Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko uztailaren 4koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako funts aurreratuen araubideari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 140
  • Hurrenkera-zk.: 3282
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/04
  • Argitaratze-data: 2022/07/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuak, bigarren atalean, funts aurreratuen araubidea ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, eta diruzaintzaren arloko deszentralizazioa handitzen du.

Dekretu horren 13. artikuluak diruzaintzaren arloan eskumena duen sailari esleitzen dio honako hauek ezartzeko ahalmena: ordainketa-prozedura hau aplikatzeko muga materialak eta denborazkoak, deszentralizazio-maila eta egin beharreko ordainketen bolumena eta izaera. Dekretu horren bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du, halaber, diruzaintzaren arloan eskumena duen sailak baimendu ahal izango duela funts aurreratuen araubidea zabaltzea funtzionamendukoaz bestelako gastuetara, hauek kontuan hartuta: organoaren kokapena, jardueraren izaera berezia, gastuaren deszentralizazioa, zenbateko txikiagoko inbertsioen maiztasuna eta antzeko beste inguruabar batzuk.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2000ko martxoaren 30eko Aginduak garatu zuen Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funts aurreratuen araubideari zegokionez.

Kontuan hartuta, batetik, zenbat denbora igaro den agindua argitaratu zenetik, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeen ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketarako aplikazio berri bat abian jarri dela, araua eguneratu behar da, eta, arau horren ordez, aipatutako dekretua garatuko duen beste agindu bat eman behar da.

Horrenbestez, eta ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz, hau

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailetako eta haren erakunde autonomoetako organo zentral eta periferikoen hasierako funts-hornidura egiteko, aurrekontukoa ez den kontabilitate-agiria («EO») bete beharko da. Agiri horretan, honako hauek agertu beharko dute:

    1. Zorra: 55850000 kontabilitate-kontua_Funts aurreratuen igorpena.

    2. Hirugarrena: funts aurreratuari esleitutako hirugarrenaren kodea.

    3. Zenbatekoa: funts aurreratuarena, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoaren arabera kalkulatua. Zenbatekoa zehaztu ondoren, ekitaldi bakoitzaren hasieran soilik aldatu ahal izango da, aurrekontu berria onartzearen ondorioz sortzen diren aldaketen arabera, eta ekitaldi osoan ezin izango da aldatu.

    4. Kontzeptu laburtua: «Funts aurreratua» izango da beti.

    5. Euskarri-dokumentazioa: eskatutako zenbatekoa zehazteko egindako kalkuluen justifikazioa.

  2. Aurrekontukoak ez diren kontabilitate-agiri horiek kontabilizatu ondoren, funtsak sailetako eta erakunde autonomoetako organo zentral eta periferikoen eskura geratuko dira funts aurreratuen kargurako ordainketak egiteko kontu delegatuetan bakoitzarentzat baimenduta daudenetan.

  1. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran, funts aurreratuak birjarriko dira, aurrekontukoak ez diren agiriak («EO») beteta, aurreko artikuluan adierazten den bezala, salbuespen bakarrarekin: ekitaldi berrirako funts-horniduraren eta aurreko ekitaldiaren itxieran funts aurreratuen kontuak izan duen kontabilitate-saldoaren arteko aldea izango da zenbatekoa.

  2. Aurrekontu-ekitaldian zehar, funts aurreratuen kargurako gastuen bilakaerak hala gomendatzen badu, funts horiek birjarriko dira. Horri dagokionez, sailen eta erakunde autonomoen ardura izango da, funtsak birjartzeko eskatzerakoan, dokumentazioa prestatzeko eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan izapideak egiteko beharrezko epea aurreikustea, funts aurreratuen kontuetan diruzaintza-arazorik egon ez dadin.

    Aurrekontu-ekitaldian zehar funts aurreratuak birjartzeko, gastuak dagokion aurrekontuari egotzi behar zaizkio. Horretarako, funts aurreratuak birjartzeko aurrekontuko kontabilitate-agiria (ADO) sortuko da, honela:

    1. Kontabilitate-espedientea: ez da beteko, kontabilitateko sistema informatikoak esleitutakoa izango da.

    2. Aurrekontu-aplikazioa: Eranskinean, dagozkion aurrekontu-aplikazioetan aldi horretan gastatutako eta ordaindutako guztizkoa banakatuko da, gastuaren izaeraren eta sailen eta erakunde autonomoen egitura organikoaren eta programen arabera.

    3. Kontzeptu laburtua: «Funts aurreratuen birjarpena» izango da beti, eta haren zenbakia adierazi beharko da.

    4. Zenbatekoa: Likidatzen den aldian egindako eta ordaindutako gastuen guztizkoa. Emandako eta abonatutako gastu-aurrerakinak likidatzen direnean joko dira justifikatutzat, eta une horretan egotzi ahal izango zaio gastua aurrekontuari, eta, beraz, haren zenbatekoa birjarri ahal izango da.

