Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2025eko abenduaren 4koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroaren Gizarte Kontseilua sortzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 247
- Hurrenkera-zk.: 5479
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/12/04
- Argitaratze-data: 2025/12/23
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua
- Azpigaia: Lana eta enplegua
Deskribapenak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroak kalifikazioa jaso zuen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko maiatzaren 12ko ebazpen baten bidez (2022ko uztailaren 29ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen).
Kalifikazioari esker sartu zen Orientazio, Ekintzailetza eta Laguntza Zentroak sortzeko Protokoloan aurreikusten den Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentro Publikoen Sarean (Enplegu eta Lan Gaietarako LXXIX. Konferentzia Sektorialak onartu zuen protokoloa, 2021eko apirilaren 28an egindako LXXIX. bileran).
Kalifikaziorako ebazpenaren seigarren apartatuan ezartzen da Enplegurako Zentroak Gizarte Kontseilua izango duela, plangintzarako eta parte-hartze sozialerako organo moduan, eta horien titularra den administrazioa izango dela burua.
Gizarte Kontseilua sortzen da, batetik, parte hartzeko organo horren osaera eta eginkizunak sortu eta arautzeko asmoz eta, bestetik, arlo sozialak, profesionalak, teknologikoak eta enpresarialak Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza Zentroaren helburuarekin sendoago konektatzeko asmoz. Gizarte Kontseilua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikita egongo da, plangintzarako eta ordezkaritza handiena duten enpresaburu-elkarteen eta sindikatuen parte-hartze sozialerako organo moduan; hiru alderdik osatuko dute eta paritarioa izango da.
Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak 18. artikuluan ezarritakoaren arabera (kide anitzeko organoak arautzen dira artikulu horretan), kontseilua sortzeko arauak organoak sortzen diren saileko titularraren agindua jaso behar du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, hau
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroaren (aurrerantzean «EAEko Enplegurako Zentroa») Gizarte Kontseilua sortzea, baina baita zentroaren eginkizunak, osaera eta jarduteko erregimena arautzea ere.
EAEko Enplegurako Zentroaren Gizarte Kontseilua plangintzarako eta parte-hartze sozialerako hiru aldeko organo paritarioa da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikita dago.
EAEko Enplegurako Zentroaren Gizarte Kontseiluak, bere eginkizunak behar bezala bete ahal izateko. Vitoria-Gasteizen izango du egoitza (Elvira Zulueta kalea 4). Egoitza horretan egingo ditu bilerak eta jarduerak. Hala ere, batzuetan, beste tokiren batean egon daiteke balio osoz eratuta.
Gizarte Kontseiluak eginkizun hauek izango ditu:
Gidalerroak eta jarduketak proposatzea EAEko Enplegurako Zentroaren lanerako urteko programetan.
Zentroaren lanerako urteko programa ezagutzea eta zehazten parte hartzea eta, halaber, programa amaitzean egindako jarraipen txostena ezagutzea eta zehazten parte hartzea.
EAEko Enplegurako Zentroak jardun behar duen arloetako jarduerak suspertzea, batez ere produkzio-sektoreekin duen loturari dagokionez. Horretarako, berrikuntza- eta ebaluazio-proiektuak babestuko ditu eta lortutako emaitzak transferitzeko eta zabaltzeko jarduerak sustatuko ditu.
Enpresekin, instituzioekin, erakundeekin edo entitateekin harremanetan eta kontaktuan egoten laguntzea, zentroaren programa errazago garatu dadin.
Egoki bada, bere antolaketa eta funtzionamenduari buruzko araudia onartzea.
EAEko Enplegurako Zentroaren jardueran plangintzari eta parte-hartze sozialari lotuta datorren beste edozein eginkizun.
Gizarte Kontseilua hiru alderdik osatuko dute eta paritarioa izango da. Kide hauek izango ditu: administrazioaren ordezkariak eta EAEn ordezkaritza handiena duten enpresaburu-elkarteak eta sindikatuak.
Hauek izango dira kide titularrak:
Administrazioaren aldetik:
Eusko Jaurlaritzan enpleguaren eta gizarte-inklusioaren arloan eskumena duen sailburuordea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enpleguaren arloko eskumena duen zuzendaria.
Era berean, hauek izango dira kide titularrak:
Hiru kide, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluan parte hartzen duten sindikatuen ordezkari gisa; horietako bakoitzari kide bana dagokio.
Hiru kide, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluan parte hartzen duten enpresaburu-elkarteen ordezkari gisa.
Alderdi bakoitzaren ordezkari-kopurua eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluan parte hartzen duten sindikatuen kopurua berdinak izatea bermatuko da.
Administrazio Kontseiluan parte hartzen duten sindikatuen kopurua aldatzen bada, kopuru berri horretara egokituko dira administrazioa eta enpresaburu-elkarteak ordezkatzen dituzten kideak, Gizarte Kontseiluaren parekotasunari eusteko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia izango da Gizarte Kontseiluko burua.
Kargua hutsik geratzen bada edo kanpoan edo gaixorik badago, administrazioa ordezkatzen duen titularretako bat izango da kontseiluko burua.
EAEko Enplegurako Zentroaren arduraduna izango da kontseiluko idazkaria; hitza izango du baina ez boto-eskubidea.
Kargua hutsik geratzen bada edo kanpoan edo gaixorik badago, kontseiluburuak aukeratuko du ordezkaria EAEko Enplegurako Zentroko langileen artean.
Gizarte Kontseiluaren osaerak gaitasun, eskumen eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko du.
Hauek dira kontseiluburuari dagozkion eginkizunak:
Gizarte Kontseilua ordezkatzea.
Kontseiluaren bilkuren deialdia ezartzea eta horietako gai-zerrenda finkatzea.
Bilkuretako buru izatea eta eztabaidak moderatzea.
Kontseiluaren akordioen aktak eta ziurtagiriak ontzat ematea.
Berdinketak ebaztea, erabakiak hartze aldera.
Kontseiluak hartu dituen erabakiak betetzen direla bermatzea.
Kontseiluaren funtzionamendu egokirako behar diren bestelako eginkizunak.
Idazkariari honako funtzio hauek dagozkio:
Kontseiluak egiten dituen bilkuretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.
Kontseiluburuak aginduta, bilkuretarako deia egitea eta kontseiluko kideei horren berri ematea.
Kideek Gizarte Kontseiluarekin izandako komunikazio-egintzak jasotzea, bai eta jakinarazpenak, datu-eskariak edo bestelako idazkiak ere, baldin eta kontseiluak horien berri izan behar badu.
Kontseiluaren bilerak prestatzea, eta, kontseiluburuaren oniritziarekin, bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.
Akta-liburua betetzea eta zaintzea.
Hartutako erabakien ziurtagiriak jaulkitzea.
Kontseiluburuak agindutako edo karguari dagozkion bestelako eginkizunak.
Enpleguaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuko ditu Gizarteko Kontseiluko kideak, berez karguaren zioz kide direnak izan ezik.
Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatuen eta enpresaburu-elkarteen ordezkariak erakunde horiek proposatuko dituzte.
Hilabeteko epean izendatu beharko dira, Gizarte Kontseilua sortzeko Agindua EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.
Administrazioak eta sindikatu eta enpresaburu-elkarteek, beren ordezkariez gainera azken horien ordezkoak ere proposatuko dituzte. Enpleguaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuko ditu eta titularrak ez daudenean jardungo dute.
Kontseiluko kideen agintaldia 3 urtekoa izango da, baina agintaldia amaitzen denean berriz aukeratu ahal izango dira. Adierazitako epea igaro ondoren, kideek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, beren ondorengoen izendapenak ondorioak izan arte. Hala ere, izendatu zituenak berak ere ordezkatu ditzake.
