Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2026ko martxoaren 31koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, gizarte-larrialdietarako laguntzak finantzatzeko udalei transferitu beharreko zenbatekoak zehazten dituena, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen Erregelamendua onartzen duen otsailaren 24ko 21/2026 Dekretuaren 36.1 artikulua betez.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila; Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 72
- Hurrenkera-zk.: 1627
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/03/31
- Argitaratze-data: 2026/04/20
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte gaiak; Ogasun; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen helburua honako hau da: pertsonak baztertzeko arriskua prebenitzea, bazterkeria pertsonal, sozial eta laboraleko egoerak arintzea, bizitza duin baten garapena bermatzea, eta baliabide pertsonal, laboral, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenak gizartean erabat sar daitezen sustatzea, eta horien osagaien artean daude Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (aurrerantzean, GLL).
Larrialdiko laguntzaren kontzeptuaren gakoa, hain zuzen ere, une jakin batean (denbora-epe jakin batean) gertatzen den baliabide ekonomikoen gabezia edo eskasia bati erantzuteko beharrizan larria eta premiazkoa da, kanpoko edo gerora sortutako arrazoiengatik. Egoera horiek estaldura behar dute herrialdean dagoen ongizatearekin bat datorren bizitza mantendu ahal izateko. Prestazioen estaldura hori diru-sarrerak bermatzeko errentaren legean ezarritako gehieneko mugarekin ezarriko da.
Ustekabeko gertakari batek eta/edo aldizkako prestazio ekonomikoetatik datozen baliabide ekonomikoen eskasiak eragindako larrialdiko egoera ekonomikoak estaltzea da helburua. Egoera horiek zirkunstantzia jakin batean edo une desberdinetan ager daitezke, pertsonen bizitzako aldietan zehar. GLLak azken baliabide gisa erabiltzen dira diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemaren barruan eta gizarteratzeko, premia larriko estutasunak eta gabeziak ekar ditzaketen egoerak saihesteko.
Laguntza horiek emateari dagokionez, abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 58. artikuluak xedatzen du gizarte-larrialdietarako laguntzak eman aurretik gizarte-zerbitzuek egiaztatu beharko dutela benetako beharrizan pertsonal eta familiarra dagoela.
Era berean, eta abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 138. artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz, gure autonomia-erkidegoko udalei dagokie gizarte-larrialdietarako laguntzak bideratzea, aitortzea eta ordaintzea, zehatzeko ahala erabiltzea, bai eta GLLen onuradunen jarraipena egitea ere; horretarako, aldez aurretik jakin beharko dute zein den haien urteko aurrekontu-muga, betiere aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako berariaz ezarritako guztizko aurrekontu-izendapenen barruan.
Bestalde, abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 57. artikuluak GLL gisa emandako prestazioen zenbatekoak finkatzeko kontuan hartu beharko diren irizpideak zerrendatzen ditu. Zehazki, 1. paragrafoan jasota dago inola ere gainditu ezin izango den mugetako bat. Muga hori, oro har eta aurreikusitako gastu espezifiko bakoitzerako erregelamendu bidez ezartzen diren gehieneko zenbatekoek osatzen dute.
Aurrekoa esanda, adierazi behar da Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 6. artikuluko 3. paragrafoan xedatzen dela gizarteratzea gizarte-babeseko hainbat sistema eta politika publikok partekatzen duten helburu bat dela; horien artean dago Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema, lehen aipatutako helburua lortzen lagunduko duena, dagozkion xedeen eta egitekoen esparruan.
Ildo horretan, abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 6. artikuluko 1. paragrafoan ezartzen denez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren helburua da herritar guztien gizarte-ongizatea sustatzea, beste sistema eta politika publiko batzuekin lankidetzan eta koordinatuta; sistema horren funtsezko helburua, besteak beste, larrialdi-egoerek eragindako premia pertsonalak eta familiarrak prebenitzea eta horiei erantzutea da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak 15.d) artikuluan ezartzen duenez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailari dagozkio ongizatearekin eta gizarte-zerbitzuekin lotutako eginkizunak.
Horrela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, 41.500.000 euroko ordainketa-kreditua du gizarte-larrialdietarako laguntzetarako.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen erregelamenduak programari esleitutako urteko baliabideak banatzeko eta udalei transferitzeko prozedura ezartzen du. Baliabideen banaketa honako printzipio hauetan oinarritzen da:
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, urtero, GLLen zenbatekoak ordaintzeko beharrezko baliabide ekonomikoak egongo dira jasota.
Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak horiek aztertu ondoren, gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan Eusko Jaurlaritzaren sailak irizpideak urtero zehaztuko ditu, beharrizanen adierazleei begira batez ere, finkatzeko nola banatuko den Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko dagoen dirua autonomia-erkidegoko lurralde historikoen eta udalerrien artean.
Erreferentziako irizpideak aplikatzeko, udal bakoitzari dagokion gehieneko aurrekontua finkatuko da, eta horren berri emango da EHAAn urtero argitaratuko den agindu baten bitartez.
Erreferentziako irizpideen aplikazioan oinarrituta, udal bakoitzari dagokion aurrekontu-muga finkatu ondoren, udal bakoitzari esleitutako zenbatekoa transferituko zaio. Transferentziak dekretuan ezarritako maiztasunaren arabera egingo dira.
Eusko Jaurlaritzan aurrekontu-ekitaldia ixten denean, udal bakoitzari dagozkion kopuru guztiak erregulatu beharko dira behin betiko, aurrekontu-ekitaldi horretan laguntzak emateko benetan hartutako ebazpenetan oinarrituta, eta horretarako kontuan hartuz udalek bidalitako dokumentazioa.
GLLetara bideratutako baliabide ekonomikoak Eusko Jaurlaritzak banatu behar dizkie udalei, salbu eta udalek beste prozedura bat adostu badute dagokien foru-aldundiarekin edo mankomunitateen bidez, abenduaren 22ko 14/2022 Legearen seigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz. Lege horrek aukera ematen die diputazioei edo udalaz gaindiko erakundeei laguntzak zuzenean ordaintzeko, udalek partzuergo, mankomunitate edo bestelako formulen bidez partekatutako kudeaketa-formuletara jo badute, edo Aldundiak bere gain hartutako prestaziora jo badute.
Horregatik guztiagatik, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistemaren esparruan, eta Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, gizarte-zerbitzuen esparruan, dituzten eskumenak baliatuz, honako hau
Agindu honen xedea da, 2026ko ekitaldirako, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan (GLL) jasotako gastu espezifiko bakoitzerako oro har eman beharreko gehieneko zenbatekoak ezartzea, eta laguntza horiek ordaintzeko esleitutako kredituak udalerrien artean banatzeko irizpideak adieraztea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzari 2026. urterako dagokion aurrekontu-muga finkatzen da, bai eta agindu honen bidez banatzen den EAEko Aurrekontu Orokorretan esleitutako urteko kredituaren ehunekoa ere.
2026rako, honako hauek dira gizarte-larrialdietarako laguntzen gehieneko zenbatekoak bizikidetza-unitate bakoitzeko (aurrerantzean, BU), aurreko artikuluan aipatutako berariazko gastu bakoitzera bideratuak:
Ohiko etxebizitza edo bizitokia izateko eta mantentzeko beharrezkoak diren gastuak:
Alokairu-gastuengatik:
Errentari bakarreko etxebizitzen kasuan, edo GLL eskatu duen BU bakarrak etxebizitza azpi errentatu badu, hilean 300 euroko laguntza emango da gehienez, eta ezingo du gainditu etxebizitzaren alokairu-prezioaren edo, hala badagokio, azpi errentagatik ordaindutako prezioaren % 70.
Etxebizitza azpi errentatu bada, ez dira bi laguntza baino gehiago onartuko, indarreko araudian xedatutakoarekin koherente izanik, eta bizikidetza-unitateen kopuruarekin zatituko da. Bi bizikidetza-unitaterentzako hilean 150 euro emango da gehienez, eta bien artean ezingo dute gainditu etxebizitzaren alokairu-prezioaren % 80.
Etxebizitza bizikidetza-unitate batek baino gehiagok alokatzen badute, gizarte-larrialdietarako laguntza bakarra emango da, eta gehieneko muga a) idatz-zatian ezarritakoa izango da.
Etxebizitzan ostatu- edo apopilo-kontratupeko jendea badago, gehienez bi eskabide egin ahalko dira, lehen esandakoaren arabera, eta hilean 150 euroko laguntza emango da gehienez.
Legez ezarritako hotel, hotel-apartamentu eta pentsioetako ostatuen kasuan, muga hilean 300 eurokoa izango da. Kasu horretan, bizikidetza-unitatearen muga ez da bi izango; aitzitik, establezimenduan legez onartutako gehieneko gela-kopuruaren araberakoa izango da.
Etxebizitza edo bizitokia erostearen ondorioz gizarte-larrialdiko egoera baino lehen hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuengatik, gehienez 300 euro hilean bizileku bakoitzeko, betiere kredituaren hileko amortizazioaren eta interesen zenbatekoaren % 70 gainditu gabe.
Elektrizitate-, gas- edo etxean erabiltzeko bestelako erregai-hornidurek eragindako energia-gastuengatik, gehienez 1.500 euro urtean etxebizitza bakoitzeko.
«Linea zuria» izenekoaren altzarien eta etxetresna elektrikoen gastuengatik, gehienez 1.850 euro urtean bizileku bakoitzeko.
Etxebizitzako egokitzapen-, konponketa- eta/edo oinarrizko instalazio-gastuengatik, gehienez 1.850 euro urtean etxebizitza bakoitzeko.
Ohiko etxebizitza edo bizitokia izateko eta mantentzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuengatik, gehienez 900 euro urtean etxebizitza bakoitzeko. Kontzeptu horren barruan sartzen dira uraren, zaborraren, estolderiaren eta hiri- eta landa-izaerako ondasun higiezinen gaineko zergaren gastuak, bai eta jabeen erkidegoaren kuotatik eratorritakoak eta etxebizitzaren segurtasunarekin, aseguramenduarekin eta eraikinen ikuskapen teknikoarekin lotutakoak ere.
Etxebizitza berri bat instalatzearekin zerikusia duten aparteko gastuengatik, hala nola, fidantzagatik, horniduretan alta emateagatik, egokitzapenagatik eta beste batzuengatik, gehienez 1.800 euro urtean bizileku bakoitzeko.
Bizikidetza-unitateko kide baten edo gehiagoren lehen mailako premiei dagozkien gastuengatik, hala nola jantziak, hezkuntza eta prestakuntza eta osasun-arreta, sistema publikoek estaltzen ez badituzte, gehienez 2.500 euro urtean.
Urtean 3.000 euro arteko zorpetze-gastuengatik, bizileku bakoitzeko.
Aurreko lerrokadan ezarritakoari kalterik egin gabe, 2.1.a) eta 2.1.b) artikuluetan aipatutako kontzeptuetakoren batengatik sortutako zorpetze-gastuengatiko urteko gehieneko zenbatekoak ezin izango dira, kasu bakoitzean, aipatutako apartatuetan gastu horietarako aurreikusitako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak izan.
Nolanahi ere, GLLak 2.1.a) artikuluan aipatzen diren kontzeptuetan jasotzea (ohiko gozamenerako eta mantenurako edo bizitokirako beharrezkoak diren gastuak) ez da bateragarria Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria (aurrerantzean, EPO) jasotzearekin.
Era berean, 2.1 a) 1 artikuluan aipatzen den kontzeptuan (alokairu-gastuak) GLLak jasotzea bateraezina da Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legean (aurrerantzean EPE) aurreikusitako etxebizitza legez okupatzeko eskubide subjektiboa asetzera bideratutako etxebizitzako prestazio ekonomikoarekin, Gaztelagun Programako etxebizitza alokatzeko laguntzak arautzen dituen Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitako laguntzekin eta 2026ko ekitaldian aurreikusten diren kalteberatasun ekonomiko eta sozialeko egoerei aurre egiteko etxebizitza librearen alokairurako beste laguntza batzuekin.
Eskaera bakoitzari esleitu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, ehuneko bat aplikatuko da, eskatzailearen eta haren bizikidetza-unitateko gainerako kideen diru-sarreren arabera kalkulatua, bai eta unitate hori osatzen duten kideen guztizko kopuruaren arabera ere, artikulu honetan kontzeptu bakoitzerako ezartzen den gehieneko zenbatekoaren gainean, edo benetako gastuaren zenbatekoaren gainean, baldin eta gastu hori kontzeptu bakoitzeko gehieneko zenbateko hori baino txikiagoa bada, gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretuaren 10.2 artikuluan adierazitakoaren arabera. I. eranskinean, gehieneko errenta bermatua eta kontzeptu bakoitzeko gehieneko zenbatekoaren portzentaje aplikagarria kalkulatzeko modua jasotzen da.
Kasu partikular bakoitzean aplika daitekeen zenbatekoa udal eskudunak murriztu beharko du dauden aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta; kasu horretan, eskatzaile guztien eskaerari modu berean erantzuteko udalaren ustez nahikoa den ehuneko negatiboa murriztu beharko da kontzeptu bakoitzarengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa.
Ez dago etxebizitza berean bizi diren bizikidetza-unitateei eman dakiekeen gizarte-larrialdietarako laguntzen gehieneko kopururik, alokairuko gastuak ordaintzeko GLLak eskatzen direnean izan ezik; kasu horretan:
Bi bizikidetza-unitateak edo gehiago bigarren mailarainoko odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko, adopzioko edo familia-harrera iraunkorreko edo adopzio aurreko ahaidetasun-loturen bidez lotuta badaude, bai eta ezkontza-loturaren edo ezkontza-loturaren antzeko loturen bidez lotuta badaude ere, azpierrentamenduaren edo gela-alokairuaren bidez, unitate bakar bat emango da, aurkeztu duten dataren arabera, salbu eta erreferentziako gizarte-zerbitzuak beste zentzuren baten berri ematen badu premia handiagoko arrazoiengatik.
Ahaidetasun-harremanik gabeko bi bizikidetza-unitatek edo gehiagok partekatzen badute, azpierrentamenduaren edo gelaren alokairuaren ondorioz, gehienez unitate biri emango zaie eta aurkeztu duten dataren arabera emango dira, salbu eta erreferentziako gizarte-zerbitzuak beste zentzuren baten berri ematen badu premia handiagoko arrazoiengatik.
Bi bizikidetza-unitate edo gehiago aldi berean koerrentan hartuz gero, gizarte-larrialdietarako laguntza bat emango da. Eskaera bat baino gehiago egonez gero, aurkeztutako dataren arabera ebatziko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztien artean Gizarte Larrialdietarako Laguntzak estaltzeko esleitutako kredituak banatzeko irizpideak, batez ere premia-adierazleen arabera ezarri behar direnak, 2026. urtean finkatuko dira, parametro hauen arabera:
2025eko urriaren 31n udalerrian Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten unitateen kopurua.
2025eko urriaren 31n Lanbiden izena emanda dauden eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarik edo bestelako prestaziorik jasotzen ez duten pertsonen kopurua.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, premia-adierazleei dagokienez, 400 biztanletik beherako udalerri guztiei, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programa gauzatzeko, udalerri horiei guztiei legokiekeen batez besteko zenbatekoaren baliokidea den gutxieneko kopurua bermatzen zaie.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean 41.500.000 euroko ordainketa-kreditua dago gizarte-larrialdietarako laguntzetarako.
Zenbateko osoaren % 89,16 banatuko da, hau da, 37.000.000 euro, agindu honen bidez, EAEko udalerri guztien artean, eta gainerakoa, % 10,84, 4.500.000 euro, ondorengo agindu baten bidez, aurreko ekitaldian kudeatutako zenbatekoen justifikazioak jaso ondoren beren aurrekontuetatik kreditua aurreratu duten udalerrien artean.
Premia-adierazleei buruzko 4. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko udal bakoitzari dagokion Gizarte Larrialdietarako Laguntzen Programa gauzatzeko 2026ko ekitaldirako aurrekontu-mugak ezartzen dira. Muga horiek agindu honen II. eranskinean daude jasota.
Foru-aldundira edo partzuergo, mankomunitate edo gizarte-larrialdietarako laguntzetarako baliabide ekonomikoak banatzeko beste formula batzuen bidez kudeaketa partekaturako formuletara jotzen duten udalen kasuan, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Departamentuari jakinarazi beharko diote, udal bakoitzari esleitutako zenbatekoak udalaz gaindiko erakunde horiei transferitu ahal izateko.
Gizarte larrialdietarako laguntzen erregelamenduan aipatzen den datuen igorpena, Gizarte Zerbitzuei Buruzko Informazioko Euskal Sistema araututa eta martxan ez dagoen bitartean, prestazio horiei buruzko dokumentazioaren euskarri informatikoaren bidez edo, hala badagokio, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailak horretarako zehazten duen moduan igorriko da, datuen edukiei buruzko erregelamenduan aipatutako baldintzak betez.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Agindu honek 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 31.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
I.1. Bermatutako gehieneko errenta kalkulatzeko zenbatekoak.
Bizikidetza-unitate bati dagokion bermatutako gehieneko errenta (BGE) oinarrizko zenbatekoari, bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko banakako osagarriei eta bizikidetza-unitatearen ezaugarriei lotutako osagarriei dagozkien zenbatekoen baturak zehazten du.
2026ko ekitaldirako hilero erreferentziatutako oinarrizko zenbatekoa 583,07 eurokoa da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak ezarritakoaren arabera.
I.2. Kontzeptu bakoitzeko gehieneko zenbatekoaren ehuneko aplikagarria.
Bizikidetza-unitate espezifiko baterako gehieneko zenbatekoaren ehunekoen taula egiteko, nahikoa da 14/2022 Legearen 32., 33. eta 34. artikuluen arabera bizikidetza-unitateari dagokion gehieneko errenta bermatua (GEB) kalkulatzea eta honako formula hau aplikatzea:
BU Urteko diru-sarreren muga, GEBaren arabera eurotan.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)