    5. Hirugarrenaren kodea: Sail edo erakunde autonomo bakoitzeko organo zentralei eta periferikoei esleitzen zaiena.

    6. Ordaintzeko modua: «T», transferentzia.

    7. Euskarri-dokumentazioa:

      Banku-erakundearen ziurtagiria, non adieraziko baita dagokion kontuan zer saldo dagoen birjarpen-datan, edo banku-kontuaren laburpenaren kopia, data horri dagokion saldoa adierazten dela.

      Banku-liburua, egun horretako saldoa agertzen duena.

      Ziurtagirian edo banku-laburpenean azaltzen den saldoa eta banku-liburuan agertzen dena bat datozela dioen agiria, agindu honen I. eranskin gisa atxiki den ereduaren arabera.

      Kontuaren azterketa, agindu honen II. eranskineko ereduaren arabera.

  3. Irailaren 30eko 211/199 Dekretuaren 18. artikuluan adierazitako kontu-hartzailetzako kontrolaren txostena egin eta aurrekontuko kontabilitate-agiriak (ADO) kontabilizatu ondoren, funtsak birjarriko dira funts aurreratuen kontuetan, kontabilitate-agirian agertzen den zenbatekoan.

  4. Aurrekontu-ekitaldia ixtean, funts aurreratuen kontuen likidazioa egingo da, eta funts aurreratuak birjartzeko eskatuko da, abenduaren 31ra arte sortutako eta ordaindutako gastuen zenbatekoan. Ekitaldian sortu eta abenduaren 31n ordaindu ez diren gastuak hurrengo ekitaldian egin beharreko funts-birjarpenetan izapidetuko dira.

    Abenduaren 31n dauden gerakinak funts aurreratuen kontuetan geratuko dira.

  1. Funts aurreratuen kontuetan sortzen diren interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kontu zentraletara transferituko dira, transferentziaren bidez, banku-erakundeek interesak abonatu eta berehala.

  2. Aurrekontu-ekitaldian sortu diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartu diren interesei dagokienez, «RI» agiria beteko da, eta datu hauek jarriko dira:

    1. Kontabilitate-espedientea: ez da beteko, kontabilitateko sistema informatikoak esleitutakoa izango da.

    2. Aurrekontu-aplikazioa: sailaren edo erakunde autonomoaren 530.00 «Banku-kontu korronteen interesak» kontzeptuari dagokiona.

    3. Kontzeptu laburtua: «......... aldiko banku-interesak» izango da beti. (adierazi dagokion aldia)».

    4. Hirugarrenaren kodea: Sail edo erakunde autonomo bakoitzeko organo zentralei eta periferikoei esleitzen zaiena.

    5. Zenbatekoa: sortutako eta banku-erakundeak abonatutako interesei dagokiena.

    6. Euskarri-dokumentazioa: banku-erakundeak egindako interesen likidazioa.

  3. Ekitaldia ixtean, abenduaren 31n sortutako interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartzen direnean hurrengo ekitaldian, «R» agiri bat beteko da, ixten den ekitaldiaren kargura, eta «MI» agiri bat, hurrengo ekitaldiaren kargura.

Funts aurreratuen kontuetan kargatutako finantza-gastuak funtsak birjartzeko ADOan sartuko dira, eta sailaren edo erakunde autonomoaren 340.99 «Beste finantza-gastu batzuk» kontzeptuari dagokion aurrekontu-aplikazioari egotziko zaizkio.

  1. Sailetako eta erakunde autonomoetako organo zentral eta periferikoek banku-txartel bat eduki ahal izango dute, eta txartel hori erabiliko da eskatutako aurrerakinen zenbateko zehatza eta kutxako funts finkoaren zuzkidura eta ondorengo birjarpenak estaltzeko behar den eskudirua lortzeko.

  2. Hirugarrenentzako ordainketak banku-transferentziaren bidez egingo dira. Transferentziak egiteko, egin nahi diren ordainketa guztiak multzokatuko dira.

    Salbuespen gisa, eta transferentziaren bidez ordaintzea egokia ez denean, diruzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzak baimena eman ahal izango du ordainketak helbideratzeko, ordainketa elektronikoak egiteko edo artikulu honetan aurreikusita ez dagoen edozein ordainketa-modalitate erabiltzeko.

  3. Banku-liburuan agertuko diren mugimendu bakarrak eta, beraz, funts aurreratuen kontuen bidez egin ahal izango diren eragiketa bakarrak, 3. artikuluan aipatzen diren interesen transferentziak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira:

    1. Sarrerak:

      Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiak funts aurreratuak hasieran hornitzea eta birjartzea.

      Gastu-aurrerakinak osorik edo zati batean itzultzea.

      Banku-interesen ondoriozko finantza-sarrerak.

      Salbuespen gisa, ordainketen itzulketengatik banku-erakundeak egiten dituen abonuak azalduko dira.

    2. Ordainketak:

      Hirugarrenei egindako ordainketak.

      Gastuetarako aurrerakinak emateko eta kutxako funts finkoaren hasierako zuzkidurarako eta ondorengo birjarpenetarako ateratako eskudirua.

      Banku-erakundeari eskatutako dibisak (kontrabalioa eurotan), atzerrirako bidaia-gastuetarako aurrerakinak emateko.

      Banku-erakundeek kargatutako finantza-gastuak.

Ordaindu aurretik, ordaintzeko manamenduaren formularioa sortu beharko da, eta, baimendutako pertsonek sinatu ondoren, elektronikoki artxibatuko da kontabilitate-sisteman.

Irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 17. artikuluaren arabera, funts aurreratuen kontuak kudeatzeko ardura duten organoek honako artxibo eta erregistro hauek izan beharko dituzte:

  1. Fakturak eta beste gastu batzuk artxibatzea: fakturak, bidaia-gastuen likidazioak dagozkien ziurtagiriekin batera eta beste egiaztagiri batzuk elektronikoki artxibatuko dira kontabilitate-sisteman.

  2. Gastuen erregistroa: kontabilitate-sistemak egindako eta ordaindutako gastuen erregistro bat emango du aurrekontu-aplikazio bakoitzerako, hori baita oinarria funts aurreratuak birjartzeko arestian adierazitako aurrekontuko kontabilitate-agiriaren (ADO) eranskina betetzeko, honako xehetasun hauekin:

    Gastuaren finantza-agiriaren zenbakia eta data.

    Kreditu-erreserbaren idazpen-zenbakia.

    Deskribapena: gastuaren kontzeptua.

    Hirugarrenaren IFZ.

    Zenbatekoa: eragiketarena.

    Ordainketaren finantza-agiriaren zenbakia eta data.

    Guztizko metatua: egindako azken eragiketara arteko zenbatekoen guztizkoa.

  3. Banku-liburua: kontabilitate-sistemak funts aurreratuen kontuko mugimenduak emango ditu, aurreko artikuluan zerrendatutako eragiketen arabera, xehetasun honekin:

    Banku-eragiketa egin den data. Ordainketen kasuan, banku-erakundeari noiz ematen zaion eragiketa egiteko agindua, edo noiz eskuratzen diren funtsak kutxazainaren edo txekearen bidez. Sarreren kasuan, banku-erakundeak horiek abonatzen dituen data izango da.

    Kontabilitate-sistemak esleitutako finantza-agiriaren zenbakia.

    Transferentzia-zenbakia.

    Deskribapena: zer kontzepturengatik ordaintzen edo sartzen den.

    Zenbatekoa: ordainketarena edo sarrerarena.

    Saldoa.

  4. Aurrerakinen erregistroa: kontabilitate-sistemak erregistro bat emango du, eta erregistro horretan une oro adieraziko ditu emanda, likidatuta eta likidatzeko dauden hau da, fakturen artxiboan eta, beraz, gastuen erregistroan gastu gisa sartzeko dauden gastuetarako aurrerakinak, honako xehetasun honekin:

    Kontabilitate-sistemak aurrerakina emateko esleitutako finantza-agiriaren zenbakia.

    Emandako zenbatekoa eta data: aurrerakina noiz entregatu den. Aurrerakina eskudirutan entregatu ahal izateko, aurrerakina jaso duen pertsonak hartu-agiria sinatu beharko du, eta kontabilitate-sisteman artxibatuko da.

    Aurrerakina ematen zaion pertsonaren identifikazioa; izena, bi abizen eta IFZ.

    Likidazioaren zenbatekoa eta data: noiz likidatu den aurrerakina, eta, beraz, noiz sartu den likidazioa fakturen artxiboan eta gastuen erregistroan.

    Kontabilitate-sistemak aurrerakinaren likidazioari esleitu dion finantza-agiriaren zenbakia.

    Emanda, likidatuta eta likidatzeko dauden aurrerakinen guztizko metatua, une bakoitzean.

  5. Kontabilitate-sistemak zerbitzuagatiko kalte-ordainen erregistro bat emango du, eta honako informazio indibidualizatu hau jasoko du gastu-likidazio bakoitzeko:

    1. Interesdunaren identifikazioa; izena, bi abizen eta IFZ.

    2. Likidazio-data eta kontabilitate-sistemak gastuaren likidazioari esleitu dion finantza-agiriaren zenbakia.

    3. Guztizko zenbatekoa: Likidazioaren guztizko zenbatekoa jasoko du.

    4. Guztizko zenbatekoaren banakapena, gastu-kontzeptuaren arabera, sailkapen honekin:

      Garraiobide propioak: ibilgailu propioa erabiltzeagatiko kilometro-gastuak jasoko ditu.

