Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2006ko azaroaren 30ekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Fisiologia Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 4
  • Hurrenkera-zk.: 58
  • Xedapen-zk.: 266
  • Xedapen-data: 2006/11/30
  • Argitaratze-data: 2007/01/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak azaroaren 2an egin zuen bileran jakinarazi zen Fisiologia Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

  1. – Fisiologia Sailak Fisiologiaren jakintza-arloko irakaskuntza-ikastegi edo titulazioetan koordinatu eta emateaz arduratzen da, UPV/EHUko irakats-eskaintzaren arabera, ikastegien antolakuntzaz, eta irakasleen irakaskuntza eta ikerketa-eginkizun eta ekimenei laguntza ematea. Bere funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetako Sailen Oinarrizko Arautegiko eta aplikatu beharreko gainerako arauetako xedapenak errespetatu behar dituzte.

  2. – Fisiologia Saila berezko saila da, eta erabat txertatuta dago UPV/EHUren egituran eta antolamenduan.

Fisiologia Sailaren funtzioak hauexek dira:

  1. Fisiologiaren jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Fisiologia arloaren inguruko ikerketa bultzatzea eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientzia, teknika, arte edo giza zientzien arloko zereginak sustatzea, bai eta espezializazio edo unibertsitate-hedakuntzako ikastaroak bultzatzea, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, beti ere indarreko legeriaren arabera.

  5. Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta saileko langileak gidatzea.

  7. Sailaren urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteroko memoria egitea.

  9. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  10. Ikasketa-planak egiten laguntzea, bai eta beste jarduera batzuetan ere, baldin eta, beren eskumen barruan, Fisiologiaren jakintza-arloarekin zerikusia badute.

Fisiologia Sailak UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean dauka egoitza administratiboa.

  1. – Araudi honek arauko du Fisiologia Saila.

  2. – Sailak honako printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:

    1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

    2. Sail bakoitzaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera.

Fisiologia Sailaren jakintza-arloa Fisiologia da.

  1. – Honako hauek dira saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

  2. – Aurreko paragrafoari dagokionez, Fisiologia Saileko irakasle eta ikertzaile funtzionario guztiak Fisiologiaren jakintza-arloan arituko dira unibertsitateko ikerketa-institutu bati atxikita badaude ere. Fisiologia Sailean kontratatutako irakasleak eta ikertzaileak Fisiologiaren jakintza-arloan arituko dira.

  3. – Salbuespen moduan, sail batean sartuta dagoen arloko irakasle bat aldi baterako Fisiologia Sailari atxiki ahal izango zaio, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide orokorrei jarraiki.

  4. – Ez da baimenik emango atxikipena aldatzeko baldin eta horrek sailaren irakats-betebeharrak bete barik uztea badakar.

  5. – Artikulu honi dagokionez, bekadunei buruzko aipamenak ez ditu barne hartzen UPV/EHUko Estatutuetako 115.3. artikuluan aipatutako bekadun lankideak.

Fisiologia Sailean atalak sortu ahal izango dira campuska edo ikastegika, aplika daitezkeen arauetan jasotakoaren arabera. Atalak sortzeak arautegi hau aldatzea ekarriko du.

  1. – Fisiologia Saileko gobernua bere kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Sailaren gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-kide anitzetako organoak saileko kontseilua eta batzorde iraunkorra dira.

  3. – Zuzendaria eta idazkari akademikoa dira kide bakarreko saileko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

  1. – Fisiologia Saileko Kontseilua honakoek osatzen dute: zuzendaria, idazkari akademikoa, saileko irakasle funtzionario eta lan-kontratuko irakasle iraunkor guztiak eta irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailari atxikitako doktore guztiak, sailari atxikitako beste irakasleen artetik ordezkari bat hiru irakasleko, hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari.

  2. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa izango da.

  3. – Artikulu honetako 1. puntuan aipatzen diren sailari atxikitako beste irakasleen ordezkaritza beste irakasle horiek euren artetik hautatuko dute.

  4. – Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

  5. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, abenduan, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: saileko graduondoko berezko tituluetan eta doktorego programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikitako ikerketako bekadunak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio dagokion zerbitzuari.

