Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko uztailaren 4koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez inprimaki normalizatu elektronikoak ezartzen baitira erreklamazio ekonomiko-administratiboak eta horiei buruzko beste izapide batzuk aurkezteko Euskadiko Ekonomia-Arduralaritzarako Epaitegian.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 147
  • Hurrenkera-zk.: 3471
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/04
  • Argitaratze-data: 2022/08/01

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jarri zenean, arau-egoera berri bat ireki zen administrazio publikoan administrazio digitala sendotzeko. Lege horren 14. artikuluak aitortzen du pertsona fisikoen eskubidea dela baliabide elektronikoak erabili ahal izatea administrazio publikoekiko harremanetan. Pertsona juridikoek eta 14. artikuluko 2. apartatuan zerrendatzen diren gainerako subjektuek, aldiz, nahitaez erabili behar dituzte baliabide elektronikoak.

Bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, teknologia berriak administrazio-jarduera eraginkorrago, gardenago eta eskuragarriago baten zerbitzura jarri nahi ditu.

Testuinguru horretan kokatu behar da Euskadiko Ekonomia-Arduralaritzarako Epaitegiaren funtzionamendua. Euskadiko Ekonomia-Arduralaritzarako Epaitegia/Tribunal Económico-Administrativo de Euskadi sortu eta antolatzeko urtarrilaren 24ko 14/1983 Dekretuaren bidez sortu zen organo hori, eta bere 34. artikuluan zehazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan eskumena duen organo bakarra da dekretu horren 2. artikuluan jasotako errekurtso eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak ebazteko.

Izapideak egoitza elektronikoan egin ahal izateak administrazio-prozeduraren izapidetzea arintzeko eta errazteko balioko du, herritarren mesedetan, eta dinamismo handiagoa emango dio Euskadiko Ekonomia-Arduralaritzarako Epaitegiaren funtzionamenduari.

Azaldutakoari jarraikiz, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura eta egitekoak ezartzeko otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari esleitutako eskumenez baliatuz, hau

Agindu honen xedea da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren arabera izapidetze elektronikora behartuta dauden pertsonek eta beren borondatez izapidetze hori aukeratzen dutenek erreklamazio ekonomiko-administratiboak eta horiei buruzko beste izapide batzuk aurkezteko erabiliko dituzten formatu elektronikoko inprimaki normalizatuak onartzea.

Erreklamazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formulario normalizatuaren bidez, https://www.euskadi.eus/reclamaciones/economico_administrativa/web01-tramite/es (gaztelaniaz) edo https://www.euskadi.eus/erreklamazioa/ekonomiko-administratiboa/web01-tramite/eu (euskaraz).

Baldin eta aurkezpen elektronikoa egitera behartuta dagoen interesdunetako batek beste bitarteko baten bidez aurkezten badu eskabidea, elektronikoki aurkeztuta zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egiten deneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen eguntzat.

Eskabideak aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio- eta sinadura-mekanismoetako edozein erabili ahal izango da.

Erreklamazioak eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Ebazpenak eta administrazio-egintzak bitarteko elektronikoen bidez soilik jakinaraziko dira, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako baldintzetan.

Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragai dagoen jakinarazpen elektronikoetarako sistema erabiliko da. Sistema horrek interesdunei abisuak bidaliko dizkie, eskabidean ager daitezkeen posta eta/edo telefono mugikorreko kontuan jakinarazpenak eskuragarri jarri direla jakinarazteko. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-ondorerik izango, eta, abisurik ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

Jakinarazpenak egintzat joko dira haien edukira sartzen den unean, eta uko egintzat haien edukira sartzen ez bada jakinarazpena eskura jartzen denetik hamar egun natural igarotakoan.

Arazo teknikoengatik ezin bada jakinarazpen elektronikoa bidali, Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako bitartekoen bidez egingo du jakinarazpena.

Prozedura hau izapidetzen den bitartean egin beharreko administrazio-izapide guztiak elektronikoki egin beharko dituzte interesdunek, interesdunaren herritar-karpetan sartuta, zeina Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan baitago eskuragai.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Eskubideak eta bermeak.

Agindu hau aplikatzean, zorrotz beteko dira Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan dauden xedapenak eta informazioaren tratamendu elektronikoa berariaz arautzen duten gainerako arauak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Eredu normalizatuak eguneratzea.

Xedapen honetan araututako prozedurak izapidetzean aplika daitezkeen eredu normalizatuak aldatu ahal izango dira, eguneratuta eta indarreko araudira egokituta mantentzeko.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 4a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik