du.

  3. – Ikastegiko Batzarrak horretarako beren-beregi deituko duen ezohiko bilera batean onartu beharko da proposatutako aldaketa, eta emandako botoen gehiengo absolutua lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan. Arautegi berria EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

  4. – Arautegi berria ikastegiko iragarki oholetan jarriko da eta ikastegiko kide guztiei bidali posta elektronikoz.

  1. – Ikastegiko talde edo atalek kexuak, erreklamazioak edo iradokizunak helarazi diezazkiokete zuzendariari, erregistroaren bidez edo zuzendaritzako idazkariaren izenean bidalita. Horrelakorik jasoz gero, berariazko erantzuna eman beharko dio, behar bezala oinarritu eta arrazoitua. Erantzuna emateko 20 eguneko epea egongo da, betiere, egoera oso berezia izanik ikuspegi teknikoak aztertu behar direnean edo epea luzatzea justifika dezakeen bestelako arrazoirik ez badago.

  2. – Sistema bera erabiliko da ikasleek zuzendaritzari kexuak, erreklamazioak edo iradokizunak bidaltzeko.

Ikasleen Kontseiluaren osaera, funtzionamendua eta eginkizunak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluari buruzko arautegian zehaztutakoak izango dira.

Ikastegia honako hauek osatzen dute: ikastegiko kideek eta bertara lotutako gainerako langileek.

Hauek dira ikastegiko kideak:

  1. Ofizialki ikastegira atxikita dauden irakasle guztiak.

  2. Ikastegian irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

  3. Ikastegira atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

    Ikastegira lotuta egongo dira, baina kide izateke, ikastegira atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, ikastegian egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta ikastegian zerbitzuak ematen dituztenak.

  1. – Ikastegian eskolak ematen dituzten sailek ikasleen talde guztietarako ebaluazio sistema bera zehaztuko dute lehenengo lau deialdietarako.

  2. – Ikastegiko Batzarrak onartuko du azterketa egutegia.

  3. – Lehenengo lauhilabeteko irakasgaien ohiko deialdiko azterketak urtarrila-otsaila inguruan egingo dira. Bigarren lauhilabeteko irakasgaien ohiko deialdiko azterketak, berriz, ekainean egingo dira.

  4. – Otsailean zehaztuko dira karrera amaierako aparteko azterketak egiteko egunak.

Arautegia EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Honakoak dira Lan Harremanen Unibertsitate Eskolan irakaskuntza duten sailak:

  • Konstituzio Zuzenbidea eta Pentsamendu Politikoaren Historia

  • Zuzenbide Zibila

  • Konstituzio Zuzenbidea eta Administrazio Zuzenbidea

  • Enpresa Zuzenbidea

  • Ekonomia Aplikatua I

  • Finantza Ekonomia I

  • Finantza Ekonomia II

  • Euskal Filologia

  • Historia Garaikidea

  • Enpresen Antolakuntza

  • Gizarte Psikologia

  • Soziologia I

  • Soziologia II

Irakaskuntzari eta ikerketari laguntza emateko zerbitzuak:

  1. – Informatika gelak.

  2. – Enpresa Praktiketarako Zerbitzua.

  3. – Atzerrian Praktikak egiteko Zerbitzua.

Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako anagraman errodamendu batzuk eta balantza bat ageri dira. Errodamenduak industriaren irudi dira eta balantza, justiziarena. Hau da irudia:

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.