Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko ekainaren 7koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Euskadiko Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostuak aldi baterako betetzeko prozedura.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 124
  • Hurrenkera-zk.: 2939
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/07
  • Argitaratze-data: 2022/06/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Botere Judizialaren Lege Organikoaren 527. artikuluan, zerbitzu-eginkizunen eta ordezkapenen bidez lanpostu hutsak aldi batez betetzeko aukera jasotzen da, eta, 514. artikuluan, lanpostu huts bati atxikita zerbitzu aktibora aldi batez itzultzekoa.

Arau horren babespean, Justizia Ministerioak abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretua idatzi zuen, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko araudia onartzen duena. Bada, errege-dekretu horrek, 69., 73. eta 74. artikuluetan, zerbitzu aktibora itzultzeari, zerbitzu-eginkizunei eta ordezkapenei buruzko gaiak arautzen ditu.

Martxoaren 26ko 60/1996 Dekretuaren arabera (horren bidez, Eskualdaketetarako Bitariko Batzordearen 1996ko otsailaren 16ko erabakia onartzen da) eta martxoaren 15eko 514/1996 Errege Dekretuaren arabera (Justizia Administrazioko giza baliabideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskadiko Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa), autonomia-erkidego honi dagokio arlo horretako eginkizunak betetzea, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan ezartzen diren baldintzetan.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren organo, zerbitzu edo unitateetan langile-premiak estaltzeko irizpideak ezartzea da agindu honen helburua, funtzionario titularrek edota bitarteko funtzionarioek bete gabeko lanpostu hutsak karrerako funtzionarioek aldi batez betetzeari dagokionez.

Erregulazio honen bidez, prozedura, zerbitzu-eginkizun, ordezkapen eta behin-behineko atxikipen bakoitzak biltzen dituen kasuak gehiago zehazten dira, eta lanpostu horiek esleitzeko lehentasun-irizpide argiagoak ezartzen.

Azaldutakoaren arabera, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua onesten duen apirilaren 12ko Legearen 37. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen denarekin eta Botere Judizialaren Lege Organikoaren 496. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz, sektorean ordezkaritza duten sindikatuekin jorratu zen agindu-proposamena, IV. Akordioa Jarraitu, Interpretatu eta Ebaluatzeko Batzordearen bileran, 2021eko maiatzaren 3an; bilera horretan, bada, ELA, LAB eta CSIF sindikatuen ordezkaritzak akordioa sinatu zuen. CC.OO. sindikatuaren ordezkariek, berriz, ez zuten sinatu,

Justizia Administrazioaren organo, zerbitzu edo unitateetako lanpostuak aldi batez betetzeko prozedura arautzea da agindu honen helburua, baldin eta Euskadiko Autonomia Erkidegoari badagokio lanpostuok kudeatzea, honako prozedura hauen bidez:

Zerbitzu-eginkizuna.

Behin-behineko atxikipena.

Ordezkapen bertikala.

Agindu hau aplikatuko zaie honako kidego hauetakoren bateko karrerako funtzionarioei:

Auzitegi-medikuak.

Kudeaketa prozesal eta administratiboa.

Izapidetze prozesal eta administratiboa.

Laguntza judiziala.

Plazen tipologiaren arabera, prozedura hauen arabera beteko dira lanpostuak:

Zerbitzu-eginkizunak: hutsik dauden lanpostuak.

Behin-behineko atxikipena: hutsik dauden lanpostuak.

Ordezkapen bertikala: lanpostuak hutsik daudenean eta aurreikusten denean lanpostua betetzen duen pertsonaren absentzia 3 hilekoa edo luzeagoa izango dela.

Premiazko arrazoiak direla eta, bitarteko funtzionarioak izendatu ahal izango dira, baina kasu horiek salbuespenezko izaera izango dute zerbitzu-eginkizunei, behin-behineko atxikipenari eta ordezkapen bertikalari dagokienez. Hori gorabehera, hutsik dauden plazak honako ordena honetan esleituko dira, parte-hartzaileek prozedura batean baino gehiagotan parte hartzen badute:

Zerbitzu-eginkizunen eskatzaileak.

Behin-behinean lanera itzultzeko eskatzen dutenak.

Ordezkapen bertikalen eskatzaileak.

Hutsik geratzen bada zerbitzu-eginkizunen, behin-behineko atxikipenen edo ordezkapen bertikalen bidez aldi baterako betetzeko eskainitako lanposturen bat, bitarteko langileak izendatuta beteko da.

  1. Zerbitzu-eginkizunen deialdia egiteko nahiz zerbitzu-eginkizunak emateko, ezinbestekoa izango da zerbitzu publikoaren interes nagusia.

  2. Zerbitzu-eginkizunetan diren funtzionarioek gorde egingo dute beren jatorrizko lanpostua, eta eskubidea izango dute betetzen ari diren lanpostuari dagozkion ordainsari osagarriak jasotzeko.

  3. Bitarteko langileek betetako lanpostu bat hutsik geratzen bada, lanpostu hori betetzen duen bitarteko langileak lanpostu hori betetzen jarraituko du, harik eta erregelamenduz bete arte.

  4. Zerbitzu-eginkizunen deialdietan parte hartu ahal izango dute une horretan duten lanpostuan gutxienez urtebete daramaten karrerako funtzionarioek, funtzionario sartu berrien kasuan izan ezik, horiei ez baitzaie eskatuko epe hori igarotzea hasiera batean esleitutako lanpostuan badaude.

  1. Lanpostua hutsik gertatzen denean edo hori gertatzear dagoenean, Justizia Administrazioko zuzendariak lanpostu horren deialdia egin ahal izango du, zerbitzu-eginkizunen bidez betetzeko 8. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Justizia Administrazioaren kidegoetako langileen artean.

  2. Sindikatuei jakinaraziko zaie deialdia, eta Justiziako Langileen Atarian eta Justiziako webgunean argitaratuko da.

  3. Interesdunek eskabide-ereduaren araberako eskaera bat aurkeztu beharko dute ezartzen diren bitarteko elektronikoen bidez, eta eskatzen diren lanpostuak zerrendatu beharko dituzte, lehentasun-ordenaren arabera.

  4. Eskaerarekin batera, txosten bat ere bidali beharko da, eskatzailea destinatuta dagoen organo, zerbitzu edo unitateko arduradun funtzionalak egina; txostena nahitaezkoa eta ez-loteslea izango da. Arduradunak txostena egiteari uko egiten badio, baiezkoa dela ulertuko da. Txostena ezezkoa bada, entzunaldia emango zaio interesdunari, hiru egun balioduneko epean, alegazioak egin ahal izan ditzan.

    Era berean, beste autonomia-erkidego batean eskualdaketak jasota edo Justizia Ministerioak kudeatutako lurralde-eremuan destinoa duten funtzionarioen kasuan, dagokion zuzendaritza nagusiaren edo organo baliokidearen txostena aurkeztu beharko da.

    Txostenak ezin badira aurkeztu emandako epe horren barruan, nahikoa izango da interesdunak eskatuta dauzkala egiaztatzea, eta, kasu horretan, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak eskatuko ditu txosten horiek.

  5. Interesduna 10.3 artikuluan zerrendatutako kasuren batean badago, eskabidearekin batera kasu bakoitzean egoki diren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

  6. Hiru egun baliodunekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

    Eskabidearekin batera ez bada aurkezten aurreko atalean adierazitako dokumentazioa, hiru egun balioduneko epea emango zaio eskatzaileari dokumentazio hori aurkezteko.

    Epe hori igarota, ulertuko da eskaera ez dela sartzen deialdi honen 10.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

  7. Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, Justiziako Langileen Atarian eta Justiziako web-orrian argitaratuko dira behin-behineko esleipenak. Hiru egun balioduneko epea emango da, argitaratzen denetik aurrera, alegazioak egiteko.

  8. Epe hori igaro eta egindako alegazioak ikusita, Justizia Administrazioko zuzendariak ebazpen bat emango du, behin betiko esleipenak onartzeko. Ebazpen horren berri emango die sindikatuei, eta Justiziako Langileen Atarian eta Justiziako web-orrian argitaratuko da.

  9. Deialdia ebazteko epea hilabetekoa izango da gehienez ere, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Aurreko deialdia ebazten den arte, ezingo da beste deialdirik egin.

  1. Zerbitzu-eginkizunek urtebeteko iraupena izango dute gehienez, baina beste urtebetez luzatu ahal izango dira.

  2. Data hori iritsitakoan edo gehieneko epea, luzapena barne, amaitzear dagoenean, lanpostu horretarako deialdia egin ahal izango da, eta lanpostua betetzen ari den funtzionarioak lehentasunez parte hartu ahal izango du deialdian.

  3. Zerbitzu-eginkizunetan dagoen funtzionarioak lanpostua utzi beharko du lanpostua betetzen denean.

    Bulego Judizial Berria ezarrita ez dagoen organo edo bulegoetan zerbitzu-eginkizunetan pertsona bat baino gehiago badago, lanpostu bat edo gehiago hornikuntza-prozedura arrunt baten bidez betetzen direnean, eskalafoi okerrena duen langileak utziko du zerbitzu-eginkizuna.

  4. Aurreko zenbakietan ezarritakoa gorabehera, kudeatzaile arduradunaren zerbitzu-eginkizunen kasuan, mantendu egingo dira, harik eta Bulego Judizial eta Fiskal Berria ezarri arte.

Zerbitzu-eginkizunetarako eskaintzen diren lanpostuak bete nahi dituzten hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko azken egunean:

Plaza zer kidegori dagokion, kidego horretakoa izatea.

Kidego horretan zerbitzu aktiboan egotea.

Lanpostuen zerrendan lanpostu horretarako ezarritako baldintzak betetzea.

  1. Zerbitzu-eginkizunaren esleipena interesdunak eskabidean ezarritako lehentasun-ordenaren arabera egingo da.

  2. Lanpostu bererako hautagai bat baino gehiago badago, dagokion kidegoko eskalafoian lanpostu onena duenak izango du lehentasuna.

  3. Hala ere, alegatutako egoera behar bezala egiaztatzen bada, honako hauek izango dute lehentasuna (aurreko irizpidearen aurrean) eta ordena honetan:

    Bere ardurapeko adingabe bat babesteko asmoz lekualdaketaren beharra egiaztatzen duen funtzionarioa, baldin eta inguruabar hori ebazpen judizial batetik ondorioztatzen bada.

    Emakumeen aurkako indarkeriaren biktima den emakume funtzionarioa baldin eta zerbitzuak ematen zituen udalerriko lanpostua utzi behar izan badu babes eraginkorra izateko edo gizarte-laguntza integrala eskuratzeko eta terrorismoaren edo mehatxu-terroristen biktima den funtzionarioa.

    Lan-jazarpeneko espediente bat duen funtzionarioa, baldin eta ebazpen-proposamenean lanpostu-aldaketa proposatu bada edo espediente-hasierako Prebentzio Zerbitzuaren ebaluazioan lanpostuz aldatzeko beharra adierazi bada.

    Gaixotasun larria duen funtzionarioa, baldin eta medikuaren txostenak eta Prebentzio Zerbitzuaren balioespenak adierazten badute beharrezkoa duela lanpostuz edo lantokiz aldatzea. Lantokia aldatuta honako hau lortu behar da: gaixo dagoen funtzionarioa lantoki horretan hurbilago egotea Euskadiko Autonomia Erkidegoan bizi den bigarren mailara arteko senide batengandik.

    Mendekotasunaren Legea aplikatzetik ondorioztatutako egoerak, betiere funtzionarioa zaintzaile nagusia bada eta egoki diren gizarte-zerbitzuek txosten baten bidez egiaztatzen badute inguruabar hori.

    Euskadiko Autonomia Erkidegoan bizi den 12 urtetik beherako seme-alaba duen funtzionarioa, baldin eta lanpostua zerbitzu-eginkizunetan hartuta lantokia aldatu eta hartara adingabearen etxetik hurbilago egongo bada.

    Destinoa Euskadiko Autonomia Erkidegotik kanpo duen funtzionarioa, Euskadiko Autonomia Erkidegoan bizi bada edo haren senitartekoren bat Euskadiko Autonomia Erkidegoan bizi bada odolkidetasuneko lehenengo edo bigarren mailako senitartekoa, betiere.

    Beste lurralde historiko batean lan egiten duen funtzionarioa.

    EAEko beste barruti judizial batean lan egiten duen funtzionarioa.

    EAEko beste udalerri batean lan egiten duen funtzionarioa.

    EAEtik kanpo lan egiten duen funtzionarioa.

  4. Egoera horiek alegatu eta behar bezala egiaztatu beharko dira.

  5. Pertsona batek baino gehiagok lanpostu bera eskatu badute eta 3. zenbakian jasotako inguruabarren bat alegatzen badute, inguruabarren hurrenkerari jarraiki ezarriko da lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, mailak eskalafoiak emango du lehentasuna.

  6. Ez da informaziorik emango atal honetan jasotako kasuen arabera lanpostu bat esleitzen zaien funtzionarioei buruz; beraz, esleipendunei zuzenean jakinaraziko zaie zerbitzu-eginkizunetarako izendatu direla eta noiz hasiko diren lanean.

Zerbitzu-eginkizunetako lanpostu bat egokitu eta langileak lanpostu horri uko egiten badio, urtebetean ezingo du beste deialdi batean parte hartu, ukoaren egunetik zenbatzen hasita. Halaber, zerbitzu-eginkizunen erregimenean lanpostu bat hartu eta gero langileak lanpostu horri uko egiten badio, hamazortzi hilabetez ezingo du beste deialdi batean parte hartu, ukoaren egunetik zenbatzen hasita. Bi kasuetan, lanpostu hutsetan bitarteko langileak izendatuko dira, salbu eta lanpostua zerbitzu-eginkizunetan bete zenetik urtebete baino gehiago igaro bada.

  1. Justizia Administrazioko beste kidego batean zerbitzuak emateagatik borondatezko eszedentzia-egoeran dagoen langileak zerbitzu aktibora itzultzea eskatu ahal izango du; horretarako, zerbitzu-eginkizuneko, behin-behineko atxikipeneko eta ordezkapen bertikaleko prozesu batean parte hartu ahal izango du, baldin eta deitutako lanpostuaren baldintzak betetzen baditu.

  2. Hutsik dagoen lanpostua zerbitzu-eginkizunen bidez bete ez denean soilik hartuko dira kontuan zerbitzu aktibora itzultzeko eskaerak.

  3. Eszedentzian dagoen pertsona batek baino gehiagok eskatzen badu plaza bera, lehentasuna izango du plazari dagokion kidegoan luzaroago eman dituenak benetako zerbitzuak. Berdinketa gertatuz gero, antzinatasun handieneko enplegu-eskaintza publikoaren bidez kidegoan funtzionario izendatu den pertsona hartuko da; berdinketak jarraitzen badu, oposizio-fasean puntuazio onena lortu duen pertsona hartuko da, betiere sartzeko txanda berean parte hartu badute, baina, txanda desberdinekoak badira, barne-sustapeneko txandan sartu den horrek izango du lehentasuna.

  1. Hutsik dauden lanpostuak.

  1. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostu batean behin betiko destinoa duen karrerako funtzionario batek bete ahal izango du hutsik dagoen lanpostua ordezkapen bertikalaren bidez. Horretarako, lanpostu-zerrendetan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko ditu, eta bete beharreko lanpostuaren kidegoan sartzeko behar diren tituluak izan beharko ditu.

  2. Lanpostu bererako hautagai bat baino gehiago badago, organo, bulego, zerbitzu edo unitatean destinatuta dagoen funtzionarioak izango du lehentasuna. Halakorik ezean, destinoko zentro berean lan egiten duen funtzionarioak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraitzen badu, honako irizpide hauen arabera ezarriko da lehentasuna, ordena honi jarrikiz:

    Eskainitako plazaren jurisdikzio-ordenan lan egin duen hautagaia.

    Barruti judizial berean lan egiten duen hautagaia.

    Lurralde historiko berean lan egiten duen hautagaia.

    Eskalafoia.

  3. Ordezko izendatutako pertsonak jatorrizko postuari eutsiko dio.

  1. Hutsik ez dauden lanpostuak.

  1. Ordezkapen bertikalaren bidez lanpostu bat bete ahal izango dute Justizia Administrazioko bulego, organo, zerbitzu edo unitate berean behin betiko destinoa duten karrerako funtzionarioek, baldin eta aurreikusten bada plaza betetzen duen pertsonaren absentziak 3 hilabete edo gehiago iraungo duela. Horretarako, lanpostu-zerrendetan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko ditu, eta bete beharreko lanpostuaren kidegoan sartzeko behar diren tituluak izan beharko ditu.

  2. Justizia Administrazioko bulego, organo, zerbitzu edo unitateko arduradunak edo interesdunak egin beharko du eskaera, eta, horrekin batera, bulego, organo, zerbitzu edo unitateko arduradunaren txosten arrazoitua aurkeztu beharko du.

  3. Ordezko izendatutako pertsonak jatorrizko lanpostuari eutsiko dio, eta lanpostua utziko du lanpostuaren titularra lanean hasten denean edo ordezkapena eragin zuen arrazoia amaitzen denean; baina, lanpostua betetzeko beharrak bere horretan jarraitzen badu, ordezkapena egiten duen pertsonak jarraituko du lanpostu horretan.

  4. Ordezkapen bertikalaren bidez betetako lanpostu bat hutsik geratzen bada, lanpostu hori betetzen duen langileak lanpostu hori betetzen jarraituko du, harik eta erregelamenduz bete arte.

  1. Ordezkapenak eskubidea emango dio betetzen ari den lanpostuaren ordainsari osagarriak jasotzeko, eta, horrekin batera, jatorrizko kidegoari dagozkion oinarrizko ordainsariak kobratuko ditu.

    Gainera, titular den lanpostuaren oinarrizko ordainsarien eta betetzen den lanpostuari dagozkion ordainsarien arteko aldearen zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango du.

  2. Ordezko funtzionarioak aldi baterako hutsik uzten duen lanpostua ezingo du ordezko batek bete.

  1. Bake-epaitegien elkarteen bulego judizialen idazkaritzetan, 7.000 biztanletik gorako bake-epaitegien idazkaritzetan eta 7.000 biztanletik beherako bake-epaitegien idazkaritzetan, baldin eta lan-kargak justifikatzen badu, ordezkapenak ordena honen arabera egingo dira, lanpostu hutsen, baimenen, oporren edo lizentzien kasuetan:

    1. Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko funtzionarioa, halakorik balego, destinoko zentro berekoa.

    2. Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko funtzionarioa; betiere, lanposturako ezarritako baldintzak betetzen baditu eta Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko funtzionariorik ez badago.

  2. Ordezkapena aurreko apartatuan ezarritako baldintzetan egin ezin denean, zerbitzu-eginkizunak eman ahal izango zaizkie hurbilen dauden udalerrietako epaitegien idazkaritzen edo idazkaritza-elkarteen titularrei, eginkizunik kendu gabe eta behar den denborarako.

Arau hau indarrean jartzen denean ebazpena jasotzeko zain dauden prozedurak (lanpostuak aldi baterako betetzeko prozedurak) prozeduron deialdia egin zenean indarrean zegoen araudiaren arabera arautuko dira.

Honako xedapen hau indargabetzen da:

Ebazpena, 2012ko urtarrilaren 27koa, Bulego Judizial eta Fiskaleko zuzendariarena, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan hutsik dauden lanpostuak edo titularrak lizentziez nahiz baimenez gozatzeagatik hutsik dauden lanpostuak betetzeko prozedura arautzen duena.

Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 7a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik