Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko ekainaren 8koa, Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko dirulaguntzen 2022ko deialdiko oinarriak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 117
  • Hurrenkera-zk.: 2727
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/08
  • Argitaratze-data: 2022/06/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Abere-ustiategietan dauden Animaliak Babesteko Europako Hitzarmenaren ondorioz (Estrasburgon sinatu zen, 1976ko martxoaren 10ean, Espainiak berretsi zuen eta 1988ko azaroaren 6an jarri zen indarrean), Europako Erkidegoak animalien ongizatearen arloko hainbat xedapen eman ditu.

Ildo horretan, azpimarratzekoak dira Abere-ustiategietan dauden Animaliak Babesteko Europako egin diren zuzentarauak eta horien askotariko etxalde motetarako zabaltzea. Horien artean, Estatuko legedirako transposizio nabarmenena martxoaren 10eko 348/2000 Dekretukoa da Kontseiluaren apirilaren 21eko 441/01 EDaren bidez aldatua, zeinaren barruan sartzen baitira hainbat printzipio, adibidez: estabulazioa, janaria, ura eta zaintza egokiak ematea, animalien behar fisiologiko eta etologikoen arabera, bereganatutako esperientziari eta ezagutza zientifikoari jarraituz. Halaber, animalien zaintzaileek bete beharreko baldintzak jasotzen ditu.

Bestalde, Euskadin, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 35. artikuluan, xedapen arautzaileak ezartzen ziren, bai abere-ustiategien titularrentzat bai haien instalazioentzat, ustiategi horietan dauden animalien ongizatea zaintze aldera.

Era berean, 2020ko maiatzaren 20an, Europako Batzordeak «Baserritik mahaira» estrategia aurkeztu zuen, Europako Itun Berdearen esparruko funtsezko ekimenetakotzat jota. Hemendik 2050era bitartean klima-neutraltasuna lortzen laguntzeko, Estrategiak EBko egungo elikadura-sistema eredu jasangarri baterantz eraman nahi du, eta estrategia horren helburu estrategikoetako bat animalien ongizatea hobetzea da.

Estrategia horren isla da, gainera, kontsumitzailea gero eta sentsibilizatuago dagoela etiketan animalien ongizatearen ziurtagiria duten haragi-produktuak eskatzeari dagokionez.

Europako Batzordeak ziurtagiri horiei buruzko berariazko araurik ez duenez, hainbat ziurtapen-eredu eta -eskema sortu dira, eta WELFAIR zigilua da estatuan zorroztasun- eta exijentzia-maila handienak dituena.

Animalien Ongizatearen Welfair ziurtagiria da Institut de Recerca i Tecnologia Agroalimentàries (IRTA) erakundeak, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearekin (Neiker) lankidetzan, homologatutako ziurtagiri independente bakarra. Ziurtagiri hori Europako erreferentziazko Welfare Quality eta AWIN® ziurtagirietan oinarritzen da eta etxaldeetan, haztegietan eta hiltegietan dauden animalien ongizatearen kalitatea sakon ebaluatzen eta kontrolatzen du, honako espezie hauei dagokienez: behiak, txerriak, ardiak, ahuntzak eta oiloak, oilaskoak, untxiak eta indioilarrak.

Agindu honen xedea honako hau da: aurten abere-ustiategietako zenbait elkarteri edo talderi haien ustiategietarako Welfair ziurtagiria lortzeko ekintzen kostuei aurre egiten laguntzea. Ildo horretan, Agindu honek minimis araubideko laguntza batzuk planteatzen ditu ustiategiek animalien ongizatearen Welfair ziurtagiria lor dezaten laguntzeko eta laguntzek aurrerantzean jarraipena izatea aurreikusten da.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Dirulaguntzen deialdi hau, halaber, jasota dago 2022ko otsailaren 16ko Aginduan, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduak onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa; azken agindu horren bidez onartzen da, hain zuzen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren 2021, 2022 eta 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluarekin bat etorriz.

Laguntza horiek 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Batzordearen Erregelamenduari atxikitzen zaizkio Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa. Horrez gain, honako araudi hauek aplikatuko zaizkie: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Sektore Publikoaren Testu Bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4. artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

Animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko dirulaguntzen 2022ko deialdiko oinarriak onartzea. Agindu honen eranskinean jasota daude oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 8a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARÁNZAZU TAPIA OTAEGUI.

  1. oinarria. Laguntzaren xedea eta helburua.

    Animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko laguntzen 2022ko ekitaldirako deialdia egitea da Agindu honen xedea.

    Laguntza horien helburua honako hau da: animalien ongizatea kontrolatzeko barne-prozedura egin eta ezarri, arduradunei prestakuntza eman eta animalien ongizatearen WELFAIR ziurtagiria eskuratzeko gastuak finantzatzea.

  2. oinarria. Dirulaguntzen izaera.

  1. Dirulaguntzen programa honek publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak bete behar ditu, bai eta dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudiak ezarritakoak ere.

  2. Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa prozeduraren bidez adjudikatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsi zen Testu Bategina).

  3. Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

  4. Programa honi jarraituz emango diren laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubideari atxikita daude.

    Estatu kide bakoitzak enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango 2020, 2021 eta 2022ko ekitaldi fiskaletan.

    Muga hori gaindituz gero, gutxitu egingo da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa: gehiegizko kopurua zenbat, hainbat gutxituko da.

    Minimis laguntzak onuradunari laguntza eman zaiola jakinarazten zaion unean eman direla joko da.

  1. oinarria. Finantzaketa.

    Agindu honetan aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira oso-osorik, eta 400.000,00 euroko aurrekontu-kreditua erabiliko da horretarako.

  2. oinarria. Pertsona onuradunak.

    Banakako ustiategien pertsona fisiko titularrak izan daitezke laguntza hauen onuradun, bai eta egoitza EAEn duten erakunde pribatuak ere, tartean, kooperatibak, enpresak, elkarteak edo nekazaritzako ustiategiak biltzen dituzten bestelako elkarteak. Nolanahi ere, ustiategi guzti-guztien barne-auditoretzako kontrol-prozeduraren ezarpenean operadore-lanak egin behar dituzte, ustiategiok helburu hauek badituzte: animalia-jatorriko elikagaien ekoizpena eta/edo merkaturatzea, azpisektore hauetan: txerriak, erruteko hegazti-hazkuntza, landako oilaskoa, ardi-esnea, ahuntz-esnea, behi-esnea, behi-okela eta untxia.

    Pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeen kasuan, pertsonalitate juridikorik ez badute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 11. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute.

  3. oinarria. Eskakizun orokorrak.

  1. Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako eskakizunak bete behar dira. Izan ere, oinarri honek jasotzen ditu honako hauetan dauden betekizunak: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan. Hauek dira horiek guztiak: Era berean, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean eta Europako, Estatuko eta autonomia-erkidegoko indarreko legerian ezarritako baldintzak bete beharko dira. Hauek dira baldintza horiek:

    1. Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenek edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso dutenek.

    2. Konkurtso-deklarazio borondatezkorik eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hitzarmen batek hartu badu, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

    3. Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera ebatzita ez izatea.

    4. Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo pertsona juridikoen ordezkaritza legala dutenak, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Herri-administrazioen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuren batean sartuta ez egotea edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak ez izatea, bertan ezarritako baldintzetan edo arlo horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudietan ezarritakoetan.

    5. Egunean izatea indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

    6. Egoitza fiskala ez izatea araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

    7. Egunean egotea itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kopuruak ordaintzeko betebeharrari dagokionez, laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Laguntza onuradunei eman eta ordaintzeko, baldintza ezinbestekoa izango da amaituta egotea oraindik ere izapidetan dagoen jada emandako izaera berdineko laguntzen edo dirulaguntzen barnean abian jarri ahal izan den itzultzeko edo zigortzeko prozesu oro. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

    8. Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zigorrik ezarri ez izana.

    9. Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

    10. Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez. Halaber, 2020, 2021 eta 2022 ekitaldi fiskaletan minimis araubideari atxikita eskatu eta/edo lortu diren laguntzei buruzko berariazko adierazpena aurkeztea.

    11. Pertsona juridikoen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritakoa betetzea, hots:

      Eskatzaileak ez izatea zigor- eta administrazio-zehapenik sexu-diskriminazioagatik eta ez izatea galarazita dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.

      Elkarte edo erakunde profesionalak, enpresenak edo bestelakoak izanik, zuzendaritza-organoetako emakumeen eta gizonen kopuruan oreka egotea gutxienez, urriaren 15eko 8/2015 Legearen 7.5 artikuluan ezarritako definizioaren arabera.

      Izaera juridikorik ez duten pertsona fisikoen edo juridikoen taldeetako kideek, onuraduntzat har daitezkeenek, 1. apartatu honetan jasotako betekizunak bete beharko dituzte.

      Gainera, 1. apartatu horretan ezarritako betekizunek eragina izango dute, halaber, zuzendariak edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, lehenagoko enpresa batzuen jarraipena direla ebatzi daitekeen enpresetan, edo horietatik eraldatze, bat-egite edo ondorengotzagatik eratorri direnetan.

  2. Halaber, dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek honako eskakizun hauek bete behar dituzte:

    1. Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

    2. Diruz laguntzekoak diren gastuak 2022. urtean eginak izatea eta ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatu baten barruan kokatzea.

      1. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea.

      1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 8. paragrafoan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

      2. Bete egiten da hauetan xedatutakoa: irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 8. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan.

        1. Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak.

          Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat etorriz. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean

          Hala ere, ahal den neurrian behintzat, eskabideak aurkezteko eta espedientea izapidetzeko bide telematikoa erabiltzea gomendatzen da.

          Bide elektronikoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206902

          Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

        2. Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 1. apartatuko a), b), c) eta d) letretan aurreikusitako gainerako subjektuek bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dute eskabidea.

      3. Eskabideak bide elektronikoz nahiz presentzialez aurkezteko, eskaeretarako inprimaki-eredu normalizatuak erabiliko dira. Eredu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206902

      4. Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko (baita gastua justifikatzeko izapide ere), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera:

        https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

      5. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako agiriak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

        https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206902

      6. Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:

        https://www.euskadi.eus/ordezkariak

      7. Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia oinarri hauen eranskin gisa argitaratu da.

      8. Laguntzen eskatzaile bakoitzak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

        1. Pertsona juridikoek, eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia bana edo pertsona juridikoa legez eta modu baliozkoan eratuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioarena (dagokion erregistroan izena emanda egotearena).

        2. Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentu guztiak egiazkoak direla adierazteko.

        3. Eskabideak ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatua izan beharko du, eta ziurtatu beharreko ustiategiak identifikatu beharko ditu (NUE-Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak identifikatuta).

          Planak gastu hauen zenbatekoak zehaztu beharko ditu: autokontrol-sistema ezartzearenak, sistemaren arduradunari prestakuntza ematearenak, autokontrol-prozedura idaztearenak eta barne-auditoriak egitearenak.

        4. Eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

        5. Izaera juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo juridikoen taldeek eskabidean berariaz adierazi beharko dituzte kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza-zenbatekoa. Era berean, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, taldeari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.

        6. Hala badagokio, Kalitatea erregimenekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

        7. Beharrezkoa bada, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legearen baldintzak betetzen dituztela eta 9.1.A oinarrian aurreikusitako puntuazioa gehitzeko eskubidea ematen dutela egiaztatzen duten agiriak aurkeztea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari.

      9. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu bere IFK, zerga-betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak, pertsona eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe, hark berariaz aurka egiten dionean salbu, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo dokumentua aurkeztu beharko du. Hori guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.

      10. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 8. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.

        Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren dokumentuok, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

      11. Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskaera eta eskatutako agiriak. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

      12. Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

        Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoa betetzeko, eskabidea legez telematikoki aurkeztu behar badu interesdunak baina presentzialki egiten badu, aipatutako eskakizun horri muzin eginda, aurkezteko modua zuzentzeko eskatuko zaio, eta legez ezarritako bide elektronikoak erabiliz egiteko. Eskakizun hori bete ezean, presentzialki aurkeztuko eskabidea ez da baliozkoa edo eraginkorra izango. Elektronikoki aurkezteko jarritako epea da eskabidea aurkezteko epea.

        Ondorio horietarako, baldin eta, zuzentzeko xedez, eskabide elektronikoa aurkezten bada, baina oinarri honetan ezarritako epetik kanpo, aurkeztu gabekotzat joko da eskabide hori.

      13. Edonola ere, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko irizten dituen bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

      14. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

        https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

      1. oinarria. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

      1. Diruz lagundu ahal izango dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera.

        Autokontrol-sistema ezartzearen ondoriozko gastuak:

        Sistemaren arduradunaren prestakuntza.

        Autokontrol-prozedura idaztea.

        Barne-auditoriak egitea:

        Joan-etorrien kostuak.

        Langileen kostuak.

        Welfair ziurtapenaren ondoriozkoak:

        Enpresa ziurtatzailea azpikontratatzea.

        Ziurtapen-eskemaren kuotak.

      2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza zenbait hornitzailerenak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntzaren aurretik ez den egin gastua. Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

      3. Proiektuen gehieneko exekuzio-epea 2022ko abenduaren 31n amaituko da.

      1. oinarria. Laguntzen kudeaketa.

      1. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak du deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

      2. Agindu honi lotuta aurkeztutako laguntza-eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da.

      3. Balorazio Batzordeak hiru kide izango ditu eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako honako kide hauek izango dira: Juan Ramón Puy Pitarque jauna, zerbitzuburua, batzordeko lehendakaria izango da, Gorka Ruiz de Eguino Etxeberria jauna eta Resurrección Abasolo García andrea; azken biak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako teknikariak. Resurrección Abasolo García andrea idazkaria izango da.

        Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

      4. Balorazio Batzordeak, 10. Oinarrian jasotako laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboei jarraituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatuko du.

      5. Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari. Proposamenak agindu honen 10. oinarrian aipatzen den edukia jaso beharko du gutxienez.

      6. Balorazio-batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Horiek arautzen ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

      7. Laguntza emateko prozeduraren ebazpena organo kudeatzailearen titularrak emango du, kasu honetan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak.

      1. oinarria. Zenbatekoa eta esleipen-irizpideak.

        Laguntza lehia-araubidean emango da jasotako eskabide guztietarako. Laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80rainokoa izango da; gehienez 50.000 euro proiektuko.

      1. Esleitzeko irizpideak.

        1. Eskabideak biltzen duen ustiategi-kopuruaren arabera, gehienez 30 puntu:

          1. 10 ustiategi: 8,5 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 1,5 puntu gehiago).

          1. 25 ustiategi: 17 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 3 puntu gehiago).

            >25 ustiategi: 25,5 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 4,5 puntu gehiago).

        2. Taldeak azpisektorean duen pisuaren arabera, gehienez 20 puntu:

          Azpisektoreko ustiategien artean <% 50, 15 puntu.

          Azpisektoreko ustiategien artean % 50 edo >, 20 puntu.

        3. Eskatzaileak Kalitatean parte hartzea (Kalitateak ziurtatutako ustiategiak): 20 puntu.

      2. Laguntzaren zenbatekoa.

        70 puntu dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 80.

      1. 69 puntu dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 70.

        < 40 puntu dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 60.

  3. Dirulaguntzak lehiaren eta zenbateko erabilgarriaren arabera emango dira, eta oinarrietan ezarritako mugaraino esleituko dira, kreditu erabilgarriaren barruan. Laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek eskatutako zenbatekoen batura handiagoa bada deialdiaren aurreikusten den zenbatekoa baino, zenbateko hori onuradunen artean hainbanatuko da, dagokion proportzioan.

    Hala ere, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legearen 15.c) artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunek zenbateko osoa jasoko dute, hainbanatu gabe.

  4. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izango interesdunek eskatutako zenbatekoa baino handiagoa.

  1. oinarria. Prozeduraren ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate- eta errekurtso-prozedura.

  1. Aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak egin duen proposamena ikusirik, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebatziko du eskatutako laguntzak eman ala ez, ebazpen bakar baten bitartez.

    Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hileko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

  2. Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

    1. Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:

      1. Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK.

      2. Diruz lagundutako zenbatekoa.

      3. Aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

      4. Laguntza Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduari, 2013ko abenduaren 18koari, atxikitzen zaiola.

        Izaera juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo juridikoen taldeen kasuan, ebazpenean berariaz adierazi beharko dira kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza-zenbatekoa.

    2. Ezetsitako eskabideei dagokienez:

      1. Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK.

      2. Ezespenaren zergatiak.

      3. Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, baldintzapean emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua ezartzen duen egoera batean egoteagatik.

      4. Lehiaketa-prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazpenaren ondoreetarako, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluko 1. apartatuko b) letrarekin bat, aurreikusitako laguntzen ebazpenaren jakinarazpen indibidualizatuari kalterik egin gabe.

        Hala ere, onuradunei argitalpenaren berri emango zaie Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez:

        https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

      5. Agindua indarrean jartzen denetik sei hilabete igaro, eta ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, eskabideak ezetsi zaizkiela ulertu ahal izango dute interesdunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.9 artikuluan ezarritakoarekin bat.

      6. Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

      7. Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da:

        https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

      1. oinarria Onuradunen betebeharrak.

      1. Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Baldintza horiek baldintza hauek guztiak jasotzen dituzte: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko baldintzak eta laguntza ezberdinen baldintza espezifikoak; hauek dira horiek guztiak:

        1. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

        2. Diruz laguntzen den jarduera egitea 12. oinarrian ezarritako epean.

        3. Zertarako ematen den dirulaguntza, horretarako erabiltzea.

        4. Beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

        5. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

        6. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Europar Batasuneko kontrol-organoei jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

        7. Deialdi honen 5. oinarriko 1.j) apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe, baldin eta beste administrazio batek edo erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen duen beste dirulaguntza edo laguntzarik eskatu eta eskuratzen bada, horren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz, beste laguntza edo dirulaguntza eskuratu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik. Era berean, 2020, 2021 eta 2022ko ekitaldietan minimis araubidera atxikitako bestelako laguntzarik eskatu duen edo ez eta lortu duen edo ez jakinaraztea, baita horien zenbatekoa ere.

        8. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz.

        9. Kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak behar bezala auditatuta izatea, merkataritza-legeriak eskatutako baldintzetan, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako gastu guztietarako kontabilitate-sistema bereizi bat edo kontabilitate-kode egoki bat izatea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

        10. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

        11. Finantzaketa publikoa dela adierazten duen publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.

      2. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango dio horri eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

      1. oinarria. Gastua justifikatzea.

      1. Laguntzen den proiektua gauzatu dela justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan:

        1. Aurkeztutako proiektuan gauzatutako jarduketen justifikazio-memoria, autokontrol-sistemak ezartzeko gastuen, ziurtapen-gastuen eta egindako prestakuntzaren fakturak eta ordainagiri originalak barne hartuta.

        2. Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

        3. Behar izanez gero, dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

      2. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera.

      3. Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea, gehienez, 2023ko urtarrilaren 15era artekoa izango da.

      4. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio. Eskaera horrek arrazoitua izan beharko du.

      1. oinarria. Ordainketa.

      1. Ordainketa egiteko, aurretik eskatu eta gastua justifikatu beharra dago, aurreko oinarrian adierazitako agiriak aurkeztuz.

      2. Ez da laguntzen aurrerakinik edo konturako ordainketarik emango.

      3. Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 13. oinarriaren 1. apartatuan aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere bi hilera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ogasun eta Ekonomia Sailak ordainketa egin dezan.

      4. Proiektua ez bada ezarritako gehieneko epeetan gauzatzen, luzapenak barne hartuta, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira epearen barruan aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute.

      5. Dirulaguntzak ordaintzeko, amaitu egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoak emandako antzeko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozedurak, artean izapideetan daudenak. Prozedura laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntzarekin edo itzultzeko betebeharrarekin burutzen bada, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik, eta laguntza ez da inolaz ere ordainduko.

      6. Administrazioak laguntzen ordainketa egin ahal izateko, onuradunak dagokion hirugarren erregistroan izena emanda egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.

      1. oinarria. Azpikontratazioa.

      1. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikulua eta uztailaren 21eko 887/2016 Errege Dekretuaren 68. artikulua aplikatuz, diruz lagundutako jardueraren gauzatzea onuradun ez diren hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die onuradunak. Proiektua gauzatzeko azpikontratua diruz lagunduko den jardueraren % 60koa izan daiteke gehienez.

      2. Baldin eta hirugarrenei azpikontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoa baino % 20 handiagoa bada, eta, gainera, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

        Kontratua formalizatzeko baimen-eskaera laguntza-eskabidearekin batera aurkeztuko da, eta onartze- edo ukatze-ebazpena, aldiz, aurkezten den egunetik bi hileko epean emango eta jakinaraziko da; epe hori igarota, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabidea onartu dela ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera. Prozeduraren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

      3. Kontratua ezin izango da zatikatu, kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. paragrafoko betekizunak bete beharrik ez izateko.

      4. Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute betebeharrik izango, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

      5. Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean Agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, agindu honen 8. oinarrian adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

      6. Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

        5. oinarrian ezarritako betekizun orokorrak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

        1. Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

        2. Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

        3. Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoak, honako inguruabar hauetan izan ezik:

          1. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana.

          2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ez izatea atxikitako entitateak egindako kostuarena baino handiagoa. Onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza beretan justifikatuta egiaztatuko da kostua.

        4. Deialdi eta programa berean laguntza eskatu duten, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezkoa den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

          1. oinarria. Beste laguntzarik jasotzea eta dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

          1. Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea. Horretarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokitzeko, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

          2. Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren aurrean.

            Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan aldaketa funtsezkoak egiten badira, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena emango du, aldaketa onartuz edo ezeztatuz. Aldaketa onartuz gero, ebazpen horretan bertan, laguntza emateko jatorrizko ebazpena aldatuko da, baldin eta edukiren bat aldatu bada.

            Aldaketak direla-eta ez da inoiz emandako laguntza handituko.

            Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute laguntza emateko ebazpena aldatuko, oinarri honetako 3. zenbakian aurreikusitakoa gertatzeari kalterik egin gabe.

          3. Baldin eta proiektuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

          1. oinarria. Atzera egitea eta uko egitea.

          1. Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

          2. Onuradunek laguntzei uko egin ahal izango diete, laguntza onartu ondoren ere agindu honen 11. oinarriaren 1.c) apartatuan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

            Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

            Aurkeztutako ukoa ez da onartuko, erakunde interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.

          1. oinarria. Ez-betetzeak.

          1. Baldin eta onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak finkatzen duen baldintzaren bat, proiektua ez badute osorik gauzatzen eta horren ondorioz erabat hutsaltzen badute laguntzaren helburua edo dirulaguntzak itzultzera behartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude, laguntzak ematen dituen organo eskudunak, baldintzak ez betetzeagatiko espedientea izapidetu eta interesduna entzun eta gero, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

            Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

          2. Itzulketa-prozedura Administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion, eta interesdunari. Administrazio-arloko arau-hausteak zehazten dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VII. tituluaren III. kapituluan ere.

          1. oinarria. Bateragarritasunak.

            Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak laguntzaren xede den jardueraren kostu errealera gutxituko dira.

            Hala ere, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidearekin bat, onuradun batek ezingo du 200.000 eurotik gorako zenbatekoa jaso 2020., 2021. eta 2022. urteak biltzen dituen aldian, laguntzaren xedea edo helburua eta laguntza ematen duen administrazio-organoa edozein direla ere. Zenbateko hori gaindituz gero, eman beharreko zenbatekoak murriztu egingo dira, baimendutako gehieneko mugaraino.

          2. oinarria. Datuen babesa.

            Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

            Datuen babesari buruzko informazioa lortzeko:

            https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa1-eu.shtml

            ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA

            Laguntzaren eskaera-inprimakia webgune honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206902

            Oinarrizko eduki hau du:

            Eremu generikoak:

            Identifikazio-agiriaren mota.

            NAN zenbakia.

            Izena (pertsona fisikoek soilik).

            Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

            Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

            Sexua (pertsona fisikoek soilik).

            Honako hau ordezkatzen du:

            Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

            IFK zenbakia.

            Telefono finkoa.

            Telefono mugikorra.

            Helbide elektronikoa.

            Lurralde historikoa.

            Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.

            Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

            Abisuak jasotzeko mugikorra.

            Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.

            Honako agiri hauek ditu:

            Eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia bana edo pertsona juridikoa legez eta modu baliozkoan eratuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioarena (esaterako, dagokion erregistroan izena emanda egotearena).

            Ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatua, ziurtatu beharreko ustiategiak identifikatuta (NUE-Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak identifikatuta). Honako gastu hauen zenbatekoak zehaztu beharko ditu: autokontrol-sistema ezartzearenak, sistemaren arduradunari prestakuntza ematearenak, autokontrol-prozedura idaztearenak eta barne-auditoriak egitearenak.

            Agindu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzea adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, hau da:

            Ez dago laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

            Ez du eskatu konkurtso-deklaraziorik; ez dute kaudimengabe deklaratu ezein prozeduratan; ez dago konkurtsoan, non eta konkurtsoan ez den indarrean jarri hitzarmen bat; ez dago esku-hartze judizialaren eraginpean, edo ez dago desgaituta Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

            Ez du administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutelarik.

            Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

            Egoitza fiskala ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako ezein herrialde edo lurraldetan.

            EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean dago/ez dago. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

            Ez dute zehatu, ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin.

            Ez dago Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuetako ezeinen mende. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan (elkarteen kasuan).

            Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruan abiarazi duten itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean sartuta dagoen edo ez.

            Eskatu ditu/Ez ditu eskatu eta Lortu ditu/Ez ditu lortu diruz laguntzekoa den gastu bererako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabide ekonomikoak administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten eskutik. Halaber, 2020, 2021 eta 2022 ekitaldi fiskaletan minimis araubideari atxikita eskatu eta/edo lortu diren laguntzei buruzko berariazko adierazpena aurkeztea. Lortu baditu,

            2020: lortutako zenbatekoa: ............................ eta erakunde deitzailea: ............................

            2021: lortutako zenbatekoa: ............................ eta erakunde deitzailea: ............................

            2022: lortutako zenbatekoa: ............................ eta erakunde deitzailea: ............................

            Pertsona juridikoen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritakoa betetzea. Alegia, hau:

            Eskatzaileak ez du zigor- eta administrazio-zehapenik sexu-diskriminazioagatik eta ez du galarazita dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.

            Elkarte edo erakunde profesionalak, enpresenak edo bestelakoak izanik, zuzendaritza-organoetako emakumeen eta gizonen kopuruan oreka egotea gutxienez, urriaren 15eko 8/2015 Legearen 7.5 artikuluan ezarritako definizioaren arabera.

            1. Zuzendaritza-organoko kideen guztizko kopurua: ...........

            2. Emakume kopurua: ...........

            3. Gizon kopurua: ...........

              1. oinarrian ezarritako puntuazio gehigarria jaso nahi izanez gero, erakunde eskatzailearen titularra edo titularkidea emakumezkoa dela, horren egiaztagiriak aurkeztuta.

                Eskabide honekin batera doazen agiri guztiak egiazkoak direla adierazten du.

                Behar izanez gero, markatu: EZ diot Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari baimenik ematen eskatzailearen NANa eta IFK automatikoki egiaztatzeko, ez eta eskatzaileak zerga-betebeharrak egunean dituela eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiririk ere. Beraz, agiri horiek eskabidearekin batera aurkezten ditut.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik