Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 25ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita bidaiarien eta salgaien garraio publikoaren sektorerako laguntza-programa bat, jarduera bertan behera geratu delako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 110
  • Hurrenkera-zk.: 3246
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/05/25
  • Argitaratze-data: 2021/06/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Garraio eta herri lanak; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Garraiolari autonomoen adin handia da errepidez egiten den garraio publikoaren sektoreari eragiten dioten arazoetako bat. Hori dela-eta, sail honek uste du egoki dela adin handiko profesionalek lanbidea bertan behera uztea sustatzea, hain zuzen ere errepide bidezko garraio publikoaren sektorean bizitza profesional gehiena egin duten profesionalei dagokienez; eta, hartarako, beharrezko baliabideak jarriko dira.

2021eko ekitaldian, honako sektore hauei erantzungo zaie: ibilgailu arin eta astunetan errepidez egiten den salgaien garraio publikoa; eta autobusez egiten den bidaiarien garraio publikoa; izan ere, sektore horietan, adin handiko garraiolari askok ez dute beharrezko baliabiderik jarduera bertan behera uzteko, eta, beraz, aipatutako laguntzek gizarte-funtzioa egiten dute. Halaber, garraiolari hauek sartuko dira: ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua dutenak, eta bai baliaezintasun handia aitortua dutenak ere.

Laguntza-programa hau sartuta dago Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren Aginduaren bitartez onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta egoitza elektroniko honetan kontsulta daiteke: www.euskadi.eus Euskal Autonomia Erkidegoko helburu, estrategia eta jarduera-lerroen barruan kokatzen da laguntza-programa hau, hain justu ere garraio-sektorearen funtsezko elementuari garraiolariari eragiteari dagokionez.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera, honako dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.

Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraituz. Aginduan, izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutakoaren VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan harturik, honako hau

  1. Agindu honen helburua araubide hau arautzea da: bidaiarien eta salgaien garraio publikoaren sektoreko adin handiko garraiolariek, ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua dutenek eta baliaezintasun handia aitortua dutenek lanbidea bertan behera uztea sustatzeko laguntza-araubidea (2021. urtea).

  2. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, berrehun eta laurogeita hamabost mila (295.000,00) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.

  1. Eskabideak aurkezteko azken egunean honako betekizun hauek betetzen dituzten pertsonak izan daitezke agindu honetan araututako laguntzen onuradunak:

    1. 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

    2. 63 urtetik 64 urtera (biak barne) bitarteko adina izatea, edo garraiolariaren ohiko lanbidean jarduteko ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua izatea, pentsioaren onarpen-data adierazten duen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpenarekin.

    3. Azken hamar urteetan, etenik gabe, gehienez ere hiru kopiarekin autobusaren bidezko bidaiarien edo salgaien garraio publikorako indarreko baimen baten titular izatea; edo bi horiek batera izatea, gehienez ere hiru kopiarekin. Baimen horrek eten gabekoa izan beharko du, eta gutxienez indarreko kopia bat izan beharko du. Hala ere, baimenaren titulartasunean edo indarraldian eten bat baimenduko da, gehienez ere hiru hilabetetik pasatuko ez den epe batez. Ondorio horiei dagokienez, eskabidea aurkezterakoan birgaiturik badaude, bisatuaren falta dela-eta iraungitako baimenak indarrean izan direla ulertuko da. Laguntza ematea eragiten duen baimenak indarrean egon behar izango du egoera hauen onarpenera arte, ezintasun iraunkor absolutua, osoa edo baliaezintasun handia denean.

      Trakzio propiodun ibilgailuei (barne direla TD motakoak) dagokienez, 2007ko apirilaren 16a baino lehen, onuradunaren titulartasunpeko diren baimenak, salgaien garraio publikorako direnak, zehazki, estatuko, eskualdeko edo tokiko eremukoak direnak baimen baten kopia gisa zenbatuko dira.

      Onuradunaren titulartasunpeko ibilgailuari dagokionez, 1998ko uztailaren 1a baino lehen bidaiarien garraio publikorako diren baimenak, zehazki, estatuko, eskualdeko edo tokiko eremukoak direnak baimen baten kopia gisa zenbatuko dira.

    4. Gizarte Segurantzako langile autonomoentzako erregimenean alta emanda egotea, hain justu ere azken hamar urteetan etenik gabe; gehienez ere, hiru hilabetetik pasatzen ez den eten bakarra onartuko da.

      Ezintasun iraunkor absolutuak edo osoak edo baliaezintasun handiak eragiten dien eskatzaileen kasuari dagokionez, halakorik aitortu zaienetik hara zenbatuko da aipatutako hamar urteko epea.

    5. 2021eko azaroaren 30a baino lehen, errepidez bidaiariak edo salgaiak garraiatzeko jarduera bertan behera uzteko konpromisoa hartzea; betiere, bere titulartasunpeko garraio-baimenei behin betiko uko eginez. Jarduerari berriz ekinez gero, jasotako laguntzak edo tokatzen diren interesak itzultzeko obligazioa izango du.

    6. Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

    7. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

    8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedaturikoa betetzea.

  2. Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunak hauek izan daitezke: salgaien garraio publikoaren edo autobuseko bidaiarien baimenaren titulartasuna duten pertsona bateko sozietateen bazkide bakarrak, betiere pertsona bateko sozietateak zein bazkide bakarrak agindu honek ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Agiri bidez egiaztatu beharko dute, eta, ahal bada, merkataritza erregistroko ziurtagiriaren bidez, azken hamar urteotan sozietatea pertsona batekoa izan dela.

  1. Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 eta 14.3 artikuluetan arautzen da.

  2. Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.

    Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jarriko dira: http://www.euskadi.eus/egoitza

  1. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, non izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak eskuragarri dauden eta eskabide-inprimakian sartzeko aukera ematen duen, helbide honetan eskura daiteke https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0031106

    Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  2. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  3. Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

    1. Eskabide-orria, behar den moduan beteta.

    2. Eskatzailea pertsona fisikoa bada, nortasuna automatikoki egiaztatuko da eskabidea bitarteko elektronikoak erabiliz egiten denean; izan ere, baliabide horiek eskuratzeko, pertsona horiek ziurtagiri digitalaren edo baliokidearen bidez identifikatu behar dira.

    3. Pertsona bakar bateko sozietateen bazkide bakarren kasuan, eskatzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFZ, Merkataritza Erregistroko inskripzio-ziurtagiria eta halaber eratze-eskriturak edo onuraduna bazkide bakarra dela egiaztatzen duen agiria.

    4. Azken hamar urteetan, etenik gabe, Gizarte Segurantzako langile autonomoentzako erregimenean alta emanda egon izanari buruzko egiaztagiria.

    5. Beharrezkoa bada, ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua izateari buruzko egiaztagiria.

    6. Hirugarrenen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ekonomia eta Ogasun Sailak ezarritako ereduaren araberakoa, honako helbide honetan eskuragai: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak betiere, lehenengoz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez. Fitxa hori laguntza eman ondoren aurkeztu daiteke, beti laguntzak ordaindu baino lehen.

  4. Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  5. Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena eta, orduan, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

    Halaber, laguntzak eskatzen dituzten pertsonek 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta edo helbideratuta daudela, eta salgaien edo bidaiarien autobuseko garraio publikorako baimenen titulartasuna eskatzen den antzinatasunarekin dutela egiaztatzeko, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, haien baimenik behar izan gabe, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan eta otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 6. artikuluan (puntu honetan apirilaren 21eko 55/2020 Dekretuaren bidez aldatua) ezarritakoaren arabera. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori eskabidea egitean, eta, hala egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

  6. Laguntza eskatzen duen pertsonak eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

    1. Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik.

    2. Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta. Eskatzailea prozedura horietan sartuta egotekotan, dirulaguntzaren ematea edo ordainketa itzultzeko edo zigortzeko prozedurak amaitu arte baldintzatuta geratuko da.

    3. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen duena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

    4. Aipatutako 39/2015 Legearen 69. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 6. apartatu honetan adierazitako alderdiak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa edukitzea. Dokumentazio hori administrazioaren esku utziko da, hala eskatzen zaionean, bai eta dirulaguntza horren erabilerak irauten duen bitartean betetzen jarraitzeko konpromisoa ere.

      Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, hargatik eragotzi gabe gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du, baldin eta aurkeztu den eskabidea behar bezala balioesteko beharrezkotzat jotzen badu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, akatsak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, ebazpen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.

  1. Agindu honetan araututako laguntzen gehieneko zenbatekoak honako hauek izango dira:

    1. Garraiolariari hirurogeita bost urte betetzeko falta zaion sei hilabeteko epe bakoitzeko lau mila eta ehun euro (4.100); ibilgailu astunez egindako salgaien garraio publikoari eta autobusez egindako bidaiarien garraio publikoari dagokienez.

    2. Garraiolariari hirurogeita bost urte betetzeko falta zaion sei hilabeteko epe bakoitzeko bi mila eta seiehun euro (2.600); ibilgailu arinez egindako salgaien garraio publikoari dagokionez.

    3. Ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua duen edo baliaezintasun handia aitortua duen garraiolariari hamar mila euro (10.000).

  2. artikuluko gainontzeko betekizunez gain, adinarena eta ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortu izatearena betetzen dituzten onuradunek kopuruz handiena den laguntza jasoko dute.

  1. Sei hilabeteko osoen zenbaketa 2021eko ekainaren 1etik aurrera egingo da. Aipatutako datan, sei hilabete oso baino gutxiago falta badira hirurogeita bost urte betetzeko, ez da emango laguntzarik.

  2. Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da dirua. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.

Agindu honekin bat emandako dirulaguntzak bateragarriak dira beste pertsona juridiko eta fisiko batzuek emandakoekin.

  1. Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean.

    Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du dirulaguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

  2. Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak ezetsiak izan direla ulertu ahal izango dute interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.

  3. Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  4. Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bidez arautuko da dirulaguntzak emateko prozedura: 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; dirulaguntzari buruzko oinarrizko araudia, hau da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

  1. Laguntza emandakoan, onuradunak jarduera bertan behera utzi duela egiaztatzen badu, laguntza osorik ordainduko da, baina hark honako betekizunak bete beharko ditu:

    Laguntzaren onuradunak uko egin beharko die honako hauei: laguntza ematea eragin zuen baimenari edo baimenei, eta bai bidaiarien eta salgaien garraio publikorako dituenei ere; betiere baimen horietan baja hartu izana egiaztatuaz.

    Enpresari legez garraio-jarduera behin betiko uzteko konpromisoa hartu beharko du, eta, halaber, bere gaikuntza profesionala beste garraio-enpresa bati ez ematekoa ere.

    Baimendutako gehieneko 3.500 kg-ko masatik gorako ibilgailuak edota autobusak gidatzeko baimen balioduna badu, trafiko zuzendaritza egokian uko egin behako dio hari; eta hori, gidabaimen berriaren kopia konpultsatuaren bitartez justifikatu ahal izango da.

  2. Dirulaguntza eskuratzeko betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak 2021eko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

  1. Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

    1. Dirulaguntza eskuratzeko beharrezko diren betekizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote dirulaguntza eman behar duen Administrazioari.

    2. Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Dirulaguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

    3. Eman zaion horretarako erabili beharko du dirulaguntza.

    4. Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari.

    5. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

    6. Dirulaguntzen onuradunen betebeharren inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoa bete.

  2. Artikulu honen 1.d) apartatuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako dirulaguntzari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen jarraitzen badu.

Onuradunak agindu honetan, dirulaguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta dirulaguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

Halaber, itzultzeko arrazoien inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatukoa aplikatuko da; kasu horretan, jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 25a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik