Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko azaroaren 16koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez 2021eko urriaren 6ko Aginduan jasotako neurriak ezartzen eta modulatzen baitira COVID-19 kutsatzeetan 14 eguneko tasa metatua 100.000 biztanleko 150etik gorakoa den udalerrietan -2021eko urriaren 6ko Agindua, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa-.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 229
  • Hurrenkera-zk.: 5869
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/11/16
  • Argitaratze-data: 2021/11/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Herrizaingoa

Testu legala

Lehendakariaren urriaren 6ko 39/2021 Dekretuak amaiera eman zion COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera deklaratutako osasun-larrialdiko egoerari.

Dekretu horrek, 5. artikuluan, ahalmena ematen dio Euskadiko osasun-agintaritzari, Osasuneko sailburua buru dela, dekretu hori indarrean jartzen denetik aurrera Euskadin aplikatuko diren prebentzio-, zaintza- edo kontrol-neurriak hartzeko. Eta, mandatu horretan oinarrituta, Osasuneko sailburuak 2021eko urriaren 6ko Agindua eman zuen. Agindu horrek eranskin bakarrean jasotzen ditu EAEko lurralde osoan aplikatzekoak diren hainbat neurri orokor eta prebentzio-neurri.

Aginduaren bosgarren artikuluak hau ezartzen du: «Agindu honen eranskinean aurreikusitako neurri horien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako sailburuek, bakoitzak bere eskumen-esparruan, beharrezkotzat jotzen dituzten xedapenak eman ahal izango dituzte, agindu honen bidez hartutako neurrien edukia zabaltzeko, murrizteko edo aldatzeko.

Halaber, Osasuneko sailburuak, osasun-agintaritza den aldetik, agindu hau aplikatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu, eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera eta osasun-egoeraren bilakaera ikusita, agindu honetan aurreikusitakoez gain beharrezkoak diren neurri osagarri guztiak ezarri ahal izango ditu.»

Aipatutako 2021eko urriaren 6ko Agindua indarrean jarri zenetik, intzidentziak goranzko bilakaera izan duela ikusi da, eta, horren ondorioz, gure erkidegoko udalerri asko igaro dira kutsagarritasun-indize baxua izatetik 100.000 biztanleko 50etik beherakoa kutsagarritasun-indize altua izatera 100.000 biztanleko 150etik gorakoa. Bilakaera horrek agindu horren eranskinean jasotako neurriak areagotzea gomendatzen du, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 150etik gorakoa den udalerrietan.

Horregatik guztiagatik, eta inplikatutako administrazio publikoen arteko eskumen-banaketa uneoro errespetatuz, Osasuneko sailburuaren 2021eko urriaren 6ko Aginduaren bigarren ebazpen-zatiak adierazten duen bezala, egoeraren bilakaera ikusita, eta kontuan hartuta SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemia kontrolatzeko beharra dagoela, Euskadiko osasun-agintaritzaren jardunean, eta aipatutako aginduaren bosgarren ebazpen-zatian araututakoarekin bat etorriz, honako hau

Lehenengoa. Xedea.

Agindu honen xedea da 2021eko urriaren 6ko Aginduaren eranskinean aurreikusitakoen osagarri diren neurriak hartzea, zeinak aplikatuko baitira azken 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 150 kasutik gorakoa den EAEko udalerrietan.

Osasun Sailaren web orrian (https://www.euskadi.eus), udalerrien araberako tasen zerrenda argitaratuko da, astean bi aldiz, eta erreferentzia horrek eragina izango du ondoren zehazten diren neurriak aplikatzeko. Udalerriek udalerriaren egoeraren berri eman beharko diete herritarrei eta, dituzten kanalen bitartez, transmisio handiko egoerak irauten duen bitartean bete beharreko prebentzio-neurriak zabaldu beharko dituzte. Agindu honen eranskinean jasotzen dira udalerri horietako herritarrei zuzendutako gidalerro gehigarriak.

Bigarrena. Hartutako neurriak.

Osasuneko sailburuaren 2021eko urriaren 6ko Aginduan erabakitako neurriak indarrean mantentzea eragotzi gabe, eta beste administrazio publiko batzuen eskumenak eta eskumen horiek erabiliz hartzen diren neurriak errespetatuz, honako hau erabakitzen da:

Udalerriak 100.000 biztanleko 150 kasutik gorako intzidentzia-egoeran jarraitzen duen bitartean, jarduerak aldi baterako atzeratzea edo bertan behera uztea, edozein dela ere jarduera horien esparrua, baldin eta udal-agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu 2021eko urriaren 6ko Aginduaren eranskinean jasotako prebentzio-neurriak betetzea. Oinarrizko prebentzio-neurriak betetzea, bereziki maskara erabiltzea, gehien zailtzen duten ekitaldi edo jarduerak dira jarduera horietan jan edo edan egingo dela aurreikusten denean.

Prebentzio-neurriak mantenduz antolatzen diren ekitaldietan, barruko espazioetan zein aire zabalean, komeni da urruntze-neurriak indartzea, jende-pilaketak saihesteko eta jendea sakabanatzea sustatzeko. Hauek betetzeko ahalegina egingo da:

Jendearentzako espazioa handitzea kontzentrazioak aurreikusten diren lekuetan.

Igarobide-korridoreak ezartzea, pertsonen fluxu ordenatua errazteko.

Elikagaiak eta edariak saltzeko eta kontsumitzeko espazioak mugatzea.

Ahal denean, jarduerak kanpoan antolatzeko ahalegina egingo da. Aire zabaleko jarduerak dira seguruenak. COVID-19a harrapatzeko edo transmititzeko arriskua handiagoa da leku itxietan eta jende asko dagoenean.

Hirugarrena. Neurriak betetzen direla kontrolatzea eta zehapen-araubidea.

Neurrien kontrolari eta zehapen-araubideari dagokienez, Osasuneko sailburuaren 2021eko urriaren 6ko Aginduaren hirugarren ebazpen-zatian jasotakoa aplikatuko da.

Laugarrena. Indarrean jartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 16a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

14 eguneko epean intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 150 kasutik gorakoa duten udalerrietan, prebentzio-neurri orokorrez gainera, neurri osagarriak hartu beharra dago SARS-CoV-2ren transmisioa murrizteko.

  1. Txertoa jartzea da babesik onena. Frogatuta geratu da kutsatzen diren txertatutako pertsonek sintoma arinagoak dituztela eta ospitalizazio- eta heriotza-kasuak murrizten direla.

    Pertsona guztiek dute eskubidea txerto osoa jartzeko. Hitzorduak Osakidetzaren web-orrian eskatu behar dira (www.osakidetza.euskadi.eus/covid-19/-/covid-19-txertaketa/), osasun-zentroetara deituz, edo telefono honetara: 900 20 30 50.

  2. Maskara erabiltzea. Maskara erabiltzea nahitaezkoa da erabilera publikoko barne-espazioetan, bai eta aire zabaleko espazioetan ere, azken horietan ezinezkoa bada 1,5 m-ko tartea gordetzea. Ostalaritza-establezimendu eta jatetxe-zerbitzuetan ere nahitaezkoa da maskara erabiltzea, jateko edo edateko unean izan ezik.

  3. Eskuen higienea. Gomendagarria da eskuak maiz garbitzea, ura eta xaboiarekin edo soluzio hidroalkoholikoekin.

  4. Barne-espazioak aireztatzea. Aireztatzeak airea berritzea dakar, hau da, kutsatuta egon daitekeen barnealdeko airea kanpoaldeko airearekin ordeztea. Hori egitea garrantzizkoa da, barne-espazioetan bilerak egiten direnean bizikide ez diren pertsonekin.

    Ahal den guztietan, aireztapen naturala egingo da, parez pareko hormetan leihoak eta ateak irekita.

    Aireztapena artifiziala baldin bada, maximizatu egin beharko da kanpoko airearen sarrera, eta, aldiz, saihestu egin beharko da airearen birzirkulazioa.

    Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu SARS-CoV-2ren aerosolen bidezko transmisioa murrizteko gomendioak.

  5. Topaketa sozialak kanpoaldean egitea. Aire zabaleko jarduerak dira seguruenak. Ezinezkoa bada topaketak kanpoaldean egitea, geroratzen saiatu behar da, eta hori ere ezinezkoa bada eta barrualdean egiten badira, ziurtatu aireztapena eta maskarak behar bezala erabiltzen direla.

  6. Jende-pilaketak saihestea.

  7. COVID-19arenak izan daitezkeen sintomak dituzten pertsonak eta kasuren baten kontaktua izan daitezkeenak.

    COVID-19arenak izan daitezkeen sintomak (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna...) dituzten pertsonek edo kasu positiboren batekin kontaktu estua izan dutela susmatzen dutenek ez dute inolako jarduera edo ekitaldi sozialetan parte hartu behar. Bakartu egin beharko dira, maskara kirurgikoa erabili, eta osasun-zerbitzuekin harremanetan jarri eta jarraibideei jarraitu. COVID-19arenak izan daitezkeen sintomak izanez gero, jarri harremanetan zure osasun-zentroarekin edo Osasun Aholkuarekin, telefono honetara deituta: 900 20 30 50.

  8. Oraindik ere badago arriskua SARS-CoV-2rekin kutsatzeko edo hura transmititzeko, maila apalagoan bada ere, nahiz eta txertoaren pauta osoa jarrita izan. Hori dela eta, funtsezkoa da, txertoa jarrita izan arren, aipatutako prebentzio-jarraibideak betetzea, nork bere burua, gertukoak eta gainerako herritarrak babesteko.