Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko irailaren 7koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita EAEko gaueko aisialdiko establezimenduen titularrei zuzendutako laguntza-programa, eta haren deialdia egiten baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 184
  • Hurrenkera-zk.: 4742
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/09/07
  • Argitaratze-data: 2021/09/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

EAEko ostalaritza sektore dinamikoa da; ia 13.000 establezimenduk eta 64.000 langilek osatzen dute, eta balio handia ematen dio EAEko ekonomiari. 2020. eta 2021. urteetan, sektore kaltetuenetako bat izan da, agintariek SARS-CoV-2 birusaren hedapena geldiarazteko asmoz jarduerari ezarri dizkioten murrizketak eta mugak direla eta.

Hala, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua promulgatu zenetik, EAEko ostalaritzak ezin izan du ohiko moduan garatu bere jarduera. Eta, ostalaritza-sektorearen barruan, gaueko aisialdiak jasan du kalterik handiena.

Izan ere, 2020. eta 2021. urteetan emandako arau-xedapenak direla eta, Euskal Autonomia Erkidegoan, gaueko aisialdiko establezimenduek izan dute jarduera garatzeko muga gehien.

Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduak COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero lehenbizikoz eman zuen gaueko aisialdiko establezimenduak irekitzeko baimena, edukieraren % 60rekin, dantza-pistarik gabe eta halakoen ordez mahaiak jarrita.

Osasuneko sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduak (honako honen eranskina aldatzen duena: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero) ezarri zuen gaueko aisialdiko establezimenduek goizaldeko 01:30a baino lehen itxi behar zutela.

Osasuneko sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduak (honako honen eranskina laugarren aldiz aldatzen duena: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero. Agindu hori uztailaren 28ko eta abuztuaren 7ko Aginduen bidez aldatu zen) gaueko aisialdiko establezimenduen itxiera deklaratu zuen, berriz ere.

Lehendakariaren 2020ko urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren (osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira Alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko dena) 24. artikuluak Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren legea garatzeko erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan III. eta IV. taldeetan sailkatutako establezimenduen itxiera deklaratu zuen, salbu eta beren jarduera I. eta II. taldeetarako indarrean dagoen araudiaren arabera garatzen bazuten eta dagokion udal-baimena bazuten.

Egoera horrek, hain zuzen, lehendakariaren ekainaren 18ko 30/2021 Dekretua (honako dekretu hau bigarren aldiz aldatzeko dena: maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretua, lehendakariarena, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriei buruzkoa) argitaratu arte iraun zuen, 02:00ak arte luzatu baitzuen jarduera guztiak ixteko muga-ordutegia.

Lehendakariaren uztailaren 23ko 35/2021 Dekretuak (honako dekretu hau bigarren aldiz aldatzeko dena: 33/2021 Dekretua, uztailaren 7koa, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriak eguneratu eta zehaztekoa) 01:00a arte ezarri zuen jarduera guztiak ixteko muga-ordutegia, eta % 35eko edukiera, lokal eta instalazio mota guztietarako, muga espezifikoren bat aplikatu behar dutenetarako izan ezik.

Azkenik, uztailaren 7ko 33/2021 Dekretu horren aldaketak, lehendakariaren abuztuaren 30eko 36/2021 Dekretuak eragindakoak, uztailaren 7ko 33/2021 Dekretua hirugarrenez aldatzen duenak, SARS-CoV-2 sareak eragindako infekzioa hedatzea geldiarazteko prebentzio-neurriak eguneratu eta zehazten dituenak, eutsi egiten dio diskotekak eta gaueko aisialdirako gainerako establezimenduak ixteari, otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren III. eta IV. taldeetan sailkatuta baitaude, salbu eta otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren erregulazioaren arabera.

Egoera horren aurrean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jo du laguntza-programa berri bat arautzea eta haren deialdia egitea, itxierek eta jarduera garatzeko mugek eragindako gaueko aisialdiko establezimenduen titularrentzat. Laguntza-programak helburu du sektoreko ahalik eta enpresa kopururik handienak aurrera egitea eta enpleguari eustea.

Programaren bitartez, gaueko aisialdiko establezimenduen titular diren norberaren konturako langileei edo autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei lagundu nahi zaie, COVID-19aren hedapena geldiaraztera bideratuta hartutako neurrien inpaktua minimizatzeko eta jarduerari ahalik eta lasterren berrekitea ahalbidetzeko. Beste erakunde batzuek hartutako neurri ekonomikoak osatzeko asmoz egin da programa; beraz, bateragarria da horiekin guztiekin.

Ondorio horietarako, gaueko aisialdiko establezimendutzat hartzen dira Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren legea garatzeko erregelamendua onartzen duen 17/2019 Dekretuaren 32.2 artikuluan jasotako III. taldean sailkatutako pubak eta taberna bereziak eta IV. taldean sailkatutako dantzarako eta dibertsiorako establezimenduak, horiek ixteko ordutegia aipatu testuan ezarritakoarekin bat badator eta gaueko jarduera garatzeko baimena badute, betiere. Bi baldintza horiek egiaztatzeko, dagokion udalaren jarduera- eta/edo irekiera-lizentzia baliatuko da.

Aginduaren artikuluek ezarritakoaren arabera, establezimenduek garatzen dituzten jarduerek EJSNko talde batean sartuta egon behar dute edo zehazten diren EJZren epigrafeetako batean. Laguntza-programa honen onuradun izateko, nahitaez bete behar dira eskakizun horiek.

Laguntza-programa honek prozedura arin bat behar du, eskabideak ahalik eta lasterren izapidetu ahal izateko. Gainera, laguntzak kudeatzeko, komenigarritzat jo da gastu publikoaren kudeaketan eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioak aplikatzea ahalbidetuko duten kontrolak errespetatzea. Era berean, kontuan hartuta elektronikoki egindako komunikazioak lasterragoak direla posta bidez egindakoak baino, elektronikoki soilik egingo dira eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak, APAPELen 14.3 eta 68.4 artikuluen arabera, interesdunak legez beste bat eskatzen duen ez-betetze espedienteak izan ezik.

Bestalde, kontuan hartuta gaueko aisia-establezimenduen titularrek premiaz erabili behar dituztela laguntzaren zenbatekoak, establezimendu horiek jarduera normaltasunez egin ezin izan duten aldi luzea ikusita, eta kontuan hartuta EAEko ostalaritza-elkarteek jarduera horren ildo nagusiak ezagutzen dituztela, iritzi da hamabost egun balioduneko epea (hiru aste natural) nahikoa dela eskabideak aurkezteko.

EAEko ostalaritza-sektoreko enpresa-egitura kontuan hartuta, lau tarte ezarri dira laguntzak kuantifikatzeko; alde batetik, 17/2019 Dekretuan zehaztutako ordutegi-taldeak hartu dira kontuan, eta, bestetik, langile kopurua, barne hartuta bai autonomoak bai besteren konturako langileak. Hala, zenbateko finko bat ezarri da parametro horien arabera.

Laguntza-programak aurrekontu-kreditu nahikoa du.

Hori dela eta, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 15. artikuluak, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1991 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari ematen dizkioten eskumenak baliatu ditut.

Eta, horrenbestez, honako hau

  1. Laguntzen agindu honen xedea da oinarriak ezartzea EAEko gaueko aisialdiko establezimenduen titular diren norberaren konturako langileak edo autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak babesteko eta zuzenean laguntza ekonomikoa emateko, guztia ere COVID-19aren hedapena geldiaraztera bideratuta hartutako neurrien inpaktua minimizatzeko eta jarduerari ahalik eta lasterren berrekitea ahalbidetzeko.

  2. Xede horrekin bat etorriz, laguntza-lerro honen helburua da EAEko gaueko aisialdiko establezimenduen titular diren norberaren konturako langileen edo langile autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen zuzeneko galera ekonomikoak apaltzea; izan ere, COVID-19aren pandemiak eragindako zailtasun-egoerak mugatu egin du haien guztien jarduna, COVID-19ak sortutako osasun-krisialdia kudeatzeko hartutako neurrien ondorioz.

Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 12.600.000 eurokoak dira guztira, eta 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko zenbateko hori edo gehikuntza baten ondoriozkoa, baldin eta aurrekontuak aldatzen badira indarreko legeen arabera onartuta. Aldaketarik eginez gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

  1. Agindu honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte beren konturako langileek edo langile autonomoek, ondasun-erkidegoek, sozietate zibilek, nortasun juridikorik gabeko unitate ekonomiko edo ondare banandu bat osatzen duten pertsona fisiko edo juridikoen elkarteek eta artikulu honetako 3. apartatuan zerrendatutako jardueren artean dauden EAEko gaueko aisialdiko establezimenduen titular diren mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan badago haien egoitza fiskala eta soziala, bai eta lantokia ere, eta haren jarduerak inpakturik pairatu badu COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratu izanaren ondotik hartutako neurriak direla eta.

