Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2026ko maiatzaren 11koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan aldi baterako irakasleen hautaketa eta kudeaketa arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 113
- Hurrenkera-zk.: 2641
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/05/11
- Argitaratze-data: 2026/06/17
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez arautu zen; agindu hori gerora aldatu da.
Gaur egun, testu berri bat egiteko beharra ikusi da, aurreko aginduan sartu ziren aldaketak jasotzeko Agindua, 2023ko azaroaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez seigarren aldiz aldatzen baita agindu hau: Agindua, 2012ko abuztuaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena, bai eta lan-poltsen administraziotik bertatik sortu diren gai berriak jasotzeko ere. Berrikuntza horiek eragina izango dute aldi baterako beharrizanak estaltzeko hautagaien zerrenda ahalik eta ondoen kudeatzeko orduan.
Araudi berri horretan, ordezkogaiek protagonismo handiagoa izango dute jaso nahi dituzten eskaintzak zehazterakoan; izan ere, haiek erabakiko dute lan egin nahi duten ala ez, non eta noiz, Administrazioak aldez aurreko baldintza batzuk ezarri gabe. Gainera, hautagaiek beren baldintzak edozein unetan aldatzeko ahalmena izango dute, eta ez diote Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari jakinarazi beharko. Horretaz gain, zerbitzuak ematen dituzten kidegoarena ez den lan-poltsa baten eskaintzak ere jaso ahal izango dituzte.
Hautagaien eta haien ordezkarien komunikazioari dagokionez, komunikazio elektronikoa da bitarteko nagusia; izan ere, kudeaketa sinplifikatzeaz eta arintzeaz gain, eskaintzaren ordutegia definitzea eta onartzea ahalbidetzen du, hautagaiak bere aukeren jarraipen hobea egin ahal izan dezan.
Ondorioz, berrikuntzak sartu dira ordezkapenak egiteko hautagaien zerrenden birbaremazioan, bai eta ordezkapenak egiteko aukeretan, lan-egoeretan eta ikastetxe publikoetako irakasleen aldi baterako beharrak estaltzeko prozedura informatikoan ere. Horretarako, bitarteko arin bat ezarri da, teknologikoki aurreratua dagoen gizarte baten eskakizunetara egokitua, eta beharrezkoak diren gardentasun- eta publikotasun-berme guztiak mantentzea ahalbidetuko du. Era berean, hautagaien baldintzak hobetu nahi dira, hautatzeko aukerak mugatzen zituzten betekizun batzuk ezabatuta, eta bizitza pertsonala eta familia bateragarri egiteko irizpideak ezarrita.
Bestalde, merezimenduen baremoari buruzko I. eranskinean, barematu beharreko alderdiei buruzko aldaketak sartzen dira, eta hautagaiek aurkeztu beharreko justifikazio-agiriak zehaztu eta argitzen dira. Eta III. eranskinari dagokionez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak aldaketak egin ditu 2012tik gaur arte, ordezkogaiak zerrendetan sartzea ahalbidetzen duten titulazio berriak gehitzeko, bai eta lehendik zeudenen antzeko beste batzuk ere, III. eranskinean jasota gera daitezen.
Azaldutako guztia ikusita, beste testu bat onartzen da. Betiere, kudeaketa efizientea eta baliabideen erabilera ezin hobea mantendu nahi dira, eta hezkuntza-sistemak eskatzen dituen beharrei behar bezala erantzun, sistemaren kalitatearen mesedetan. Gainera, ordezko langileen bizi-kalitatea hobetu nahi da, beren lan-bizitza beren egoera pertsonaletara egokitzeko aukera gehiago izango baitituzte.
Horregatik guztiagatik, honako hau
Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako aldi baterako irakasleen hautaketa eta kudeaketa arautzen duen agindu hau onartzea.
Bigarrena. Agindu honen I. eranskinetik III. eranskinera bitartekoak onartzea.
AURKIBIDEA
kapitulua. Xedapen orokorrak.
kapitulua. Zerrendetan sartzeko baldintzak.
kapitulua. Zerrendetan sartzeko hautaketa-prozedurak.
kapitulua. Hautagaien zerrendaren urteko birbaremazioa eta aldaketa.
kapitulua. Zerrenden arteko lehentasuna.
kapitulua. Lan-egoerak zerrendetan.
kapitulua. Ikasturtean zehar lanpostuak esleitzea, aldi baterako betetzeko.
kapitulua. Izendapena edo kontratazioa, kargu-uztea eta uko egitea.
kapitulua. Zerrendak iraungitzea eta zerrendetatik kanporatzea.
kapitulua. Datuen abesa.
Lehenengo xedapen gehigarria. Zerrendetan sartzeko eta bertan jarraitzeko baldintzak aldatzea.
Bigarren xedapen gehigarria. Lan-poltsak handitzea.
Hirugarren xedapen gehigarria. Administrazio publikoen arteko lankidetza.
Laugarren xedapen gehigarria. Behin betiko zerrendak.
Bosgarren xedapen gehigarria. Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegoan desagertzear dauden irakaskuntzak.
Seigarren xedapen gehigarria. Ikasturte hasieran lanpostuak esleitzea.
Zazpigarren xedapen gehigarria. 55 urtetik goragoko bitarteko langileentzako plan espezifikoak.
Lehenengo xedapen iragankorra. Arau hau argitaratu ondorengo lehen birbaremazio-prozesua.
Bigarren xedapen iragankorra. Hautagaien lan-egoera.
Hirugarren xedapen iragankorra. «Babestutako egoera»ko zerbitzu-denboren zenbaketa indarrean sartzea.
Xedapen indargabetzaile bakarra.
Azken xedapenetako lehenengoa. Titulazio eta baliokidetasun berriak sartzea.
Azken xedapenetako bigarrena. Agindu hau garatzeko eta betearazteko eskumena ematea.
Azken xedapenetako hirugarrena. II. eranskinaren aldaketak.
Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean jartzea.
Agindu honen xedea honako hau da: agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren lanpostuetan aldi baterako zerbitzuak emateko langileen hautaketa arautzea, zerbitzu horiek emateko hautagaien zerrendak egitea eta kudeatzea, eta hautatutako pertsonak izendatzea edo kontratatzea.
Eremu subjektiboa: artikulu honen 2. apartatuan aipatzen diren lanpostuak betetzeko ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendetan dauden edo egon nahi duten pertsonak sartzen dira eremu horretan, bitarteko funtzionario izendatuta, oro har, edo, hala badagokio, aldi baterako lan-kontratuaren bidez.
Aplikazio-eremu objektiboa: Hezkuntza Sailaren mende dauden eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren pertsonekin aldi baterako bete behar diren irakasle-lanpostuak aldi baterako betetzea barne hartzen du, lanpostu-zerrendetan zailtasun berezikotzat jotzen direnak barne.
Agindu honetatik kanpo geratzen da Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoarentzat gordetako lanpostuak aldi baterako betetzea, bai eta irakasle espezialistak hautatzea eta kontratatzea ere.
Hautagaien zerrendak espezialitatearen edo gaiaren arabera eratuko dira, honako irakaskuntza hauetan bilduta, eta adierazten diren taldeei dagozkie:
Haur eta Lehen Hezkuntza (1. taldea).
Bigarren Hezkuntza (2. taldea):
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
Batxilergoa.
Lanbide Heziketa:
Bigarren Hezkuntzako espezialitateak (2. taldea).
Lanbide Heziketako sektore berezietako espezialistak (3. taldea).
Hizkuntzen irakaskuntzak (4. taldea).
Arte-irakaskuntzak: Arte Plastikoak eta Diseinua (6. taldea).
Arte-irakaskuntzak: Musika (7. taldea).
Arte Dramatikoko arte-irakaskuntzak (8. taldea).
Arte-irakaskuntzak: dantza (9. taldea).
Irakaskuntza-mailak eta horiei dagozkien espezialitateak eta ikasgaiak II. eranskinean jaso dira.
Espezialitatearen edo gaiaren araberako zerrenda osatu ondoren, indarrean egongo da agindu honetan aurreikusitako arrazoiren batengatik zerrenda iraungitzat jotzen ez den bitartean. Nolanahi ere, agindu honetan xedatutakoa aplikatuz aldaketak, sarrera berriak eta bazterketak egin ahal izango dira.
Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez eratuko dira hautagaien zerrendak.
Interesdunak hautagaien zerrendetan sartu ahal izango dira, honako hauen bidez:
Hezkuntza Sailak zerrenda irekiak mantentzeko deitutako prozeduretan parte hartzea.
Jada zerrendaren batean daudenek birbaremazio-prozesuan beste espezialitate batzuetara sartzeko aurreikusitako aukera baliatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak irakasleen kidegoetan sartzeko deitutako hautaketa-prozeduretan oposizio-fasea gainditzea.
Une bakoitzean indarrean dauden hautagaien zerrendak, zerrenda horietan parte hartzeko prozedurak eta birbaremazio-prozedurak www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ webgunean eta https://hezigunea.euskadi.eus Interneteko helbidean argitaratuko dira.
Zerrendak irekitzean eta mantentzean, bai eta birbaremazio-prozesuaren ondoriozko zerrendetan ere, identifikazio-datu pertsonalez, afiliazioaz, banku-datuez, telefono mugikorraren zenbakiaz eta harremanetarako helbide elektronikoaz gain, egin dituzten aukerak jasoko dira, honako gai hauetarako:
Eman beharreko espezialitateak.
Daukan kualifikazioaren arabera, 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Lurralde historikoa.
Aukera hori nahitaezko esleipenen kasuan bakarrik aplikatuko da; gutxienez lurralde historiko bat aukeratu beharko da, non nahitaezko lanpostuak esleituko baitira. Lurralderik aukeratzen ez bada, hiru lurralde historikoetan esleitu ahalko dira nahitaezko lanpostuak.
Erlijio katolikoaren zerrendaren kasuan, nahitaezko esleipenetarako, Missio kanonikoa onartua duen lurralde historiko bat aukeratu beharko da.
Lanaldia.
Aukera hori nahitaezko esleipenetan baino ez da aplikatuko. Nahitaez esleitu daitezkeen lanpostuen lanaldi «osoa» edo «murriztua» mugatzea ahalbidetzen du. Bat ere aukeratu ezean, bi lanaldi motekin esleitu ahal izango dira plazak.
Irakaskuntza hirueledunak.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan arloak edo ikasgaiak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunei buruz indarrean dagoen araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek hautatu ahal izango dute aukera hori.
Zeinu-Hizkuntza.
