Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2008ko abuztuaren 18koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Leioako erizaintzako unibertsitate eskolaren arautegia EHAan argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 176
  • Hurrenkera-zk.: 5260
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/08/18
  • Argitaratze-data: 2008/09/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluak, bi mila eta zortziko uztailaren hamaseiko bileran, Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolaren Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko ondokoa,

Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolaren xedea da osasun eta gaixotasunen arloan inguruko gizarteak dituen eskariekin bat datorren ezagutza sendo eta eguneratua izango duten profesionalak prestatzea, lan arloan sortutako arazoak analizatzeko gaitasun kritikoa izango dutenak eta konponbide eraginkorrak emateko gai izango direnak kontuan izanda konponbide horiek etikaren, gizartearen eta jardueraren ekonomian izan ditzaketen ondorioak.

Ikuspegia erreferentzi eskola izatea lortzea da ikasle berri eta ohientzat, osasun arloko profesionalentzat, eta beste eskola batzuentzat, etengabeko hobekuntza, ikasketa berrikuntza eta beste erakundeekiko elkarlanaren bidez.

Proposatutako xedea lortzeko, honakoak dira helburu orokorrak:

  • Erizaintzako ikasleei prestakuntza egokia ematea gai izan daitezen pertsonari berari, familiari eta elkarteari laguntza emateko osasuna, osasunaren prebentzioa, sendabidea eta errehabilitazioa sustatzeko.

  • Irakasgaien programak koordinatzea, eta irakaskuntza teoriko eta praktikoa bultzatzea, bai eta bien arteko harremana sustatzea ere.

  • Ezagutza berrien irakaskuntza planifikatzea, oinarrizkoena zein aplikatuena, eta etorkizuneko profesionalean gizatasuna eta maila zientifiko zein teknikoa hobetzera bideratutako prestakuntza antolatzea.

  • Erizaintzako ikasleen prestakuntza zuzendu eta bere gain hartzeko gai diren profesionalak prestatzea.

  • Etengabeko prestakuntza eta diziplina arteko ikerketa lerroak sortzea bultzatzea.

  • Irakasleek eta ikasleek beste unibertsitate batzuekin, nazionalekin zein atzerrikoekin, harremanak izatea sustatzea.

  1. – Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskola Bizkaiko Campusean Euskal Herriko Unibertsitateak daukan ikastegietako bat da eta, bere eskumenen arloan, unibertsitate mailako ikasketak ematen dituen zerbitzu publikoa.

  2. – Unibertsitateko ikasketak antolatzen ditu, eta I. eranskinean jasotako tituluak lortzera edo ikasketa eskaintza betetzera bideratutako akademia eta administrazio arloko prozesuak zuzendu eta gestionatzen ditu (betiere, eskolari dagokion arloan).

  1. – Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskola honakoa hauei jarraituz arautuko da: indarreko legediari, UPV/EHUko Estatutuei, arautegi honi eta aplika dakiokeen gainerako arautegiari.

  2. – Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Unibertsitate Eskolaren egoitza: Sarriena auzoa, zg 48940, Leioa.

  3. – Eskolan egoitza daukaten sailak eta eskolak ematen dituzten sailak I. eranskinean daude jasota.

  4. – Zuzendaritzak eskolako jarduerak direla-eta izan daitezkeen kexa, erreklamazio eta iradokizunak jasoko ditu protokolo honi jarraituz: paperean edo horretarako egokitutako prozedura telematikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 45. artikuluan zehaztutakoari jarraituz. Erreklamazioak, iradokizunak eta kexuak behar adinako identifikazioarekin aurkeztuko dira; dena dela, zuzendaritzak isilpean gorde beharko du informazio hori. Hamabost egun balioduneko epean ebatzi beharko dira eta erabaki arrazoitua helarazteko, eskari egileak erabilitako bide bera erabiliko da, gutxien dela.

  5. – Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolaren anagrama 2. eranskinean dago jasota.

  1. – Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskola eskolako kideek eta eskolara atxikitako gainerakoek osatzen dute.

  2. – Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako kide dira:

    1. Ofizialki ikastegira atxikita dauden irakasle guztiak.

    2. Eskolan irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    3. Eskolara atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  3. – Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolara lotuta egongo dira, baina kide izateke, eskolara atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, eskolan egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta ikastegian zerbitzuak ematen dituztenak.

Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako eginkizunak dira:

  1. Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, Erizaintzak diplomatua titulua eta eskolari lotutako UPV/EHUko berezko tituluak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio ikastaro, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate nahiz kultur hedakuntzako ikastaroak ere.

  2. Urtero irakats eskaintza egitea, UPV/EHUko ikasketa programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinaz-ioan.

  3. Ikasketa planak onetsi edo aldatzea proposatzea, eta UPV/EHUko beste organo batzuek halakorik proposatzen dutenean eta horrek eragiten dionean, ikasketa planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Eskolan ematen diren titulazioen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak betetzen dituztela jagotea.

  6. Eskolaren aurrekontuko hornidura gestionatzea eta atxikita dauzkan baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

  7. Eskolaren urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. Hizkuntza plangintza orokorra garatu eta ikastegira egokitzea.

  10. Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.

  11. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  12. Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, Estatutuek edo unibertsitate arautegiak bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.

  2. Kideko beste ikastegi batzuekin irakaskuntzako eta ikerketako jarduerak koordinatzea lankidetzarako hitzarmenen bidez.

  1. – Honako hauek dira ikastegiko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak: eskolako batzarra, zuzendaria, zuzendariordeak, idazkari akademikoa eta administratzailea.

  2. – Eskolaren arautegian jasota dago helburuak hobeto betetzeko Eskolako Batzarrak Batzorde Iraunkorra izango duela, ordezkaritza eta administrazio organoa izango dena eta erabakiak hartzeko ahalmen osoa izango duena.

    1. Honakoak dira eginkizunak:

      1. – Batzarrari ekimen berriak proposatzea eta horiek koordinatzea.

      2. – Batzarrari aurkeztu beharreko aurrekontua egitea eta aztertzea.

      3. – Eskolaren kontrol ekonomikoa egitea.

      4. – Premiazko gaia ebaztea.

      5. – Eskolako Batzarrak eskuordetutako gainera-koak.

    2. Organo honen osaeran Eskolako Batzarrean unibertsitateko taldeek duten banaketa bera beteko da, hain zuzen ere Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako Arautegiko 9. artikuluan zehaztutakoa.

Honako hauek dira Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako kide anitzeko gobernu organoak: Eskolako Batzarra eta eskolan sortutako batzorde guztiak, erabakiak hartzeko berezko eskumena dutenak zein eskumen hori eskuordetuta dutenak.

  1. – Hauek izango dira Eskolako Batzarraren osakideak: zuzendaria (batzarraren burua izango da); idazkari akademikoa; eskolako administratzailea; zuzendariordeak (berezko kide izango dira); eta kide hautatuak, unibertsitateko taldeen arabera banatuak.

  2. – Kide hautatuak unibertsitateko taldeen artetik aukeratuko dira sufragio unibertsal bidez. Guztira 30 kide izango dira era honetara banatuta: unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasleen taldeko 16 ordezkari; kontratatutako langileen 4 ordezkari; ikasleen 6 ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 4 ordezkari.

    Zuzendariak, zuzendaritza taldeko kideen izendapenak proposatzean, kontuan izan beharko du Eskolako Batzarreko kideen % 51 unibertsitatearekin lortura iraunkorra duten irakasleen taldekoa izan behar dela.

  3. – Eskolako Batzarrak bere arautegia izango du funtzionamendurako, eta kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  4. – Eskolako Batzarreko kideak hautatzean bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

  1. – Eskolako Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu organoa ikastegian.

  2. – Eskolako Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

    1. Ikastegiaren arautegia, eta arautegian egin beharreko aldaketak, prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Eskolako zuzendaria aukeratzea.

    3. Gobernu organoei irakasleen plantillan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillan dauden beharrizanak aurkeztea.

    4. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak eskolara egokitzeko plana onartzea.

    5. Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko ikastegiak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

    6. Eskolara atxikitako irakasle lanpostuen eskariez iritzia ematea.

    7. Ikasketa planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    8. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta ikastegiari atxikitako sail edo sail atalen iritzia.

    9. Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dena bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena eskolako Ikasleen Kontseiluak egingo du.

    12. Eskolak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

    1. Eskolako kide bakarreko edo kide anitzeko organoek edo taldeen ordezkariek behar bezala aurkeztutako edo proposatutako gaien inguruko erabakiak hartzea bere eskumenen babesean.

    2. Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko beste gobernu organoek eskuordetzen dizkionak.

  3. – Eskolako Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizun plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek zuzendariak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkio, jakitun egon daitezen.

Eskolako Batzarrak taldeka daukan ordezkari banaketa bera izango du eta Eskolako Batzarrak eskuordetuko eskumenak izango ditu. Honakoak izango dira kide: zuzendaria (batzordearen burua izango da), idazkari akademikoa, eskolako administratzailea, zuzendariordeak, unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasleen ordezkari bat, kontratatutakoen ordezkari bat, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat eta ikasleen bi ordezkari. Batzorde Iraunkorra osatzean kontuan izan beharko da kideen % 51 unibertsitatearekin lortura iraunkorra duten irakasleen taldekoa izan behar dela.

  1. – Batzorde Iraunkorraren eginkizunak dira:

    1. Batzarrari ekimen berriak proposatzea eta horiek koordinatzea.

    2. Batzarrari aurkeztu beharreko aurrekontua egitea eta aztertzea.

    3. Eskolaren kontrol ekonomikoa egitea.

    4. Premiazko gaiak ebaztea.

    5. Eskolako Batzarrak eskuordetutako gainerakoak.

    6. Edozelan ere, Batzarrak ezin izango ditu eskuordetu UPV/EHUren Estatutuetako 276. artikuluko lehen ataleko a), b), i), eta j) paragrafoetan aipatutako eginkizunak.

  1. – Eskolak honako batzordeak izango ditu:

    1. Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea.

    2. Euskara Batzordea.

    3. Kalitate Batzordea.

    4. Ikasketa Planen Batzordea.

    5. Praktika Batzordea.

  2. – Honakoa izango da batzordeen osaera: zuzendaritzako bi kide, zuzendariak izendatuak eta bietako bat batzordearen buru izango da; unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasleen bi ordezkari; kontratudunen bi ordezkari; administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat; eta ikasleen ordezkari bat. Ez da Eskolako Batzarreko kide zertan izan batzordeetako kide izateko. Idazkaria batzordeak egiten duen lehenengo bileran aukeratuko da.

  3. – Akademia Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordearen burua zuzendaria izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, eta era honetara egongo da osatuta: hiru irakasle (ikastegian irakasten diren titulazio bakoitzeko gutxienez bat) eta horietako bat idazkaria izango da; eta titulazio bakoitzeko ikasleen ordezkaria. Ez da izango beharrezkoa Eskolako Batzarreko kide izatea batzorde honetan aritzeko. Batzorde honek, eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, ikasketak baliozkotzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak ebatziko ditu, indarreko legeriari jarraiki. Batzorde horrek hartutako erabakien aurkako errekurtsoak errektoreari aurkeztu ahal izango zaizkio. Eskolako zuzendaritzak bermatu du ikastegiko kasuan kasuko bulegoak aholkularitza teknikoa emango diola batzordeari.

  4. – Euskara Batzordea parte-hartze eta aholkularitza organoa da eta euskararen erabilera sustatzea du helburu.

    Euskara Batzordearen eginkizunak dira:

    1. Eskolan euskarari buruzko planen inguruko informazioa eta aholkua eman eta proposamenak egitea.

    2. Eskolan plan espezifikoak antolatu eta bultzatzea, elebitasunean aurrera egiteko.

    3. Sailen lana koordinatzea euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeko.

    4. Euskarako irakaskuntza ezartzerakoan eta irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileen euskalduntze eta prestakuntza prozesuan bere iritzia aintzat hartzea.

  5. – Kalitate Batzordea aholku organoa izango da eta ondoko planen jarraipena egingo du: ikastegiaren hobekuntza planarena, Gestiorako Urteko Planarena, Prestakuntza Planarena eta ikastegiko kalitatearen gestio sistemarekin zerikusirik daukaten gainontzekoena.

  6. – Ikasketa Planen Batzordea aholkularitza organoa izango da eta ikasketa planetan egoki diren aldaketak proposatu eta espezialitate berriak sortzeko ahalegina egingo du.

  7. – Praktiketako Batzordea aholkularitza organoa da eta ospitaletan, ospitaletatik kanpo eta gizarte eta osasun zentroetako praktikak antolatzeko proposamenak egingo ditu, betiere, sinatutako hitzarmenei jarraituz eta sailen eskumenei kalterik eragin gabe. Batzordea arduratuko da, era berean, ikasleek praktikak bete egiten dituztela gainbegiratzeaz.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Eskolako Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela onartu beharko da bileraren hasieran. Onartzen ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia. Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta gehienera ere zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zein ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan. Organoko kideek denboraz eskuratu beharko dituzte aztergaiei dagozkien dokumentuak eta, edonola ere, bileraren data baino 24 ordu lehenago.

  3. – Ohiko bilerako aztergaien artean, gutxien dela, honakoak zehaztu beharko dira:

    • Aurreko bilerako akta irakurri eta, egoki izanez gero, onartzea.

    • Zuzendariaren txostena.

    • Txosten ekonomikoa.

    • Zuzendariaren proposamena.

    • Galde-eskeak.

  4. – Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, behar den garaian eta moduan eskatutakoak. Eskaria idatziz egin beharko zaio idazkari akademikoari bilera baino gutxienez 48 ordu lehenago. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo absolutuak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  5. – Organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio organoko kide batek kide izateari.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoko kideek beren eginkizunak betetzeko beharrezko diren agiriak eta informazioa eskura dezakete. Horretarako, idatziz egin beharko diote eskaria idazkari akademikoari bilera baino gutxienez 24 ordu lehenago.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo absolutua egotea bertan lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdiaren arteko tartea 15 minutukoa izango da. Organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, euren ordezkoak.

  2. – Eskolako Batzarrerako botoa batzarreko beste kide baten esku utzi daiteke. Eskolako Batzarreko kide bakoitzak beste baten ordez baino ezin izango du eman botoa. Organoa eratzeko quorumerako ez dira zenbatuko organoko kideek beste batzuen esku utzitako botoak.

  3. – Organoko kideek idatziz adierazi beharko dute beste batzuen esku uzten dituztela botoak, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

  4. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa den quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.

  1. – Eskolako Batzarraren buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, Eskolako Batzarrak bileraren ordena aldatzeko erabakia har dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Eskolako Batzarraren buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Eskolako Batzarreko kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerraraziko dira haiekin batera.

  5. – Eskolako Batzarraren buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa eman diezaioten kide anitzeko organoari. Gonbidatuen izen-abizenak bilerako aktan jasoko dira, botoa emateko eskubidea izango ez duten arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta hala ere berdinketa izanez gero, Eskolako Batzarraren buruaren kalitate botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da Eskolako Batzarreko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Ere berean, ez dute erantzukizunik izango botazioan abstenitu egin direnak. Botazioa isilpekoa bada, interesatuak boto txartela emango dio Eskolako Batzarreko idazkariari botazioko unean eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio.

  1. – Idazkariak egingo du bilerako akta. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu beharko da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako aztergai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko da. Onartutakoan, idazkariak sinatuko du, eta bilkurako presidentziak ontzat emango.

  2. – Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, Eskolako Batzarreko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Eskolako Batzarreko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Eskolako Batzarreko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak proposatu den aldaketa egiaztatuko du, eta gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo da.

  5. – Eskolako Batzarra aldatu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar eguneko epea emango zaie erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, Eskolako Batzar berriak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.

  6. – Aktak behin onartuta, bi egun balioduneko epean jendaurrean jarri beharko dira iragarki oholean pertsonen intimitatea babestuta.

  1. – Idazkariak Eskolako Batzarrak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Eskolako Batzarrak hartutako erabakiak iragarki oholean argitaratuko dira hiru egun balioduneko epean eta noiz argitaratu diren zehaztuta. Erabakiak argitaratzerakoan pertsonen intimitatea babestuta egon behar da. Eskolako Batzarraren buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla eta gutxienez hilabete egongo direla argitaratuta jendaurrean. Izan ere, epe horren barruan egongo da aukera kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko errektoreari.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak jakinarazi egin beharko zaizkie interesatuei. Erabakiak jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango ditu ondorioak. Jakinarazpena Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egingo da.

  1. – Eskolako Batzarrak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Arautegi honetako 7. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Zuzendaria eskolako zuzendaritza, ordezkaritza eta administrazio organoa da.

  2. – Hauteskunde Arautegi Orokorrari jarraituz, zuzendaria eskolara atxikita egonik unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasleen artetik aukeratuko da eta errektoreak izendatuko du.

  3. – Zuzendaria Eskolako Batzarreko kideek aukeratuko dute eta ezin izango da ezarri arautegi honetako 16.2 artikuluan zehaztutakoa, hau da: ezin izango da botoa batzarreko beste kide baten esku utzi.

  4. – Errektoreak izendapena egiten duen egunean hasiko da zuzendaria bere eginkizunak betetzen. Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da, eta karguan elkarren segidako bi agintaldi bete ditzake.

  1. – Zuzendariak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

    1. hilez gero;

    2. legezko ezintasuna izanez gero;

    3. dimisioa aurkeztuz gero;

    4. eskolako kide izateari utziz gero;

    5. agintaldia amaituz gero;

    6. Eskolako Batzarrak zentsura mozioa onartuz gero.

      Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako Arautegiko 22.1.f) artikuluan adierazitako zentsura mozioa eskolako idazkaritzan aurkeztuko da idatziz, arrazoituta eta, gutxien dela, batzarreko kideen % 20ak sinatuta. Zentsura mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak Eskolako Batzarrari ezohiko bilera egiteko deia egingo dio 72 orduko epean. Zentsura mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilera hori. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura mozioari buruzko azalpenak emango ditu mozioa sinatu duen batzarkideetako batek. Zentsura mozioa jaso duenak erantzuna eman ondoren, hitza eskatu duten batzarkideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek.

      Zentsura mozioa onartzeko, Eskolako Batzarreko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Eskolako Batzarrak zentsura mozioa onartuz gero, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala, eta segidan, hauteskundeetarako deia egingo du.

  2. – Ahal den heinean, zuzendariak jardunean jarraituko du zuzendari berria izendatu arte.

  3. – Zuzendaria gaixorik edo kanpoan badago, izendapenean beren-beregi zehaztutako zuzendariordeak egingo dio ordezkoa. Halako izendapenik ez balego, Eskolako Batzarrak izendatuko du ordezkoa egingo duen zuzendaritza taldeko kidea. Eskolako Batzarraren burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emanez gero gaixorik edo kanpoan, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo du hilabeteko epean.

  4. – Eskolan pertsona bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan eskolako arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain zuzendariaren zereginak. Irakasle horrek eskolako zuzendaria aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du zuzendaria, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Hauek dira eskolako zuzendariaren eginkizunak:

    1. Ikastegiko ordezkaria izatea eta eskolari atxikitako langile guztien zuzendari funtzionala izatea.

    2. Eskolaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    3. Eskolako kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Eskolako Batzarraren, gobernu organo orokorren eta Bizkaiko Campuseko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

    6. Eskolako Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

    7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, eskolako leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

    8. Eskolako kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

    9. Eskolaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Eskolari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, UPV/EHUren Estatutuetako 102.2 eta 103.2 artikuluetan adierazitako moduan.

    11. Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sailei, Eskolako Batzarrak onartuko dituen irizpideekin bat. Era berean, eskolako azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

    12. Lankidetza eta koordinazio programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, eskolarekin zerikusia daukatenak.

  2. – Era berean, eskolako zuzendariak lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei jarraituz.

  1. – Eskolako zuzendaritza taldearen burua zuzendaria izango da eta honako hauek osatuko dute: zuzendariordeek eta idazkari akademikoak.

  2. – Eskolako zuzendaritza taldeak laguntza eman behar dio zuzendariari bere eginkizunetan, batez ere honako hauetan:

    • Titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean.

    • Ikasketa planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko.

    • Ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean.

    • Ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez.

    • Irakats plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio lanean ere.

    • Titulazioen irakats kalitatea sustatzeko lanean.

    • Ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Errektoreak, zuzendariak proposatuta, zuzendariordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten eskolako arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Zuzendariordeek zuzendariak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Eskolako Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Zuzendariorde kopurua ez da izango UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiko eranskinean jasotako irizpideei jarraituz ateratzen den kopurua baino handiagoa.

  4. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

  5. – Zuzendariak zuzendaritza taldean gertatuko aldaketen berri emango du Eskolako Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu eskolako zuzendariordeak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Idazkari akademikoa errektoreak izendatu du, zuzendariak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

  2. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

Hauek dira ikastegiko idazkari akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Eskolako Batzarrean, Batzorde Iraunkorrean eta, betetzen duen karguagatik, dagokion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Eskolako Batzarrerako eta batzordeetarako bilera deia egitea, zuzendariaren aginduari jarraituz.

  3. Eskolako gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo eskolako dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Eskolako erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta irizpideei jarraituz.

  5. Eskolako Batzarrak hartutako erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu organoari.

  6. Oro har, laguntza ematea eskolako zuzendariari, eta eskolako idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du ikastegiko idazkari akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Eskolako zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.

  2. – Administratzaileak menpekotasun funtzionala izango du zuzendariarekiko eta eskolako administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, eskolako organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. – Eskolako administratzaileak eguneratuta izango du ikastegiari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Eskolako Batzarri, ontzat eman dezan. Ondoren, unibertsitateko gerentziari igorriko zaio. Era berean, laguntza teknikoa emango dio zuzendaritza taldeari eskolaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Eskolako Batzarrak.

Eskolak bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, behar beste langile izango ditu, eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak autonomiaz gestionatzeko.

UPV/EHUk urtero zehaztuko du eskolaren aurrekontuko hornidurarako emango duen diru sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

  2. Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia, teknika edo arte lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatia.

  1. – Eskolan jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraituz.

  2. – Eskolak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendaritza taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek eskolaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztu du Eskolako Batzarrean, ontzat eman dezan.

  1. – Arautegia aldatzeko ekimena zuzendariak edo Eskolako Batzarreko kideen % 25k har dezake. Aldaketak proposatzeko, txosten arrazoitua aurkeztu beharko zaio zuzendariari, aukerako testua eta proposamen egileen izenak zehaztuta.

  2. – Zuzendariak Eskolako Batzarrari dei egingo dio bi hilabeteko epean ezohiko bilera egiteko ekimena aurkezteko xedez. Arautegia aldatzeko proposamenak aurrera egingo du, baldin eta aldeko botoen gehiengo osoa lortzen badu. Onartutako aldaketak Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, legetasun kontrola egindakoan, hark onar ditzan.

  3. – Aldaketa proposamena onartzen ez bada, ezin izango da egin testu bera aldatzeko beste proposamenik bi urteko epean.

  4. – Arautegiko hitzaurrea ezin izango da aldatu arautegia aldatzeko proposamena egitean.

Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako sailak eta titulazioak ondokoak dira:

Titulazioak:

  • Erizaintzan unibertsitate diplomaduna.

    Eskolan egoitza daukaten sailak:

  • Erizaintza I Saila.

    Eskolan eskolak ematen dituzten sailak:

  • Euskal Filologia Saila.

  • Ingeles eta Aleman Filologia Sailak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.