  2. Aurreko apartatuan adierazitako enpresek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte. Erregelamendu horren bidez egiaztatzen da laguntza-kategoria jakin batzuk bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

  3. Ondorio horietarako, gaueko aisialdiko establezimendutzat hartzen dira Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren legea garatzeko erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren 32.2 artikuluko III. taldean sailkatutako pubak eta taberna bereziak eta IV. taldean sailkatutako dantzarako eta dibertsiorako establezimenduak, horien EJSN kodea edo EJZren epigrafea hurrengo apartatuan adierazitakoarekin bat badatoz eta ixteko ordutegiak honako hauek badira, betiere:

    III. taldea: ixteko ordua, 02:30ean.

    Pubak eta taberna bereziak.

    IV. taldea: itxiera-ordua, 04:30ean.

    Dantzarako eta dibertsiorako establezimenduak.

    1. eta IV. taldeko kategorietakoa izatea eta ixteko ordutegia dagokion jarduteko eta/edo irekitzeko lizentziaren egiaztatuko dira, 2021eko urtarrilaren 1ean indarrean dagoena, dagokion udalak emana. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko da, eta bertan adierazi beharko da establezimendua III. edo IV. taldeko kategoriei dagokiela, bai eta ixteko ordutegi baimendua ere, bat etorriz Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren legea garatzeko erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan aurreikusitakoarekin.

  4. Artikulu honetan adierazitako erakundeek jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta deialdi honetan aurreikusitako eskakizunak betetzen badituzte eta euren jarduera honako tipologia honetan sartzen bada:

    Jarraian adieraziko diren jardueretako bat garatzea, ostalaritzako I. atalaren eremuan (lehen egitura-maila) eta apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuak onartutako Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren R taldearen eremuan Jarduera artistikoak eta jolas- eta entretenimendu-jarduerak:

    (Ikus .PDF)

    Pertsona, erakundea edo taldea EJSN kode horietako batean dagoela ulertuko da, baldin eta kode horiei dagozkien ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean garatzen badu jarduera:

    (Ikus .PDF)

  5. Nolanahi ere, kanpoan geratuko dira sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, edo beste erakunde batzuk, baldin eta administrazio publikoek edo haien mendeko erakundeek kapitalean edo gobernu-organoetan gehiengo partaidetza badute.

  6. Pertsona edo erakunde eskatzaileak EJSN kodean sartuta egon beharko du, edo, bestela, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda, 2021eko urtarrilaren 1ean eta 2021eko ekainaren 1ean.

  7. Ondasun-erkidegoen eta sozietate zibilen kasuan, bertan parte hartzen duten pertsona guztiak, fisiko zein juridiko pribatuak, pertsona onuraduntzat hartuko dira, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, eta horrek nahikoa ahalorde izango ditu, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkartea desegiten bada Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro baino lehen, emandako dirulaguntza itzuli beharko du.

    Horretarako, enpresa horiek erakunde onuraduneko kide bakoitzaren partaidetza-ehunekoa adieraziko dute aurkeztutako eskabidean.

  8. Pertsona eta erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte, 2021eko ekainaren 1ean:

    1. Egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea eta establezimendua ere bertan egotea.

    2. Agindu honen 3. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan zerrendatutako jardueraren batean aritzea, eta jarduera horrek COVID-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko hartutako neurrien ondorioak pairatu izana.

    3. Gaueko aisialdiko establezimendutzat hartzen den establezimendu baten titularra izatea gutxienez, agindu honetan xedatutakoaren arabera.

    4. Norberaren konturako langileen edo autonomoen kasuan, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea, 2021eko ekainaren 1ean.

  9. Aurreko apartatuan jasotako eskakizunei nahitaez eutsi beharko zaie, gutxienez, laguntza eskatzeko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrerako lau hilabeteetan. Era berean, erakunde onuradunak EJZn alta emanda egon beharko du, gutxienez aldi horretan.

    Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak onuradunek jarduerari eusten dioten egiaztatuko du, dagokion foru-ogasunari aitortutako ekonomia-jardueren datuak egiaztatzeko datu-bitartekaritzarako plataformak kontsultatuta. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

  10. Aurreko apartatuetan aurreikusitako baldintzez gainera, pertsona eta erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

    2. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

    3. Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere (sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.

    4. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

  11. Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du betetzen direla artikulu honetako 6., 7., 8. eta 9. zenbakietan ezarritako eskakizunak, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, aurreko zenbakietan identifikatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

    Halaber, Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, emateko eta ordaintzeko ebazpena eman aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizuna hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu bere kontura.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

  2. Pertsona edo erakunde onuradunari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa ezartzeko, eskabideari dagokion establezimenduan 2021eko ekainaren 1ean alta-egoeran zeuden langileen kopurua hartuko da aintzakotzat, ondoren zehazten den moduan:

    III. taldeko establezimenduak. Pubak eta taberna bereziak; itxiera-ordua, 02:30ean.

    10 langile baino gutxiago: 10.000 euroko laguntza.

    10 langile edo gehiago: 15.000 euroko laguntza.

    IV. taldeko establezimenduak. Dantzarako eta dibertsiorako establezimenduak; itxiera-ordua, 04:30ean.

    10 langile baino gutxiago: 15.000 euroko laguntza.

    10 langile edo gehiago: 35.000 euroko laguntza.

    Kasu guztietan ere, langile guztien zenbaketan autonomoak ez ezik, soldatapekoak ere sartuko dira, barne hartuta jardunean daudenak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean daudenak, lan-harremana etenda daukatenak eta jarduera utzita daudenak. Langile berak lantoki bakarrean egon ahalko du atxikita.

  1. Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, goizeko bederatzietan, eta 15 egun baliodun geroago amaituko.

  2. Eskabide bat aurkeztuko da enpresa bakoitzeko; nolanahi ere, enpresa batek hainbat lantoki izan ditzake laguntza hauek eskatzeko.

  3. Erakunde eskatzaileek eskabidea eta xede horretarako aurreikusitako gainerako inprimakiak bete beharko dituzte; besteak beste, honako hauek:

  1. Erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauei buruzkoa:

    1. Eskatzaileari buruzko datuak, langile autonomoa, mikroenpresa, enpresa txikia edo ertaina, edo nortasun juridikorik gabeko taldea den zehaztuta; kasu horretan, kide bakoitzaren datu pertsonalak banakatu beharko dira. Datuen artean, berariaz zehaztu beharko dirulaguntza-eskabidearen xede den establezimenduaren edo establezimenduen kokapena eta izena, bai eta eskabidean aipatzen den establezimendua alta emanda dagoen jarduera ekonomikoen zergaren epigrafea ere.

    2. Erakunde onuradun izateko deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzea.

    3. Pertsona edo erakundea ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

    4. Mikroenpresatzat edo enpresa txiki edo ertaintzat hartzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzea:

      1. Lana ematea 250 pertsonari baino gutxiagori, eta, aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena edukitzea, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra edukitzea.

      2. 250 langile edo gehiago dituen eta 50 milioi euro baino gehiagoko negozio-bolumena duen enpresa batek ez izatea kapitalaren % 25eko edo gehiagoko partaidetzarik.

    5. Langileei autonomoak eta soldatapekoak buruzko 2021eko ekainaren 1eko datuak, emakumezkoen eta gizonezkoen kopurua ez ezik, laguntzaren xede den establezimenduko edo lantokiko langile bakoitzaren Gizarte Segurantzako zenbakia ere adierazita.

    6. Diruz laguntzea xede duen lantokia edo establezimendua EAEn egotea, edo, hala badagokio, jarduera EAEn burutzea, eta 2021eko urtarrilaren 1ean martxan egotea.

    7. Ez izatea sozietate publiko bat edo zuzenbide publikoko erakunde bat, eta, erakunde horretan, administrazio publikoek edo haien mendeko erakundeek ez izatea gehiengo partaidetzarik haren kapitalean edo gobernu-organoetan.

    8. Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion epai irmo bidezko zehapen administratibo edo penalik, ezta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

    9. Ez izatea inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izaera berarekin emandako dirulaguntzen inguruan, ez haren erakunde autonomoek emandako dirulaguntzekin loturik.

    10. Ez izatea dirulaguntza eta laguntza publikoak jasotzeko debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluak dioenari jarraikiz.

    11. Diruz laguntzeko eskatzen duen establezimendua agindu honetan gaueko aisialdiko establezimendutzat hartutakoen artean dago.

      Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatu ahal izango du f) apartatuan jasotakoa, datu-bitartekaritzako plataformei edo eskumena duen foru-aldundiko Ogasun Sailak horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuk kontsultatuta. Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu egiaztapena egiteko behar diren egiaztagiriak.

    1. apartatuan jasotakoa frogatzeko, «Kotizazio-kontuaren kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena» aurkeztu beharko da, 2021eko ekainaren 1ean kontratatuta zeuden langileak egiaztatzeko.

    1. apartatuan jasotakoa egiaztatzeko, erakunde eskatzaileak dagokion udalaren jarduera- eta/edo irekiera-lizentzia aurkeztu beharko du (indarrean egon behar du 2021eko urtarrilaren 1ean). Bertan adierazi beharko da establezimendua III. edo IV. taldean sailkatuta dagoela eta baimendutako itxiera-ordua dagokiola, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

  2. Eskatzaileak EAEn dituen establezimendu bakoitzarentzat izango dira aipaturiko laguntzak, publikoari irekitako zerbitzuen eskaintza arrunta badute eta enplegatuak badituzte haietan lanean. Lantoki bakoitzari atxikitako langile kopurua elementu erabakigarria izango da eman beharreko laguntza zenbatesterakoan.

  3. Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan alta eman beharko du, edo bere banku-datuak aldatu. Aurrez aurre edo telematikoki egin ahal izango du hori, dagokionaren arabera, hemen zehazten diren argibideei jarraikiz: https://www.euskadi.eus/altaterceros

  4. Agindu honetan jasotako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak elektronikoki egingo dira. Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da: http://www.euskadi.eus/servicios/1204401 Hirugarrenen altaren edo aldaketaren kasuan, artikulu honetako 3.3 lerrokadan agertzen den helbidea erabili beharko da.

    Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, baita eskabide-eredua ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago eskuratzeko: www.euskadi.eus/servicios/1204401

    Elektronikoki izapidetutako eskabideen kasuan, eskatutako dokumentazio guztia jasotzean, erregistro elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-datatzat. Horietan guztietan, deialdi honetan eskatutakoaren arabera eskabidea osorik formalizatu duen uneari dagokion data hartuko da kontuan.

    Espedientean sartzeko, jakinarazpenak jasotzeko, dokumentazioa aurkezteko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

    Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak eta Administrazioak urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

    Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean jardun dezan elektronikoki, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako hauek erabiliko dira:

    Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoena (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo

    «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua; eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek, gainera, erantsi beharko dute ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu.

    Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikazio elektronikorako onartutako bitarteko bat izan beharko du egoitza elektronikoan.

    Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  5. Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

  6. Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

  1. Eskabidea ez bada osorik bete, edo harekin batera ez bada aurkeztu 3.3 artikuluan eta 5.3.1 artikuluan adierazitako nahitaezko dokumentazioa, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio, hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, dagokion ebazpena emango da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin.

  2. Jakinarazpenak elektronikoki egingo dira.

  3. Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den eskuragarri jakinarazitako egintzaren edukia. Eskuragarri jarri dela frogatuta dagoenean eta edukia ikusi gabe hamar egun natural igarotzen direnean, jakinarazpena ukatu dela ondorioztatu, eta izapidea egindakotzat joko da. Beraz, prozedurak aurrera egingo du, ofizioz edo hartzaileak eskatuta jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatu ezean.

  4. Zuzenketak eta jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Onuradunei ordainketa bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza, ematea erabaki eta eskatzaileak onartu ondoren. Dirulaguntza onartutzat joko da, jakinarazpena egin eta hamar eguneko epean interesdunak berariaz uko egiten ez badio.

  1. Dirulaguntza-eskabideei erantzungo zaie, baldin eta zuzenketa eskatu behar ez bada, aurkezpenaren eguna eta ordua erreferentziatzat hartuta. Zuzenketa egin behar bada, eskabidea modu baliagarrian osatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, betiere, deialdirako kreditu erabilgarriaren mugara arte, eta erabilitako kredituaren arabera.

  2. Onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen direla kontuan hartuta emango dira, eta ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

    2. artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, utzi egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira. Hori horrela, ebazpena eman duen organoak kreditua agortu dela jakinaraziko du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

    Hasierako zuzkidura areagotzen bada, berriro ekingo zaio laguntzak emateari, eta hasierako zuzkidura agortu izanagatik laguntzarik gabe geratu direnek izango dute lehentasuna, dagokien ordenaren eta sistematika beraren arabera.

  1. Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako langileei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Eskabide horiek egoki ulertu eta ebaluatzeko, beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango dute edozein unetan.

  1. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak gehienez ere sei hilabeteko epean ebatziko ditu eskabideak bata bestearen jarraian, eskabidea osorik formalizatzen den unea kontuan hartuta, eskabidea osorik aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, eta arrazoietan oinarritutako ebazpena emango du aurkeztutako dirulaguntza-eskabide bakoitzari dagokionez.

  2. Ebazpenak banan-banan jakinaraziko dira, gehienez ere sei hilabeteko epean, eskabidea osorik formalizatzen denetik aurrera, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak; hargatik eragotzi gabe diruz lagundutako eskabideen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

    Sei hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, pertsona edo entitate interesdunak ezetsitzat jo ahal izango du bere uzia, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

  3. Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorreko zenbakietara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute, inola ere, jakinarazpen-ondorerik izango, eta abisu hori egin ez izanak ez du eragotziko jakinarazpena guztiz baliozkotzat jotzea.

  4. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  5. Dirulaguntzaren zenbatekotik kendu egingo dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak, zerga arautzen duen araudia aplikatuta dagozkionak. Era berean, emandako dirulaguntza guztien berri emango zaie zerga-agintariei, indarrean dagoen zerga-araudian ezarritako baldintzetan eta ondorioetarako.

Pertsona eta erakunde onuradunen betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1, 18.3 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

  1. Jardueran alta emanda egotea, eta 3.3 artikuluan adierazitako kolektibo onuradunetako baten barruan egotea, gutxienez lau hilabetez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Finantzatutako jardueran gutxienez lau hilabetez aritzea jarraian, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

  3. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunari laguntza eman zaiola jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean onuradunak ez badio uko egiten dirulaguntzari berariaz eta idatziz, ulertuko da onartu egin duela.

  4. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea.

  5. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea, eta bere gain hartzea 4/2005 Legeak Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, emandako dirulaguntza ere aldatu egingo da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Baldintzak aldatzearen ondorioz emandako dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da. Horretarako, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.

  1. Agindu honen babespean lortutako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuetatik eta/edo erakunde pribatuetatik jasotako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin.

  2. Laguntzaren zenbatekoak, beste laguntza batzuk batuta, ezin izango du gainditu diruz lagundutako kontzeptuaren kostua. Zenbateko hori gaindituz gero, soberakinari dagokion kopururaino murriztuko da agindu honi jarraikiz emandako laguntza.

  3. Estatuko laguntzen araudia betetzeari dagokionez, laguntza hau Estatuko Laguntza Neurrien Aldi Baterako Esparruarekin bat etorriz eratu da, egungo COVID-19 agerraldian ekonomia babesteko (DO C 91I de 20.3.2020, p. 1), Batzordearen C (2020) 2215 Jakinarazpenak, (2020.4.4ko DO C 112I, 1. orr.), C(2020) 3156 (2020.5.13ko DO C 164, 3. orr.), C(2020) 4509 (2020.7.2ko DO C 218, 3. orr.), C(2020) 7127 (2020.10.13ko DO C 340I, 1. orr.) eta C(2021) 564 (2021.2.1eko DO C 34, 6. orr.) jakinarazpenek aldatua; eta Europako Batzordeak apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakian onartutako enpresei eta autonomoei laguntzeko neurriei buruzko denbora-esparru nazionala (dirulaguntza zuzenak, itzul daitezkeen aurrerakinak, zerga-arloko abantailak, mailegu-bermeak eta interes-tasekin lotutako hobariak), COVID-19aren gaur egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko helburuarekin, baita hark erabaki hauetan onartutako ondorengo aldaketak ere: SA.57019 (2020/N), 2020ko apirilaren 24koa; SA.59196 (2020/N), 2020ko abenduaren 11koa, eta SA.59723 (2020/N), 2021eko otsailaren 19koa.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako egiaztapenak egin ahal izango ditu dirulaguntzen deialdi honetako baldintzak hobeto ezagutze aldera, eta enpresa onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

  1. Enpresa onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko Legearen (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badago, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin ondoren non erakunde interesdunari entzungo zaion adieraziko du, ebazpen bidez, erabat edo zati batean galdu duela dirulaguntza eskuratzeko eskubidea, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, gauzapen-mailarekiko proportzioan, bai eta berandutze-interesak ere, hala baitiote Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta, diru-itzulketa partzialari dagokionez, 38/2003 Legearen 37. artikuluan zehazten duenaren arabera. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, dagozkien legezko ondorioetarako. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, dagozkien legezko ondorioetarako.

  2. Ez-betetzearen espediente hori http://www.euskadi.eus/nirekarpeta egoitza elektronikoaren bidez izapidetuko da, interesdunak legitimoki beste bat eskatu ezean.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira. Honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da datu pertsonalen tratamendua: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Hori guztia, ezertan eragotzi gabe honako hauetan xedatutakoa: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra, eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 7a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik