Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 2koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira 2022ko ekitaldirako paisaien ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak eta iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako dirulaguntzak emateko deialdia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 98
  • Hurrenkera-zk.: 2214
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/02
  • Argitaratze-data: 2022/05/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Paisaiaren Europako Hitzarmenak, zeina Florentzian egin baitzen 2000. urtean, honela definitu zuen paisaia: «lurraldearen edozein zati, biztanleriak hautematen duen moduan, zeinaren izaera natur edota giza faktoreen ekintzaren eta elkarreraginaren emaitza baita». Paisaia gai garrantzitsua da kulturaren, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren esparruan, kontuan hartuta «Europako natur eta kultur ondarearen funtsezko osagaia dela eta gizakien ongizatea eta europar identitatea bermatzeko mesedegarria dela», hiri- nahiz landa-inguruneetan, eskualde narriatu nahiz kalitate handikoetan, aparteko edertasunagatik ospetsu diren eremuetan nahiz arruntagoetan. Paisaia, beraz, lurraldearen funtsezko alderdi bat da, eta, ondorioz, funtsezko atal bat lurraldea antolatzean.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren helburua da paisaia lurralde-ordenamenduan sartzea, paisaiaren dimentsioa esplizituago eginez lurraldean eragina duen elementu gisa, eta barne hartuz lurraldean eragina duten eta Administrazio Publikoei euren eskumenak betez garatzea dagokien ekintzen koordinazioa ziurtatzeko behar diren irizpideak eta prozedurak. Paisaiaren ekintza-planak daude aipatutako dekretuaren 3. artikuluan jasotzen diren paisaia babesteko, kudeatzeko eta ordenatzeko tresnen artean, eta, 6. artikuluaren arabera, aldiz, kudeaketa-tresnak dira planok, eta paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko jardueren arloan egin beharreko ekintzak zehazten dituzte, paisaiaren katalogoetan eta paisaiaren zehaztapenetan oinarrituta.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak paisaia udal-ekintzaren arloetan sartu du berriro, lurraldea antolatzeko programaren helburuen artean; beraz, aurrekontu-kreditu nahikoa dago. Helburu hori lortzeko, aurreko ekitaldietan esleitutako paisaiaren ekintza-planak bete behar dira eta dirulaguntzei buruzko beste agindu bat izapidetu behar da. Paisaia desberdinei balioa ematea da asmoa, baina, aurreko deialdian bezala, balio handiagoa emango zaie antolatzea behar duten eskualde narriatu eta degradatuetan kokaturiko planei, eta, bereziki, XX. mendeko bizitegi- eta industria-garapenetan kokaturikoei.

Bestalde, aipatzekoa da dirulaguntza horiek Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bidez onartu zen 2021-2024 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota daudela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eskatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Zehazki, «Lurralde-plangintza bultzatzea, lurralde kohesionatu eta inklusiboaren oinarriak ezartzeko» 1. helburu estrategikoan daude jasota, «Herri eta hiri inklusibo, seguru, erresiliente eta jasangarriak lortzea, ezein pertsona edo leku ez dadin atzean geratu» ardatzaren barruan. Plan estrategiko hori hemen kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/contenidos/proyecto/plan_subvenciones_2012_2024/es_def/adjuntos/PES-2021-2024-ele-bietan_fitxekin.pdf

Azkenik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 10.2 artikuluaren d) apartatuaren arabera, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari dagokio paisaiaren antolamendua eta babesa bultzatzea, lurralde-antolamenduko tresnen alorrean. Horretaz gainera, honako lege-xedapen hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza eta dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenetan jasotako oinarrizko arauak; honako hau

Agindu honen xedea da paisaiaren ekintza-planak prestatzeko oinarriak ezartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako dirulaguntzak emateko deialdia iragartzea. Lehia-konkurrentziaren bidez emango dira dirulaguntzok.

Orotara, 300.000 euro bideratuko dira dirulaguntzak emateko; horietatik, 100.000 euro 2022. urteari dagozkio, eta, 200.000 euro, 2023. urteari.

  1. Paisaiaren ekintza-planak (PEP) paisaia kudeatzeko eta antolatzeko esku-hartze tresna modura eratzen dira. Lurralde-eremu jakin batera mugatuko dute jarduera, eta lurralde-arloko helburu eta ekintza zehatzak izango dituzte.

  2. Ekintza-planek eduki hauek izango dituzte, gutxienez:

    1. Paisaiaren arazo eta gatazka zehatzen identifikazioa.

    2. Planaren eremuaren mugapen grafikoa.

    3. Diagnostikoa. Paisaiaren eta paisaia-dinamiken analisia.

    4. Lortu nahi diren paisaia-kalitatearen helburuak eta espero diren onurak (sozialak, kulturalak, paisaia-arlokoak, etab.).

    5. Jardun-programa. Jarritako helburuak eta onurak bermatzeko behar diren ekintza zehatzen deskribapen literario eta grafikoa. Jarduketen kronograma globala edo lehentasun-ordena eta haien kostu aurreikusia.

  3. Irizpide hauetakoren baten edo batzuen arabera esku hartu beharko dute paisaiaren ekintza-planek:

    1. Antolatu beharra duten narriadura- edo degradazio-egoeragatik:

      1. XX. mendeko bizitegi-garapenak (paisaia-irudia, fatxadak hobetzeko ordenantzak, urbanizazio-baldintzak, eraikitzeko baldintzak, bestelako garapenekiko harremana, arintze-eremuak...).

      2. XX. mendeko industria-garapenak (paisaia-irudia, fatxadak hobetzeko ordenantzak, urbanizazio-baldintzak, eraikitzeko baldintzak, bestelako garapenekiko harremana, arintze-eremuak...).

      3. Hiri-landaren trantsizioko aldirietako lurraldeak, hiri-ertz, ibai eta itsasbazterreko lurraldeak (hiri-, ibai- eta itsas fatxadak).

      4. Azpiegiturek eragindako eremuak (komunikazio-bideak, telekomunikazioak, antenak, haize-parkeak...).

    2. Babestu beharra duten paisaia-balioengatik:

      1. Hirikoa-Naturala. Paisaia arraro edo mehatxatu gisa duen berezitasun, hauskortasun edo adierazgarritasunagatik (hiri-silueta, mendien gailur-lerroa, begiratoki diskordanteak...).

      2. Ikusizkoa. Herritarren begien bistan dauden guneak izateagatik (lurraldearen goialdeak, atzeko planoak, begiratokiak, mugikortasuna eta interesguneen interkonexioa).

      3. Kultura. Eremu funtzionalaren ezaugarri funtsezkoak (sinboloak, irudi adierazgarriak, berariazko nortasun-elementuak).

  4. Nolanahi ere, eragile publiko zein pribatuen eta eraginpeko herritarren parte-hartzea ziurtatu beharko da paisaiaren ekintza-planak lantzeko prozesuan.

  5. Diruz lagundu daitekeen jarduketaren lanak 2022ko ekitaldian hasi eta 2023an amaituko dira, 18. artikuluan ezarritako epeei jarraituz.

  1. Dirulaguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta Arabako udalerrien kontzejuek eska ditzakete, baina udal eta kontzeju bakoitzak eskabide bakarra egin dezake.

  2. Paisaiaren ekintza-planaren xedea ezingo da bat etorri eskabide desberdinetan; horrenbestez, hori gertatzen bada, puntu gehien lortzen duen proiektuak baino ez du dirulaguntzarik jasoko, betiere agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako balorazioari jarraikiz.

  1. Agindu honetako dirulaguntzak eskatzeko, entitate eskatzaileek ezingo dute izan dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat.

  2. Era berean, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. apartatuan jasotako egoeraren batean dauden erakundeak, hau da, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean ez daudenak. Inguruabar horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. apartatutik 6.era bitartean ezarritakoa, eta egoera bakoitzarentzat ezarritako muga izango dute. Hau da, betekizun horiek eskatuko dira hala erakunde onuradun izateko nola izaera horri eusteko emandako dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, betekizun horiek betetzen direla egiaztatuko da bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

  3. Ezin dira onuradun izan 2018ko, 2019ko eta 2021eko deialdietan dirulaguntza esleitu zaien erakundeak, berariaz uko egin ez badiote.

Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetako kudeaketa-lanak egitea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

  2. Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1029707).

  3. Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

  4. Aurkeztu beharreko dokumentazioan honako atal hauek jasoko dira:

    1. Ekintza-planaren proiektua:

      1. Proiektuaren azalpen-memoria, eremuaren arazoa argi eta garbi azalduta, eta proposamena 2.3 artikuluan zehaztutako irizpideetara egokitzen dela dioen justifikazioa barnean dela (horietako zeini eragiten zaion adieraziko da).

      2. Ekintza-planaren bidezko esku-hartzearekin lortu nahi den paisaia-kalitatearen onura eta helburu orokor eta espezifikoen gaineko memoria, baita egin beharreko ekintza zehatzak eta lehentasunezkoak ere.

      3. Paisaiaren planaren prestaketa-prozesuko parte-hartze eta genero metodologia, udalerri motara eta tamainara egokituta.

    2. Ekintza-plana idazteko egutegia.

    3. Ekintza-plana idazteagatiko ordainsarien aurrekontua, BEZa xehatuta.

  5. Horrez gain, betebehar eta egoera hauek egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaio eskabideari:

    1. Jakinaraztea ea eskatu den eta, hala badagokio, ea eskuratu den helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo beste baliabiderik.

    2. Entitate eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan ezartzen diren legezko debekurik.

    3. Eskaera egitean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

      Eskabideak berekin dakar baimena, organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan dirulaguntza eskatzen duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela.

      Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen, organo eskudunek egindako ziurtagiri administratibo positiboen bidez egiaztatu beharko du.

    4. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

    5. Eskabidean eta erantsitako agirietan jasotzen diren datuak egiazkoak izatea.

    6. Erakunde eskatzailea ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

    7. Erakunde eskatzaileak Estatuko araudiaren araberako berdintasun-plan bat indarrean izan behar badu, plan hori baduela, edo, 50 langile baino gehiago baditu, neurriak ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

  6. Erakunde eskatzaileek eskabidearekin batera eman beharreko erantzukizunpeko adierazpenean adieraziko dute ez daudela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko edo bukatzeko dagoen inongo itzultze- edo zigor-prozeduratan. Prozedura horietako batean baldin badago, zehaztu egin beharko du zeinetan.

  1. Aurkeztutako eskabidean, akatsen bat edo zehaztasun-eza atzemanez gero, entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzentzeko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Dena den, aldez aurretik, behar den ebazpena emango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

    Akatsak zuzentzeko betebeharra bide elektronikoz jakinaraziko da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera jo behar da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.

    Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jasotzaileei jakinarazpenen abisuak igorriko dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira egindako jakinarazpentzat hartuko.

  2. Eskaera modu presentzialean aurkeztu nahi izan bada, eskatzaileari eskabide hori zuzentzeko eta elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, elektronikoki aurkeztu den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

  1. Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, balorazio-epaimahai bat eratuko da, honako kide hauez osatua:

    Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria, zeina epaimahaiburua izango baita.

    Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako Lurralde Antolamenduko eta Plangintzako zerbitzuburua.

    Zuzendaritza horretako arlo teknikoko arkitekto bat, zeinak idazkari jardungo baitu.

  2. Abstentzio-eskubidea eta errekusatze-eskubidea bermatzeko, erakunde eskatzaileei balorazio-epaimahaiko kideak nortzuk diren jakinaraziko zaie bitarteko elektronikoetatik, mahaia eratzen denean.

  3. Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeari, baina lehenago eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatuko du jarraian zehaztutako esleipen-irizpideen arabera. Gehieneko puntuazio hau izango dute:

    1. Aurkeztutako ekintza-plana 3.3 artikuluan ezarritako irizpideetara egokitzea gehienez 6 puntu.

      Horretarako, lehentasuna izango dute aipatutako artikuluan zehazten diren ordena berean:

      Gehienez 6 puntu a.1) irizpidearentzat.

      Gehienez 6 puntu a.2) irizpidearentzat.

      Gehienez 3 puntu a.3) irizpidearentzat.

      Gehienez 2 puntu a.4) irizpidearentzat.

      Gehienez 2 puntu b.1) irizpidearentzat.

      Gehienez 2 puntu b.2) irizpidearentzat.

      Gehienez 2 puntu b.3) irizpidearentzat.

    2. Ekintza-planaren bidez lortu beharreko helburuak, eta adierazitako arazoak konpontzeko proposatutako ekintzak. Inpaktua eta izan daitekeen paisaia-hobekuntza 3 puntu.

    3. Eragile publiko zein pribatuen eta herritarren parte-hartze prozesua diseinatzea. Proposatutako metodologiaren kalitatea eta jardun-eremura egokitzen den Puntu 1.

  4. Proposamenak lehentasunak ezarriko ditu diruz lagundu nahi diren eskabideen artean, aurreko atalean zehaztutako irizpideetarako ezarritako puntuazioaren arabera. Honako hauek adieraziko ditu: onuradun proposatutako udal edo kontzejua; diruz lagunduko den proiektua, eta proposatutako zenbatekoa aurrekontu-kreditua amaitu arte. Halaber, ukatzeko diren eskabideen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak ere egongo dira jasota.

  5. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, 3. artikuluko 3. apartatuan ezarritako ordenaren arabera puntu gehien lortu dituenaren alde ebatziko da.

  6. Ez dira diruz lagunduko balorazio orokorrean 5 puntu baino gutxiago jaso duten eskabideak.

  1. Balorazio-epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu dirulaguntzak ebazpen horrek, handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ukatuko ditu, eta dirulaguntza jasoko duten udal edo kontzejuak, diruz lagundutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zein diren adieraziko. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatzearen arrazoiak adieraziko ditu.

    Aipatutako ebazpena jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara; era berean, horren berri emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da.

  2. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

  3. Gehieneko epea inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

  4. Ebazpenaren jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, modu indibidualizatuan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du (agindu honetako 10.1 artikuluarekin bat etorriz egingo da jakinarazpena).

  2. Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz.

  4. Dirulaguntza hauek kudeatzen dituen zuzendaritzari jakitera ematea edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk lortu izana, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren zenbatekoa zein diren; hamar egun balioduneko epea egongo da horretarako, inguruabar horren berri izaten denetik aurrera.

  5. Egindako paisaiaren ekintza-planak publikotasuna adierazi beharko du; hau da, dokumentuan bertan berariaz adierazi beharko du finantzaketa publikoa dela, eta jasota izan behar du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren dirulaguntza daukala; jarduerarako karteletan eta testuetan, Eusko Jaurlaritzaren marka korporatiboa eta sailaren izena agertu behar dira, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoarekin bat. Halaber, paisaiaren ekintza-plana eskuragarri egon beharko da diruz lagundutako erakundearen webgunean, plana entregatzeko azken egunean.

  6. Bi entrega egingo dira:

  1. Lehenengo entregan, agindu honen 3.2 artikuluaren a), b) eta c) apartatuetan zerrendatutako dokumentazioa aurkeztuko da ekintza-planek izan behar duten gutxieneko edukiari buruzkoa. Kasu horretan, 6.5.b) artikuluan aurreikusitako ekintza-plana idazteko egutegia bete beharko da.

  2. Bigarren entregan azkena, 3.2 artikuluko d) eta e) apartatuetan eskatutako agiriak aurkeztu beharko dira. Era berean, egoki iritziz gero, a), b) eta c) apartatuetan aurreikusitako agiriak berrikusi eta eguneratu ahal izango dira. 17. artikuluan adierazitako mugaeguna errespetatu beharko da.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, dirulaguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Baldin eta zerbitzu-sarien behin betiko kostua txikiagoa bada dirulaguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, proportzioan murriztuko da emandako zenbatekoa, eta, orduan, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.

Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du erakunde onuradunak baldin eta dirulaguntza eskatu eta eman zitzaion xederako erabiltzen ez badu, dirulaguntzari dagokion jarduera egiten ez badu, dirulaguntza intereseko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, oro har, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak. Hala badagokio, jaso duen diru-zenbatekoa itzuli egin beharko du, sortutako legezko berandutze-interesekin batera, dirulaguntzen arloan aplikagarri denaren arabera, eta, dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

  1. Paisaiaren ekintza-planak idazteko zerbitzu-sarien % 90 lagunduko da diruz, planeko 30.000 euro gehienez. Baina BEZa edo bestelako zergak ez dira inola ere diruz lagunduko.

  1. Diruz lagunduko dira entitate onuradunek paisaiaren ekintza-plana egingo duen kanpoko taldea kontratatzearen ondorioz sortzen diren gastuak.

  2. Ondore horietarako, entitate onuradunek diruz lagundutako lan guztiak kontratatu ahal izango dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.7 artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritako mugekin.

  3. Kanpoko taldeak kontratatzeak ez du inola ere justifikatuko diruz lagundutako jardueraren kostua handitzea.

  4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie diruz lagundu daitezkeen gastuei; horren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza hornitzaile ezberdinenak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntzaren aurretik ez den egin gastua.

Agindu honen bidezko deialdiko dirulaguntzak bateratu daitezke beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako bestelako dirulaguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta laguntza horien xede den jarduerarako jasotzen diren laguntza guztiek gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Kasu horretan, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako dirulaguntzari.

Udal eta kontzeju onuradunek 2023ko azaroaren 15a baino lehen justifikatu beharko dute emandako dirulaguntza, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» gunea erabiliz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

  1. Paisaiaren ekintza-plana, zeina agindu honen 3.2 artikuluan aipatzen baita.

  2. Ordaindutako zerbitzu-sarien ziurtagiria, udal-idazkariak emandakoa, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30.4 artikuluan jasotako baldintzen egiaztagiria. Ordaindutako BEZa zehaztuko da.

  3. Paisaiaren ekintza-plana eskuragarri dagoen udal-webaren URL esteka jakinaraztea.

  1. Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira. Honako hau izango da ordainketen egutegia:

    1. Lehenengo ordainketa, emandako dirulaguntzaren herena, esleipen-ebazpena jakinarazi eta erakunde onuradunak onartu ondoren.

    2. Bigarren eta azken ordainketa bat, egin beharreko likidazioaren emaitzari dagokiona, dirulaguntza 18. artikuluan ezarritakoaren arabera justifikatu ondoren.

  2. Ez da inolako ordainketarik egingo erakunde onuradunak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez baditu edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

  3. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak hirugarrenen erregistroan jasota egon beharko du. Alta egiteko edo hirugarren interesdun gisa dagozkion datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak eskainitako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du interesdunak, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

  4. Betiere, laguntzak ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi badira eta oraindik izapidetze-aldian badaude.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 2a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Dokumentazio teknikoa idazteko gomendioak:

  1. Eskabidearekin batera aurkeztu behar den ekintza-planak, ahal dela, gehienez 10 orri (DIN A-4) izango ditu dokumentazio idatzirako, 5 orri argazkietarako eta 5 plano grafikoetarako. 7.4.a) artikuluan adierazitako gutxieneko edukian, jarduera-eremua, arazoak eta lortu beharreko helburu nagusia zehaztuko dira. Era berean, plana egiteko prozesuan, parte-hartze eta genero-metodologiak bat egingo du udalerriaren tamainarekin eta motarekin.

  2. Lehenengo entregan, paisaiaren eta paisaia-dinamiken analisia azpimarratuko da, diagnostikoa egiteko. Erreferentzia gisa, honako eduki hau jasotzea proposatzen da:

    1. Planaren esparruaren mugapen grafikoa (paisaiaren ikuspuntutik justifikatu beharko da). Azterketaren eskala, ahal dela, ez da izango 1:1.000 baino handiagoa.

    2. Paisaiarekin lotutako arazo eta gatazka zehatzen identifikazioa, gaur egungo egoera eta paisaiaren ezaugarriak eta dinamika aztertuz, baita eragiten dion araudiaren azterlana ere. Azalpena laburra izatea eta argazkiak edo planoak gehitzea gomendatzen da.

    3. Parte-hartze publikoa a) eta b) atalei gehitu ahal izango zaie, edo, bestela, memoria bat erantsi ahal izango da, honako hauek azalduta: parte-hartzearen metodologia eta egitura; parte-hartzearen eta planaren egutegien arteko erlazioa; parte-hartzaileek paisaiari buruz egiten duten balorazioa; genero-ikuspegia; eta fase honetan egindako ekarpenak.

  3. Paisaiaren ekintza-planean (gutxieneko edukia 2.2 artikuluan dago jasota), proposamenak, ekintzak eta kokalekua zehaztuko dira, diagnostikoan oinarrituta. Plana kudeaketa-dokumentu bat izango da. Ahal dela, gehienez 10 orri (DIN A-4) izango ditu dokumentazio idatzirako eta 25 plano dokumentazio grafikorako. Erreferentzia gisa, honako hau jasotzea proposatzen da:

    1. Diagnostikoaren laburpena, non egindako analisiaren ondorioak azalduko baitira.

    2. Bete nahi diren paisaia-kalitatearen helburuak eta lortzea espero den onurak, diagnostikoan azterturiko alderdiekin duten lotura azalduz. Jarduketen etorkizuneko egoera proposatuko da.

    3. Ekintza-programa. Lortu nahi diren helburuak eta onurak bermatzeko behar diren ekintza espezifikoen deskribapen idatzia eta grafikoa egingo da, eta halaber zehaztuko dira haien lehentasuna, jarduketen kronograma globala eta kostu zenbatetsia, tartean diren organismoak, finantzaketaren eta dirulaguntzen lerroak. Horrez gain, ezarritako helburuak betetzeko jarraipen-adierazleak proposatuko dira.

    4. Informazio hori guztia labur jasotzen duten fitxak, aldez aurretik gauzatu diren antzeko esperientzien irudiekin batera, erreferentzia modura.

    5. Parte-hartze publikoari dagokionez, sortutako ekarpenak eta antolatutako jarduerak azalduko dira.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik