Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2008ko otsailaren 22koa, Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskolaren Arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 58
- Hurrenkera-zk.: 1780
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/02/22
- Argitaratze-data: 2008/03/27
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.
Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.
2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.
Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak, bi mila eta zortziko otsailaren 12ko bileran, Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskolaren Arautegia onartzea erabaki zuen.
Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa
Leioa, 2008ko otsailaren 22a.
Idazkari nagusia,
IัAKI ESPARZA LEIBAR.
Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskola, Universidad del Paํs Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikastegia, Arabako Campusean kokatua, irakaskuntzarako eta ikerkuntzarako gunea da. Unibertsitateko ikasketak antolatzen ditu eta titulu akademikoak edo bestelako eskaintza akademikoak lortzera bideratutako prozesu akademiko eta administratiboak gestionatzen ditu UPV/EHUk esleitutako ikasketen (1. eranskina) esparruan.
Eskola honako hauen bidez arautuko da: indarrean dagoen legeria, Estatutuak, eta UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiari jarraiki Ikastegiko Batzarrak egindako arautegi hau (azken arautegi honetan arautzen ez den guztirako oinarrizkoa erabiliko da), eta aplika dakizkiokeen gainerako arautegiak.
Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskolaren egoitza Vitoria-Gasteizen dago (Apraiztarren kalea 2).
Eskolan eskolak ematen dituzten sailen zerrenda 1. eranskinean dago zehaztuta.
Irakaskuntza eta ikerketa laguntzeko eskolan dauden zerbitzuak 1. eranskinean ageri dira.
Eskolako kideek idatziz eta erregistro bidez helarazi ahalko dituzte zuzendaritza-taldera euren kexak, erreklamazioak eta iradokizunak. Eskaerak zazpi eguneko gehienezko epean erantzungo dira. Erantzunean, idazkiaren lehenengo sinatzaileari igorri beharrekoa, hartutako erabakia jakinaraziko da eta, hala balegokio, arrazoia.
Eskola honako hauek osatzen dute: eskolako kideek eta bertara lotutako gainerako langileek.
Hauek dira eskolako kideak:
Ofizialki ikastegira atxikita dauden irakasle guztiak.
Ikastegian irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.
Ikastegira atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.
Ikastegira lotuta egongo dira, baina kide izateke, ikastegira atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, ikastegian egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta ikastegian zerbitzuak ematen dituztenak.
Hauek dira Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskolaren eginkizunak:
Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, UPV/EHUko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazioko, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate- nahiz kultura-hedakuntzako ikastaroak ere.
Urtero irakaskuntza-eskaintza egitea, UPV/EHUko ikasketa-programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa-planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinazioan.
Ikasketa-planen onespena edo aldaketa proposatzea, eta UPV/EHUko beste organo batzuek halakorik proposatu eta horrek ikastegian eragina daukanean, ikasketa-planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.
Bertan ematen diren titulazioen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.
Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak betetzen dituztela jagotea.
Eskolaren aurrekontua gestionatu, baliabideak administratu eta atxikitako langileak gidatzea.
Eskolaren urteroko plana garatu eta betetzea.
Urteko memoria egitea.
Hizkuntza-plangintza orokorra garatu eta eskolara egokitzea.
Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.
UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea beren eginkizunak betetzen.
Zientzia-, teknika-, arte- eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazioko nahiz unibertsitate-hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.
Legeak, Estatutuek edo unibertsitate-arautegiak bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.
Honako hauek dira eskolako gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak: Eskolako Batzarra, Zuzendaritza-taldea osatzen duten pertsona guztiak eta eskolako administratzailea.
Honako hauek dira kide anitzeko gobernu-organoak: Eskolako Batzarra eta Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea.
Eskolako Batzarra osatuko dute zuzendariak, zuzendariordeek, idazkari akademikoak, ikastegiko administratzaileak eta modu honetara banatuko diren 10 kide hautetsik: unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten 6 irakasle, bestelako irakasle-motako kide 1, AZPko kide 1 eta 2 ikasle.
Ikastegiko Batzarreko kideen % 51, gutxienez, unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasleak izango dira. Baldintza hau kontuan hartu beharko da zuzendariordeak izendatzerakoan.
Eskolako Batzarrak bere funtzionamendu-arautegia izango du, eta, hautatutako kideak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.
Eskolako Batzarreko kideak hautatzerakoan, Estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean ezarritako prozedura bete beharko dira.
Eskolako Batzarra da Vitoria-Gasteizko Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskolako kide anitzeko ohiko gobernu-organoa.
Eskolako Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:
Ikastegiaren arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.
Ikastegiko zuzendaria aukeratzea.
Gobernu-organoei irakasleen plantillan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillan dauden beharrizanak aurkeztea.
Unibertsitateko planetan bildutako helburuak eskolara egokitzeko plana onartzea.
Hizkuntza-normalkuntzarako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko eskolak dauzkan premien memoriak aurkeztea campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.
Eskolara atxikitako irakasle-lanpostuen eskariez iritzia ematea.
Ikasketa-planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.
Irakasteko behar diren azpiegitura-planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta ikastegira atxikitako sail edo sail-atalen iritzia.
Eskolak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dela bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.
Zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.
Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena ikastegiko Ikasleen Kontseiluak egingo du.
Eskolak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.
Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko beste gobernu-organoek eskuordetzen dizkiotenak.
Eskolako Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizunen plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek zuzendariak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkie, jakitun egon daitezen.
Eskolako arautegiak ez du Batzorde Iraunkor baten beharrik aurreikusten. Premia sortzekotan, batzordea etorkizunean sor liteke oinarrizko arautegian zehaztutako baldintzen arabera arautegi hau aldatu ondoren, horretarako ezarritako prozedurari jarraiki.
Eskolako batzorde bereziak honakoak izango dira:
Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea.
Euskara Batzordea.
Praktika Batzordea.
Eskolan Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzorde bat egongo da. Batzordeko burua zuzendaria izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen zuzendariordea. Horiez gain, batzordeko kideak honakoak izango dira: idazkari akademikoa, batzordeko idazkaria izango dena, irakasleen hiru ordezkari eta ikasleen bi ordezkari. Ez da izango beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kide izatea batzorde honetan aritzeko. Eskolako zuzendaritzak bermatuko du eskolako kasuan kasuko bulegoak aholkularitza teknikoa emango diola batzordeari. Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak, eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, ikasketak baliozkotzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak ebatziko ditu, indarreko legeriari jarraiki. Batzorde honek hartutako erabakien aurka errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio errektoreari.
Eskolan Euskara Batzorde bat ere egongo da, parte-hartze eta aholkularitza-organoa izango dena. Batzorde horren helburua izango da euskararen erabilera bultzatzea ikastegian, UPV/EHUren plangintza orokorrari jarraiki. Euskara Batzordeko burua zuzendaria izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona. Horiez gain, batzordeko kideak honakoak izango dira: irakasleen hiru ordezkari (horietako batek batzordeko idazkari lanak egingo ditu) eta ikasleen bi ordezkari. Ez da izango beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kide izatea batzorde honetan aritzeko. Hauek dira batzorde honen eginkizunak:
Eskolan euskarari buruzko planen inguruko informazioa eta aholkua eman eta proposamenak egitea.
Unibertsitateko Euskara Batzordeari jarraiki, eskolan plan espezifikoak antolatu eta bultzatzea, beti elebitasunean aurrera egiteko.
Euskaraz irakastea eta ikertzea ahalbidetuko duten oinarrizko material zehatzak prestatzen sailek egiten dituzten lanak koordinatzea.
Praktika Batzordeko burua zuzendaria izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona. Horiez gain, batzordeko kideak honakoak izango dira: praktikak ematen dituzten irakasleen hiru ordezkari (horietako batek batzordeko idazkari lanak egingo ditu) eta ikasleen bi ordezkari. Ez da izango beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kide izatea batzorde honetan aritzeko. Batzorde honen eginkizuna zuzendaritzari eta Eskolako Batzarrari eskolako ikasleen praktikekin lotutako gaien inguruko aholkua ematea da.
Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.
Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Eskolako Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu seihileko bakoitzean.
Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean, bai eta arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko aurreko akten onespena ezta galde-eskeak ere.
Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi beharko da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.
Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bileretarako deia.
Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badu, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da, eta, gehienez ere, zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik kontatzen hasita.
Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino, gutxienez, hiru egun lehenago. Bilera non egingo den, zein ordutan eta zein gai aztertuko diren adierazi beharko da deialdian. Organoko kideek denboraz eskuratu beharko dituzte aztergaiei dagozkien dokumentuak eta, edonola ere, bileraren data baino 24 ordu lehenago.
Nolanahi ere, aztergaien zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdian. Puntu horien artean egongo dira deialdia egin aurretik eskatutako puntuak, edo deialdia egin ondoren eskatutakoak, baldin eta batzarra bildu baino 48 ordu lehenago bertako kideen % 10ek eskatu badituzte. Ezin izango da hartu aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik, baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.
Organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.
Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuen 228. artikuluan aipatutako arrazoiengatik utziko dio organoko kide batek kide izateari.
Organoa behin eratuta, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza-kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretan hautatutakoak kide izango dira agintaldia amaitu arte.
Kide anitzeko organoetako kideek dagokien organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek agintzen dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.
Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa den dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Eskaera erregistro bidez egin ondoren, dokumentazioa zuzendaritza-bulegoan egongo da eskuragarri 3 egun balioduneko epean.
Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea hamabost minutukoa izango da. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.
Behar bezala egiaztatutako arrazoiengatik huts egiten duten pertsonek organoko beste kide batzuei eskuordetu ahalko diote botoa. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak beste baten ordez baino ezin izango du eman botoa. Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak.
Organoetako kideek idatziz adierazi beharko dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi beharko zaio.
Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.
Kide anitzeko organoetako buruek antolatu beharko dituzte bilerak, eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahalko dituzte.
Eztabaidak gai-zerrendari jarraiki egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzeko erabakia hartu ahalko du organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.
Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahalko du gaiaz bozkatu aurretik, bai eta ordura arte egon daitekeen parte-hartzeen kopurua ere.
Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahalko dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerraraziko dira proposamenekin batera.
Egoki deritzonean, kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahalko ditu bileretara, aztergaien zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan jaso egingo da bileran gonbidatuak izan direla, botoa emateko eskubidea izan ez arren.
Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo osoa behar izango da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu duten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.
Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta hala ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate-botoak erabakiko du.
Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen duenean. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.
Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa ematearen arrazoia jasota uzten badute. Botazioa isilpekoa bada, interesatuak boto-txartela emango dio organoko idazkariari botazioko unean, eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto-txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio. Abstenitzen direnek ere ez dute erantzukizunik izango.
Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartuko da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako aztergaien zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko da. Akta, behin onartuta, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar du.
Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.
Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte-hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua, eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.
Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahalko dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin beharko dira.
Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea emango zaie edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Esandako epean erreklamaziorik aurkeztu ezean, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, kide anitzeko organo berriak egingo duen lehenengo bileran onartu beharko dira.
Behin onartuta, aktak eskolako iragarki-oholean argitaratuko dira, eta ikastegiko kideek kontsultetarako eskuratu ahal izango dituzte eskolako Idazkaritza Akademikoan, beti ere pertsonen intimitatea gordeta.
Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.
Kide anitzeko organoak hartutako erabakiak eskolako iragarki-oholean emango dira argitara gehienez ere bilera egin eta hiru egun balioduneko epean, eta pertsonen intimitatea behar bezala babestuta.
Organoko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla, eta, gutxienez, hilabete batez egongo direla argitaratuta jendaurrean. Izan ere, epe horretan egongo da errektoreari kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko aukera.
Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak interesdunei jakinarazi beharko zaizkie. Erabakiak jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango ditu ondorioak. Jakinarazpena Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egingo da.
Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoei jakinaraziko zaizkie.
Arautegi honetako 6. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari, hilabeteko epean.
Zuzendaria gobernu, ordezkaritza eta administrazioko kide bakarreko organoa da.
Zuzendaria ikastegira atxikita egonik unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasleen artetik hautatuko da, eta errektoreak izendatuko du.
Eskolako zuzendaria Eskolako Batzarrak aukeratuko du Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki.
Ikastegiko zuzendaria errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da eta ezingo dira hiru agintaldi baino gehiago egin segidan.
Zuzendariak arrazoi hauengatik utziko du kargua:
Hilez gero.
Legezko ezintasuna izanez gero.
Dimisioa aurkeztuz gero.
Ikastegiko kide izateari utziz gero.
Agintaldia amaituz gero.
Ikastegiko Batzarrak zentsura-mozioa onartuz gero.
Zentsura-mozioa idatzi arrazoitu bidez aurkeztuko da eskolako Idazkaritzan, gutxienez kontseiluko kideen % 30ek sinatuta, eta zuzendari izateko hautagai baten izena jaso beharko du. Zentsura-mozioa aurkeztu eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak Eskolako Batzarrari dei egingo dio 72 orduko epean bilkura egiteko. Zentsura-mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilkura hori. Lehenengo eta behin, zentsura-mozioari buruzko azalpenak emango ditu mozioa sinatu duen eskolako batzarkideetako batek. Zentsura-mozioa jaso duenak erantzuna emango du eta ondoren, hitza eskatu duten batzarkideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek. Horren ondoren, zuzendaria izateko hautagaiak hitz egingo du bere proposamena egin eta bere programa azaltzeko.
Zentsura onartu egingo da, Eskolako Batzarreko kideen % 51k haren aldeko botoa ematen duenean. Eskolako Batzarrak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala.
Onartu den mozioan zuzendari izateko jasotako hautagaia zuzendari hautatu dela ulertuko da.
Ahal denean, zuzendariak jardunean jarraituko du zuzendari berria izendatu arte.
Zuzendaria gaixorik edo kanpoan egonez gero, izendapenean beren-beregi hautatutako zuzendariordeak ordezkatuko du. Halako izendapenik ez balego, Eskolako Batzarrak izendatuko du bere ordez arituko den zuzendaritza-taldeko kidea. Eskolako Batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Gaixorik edo kanpoan sei hilabete baino gehiago emango balitu, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.
Eskolan kide bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan eskolako arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain zuzendariaren zereginak. Irakasle horrek ikastegiko zuzendaria aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.
Errektoreak irakaskuntza-betebeharretatik salbuetsi ahal izango du zuzendaria, neurri batean edo erabat.
Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaskuntza-betebeharretatik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntza- eta ikerketa-arloetan eguneratze aldera. Horretarako, hiru urte emanda izan beharko ditu karguan, gutxienez.
Hauek dira eskolako zuzendariaren eginkizunak:
Eskolako ordezkaria izatea eta eskolara atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.
Ikastegiko jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta ikuskatzea.
Eskolako kide anitzeko organoetako buru izatea.
Eskolako Batzarraren, gobernu-organo orokorren eta campus bakoitzeko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.
Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.
Eskolako Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.
Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.
Ikastegiko kideen eskari eta proposamenak zuzendu eta bideratzea.
Eskolaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.
Ikastegiari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia dutenak, UPV/EHUren Estatutuen 102.2. eta 103.2. artikuluetan adierazitako moduan.
Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Ikastegiko Batzarrak onartuko dituen irizpideekin bat etorrita. Era berean, ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.
Lankidetza- eta koordinazio-programak adostea sailekin irakaskuntza- eta ikerketa-jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.
Gainerako gobernu-organoek eskuordetzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta, beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, ikastegiarekin zerikusia daukatenak.
Era berean, ikastegiko zuzendariak sinatuko ditu lankidetza-hitzarmenak, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.
Zuzendaritza-taldeko burua zuzendaria izango da eta honako hauek osatuko dute: zuzendariordeek eta idazkari akademikoak.
Eskolako zuzendaritza-taldeak laguntza eman behar dio zuzendariari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:
titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;
ikasketa-planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;
ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;
ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak ikuskatzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;
irakaskuntza-plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaskuntza-lanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio-lanean ere;
titulazioetako irakaskuntzaren kalitatea sustatzeko lanean;
ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.
Errektoreak, zuzendariak proposatuta, zuzendariordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten ikastegiko arduraldi osoko irakasleen artetik.
Zuzendariordeek zuzendariak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta haien izendapenean zehaztutako arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Eskolako Batzarrari, eta, horretaz gain, argitara emango dira.
Zuzendariordeen kopurua ez da izango UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiko eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta ateratzen den kopurua baino handiagoa.
Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, ikastegiko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.
Zuzendariak zuzendaritza-taldean gertatu diren aldaketen berri emango du Ikastegiko Batzarraren hurrengo bileran.
Errektoreak irakaskuntza-betebeharretatik salbuetsi ahal izango ditu zuzendariordeak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.
Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaskuntza-betebeharretatik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntza- eta ikerketa-arloetan eguneratze aldera. Horretarako, hiru urte emanda izan beharko dituzte karguan, gutxienez.
Idazkari akademikoa errektoreak izendatuko du, dekano edo zuzendariak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.
Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.
Hauek dira ikastegiko idazkari akademikoaren eginkizunak:
Idazkari moduan aritzea Eskolako Batzarrean eta, betetzen duen karguagatik, dagozkion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.
Eskolako Batzarra biltzeko deia egitea, zuzendariaren aginduz.
Ikastegiko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.
Eskolako Erregistro Orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arau eta irizpideei jarraiki.
Eskolako Batzarrak hartuko dituen erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu-organoari.
Laguntza ematea, oro har, ikastegiko zuzendariari, bai eta ikastegiko idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea ere.
Errektoreak irakaskuntza-betebeharretatik salbuetsi ahal izango ditu idazkariak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.
Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaskuntza-betebeharretatik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntza- eta ikerketa-arloetan eguneratze aldera. Horretarako, hiru urte emanda izan beharko dituzte karguan, gutxienez.
Ikastegiko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.
Administratzaileak zuzendariarekiko mendekotasun funtzionala izango du, eta ikastegiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, ikastegiko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan, eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.
Ikastegiko administratzaileak eguneratuta izango du ikastegira atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Eskolako Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio zuzendaritza-taldeari ikastegiaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Eskolako Batzarrak.
Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, eskolak behar beste langile izango ditu, baita sail berezituak ere UPV/EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izango du sail horiek kudeatzeko.
UPV/EHUk urtero zehaztuko du eskolaren aurrekontuko hornidurarako emango duen diru-sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:
Burutzen dituen jardueren etekinak.
Jasotzen dituen diru-laguntzak, kasuan kasuko diru-laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.
Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.
Zientzia-, teknika- edo arte- lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokion zatia.
Eskolaren jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.
Eskolak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendaritza-taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek ikastegiaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztuko du Eskolako Batzarrean, ontzat eman dezan.
Arautegia aldatzeko ekimena zuzendariak edo Eskolako Batzarraren kideen % 25ak har dezake. Ekimena aurrera eramateko zuzendariari zuzendutako idatzi baten bidez hautabidezko testu bat proposatu beharko da, bai eta proposamenaren sinatzaileak identifikatu ere.
Zuzendariak Eskolako Batzarra -horretarako beren-beregi deitutakoa- ezohiko bilera batean bilduko du, proposamena aurkeztutako egunetik astebeteko gehienezko epean, aldaketa-proposamenari buruzko iritzia emateko. Proposamenak aurrera egingo du Batzarreko botoen gehiengo absolutua lortzen baldin badu. Behin onartuta eta legaltasun kontrola eginda, Gobernu Kontseilura eramango da honek ontzat eman dezan.
Aldaketa proposamena ez baldin bada onartzen, ekintzaileek ezin izango dute proposamen berri bat luzatu ikasturte horretan.
Arautegi hau onartzen den datan Vitoria-Gasteizko Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskolan ematen diren titulazioak, bertan irakasten duten unibertsitate-sailak eta irakaskuntza eta ikerketa laguntzeko eskolan dauden zerbitzuak honakoak dira:
Ematen diren titulazioak:
Gizarte Lanaren diplomatura.
Ikastegian irakasten duten sailak:
Politika eta Administrazio Zientzia.
Zuzenbide Zibila.
Konstituzio Zuzenbidea eta Gizarte eta Politika Pentsamenduaren eta Mugimenduen Historia.
Konstituzio Zuzenbidea, Administrazio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia.
Enpresa Zuzenbidea.
Zuzenbide Publikoa.
Ekonomia Aplikatua I.
Filosofia.
Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia.
Historia Garaikidea.
Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak.
Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa.
Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua.
Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia.
Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia.
Soziologia.
Irakaskuntza eta ikerketa laguntzeko zerbitzuak:
Irakaskuntzarako informatika-gela.
4 irakaskuntza-gela.
4 mintegi.
Grabazio-laborategi 1.
Ikerketarako eta bekadunentzako gela.
Irakasleen gela.
Praktikak gainbegiratzeko gela.