Kideak beren karguaren ondorioz badira kide, modu automatikoan utziko diote kide izateari, izendatzeko izandako baldintza galtzen duten unean bertan.
Gizarte Kontseiluko kideen agintaldia kasu hauetan amaitu ahal izango da iraunaldia amaitu aurretik:
Kide izatea eragin duen kargua uzten duenean.
Izendapena egin zuen entitateak proposatzen duenean.
Agintaldia amaitzen denean.
Karguari uko egiten zaionean.
Hiltzen denean edo jarduera gauzatzea ezinezko egiten duen gaixotasunen bat duenean.
Agintaldian zehar kontseiluko kideren batek kargua uzten badu, legitimazioa duten entitateek beste kide bat izendatuko dute kargua utzi duen pertsonaren agintaldia amaitzeko falta den aldirako. Kasu horretan, Gizarte Kontseiluko idazkariari emango diote horren berri.
Gizarte Kontseilua aurrez aurre edo urrutitik bilduko da.
Urrutitik egiten diren bilkuretan, kideak leku desberdinetan egon ahalko dira, baldin eta bitarteko elektronikoen bidez (telefonikoak barne) eta ikus-entzunezkoen bidez behar bezala egiaztatzen bada kideak edo horien ordezkoak nor diren, zer adierazten duten eta adierazpen horiek zein unetan egiten diren. Gainera, horien arteko elkarrekintza edo komunikazioa benetako denboran gertatu behar da, eta bileran bitarteko egokiak izan behar dira.
Gutxienez urtean bitan egingo du ohiko bilkura. Ezohiko bilkurak ere egin ahal izango ditu, baldin eta kontseiluburuak deitzen badu, bere ekimenez edo kontseiluko lau kidek gutxienez proposamen arrazoitua eginda.
Kontseiluburuak gutxienez zazpi egun natural lehenago egingo du bileretarako deia, ezohiko bileren kasuan izan ezik. Azken horietarako deia bi egun baliodunetara laburtu ahal izango da.
Deialdia bitarteko elektronikoen bidez bidaliko zaio kontseiluko kide bakoitzari. Deialdian bilkuren gai-zerrenda eta aztertuko diren gaiei buruzko dokumentazioa erantsiko dira.
Bilkurak lehen edo bigarren deialdian egingo dira, eta bien artean ordu erdiko tartea utziko da.
Kontseilua balio osoz eratuko da: lehenengo deialdian, baldin eta kontseiluburu eta idazkariaz edo horien ordezkoez gain kideen erdiak baino gehiago badaude, eta, bigarren deialdian, horien herena edo gehiago badaude.
Kontseiluaren erabakiak bertaratutako kideen botoen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketarik badago, kontseiluburuaren botoaren bidez ebatziko da.
Ezingo da erabakirik hartu gai-zerrendan sartu ez diren gaiei buruz, salbu eta bilkuran kide guztiak badaude eta gaia premiazkoa dela adierazten bada gehiengoaren aldeko botoarekin, aurreko paragrafoan ezarritako arauari jarraikiz.
Kontseiluburuak, bere ekimenez edo kontseiluko kideren batek eskatuta, bilkuran aztertuko diren gaien zioz behar diren adituak eta zentroko langileak gonbidatu ditzake bilkuretara; horiek hitza izango dute baina ez boto-eskubidea.
Bilkura guztien akta egingo da. Aktetan hauek jasoko dira: nortzuk bertaratu diren, bilkura non eta noiz egin den, aztertu diren gai nagusiak, bozketa egiteko moduak, bozketen emaitzak eta erabakien edukia.
Aktak elektronikoki sinatuko ditu idazkariak, kontseiluburuaren oniritziarekin, eta bertan edo kontseiluaren hurrengo bileran onartuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ordezko araubidea.
Agindu honetan xedatu ez den guztian eta Gizarte Kontseiluak onartzen dituen jarduteko arauetan agertzen ez direnetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz ezarritakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 4a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.