  1. artikuluan jasotzen diren taldeen ordezkari-izaera norbanakoarena eta besterenezina, eta arrazoi hauetakoren bat tartean dela galduko da:

    1. Hil edo ezintasunen bat izanez gero.

    2. Hauteskundeak baliogabetuz gero.

    3. Agintaldia amaituz gero.

    4. Dimisioa.

    5. Ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari uztea.

    6. Organoaren bileretara hiru aldiz segidan edota bost bileretara huts eginez gero, justifikaziorik gabe.

  1. – Fisiologia Saileko Kontseiluaren eginkizunak honakoak dira:

    1. Saileko zuzendaria aukeratzea.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntza eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteroko irakats-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

    4. Saileko langileei irakaslanak eta balizko aldaketak esleitu, Sailen Oinarrizko Arautegiko 29. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

    5. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa planaren barruan.

    6. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta bere gain dituen programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktorego programetako irakats-zama kasuan kasuko sailak entzun ondoren esleitu behar da.

    7. Doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimentzen dituen baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideen izendapenak onartzea ere.

    8. Irakasleei eta ikertzaileei ikerlanetan eta ekimenetan laguntzea.

    9. Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

    10. Irakasleen irakaslanaz txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak eskuratzeari eta kontratuak berritzeari begira.

    11. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailaren eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

    12. Venia docendi eman behar denean, aurrez iritzia ematea.

    1. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, Unibertsitatean ezarritako ebaluazio prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegien proiektuak eta, dagokionean, arautegien erreforma-proiektuak aurkeztea.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, beronek baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Ordezkarien hauteskundeak, saileko zuzendaritzak deitutakoak, garatzeko arauak ematea Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoa gordeta.

    6. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Fisiologia Saileko Kontseiluko Batzorde Iraunkorra honakoek osatzen dute: zuzendaria, idazkari akademikoa, irakasleen hamar ordezkari, horietatik zortzi irakasle funtzionario, lan-itunpeko langile iraunkor eta irakasle doktore ez iraunkorren artetik aukeratuko dira, eta bi, sailari atxikitako beste irakasleen artean.

  2. – Gainera, bekadunen eta ikasleen ordezkari banak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari banak hartu behar dute parte batzorde iraunkorrean, eta biak ala biak kontseiluetako kideen artean hautatu behar dira.

  3. – Artikulu honen ondorioetarako, ez dira bekaduntzat hartuko bekadun lankideak.

  4. – Batzorde iraunkorreko ordezkariak Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki aukeratu behar dira.

  5. – 10. artikuluan araututako arrazoiren bat badago, batzorde iraunkorreko ordezkariek ordezkari izateari utzi behar diote.

  1. – Batzorde iraunkorrak, saileko kontseiluak eskuordetuta, arautegi honetako 11. artikuluan jasotako eginkizunak beteko ditu, honako hauek izan ezik: 1. ataleko a), b), c), f) eta i) letretan jasotakoa, bai eta d) letrakoa ere saileko irakasleei irakaslanak esleitzeari dagokionean, eta 2. ataleko a) eta d) letrak.

  2. – Batzorde iraunkorrak 11. artikuluko 1. ataleko d) hizkiaren inguruan hartutako erabakiak –saileko irakasleei irakaslanen balizko aldaketei dagokienean- exekutibo izango dira saileko kontseiluak berretsi edo aldatu arte.

  3. – Saileko kontseiluko kideek batzorde iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Saileko kontseiluak urtean, gutxienez, bi bilera egingo ditu eta batzorde iraunkorrak, bi, gutxienez, seihilekoan.

  3. – Ezohiko bilerarako deia egingo dute aztertu beharreko gaiak direla-eta beharrezkoa denean edo aplikatu beharreko araudiak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako gai-zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia.

    Gainera, kide anitzeko organoetako kideen edo sailetako irakasleen % 33k eskatzen badute, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

  2. – Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zer ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan. Organoko kideek denboraz eskuratu beharko dituzte aztergaiei dagozkien dokumentuak eta, edonola ere, bileraren data baino 24 ordu lehenago.

  3. – Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, behar den garaian eta moduan eskatutakoak. Ezin da hartu gai-zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

  4. – Guztiak jakitun egon daitezen, deialdiak argitara eman behar dira saileko egoitzan eta gainerako gune guztietan, eman ere organoetako kideei bileretarako deia egiten zaien egun berean.

  1. – Kide anitzeko ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki eta bete ezin den leku kopurua kideentzako lekuen % 50ekoa edo handiagoa edo organoetako kideentzako lekuen % 30ekoa edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egin behar dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatutakoek ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte bete behar dituzte ordezkari-eginkizunak.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta Sailen Oinarrizko Arautegiak ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Saileko zuzendaritzari eskatu ostean, kide anitzeko organoetako kideek beren eginkizunak betetzeko behar duten dokumentazio eta informazio guztia eskuratu ahal izango dute eskaria aurkeztu eta 24 orduko epean, gehienez ere.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea bertan lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean 30 minutuko tartea egongo da. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 20. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.

  3. – Organoak bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoaren buruak bilera behar bezala gara dadila bermatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte-hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo osoa behar izango da, estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik.

    Proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruak kalitatezko botoa izango du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio organoko idazkariari, boto-txartelarekin batera. Boto-txartelak eta testuak aktari erantsi behar zaizkio. Halaber, abstenitzen direnak erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira.

  4. – Kide anitzeko organoetako botoa eskuordetu ahal izango da, baina ez organo bereko bi bileran, segidan. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoetako kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  5. – Kide anitzeko organoetako kideek euren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan, eta azalpen hori idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto bereziak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

  1. – Idazkariak bilerako akta egingo du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai-zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko dira. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta batzarraren buruak ontzat eman behar du.

  2. – Aktetan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta bilera amaitu aurretik alde egin dutenen inguruko berariazko aipamena; gai-zerrenda; bileraren tokia eta ordua; bileran aztertutako puntuak; botazioak egin diren modua eta horien emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Boto bereziak ere jasota egon behar dira aktan, baldin eta boto berezia eman duten kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte-hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua, eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete aktak onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoetako kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman haien edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriek egingo duten lehen bileran onartu behar dira.

  6. – Aktak onartuta, sailaren egoitzan jarriko dira jendaurrean, eta Fisiologia Sailaren kideen eskura geratuko dira kontsultatu ahal izateko. Edonola ere, aktak jendaurrean jarriko dira pertsonen intimitatea babestuz.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Hartutako erabakiak 21. artikuluko 6. atalean adierazitako prozedurari jarraituta argitaratuko dira hiru egun balioduneko epean, gehienez ere, pertsonen intimitatea behar bezala babestuta eta argitalpena, gutxienez, hilabetean utzita erabakiak argitaratu zirenetik.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslanak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  3. – Fisiologia Saileko Kontseiluak eta bere Batzorde Iraunkorrak dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Fisiologia Saileko kide bakarreko organoak zuzendaria eta idazkari akademikoa dira.

  2. – Saileko zuzendari- eta idazkari akademiko-karguetan aritzeko, arduraldi osoz aritu behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Pertsona berak ezin izango du inola ere kargu edo kide bakarreko organo bat baino gehiago izan aldi berean.

  1. – Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, eta Saileko Kontseilua premiazko bilerara deitu, xedatutako baldintzak betetzen dituztenen artetik behin-behineko zuzendari bat izenda dezan. Halakoetan, kategoria eta antzinatasunik handieneko kidea izango da bilerako buru, eta saileko zuzendari-eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta ez bada zuzendaririk aukeratu dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du behin-behineko zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

  2. – Agintaldia lau urtekoa izango da, eta zuzendaria berriro izendatu ahal izango da jarraian, gehiagotan ez.

  3. – Zuzendariak karguari uzten dio heriotzagatik, legezko ezintasunagatik, dimisioagatik, sailekoa izateari uzteagatik, bere agintaldia amaitzeagatik edo saileko kontseiluak zentsura-mozioa onartzeagatik.

  4. – Zentsura-mozioa idatziz eta arrazoituta aurkeztuko da saileko idazkaritzan, eta kontseiluko kideen % 30ek, gutxienez, sinatu beharko dute. Zentsura-mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak kontseiluari dei egingo dio 72 orduko epean ezohiko bilkura egiteko. Zentsura-mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilkura hori. Eztabaidaren hasieran sinatu duen kontseiluko kideetako batek mozio-zentsura defendatuko du. Ondoren, zentzura jaso duenak erantzungo du, eta horren ostean hitza eskatzen duten kontseiluko kideek hartuko dute parte, txandaka, aldeko eta aurkako iritziak emateko. Zentzura emandako boto baliodunen gehiengo osoz onartu beharko da. Kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuk du berehala, eta kontseilu berean beste zuzendari bat aukeratzeko prozesua hasiko da.

  1. – Errektoretzak irakaslanetik salbuets dezala eska dezake zuzendariak, Indarrean dauden araudiekin bat.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakaslanetik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte edo gehiago eman behar dituzte karguan.

  1. – Fisiologia Saileko zuzendariak honako eginkizun hauek dauzka:

    1. Sailaren ordezkaria izatea.

    2. Saileko kontseiluaren eta bere batzorde iraunkorraren burua izatea.

    3. Saileko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazioko eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

    6. Saileko kontseiluak eta batzorde iraunkorrak hartutako erabakiak betearaztea.

    7. Sailak eta saileko kideek irakaslana eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea programen arduradunekin batera.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jendaurrean jakinaraz dadin agindu eta diziplina espedienteak abiaraz daitezen proposatzea.

    12. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainontzeko guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza-hitzarmenak sinatu behar ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, legezko ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta zuzendariaren proposamenari jarraiki errektoreak hala erabakitzea.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu, ordezkaritza- eta administrazio-organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta-liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Fisiologia Saileko Kontseiluak irakaskuntza bere ziklo, disziplina eta ikasketa guztietan antolatuko du. Irakaskuntza fakultateko eta eskolako zuzendaritzarekin batera antolatu behar da, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar da kontuan.

    Harremanak errazteko, saileko kontseiluak ordezkari bana izendatuko du sailak irakasten duen ikastegi guztietan.

  2. – Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, hizkuntza-normalizazioan aritzen diren Unibertsitateko organo orokorrek eta ikastegietako euskara-batzordeek egindako plangintzak izan behar ditu kontuan.

  3. – Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.

  4. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.

  5. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez-orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza edo ikerkuntza arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi.

  3. – Saileko kontseiluak lan-baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar ditu kontuan, batik bat, irakasle kategoria jakin bat asteko eskola orduak murrizteko izan dezakeen eskubidea, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. – Sailak irakasleei Fisiologia arloko irakaslanak esleituko dizkie.

  2. – Salbuespenak gorabehera, irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei diezazkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premiazko egoeratan, zuzendariak berak banatuko ditu eskolak. Erabaki hori zuzenean ezarriko da, baina saileko kontseiluak edo, hala dagokionean, batzorde iraunkorrak, berretsi beharko du.

  3. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun-baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

  1. – Irakasleek beren lehentasunak adierazi aurretik, Fisiologia Sailak eskolak esleitzeko irizpide osagarri eta orokorrak erabaki ditzake, arrazoitu egiten baditu eta titulu honetan xedatutakoa errespetatzen badu, betiere.

  2. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.

  3. – Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskola berak, honakoaren arabera banatuko dira ikasketa-planetako enborreko irakasgaiak, nahitaezkoak eta hautazkoak:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunek eta irakasle osoek.

      • Unibertsitateko irakasle titularrek, unibertsitate-eskoletako katedradunek eta irakasle agregatuek.

      • Unibertsitate-eskoletako irakasle titularrek, irakasle lankideek eta irakasle elkartuek.

      • Irakasle atxikiek.

      • Laguntzaileek.

    3. Irakasle doktoreek.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleek. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak 0,5eko koefizienteaz haztatu behar dira.

  4. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  5. – Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun hurrenkerako azkenak izango dira.

  6. – Irakasle batek ere irakasgai edo talderen bat eskatzen ez badu, esleitzeko artikulu honetako 3. atalean jasotako irizpideei jarraituko zaie, baina alderantziz. Aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago egoera berean daudelako guztiak, zozketa egin behar da.

  1. – Fisiologia Saileko Kontseiluak eskolak eta urteko irakaslanak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.2., 59.5.b eta 60. artikuluetan xedatutako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki-oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.

  2. – Irakasle bakoitzaren irakaslanak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko kontseiluAk eskolak esleitzearen inguruan erabakitakoaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza-orduak finkatzerakoan. Halaber, ikasleek zerbitzu hau behar bezala erabil dezaten ahalegindu behar dute eta, horretarako, astean gutxienez bi egun finkatu behar dituzte.

  2. – Irakasle jakin bati kontratatutako irakaskuntza osoa esleitu ez arren, tutoretza-ordu guztiak bete behar ditu. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak behar adina egokitu behar du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza-orduak finkatu behar ditu.

  1. Saileko irakasleen eta ikertzaile-taldeen ikerlana bideratu eta sustatzea.

  2. Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

  3. Ziklo guztietako ikasleak ikerkuntza-arloekin harremanetan jartzea.

  4. Doktorego-tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  5. Zientzia-arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza-arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.

  6. Unibertsitateko ikerkuntzaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerkuntza- eta aholkularitza-kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

  7. Gizarteak unibertsitateko ikerkuntzaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.

  1. – Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerlanei eta horien emaitzei buruzko memoriak onartu behar ditu urtero. Memoria horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar ditu eta, jarraian, hari aurkeztu behar dizkio, baliabideak esleitze aldera.

  2. – Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza-hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren ikastegietan egindako ikerlanak unibertsitateko ikerkuntzatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar beste langile izan behar ditu, baita sail berezituak ere UPV/EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izan behar du sail horiek kudeatzeko.

  1. – Fisiologia Sailaren aurrekontu globala bere kontseiluak zehatuko duen moduan banatu eta kudeatuko da.

  2. – Saileko aurrekontuko diru-sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Institutuek eurek antolatu eta gauzatzen dituzten irakaskuntza- eta ikerketa-zereginek emandako etekin garbiek, eta zeregin horietatik sortutako produktuen ustiapenetik datozenek.

    2. Zientzia-, teknika- edo arte-lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokien zatia.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituzten diru-laguntzek, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.

    4. Modu agerian eta beren beregi egiten dizkieten dohaintzek eta legatuek, eman zaizkien baldintza berberetan.

  3. – Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariek horren berri eman beharko dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko kontseiluari, ontzat eman ditzan.

Saileko jardun ekonomikoek UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar dute, UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan xedatutakoari jarraiki.

  1. – Ikertzaile-taldeek eta sailak eskatzen badute, UPV/EHUk ikerlariak kontratatu eta onar ditzake aldi baterako. Langile horiek ikerketa-programen arabera eta ikerketarako berariazko fondoen eta kanpoko finantziazioaren kontura kontratatu behar ditu.

  2. – Edonola ere, saileko fondoen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoreordetzaren bidez kontratatuko dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

  1. – Fisiologia Saileko Arautegia aldatzeko ekimena zuzendari edo kontseiluko kideen % 30i dagokie. Hala gertatuz gero, saileko zuzendariak dei egingo dio kontseiluari hilabeteko epean, gehienez, aldaketa baiets edo ezets dezan. Ekimenak ordezko testua edo testu gehigarria saileko idazkaritzan aurkeztuz eta proposamena egin dutenak identifikatuz gauzatu behar dira.

  2. – Honetarako beren-beregi deitutako ezohiko bileretan onartu behar dira proposatutako aldaketak, eta emandako baliozko botoen gehiengo osoa lortu behar dute. Horren ondoren, Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaizkio, behin betiko onespena eman diezaien.

Ikasleen Kontseiluaren Oinarrizko Arautegia onartu bitartean, lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkariak hautatzeko, saileko kontseiluak dei egingo die, ikasturteko lehen hilabetean, eskolak ematen dituen ikastegietako ikasleen kontseiluen ordezkari banari.

Ikasketen egitura berria ezartzearen ondorioz UPV/EHUko Unibertsitate Sailei buruzko Oinarrizko Arautegia aldatu bitartean, oinarrizko arautegi honetan egiten diren lehen zikloko ikasketen aipamenak urtarrilaren 21eko 55/2005 Errege Dekretuaren bidez arautzen diren graduko ikasketei buruzkoak direla ulertuko da. Bigarren eta hirugarren zikloko ikasketen aipamenak, eta graduondoko ikasketenak, urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuak arautzen dituen graduondoko unibertsitate-ikasketa ofizialei buruzkoak direla ulertuko da.

Arautegi honetan jasotakoa Sailei buruzko Oinarrizko Arautegiarekin eta aplika daitezkeen gainontzeko arauekin bat ezarriko da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.