Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2008ko otsailaren 7koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Ekonomia Analisiaren Oinarriak II sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 46
- Hurrenkera-zk.: 1361
- Xedapen-zk.: 32
- Xedapen-data: 2008/02/07
- Argitaratze-data: 2008/03/05
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.
Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.
Gobernu Kontseiluak urtarrilaren 24an egin zuen bileran jakinarazi zen Ekonomia Analisiaren Oinarriak II Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).
2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau
Leioa, 2008ko otsailaren 7a.
(Eskuordetzaz, 2005eko urriaren 26ko EHAA)
UPV/EHUko idazkari nagusia,
IÑAKI ESPARZA LEIBAR.
– EHUko irakaskuntza programazioari eta ikastegien antolakuntzari jarraiki, Ekonomia Analisiaren Oinarriak II Saila Ekonomia Analisiaren Oinarriak jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta emateaz arduratzen da ikastegi edo titulazio batean edo gehiagotan, baita irakasleen irakaskuntza eta ikerketa eginkizunak eta ekimenak laguntzeaz ere. Bere funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetako xedapenak errespetatu behar dituzte, baita UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegiko eta aplikatu beharreko gainerako arauetako xedapenak ere.
Bere eskumeneko jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.
Bere eskumeneko jakintza-arloko ikerketa bultzatu eta laguntzea.
Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa-institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.
Zientzia, teknika, arte edo giza zientzien arloko zereginak sustatzea, baita espezializazio edo unibertsitate-hedakuntzako ikastaroak bultzatzea ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, betiere indarreko legeriaren arabera.
Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.
Aurrekontua gestionatzea, baliabide materialak administratzea eta saileko langileak gidatzea.
Sailaren urteroko plana garatu eta betetzea.
Urteroko memoria egitea.
UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.
Saileko jakintza arloen ikasketa planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza arloekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, beren eskumenen esparruan betiere.
– Honako hauek dira Ekonomia Analisiaren Oinarriak II saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita prestatze-bidean dauden ikertzaileak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.
– Honako hauek dira saileko kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan-kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak, sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak (hiru irakasleko ordezkari bat), hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
– Irakasleen, ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da.
– Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eurek aukeratu behar dituzte euren artean.
– Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle-kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.
– Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, azaroaren 15etik abenduaren 15era bitartean, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: Saileko Graduondoko Berezko Tituluetan eta Doktorego-programetan eta Tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikita eta prestatze-bidean dauden ikertzaileak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio hala dagokion zerbitzuari.
Ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira, eta honako hauek dira ordezkari izateari uzteko arrazoiak:
Hiltzea edo ezintasunen bat izatea.
Hauteskundeak baliogabetzea.
Agintaldia amaitzea.
Dimisioa.
Ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari uztea.
Organoaren bileretara hiru aldiz segidan edota bost bileretara huts eginez gero, justifikaziorik gabe.
– Hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:
Saileko zuzendaria hautatzea arautegiak xedatutakoari jarraiki.
Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntza eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.
Urteroko irakats-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.
Saileko langileei irakaslanak eta balizko aldaketak esleitzea, Sailen Oinarrizko Arautegiko 36. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.
Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa-planaren barruan.
Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen- eta koordinazio-akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktorego programetako irakats-zama kasuan kasuko sailak entzun ondoren esleitu behar da.
Doktorego tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimentzen dituen baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideen izendapenak onartzea ere.
Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa-eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.
Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.
Irakasleen irakaslanaz txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza-merezimenduak eskuratzeari eta kontratuak berritzeari begira.
Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailaren eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.
Venia docendi eman behar denean, aurrez iritzia ematea.
Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, Unibertsitatean ezarritako ebaluazio prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.
– Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:
Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektua eta, dagokionean, arautegiaren erreforma-proiektua aurkeztea.
Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak berak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.
Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.
Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.
Saileko arautegian jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Sailetako zuzendaritzek deitu behar dute hauteskundeetara, Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.
Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.
– Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.
– Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Saileko Kontseiluak gutxien ohiko bi bilera egingo ditu seihileko bakoitzean.
– Aztertuko den gaia dela-eta, ezohiko bilera beharrezkoa denean egin behar da, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako gai-zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.
– Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.
– Saileko Kontseiluko buruak egin behar ditu bileretarako deiak.
Gainera, saileko kideen heren batek edo irakasle doktoreen heren batek eskatzen badute, kontseiluaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.
– Bilerarako deia saileko idazkari akademikoak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zein ordutan, eta zer gai aztertuko diren bertan. Kontseiluko kideek aztertu beharreko gaiei dagozkien dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.
– Bilerarako deiaren gai zerrenda saileko kontseiluaren buruak egin beharko du, eta zerrenda horretan gutxienez kontseilu horretako kideen % 10ek eskatutako puntuak sartuko dira. Kontseiluko buruari gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin adierazi beharko zaio idatziz zer puntu sartu nahi den gai zerrendan. Ezin da hartu gai-zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.
– Guztiak jakitun egon daitezen, organoetako kideei bileretarako deia egiten zaien egun berean deialdiak argitara eman behar dira kontseiluari dagokion egoitzan eta gainerako jarduera-gune guztietan.
– Saileko kontseiluko ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.
– Kontseilua behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira plaza horiek betetzeko. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.
Saileko kontseiluko kideek:
– Bertako bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute. Bileretara joanez gero, saileko kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina sailak beharrezko neurriak hartu behar ditu betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.
– Beren eginkizunak betetzeko beharrezko dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko eskubidea daukate. Informazio hori idatziz eskatu beharko zaio saileko zuzendariari, eta hark 15 eguneko epean eman beharko du, betiere sailak eskuragarri badu.
– Saileko kontseilua balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, eta hogei minutu igaro ostean, kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Edonola ere, organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, euren ordezkoak.
– Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa izango den quoruma beharrezkoa izango da bozketa guztietan.
– Saileko kontseiluko presidenteak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.
– Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, saileko kontseiluak bileraren ordena aldatzeko erabakia har dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.
– Beharrezkotzat joz gero, organoko buruak bozketa egin aurretik gaiaren inguruan eztabaidatzeko denbora muga dezake, bai eta egon daitekeen parte-hartze kopurua ere.
– Saileko kontseiluko presidenteak, bere iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Gonbidatuen izen-abizenak bilerako aktan jasoko dira, botoa emateko eskubidea izango ez duten arren.
– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo osoa behar izango da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu duten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.
Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, kontseiluko presidenteak kalitatezko botoa izango du.
– Botazioek isilpekoak izan behar dute, saileko kideren batek eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.
– Aurkako botoa ematen dutenek eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio saileko kontseiluko idazkariari, boto txartelarekin batera. Boto txartelak eta testuak aktari erantsi behar zaizkio. Abstenitzen direnek ere ez dute erantzukizunik izango.
– Botoa pertsonala eta eskuordeezina da.
– Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerraraziko dira haiekin batera.
– Idazkariak bilerako akta egingo du. Akten zirriborroak iragarki oholean argitaratuko dira, bilera amaitu eta gehienez hogei egun balioduneko epean. Edozein kasutan, beti zainduko da pertsonen intimitatea. Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartuko dira, eta hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko dira akten zirriborroak. Aktak, behin onartuta, idazkariak sinatuko ditu eta organoko buruak ontzat emango.
– Aktetan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta bilera amaitu aurretik alde egin dutenen inguruko berariazko aipamena; gai-zerrenda; bileraren tokia eta ordua; bileran aztertutako puntuak; botazioak egin diren modua eta horien emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoiaren azalpen laburra.
– Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Saileko kontseiluko kideek euren parte-hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, kontseiluko buruak adierazitako epean.
– Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak proposatu den aldaketa egiaztatuko du, eta gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo da.
– Kontseilua aldatu baino lehen, biltzeko deia egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie saileko kontseiluko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kontseilu berriak egingo duen lehen bileran onartu behar dira.
– Aktak onartu eta gehienez hiru egun balioduneko epean jarriko dira iragarki oholean, beti ere pertsonen intimitatea babestuz. Aktak kontsultarako eskuragarri izango dituzte saileko kideek bertako idazkaritzan.
– Idazkariak saileko kontseiluak hartutako erabakien fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.
– Hartutako erabakiak argitara emango dira iragarki-oholean, gehien dela hiru egun balioduneko epean eta pertsonen intimitatea babestuta. Edonola ere, kontseiluko idazkariak eta presidenteak erabakiak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, eta argitaratu eta hilabetez daudela jendaurrean gutxienez.
– Saileko kontseiluak hartutako erabakiek onartzen direnetik izango dute eragina, erabakietan bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.
– Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslanak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Erabakiak jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango ditu ondorioak. Jakinarazpena Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egingo da.
– Saileko kontseiluak hartzen dituen erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.
– Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.
– Sailean zuzendaririk ez badago, saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari, eta batzorde iraunkorra edo, bestela, saileko kontseilua, premiazko bilerara deitu. Bilera horretan behin-behineko zuzendaria aukeratuko da baldintzak betetzen dituztenen artetik, baina, bitartean, kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak beteko ditu saileko zuzendari eginkizunak, eta, era berean, bera izango da bilerako buru. Bestalde, artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta zuzendaririk aukeratu ez bada dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du aldi baterako zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.
– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa da. Behin baino ezingo da jarraian berriro hautatu.
– Zuzendariak karguari uzteko arrazoiak UPV/EHUren Estatutuetako 287.4 artikuluan daude jasota. Zentsura mozioa idatzi arrazoitu bidez aurkeztuko da saileko idazkaritzan, gutxienez kontseiluko kideen % 40k sinatuta, eta zuzendari izateko hautagai baten izena jaso beharko du. Zentsura-mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak kontseiluari dei egingo dio 72 orduko epean ezohiko bilkura egiteko. Zentsura-mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilkura hori. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioa defendatuko du mozioa sinatu duen kideetako batek. Ondoren hautagaiak hartuko du parte bere proposamena egiteko eta azaltzeko. Zuzendariak erantzuna emango du eta ondoren, hitza eskatu duten saileko kontseiluko kideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek. Zentsura onartuko da kontseiluko kideek bere alde emandako botuak kontrako emandakoak baino gehiago direnean. Saileko kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala. Onartu den mozioan jasotako hautagaia zuzendari hautatu dela joko da.
– Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:
Sailaren ordezkaria izatea.
Saileko kontseiluaren buru izatea saileko arautegiei jarraiki.
Saileko kideen eskari eta proposamenak jaso eta bideratzea.
Saileko administrazioko eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.
Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.
Saileko kontseiluak hartutako erabakiak betetzea.
Sailak eta saileko kideek irakaslanak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.
Zientzia, teknika, giza zientzia edo artearen arloko ikerlanak egiteko sailak egiten dituen kontratuak sinatzea.
Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea, programen arduradunekin batera.
Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.
Isilpeko informazioa jendaurrean jakinaraz dadin agindu eta diziplina-espedienteak abiaraz daitezen proposatzea.
Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainontzeko guztiak.
– Era berean, lankidetza-hitzarmenak ere sinatu behar dituzte, gobernu-kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.
– Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege-ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta, zuzendariaren proposamenari jarraiki, errektoreak hala erabakitzea.
– Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.
– Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta-liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.
Saileko irakasleen eta ikertzaile taldeen ikerkuntza lana bideratu eta sustatzea.
Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.
Ziklo guztietako ikasleak ikerkuntza-arloekin harremanetan jartzea.
Doktorego-tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.
Zientzia-arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa, garapen-eta berrikuntza-zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza-arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.
Unibertsitateko ikerkuntzaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerkuntza- eta aholkularitza-kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.
Gizarteak unibertsitateko ikerketaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.
– Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerkuntza-lanei eta horien emaitzei buruzko memoriak onartu behar ditu urtero. Memoria horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar ditu eta, jarraian, hari aurkeztu behar dizkio, baliabideak esleitze aldera.
– Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza-hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren ikastegietan egindako ikerkuntza-lanak unibertsitateko ikerkuntzatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.
– Sailaren arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen % 30ari dagokio. Ekimenak ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztuta eta proposamena egin dutenek euren burua identifikatuta gauzatu behar dira.
– Saileko zuzendariak ekimena aurkeztu eta hilabeteko epean, gehienez, saileko kontseiluari dei egingo dio ezohiko bilkurara aldaketari buruzko erabakia hartzeko. Arautegia aldatzeko proiektuak, onartua izateko, kontseiluko kideek emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da, hark ontzat eman dezan.
Arautegi honetan jasotakoa Sailei buruzko Oinarrizko Arautegiarekin eta aplika daitezkeen gainontzeko arauekin bat ezarriko da.