      Erregai-hornidura edo automobilak kargatzea: ibilgailuen ataleko erregai-horniduragatik edo ibilgailu-bateria kargatzeagatik egindako ordainketak jasoko ditu.

      Autobideko bidesaria.

      Aparkalekua.

      Garraiobide kolektiboak: hegazkina, trenbidea eta bestelakoak.

      Taxia.

      Ostatu-gastuak: egoitza ofizialetik kanpo lo egiten denean, ostatuari eta gosariari dagokion zenbatekoa jasoko du.

      Janari-gastuak eta mantenu-dietak: kontzeptu horiek direla-eta sortutako gastuengatik ordaindutako zenbatekoa jasoko du.

      Beste bidaia-gastu batzuk: aurrekoez bestelako edozein kontzeptu ordaingarri jasoko du.

  6. Transferentzien zerrenda: Kontabilitate-sistemak egin diren ordainketa guztiei buruzko informazioa emango du, aurreko artikuluan adierazitakoaren arabera, transferentzia-agindu bakoitzeko honako xehetasun hauekin:

    Kontabilitate-sistemak esleitutako finantza-agiriaren zenbakia.

    Ordaintzen zaion hirugarrenaren IFZ.

    Hirugarrenaren izen-abizenak edo sozietatearen izena.

    Hirugarrenaren banku-kontuaren IBAN zenbakia.

    Deskribapena: Gastuaren kontzeptua.

    Ordaintzeko zenbatekoa.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Funts aurreratuen araubidea zabaltzea.

    Irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 13. eta 15. artikuluen eta bigarren xedapen gehigarriaren ondorioetarako, funtzionamendu-gastuez gain, aipatutako arauan eta agindu honetan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte, gastu-mota hauek izapidetu ahal izango dira funts aurreratuen sistemaren bidez:

    1. Langileak prestatu eta birziklatzeko gastuak, aurrekontuen I. kapituluari egoztekoak.

    2. Aurrekontuen IV. kapituluari egoztekoak diren gastuak, kontzeptu hauen ondoriozkoak:

      Prestazio ortoprotesikoak.

      Osasun- eta farmazia-laguntzagatiko gastuak itzultzea.

      Espetxeko presoentzako, baldintzapeko askatasunean daudenentzako eta haien senideentzako asistentzia-laguntzak, eta espetxeko presoentzat irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko eta haiei sariak emateko laguntzak.

    3. Banku-erakundeek kobratutako finantza-gastuak, aurrekontuen III. kapituluari egoztekoak.

    4. Aurrekontuen I. eta VI. kapituluei egozteko gastuak, Euskadiren kanpoko ordezkaritzek egindakoak, bai eta ordezkaritza horien kontu delegatuen bidez ordaintzen diren beste gastu batzuk ere, diruzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzak aldez aurretik baimenduta, hala aholkatzen duten inguruabar bereziak kontuan hartuta.

      BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Gastuen gehieneko zenbateko unitarioa funts aurreratuen kargura.

      Irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 15.2 artikuluaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailetako organo zentralek gehienez ere 5.000 euroko gastuei dagozkien ordainketak egin ahal izango dituzte. Muga hori bete beharrez, berez bakarra den gastua ezin izango da hainbat ordainketatan zatitu. Gastutzat hartuko da batera egin daitezkeen antzeko prestazio guztiei dagokiena.

      HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Nahitaez prozedura zentralizatuaren bidez izapidetu behar diren ordainketak.

      Ordainketen prozedura zentralizatuaren arabera izapidetuko dira honako hauek:

    1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren atxikipena duten ordainketak, jasotako fakturan atxikipena adierazita egon zein ez egon.

    2. Balio erantsiaren gaineko zergaren araudiaren arabera subjektu pasiboaren inbertsioa eragiten duten fakturen ordainketak.

    3. Ez-egoiliarrek jaulkitako fakturen ordainketak.

    4. BEZaren kuota kengarriak dituzten fakturen ordainketak, indarrean dagoen zerga-araudiaren arabera, zerga-administrazioaren arloan eskumena duen zuzendaritzak emandako aldeko txosten loteslea dutenak izan ezik, funts aurreratuen bidez ordain daitezen.

Indargabetuta geratzen da 2000ko martxoaren 30eko Agindua, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, zeinaren bidez garatzen baita Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako funts aurreratuen araubideari dagokionez, bai eta agindu honen aurka egiten duen maila bereko edo beheragoko beste edozein arau ere.

Xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 4a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)