Aukera hau hautatu ahal izango dute «Zeinu-mintzairako komunikazioa»ren 3. maila egiaztatzen dutenek, «Espainiako Zeinu Mintzaira eta Gorren Erkidegoa» titulua egiaztatzen dutenek edo Zeinu Mintzairaren Interpretazioko edo Komunikazio Bitartekotzako goi-mailako teknikariaren titulua egiaztatzen dutenek.
Hizkuntza-eskakizuna.
Gaituta dauden hizkuntza-eskakizun bateko edo guztietako postuak hautatu ahal izango dituzte. Irakatsi beharreko profila mugatu ahal izango dute nahitaezko lanpostu-esleipenetan.
Aurreko aukerak konbinatu ahal izango dituzte nahitaezko esleipenak mugatzeko.
Hautagaiek, Hezkuntza Sailarekin dituzten harremanetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13. artikuluan aitortutako eskubideak dituzte.
Zerrenden prozedurekin lotutako izapide guztiak elektronikoki egin beharko dira. Horretarako, hautagaiek identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan beharko dute, autentifikatu eta sinatzeko «Giltza» identitate-plataforman onartutakoa.
Hautagaiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikorako onartutako identifikazio- eta sinadura-bitartekoak erabili beharko ditu lan-poltsekin lotutako edozein izapide egiteko. Poltsa bat osatzeko, ezinbestekoa da helbide elektroniko bakar bat eta telefono mugikor bakar bat jasota uztea.
Hautagaiak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du, non adieraziko baitu dagokion espezialitateko zerrendetan sartzeko alegatzen dituen baldintzak betetzen dituela eta enplegu-eskaintza onartzen duela. Gainera, baimena eman ahal izango du beharrezko diren erregistroak kontsultatzeko, hain zuzen ere eskatzen diren legezko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
Nolanahi ere, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du Administrazioak eskatzen duen unean, salbu eta dokumentazio hori Administrazioaren esku badago edo erregistro ofizialetan kontsulta badaiteke. Era berean, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzek argibideak eskatu ahal izango dituzte aurkeztutako dokumentazioari buruz, bai eta dokumentazio osagarria eskatu ere.
Erantzukizunpeko adierazpenean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo Administrazio honi ez bazaio aurkezten deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da eskubidea baliatzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Administrazio-jarduketen ondoriozko izendapenean akatsen bat gertatuz gero, esleipena egokitu zaion hautagaiari honako hauek bermatuko zaizkio: ordainsaria, puntuazioa, Gizarte Segurantzako kotizazioa eta Ordezkagunea plataforman beste plazarik lortu ezin izateagatik lehenengo laneguneko udako aparteko ordainsariari dagokion zatia.
Interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoan irakaskuntzako enplegu publikoa lortzeko eskatzen diren baldintza orokorrak bete beharko dituzte:
Europar Batasuneko estatu kide bateko herritarra izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen zirkulazio askea aplikatzekoa den eremuan sartuta egotea.
Halaber, honako hauek ere parte hartu ahal izango dute: Europar Batasuneko estatuetako nazionalen edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio askea aplikatzekoa den estatuetako herritarren ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, dagokion tratatuak hala aurreikusten duenean, haien nazionalitatea edozein dela ere, betiere ezkontideak zuzenbidez bananduta ez badaude, eta ondorengoei dagokienez, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanik ere gurasoen kargura bizi badira.
Baldintza hori agiri hauen bidez egiaztatuko da, kasuaren arabera:
Nortasun agiri nazionala.
Pasaportea eta/edo bisa.
Europar Batasuneko egoiliar txartela edo mugako langile txartela, haren eskaeraren edo salbuespenaren egiaztagiria.
Familia-liburua edo ahaidetasun-lotura egiaztatzeko agintaritza eskudunak emandako dokumentua.
Ezkontidetik bananduta ez dagoela eta, ondorengoak badira, bere kargura dagoela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
Dokumentuek indarrean egon beharko dute. Ez da beharrezkoa dokumentuok aurkeztea, baldin eta baimena ematen bazaio berariaz Hezkuntza Sailari datu horiek dagokion erregistro ofizialean kontsultatzeko eta posible bada egiaztapen hori egitea.
Espainiarra ez den edo gaztelaniaz hitz egiten den herrialde batekoa ez den nazionalitatea duten pertsonek gaztelania badakitela egiaztatu beharko dute atzerritarrentzako gaztelania-maila aurreratuko ziurtagiriaren bidez (ziurtagiri hori Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako C1 ziurtagiriaren baliokidea izango da), baita Espainiera Atzerriko Hizkuntza gisa ikasteko Diplomaren bidez (goi-mailako gradua), edo Filologia Hispanikoan edo Erromanikoan eta Itzulpengintza eta Interpretazioan (gaztelaniazko espezialitatea) egindako Lizentziatura- edo Gradu-tituluaren bidez ere.
Eskakizun hori egiaztatzetik salbuetsita egongo dira eskatutako espezialitaterako beharrezko titulazioren bat lortzeko ikasketak Espainiako Estatuan gaztelaniaz egin dituztela ziurtagiri akademiko baten bidez justifikatzen duten hautagaiak.
Hamazortzi urte beteta izatea eta erretirorako oro har ezarritako adina ez izatea.
Irakaskuntzako 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea (irakaskuntzako 2. hizkuntza-eskakizuna) edo euskararen jakite-maila Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailaren edo goragokoaren baliokidea izatea; azken kasu horretan, hizkuntza-eskakizun horrekin legez homologatutako edo parekatutako hizkuntza-ziurtagiriak edo -tituluak aurkeztu beharko dira.
Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzetik salbuetsita daude unibertsitate-titulu ofizialen bat dutenak eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak (47/2012 Dekretua, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena). Kasu horretan, salbuespen hori aplikatzeko, dagokion unibertsitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, inguruabar hori egiaztatzen duena.
Hala ere, ziurtagiri edo titulu horiek ez dira aurkeztuko, baldin eta Hezkuntza Sailaren esku badaude edo Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuaren bidez lor badaitezke. Zerrendak irekitzeko edo birbarematzeko prozesuetan parte hartzeak berekin dakar Hezkuntza Sailari baimena ematea datu horiek aipatutako erregistroan kontsultatzeko.
Ordezkapenak beteko direla bermatzeko hautagai gutxi dauden espezialitateetan, irakasleen 1. hizkuntza-eskakizuna (irakasleen 1. hizkuntza-eskakizuna) dutela egiaztatzen dutenen eskaerak onartu ahal izango dira.
Irakaskuntzarekin bateragarria ez den gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.
Hautagaien zerrenda kudeatzearekin lotutako edozein prozesutan desgaitasuna duen pertsona izatea baliarazten duenak organo eskudunaren ziurtagiria aurkeztu beharko du. Ziurtagiri horretan, zer desgaitasun-maila duen adieraziko da, bai eta dagozkion zereginak eta eginkizunak betetzearekin bateragarria dela ere.
Diziplina-espediente baten bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ez egotea, eta eginkizun publikoak betetzeko desgaituta ez egotea. Egoera horietan ez egotea zinpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da.
Era berean, Espainiako nazionalitatea ez duten hautagaiek egiaztatu beharko dute ez dutela beren herrialdean funtzio publikoan sartzeko aukera galtzea dakarren diziplina- edo zigor-zehapenik.
Epai irmo bidez kondenatuta ez egotea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea barne), ez eta gizakien salerosketagatik ere.
Eskakizun hori egiaztatzeko, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, lanpostu bat betetzeko deitzen den unean. Hala ere, ez dute agiririk aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari erregistro horretan kontsultatzeko baimena ematen diotenek.
Espainiarra ez den beste nazionalitate bat dutenek, gainera, beren herrialdean emandako izaera bereko delitu-aurrekari penalen ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, nazioarteko hitzarmenen arabera itzulita eta legeztatuta.
Gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea lanpostuaren zereginak betetzeko.
Kualifikazioa.
1. Irakasleen kidego eta espezialitate bakoitzari dagozkion irakasgaiak emateko behar den kualifikazioa agindu honen III. eranskinean jasotako titulazioen bidez egiaztatzen da, eta bi kidetasun-mailatan sailkatzen dira:
1. kidetasuna: egokitzat jotzen da, eman beharreko curriculum-edukiarekin zuzenean eta modu esanguratsuan bat datorren curriculum-edukia duelako. 1. kidetasun horretako titulazioak dituzten pertsonek lehentasuna izango dute lanpostuak betetzeko, 2. kidetasuneko titulazioak dituztenen aldean.
2. kidetasuna: nahikotzat jotzen da, irakatsi beharreko curriculum-edukitik nahikoa hurbil dagoen edukia duelako. Titulazio horiek dituzten pertsonei lanpostuak aldi baterako betetzeko aukera emango zaie, baldin eta 1. kidetasuneko tituluak dituen hautagairik ez badago.
Agindu honen III. eranskinean jasotako titulazioen bidez egiaztatzen da kualifikazioa.
2. Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, atzerriko titulua zerrendan sartzeko eskatzen den Espainiako titulu zehatzarekin homologatu dela egiaztatu beharko da, edo, bestela, Hezkuntza Ministerioak emandako egiaztagiri baten bidez, egiaztatu beharko da tituluak ahalmena ematen duela Espainian lanbide arautuan jarduteko, parte hartu nahi duen zerrendako irakaskuntzetan eta gaietan.
Atzerriko titulu bat jakintza-arlo bateko titulazio edo maila akademikoaren baliokidetzat jotzen bada, espediente akademikoaren zinpeko itzulpena ere aurkeztu beharko da.
3. Atzerriko hizkuntzaren baten ezagutza-maila jakin bat eskatzen den kasuetan, dagokion ziurtagiriaren edo tituluaren bidez egiaztatuko da. Hala ere, ez da beharrezkoa izango Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako tituluak aurkeztea, EAEko Hezkuntza Sailean jasota baitaude. Zerrendak irekitzeko edo birbarematzeko prozesuetan parte hartzeak berekin dakar Hezkuntza Sailari baimena ematea titulu horiek bere erregistro informatikoetan kontsultatzeko.
Prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea. Ondorio horietarako, prestakuntza pedagogiko eta didaktiko hori egiaztatzeko, irakaskuntza bakoitzerako ezartzen den erregulazioa hartuko da kontuan.
Betekizun hori, irakaskuntza bakoitzerako ezarritako araudiaren arabera, zerrendak irekitzeko eta zerrenda irekiak mantentzeko prozesuetan parte hartzen duten pertsonei eskatuko zaie, bai eta birbaremazio-prozesuetan parte hartzen dutenei ere, baldin eta zerrenda berri batean sartzea eskatzen bada.
Prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baldintza betetzeko, beharrezkoa da jarraian zerrendatzen diren titulazio, ziurtagiri edo lan-esperientzia hauetakoren bat izatea:
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta hizkuntza-eskola ofizialetako edozein espezialitatetako irakasle-lanbide arautuetan jarduteko gaitzen duen unibertsitate-masterraren titulu ofiziala.
2009ko urriaren 1a baino lehen lortutako titulu edo ziurtagiri hauetako edozein:
Espezializazio didaktikoko titulu profesionala, kualifikazio pedagogikoaren ziurtagiria edo gaitasun pedagogikoaren ziurtagiria.
Honako titulu hauetako bat: maisu-maistra; oinarrizko hezkuntza orokorreko irakasletzako diplomaduna; lehen hezkuntzako maisu-maistra; pedagogiako edo psikopedagogiako lizentziatua, eta prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa biltzen duen lizentziatura edo titulazio baliokidea.
2008-2009 ikasturtea amaitu aurretik, bi ikasturte osotan edo, bestela, hamabi hilabetez, jarraian edo etenekin, irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko edo pribatuetan, derrigorrezko bigarren hezkuntzako edo batxilergoko irakaskuntzetan, lanbide-heziketako irakaskuntzetan edo hizkuntza-eskola ofizialetako irakaskuntzetan aritu izana, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.
Lanbide Heziketako Sektore Berezietako irakasleen espezialitateetan, irakaskuntza-ondorioetarako baliokidetzat jotako unibertsitateaz kanpoko titulazioekin zerrendetan sartzeko aukera ematen denean, titulazio baliokide horiek edukiz gero, prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren betekizuna betetzat joko da, goian adierazitako kasuez gain, honako hauetakoren bat gertatzen denean:
Irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduan aurreikusitakoaren arabera, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokidea duela egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala.
2014ko irailaren 1a baino lehen, irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko edo pribatu baimenduetan irakatsi izana bi ikasturte osotan edo, bestela, hamabi hilabetez, jarraian edo etenekin, dagozkien maila eta irakaskuntzetan.
Erlijio-irakaskuntzetako betekizun espezifikoak.
Erlijio-irakaskuntzak emateko, beharrezkoa izango da unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei dagokien hezkuntza-mailan eskatzen zaien titulazio-maila izatea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan zerrendatutakoari jarraituz, betiere erlijio-konfesioko agintaritzak proposatu badu irakaskuntza hori emateko.
Aurreko artikuluetan adierazitako baldintzak bete beharko dira dagokion zerrendan sartzeko eskabidea aurkezten den unean, eta zerrendetan sartuta egon bitartean mantendu beharko dira. Hori egiaztatzeko, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, aurreko artikuluetan eta deialdietan adierazitakoaren arabera.
Honako hautaketa-prozedura hauen bidez sartu ahal izango dira pertsonak ordezkogaien zerrendetan:
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak deitutako hautaketa-prozesuetan oposizio-fasea gainditzea, hautatua izan gabe.
Zerrenda irekiak mantentzea.
Zerrendak irekitzeko ezohiko deialdiak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak deitutako hautaketa-prozesuetan oposizio-fasea gainditu dutenak, hautatuak izan ez badira eta gainditutako hautaketa-prozesuko espezialitateko zerrendan ez badaude, 1. kidetasunarekin sartu ahal izango dira.
Hautaketa-prozesuaren eskabidean aukera horren aurka agertu ez badira eta dagokion lan-eskaintza publikoaren deialdian parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte egingo da integrazio hori.
Ikasturtean zehar sortzen diren ordezkapen-beharrak arin eta eraginkortasunez betetzeko, zerrendak irekita egon ahal izango dira, eta interesdunek formatu elektronikoan aurkeztu ahal izango dute horietara sartzeko eskaera, dagokion deialdian ezartzen diren baldintzetan. Eskabideak aurkezteko eguna eta ordua kontuan hartuta ordenatuko dira.
Bai zerrendetan lehen aldiz sartzen diren pertsonek bai, zerrendetan egonda, espezialitate edo irakasgai berri bat eman nahi dutenek aurkeztu ahal izango dute eskabidea.
Eskatzaile bakoitzak «Kontsulta pertsonalizatuak» atalean kontsultatu ahal izango du eskaeraren egoera (kudeatzeko zain, onartua edo baztertua). Eskabidea baliozkotutzat jotzen bada, hautagaiak ordezkapenak egin ahal izango ditu, lanpostuen esleipenari buruzko VIII. kapituluan aurreikusitakoaren arabera.
Hautagaiari ordezkapen bat egiteko deitzen zaion lehen aldian, eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, horretarako ezartzen den moduan, erregistro ofizialetan kontsultatzeko baimena eman ezean.
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak birbaremazio-prozedura bakoitza hasteko ematen duen ebazpenak zehaztuko du zer alditara arte hartuko diren kontuan zerrenda irekiak mantenduz baliozkotutako eskabideak; adierazitako muga-egunaren ondoren aurkeztutakoak hurrengo ikasturteko birbaremazio-prozeduran sartuko dira.
Aparteko eta presako premia-kasuetan, aldi baterako irakasle-premiei erantzuteko kudeaketa arin eta eraginkorra bermatzeko, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ezohiko izaeraz zerrenda irekitzea erabaki ahal izango du.
Irekitze hori www.hezkuntza.net web-orrian, Hezigunea plataforman eta prentsan behar bezalako publizitatea eginez egingo da, jarraian ezartzen diren baldintzen arabera:
Interesdunek 7. artikuluan jasotako egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera.
Ezohiko irekiera-prozesu honen bidez zerrendan sartzen diren interesdunak lan egiteko prest daudela ulertuko da.
Zerrenda hori osatzen duten pertsonak alfabetikoki ordenatuko dira, abizenen eta izenaren arabera, urtero egiten den eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren ebazpen bidez argitaratzen den letrarekin hasita, dagokion ikasturtean hautagaiak kudeatzeko prozesuan eta ikasturtean zehar deitu daitekeen beste edozein hautaketa-prozesutan ordena alfabetikoa zehazteko. Berdinketarik gertatuz gero, identifikazio-agiri ofizialaren zenbakia (NAN, AIZ...) hartuko da kontuan, txikienetik handienera ordenatuta.
Deialdia ordezkaritza sindikalari jakinaraziko zaio, eskabideak aurkezteko epea hasi baino bost egun natural lehenago, gutxienez.
Eskabideak formatu elektronikoan egingo dira, eta eskatutako dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira. Ez dituzte aurkeztu beharko hezkuntza-administrazioaren esku dauden dokumentuak edo erregistro ofizialetan kontsultatzeko baimena eman zaienak.
Deialdian, laguntza-euskarrien helbideak adieraziko dira, interesdunek aholkularitza jaso dezaten eskabidea behar bezala betetzeko eta eskatutako dokumentuak aurkezteko.
Derrigortasun-data igarota daukaten irakaskuntzako 2. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak hizkuntza-eskakizuna egiaztatua duten pertsonek eskuratu ahal izango dituzte.
Derrigortasun-data igarota daukaten irakaskuntzako 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak hizkuntza-eskakizuna egiaztatua dutenek eskuratu ahal izango dituzte.
Derrigortasun-data geroratua duten lanpostuak «irakaskuntzako 2. HE bakarrik» aukera baliatu ez duten zerrendako pertsona guztiek eskuratu ahal izango dituzte.
Lanpostuak agindu honen 20. artikuluan adierazitako hurrenkeraren arabera eskainiko dira.
Sartu berrientzako zerrenda ireki delako zerrenda bereizi batean sartu diren pertsonek, euskara jakitea egiaztatzeko baldintza bete gabe sartu badira, aldi baterako premiak bete ahal izango dituzte derrigortasun-eskakizun geroratua duten lanpostuetan, baldin eta eskakizun hori betetzen duen hautagairik ez badago.
Sartu berrientzako zerrenda ireki delako zerrenda bereizi batean sartu diren pertsonek, prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izateko baldintza bete gabe sartu badira, aldi baterako premiak bete ahal izango dituzte, baldin eta baldintza hori betetzen duen hautagairik ez badago.
Urtero, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, hautagaien merezimenduak birbarematzeko prozesua hasiko da, agindu honen I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.
Birbaremazio-prozesua zerrendetan inskribatuta dauden hautagaiei aplikatuko zaie, bai eta agindu honetan aurreikusitako deialdietan onartutakoei ere, baldin eta birbaremazio-prozesuari hasiera ematen dion ebazpenean adierazten badira.
Aldez aurretik zerrendetan egon arren, prozesua hasi aurreko bost ikasturteetan ikastetxe publikoetan irakaskuntza arautuetan lan egin ez duten langileak ez dira berriz barematuko. 5 ikasturteko aldi horretarako ez da kontuan hartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren ikastetxe publikoetan honako egoera hauetan emandako denbora:
Lanerako prest ez egotea aitatasunagatik, amatasunagatik, aldi baterako eteteagatik/eszedentziagatik, seme-alabak zaintzeagatik, atzerrian GKE batentzat lan egiteagatik, edo karrerako funtzionarioentzat zerbitzu bereziak aitortzea dakarten kasuengatik.
Hezkuntza Bereziko zerrendetan lan egin duten langileak.
Birbaremazio-prozesuan sartu ez ziren pertsonek ordezkapenak egiteko hautagai izaten jarraituko dute, eta parte hartu zuten azken prozesuan emandako puntuazioa izango dute, indarrean dagoen araudira egokitua.
Prozesu hori www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ web-orrian eta Hezigunea plataforman argitaratuko da.
Prozesua hasteko, hautagaiaren fitxa erakutsiko zaio pertsona bakoitzari, prozesuari hasiera ematen dion Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenean horretarako ezartzen den epean. Hautagaiek alegazioak eta merezimendu berriak aurkeztu ahal izango dituzte, baita dokumentazio berria aurkeztu eta aukeretan aldaketa berriak sartu ere.
Prozesuaren hasierako fase honetan, erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik edo heriotzagatik zerrendetatik baztertutako pertsonen zerrenda argitaratuko da, bai eta zerrenda irekiak mantentzetik baztertutako langileak ere.
Hezkuntza Sailak urtero gaitutako aplikazio informatikoaren bidez, aukera egongo da aldaketak eskatzeko, aukera berriak hautatzeko, betekizunak eta/edo merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio berria aurkezteko eta eskabidearen egiaztagiria lortzeko, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak prozesua hasteko ebazpenean ezarritako epean eta moduan.
Aldaketak eta aukera berriak aurkezteko epea amaitu ondoren, eta horiek kudeatu ondoren, Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak ebazpena emango du, hautagaien zerrenda behin-behinean onartzeko eta argitaratzeko agintzeko. Ebazpen horren aurka, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira, 5 egun balioduneko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe berean zuzendu ahal izango dira hasierako eskaeratik eratorritako akatsak.
Birbaremazio-prozesuaren ondoriozko zerrenda honako zerrenda hauek osatzen dute:
Zerrenda orokorra (A deialdia).
C zerrenda bereizia (C deialdia): espezialitatean sartzeko titulazioaren baldintza eta prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baldintza (hori eskatzen den kidegoetako espezialitateetan) betetzen dituzten pertsonek osatzen dute.
D zerrenda bereizia (D deialdia): espezialitatean sartzeko titulazioaren baldintza eta euskararen irakaskuntzako hizkuntza-eskakizuna betetzen dituzten pertsonek osatzen dute.
E zerrenda bereizia (E deialdia): espezialitatean sartzeko titulazioaren baldintza betetzen duten pertsonek osatzen dute.
Hautagaiak, lehenik eta behin, aurreko apartatuan adierazitako zerrenden ordenaren arabera ordenatuko dira. Espezialitate bakoitzaren barruan, 1. kidetasunak lehentasuna du 2. kidetasunaren aurretik, eta kidetasun bakoitzean, puntuazioa handiagoak txikiagoaren aurretik.
Merezimenduen baremoan lortutako guztizko puntuazioan berdinketa gertatuz gero, baremoko faktore hauek erabiliko dira, hurrenez hurren:
Ikastetxe publikoetan zerbitzu-denbora gehiago (egunetan adierazita).
Zentro pribatuetan zerbitzu-denbora gehiago (egunetan adierazita).
Ikasketa-espedienteko batez besteko nota.
Beste titulazio batzuk (2.2, 2.3, 2.4 eta 2.5 baremoko apartatuetatik ateratako puntuazioa).
Abizenen eta izenaren ordena alfabetikoa, zozketa batetik abiatuta. Zozketa hori urtero egingo da, zer letratatik hasiko den zehazteko.
Erreklamazioak ebatzi ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, birbaremazio-prozesuaren ondoriozko zerrenda behin betiko onartzeko. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Zerrendetan dauden pertsonek noiznahi eguneratu ahal izango dute egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna, eta, birbaremazioaren ondoriozko zerrendak argitaratu ondoren, ordura arte egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak ezagutaraziko dira.
Birbaremazio-prozesu bakoitzean, honako hauek sartuko dira zerrenda orokorrean (A deialdia):
Zerrenda irekien mantentzean baliozkotutako eskabideak dituzten pertsonak, aurkezpen-dataren eta -orduaren arabera ordenatuta.
Zerrenda bereizietan dauden eta zerrenda orokorrean sartzeko indarrean dauden baldintza guztiak betetzen dituzten pertsonak.
Erlijio katolikoaren edo erlijio islamikoaren zerrendetan sartu nahi duten hautagaiek, birbaremazio-prozesu bakoitzean, dagozkien irakaskuntzak emateko gaitasun- edo egokitasun-ziurtagiria egiaztatu beharko dute, erlijio-agintaritza eskudunak emana.
Ikasturte baten barruan indarrean dauden zerrendak honela ordenatuko dira:
Zerrenda orokorra (birbaremazioa, A deialdia), barnean ordenatuko da, puntuazioaren arabera.
EPEen zerrenda bereizia (B deialdia), barnean ordenatuko da, LEPean lortutako lanpostuaren arabera.
Irekitze ohikoen/ezohikoen zerrendak:
Ohikoak: barnean ordenatuko dira, zerrendetan sartzeko eskaera-dataren arabera.
Ezohikoak: ordena alfabetikoaren arabera ordenatuko dira (berdinketa hausteko, letra erabiliko da).
Zerrendak irekita edukitzea: barnean ordenatuko da, zerrendetan sartzeko eskaera-dataren arabera.
Zerrenda bereizia (birbaremazioa, C deialdia) (hizkuntza-eskakizunik gabe), barnean ordenatuko da, puntuazioaren arabera.
Irekitze ohikoen/ezohikoen zerrendak (hizkuntza-eskakizunik gabe):
Ohikoak: barnean ordenatuko dira, zerrendetan sartzeko eskaera-dataren arabera.
Ezohikoak: ordena alfabetikoaren arabera ordenatuko dira (berdinketa hausteko, letra erabiliko da).
Zerrenda bereizia (birbaremazioa, D deialdia) (prestakuntza pedagogiko eta didaktikoko unibertsitate-masterrik gabe), barnean ordenatuko da, puntuazioaren arabera.
Irekitze ohikoen/ezohikoen zerrendak (prestakuntza pedagogiko eta didaktikoko unibertsitate-masterrik gabe):
Ohikoak: barnean ordenatuko dira, zerrendetan sartzeko eskaera-dataren arabera.
Ezohikoak: ordena alfabetikoaren arabera ordenatuko dira (berdinketa hausteko, letra erabiliko da).
Zerrenda bereizia (birbaremazioa, E deialdia) (hizkuntza-eskakizunik gabe eta prestakuntza pedagogiko eta didaktikoko masterrik gabe), barnean puntuazioaren arabera ordenatuko da.
Ohiko/ezohiko irekieren zerrendak (hizkuntza-eskakizunik eta prestakuntza pedagogiko eta didaktikoko unibertsitate-masterrik gabe):
Ohikoak: barnean ordenatuko dira, zerrendetan sartzeko eskaera-dataren arabera.
Ezohikoak: ordena alfabetikoaren arabera ordenatuko dira (berdinketa hausteko, letra erabiliko da).
Hautagaiak lan-egoera hauetakoren batean egongo dira:
Lanean.
Lanerako prest.
Ez dago lanerako prest.
Babestutako egoeran.
Aldi baterako penalizazio-egoeran.
Behin betiko bajan (34. artikulua).
Egoera horiek hautagaien zerrenda guztiei aplikatuko zaizkie.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Saileko ikastetxe publikoetan irakasle gisa zerbitzuak ematen ari direnak.
Aukera hori borondatez hautatzen duten hautagaiak prest egongo dira lan-eskaintzak jasotzeko.
Zerrenda irekiak edo ohiz kanpoko irekiera berriak direla-eta lehen aldiz zerrendetan sartzen direnak lanerako prest egongo dira, kontrakoa adierazten ez badute.
Hautagaiek beren lan-egoera aldatu ahal izango dute, lanerako prest egotetik «lanerako prest ez» egotera igarota, ordezkapenak kudeatzeko gaitutako aplikazio telematikoaren bidez.
Babestutako egoerara igarotzea ez dakarren baimenen bat hartzen ari diren pertsonei, Hezkuntza Sailak ofizioz aldatu ahal izango die lan-egoera, lan-eskaintzetarako lanerako prest ez egoteko.
Honako kasu hauetan dauden hautagaiak «babestutako egoerara» igaroko dira:
Lan-istripuak edo lanbide-gaixotasunak eragindako aldi baterako ezintasuna.
Haurdunaldiko arriskua edo arriskuko haurdunaldia, behar bezala egiaztatuta.
Amatasunagatiko, aitatasunagatiko, adopzioagatiko eta harreragatiko (adopzio aurrekoa zein iraunkorra) lizentzia: irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioan eta gai horri buruzko araudian xedatutakoaren arabera kudeatuko da.
3 urtetik beherako seme-alabak zaintzea.
Genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren, pertsonen salerosketaren, terrorismoaren, jazarpenaren edo behar bezala egiaztatutako beste edozein indarkeria-motaren biktima izatearen kausak.
Karrerako funtzionarioentzako zerbitzu berezien deklarazioa dakarren kasuren batean egotea.
Aurreko kasuetan dauden pertsonek beren egoera aldatu ahal izango dute eta, hartara, «babestutako egoerara» igaro; horretarako, Ordezkagunea aplikazio telematikoaren bidez aurkeztu beharko dute egoera-aldaketa eragin duen inguruabarraren egiaztagiria, 29. artikuluan aurreikusitako zerbitzuak zenbatzeko.
Hiru urtetik beherako seme-alabak zaintzeko egoera babestura igarotzeko eskaera jaiotza, adopzio edo harreragatiko lizentzia amaitu ondorengo edozein unetan egin ahal izango da, edo semeak edo alabak 3 urte bete aurreko edozein unetan, eta, gehienez ere, semeak edo alabak 3 urte bete arte. Bi gurasoek ezin izango dute aldi berean hartu.
Lan-eskaintzari modu justifikatuan uko egiteko kasuetan ez daudenek (agindu honen 30. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusita dago) ikasturte bakoitzean nahitaezko esleipen bati bakarrik uko egin ahal izango diote, zigorrik gabe. Bigarren aldiz nahitaezko esleipen bati uko egiten bazaio ikasturte berean, edo borondatezko esleipenari uko egiten bazaio, aldi baterako penalizazio-egoerara igaro beharko da nahitaez, ikasturte hori eta hurrengoa amaitu arte.
Era berean, aldi baterako penalizaziorako arrazoi izango da ikasturte berean telefonoari bi egun desberdinetan ez erantzutea, ordezkapenen estaldura eskaintzeko telefono-deien salbuespenezko kasuetan. Inguruabar horri buruzko jakinarazpen bat bidaliko zaio «Nire karpeta» gunera.
Hautagaiak, aldi baterako zigor-egoeran dagoen bitartean, ezingo du parte hartuko lanpostuak betetzeko esleipenetan.
Indarreko izendapenari edo kontratuari uko egiteak, edo lanpostua uzteak, berekin ekarriko du «aldi baterako penalizazio-egoeran» egotea ikasturte hori eta hurrengoa amaitu arte.
Era berean, «aldi baterako penalizazioa» egoerara igaroko dira honako kasu hauetan dauden hautagaiak:
Diziplina-prozedura edo prozedura judizial baten instrukzioak dirauen bitartean, non hautagaia salatuta dagoen sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien salerosketa barne).
Diziplina-espedientearen ondorioz sei hilabete baino gutxiagoko eginkizun-gabetze irmoaren zehapena betetzen den bitartean.
Agindu honen 35. artikuluan aurreikusitako prozedura izapidetzen den bitartean zerbitzuak ematea eteteko behin-behineko neurria hartzea.
Oro har, Hezkuntza Sailak zehazten duen plataforma telematikoaren bidez beteko dira Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleen aldi baterako beharrak, bai titularrik gabeko plazei dagokienez, bai titularrak ordezkatu behar diren plazei dagokienez.
Salbuespen gisa, nahitaez esleitu ahal izango dira plazak telefono bidez.
Esleipen bakoitzean borondatez parte hartu ahal izango dute agindu honen 20. artikuluan adierazitako zerrendetan dauden eta lanerako prest dauden hautagaiek. Zerrenda irekien kasuan, eskabideak dagokien zerrendako inskripzio-ordenaren arabera esleituko dira.
Esleipen arruntean, Hezkuntza Sailak, adierazitako zerrenden lehentasuna kontuan hartuta, lanpostuak esleituko dizkio borondatez aukeratu dituztenen artean eskubide gehien duen hautagaiari, betiere baldintza guztiak betetzen baditu.
Nahitaezko esleipenean, berriz, eskainitako lanpostu guztiak betetzen ez badira, bete gabe daudenak ofizioz esleituko dira, lurraldeari, lanaldiari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez egindako aukera errespetatuz eta zerrenden hurrenkeraren alderantzizko hurrenkeran, eta horien barruan, pertsona bakoitzak dagokion zerrendan duen posizioaren alderantzizko hurrenkeran.
Eskainitako lanpostuak esleitu ondoren, sailak egindako esleipenak argitaratuko ditu, eta hautagaiari eta dagokion ikastetxeari izendapenaren abisua bidaliko die.
Aurreko zerrenda guztietan hautagai librerik ez badago, hautatutako pertsonei esleitu ahal izango zaie lanpostua, prozedura hauen bidez:
Ezohiko kudeaketa ordezkogaien zerrendetako kideen artean: ezohiko kudeaketatzat jotzen da lan-eskaintzaren espezialitatearekin bat ez datorren zerrenda bateko langileak hautatzea, baldin eta antzeko curriculum bat badago. Kudeaketa hori prest dauden langileen artean egin ahal izango da, bai zerrenda orokorretan, bai zerrenda bereizietan.
Beste administrazio publiko batzuen zerrendetara jotzea: lagapena araudian aurreikusita dagoenean edo kideek baimendu dutenean.
Lanbidera sartzea: hautagaiak lortzeko beharra edo zailtasuna dagoenean, salbuespenez eta justifikazio-memoria aurkeztu ondoren, enplegu-zerbitzu publikoetara jo ahal izango da, baldin eta lanpostuak eskatzen dituen baldintza berberak eskatzen badira. Lanbidek proposatzen dituen hautagaiak eskatutako titulazioaren espediente akademikoaren batez besteko notaren arabera ordenatuko dira.
Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 85.2 artikuluaren a) apartatuan aurreikusitako kidegoetako irakaslerik ez badago, edo artikulu horren b) apartatuan jasotako baldintzak betetzen dituzten tituludunik ez badago, edo Lanbide Heziketako Sistemako espezialitateetako bitarteko irakasleen zerrenda eguneratuetan inskribatuta dauden eta lanbide-moduluak emateko baldintzak betetzen dituzten profesionalik ez badago, profesional kualifikatuak sartu ahal izango dira ekoizpen-sektoreko aditu gisa, nahitaez tituludunak izan behar ez dutenak. Egoera horretatik salbuetsita daude lanbide-modulu bat produkzio-sektoreko aditu-profil bati zuzenean esleitua duten kasuak. Era berean, eta baldintza berberetan, beren jarduera lan-eremuan garatzen duten aditu seniorrak sartu ahal izango dira, egiaztatutako kualifikazioa eta Lanbide Heziketako Sistemaren premiak kontuan hartuta. Langile horiek lanaldi osorako edo lanaldi partzialerako kontratatu ahal izango dira, administrazio eskudunek zehazten dituzten baldintzetan, produkzio-sektoreko dedikazioarekiko bateragarritasuna errazteko, eta langile lan-kontratudunen araubidearen arabera egingo da, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 95.2 artikuluaren arabera.
Erabili beharreko hautaketa-kanala hautatzeko, eraginkortasun, efizientzia eta eraginkortasun administratiboaren printzipioak hartuko dira kontuan, zerbitzuak emateko beharraren, zerbitzuaren profil espezifikoaren eta deialdi espezifiko bat egiteko aukera materialen arabera.
Apartatu honetan adierazitako prozeduren bidez izendatutako pertsonak ez dira sartuko ordezkapenetarako hautagaien zerrendetan.
Irakasleen ohiko lanaldi osoaren herena baino gutxiagoko irakastorduak dituzten plazak ikastetxeak beteko ditu muga horretara arte. Lanaldiaren herena eskaini daitekeen gutxienekoa izango da ondorio guztietarako.
Zerrenden funtzionamendu informatikoa.
Hezkuntza Sailak, sindikatuekin negoziatu ondoren, zerrenden funtzionamendu orokorraren alderdi jakin batzuk aldatu ahal izango ditu, kudeaketa hori ondoren bitarteko informatikoekin egin ahal izateko.
Zentral sindikaletako ordezkariek eskubidea izango dute Hezigunea plataforman egunero ateratzen diren plazen eta esleipenen emaitzak ikusteko.
Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroak (Berritzegune) eta irakaskuntza-laguntzako beste zerbitzu batzuk.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak deialdi espezifikoak egin ahal izango ditu Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroetako (Berritzegune) eta irakaskuntza-laguntzako beste zerbitzu batzuetako lanpostuak betetzeko. Deialdiak ezarriko ditu lanpostu bakoitza eskuratzeko baldintzak, dagokion lanpostu-zerrendan xedatutakoaren arabera.
Lan-kontratuko lanpostuak.
Lan-kontratuko irakaskuntza-lanpostuetako ordezkapenen kasuan, lan egindako egun horiek puntuazioa izango dute prestasunagatiko konpentsazioa jasotzeko, betiere aldi horrengatik beste konpentsaziorik jaso ez badute. Oharretan, eskainitako lan-kontratuko lanpostuen izaera eta ezaugarriak adieraziko dira.
Pertsona batek ordezkapen bat egin duenean eta 10 eskola-egun igaro baino lehen lanpostu bera betetzeko beharra sortzen denean, aipatutako ordezkapena egin duen hautagaiak egin ahal izango du, betiere horretarako moduan badago, ados dagoela adierazten badu eta lanerako erabilgarri badago.
Pertsona bat lanaldi osoko ordezkapen bat betetzen ari bada eta lanpostuaren titularra lanaldi-murrizketarekin itzultzen bada lanera, ordezkoak ordezkapen hori egiten jarraitu ahal izango du, ados badago.
Pertsona bat lanaldi murriztuko ordezkapen bat betetzen ari bada eta lanpostuaren titularra lanaldi osoko erregimenera igarotzen bada, ordezkoak ordezkapen hori egiten jarraituko du, nahitaezko esleipenetarako lanaldi osoa aukeratu badu. Bestela, esleipena borondatezkoa izango da.
Norbait lanaldi murriztuko lanpostu bat betetzen ari bada eta ikastetxe berean lanaldi murriztuko beste lanpostu bat bete behar bada eta ikastetxeak hala jakinarazi badio dagokion lurralde-ordezkaritzari, pertsona horrek lehentasuna izango du bigarren lanpostua betetzeko, betiere espezialitate bera ematen ari bada eta ordutegi-bateragarritasuna badago, puntuazio handiagoa duten beste hautagai batzuk egon arren. Ikastetxean eskubide hori duten bi pertsona badaude, 1. kidetasuna duenak izango du lehentasuna, eta, kidetasun horren barruan, puntuazio handiena duenak.
Lanaldi murriztua duten pertsonek, lanaldi hori bete dezaketen babestutako egoeretan (hau da, aitatasunaren edo amatasunaren ondoriozko lizentzien edo baimenen kasuan), lanaldia osatzeko eskubidea izango dute, lehenik, eta ordezko langileak, bigarrenik. Hala ere, ordezkoak ez du bere jarduera osatzeko betebeharrik izango, hala nahi ez badu. Babestutako egoeran dagoen pertsonak ezin badu lanaldia osatu aldi baterako ezintasun-egoeran dagoelako, ordezkoak bere lanaldia osatzeko eskubidea izango du.
Lanbide-heziketako lanpostu jakin batzuetan eman beharreko gaiaren espezifikotasunak espezializazio tekniko edo praktiko handia eskatzen duenean, dagokion zerrendako hautagaiak bete ahal izango du plaza, baldin eta zerrendan sartzeko aukera ematen duten titulazio guztien artean egokiena bada, eta ikastetxeko zuzendariak edo lanbide-heziketaren arloan eskumena duen zuzendaritzak txosten arrazoitua egin ondoren.
Aldi baterako ezintasun-egoeran dauden langileek altaren berri eman beharko diote ikastetxeari. Titularra lanera itzultzen bada, ikastetxeak ezin izan badio ordezkoari abisatu eta hura lanera joaten bada, egun horretan puntuak emateko eskubidea izango du.
1. 25. artikuluan adierazitako kasuetan dauden hautagaiei zerbitzu-denbora gisa zenbatuko zaie, zerrendaren birbaremazioaren ondorioetarako, ikasturte horretan hautagai horien puntuazioa dagoen maila berean dauden ordezko langile guztiek baremoko 1.1 apartatuan aurreko ikasturteko irailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean lortutako puntuen batez bestekoa. Tarte hauek hartuko dira kontuan:
0 puntutik 10era.
11 puntutik 20ra.
21 puntutik 30era.
31 puntutik 40ra.
41 puntutik 50era.
Eta horrela hurrenez hurren.
«Hiru urtetik beherako seme-alabak zaintzea» izeneko d) apartatuan sartutako pertsonen kasuan, zerbitzu-denbora horiek zenbatuko dira aldi horietan ordaindutako jarduerarik egin ez badute eta dagokion hezkuntzako lurralde-ordezkaritzari eskatzen badiote. Seme edo alaba bakoitzeko behin bakarrik eskatu ahal izango da. Egiaztapen hori egiteko, lan-bizitzaren dokumentua aurkeztu beharko dute, edo Hezkuntza Sailari kontsulta egiteko baimena eman.
Ikasturtea hasita dagoela aurreko apartatuetan adierazitako egoeraren batera pasatuz gero, egoera horretan egondako hilabete osoei proportzionalki puntuak emango zaizkie.
Hautagaia zerrenda batean baino gehiagotan agertzen bada, zerrendako puntuen batez bestekoa zenbatuko da.
Hautagaia irakasleen eta hezitzaileen zerrendetan badago, zer zerrendatan meritatu aukeratu beharko du.
Agindu honen arabera, lanpostuaren esleipenduna behartuta dago izendapena edo kontratazioa onartzera eta dagozkion zerbitzuak ematera, salbu eta esleitzeko unean uko egiten diola adierazten badu, honako arrazoi hauetakoren batengatik:
Esleipen-egun bakoitzeko eskaera-epea hasten denetik lanpostuaz jabetzen den arte sortzen diren ustekabeko egoerak, baldin eta alegatzen duenaren borondatezko jardun baten ondorio ez badira. Uko egiten duenetik hamar eguneko epean egiaztatu beharko du gertaera eragilea, eta zerrenda guztietan «ez dago lanerako prest» egoerara igaroko da egoera horrek irauten duen bitartean.
Esleitutako lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzearekin bateraezina den desgaitasun fisiko edo psikikoa izatea. Uko egiten denetik hamar eguneko epean behar bezala egiaztatu beharko da inguruabar hori.
Indarreko izendapenari edo kontratuari uko egiten bazaio, edo lanpostua uzten bada, agindu honen 26 artikuluan aipatzen den «aldi baterako penalizazio-egoeran» egongo da ikasturte hori eta hurrengoa amaitu arte.
Lanpostua esleitu eta zerbitzuak ematen hasi ondoren, izendapena edo kontratazioa egingo da, dagokion efektu-datarekin, eta izendatutako pertsona «lanean» egoerara igaroko da ondorio guztietarako.
Hautagaiak ordezkapena amaitzen duenean, lanerako prest egotera pasatzeko eta ikasturtean zehar ordezkapen berriak egin ahal izateko, bere lan-egoera aldatu ahal izango du, ordezkapenak kudeatzeko aplikazio telematikoaren bidez.
Hautagaien zerrendak iraungi egingo dira, legezko edo erregelamenduzko arau bat aplikatzetik eratorritako eskakizunak badaude.
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak berariaz adieraziko du, ebazpen baten bidez, agindu honetan aipatzen diren zerrendak azkendu direla. Ebazpen hori argitara emango da www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ web-orrian eta Hezkuntza Sailak horretarako gaitzen dituen beste orrialde edo ingurune batzuetan.
Zerrendatik kanporatzeko arrazoiak hauek dira:
Hautagaiak bere borondatez uko egitea zerrendan sartzeari.
Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen kidegoetakoren bateko karrerako funtzionarioa izatea edo lan-kontratu finkoa izatea, karrerako funtzionarioa izendatu edo kontratatu den espezialitateaz bestelako kidegoetako espezialitateen zerrendetan egoteari kalterik egin gabe. Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendetan edo beste irakasle-kidego batzuetako espezialitateen zerrendetan jarraitzen duten karrerako funtzionarioak edo langile lan-kontratudun finkoak «ez dago lanerako prest» egoeran egongo dira hasiera batean.
Ordezkapenak egin ahal izateko, hautagaiek lan-egoera aldatu beharko dute, eta lanerako prest egoerara igaro, ordezkapenak kudeatzeko plataforma telematikoaren bidez. Kasu horretan, ikasturte-hasierako esleipenak edo ikasturtean zehar ordezkapenak betetzeko esleipenak eskatu ahal izango dituzte, integratuta dauden zerrendetako baldintzen arabera. Esleitutako lanpostuari uko eginez gero, «aldi baterako zigorraren» egoerara igaroko dira hautagaiak, agindu honen 26. artikuluan ezarritako kasuetan, uko egiten den lanpostuan, uko egiten den ikasturtean eta hurrengoan.
Lanpostu bat esleitzen bazaie, jardunean dauden kidegoan eskatu beharko dute eszedentzia, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 148. artikuluan araututakoaren arabera.
Nahitaezko erretirorako adina beteta izatea. Arrazoi hau ez da aplikatuko, baldin eta hautagaiak adin hori betetzen duen ikasturterako birbaremazio-prozesuan aktibo jarraitzea eskatu badu, betiere indarrean dagoen legeriak zerbitzu aktiboa luzatzeko aukera ematen badu eta, gainera, aipatutako adina betetzen den egunetik aurrera izendapen jarraituak baditu. 70 urte beteak dituen hautagaiak ezin izango du, inola ere, jardunean jarraitu.
Irakasle-lanetan aritzeko ezintasun iraunkor osoa aitortua izatea.
Ezintasun iraunkor absolutua aitortua izatea.
Diziplina-espediente baten ondorioz, zehapen irmo bat jaso izana, eta, horren ondorioz, zerbitzutik kenduta egon, sei hilabete baino gehiagoz eginkizun-gabetuta, diziplinaz kaleratuta edo desgaikuntza bereziko zigorra ezarrita.
Desgaikuntza absolutuko zigorra ezarrita izatea.
Ohiko eginkizunak betetzeko ageriko gaitasunik eza, 35. artikuluan aurreikusitako protokoloaren ebazpenean behin betikotzat jotzen dena.
Epai irmo bidez kondena jaso izana sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik, barnean hartuta sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien salerosketa.
Hautagaia hautatua izan den hautaketa-prozesu bateko praktika-fasea bi aldiz gainditu ez izana.
a) arrazoiarengatik baztertutako pertsonak zerrendetan berriz sartu ahal izango dira, agindu honetan aurreikusitako irekiera-prozeduretako batean parte hartuz, kanporatuak izan diren ikasturtea eta hurrengoa igaro ondoren.
Zerrendatik behin betiko kanporatzea Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez gauzatuko da, bai banaka, bai zerrenden urteko birbaremazio-prozeduraren barruan, kasuaren arabera. Pertsona hauek «Behin betiko baja» egoerara igaroko dira.
Otsailaren 19ko 2/1993 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzkoa) 25. artikuluko hirugarren paragrafoan aurreikusten du funtzionarioak mugiaraztea gerora sortutako arrazoiengatik. Arrazoi horiek lotuta daude, besteak beste, jarduteko gaitasunik ezarekin, zeinak errendimendu eskasa adierazten baitu, eta eragozten baitu lanpostuari esleitutako eginkizunak eraginkortasunez betetzea.
Lege-aurreikuspen horren arabera, bitarteko funtzionarioen edo ordezko bitarteko funtzionarioen kasuan, jarduteko protokolo hau ezarri behar da, haien izendapenaren berezitasunen arabera. Protokolo horretan, nahitaez, dagokion espedientea izapidetu beharko da, eta, hala badagokio, langileen ordezkaritza-organoaren txostena, adierazitako baldintzetan.
Ikastetxeko zuzendaritzak uste badu pertsona batek ez dituela betetzen bere ohiko eginkizunak betetzeko behar diren eskumenak, dagokion lurralde-ordezkaritzari jakinaraziko dio. Lurralde-ordezkariak dagozkion aurretiazko jarduketak egiteko aginduko du, eta, horien artean, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako edo Hezkuntzako Ikuskaritzako zerbitzu medikoaren txostena eskatu ahal izango da, kasuen arabera. Era berean, Langileak Kudeaketako zuzendariak egokitzat jotzen dituen aurretiazko jarduerak egiteko agindu ahal izango du.
Aurretiazko jarduketen ondoren, bere ohiko eginkizunak betetzen jarraitzeko gaitasunik ez duela iritziz gero, espedientea Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko zaio, eta hark hasiko du gaitasunik eza ebazpen bidez zehazteko prozedura. Ebazpen horretan, Hezkuntza Ikuskaritzako kide bat izendatuko du, instrukzioa egin dezan, zer ondorio dakarren berariaz adierazita.
Gaitasun falta zehazteko prozedura horretan, bermatuko da ukitutako alderdiak eskubidea izango duela bere eskubideari komeni zaizkion frogak proposatzeko eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan aurreikusitako entzunaldi-izapidea egiteko. Era berean, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak izapidetu egingo ditu langileen ordezkaritza-organoek aurkeztutako alegazioak. Espedientea ezin izango da inola ere oinarritu diziplina-falta izan daitezkeen egitateetan.
Prozedura hasi ondoren, komeni bada, instrukzio-egileak proposa dezake egokitzat jotzen dituen behin-behineko neurriak hartzea, azken ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko.
Hartutako behin-behineko neurriek prozedura amaitu arte iraungo dute, eta Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen arrazoituaren bidez erabakiko dira, eta ukitutako pertsonari jakinaraziko zaizkio.
Eginkizun-etenaldiaren kasuan, funtzionarioak edo kontratatuak dagozkion oinarrizko ordainsariak jasotzen jarraituko du etenaldiak irauten duen bitartean, hamabi hilabetez gehienez ere. Prozeduraren amaieran izendapena errebokatzen bada edo indarrean dagoen kontratua suntsiarazi eta langilea zerrendetatik baztertzen bada, funtzionarioak edo kontratatutako pertsonak itzuli egin beharko du behin-behineko etendurak iraun duen bitartean oinarrizko ordainsari gisa jasotakoa. Bestela, Administrazioak benetan jasotako hartzekoen eta eskubide guztiak baliatu izan balitu jaso beharko zituzkeen hartzekoen arteko aldea ordainduko dio. Nolanahi ere, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 98. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
Instrukzio-egileak prozedura ebazteko oinarri izango diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko beharrezkoak diren jarduketak egingo ditu, eta beharrezkotzat jotzen dituen txostenak eskatuko ditu. Txosten horien artean, egokitzat jotzen badu, eraginpeko pertsonaren azterketa medikoa sartuko da, zeina dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzaren zerbitzu medikoaren bidez izapidetu beharko baita. Txosten medikoa eskatuz gero, eskaera hori justifikatzen duten identifikatutako jarduerak edo jokabideak deskribatuko dira bertan.
Instrukzioa amaitutakoan, instrukzio-egileak ebazpen-proposamena egingo du, eta langileen ordezkaritza-organoei jakinaraziko zaie, hamar egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.
Izapide hori egin ondoren, eragindako pertsonari espediente osoaren berri emango zaio, ebazpen-proposamena barne, hamar egun balioduneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkeztu ahal izan ditzan.
Aurreko izapideak egin ondoren, espediente osoa Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko zaio, prozedurari amaiera emango dion ebazpena eman dezan. Hala ere, prozeduraren bermeak babesteko beharrezkotzat jotzen bada, Langileak Kudeatzeko zuzendariak, ebazpena eman aurretik, instruktoreari agindu ahal izango dio egokitzat jotzen dituen eginbide osagarriak egiteko.
Prozedura bideratu ondoren egiaztatzen bada ohiko eginkizunak betetzen jarraitzeko gaitasun falta nabarmena dagoela, aipatutako ebazpenak izendapena errebokatzea edo indarrean dagoen kontratua deuseztatzea aginduko du, bai eta ukitutako pertsona zerrendatik baztertzea ere. Bestela, egindako jarduketak largestea edo artxibatzea erabakiko du ebazpenak. Behin-behineko neurriak ezartzen dituen ebazpenak arrazoitua izan beharko du.
Prozedurari hasiera emateko ebazpena eman zenetik sei hilabete igaro badira prozedurari amaiera ematen dion ebazpenik eman gabe, iraungi egingo da prozedura. Ondorio horietarako, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du prozedura iraungitzat jotzeko eta jarduketak artxibatzeko. Aurreko epea zenbatzeko, ez dira zenbatuko Administrazioari egotzi ezin zaizkion jarduerarik gabeko aldiak.
Gaitasunik eza eta, ondorioz, zerrendetatik kanpo uztea berrikusi ahal izango dira, baldin eta Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuaren edo Hezkuntza Ikuskaritzaren txostenak, kasuen arabera, hala proposatzen badu, eta, horiek ikusita, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenean berariaz hala xedatzen bada. Berrikuspena egiten bada, txosten horietan zehazten denaren arabera, honako hauek jasoko dira: berrikuspena eragin duten inguruabarrak edo arrazoiak; haren indarraldia, eta zerrendara itzultzea eragin dezakeen egoeraren jarraipena eta azterketa.
Instrukzio-egileak egindako proposamenetik ondorioztatzen bada irakaskuntzako funtzio arruntak betetzeko gaitasunik eza espezialitate jakin batera edo batzuetara mugatzen dela, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak hautagaia zerrenda horretatik edo zerrendetatik behin betiko baztertzea erabaki ahal izango du, eta gainerakoetan aktibo mantendu ahal izango da.
Ikastetxeetako plantilla eratzearen ondorioz, Hezkuntza Sailak informazioa jaso ahal izango du lanpostuetan eman beharreko curriculumaren eduki espezifikoari buruz, informazio horrek profil profesional espezifikoa duen lanpostu bati eragiten dionean.
Plaza horiek eskaintzen direnean, Hezkuntza Administrazioak curriculum-eduki horri buruz daukan informazioa emango du.
Lanbide Heziketako lanpostuen kasuan, lanpostu horiek osatzen dituzten lanbide-moduluen eta heziketa-zikloen izena adieraziko da. Halaber, hautagaiei jakinaraziko zer konpetentzia hartzen dituzten barnean eskainitako lanpostuen profila osatzen duten lanbide-moduluek.
Era berean, Helduen Hezkuntzako Ikastetxeetako lanpostuen kasuan, prestakuntza arautuaren eremuak aipatzeaz gain, eman beharreko arautu gabeko prestakuntza-programen izena ere jasoko da.
Lanpostua esleitu ondoren, ikastetxeak ezin izango du lanpostuaren berariazko profila aldatu, eta hori bat etorri beharko da hasieran definitutakoarekin.
Ikastetxeko zuzendaritzaren ustez bitarteko edo aldi baterako irakasle batek ez baditu betetzen lanpostua betetzeko eskatzen diren gaitasunak, honela jokatuko da:
Ikastetxeko zuzendaritzak Hezkuntza Ikuskaritzari eskatuko dio hautagaiaren irakaskuntza-konpetentzia espezifikoa egiaztatzeko. Hezkuntza Ikuskaritzak ikastetxetik kanpoko aditu baten iritzia eskatu ahal izango du.
Interesdunak eskubidea izango du bere eskubideari dagozkion frogak proposatzeko eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan aurreikusitako entzunaldi-izapidea egiteko. Era berean, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak alegazioak egiteko izapidea emango die sindikatuei.
Hezkuntzako Ikuskaritzak Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko dio proposamena, eta adieraziko du eskaerak funtsik ez duen edo hautagaia kargutik kendu behar den.
Lanpostua esleitu zaion irakaslea ikastetxean agertzen bada eta esleitutako eginkizuna betetzeko gai ez dela egiaztatzen badu, Hezkuntza Ikuskaritzaren aurrean uko egiteko aukera izango du, esleipena egin eta 15 egun naturaleko gehieneko epean, eta gaitasun-falta eragin duen gertaera justifikatu beharko du. Ikasturte-hasierako esleipenen kasuan, ez da beharrezkoa izango irailaren 1era arte itxarotea lanpostuari borondatez uko egiteko. Aldez aurretik egin ahal izango da, Ordezkagunearen lehen eskaintzan plaza berriz eskaini ahal izateko.
Prozedura honako hau izango da:
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak egiaztatuko du hautagaiak konpetentzia espezifikoa duela esleitutako lanpostua betetzeko, eta, horretarako, txostena eskatu ahal izango dio ikuskatzaileari edo ikastetxetik kanpoko aditu bati.
Interesdunak eskubidea izango du bere eskubideari dagozkion frogak proposatzeko eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan aurreikusitako entzunaldi-izapidea egiteko. Era berean, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak alegazioak egiteko izapidea emango die sindikatuei.
Hautagaiak ez baditu egiazki betetzen lanpostua betetzeko baldintzak, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak ebazpena emango du hautagaiak esleitu zaion lanpostua uzteko, betiere irakaslearen oniritzia badu. Txostena eskatu bazaio Hezkuntza Ikuskatzailetzari edo aditu bati, txostena egin ondoren Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzara bidaliko da. Txosten horretan, eskabideak oinarririk duen ala ez adieraziko da, eta, oinarririk ez badu, irakasleak kargua utzi behar duen ala ez.
Hautagaiak, lanpostutik mugiaraziz gero, «lanerako prest» egoerara aldatzeko eskatu ahal izango du, esleipen berriak egin ahal izateko. Kasu horretan, ezin izango zaizkio nahitaez esleitu ezaugarri bereko lanpostuak.
Aldi baterako langile-beharrak estaltzeko hautagaien zerrendak kudeatzeko prozeduran, datu pertsonalen tratamendua Hezkuntza Sailaren fitxategian egingo da, eta Hezkuntza Saila bera izango da fitxategiaren administrazio-organo arduraduna. Datuak irispidean izateko, zuzentzeko, aurka egiteko, ezerezteko («ahazteko eskubidea»), tratamendua mugatzeko, transferitzeko eta erabaki indibidualizatu automatizatuen xede ez izateko eskubideak baliatu ahal izango dira Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren aurrean.
Enplegu Publikoaren Atarian gai horri buruzko informazio-klausula bat txertatuko da, datuak eta titulartasun publikoko fitxategi pertsonalak babesteko araudian xedatutakoaren arabera.
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako langileek, lanpostuak aldi baterako betetzeko organo eskuduna diren aldetik, sekretua gordetzeko betebeharra izango dute eskura dituzten datu pertsonalen informazioari dagokionez.
Zerrendetako kideen publikotasunak, urteko birbaremazio-prozesuaren emaitzek eta Enplegu Publikoaren Atarian argitaratzen den beste edozein zerrendak publikotasun- eta gardentasun-printzipioak betetzeko beharrezkoak diren gutxieneko datu pertsonalak izango dituzte; gainera, horien guztien aurka erreklamazioak edo errekurtsoak egiteko behar den denbora eskainiko da.
Aipatutako zerrendek klausula bat izango dute ohartarazteko datu pertsonalak dituztela, datuak babesteko gaur egungo legeriarekin bat datozela eta haien helburu bakarra dela kideei publikotasuna eskaintzea eta, hala badagokio, jakinarazpenak egitea. Era berean, informazio-paragrafo bat izango dute, eta bertan jasota geratuko da informazio hori ez dela sarbide publikoko iturria, eta ezingo dela erreproduzitu, ez osorik ez zati batean, ez transmititu, ez eta informazioa berreskuratzeko ezein sistemaren bidez erregistratu ere, eragindako pertsonaren baimenik gabe.
Datu pertsonalak «Hautaketa- eta horniketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
Jarraian, datu pertsonalen tratamenduari buruzko alderdi hauek aztertuko ditugu:
Arduraduna: Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza.
Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen eta irakasle ez diren langileen lanpostuak betetzea: enplegu publikoaren eskaintzak, lekualdatze-lehiaketak, ordezkogaien zerrendak eta Hezkuntza Bereziko autojoan-etorriak.
Honetarako legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da legezko betebehar aplikagarriak betetzeko.
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.
Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
Sindikatuak eta langileen batzordeak.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: web-orri honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia:
www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/048000-capa2-es.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:
www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673
ID: 0480.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Zerrendetan sartzeko eta bertan jarraitzeko baldintzak aldatzea.
Agindu hau indarrean jartzen denean irakasleen ordezkagaien zerrendan dauden hautagaiak dagozkien zerrendetan mantenduko dira, bai eta urteko birbaremazio-prozesuen ondoren eratzen diren etorkizuneko zerrendetan ere (8.2.d) artikuluan ezarritakoa izan ezik), hargatik eragotzi gabe agindu honek zerrendetan sartzeko eskakizunei dagokienez egiten dituen aldaketak.
Edozein arrazoi dela medio espezialitateren bat galtzen dutenak soilik itzuli ahal izango dira espezialitate horretara, baldin eta agindu honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen badituzte.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lan-poltsak handitzea.
Kidego bakoitzari dagozkion lan-poltsetan hautagairik ez badago, Enplegu Zerbitzu Publikoetara jo ahal izango da, bai eta beste administrazio publiko batzuetako lan-poltsak osatzen dituzten langileen zerrendetara ere, baldin eta haien araudian aurreikusita badago haiek lagatzea.
Lanbidek proposatutako hautagaiak eskatutako titulazioaren espediente akademikoaren batez besteko notaren arabera ordenatuko dira.
Enplegu-zerbitzu publikoek edo beste administrazio publiko batzuek hautagaiak proposatzeak ez du inolako eskubiderik edo itxaropenik sortuko.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Administrazio publikoen arteko lankidetza.
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio edo erakunde publiko batzuen esku jarri ahal izango du lan-poltsak osatzen dituzten langileen zerrenda, hala eskatzen dutenean, baldin eta langileek horretarako baimena eman badute.
Eskaera horiei erantzuteko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lan-poltsak osatzen dituzten langileak eta langile-premia propioak hartuko dira kontuan.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Behin betiko zerrendak.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zerbitzura aritzeko aldi baterako langile-beharrak estaltzeko hautagaien behin betiko zerrendak argitaratu arte, egungo lan-poltsek indarrean jarraituko dute, agindu honetan ezarritako baremazioaren arabera.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko zenbait irakaskuntza desagertzear daude.
Bigarren Hezkuntzako kidegoan integratu ez diren eta Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian aipatzen diren espezialitateetan ikastetxe publikoetan zerbitzuak eman dituzten Lanbide Heziketako irakasleek ordezkapen-zerrendetan jarraitu ahal izango dute 10 ikasturteko aldi iragankorrean, 2035-2036 ikasturtea amaitu arte, legez eskatzen den titulazioa lortzeko. Epe iragankorra amaitzen denean, beharrezkoa den titulazioa lortu ez duten pertsonak zerrendetatik kanpo geratuko dira. Salbuespen gisa, epemuga iristean, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan gutxienez 15 urtez eskola-zerbitzuak eman dituzten pertsonek zerrendetan jarraitu ahal izango dute lehengo baldintza beretan.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ikasturte hasieran lanpostuak esleitzea.
Ikasturte hasieran zerrenda osatzen duten pertsonentzat lanpostuak esleitzeko, Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 16ko Aginduan aurreikusitakoari jarraituko zaio. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan aldi baterako irakasle-beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozesua arautzen da.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. 55 urtetik goragoko bitarteko langileentzako plan espezifikoak.
Sinatutako aurreakordioaren 16.2 artikuluak adierazten duen bezala, goiburuan adierazitakoentzako jarduketa-plan espezifiko bat negoziatuko da. Plan hori sindikatuekin negoziatuko da, eta, horretarako, Hezkuntza Sailak honako proposamen hau egin du, 25-26 ikasturteko lehen negoziazio-mahaian negoziatuko dena:
Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan irakaskuntza-zerbitzuak eman dituzten 55 urtetik gorako hautagaiei zuzenduta dago. Beraz, hautagaiek, berariazko plan hau aplika dakien, abenduaren 31n 55 urte beteak izan beharko dituzte. Ikastetxe publikoetako irakasleei soilik zuzendutako plan espezifiko bat da, eta, beraz, aurreko ikasturtean ikastetxe publikoetan lan egin behar izan dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan gutxienez 17 urtez lan egin izana irailaren 1ean. Senideak/adingabeak zaintzeko eszedentzia-aldiak edo aldi baterako etenaldiak hartuko dira kontuan.
Plan edo neurri espezifiko honi eutsiko zaio pertsonak erretiroa (aurreratua edo nahitaezkoa) hartzeko adina eta baldintzak bete arte. Beraz, neurri berezi hauek edozein motatako erretiroa hartzeko baldintzak betetzen dituztenean amaituko dira. Interesdunak gutxienez oposizio-lehiaketako prozesu bat gainditu badu, neurri hori baliatu ahal izango du nahitaezko erretiroa hartu arte.
Ekainean/uztailean parte hartu beharko dute esleipenetan, eta lehenik eta behin beren lurraldeko lanaldi osoko lanpostu guztiak aukeratu beharko dituzte beren espezialitateetan. Etxetik 50 km baino urrunago daudenak bazter utzi ahal izango dituzte. Lanaldi osoko plaza guztiak aukeratu ondoren, izena emanda dauden espezialitateetako lanaldi murriztuko plazak aukeratu ahal izango dituzte.
Ikasturte hasierako esleipenetan lanaldi osoko lanposturik esleitzen ez bazaie, lanaldi murriztua esleituko zaie, eta ikastetxean sortzen diren eta Ordezkagunean eskainiko diren etorkizuneko premiekin osatuko da lanaldi murriztua. Ikastetxean ez badago lanaldi osoa osatzeko plazarik edo premiarik, lanaldia % 100era handituko zaie, eta ikastetxean klaustroko gainerakoei laguntzeko edo ikastetxeko proiekturen batean laguntzeko lanak aginduko zaizkie.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Arau hau argitaratu ondorengo lehen birbaremazio-prozesua.
Agindu honetan eta bere eranskinetan jasotako merezimenduak eta betekizunak birbarematzeko prozesuari buruzko manuak agindu hau argitaratzen den egunaren ondorengo prozesutik aurrera aplikatuko dira, 2027-2028 ikasturteari dagokionez, ondoren adierazten diren espezialitateetako zerrendetan sartzeko baldintzei dagokiena izan ezik, horiek agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera izango baitituzte ondorioak:
0131 Musika.
0132 Filosofia.
1542 Merkataritza prozesuak.
0102 Frantsesa.
0103 Ingelesa.
0104 Alemana.
0133 Italiera.
0750 Ingelesa.
0751 Frantsesa.
0752 Alemana.
0754 Errusiera.
1756 Italiera.
1757 Portugesa.
1506 Ibilgailuak mantentzeko prozesuak eta antolamendua.
1508 Fabrikazio mekanikoko proiektuak eta antolamendua.
1510 Sistema elektroteknikoak eta automatikoak.
1511 Sistema elektronikoak.
1546 Ibilgailuen mantentze-lanak.
1549 Ekipamendu termikoak eta fluidodunak instalatzeko eta mantentzeko lanak.
1550 Instalazio elektroteknikoak.
1551 Tresneria elektronikoak.
1555 Informatika sistemak eta aplikazioak.
1559 Produkzio-makinak eta -zerbitzuak.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Hautagaien lan-egoera.
Uko-egite justifikatuan edo justifikatu gabeko uko-egite lokalizaezinean dauden hautagaiak ofizioz «lanerako prest ez» egotera igaroko dira, baina egoera horretatik aurrera, ordezkapenak kudeatzeko aplikazio telematikoan borondatez aldatu ahal izango dira «lanerako prest» egotera.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Indarrean sartzea zerbitzu-denboren zenbaketa «Babestutako egoeran».
Agindu honen 29. artikuluan ezarritako «Babestutako egoeren» kasuan, 2025eko irailaren 1eko atzeraeraginezko ondorioekin zenbatuko dira zerbitzu-denborak.
Agindu hau indarrean jartzen denean, indargabetuta geratuko dira agindu honetan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki:
Agindua, 2012ko abuztuaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.
Agindua, 2012ko urriaren 9koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena; honen bidez, irakasleak aldi baterako ordezkatzeko beharrak informatikoki estaltzeko prozedura arautzen da. Prozedura horretan, aldi baterako ordezkapenak esleitzen zaizkie irakasleen ordezkogaiei.
Agindua, 2013ko apirilaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan irakasleen aldi baterako premiak betetzeko izangaien zerrenda kudeatzeari buruzko araudia onartzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren agindua aldatzen duena.
Agindua, 2014ko apirilaren 16koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bitartez bigarrenez aldatzen baita beste agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan izan daitezkeen aldi baterako irakasle-beharrizanak estaltzeko izangaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.
Agindua, 2015eko ekainaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez hirugarrenez aldatzen baita agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan izan daitezkeen aldi baterako irakasle-beharrizanak estaltzeko izangaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.
Agindua, 2017ko apirilaren 11koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan izan daitezkeen aldi baterako irakasle-beharrizanak estaltzeko izangaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duen agindua laugarren aldiz aldatzen duena.
Agindua, 2019ko otsailaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez bosgarrenez aldatzen baita agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duen Agindua.
Agindua, 2023ko azaroaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez seigarren aldiz aldatzen baita agindu hau: Agindua, 2012ko abuztuaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Titulazio eta baliokidetasun berriak sartzea.
Agindu honen bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio, hala badagokio eta dagokion ebazpenaren bidez, III. eranskineko titulazioen eta espezialitateen taulan jasotako espezialitateren bat emateko gaitzen duten titulazio berriak gehitzeko, edo lehendik daudenak aldatzeko, akatsak ikusiz gero edo dagokion txostenaren ondoren. Titulazio horiek III. eranskinean jasoko dira, denek jakin eta aplika ditzaten.
Era berean, zuzendaritza horri ahalmena ematen zaio unibertsitateen gradu-titulazioen eta III. eranskineko titulazioen eta espezialitateen tauletan agertzen direnen arteko baliokidetasuna zehazteko, aztertu beharreko titulazioen ikasketa-planak kontuan hartuta. Baliokidetasunen zerrenda Hezkuntza Sailak horretarako gaitzen dituen web-orrietan edo inguruneetan argitaratuko da. Baliokidetasun horiek agindu honetan araututako ondorioak baino ez dituzte.
Horretarako, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak, egokitzat jotzen badu, horri buruzko txostena eskatu ahal izango die Hezkuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari, Unibertsitate Sailari, Lanbide Heziketako Sailburuordetzari edo Hezkuntza Ikuskaritzari. Azken horiek aztertuko dituzte gehikuntzak, aldaketak eta baliozkotzeak, eta dagozkion proposamenak egingo dizkiote Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari. Kasu bakoitzean aztertu beharreko arloko aholkulari espezialistak izendatu ahal izango dira.
Gainera, urtero, maiatzean, mahai tekniko bat egingo da sindikatuekin, III. eranskinean sartu beharreko titulazio gehigarriak aztertu eta negoziatzeko. Mahai teknikoaren aurretik, erakunde sindikalek III. eranskinean sartu beharreko titulazioen proposamenak egingo dituzte, eta Hezkuntza Sailak aztertuko ditu, bileran eztabaidatzeko. Kontuan hartuko dira, besteak beste, titulazioarekin zerikusia duten ikasketak, titulazio horrekin zerikusia izan dezaketen irakasgaien kopurua, beste autonomia-erkidego batzuetan aitortutako titulazioak, etab. Titulazio baliokideak ere bilera horretan aztertuko dira, eta baliokidetasunak onartuko dira mahaian. Beraz, gutxienez urtean behin eguneratuko dira III. eranskineko titulazioak.
eranskinean adierazitako titulazioren batekiko baliokidetasuna ondoriozta daitekeen titulazio bat baliozkotzeak baliokidetasuna aitortzea ekarriko du.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Agindu hau garatzeko eta betearazteko eskumena ematea.
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen eta jarraibide guztiak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. II. eranskinaren aldaketak.
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio dagokion ebazpena eman dezan, II. eranskinean jasotakoez gain espezialitate eta irakasgai berriak gehitzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, lehenengo xedapen iragankorrean birbaremazio-prozesurako ezarritakoa izan ezik, eta atzeraeraginezko ondorioak izango ditu 2025eko irailaren 1etik aurrera, berariaz xedatutakoaren aurkakoa den guztian.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 11.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (8)
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2023ko azaroaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez seigarren aldiz aldatzen baita agindu hau: Agindua, 2012ko abuztuaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2019ko otsailaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez bosgarrenez aldatzen baita agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duen Agindua.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2017ko apirilaren 11koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan izan daitezkeen aldi baterako irakasle-beharrizanak estaltzeko izangaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duen agindua laugarren aldiz aldatzen duena.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2015eko ekainaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinen bidez hirugarrenez aldatzen baita agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan izan daitezkeen aldi baterako irakasle-beharrizanak estaltzeko izangaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2014ko apirilaren 16koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bitartez bigarrenez aldatzen baita beste agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan izan daitezkeen aldi baterako irakasle-beharrizanak estaltzeko izangaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2013ko apirilaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan irakasleen aldi baterako premiak betetzeko izangaien zerrenda kudeatzeari buruzko araudia onartzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren agindua aldatzen duena.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2012ko urriaren 9koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, irakasleak aldi baterako ordezkatzeko beharrak informatikoki estaltzeko prozedura arautzen da. Prozedura horretan, aldi baterako ordezkapenak esleitzen zaizkie irakasleen ordezkogaiei.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2012ko abuztuaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.