Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko irailaren 30ekoa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzak iragartzen baitira espetxean dauden edo baldintzapeko askatasuna duten zigortuak eta zigor askatasun-gabetzailea etenda duten zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 208
  • Hurrenkera-zk.: 5314
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/09/30
  • Argitaratze-data: 2021/10/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 10.14 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du espetxeetako antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan eta gizarteratze alorrean, arlo zibileko eta zigor- eta espetxe-arloetako legeria orokorrarekin bat etorriz. Bestalde, 12.1 artikuluak gure autonomia-erkidegoari esleitzen dio Estatuaren espetxe-legeria betearazteko eskumena.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 14.f) artikuluaren arabera, Justizia Zuzendaritzari dagokio «bere eskumenen esparruan, zigor- eta espetxe-legeria betearaztea, Jaurlaritzak eremu horietan dituen gainerako jarduerekin koordinatuta».

Justizia Zuzendaritzak, eskumen horiek egikaritze aldera eta ezarritako mugen barruan, Europako Parlamentuak 1998ko abenduaren 17ko Ebazpenean jasotako gomendioei jarraitzen die (Europar Batasuneko espetxeen baldintzei buruzko ebazpena: berrantolaketa eta ordezkapen-zigorrak); izan ere, gomendio horien bidez, Europako Kontseiluaren espetxeetako arauen xedapen guztiak aplikatzeko eskatzen zaie Europar Batasuneko estatu guztiei.

Justizia Zuzendaritzaren funtsezko xedea da, lege-esparruaren barruan, espetxeetako zerbitzuen eta berriz hezteko eta gizarteratzeko programen hobekuntza bultzatzea, nazioarteko testuetan eta Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluan jasotako gizarteratze-printzipioa gauzatu ahal izateko, hain zuzen.

Ildo horretatik, 2011n, Barne Ministerioarekin bi hitzarmen izenpetu ziren: batetik, erakunde horrekin lankidetzan jarduteko, zigorrak eta espetxearen ordezko neurriak kudeatzen, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko prozesu integralak sustatzeko. Hitzarmen horiek berekin ekarri dute urteetan jarraipena izan duten dirulaguntza-deialdiak egitea, aukera eman dutenak kolektibo hori gizarteratu eta lan-munduan txertatzeko baliabide-sare bat sendotzeko.

Baliabide horien bidez, Eusko Jaurlaritzak lortu nahi du zigortuta eta preso dauden pertsonek eskubide osoko herritar gisa orientatzea euren bizitzak, eta, espetxea utzi eta gero, komunitatean erabat integratu daitezela aktibo sozial gisa. Ildo beretik, interesgarria da zigorrak baldintzapean etenda dituztenekin lan egitea, gizarteratze-ibilbideak ezartzeko aukera eskaintzen baitu; horrela, pertsona batzuek beren bizitza berregiteko aukera izan dezakete, eta gure gizartearentzat aktibo bihurtu, kartzelako bizimoduak gizarteratzeko dakartzan ondorio kaltegarriak jasan gabe.

Ekitaldi honetan, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu, oso-osorik, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko eskumenak, hala ezarrita baitago ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuan eta uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuan. Izan ere, bi xedapen horiek Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren 2021eko maiatzaren 10eko Akordioa onartzen dute, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa.

Hori dela eta, are garrantzitsuagoa da oraingo deialdi hau onartzea, lehendik ezarrita zegoen lankidetzaren mugak gainditzen baititu, eta bide ematen baitio, forma guztietan, Europako ikuspegiari, bat etorriz Euskadiko espetxe-eredua garatzeko programazioan adierazten den orientazioarekin. Hain zuzen ere, Europako ikuspegi horren gainean finkatu nahi dira zigor-legeekin gatazkak izan dituzten pertsonak birgizarteratzeko politikak.

Ikuspegi horrekin bat etorriz, ezinbestekoa da gizarte zibilaren konpromisoa. Alde horretatik, hirugarren sektoreko erakundeen ekimenak eta gizarte-konpromisoa arrakastaren eta lortu nahi denaren adierazgarri dira gure herrialdean, horrelako erakunde gehienek 20 urte baino gehiago jardun baitute benetako gizarteratze efektiboa lantzen espetxeetan edo baldintzapeko askatasunean dauden zigortuen kolektiboarekin, bai eta zigor askatasun-gabetzailea etetea onartuta duten zigortuekin ere. Erakunde horiek Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeekin koordinatuta eta profesionaltasunez jardun dute, eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu dira efizientziaz eta gardentasunez.

Aipatutako helburua betetzeko, eta administrazio-ebazpenaren objektibotasuna bermatze aldera, agindu honetan jasoko da, zehaztasun guztiz, zein diren dirulaguntzak emateko irizpideak. Hauxe da aplikatu beharreko lege-esparrua: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, hura garatzen duen erregelamendua onartzen duena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena dirulaguntzen arloan, betiere aurrekoen kontrakoa esaten ez badu; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (testu bategin hura azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, honako hau

  1. Agindu honen bidez dirulaguntzetarako deialdia egiten da, norgehiagoka-araubidean, espetxean sartuta dauden edo baldintzapeko askatasuna duten zigortuak eta zigor askatasun-gabetzailea eten zaien zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako; horrez gain, aginduan deialdia arautzeko oinarriak ezartzen dira. Horretarako, deialdiaren diru-zuzkidura bostehun mila (500.000) eurokoa da.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, aurrekontu-baliabideak badaude, indarrean dagoen legerian aurreikusitako kreditu-loturako edo aurrekontu-aldaketako araubidearen arabera, baina prozedura ebatzi baino lehen handitu beharko da. Hala gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da horren berri, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez.

  1. Dirulaguntza jaso nahi duten proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan sartuta dauden zigortuak edo EAEn baldintzapeko askatasuna duten zigortuak gizarteratzeari eta lan-munduan txertatzeari buruzkoak izan behar dira, eta honako baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Modalitate hauetakoren batekoak izan behar dira:

      1. Esku-hartze psikoterapeutikorako eta gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzerako programak.

      2. Programatutako irteerak eta auzolandegiak.

      3. Egoitza- eta alojamendu-baliabideak.

      4. Gizarteratzeko baliabideak droga-mendekotasuna duten pertsonentzat.

      5. Prestakuntza- eta trebakuntza-zentroak.

      6. Lanerako orientazio- eta laguntza-zentroak.

    2. Espetxeetan hasten diren proiektuak ekitaldi honetan garatu behar dira, dagokion espetxeko zuzendaritzak aldez aurretik onartuta.

    3. Laguntza integraleko metodologia erabili behar da.

    4. Proiektuak 2021ean egingo dira.

  2. Zigor askatasun-gabetzailea eteteko neurria jaso duten zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuek kasu hauetan jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak: aurreko paragrafoko baldintzak betetzen badituzte eta xedetzat prestakuntzarako programak, lanbide-programak, kultura-programak, sexu-hezkuntzako programak, ingurumena defendatzeko programak, animaliak babesteko programak, tratu berdintasunerako eta diskriminazioaren aurkako programak edo antzeko beste batzuk badituzte, edo alkoholaren, droga toxikoen edo substantzia estupefazienteen mendekotasuna gainditzeko programak.

  3. Baldintzak proiektuak burutu aurretik eta diruz laguntzeko aldian bete beharko dira.

  1. Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, deialdi honetan ezarritakoaren ondoreetarako, dirulaguntzaren xede den jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak eta behar-beharrezkoak direnak, betiere 2021ean egiten badira.

    Zehazki, egindako gastutzat hartuko dira agindu honetako 18. artikuluan ezarritako justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

  2. Dirulaguntza jasotzeko modukotzat joko dira diruz lagundutako jarduerari onuradunak egozten dizkion zeharkako kostuak; dena den, kostu horiek ezin izango dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoaren % 5. Zeharkako kostu horiek ez dute justifikazio gehigarririk behar izango.

  3. Diruz laguntzeko modukotzat joko dira proiektua gauzatzeko aurrekontu banakatuan jasota dauden gastuak, agindu honen 9. artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz, betiere artikulu honen arabera dirulaguntza jasotzeko betekizunak betetzen badituzte.

  4. BEZaren zenbatekoa ez da diruz lagun daitekeen gastua izango, baldin eta gero berreskuratu edo konpentsatu badaiteke. Kasu horretan, frogagirien zerga-oinarriaren zenbatekoa hartuko da gastutzat.

  5. Inola ere ez da diruz lagunduko ekipamenduen eta ondasun inbentariagarrien erosketa.

  1. Diruz lagunduko diren proiektuetako jarduerak azpikontratatu ahal izango dira, baina gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino eta soilik irabazi-asmorik gabeko erakundeekin. Inola ere ezin izango dira azpikontratatu dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten eta jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez dioten jarduerak.

  2. Alabaina, onuradunak ezin izango du honako hauekin itundu diruz lagundutako jardueraren gauzatze oso edo partziala:

    1. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuren bat duten pertsonak edo erakundeak.

    2. Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

    3. Bitartekari edo aholkulariak, baldin eta horiei ordaindu beharrekoa eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin gisa definitzen bada, salbu eta ordainketa justifikatuta badago egindako lanak edo emandako zerbitzuek merkatuan daukaten balioaren erreferentziaren arabera.

    4. Onuradunarekin lotura duten pertsona edo entitateak, egoera hauetakoren batean izan ezik:

      1. Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.

      2. Diruz lagundutako zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitateak izandako kostua. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza beretan.

    5. Deialdi eta programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatu eta lortu ez duten pertsonak edo erakundeak, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo behar besteko balorazioa lortu ez dutelako.

  1. Dirulaguntza eskatu ahal izango dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat ere ez duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, betiere oinarri arautzaileetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte.

  2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 13.2 artikuluan onuradun izateko ezartzen dituen debekuetatik bat ere ez dutela egiaztatzeko, notarioaren aurrean edo administrazio-agintaritza batean egindako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da (horretarako, agindu honen I. eranskineko eskaera-inprimakian bildutako erantzukizunpeko adierazpena bete ahal izango da).

    Nolanahi den ere, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Legez ezarritako moduan eratuta egotea eta, izaera juridikoa aintzat hartuta, dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

    2. Egoitza eta jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.

    3. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Justizia Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du, erakundeak horretarako baimena ukatzen ez badio, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Hori guztia, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera. Erakunde eskatzaileak berariaz adierazten badu egiaztatze horren aurka dagoela, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, Dirulaguntzen Legearen Erregelamendu Orokorrak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendua) 22. artikuluan arautzen dituen administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dizkio deialdia kudeatzen duen organoari.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa), dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ebazpen irmo bidez, ezta horretarako desgaitzen duen legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatik eragindakoak barne.

    5. Dirulaguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa edo zehapen prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasi eta artean izapidetzen ari direnak.

  1. Eskabideak bide elektronikoz izapidetuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/servicios/0040811). Hor daude eskuragarri bide elektronikoz izapidetzeko azalpenak, eranskinak eta inprimakiak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:

    Gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

    Euskaraz, https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira izapide elektronikoak; horretarako, ordezkaritza inskribatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan, honako helbide hauen bidez:

    Gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/representantes

    Euskaraz, https://www.euskadi.eus/ordezkariak

    Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  2. Honako hauek arautzen dituzte izapide elektronikoak: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, administrazio elektronikoari buruzkoa; 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarenak, Platea e-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duena.

Justizia Zuzendaritzari dagokio deialdi honen kudeaketa, Helduen Justizia Zerbitzuaren bidez.

  1. Eskabideetan, agindu honen 2. artikuluan zehaztutako modalitateren bat garatzen duen proiektu bat jaso beharko da. Modalitate bat baino gehiago garatzen dituzten erakundeek eskabide bat aurkeztu beharko dute modalitate bakoitzeko. Era berean, modalitate batean kokatu daitezkeen proiektu desberdinak garatzen dituzten erakundeek eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Proiektuaren hartzaile izan daiteke hauetako edozein: espetxean edo baldintzapeko askatasunean dauden zigortuak edota zigor askatasun-gabetzailea eten zaien zigortuak.

  2. Erakundeek gehienez hiru eskabide aurkeztu ahal izango dituzte.

  3. Erakundeek ezin izango dute 80.000 eurotik gorako dirulaguntza-eskabiderik aurkeztu. Erakunderen batek eskabide bakarra aurkezten badu eta han zehaztutako proiekturako eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoak gehieneko kopuru hori gainditzen badu, eskabidea ezetsi egingo da Erakunderen batek eskabide bat baino gehiago aurkeztu eta sarrera ematen zaien hurrenkeraren arabera aurkeztu duen lehenengo eskabideak gehieneko zenbatekoa gaindituz gero, eskabide guztiak ezetsiko dira. Eskabide horrek zenbatekoa gainditzen ez badu, sarrera ematen zaien hurrenkeraren arabera batuko dira aurkeztutako eskabideen zenbatekoak, eta gehieneko zenbatekoa gainditzea dakarren eskabidea ezetsi egingo da, eta, hala badagokio, ondoren aurkeztutakoa.

  4. Erakundeek eskabidea hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak betetzeko agindu honen I. eranskineko eredua erabili beharko da, eta bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/servicios/0040811).

  5. Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  1. Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

    1. Eratze-eskritura, estatutuak eta erakundea, izaera juridikoa kontuan hartuta, dagokion erregistroan inskribatuta dagoelako egiaztagiria.

    2. Diruz laguntzea nahi den proiektuaren gaineko memoria. Memoria egiteko eredu normalizatua («Proiektuaren memoria») agindu honen II. eranskinean dago eskuragarri, eta hemendik jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/0040811

      Memorian zehaztu beharko da 2. artikuluan zehazten diren aukeretatik zeinetan kokatzen den proiektua. Erakundeek argi eta zehaztasunez azaldu beharko dute egingo den jarduera, zigortuekin egingo den lana, proiektuaren helburu zehatzak eta erabiliko den metodologia.

    3. Proiektua gauzatzeko aurrekontu banakatua; beste finantza-iturririk izanez gero, zehaztu egin beharko da, eta halakorik ez badago, zinpeko adierazpen baten bidez adierazi beharko da ez duela ez baliabide propiorik ez kanpokorik, proiektua finantzatzeko. Horretarako, agindu honen III. eranskinean bildutako eredu normalizatua («Aurrekontu banakatua») erabili beharko da; hemendik jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/0040811

  2. Eskabideak baloratzeko, aurreko paragrafoan aipatutako dokumentuak bakar-bakarrik hartuko dira kontuan. Dena dela, erakundeek dokumentu osagarriak aurkeztu ahal izango dituzte, proiektua hobeto baloratzen lagunduko dutela uste badute.

  3. Jarduerak dagoeneko bukatuta baldin badaude, egindako gastuak justifikatzeko behar diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, agindu honetan eskatzen den moduan.

  4. Organo kudeatzaileak espedientea behar bezala osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eta azalpenak eska diezazkioke erakunde eskatzaileari. Gainera, eskatzaileak emandako datuak egiaztatu ahal izango ditu.

Organo kudeatzaileak egiaztatzen badu erakunde eskatzaileren batek aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta dela edo aurreko artikuluetan adierazitako betekizunak betetzen ez direla, eskatuko dio hamar eguneko epean hutsa zuzen dezala edo dagozkion agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko dio horrela egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, aldez aurretik ebazpena emango da, zirkunstantzia horren berri emateko, eta, bertan, jazotako egitateak eta aplika daitezkeen arauak zehaztuko dira.

  1. Balorazio-batzorde bat eratuko da, zeinak dirulaguntzak baloratzeko proposamena egingo baitu.

  2. Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

    1. Batzordeburu titularra: Justizia Zuzendaritzako Helduen Justizia Zerbitzuaren arduraduna. Ordezko batzordeburua: Beatriz Agirre Alberdi, Justizia Zuzendaritzako aholkulari juridikoa.

    2. Batzodekideak: Arabako, Basauriko eta Martuteneko espetxeetako zuzendariak; ordezkoak espetxe bakoitzeko tratamendu-zuzendariordeak izango dira.

  3. Batzordeko idazkaria Naiara Madariaga Mesanza izango da, Justizia Zuzendaritzako teknikaria.

  1. Eskabideak balorazio-irizpide eta puntuazio-eskala hauen arabera baloratuko dira:

    1. Proiektuan parte hartzen duten zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko prozesuari proiektuak egiten dion ekarpena: 0-20 puntu.

      1. Parte hartzen duten zigortuei espetxez kanpo bizitzeko aukera ematen dieten proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 11-20 puntu.

      2. Gainerako proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 0-10 puntu.

    2. Proiektuaren egokitasuna edo interes soziala: 0-20 puntu.

      1. Lan-munduan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboei zuzendutako proiektuak (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, migratzaileak, emakumeak eta osasun mentala duten pertsonak), horietan parte hartzen duten pertsona-kopuruaren eta intentsitatearen arabera: 11-20 puntu.

      2. Gainerako proiektuak, erabiltzaile-kopuruaren eta proiektuaren intentsitatearen arabera: 0-10 puntu.

    3. Proposatzen diren jardueretan, erakundeak noraino parte hartzen duen eta norainoko lankidetza duen: 0-10 puntu.

      1. Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuarekin eta Lanbiderekin: 8-10 puntu.

      2. Presoak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko lanean ari diren beste erakunde eta organizazio batzuekin: 0-7 puntu.

    4. Proiektua hainbat urtetan gauzatzeko aukera: 0-5 puntu.

      1. Autofinantzaketa duten proiektuak, autofinantzaketa-ehunekoaren arabera: 3-5 puntu.

      2. Bideragarritasuna egiaztatuta duten proiektuak, urteen arabera. Gutxienez, proiektua azken bi urteetan egindakoa izan behar da. 0-2 puntu.

    5. Boluntarioen parte-hartzea: 0-5 puntu.

      1. Boluntario-kopurua dirulaguntzarako aurkeztu den proiektuan: 3-5 puntu.

      2. Boluntario-kopurua erakundearen beste proiektu batzuetan: 0-2 puntu.

  2. Balorazio-irizpide horiek aplikatuta, gehienez ere 60 puntu lortu ahal izango dira.

  3. Dirulaguntza emateko, aurreko irizpideen arabera 30 puntutik gora lortu beharko ditu eskabideak.

  1. Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak aukera izango du diruz laguntzekoak ez diren gastuak edo proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak hartzen dituzten eskabideetako diru-kopuruak doitzeko, dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztu baino lehen.

  2. Balorazio-irizpideen arabera 30 puntu baino gehiago lortu dituzten eskabideen proiektuei zenbateko dirulaguntza dagokien zehazteko, urrats hauek egingo dira:

    1. Eskabideak puntuaziorik altuenetik txikienera antolatuko dira. Eskabideren batek 60 puntu (gehieneko puntuazioa) lortzen baditu, eskatutako dirulaguntza-zenbatekoaren ehuneko ehuneko (% 100) dirulaguntza-portzentaje teorikoa aplikatuko zaio. Artikulu honen lehen apartatuan adierazitakoaren arabera, kontuan hartu behar da aldez aurretik birdoitu egin behar direla erakundeek eskatutako kopuruak, dirulaguntzarik jaso ezin duten gastuei edo proiektuarekin lotuta ez dauden gastuei dagokienez. Gainontzeko eskaerei balorazio irizpideetan lortutako puntuen araberako portzentaje proportzionala aplikatuko zaie, hurrenez hurren.

    2. Kasu bereziak:

      1. Dirulaguntzen zenbateko teoriko guztiak batuta aurrekontuen diru-zuzkidura gainditzen bada, dirulaguntzen zenbateko guztiak proportzionalki egokituko dira, eta dirulaguntza teoriko guztiei portzentaje berbera jaitsiko zaie. Portzentaje hori honela kalkulatuko da: diru-zuzkidura zati zenbateko teoriko guztia.

      2. Dirulaguntzen zenbateko teoriko guztiak batuta aurrekontuen diru-zuzkidura gainditzen ez bada, berriz, soberakoa eskabide guztien artean banatuko da proportzionalki, aurreko paragrafoan ezartzen den prozedura berari jarraituta. Horrela kalkulatutako zenbatekoak ezingo du inondik inora gainditu diruz lagun daitekeen gastuaren ehuneko ehun (% 100).

  3. Proiektu bakoitzari eman ahal zaion gehieneko dirulaguntza 50.000 eurokoa izango da. Muga hori handitu ahal izango da, dirulaguntzak esleitu aurretik, dirulaguntza-programara bideratutako zenbateko osoa handitzen den ehuneko berean, baldin eta 1. artikuluko bigarren apartatuan aurreikusitakoa gauzatzen bada.

  1. Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, eskatutako dirulaguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena emango du Justiziako zuzendariak, eta, bertan, proiektu bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Ebazpena bide elektronikoak erabiliz jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek jakin dezaten.

  2. Dirulaguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

  3. Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  1. Erakunde onuradunen aldetik dirulaguntza onartzeak esan nahi du onartu egiten dituztela agindu honetan ezarritako arau guztiak, bai eta honako hauetan ezarritako bermeak eta diru-itzulketen eta zehapenen erregimena ere: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

  2. Laguntza onartu dela ulertuko da, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera 5 egun pasatu ondoren onuradunak besterik adierazi ez badu.

Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

Halaber, erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako dirulaguntzak xede duen proiektu zehatza egiteko erabiltzea dirulaguntza hori, agindu honen 19.1.b) artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa bada izan ezik.

  2. Organo kudeatzaileari jakinaraztea, dirulaguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzea edo dirulaguntzaren xede den proiektua burutzea ezinezkoa egiten duen (osorik edo partez) gerora sortutako gorabeheren bat gertatzen bada.

  3. Organo kudeatzaileari jakinaraztea proiektuak gauzatzeko aldian diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntza eman diotela edo ukatu diotela, horren berri izan bezain laster.

  4. Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betez eskatutako informazio guztia ematea.

  5. Dirulaguntza eman eta onartu ondoren argitaratzen diren programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleetan beren-beregi adieraztea Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dela Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunari buruzko eskuliburua onartzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Informazio gehiago eta eskabideak eskuratzeko: https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corporativa.html

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.11 artikuluan ezarritakoaren arabera, ordainketa honela egingo da: dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hura onartzeko epea amaitu ostean dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamabost (% 75) ordainduko da. Gainerako ehuneko hogeita bosta (% 25) 2022ko otsailaren 28a baino lehen ordainduko da, 18. artikuluan aipatutako dokumentuak Justizia Zuzendaritzan aurkeztu ondoren.

  2. Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, laguntza ematearen aldeko ebazpena argitaratu baino lehen amaituta dauden jarduerei dagozkien dirulaguntzak osorik eman daitezke, ordainketa bakarraren bidez, baldin eta erakundeak osorik justifikatu badu dirulaguntzaren xedea, aurreko paragrafoan adierazitako justifikatzeko agiriak aurkeztuta.

  3. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuraduna Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko da; hau da, erregistratuta ego beharko da aipatutako sailaren Hirugarrenen Erregistroan.

    Bertan erregistratzeko edo jasota dauden bankuaren datuak aldatzeko, Hirugarrenen Erregistro telematikoan sartu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/altaterceros

  1. Erakunde onuradunek organo kudeatzaileari justifikatu behar diote dirulaguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzen dituztela, baita dirulaguntzaren xede den proiektua burutu izana ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, 2022ko otsailaren 28a baino lehen, honako informazio hau biltzen duen justifikazio-kontu baten bidez:

    1. Justifikatzeko memoria: edozein formatutan aurkeztuko da, jarduera zehatz-mehatz deskribatuko du eta honako hauek zehaztuko ditu, gutxienez: erabiltzaile-kopurua, sexuaren arabera bereizita, eta, hala badagokio, lan-munduan txertatzeko zaila den talderen batekoak diren (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, etorkinak, emakumeak edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak). Ahal izanez gero, dirulaguntza jaso duen jarduera burutu dela ziurtatzen duten argazkiak edota dokumentu grafikoak aurkeztuko dira memoriarekin batera, eta, hala dagokionean, argitaratutako programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleak.

    2. Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda bat, agindu honen IV. eranskinean jasotzen den ereduaren araberakoa. Helbide honetan jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/0040811

      Inprimakian, honako hauek adierazi behar dira, gutxienez:

      1. Proiektuaren jarduerarako egin diren inbertsioen eta dirulaguntzaren kontura egindako gastuen zerrenda. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek proiektuaren kostu osoaren % 100 justifikatu beharko dute (eta ez bakarrik dirulaguntzaren zenbatekoa). Gastu bakoitza zer helbururekin egin den azalduko da labur-labur eta gastuon dokumentuak aurkeztuko dira, datu hauekin: hartzekodunaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data. Faktura edo gastuen dokumentu osoa ez bazaio egozten emandako dirulaguntzari, zenbateko horretatik zenbat egozten den zehaztuko da.

      2. Erakunde onuradunak, diruz lagundu den proiekturako, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako bestelako finantzaketa edo dirulaguntzen zenbateko eta jatorrien zerrenda zehaztua, baldin eta aurretik horien berri eman ez bazion organo kudeatzaileari.

    3. Emandako dirulaguntzari egotzi ahal zaizkion fakturak eta ordainagiriak (proiektua egiten duen dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulkiak), dirulaguntzaren zenbatekorainokoak gehienez.

  2. Proiektua egin izana justifikatzeko agiriak bide telematikoak erabilita aurkeztuko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak, 2022ko otsailaren 28a baino lehen, ausaz aukeratutako gutxienez bost erakunde onuradun bisitatuko ditu, justifikazio-agirietan emandako informazioa egiaztatzeko eta justifikazio-agiri originalak eskatzeko (beharrezkotzat jotzen dituen kontu-ikuskapenak egiteko xedez).

Dirulaguntza itzultzeko kausak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak.

  1. Betiere ez-betetze kasuak izango dira honako hauek:

    1. Jasotako dirulaguntza osoa edo horren zati bat bere garaian aurkeztutako proiektuaren arabera onartu zen jarduerari ez dagokion bestelako jarduera baterako erabiltzea.

    2. Diruz lagundutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, funtsezkotzat hartzen ez direlako, eskaera arrazoitua egin ostean, Justiziako zuzendariak esanbidez baimentzen baditu, betiere dirulaguntzaren onuradun izateko deialdi honetan ezarri diren gutxieneko betekizunak betetzen badira. Gutxieneko betekizunak hauek izango dira: erakunde onuradun izateko baldintza guztiei eustea; proiektuak, proiektu bera izanda eta erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak direla-eta, aurrez ikusitakoa baino zigortu eta preso gutxiagori ekartzea onurak; edo, gizarteratze-helburuak beteta, helburu horiek antzeko gizarteratze-proiektuekin lortu izana.

    3. Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan azaltzen den daturen baten faltsutasuna.

  2. Erakunde onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean edo agindu honetan ezarritako baldintzak, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta ordura arte jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, honako hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, dirulaguntzei buruzkoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Beste edozein administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk eman dezakeen dirulaguntza edo laguntza ororekin bateragarriak dira dirulaguntza hauek. Baina, helburu berbererako eskuratutako dirulaguntzen zenbateko guztia aurrekontua baino handiagoa bada, agindu honen bidez emandako dirulaguntzaren zenbatekoari gehiegizko zenbatekoa kenduko zaio.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen dela eta 2. artikuluan ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Horretarako, Justiziako zuzendariak likidazioa egiteko ebazpena emango du, eta, ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.

Agindu honetan jasotako laguntzek edo dirulaguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Araubide horretan, Europar Batasuneko estatu batek enpresa bakarrari de minimis laguntzetan emandako gehieneko zenbatekoa ezin izango da 200.000 euro baino gehiago izan hiru ekitaldi fiskalen barruan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatu aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 30a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik