Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 18koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, nekazaritza-azpisektorearen dibertsifikaziorako laguntzetarako 2022rako deialdia egiten duena, ekoizpenaren eraldaketari edo kalitateari lotutako berrikuntzaren eremuan, minimis laguntzen erregimenaren pean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 103
  • Hurrenkera-zk.: 2326
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/18
  • Argitaratze-data: 2022/05/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal nekazaritza-sektorearen ezaugarri nabarmenetako bat da ekoizpen-azpisektore askotan dibertsifikatuta dagoela, eta hori, era berean, gure eremu geografiko txikiak iparraldetik hegoaldera duen egiturazko aniztasun agroklimatikoaren ondorioz gertatzen da.

Hala, euskal nekazaritzan, honako azpisektore hauek daude presente: baratzezaintza, frutagintza, zereala, patata, erremolatxa, oleaginosoak, olibadiak eta mahastizaintza; bai eta abeltzaintzako azpisektoreak ere, hala nola esnetarako behiak, haragitarako behiak, ardi-esnea, arrautzetarako eta haragitarako hegaztiak, txerriak, zaldiak, untxiak eta erlezaintza. Horrez gain, basogintzako azpisektore indartsu bat dago, papera eta egurra ekoizteko espezieen landaketei lotua.

Aniztasun horren ondorioz, eta azpisektoreren batek izan ditzakeen koiuntura ekonomiko txarrak gorabehera, EAEko BPGd-ari ekarpen makroekonomiko orekatua eta egonkorra egiten zaio.

Hala ere, gure nekazaritzako ikerketa- eta berrikuntza-zentroak ekoizpen-nitxo oso berritzaileak eta errentagarritasun onak izan ditzaketenak detektatzen ari dira, Sail honi hiru helburu estrategiko lortzen laguntzen diotenak:

Gure herrialdean elikagaiak eraldatzeko eta merkaturatzeko egitura berriak finka daitezen ahalbidetzea.

Elikagaiak kalitate ziurtatuko erregimenen pean ekoizteko dugun politika indartzea.

Ekintzaile gazteak nekazaritza-sektorean sartzeko ekoizpen-aukera berriak ematea, sektore hori gaztetze aldera.

Ildo horretan, agindu honek minimis erregimenaren peko laguntzak planteatzen ditu, berrikuntzarekin, kalitatearekin edo eraldaketarekin lotutako ekoizpen-nitxo berritzaile horietan sartzearen aldeko apustua egiten duten edo haietan jada presente dauden ekintzaileei laguntzeko, eta asmoa da aurrerantzean ere laguntzei eustea.

Agindu honen bidez, aurten, laguntzak emango zaizkie beren ekoizpen osoa edo ekoizpenaren zati bat jarraian zehazten diren azpisektoreetan edo nitxoetan inskribatzen duten ustiategi-titularrei: lupulua, barietate jakin batzuetako ogitarako zerealak, fruitu lehorreko zuhaitzak (intxaurrondoa eta hurritza), ahuntz-esnea, mahaiko fruten plantazioak, ureztapen bidezko baratzezaintza estentsiboa, malko-ilarra, trufa, endurance zaldiak, eta gizakiak edo animaliak elikatzeko hotzeko prentsaketako oleaginosoak.

Deialdiak aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean.

Dirulaguntzen deialdi hau, halaber, jasota dago 2022ko otsailaren 16ko Aginduan, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduak onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa; azken agindu horren bidez onartzen da, hain zuzen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren 2021, 2022 eta 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluarekin bat etorriz.

Laguntzak honako hauen babesean emango dira: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 Erregelamendua (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektorerako minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa; eta Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 2019/316 Erregelamendua (EB), zeinaren bidez aldatu egiten baita 1408/2013 Erregelamendua (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektorerako minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa. Era berean, aplikatzekoak dira honako hauek ere: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; 8/2015 Legea, urriaren 15ekoa, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzkoa; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

Eta, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute),

Honako hau

Lehenengoa. Laguntzaren xedea.

Ekoizpen-azpisektore hauetako ustiategientzako 2022ko laguntzak iragartzea: lupulua, ogitarako zerealak, fruitu lehorrak (intxaurrondoa eta hurritza), ahuntz-esnea, mahaiko frutak, ureztapen bidezko baratzezaintza estentsiboa, ilar-malkoa, trufa, endurance zaldiak, eta gizakiak edo animaliak elikatzeko hotzeko prentsaketako oleaginosoak. Laguntzen helburua da berrikuntzarekin eta kalitatearekin lotutako nekazaritza-nitxo berriak abian jartzea, eta, era berean, euskal nekazaritza-sektorea eraldatzeko eta gaztetzeko prozesuak bultzatzea.

Bigarrena. Finantzaketa.

  1. Agindu honen babesean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura 2022ko ekitaldian eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoa 500.000 euro da, eta honela banatuko da ustiategien artean:

    1. Lupulu-ustiategiak: 40.000 euro.

    2. Ogitarako zerealen ustiategiak: 20.000 euro.

    3. Fruitu lehorren ustiategiak (intxaurrondoak eta hurritzak): 60.000 euro.

    4. Ahuntz-esnearen ustiategiak: 80.000 euro.

    5. Mahaiko fruten ustiategiak: 60.000 euro.

    6. Baratzezaintza estentsiboko ustiategiak: 60.000 euro.

    7. Malko-ilarraren ustiategiak: 60.000 euro.

    8. Trufa-ustiategiak: 70.000 euro.

    9. Endurance zaldien ustiategiak: 20.000 euro.

    10. Gizakiak edo animaliak elikatzeko oleaginosoen ustiategiak: 30.000 euro.

  2. Baldin eta azpisektore jakin baterako nahikoa eskaririk ez badago aurreko atalean adierazitako diru-esleipenak estaltzeko, sobera gelditzen diren zenbatekoak aurrekontu-premian dauden sektoreei esleitu ahal izango zaizkie, beren eskaerak betetzeko. Soberazko kreditu-gerakin guztiak azpisektore defizitarioei esleituko zaizkie, azpisektore defizitarioen espediente kopuruaren arabera, handienetik txikienera.

  3. Dirulaguntza jasotzeko eskubidea duten onuradunen kopuruak gainditu egiten badu aurreikusitako finantzaketaren zenbateko osoa, 4. apartatuko bosgarren xedapenari jarraituko zaio.

    Hirugarrena. Onuradunak.

  1. Laguntza hauen onuradun izan ahalko dira eskabidea egiteko unean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko betekizunak eta honako betekizun orokor hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ustiategi baten titularra izatea, edo sektorean sartzeko prozesuan egotea Gaztenek programaren barruan (onetsitako proiektua).

    2. Ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.

    3. Abereen osasunari, higieneari, ongizateari eta trazabilitateari buruzko indarreko arauak betetzea, eta zigorrik jaso ez izana arlo horietan beraietan deialdi honen aurretiko azken hiru urteetan.

    4. Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduak izatea.

    5. Minimis erregimenean 20.000 euroko laguntzarik jaso ez izana, edozein kontzeptutan, deialdi honen aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta abian den ekitaldi fiskalean.

    6. Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez. Halakorik eskatu edo eskuratu bada, laguntza eman duen entitatea zein den eta zenbateko laguntza jaso den jakinarazi beharko da.

      Era berean, jakinarazpen horrekin batera berariazko adierazpen bat aurkeztu beharko da aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta abian den ekitaldian jasotako gainerako minimis laguntzei dagokienez. Betekizun horiek bete beharko dira bai onuradun izateko eta bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.

  2. Ezingo dira laguntza hauen onuradun izan:

    1. Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen ebazpen edo epai irmo batekin zigortuta edo kondenatuta daudenak; prebarikazioagatik, eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eragiltzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzurrengatik, legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik zigortuta edo kondenatuta daudenak; eta laguntza jasotzeko legezko debekuren bat dutenak, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

    2. Konkurtso-deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak edo konkurtsoan deklaratuta egon direnak, (salbu eta horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen menpe daudenak, edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa sailkatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoela.

    3. Kausaren batean errudun deklaratuak izateagatik Administrazioarekin egindako kontratu bat suntsiaraztea eragin dutenak.

    4. Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean daudenak (pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak nahiz beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak), edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat dutenak, lege horietan ezarritakoaren arabera.

    5. Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

    6. Berreskuratze-agindu baten mende daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

  3. Gorago adierazitako baldintza orokorrez gain, baldintza espezifiko hauek ere bete beharko dira:

    1. Lupulua hazten duten ustiategien titularrei dagokienez:

      Behar bezala erregistratutako lupulu-ekoizleen elkarte bateko kide izatea.

      2022an gutxienez 0,15 hektarea lupulu haztea.

      Ustiategia ekoizpen merkaturagarrian badago:

      Batzordearen 2006ko abenduaren 14ko 1850/2006 (EE) Erregelamenduaren arabera ziurtatuta egotea ekoizpena.

      Garagardoa ekoizteko, ekoizpena Euskal Garagardo Elkarteko egileei komertzializatzea.

      Beste ekoizpen batzuetarako, ekoizpena EAEko operadoreei jartzea lehentasunez.

    2. Ogitarako zerealak hazten dituzten ustiategien titularrei dagokienez:

      2021. urtean (2021/2022 kanpaina) gutxienez 20 hektarea zereal erein izana, ogitarako espezie eta barietate hauetakoren batenak: garia (Espelta, Soissons, Rebelde edo Filon barietateak) eta zekalea (ogitarako edozein barietate).

      Basque Label Okindegiak Elkarteko kide izatea eta Arabako Aleak markaren ekoizle gisa inskribatuta egotea Hazi Fundazioaren erregistroetan.

      Ekoizpena Euskal Ogia egiteko merkaturatzea.

    3. Fruitu lehorreko zuhaitzen (intxaurrondoak eta hurritzak) ustiategien titularrei dagokienez:

      2022. urtean gutxienez hektarea bat intxaurrondo edo hurritz landatzea.

      Ekoizpen ekologikoaren ziurtagiriaren pean edo 4.0 nekazaritzari lotutako aholkularitza egiaztatuaren bidez laboratzea (fertiirrigazioa; tantakako edo mikroaspertsio bidezko ureztapena, hala badagokio; lurzoruen analisia; ongarritze selektiboa, eta abar).

      Ekoizpenean egonez gero, fruituak ustiategian ontziratzea edo enpresa eraldatzailearekin kontratua izatea.

    4. Ahuntz-esnearen ustiategien titularrei dagokienez:

      Ustiategia Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea.

      Behar bezala erregistratutako ahuntz-ekoizleen elkarte bateko kide izatea.

      2022. urtean gutxienez jezteko 50 ahuntz-buru izatea.

      Esnearen errendimendu- eta kalitate-kontrolak egitea EAEn erregistratutako aholkularitza-zentro baten bidez, eta erreferentziako laborategi baten ziurtagiria izatea.

      Esnea ustiategian eraldatzea, artisau-gazta, gazta ekologikoa edo Label Gaztaberri markako gazta ekoizteko, edota esne-ekoizle gisa erregistratuta egotea Label Gaztaberri gazta ekoizteko.

    5. Mahaiko fruten plantazioak dituzten ustiategien titularrei dagokienez:

      2022. urtean mahaiko barietateen fruta-arbolen hektarea bat landatzea gutxienez.

      Mahaiko fruten ekoizleen elkarteren bateko kide edo merkaturatze bateratuko elkarteren bateko kide izatea.

    6. Ureztapen bidezko baratzezaintza estentsiboa egiten duten ustiategien titularrei dagokienez:

      2022. urtean gutxienez hektarea berri bat lantzea baratze-labore hauetako baten ustiategian: azenarioa, porrua, tipula, mahaiko erremolatxa, brokolia, ziazerba, Brassica espezieak, uraza, eskarola, edo giza kontsumo freskorako proteaginosoak. Ez dira sartzen giza kontsumorako hazi lehorreko proteaginosoak, hazi lehorreko irina, eta ereiteko eta kontsumorako patata.

      Ureztatzaileen elkarte baten kontzesio batetik datorren ureztapena erabiltzea laborantzarako.

      Ekoizpena merkaturatzea.

    7. Malko-ilarra (Pisum sativa) hazten duten ustiategien titularrei dagokienez:

      2021-2022ko kanpainan gutxienez 3.000 m2 malko-ilar haztea.

      Pisum sativaren Principe Alberto eta Maravilla barietateetako bat haztea.

      Ekoizpenaren % 50 EAEn kokatutako jatetxeei edo jatetxe-jabeei merkaturatzea.

    8. Trufa hazten duten ustiategien titularrei dagokienez:

      2022an gutxienez 0,5 hektarea berri lantzea ustiategian:

      Arabako Boilurra Kooperatiba Elkarteko kide izatea edo ekoizpena elkarte horren bidez merkaturatzea.

      Tuber melanosporum vitt onddoarekin mikorrizatutako arte edo haritz bidez haztea trufa.

    9. Endurance zaldiak dituzten ustiategien titularrei dagokienez:

      Ustiategia Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea.

      2022an endurance edo raid genotipoko 3 behor eta 10 moxal erostea/ezartzea gutxienez.

      Gutxienez 5 hektareako dimentsioa izatea.

      Abeltzaintza-jarduera errentarako edo ekoizpenerako beste abeltzaintza-jarduera batekin osatzea.

    10. Gizakiak edo animaliak elikatzeko oleaginosoak hazten dituzten ustiategien titularrei dagokienez:

      2022an gutxienez hektarea berri bat koltza, liho edo ekilore haztea erabilera industrialetarako (hotzeko prentsaketa, findu gabe).

      Uztaren salmentaren % 50, gutxienez, animalien elikadurara bideratzea, eta % 30, gutxienez, giza kontsumora.

      Laugarrena. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak eta gauzatze-epea.

      Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

      Zehazki, honako gastu hauek lagun daitezke diruz:

      1. Lupulu-ustiategietarako, ekitaldirako aurkeztutako laborantza-azalera.

      2. Ogitarako zerealen ustiategietarako, kanpainan aurkeztutako laborantza-azalera.

      3. Fruitu lehorreko zuhaitzen ustiategietarako (intxaurrondoak edo hurritzak), ekitaldirako aurkeztutako laborantza-azalera.

      4. Ahuntz-esnearen ustiategietarako, ekitaldirako aurkeztutako ustiategiko jezteko abereen kopurua.

      5. Mahaiko fruten ustiategietarako, ekitaldian landatutako laborantza-azalera berria.

      6. Ureztapen bidezko baratzezaintza estentsiboko ustiategietarako, ekitaldirako aurkeztutako laborantza-azalera berria.

      7. Ogitarako zerealen ustiategietarako, kanpainan aurkeztutako laborantza-azalera.

      8. Trufa-ustiategietarako, ekitaldirako aurkeztutako ereinaldi berriko laborantza-azalera.

      9. Endurance zaldien ustiategietarako, ekitaldian erositako animaliak.

      10. Gizakiak elikatzeko oleaginosoen ustiategietarako, ekitaldirako aurkeztutako ereinaldi berriko laborantza-azalera.

        Bosgarrena. Laguntzen ezaugarriak eta esleitzeko prozedura.

      1. Programari dagozkion laguntzak erregelamendu hauetan ezarritako minimis erregimenaren pean emango dira: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 Erregelamendua (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektorerako minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa, eta Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 2019/316 Erregelamendua (EB), zeinaren bidez aldatu egiten baita 1408/2013 Erregelamendua (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektorerako minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa.

      2. Estatu kide bakoitzak gehienez ere 20.000 euroko minimis laguntza emango dio enpresa bakar bati hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan.

        Muga hori gaindituz gero, gutxitu egingo da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa: gehiegizko kopurua zenbat, hainbat gutxituko da.

      3. Minimis laguntzak emandakotzat joko dira onuradunari jakinarazten zaionean laguntza eman zaiola.

      4. Dirulaguntzak lehiaren eta zenbateko erabilgarriaren arabera emango dira, eta oinarrietan ezarritako mugaraino esleituko dira, kreditu erabilgarriaren barruan. Laguntzak jasotzeko betekizunak betetzen dituztenek eskatutako zenbatekoen batura handiagoa bada deialdiaren lerro bakoitzaren zenbatekoa baino, zenbateko hori onuradunen artean hainbanatuko da, dagokion proportzioan. Alabaina, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Lege Orokorraren 15. artikuluarekin bat etorriz, jarraian zehazten diren ustiategiek zenbateko osoa jasoko dute, hainbanatu gabe, aurrekontu-partida amaitzen bada ere: emakume baten titulartasuna duten ustiategiak; titulartasun partekatua duten ustiategiak; edo pertsona juridiko baten titulartasuna duten ustiategiak, baldin eta emakumeen esku dauden partaidetza sozialak edo emakumeen ehunekoa gutxienez % 50 bada, bazkideak bi diren kasuan, edo gutxienez orekatua bada, gainerako kasuetan.

        Seigarrena. Laguntzen zenbatekoa, esleipen-irizpideak eta bateragarritasuna.

      1. Laguntzen zenbatekoak ezingo du gainditu onuradun bakoitzeko eta diruz lagundu daitekeen lerro bakoitzeko 7.000,00 euroko gehieneko zenbatekoa, betiere 3.1.e) eta 5.2 xedapenei jarraituz.

      2. Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da:

        1. Lupulu-ustiategien titularren kasuan, onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa laborantza-azaleran oinarrituta barematuko da, tarte hauen arabera:

          0,15 ha-tik 0,50 ha-ra: 5.000 euro.

          > 0,50 ha-tik 1 ha-ra: 6.000 euro.

          > 1 ha: 7.000 euro.

        2. Ogitarako zerealen ustiategien titularren kasuan, onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa laborantza-azaleran oinarrituta barematuko da, tarte hauen arabera:

          30 ha-raino: 6.000 euro.

          > 30 ha: 7.000 euro.

        3. Fruitu lehorreko zuhaitzen (intxaurrondoak eta hurritzak) ustiategien titularren kasuan, onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa labore-azaleran oinarrituta barematuko da, tarte hauen arabera:

          1 ha-tik 2 ha-ra: 5.000 euro.

          > 2 ha-tik 3 ha-ra: 6.000 euro.

          > 3 ha: 7.000 euro.

        4. Ahuntz-esnearen ustiategietako titularren kasuan, jezteko abereen kopuruaren arabera barematuko da onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa:

          50 eta 100 buru artean: 5.000 euro.

          101 eta 200 buru artean: 6.000 euro.

          > 200 buru: 7.000 euro.

        5. Mahaiko fruten ustiategien titularren kasuan, onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa laborantza-azaleran oinarrituta barematuko da, tarte hauen arabera:

          1 ha-tik 2 ha-ra: 5.000 euro.

          > 2 ha-tik 3 ha-ra: 6.000 euro.

          > 3 ha: 7.000 euro.

        6. Ureztapen bidezko baratzezaintza estentsiboko ustiategien titularren kasuan, onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa laborantza-azaleran oinarrituta barematuko da, tarte hauen arabera:

          1 ha-tik 2 ha-ra: 5.000 euro.

          > 2 ha-tik 4 ha-ra: 6.000 euro.

          > 4 ha: 7.000 euro.

        7. Malko-ilarraren ustiategien titularren kasuan, onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa laborantza-azaleran oinarrituta barematuko da, tarte hauen arabera:

          000 eta 5.000 m2 artean: 6.000 euro.

          > 5.000 m2: 7.000 euro.

        8. Trufa-ustiategien titularren kasuan, onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa laborantza-azaleran oinarrituta barematuko da, tarte hauen arabera:

          0,5 a-tik 2 ha-ra: 6.000 euro.

          > 2 ha: 7.000 euro.

        9. Endurance zaldien ustiategien titularren kasuan, erositako animalien kopuruaren arabera barematuko da onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa (gutxieneko betekizunak errespetatuz):

          10 eta 15 buru artean: 6.000 euro.

          > 15 buru: 7.000 euro.

        10. Elikadurarako oleaginosoen ustiategien titularren kasuan, ekitaldian aurkeztutako laborantza-azalera berrian oinarrituta barematuko da onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa, tarte hauen arabera:

          1 ha-tik 2 ha-ra: 5.000 euro.

          > 2 ha-tik 4 ha-ra: 6.000 euro.

          > 4 ha: 7.000 euro.

      3. Dirulaguntzaren zenbatekoak ezingo du onuradunaren jardueraren kostua inola ere gainditu, nazioko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera.

      4. Laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek helburu berarekin ematen dituztenekin, baldin eta guztien artean diruz lagundutako jarduera gainfinantzatzen ez bada. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak murriztu egingo dira, laguntzaren xede den jardueraren kostu errealaren pare jartzeko. Hala ere, bat etorriz Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 2019/316 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidearekin eta 1408/2013 Erregelamendua (EB) aldatzen duen 2019ko otsailaren 21eko Batzordearen 2019/316 (EB) Erregelamenduarekin, onuradun batek ezingo du 20.000 eurotik gorako zenbatekorik jaso hiru urteko aldian, laguntzaren helburua nahiz laguntza ematen duen organoa edozein delarik ere.

        Zazpigarrena. Eskabideak eta dokumentazioa.

      1. Eskabideak aurkezteko epea bi hilekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

      2. Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluarekin, pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, bai eta ondorengo izapideak egin ere. Pertsona fisikoek hala aurrez aurre nola elektronikoki aurkez ditzakete eskabideak.

        Aurrez aurre: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkez daitezke (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean. Eskabideak Zuzenean zerbitzuan aurkezteko, ezinbestekoa izango da aurretik ordua hartzea, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean.

        Elektronikoki: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere aurkez daitezke (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206802).

        Helbide horretan, eskuragarri egongo dira bai eskabide-formularioa, bai eskabideak aurrez aurre nahiz telematikoki aurkezten eta justifikatzen laguntzeko informazioa ere.

      3. Helbide honetan ikus daiteke identifikaziorako eta sinadura elektronikoreko zein bitarteko onartzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

        https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

      4. Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/. Beste pertsona bati ordezkaritza-ahalmena eman behar bazaio jardun dezan, ordezkaritza hori justifikatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

      5. Izapidetze elektronikoaren kasuan, eskabidea aurkeztu ondoko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko 玁ire karpeta atalaren bidez egin eta jakinaraziko dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

      6. Eskatzaileak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango ditu eskabidea eta dokumentuak, aukeran. Era berean, prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

      7. Emandako datuak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

        Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Zerbitzuen zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta zuzendaritza horretan gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

        Helbide honetan eskura daiteke datuen babesari buruzko informazio gehiago:

        https://www.euskadi.eus/datu-babesa

        Zortzigarrena. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

      1. Eskabide guztiekin batera, dokumentu hauek aurkeztuko dira nahitaez, entitate eskatzailearen eta gauzatuko den jardueraren ezaugarriekin bat etorriz:

      2. Dokumentazioa:

        1. Ustiategien erregistroan eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan (ahuntz-esnearen ustiategiak) izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

        2. Ustiategi asoziatiboen kasuan, entitatearen IFKren kopia (ustiategiaren titularraren edo titularkidearen NANa aurkezten bada, automatikoki egiaztatuko da, ebazpen-zati honetako 3. apartatuan adierazten den moduan). Halaber, bazkideen kopurua adierazi beharko da, gizonen eta emakumeen banaketarekin batera, bai eta emakumeen esku dauden partaidetza sozialen ehunekoa ere.

        3. Hirugarrenen Erregistroan alta eman izanaren ziurtagiria (helbide honetan eman behar da alta: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak).

        4. Abeltzaintza-erroldaren edo ustiategi eskatzaileari atxikitako azaleraren ziurtagiria.

        5. Hala badagokio, hirugarren ebazpen-zatiko 3. apartatuko betekizun espezifikoen arabera elkartuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

        6. Hektarea berriak landu edo landatzeko, eskatzen diren barietate eta laboreak erabiltzeko, animaliak erosteko eta ureztapena erabiltzeko orduan hirugarren ebazpen-zatiko 3. apartatuko betekizun espezifikoei jarraitzen zaiela egiaztatzen edo ziurtatzen duten agiriak.

        7. Eraldaketa- eta merkaturatze-baldintzatzaileei buruzko egiaztagiriak, hirugarren ebazpen-zatiko 3. apartatuan xedatutako berariazko betekizunen araberakoak, hala badagokio.

        8. Ziurtapen- edo aholkularitza-baldintzatzaileei buruzko egiaztagiriak, hirugarren ebazpen-zatiko 3. apartatuan xedatutako berariazko betekizunen araberakoak, hala badagokio.

        9. Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, eskabideari erantsitako ereduaren araberakoa, hauek jasoko dituena:

          Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatutako ustiategi baten titularra dela, edo sektorean sartzeko prozesuan dagoela Gaztenek programaren barruan (onetsitako proiektua).

          Abereen osasunari, higieneari, ongizateari eta trazabilitateari buruzko indarreko arauak betetzen dituela, eta zigorrik ez duela jaso arlo horietan deialdi honen aurreko azken hiru urteetan.

          Minimis erregimenean ez duela jaso 20.000 euroko laguntzarik, edozein kontzeptutan, deialdi honen aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta abian den ekitaldi fiskalean.

          Diruz laguntzekoa den gastu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion ala ez Administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duen ala ez. Halakorik eskatu edo eskuratu bada, laguntza eman duen entitatea zein den eta zenbateko laguntza jaso den jakinarazi beharko da. Era berean, jakinarazpen horrekin batera berariazko adierazpen bat aurkeztu beharko da aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta abian den ekitaldian jasotako gainerako minimis laguntzei dagokienez.

          Ez daukala ebatzita Administrazioarekin egindako kontratu baten amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

          Ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehatze-prozeduraren batean, oraindik izapidetzen ari bada.

          Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez duela horretarako legezko inolako debekurik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutakoak barne hartuz, baita sexu-bereizkeriagatiko debekuak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

          Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean jasotako kasuren batean, edo ez dutela Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargurik, horietan ezarritako baldintzetan.

          Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

          Ez dagoela berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

          Ez duela konkurtso-deklarazioa eskatu, ez dutela jo kaudimengabetzat ezein prozeduratan, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta (salbu eta horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartu badu), eta ez dagoela esku-hartze judizialaren mende.

      3. Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko ditu, automatikoki, eta baimena jaso beharrik izan gabe, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta NANa ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena). Eskatzaileak baimenaren aurka egin ahal izango du, horren zergatia emanda, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuz onartu zen testu bategin hori); kasu horretan, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

        Bederatzigarrena. Eskabideko akatsak zuzentzea.

      1. Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen bidez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluarekin.

      2. Eskabidea tramiterako onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeaz arduratuko den organoak egokitzat jotzen duen informazioa eskatu ahal izango dio eskatzaileari, aurkeztutako proiektua behar bezala baloratzeko; 10 eguneko epea emango dio informazioa aurkezteko, eta adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, eskatutako informazioa kontuan hartu gabe baloratuko dela proiektua.

        Hamargarrena. Organo kudeatzailea eta ebazpena.

      1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio.

      2. Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak laguntza-lerro bakoitzari dagozkion ebazpenak emango ditu. Ebazpen horietan, eskatzaileari laguntza eman edo ukatuko zaio, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

      3. Aurreko apartatuan adierazitako epea igaro eta berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.9 artikuluan ezartzen denez.

      4. Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da emandako dirulaguntzen eta laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda, baita laguntzen zenbatekoak ere, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

      5. Ebazpen horren bidez erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo ukatzen diren; ematen badira, ebazpenean adieraziko dira entitate onuraduna, diruz lagunduko den azalera edo animaliak, dirulaguntzaren zenbatekoa, eta minimis laguntzak diren ala ez; ukatzen badira, ukatzearen arrazoiak adieraziko dira, bai eta zer errekurtso aurkez daitezkeen ere.

      6. Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, noiznahi, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

        Hamaikagarrena. Justifikazioa eta ordainketa.

      1. Eskatzaileak, eskabidearekin batera, gastuak justifikatzeko kontu bat aurkeztu beharko du, behar bezala sinatuta. Kontu horrek informazio hau edukiko du:

        1. Diruz lagundutako jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta ordainketaren data.

        2. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasuna, hauek zehaztuta: zenbatekoa eta jatorria.

          Dirulaguntzak lortu ahal izateko, dirulaguntza jasotzeko behar diren baldintzak eta betekizunak egiaztatu beharko dira. Hori dela eta, dirulaguntza ematen den unean justifikatutzat joko dira; nolanahi ere, Administrazioak egiaztapen-jarduketak eta finantza-kontrola egin ditzake datuen zehaztasuna frogatzeko.

      2. Laguntza emateko ebazpena eman eta gehienez ere hiru hilabeteko epean ordainduko dira laguntzak, agindu honen zortzigarren artikuluan aurreikusitako dokumentazioa eta justifikazio-kontua aurkeztu ondoren.

      3. Ordainketa bakarra izango da eta aldi bakarrean egingo da, laguntza jasotzeko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

      4. Edonola ere, eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo dirulaguntzengatik itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

      5. Era berean, ez da ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

      6. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, emaitzak, egiaztapenak eta aurkeztutako dokumentazioa oinarri hartuta, ordainketa bakarra egingo du, dagokion ebazpenaren bidez.

      7. Onuradunak aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarri guztia eskatuko du.

      8. Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren datu-base egokian egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenentzako erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

        Hamabigarrena. Onuradunen betebeharrak.

        Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 16. artikuluetan adierazitakoak ere, eta zehazki honako hauek:

        1. Emandako laguntza onartzea. Hala bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, laguntza onartutzat joko da.

        2. Dirulaguntza dagokion helburu horretarako erabiltzea.

        3. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku jartzea gastuak egin direla egiaztatzeko behar diren dokumentu guztiak.

        4. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzak nola erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

        5. Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo dirulaguntza bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, baita 2020, 2021 eta 2022ko ekitaldietan beste minimis laguntza batzuk jaso badira ere.

        6. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

        7. Eman den dirulaguntzaren indarraldi osoan egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

        8. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan eta haiek garatzen dituzten arauetan ezarritako eginbeharrak betetzea.

        9. Entitate onuradunek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18. artikuluan adierazten den publikotasun-eginbeharra betetze aldera, laguntzen deialdi honetan lortutako dirulaguntzaren berri emango diote publiko orokorrari. Horretarako, hauxe egin behar dute:

          Jardueraren sustapenarekin zerikusia duten argitalpen, liburuxka edo publizitate guztietan, berariaz aipatzea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza. Halaber, agindu honek araututako dirulaguntza lortu dela adierazten duen kartel bat jarriko dute gutxienez, publikoak erraz ikusteko moduko leku batean, eraikinera sartzeko ateburutik edo ateburuetatik gertu, eta gutxienez A3 neurrikoa. Kartela gutxienez 6 hilabetez eduki beharko da jarrita, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik.

          Zabalkunde publikorako kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira.

          Publizitatea Eusko Jaurlaritzaren nortasun korporatiboaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz egingo da (https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua).

          Hamahirugarrena. Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

          Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero, edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, edonola ere, agindu honetan ezarritako betekizunak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 49.12 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta dirulaguntzaren xedea betetzat jo beharko da.

          Ondore horietarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak egokitzeko, edo, hala badagokio, jasotako gehiegizko zenbatekoak eta berandutze-interesak itzul daitezen agintzeko.

          Hamalaugarrena. Atzera egitea eta uko egitea.

          1. Eskatzaileak eskabidean atzera egin ahalko du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko dio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 93. eta 94. artikuluekin.

          2. Onuradunak galdu egingo du ebazpenaren bidez onartutako eskubidea, bai eta laguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea ere, kasuan-kasuan, baldin eta laguntzari uko egiteko idazki bat aurkezten badu hamaikagarren ebazpen-zatian adierazitako epean; Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak uko-egitea onartu beharko du, ebazpen bidez.

            Hamabosgarrena. Ez-betetzeak.

          1. Baldin eta onuradunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza eskatutako eta onartutako xede espezifikoa betetzeko erabiltzen ez badute, dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera egiten ez badute, dirulaguntza dagozkion helburu jakinetarako erabili dela egiaztatzen ez badute edo, oro har, organo eskudunak ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dutela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, behartuta egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagokion zenbatekoa itzultzera eta berandutze-interes legalak ordaintzera, proportzionaltasun-printzipioa betez, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin.

          2. Era berean, dirulaguntzarekin lotutako jardueraren kostuarekiko gehiegizko zenbatekoa itzuli beharko da, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasunaren muga gainditzen bada, bat etorriz seigarren ebazpen-zatian adierazitakoarekin; horrek, dena dela, ez du eragotziko bestelako zigorrak jarri ahal izatea, ez eta kalte-galeren ordainak eta erantzukizun penala exijitzea ere, hala badagokio. Aipatutako zenbatekoek diru-sarrera publikotzat joko dira, dagozkion ondorioetarako.

          3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluaren arabera, onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara, eta onuradunek argi eta garbi egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarduna egin duela, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da; edo, hala badagokio, zati baten itzulketa egin beharko da, eta gauzatutako jarduerak erabateko betetze-mailarekiko duen proportzioaren arabera egingo da kalkulua. Edonola ere, onuradunak kobratu ahal izango duen zenbateko partziala bat etorriko da onartutako dirulaguntzatik behar bezala justifikatu den egiazko zenbatekoarekin, eta laguntza ematen duen entitateak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren ordainduko zaio.

          4. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak hasi eta ebatziko du ez-betetzeagatiko itzulketa-espedientea.

            AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

            Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

            AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

            Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

            Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 18a.

            Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

            MAR虯 ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

            (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik