Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko irailaren 1ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko erakundeei eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko 2021-2022 ikasturtean (L2. Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunerako arreta).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 183
  • Hurrenkera-zk.: 4722
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/09/01
  • Argitaratze-data: 2021/09/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Hezkuntza-sistemak behar diren estrategiak eta baliabideak izan behar ditu, ikasle ijitoak, eskola-arrakasta lortzeko, gainontzeko ikasleen egoera berberetan egon daitezen.

Eskolak biztanleria guztia hartzen du, derrigorrezko eskolaldian behintzat. Eta eskolaldi hori nahitaezko izanik, honako konpromiso hau du: pertsona guztiei beren ahalmen-gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten erraztea, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera izan dezaten berdintasun-baldintzetan.

Helburu horiek lortu eta ijito-herriak zor zaion lekua izan dezan, kulturarteko hezkuntza-proiektu bat behar du eskolak, indarra jar dezan desberdintasunak gainditzeko eta ikasle bakoitzaren premiak kontuan hartzeko. Segregazio-proposamenak alde batera utzita, eskola inklusiboaren esparrua funtsezkoa da helburu horiek lortzeko gizarte-kohesioko eta berdintasuneko testuingurua sortzeko, betiere desberdintasuna errespetatuz.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 0 urtetik aurrera bermatzen da hezkuntza, eta derrigorrezkoa da 6 urtetik 16 urtera bitartean. Dena den, haurrak adin zehatz batzuetan eskolatze hutsak ez du, hezkuntzari begira, berdintasuna bermatzen.

Nahiz eta haien eskolaratzeari dagokionez aurrerapen handiak izan diren azken urteetan, ikasle ijitoen eskola-arrakasta ez dago gure erkidegoko ikasle gehienek duten maila berean. Honako oztopo hauek daude oraindik:

ijitoen kulturarekiko ezjakintasuna eta ijito-herriaren egiazko egoerari eta ijito-familien garapena oztopatzen duten dinamikei edo barrerei, eta, oro har, egungo gizartean berdintasun-ezak areagotzen dituzten dinamikei buruzko hausnarketarik eza;

ijitoei buruzko aurreiritzi eta estereotipo ugari egotea, ia beti negatiboak, eta

itxaropen gutxi egotea ikasteko aukerei edo interesari begira, eta horrek era negatiboan eragitea ikasleen itxaropenei, baita eskolari eta prestakuntza orokorrari begira dauden jarrerei ere.

Oztopo horiek gainditzeko, Hezkuntza Saila Herri Ijitoaren Estrategiarekin lan egiten ari da; era berean, kolektibo horri beste neurri eta programa batzuetan parte harrarazi nahi dio, ikasle guztien aniztasunari erantzun bat emateko.

Testuinguru horretan, dei egiten zaie ikastetxeekin lankidetzan arituz 2021-2022 ikasturtean garatu beharreko hezkuntza-jardueren proiektuak aurkezteko interesa duten erakundeei.

Deialdi hau administrazio publikoen dirulaguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz. Aginduan, proiektu horiek aurkezteko mekanismoak eta epeak eta horien artean aukeratzeko prozesuak finkatzen dira, eta argitara ematen dira irizpideak eta aukeratze horren arduradunak.

Agindu honen bidez araututako deialdia Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2021eko martxoaren 13ko Aginduaren bidez onartu baitzen. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-a2kulsus/eu/

Horregatik, kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia zeinaren bidez onesten baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean onartutako kredituen arabera, eta aintzakotzat izanik aplikatu daitezkeen gainerako xedapenak, honako hau

Agindu honen xedea da diruz laguntzea irabazi-asmorik gabeko erakundeek 2021-2022 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko aurkezten dituzten proiektuak.

  1. Deialdi honetara laurehun eta laurogeita bost mila zortziehun eta laurogeita hamar (485.890) euroko zenbatekoa bideratzen da, lurraldeka honela banatuta:

    1. Araba: 81.814,00 euro.

    2. Gipuzkoa: 113.689,00 euro.

    3. Bizkaia: 290.387,00 euro.

  2. Eskaera guztiei erantzun ondoren lurralderen batek esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortzen ez badu, soberakina gainerako lurraldeei dagokien hornidurari gehituko zaio, hasieran esleitutako kopuruarekiko proportzioan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, irakasleen zuzendaritzapean, ijitoen eskola-arrakasta areagotzeko eta ijitoak dauden ikastetxeetan kulturen arteko bizikidetza hobetzeko asmoz egiten diren jarduera guztiak.

  2. Diruz lagun daitezkeen jarduerak eskola-ordutegian zein eskolaz kanpoko ordutegietan garatuko dira eskola-egutegiaren barruan, irakasleekin lankidetzan. Jarduera horiek alderdi hauek barne hartuko dituzte:

    1. Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzekoak:

      1. Zenbait ekintzetan lankidetzan jardutea ekintza horiek irakasleek diseinatu eta gainbegiratuko dituzte, eta, hori dela eta, eskola-inklusioaren ikuspegitik zeharkako konpetentzien garapena bultzatzeko laguntza emango die ikasleei, lehentasuna talde-ikasgelaren barnean egiten den lanari emanez beti.

      2. Ikastetxearekin lankidetzan jardutea, ikaskuntza hobetzen laguntzen duten eskola-programetan eta eskolatik kanpoko programetan, ikasle ijitoek jarduera horietan gehiago parte hartu dezaten (Bidelaguna, ikastetxeko eta auzoko liburutegiak, tailer sozioedukatiboak, eskolatik kanpoko jarduerak...).

      3. Ikasleen banakako jarraipenean tutoreekin lankidetzan jardutea, irizpide inklusiboetan oinarrituta egiten diren tutoretzetan ere parte hartuz.

      4. Taldeko tutoretza-saioetan parte hartzea, tutoreek hala eskatzen dutenean.

      5. Ijito-herriari ikastetxe barruan bistaratzen laguntzeko jarduerak.

      6. Ikasle ijitoen arrakasta sustatzen eta zabaltzen dutenak, esaterako, ikastetxean eskola-arrakasta izan duten ijitoak egotea edo ikasle ijitoekin topaketak egitea.

    2. Hezkuntza-komunitatean kultur arteko bizikidetza hobetzera zuzendutakoak:

      1. Seme-alaben hezkuntza-prozesuan familien parte-hartzea sustatzen duten jarduerak, erantzukizunaren, lanaren eta ikasketa- nahiz lan-ohituren garapenean laguntzeko.

      2. Bizikidetza hobetzen laguntzen duten jarduerak, hezkuntza-kidegoaren partaidetzarekin (ikasleak, irakasleak, senideak, gizarte-eragileak...).

      3. Eskolarik gabeko uneetan ikastetxeek ijitoen erakundeekin zuzeneko lankidetzan antolatutako jarduerak.

  3. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira artikulu honetan aipatutako jardueren ondorioz sortutakoak. Hala, langileen kontrataziotik eratorritako gastuak, bitartekaritza-, lankidetza-, aholkularitza-, errefortzu- eta prestakuntza-jarduerei lotutako gastuak, eta baliabide bibliografikoak eta baliabide didaktikoak eskuratzeak metodologia berritzaileak ezartzeko sortutako gastuak jaso daitezke, besteak beste.

  1. Deialdi honetan parte hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian inskribatuta eta alta emanda egon behar dute eskola esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko 2021-2022 ikasturtean Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek.

  2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan adierazitako egoera batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

  3. Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea. Baldintza horiek dirulaguntza likidatu arte bete behar dira, eta horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza eman eta ordainketak egiten diren uneetan.

  4. Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik ez izatea, eta ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenarekin bat.

  5. Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

  1. Ofizioz egiaztatuko da erakunde eskatzaileak legez eratuta ote dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian inskribatuta dauden.

  2. Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo emaileari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela. Egiaztapen hori dirulaguntza emateko eta ordainketak egiteko unean egiaztatuko da, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak eskabidea aurkeztatzerakoan, arrazoiak adieraziz, baimenaren kontra egin dezake, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du eskabidea egin eta aurkeztean. Gainera, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan egin beharko da.

  3. Erakunde eskatzaileek eskabideetan berariaz adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

  4. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

    1. Edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribaturi xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu zaizkiela eta, jaso badira, jaso direla.

    2. Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla.

    3. Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

    4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.

    5. Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

    6. Eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozeduratan. Onartu den dirulaguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio betekizun horri.

  5. Arestian adierazitako betekizunak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, eta, hori ez bada behar bezala egiten, 8. artikuluan aurreikusten den zuzenketa izapidetzearen bitartez.

  1. Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko. Izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako PLATEA Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

  2. Eskabidea egin ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

  3. Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/ordezkariak

  1. Eskabideak, 2021-2022 ikasturtean garatuko diren jardueren proiektuarekin batera, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira https://www.euskadi.eus Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea amaituko da epemugako hilabetean argitaratu zen egun berean; epemugako hilabetean egun baliokiderik ez badago, epea iraungitzat joko da. Hilaren azken eguna baliogabea bada, epea lehen egun baliodunera luzatuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

  2. Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042507

  3. Eskabidearekin batera (I eranskina), 2021-2022 ikasturterako jardueren proiektua aurkeztu beharko da. Proiektu horretan, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua jaso beharko da, jarduera bakoitzak izango dituen langile-gastuak eta bestelako funtzionamendu-gastuak zehaztuta.

  4. Jardueren proiektuak gehienez hamabost orri izango ditu eta honako atal hauek jaso beharko ditu:

    1. Esku-hartzearen lurralde-eremua: Jarduera egingo den lurralde historikoa eta udalerriak.

    2. Ikastetxe hartzaileak: Jardueretan parte hartuko duten ikastetxeak; jarduerak zer ikas-mailatan egingo diren adierazi behar da.

    3. Ikasleak: Ikasle hartzaileen kopurua: ijito-etniako ikasleen ehunekoa adierazi behar da, bai eta 2021-2022 ikasturtean zuzeneko arreta eman zaien ikasleen kopurua ere.

    4. Jarduerak: Jardueren deskribapena, mota (Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzera zuzendutakoa edo kultur arteko bizikidetza hobetzera zuzendutakoa), helburuak, ekintza zehatzak, arduradunak, gauzatze-egutegia, jardueren ordutegia eta lorpen-adierazleak.

    5. Baliabideak: Erakundeak jarduera gauzatzeko jarritako baliabide ekonomikoak eta materialak. Proiektua gauzatzeko baliabide pertsonalak, tituluak, jarduerarako aurreikusitako ordu kopurua eta langile horiek ijito-komunitatearekin duten lotura.

  5. COVID-19 izurriteak eragindako egoeraren bilakaera ziurtasunez iragartzea ezinezkoa denez, beharrezkoa da erakundeek aurreikustea proiektua egoera posibleetara nola egokitu; aurrez aurreko irakaskuntzara, aurrez aurreko eta aurrez aurrekoa ez den irakaskuntza konbinatura, eta, aurrez aurrekoa ez den irakaskuntzara soilik.

    Erakundeek bermatu beharko dute proiektu honen garapena bere gain hartzen duten langileek proiektuari aurre egin ahal izateko behar den gaitasun digitala dutela.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da eskabidea (I eranskina), helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042507

  7. Erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

  8. Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

  1. Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, honako hau eskatuko zaio erakunde interesdunari: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Baldin eta epe horretan ez badute zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, dagokion ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezartzen duenaren arabera.

  2. Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.

  3. Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean.

  4. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

  5. Aurrekoa hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

Datu pertsonalak tratatu eta «Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko dirulaguntzak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko dirulaguntzak.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra.

1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Araudi Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

  1. Ebaluazio-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du deialdi honetako II. eranskinean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkio ikasle ijitoak eskolatzeko arduradunari.

  2. Ebaluazio-batzordeko kideak:

    1. Batzordeburua: Aniztasunari Erantzuteko Zerbitzuaren arduraduna edo hark izendatzen duena.

    2. Bokalak:

      1. Hezkuntzako hiru lurralde-ordezkaritzetako Pedagogia Berriztatzeko lurralde-burutzetako arduradunak.

      2. Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak izendatutako Aniztasunari Erantzuteko Zerbitzuaren teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena.

      3. Berritzegune Nagusiaren arduraduna edo hark izendatzen duena.

  3. Emandako txostenak eta eskabideen balorazioa kontuan izanik, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu, eta Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariari igorriko dio. Proposamen horrek jasoko du zer ekintza hautatu diren, eta zer diru-hornidura proposatzen den ekintza bakoitzerako. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, haiek baztertzeko arrazoiak aipatuta.

  4. Deialdiaren xede diren prozeduretako bakoitzean aurkeztutako eskaerak baloratu ostean, batzordeak Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena. Proposamen horretan, emango edo ukatuko dituen dirulaguntzak adieraziko ditu batzordeak, eta, emango dituen dirulaguntzen kasuan, datu hauek zehaztuko ditu: erakunde onuradunen izen soziala, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza horren banaketa, urteka. Ukatu nahi dituen eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu edo baztertu den adieraziko du.

  1. Aurkeztutako hezkuntza-jardueren proiektuak balioesteko, II. eranskinean ezarritako baremoa hartuko da kontuan.

  2. Deialditik at utziko dira a) atalean 6tik beherako puntuazioa edo guztien batuketan 15etik beherakoa duten eskaerak.

  3. Diruz lagunduko dira 12.2 artikuluan zehaztutako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuak. Puntuazio hori gainditzen duten proiektuek jaso daitekeen zenbatekoaren % 100era arteko dirulaguntza jaso ahal izango dute (gastuak ken diru-sarrerak).

  4. Lurralde bakoitzean, aitortu beharreko dirulaguntzen guztizkoa 2. artikuluan jasotako zenbatekoak baino handiagoa izanez gero, proiektu bakoitzaren aurrekontuari bakoitzak lortzen duen puntuazioaren araberako ehunekoa aplikatuko zaio.

  1. Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak, ebaluazio-batzordearen proposamenez, ebatzi beharko ditu agindu honen 2.2 artikuluak aipatzen dituen deialdiaren prozedurak. Dagokion ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, erakunde onuradunen nortasuna, finantzatutako jarduera-programak, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza horren urtekako banaketa adierazi beharko dira. Ukatutako eskabideei dagokienez, erakunde eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

  2. Ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei, agindu hau argitaratu eta sei hilabeteko epean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

  3. Gehienezko epea amaitu eta prozeduraren ebazpena jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal dute eskabidea ukatu zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluaren ondorioetarako.

  4. Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazi denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraikiz izapidea egintzat joko da, betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

  5. Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

  6. Ebazpen horien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, ezingo da dirulaguntzarik ez esleitu, ez ordaindu itzulketa-prozeduraren batetik eratorritako dirulaguntzaren bat itzuli ez dutenei.

  1. Erakunde onuradunentzat, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak jarraipen-batzorde bana eratuko du. Kide hauek izango ditu: Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendaria edo beronen ordez dagoena, zuzendari horrek izendatutako funtzionario bat eta erakunde onuradunaren ordezkari bat.

  2. Hona hemen batzordearen eginkizunak:

    Sailak aintzat hartzen dituen beharrizanen arabera, erakunde onuradunen jarduerak zein ikastetxetan egingo diren erabakitzea. Lehentasuna izango dute Hamaika Esku jarduera-planean parte hartzen duten ikastetxeek.

    1. Ikastetxe bakoitzean zer jarduera, ordutegi eta abar izango diren zehaztea.

    2. Jardueren jarraipena egitea eta, hala badagokio, baliabideak berriro antolatzea.

    3. Proiektuaren barruko jarduera guztiak ebaluatzea.

Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira erakunde onuradunak Hezkuntza Sailaren edo beste erakunde publiko edo pribatu baten aldetik jaso dezakeen beste edozein dirulaguntzarekin, onartzen diren hezkuntza-jardueretarako, betiere jasotako guztiak benetan jasandako kostuaren guztizkoa gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta 46. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz). Erakunde onuradunek ekintza honekin lotutako dokumentazio guztietan (proiektuaren memoria, akta partzialak... ) Eusko Jaurlaritzaren logoa jarri beharko dute.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

    1. Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

    2. Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

    3. Laguntza eman dien erakundearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako laguntzak eta dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea.

    4. Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari (III. eranskina).

    5. Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.

  3. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.

  4. Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

  5. Hezkuntza-jarduerak ikastetxeetan garatzea.

  6. Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

  7. Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako funts publikoak itzultzea.

  1. Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, eta honela egingo dira ordainketak:

    1. Lehenengo ordainketa, dirulaguntzaren % 20, emandako laguntza onartu eta berehala egingo da, baldin eta erakunde onuradunak lehenengo ordainketari dagokion zenbatekoaren % 50 justifikatu badu.

    2. Gainerako zatia, dirulaguntza osoaren% 80, proiektuaren ordura arteko garapena jasotzen duen tarteko memoria aurkeztu ondoren ordainduko da. Memoria horretan, garatzen ari den lan-plana jasoko da, eta esku hartzen ari diren ikastetxeen eta ikasleen kopurua adieraziko da, bai eta esku-hartze mota ere, hezkuntza-etapen eta sexuaren arabera banakatuta. Memoria hori 2022ko urtarrilaren 7tik 31ra entregatuko da, bi egun horiek barnean direla, dokumentu bakar batean, eta ezingo ditu hamar orri baino gehiago izan.

  2. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren zure datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora zuzendu beharko duzu bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzak ematen du, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak

  1. 2022ko ekainaren 30ean hasi eta 2022ko abuztuaren 31ra arte, egun hori barnean dela, erakunde onuradunek «Gastuaren justifikazioa» (IV. eranskina) izeneko formulario normalizatua aurkeztu beharko dute, eta, horri erantsita, hezitzaileen nominak eta TC2 agiriak eta gainerako gastuen faktura eta ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte.

  2. Agiri horiekin batera, programaren emaitzak ebaluatzeko azken txostena aurkeztu beharko dute, honako hauek bilduko dituena:

    1. Ikastetxe bakoitzeko esku-hartzearen fitxa, ikastetxearekin adostutako lan-plangintzaren garapen-maila eta horren balorazioa jasotzen dituena.

    2. Emaitzen analisia, proiektuaren egokitasuna eta egin beharreko aldaketak zehaztu ahal izateko.

  3. Justifikazioak eta memoria (V. eranskina) bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042507

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira dirulaguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 20. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.

  1. Dirulaguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barnean dela):

    1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluko 1. zenbakian adierazitako egoera batean egotea, edo Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean jasotakoren batean.

    2. Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.

    3. Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.

    4. Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatutako legea.

  2. Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Agindu honetan araututako laguntzek ez dituzte betetzen EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako betebehar guztiak; hortaz, ez dira Estatuaren laguntzak, eta Europako Batzordeari ez zaio egin behar jakinarazpenik edo notifikaziorik.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 1a.

    Hezkuntzako sailburua,

    JOKIN BILDARRATZ SORRON.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik