Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 12koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko eremu kalteberetarako Jarduketa Programa, nekazaritzako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuari dagokionez.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 108
  • Hurrenkera-zk.: 3185
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/05/12
  • Argitaratze-data: 2021/06/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Nekazaritzatik eratorritako nitratoz ura kutsatzen denean, nitratoen kontzentrazioa handiagotzen da lurrazaleko eta lurpeko uretan, eta eutrofizazio prozesuak agertzen dira urtegietan, estuarioetan eta kostaldeko uretan.

Europar Batasunak Kontseiluaren 91/676/CEE Zuzentaraua onartu zuen 1991ko abenduaren 12an, nekazaritzan erabiltzen diren nitratoek eragindako kutsaduratik urak babesteari buruzkoa. Zuzentarau horrek bi xede nagusi zituen: kutsadura mota hori murriztea eta prebentzioz jardutea haren aurka, eta Estatu kideak behartzea nekazaritzako nitratoz kutsatuta dauden urak identifikatzera eta drainatzean nitrato bidezko kutsadura sortzen zaien lurrak eremu kaltebera izendatzeko irizpideak finkatzera.

Espainiako Estatuak zuzentarau horren transposizioa egin zuen 261/1996 Errege Dekretuaren bidez (261/1996 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, urak nekazaritzako nitratoek eragindako kutsaduratik babestekoa).

Abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 9. eta 10. artikuluen bidez emandako eskumenei jarraikiz, nekazaritzako nitratoekin ura kutsatzeko arriskua dela eta eremu kalteberak izendatzeko eta haietarako jarduketa programak onartzeko arauak finkatu ziren.

Abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuaren bidez, EAEko lehenengo eremu kaltebera izendatu zen. Orduz geroztik, eremu kalteberak izendatzen jarraitu da, eta, agindu hau argitaratzeko unean, 7 eremu daude izendatuta.

Gaur egun, EAEn eremu kalteberetarako Nekazaritzako Jardunbide Egokien Kode bat dago, abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuak arautua, eta kalteberatzat jotzen ez diren eremuetarako Jardunbide Egokien Kodea, ekainaren 7ko 112/2011 Dekretuak arautua.

Ingurumenaren eta Lurralde Antolamenduaren sailburuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko urriaren 15eko Aginduaren bidez onartu zen nekazaritzako nitratoekin ura kutsatzeko arriskua dela eta kaltebera izendatutako eremuei buruzko Jarduketa Plana.

Aurreko paragrafoan aipatutako agindua aldatu zuen Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2009ko azaroaren 2ko Aginduak (2009ko azaroaren 19ko EHAA), eta, era berean, azken agindu horri akatsen zuzenketa bat egin zitzaion (2010eko azaroaren 16ko EHAA, 220. zk.) eta beste akatsen zuzenketa bat egin zitzaion (2020ko urriaren 20ko EHAA, 206. zk.).

Azken aldaketa egin zenetik urte asko igaro direnez, araua eguneratzea komeni da, eskuragarri ditugun datu zientifikoak eta teknikoak kontuan hartuta, eta, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan kutsatzeko arriskuan dauden eremu kalteberen ezaugarriak eta Europako Batzordeak arlo horretan emandako gomendioak kontuan hartuta.

Horiek horrela, honako hau

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko eremu kalteberetarako Jarduketa Programa onartzen da, nekazaritzako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuari dagokionez (aurrerantzean, eremu kalteberak). Programa horren testu osoa agindu honen I. eranskinean argitaratzen da.

  2. Jarduketa Programa honen xedea da nitratoen bidezko uren kutsadura murriztea eta kutsadura bera prebenitzea eremu horietan.

  3. Jarduketa Programa hau nahitaez bete beharko da ura kutsatzeko arriskua dela eta gaur egun hala izendatuta dauden eremu kalteberetan. Agindu honen II. eranskinean daude jasota eremu horiek.

  1. Eremu kaltebera: otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluaren araberako lursail azalera.

  2. Nekazaritzako jardunbide egokien kodea: nekazaritzako nitratoek eragindako uren kutsadura murriztea eta prebenitzea helburu duten xedapenen multzoa (otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 5. artikulua). Nekazariek eta abeltzainek ez dituzte nahitaez bete behar.

  3. Jarduketa programa: eremu kalteberetan nekazaritzako nitratoek eragindako uren kutsadura murriztea eta prebenitzea helburu duten xedapenen multzoa (otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 6. artikulua). Nekazariek eta abeltzainek nahitaez bete behar dituzte eremu kalteberetan.

  4. Uren kalitatearen laginketa eta jarraipenerako programa: nitratoen bidezko kutsadurari dagokionez, uren kalitatea ebaluatzeko ekintzen multzoa, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  5. Egoera txostena: Europar Batasuneko estatu kideek lau urtean behin Batzordeari aurkeztu behar dioten txostena, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumen arloko eskumena duen sailak lanean jarraituko du, inplikatutako demarkazio hidrografikoekin (arroko erakundeak) koordinatuta, uren laginak hartzeko eta kalitatearen jarraipena egiteko programa garatu eta gauzatzeko. Horren barruan sartuko dira ur laginak hartzea eta konposatu nitrogenatuak zehaztea, nitratoen edukiaren joerak aztertzeko, nitratoek eragindako kutsaduraren jatorria ikertzeko eta Jarduketa Programako neurrien eraginkortasuna ikertzeko, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Informazio, prestakuntza eta aholkularitza ekintzak egingo dira Jarduketa Programa honen edukiei buruz, bai eta Nekazaritzako Jardunbide Egokien Kodeetako edukiei buruz ere, nekazaritza jardueretan aritzen diren pertsonei zuzenduta, hala nola ureztatzearen kudeaketa egokiari buruz, gaur egun erabiltzen direnen ordezko laborantza sistemei buruz, txandakatzeei buruz, ingurumenarekin bateragarriagoak diren ekoizpen sistemei buruz (ekoizpen ekologikoa, ekoizpen integratua eta abar) eta Jarduketa Programak behar bezala funtziona dezan eta eraginkorragoa izan dadin interesgarriak izan daitezkeen beste gai batzuei buruz, sektorearen inplikazioa bilatuz.

Agindu honetan xedatutako arauak betetzen direla ziurtatzeko, erakunde eskudunak administrazio kontrolen eta tokian tokiko kontrolen urteko plan bat ezarriko du, eta tokian tokiko kontrolak eremu kalteberetan dauden ustiategien % 1ean egingo dira gutxienez.

Tokian tokiko kontroletan, lurzoruen analisia ere egin ahal izango da, zerbitzu tekniko eskudunek beharrezkotzat jotzen badute.

Jarduketa Programa honen edukia berrikusi egingo da; hain zuzen ere, indarrean jarri eta, gutxienez, 4 urtera.

Honako zehapen araubide hau aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko eremu kalteberetarako Jarduketa Programa honetan xedatutakoa betetzen ez denean: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren V. tituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zehapen ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean xedatutakoa.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Agindu honen berri emango dio Ingurumen eta Etxebizitzako Estatu Idazkaritzari, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuak, urak nekazaritzatik eratorritako nitratoek eragindako kutsaduratik babesteari buruzkoak, 6. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.

Indargabetuta gelditzen da 2008ko urriaren 15eko Agindua, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuarena eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuarena, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden eremuetarako Ekintza Plana onartzen duena (Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2009ko azaroaren 2ko Aginduaren bidez aldatua) baita hemen aurreikusitakoa urratzen duen maila bereko edo beheragoko edozein xedapen ere.

Agindu honetan jasotzen ez denari dagokionez, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuan edo hura ordezten duen arauan aurreikusitakoa aplikatuko da.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Hala ere, 2020ko abuztuaren 4ko Aginduaren bidez izendatutako eremu kaltebera berriei dagokienez, agindu hau aplikatzeak ondorioak izango ditu 2021eko abuztuaren 12tik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 12a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

ARANTZA TAPIA OTAEGI.

Edukia:

  1. Aplikazio eremua.

  2. Nitrogenoz ongarritzeko mugak eta aplikazio garaia.

  1. Jatorri organikoko nitrogenoa.

  2. Laboreei emandako gehieneko nitrogeno kantitatea, nitrogeno balantzearen arabera, eta haren banaketa.

  3. Ongarritze erregistroa.

  1. Ongarriak aplikatzeko baldintzak.

  1. Laboreei nitrogenoa aplikatzea baimenduta ez dagoen aldiak.

  2. Ongarritzea higadura arriskua duten lurretan, malkartsuetan eta inklinatuetan.

  3. Ubideetatik gertu dauden lursailetan ongarritzea.

  4. Urak hartutako, elurtutako edo izoztutako lursailetan ongarritzea.

  5. Ongarriak botatzeko modua.

  1. Simaurrak eta mindak ongarri gisa erabiltzea.

  2. Ur erauzketak.

  3. Ureztatze sistemak.

  4. Simaurrak eta mindak aldi baterako biltegiratzea.

  5. Siloratzeko biltegiak.

  1. Aplikazio eremua.

    Eranskin honetan jasotako arauak nahitaez bete beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako nitratoekin ura kutsatzeko arriskua dela eta kaltebera izendatutako eremuen barneko lurzati guztietan (azalera osoan edo zati batean).

  2. Nitrogenoz ongarritzeko mugak eta aplikazio garaia.

  1. Jatorri organikoko nitrogenoa. Ezin izango da, inola ere, honako muga hau gainditu: 170 kilogramo nitrogeno organiko hektareako eta urteko.

    Hektareako eta urteko 170 kg nitrogeno organikoren muga ez gainditzeko bota daitekeen gehieneko simaur edo minda kantitatea kalkulatzeko, 1. taulako balioak erabiliko dira erreferentzia gisa. Ustiategian sortutako simaurren edo minden analisiren bat izanez gero, balio horiek erabili ahal izango dira aplikatutako simaur edo minda kantitatea kalkulatzeko.

  1. taula. Nitrogeno edukia eta erabilgarritasuna laborearentzat, ongarri organiko motaren arabera.

    (Ikus .PDF)

    Ongarri organikoetatik (simaurrak eta mindak) datorren nitrogenoari dagokionez, laborearentzat zenbat nitrogeno dagoen erabilgarri kalkulatzeko, aplikatu den urte sasoiko nitrogeno edukia eta laborearentzat erabilgarri dagoen nitrogeno kantitatea hartu behar dira kontuan (1. taula).

    Balio horien arabera, honela egingo da kalkulua:

    Erabilgarri dagoen N (kg N/ha) = aplikatutako kantitatea (t edo m3/ha) x N edukia (kg N/t edo m3) x erabilgarri dagoen N (%)/100.

  2. Laboreei emandako gehieneko nitrogeno kantitatea, nitrogeno balantzearen arabera, eta haren banaketa.

    Gehieneko nitrogeno ekarpena (jatorria edozein dela ere, organikoa edo minerala), labore motaren arabera, eta ONU/ha-tan adierazita (ONU = Ongarri Nitrogenatuen Unitate), ezin da izan 2. taulan jasotako kantitateak baino handiagoa, eta, betiere, kasu bakoitzerako adierazitako aplikazio murrizketak hartuko dira kontuan. Gehieneko N kantitateak kalkulatzeko, kontuan hartu da nitrogeno balantzea, honako hauek aintzat hartuta: a) labore mota bakoitzak ateratzen duen N, haren errendimenduaren arabera; b) lurzoruaren materia organikoaren mineralizazioak emandako N; eta c) euri urekin (ureztapen putzuetan bildutakoak) ureztatzean botatzen den N.

  1. taula. Gehieneko nitrogeno ekarpenak (ONU), labore zikloen eta aplikazio murrizketen arabera.

    (Ikus .PDF)

    *Lurzati horretan lekadunak landu badira aurretik, edo lugorrian egon bada, 20 ONU/ha murriztuko da gehieneko dosia.

    EAEn erabiltzen diren ureztatze uren nitrogeno kontzentrazioa oso aldakorra izan daiteke, uraren jatorriaren arabera. Euri urak metatzeko putzuen kasuan, 10 mg/L baino txikiagoa izaten da (ia dena nitrato forman), eta handiagoa izaten da, aldiz, ureztatzeko biltzen diren lurrazaleko jariatze uren (bideratuak izan ala ez), lurpeko uren edo beste jatorri batzuetako uren kasuan. Hori horrela, nitrogeno ekarpena deskontatu behar da. N balantzea kalkulatzen laguntzeko, 3. taula atxikitzen da; ureztatze uren nitrogeno ekarpena zenbatetsi daiteke horren bidez (kg N/ha).

  2. taula. Nitrogeno ekarpena (kg N/ha), botatako ur bolumenaren eta nitrato kontzentrazioaren arabera.

    (Ikus .PDF)

  1. Ongarritze erregistroa. Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiek lurzatien ongarritzearen erregistro bat eduki beharko dute, 2014ko azaroaren 18ko Aginduak xedatutakoarekin bat (2014ko abenduaren 9ko EHAA).

  1. Ongarriak aplikatzeko baldintzak.

  1. Laboreei nitrogenoa aplikatzea baimenduta ez dagoen aldiak.

    1. Une oro debekatuta dago ongarri nitrogenatu organikoak eta mineralak aplikatzea landu gabeko nekazaritza lurretan.

    2. Laboreen ereintza aurreko aldian eta laborea jarrita duten lurzatietan, debekatuta dago ongarri nitrogenatuak botatzea 4. taulan zehaztutako garaietan, uretara isur daitekeen nitrogeno kopurua onargarria izateko.

  1. taula. Ongarri motaren arabera, debekatuta dago garai hauetan laboreei nitrogenoa botatzea:

    (Ikus .PDF)

  1. Ongarritzea higadura arriskua duten lursailetan, malkartsuetan eta inklinatuetan.

    Mota honetako lurretan, arraste arriskuak handiagoak dira forma likidoetarako. % 20tik gorako malda duten lurzatien zonetan, ezin izango dira forma horiek erabili.

    EAEko Lurzoruen Higadura Maparen arabera higadura prozesu larriak, oso larriak edo muturrekoak dituzten eremu gisa sailkatutako lurretan, ereintza ongarria lurperatu egin beharko da.

    Isurbideak, hesi eremuak, ezpondak eta hegal hondoak belarrez estalita mantenduko dira.

  2. Ubideetatik gertu dauden lursailetan ongarritzea.

    Lursail horietan ongarriak botatzeko, honako distantzia hauek zaindu behar dira:

    Ongarriak kanoi bidez botatzeko, 5 metroko bitarteko tartea utzi behar da ongarritu gabe, eta ubidetik lursailerantz zuzendu behar da kanoia.

    Ongarriak ihinztagailu bidez botatzeko, gutxienez 3 metroko tartea utzi behar da ongarritu gabe.

    Ongarriak ongarritze makinen, lainoztagailuen edo banagailuen bidez botatzeko, gutxienez 3 metroko tartea utzi behar da ongarritu gabe.

  3. Urak hartutako, elurtutako edo izoztutako lursailetan ongarritzea.

    Debekatuta dago lursail horietan ongarriak botatzea, edozein motatakoak izanda ere, mineralak zein organikoak, lursaila urak hartuta, elurtuta edo izotzez estalita dagoen bitartean.

  4. Ongarriak botatzeko modua.

    1. Nekazaritza azaleretan, minda ezin izango da bota plater sistemen, haizemaile sistemen edo kanoi bidez (abenduaren 19ko 1078/2014 ED). Halere, debeku hori ez da aplikatuko larre iraunkorrak eta belardiak dituzten lurzatietan (maiatzaren 29ko 82/2018 Dekretua).

    2. Simaur solidoak lurperatu egin beharko dira, bota eta 48 ordura gehienez ere (abenduaren 19ko 1078/2014 ED). Alabaina, betebehar horretatik salbuetsita daude larre eta labore iraunkorrak, zuzeneko ereintzaren edo gutxieneko lur lantzearen bidez eginiko laboreak, eta sats solidoa azalean botatzean, laborea dagoeneko jarrita badago (otsailaren 16ko 20/2016 Dekretua, 5. taula).

  1. taula. Simaur solidoak botatzeko jarduera irizpideak, lurzatiaren ezaugarrien arabera.

    (Ikus .PDF)

    3. Ongarriak fertirrigazio bidez botatzeko, 2.2 apartatuaren arabera labore zikloari dagokion gehieneko nitrogeno kantitatea errespetatu behar da.

    4. Ongarritzeko makinek, mota guztietako ongarriak (organikoak eta ez-organikoak) aplikatzeko, ongi kalibratuta egon behar dute, ongarriak lursailean uniformeki banatzen direla ziurtatzeko.

  1. Simaurrak eta mindak ongarri gisa erabiltzea.

    Simaurrak eta mindak ongarri gisa erabili ahal izango dira irailaren 22ko 515/2009 Dekretuan, abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituenean, xedatutako baldintzetan, edo dekretu horren ordezko dekretuan edo dekretuetan xedatutako baldintzetan.

    Lurzoruari simaurrak eta mindak botatzean, kontuan hartuko dira lurzoruaren beraren ezaugarriak eta baldintza klimatologikoak. Gainera, honako gutxieneko distantzia hauek zaindu beharko dira horiek botatzean, nahitaez bete beharreko beste arau batzuk alde batera utzi gabe.

  1. taula. Simaurrak eta mindak ongarri gisa botatzeko gutxieneko distantziak.

    (Ikus .PDF)

  1. Ur erauzketak.

    Ura erauzi behar bada eremu kaltebera bateko edozein lekutan, eta edozein bitartekoren bidez, arroko erakundeak dagokion baimena eman beharko du.

  2. Ureztatze sistemak.

    Nitratoak ez arrastatzeko, ureztatze dosiak zatikatuta aplikatuko dira, eta laboreak gehien behar dituen uneetan.

    Ahal dela, ihinztatuz ureztatuko da, eta ezin izango da uholde edo ildo bidezko ureztapenik egin.

    Ura ahalik eta modu uniformeenean banatu behar da; hortaz, presio desberdinez ez banatzeko ahalegina egin behar da.

    Adarrean, batez besteko presioa 2,5 eta 4,0 kg/zm2 artekoa izango da, eta presioaren gehieneko aldea batez bestekoarekiko % 20koa izango da.

    Lursailak ez dira ureztatuko haizea badabil.

  3. Simaurrak eta mindak aldi baterako biltegiratzea.

    Eremu kalteberetako lursailetan dauden abeltzaintza ustiategiek, beren jarduerak sortutako hondakin organikoei dagokienez, nahitaez bete behar dituzte irailaren 22ko 515/2009 Dekretuan (abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzekoa) xedatutako baldintzak, edo dekretu horren ordezko dekretuan edo dekretuetan xedatutako baldintzak.

    Simaurra solidoak baldin badira, estalpedun sastegi batean bilduko dira, abereak dauden instalazioetatik bereizita, betiere ustiategiaren kudeaketa sistemak hala eskatzen badu. Simaurtegiaren zorua iragazgaitza izango da, eta likidoak irristatu ahal izateko besteko aldapa izango du. Likidook biltze hobi estanko batera bideratuko dira. Iragazgaitza dela joko da baldin eta ura edo beste fluido batzuk ezin badira igaro.

    Simaurra aldi baterako biltzea onartuko da ongarri moduan erabiliko den lurzatien eremuan. Simaurra era horretan biltegiratzean, eranskin honen 4. apartatuan xedatutako distantziak errespetatu beharko dira. Simaurra aldi baterako biltegiratzea onartuko da, baldin eta bertako simaurrak eta produktu organikoak kudeatzeko planean jasota badago simaur solidoa ongarri moduan erabiliko dela lurzatiren batean edo guztietan. Era horretan biltegiratuko den simaur kantitatea lurzatiak behin ongarritzeko behar den bestekoa izango da gehienez ere.

    Deiekzioak modu likidoan erabiltzen badira, hesitutako hobi estankoa (modu naturalean edo artifizialean) beharko da, bertan jaso eta gordetzeko, edo, bestela, antzeko sistemaren bat. Lurrazaleko urak kutsatzeko edo isurketak gertatzeko arriskurik egon ez dadin, bermatu beharko da metatutako likidoak ez duela gainezka egingo.

    Erreferentzia orokor gisa, honako hau planteatzen da: ustiategiaren hiru hileko jardunean denbora osoz diharduela ukuiluratutako abereek sortutako produktu organikoak biltzeko moduko edukiera izatea gutxienez, honako zifra hauek erreferentzia hartuta (7. taula):

  1. taula. Ustiategiaren hiru hileko jardunean denbora osoz diharduela ukuiluratutako abereek sortutako produktu organikoak biltzeko moduko edukiera gutxienez.

    (Ikus .PDF)

    *Ama eta ondorengoak barne hartzen ditu, zikloa itxi arte.

  2. Siloratzeko biltegiak.

    Abereentzako elikagaiak gordetzeko erabiliko diren siloek nahitaez bete behar dituzte irailaren 22ko 515/2009 Dekretuan abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzekoa xedatutako baldintzak, edo dekretu horren ordezko dekretuan edo dekretuetan xedatutako baldintzak.

    Abeltzaintza instalazioetatik gertu egon beharko dute, eta, edonola ere, instalazioetako osasun azpiegiturako puntu garrantzitsuak dituen lurzatiaren perimetroaren barruan. Biltegien kopurua eta gehieneko bolumena egokiak izango dira ustiategiko abere kopururako, horiek maneiatu ahal izateko eta biltegiratu beharreko pentzu eta bazka kantitaterako.

    Lurzoruek iragazgaitzak izan behar dute, eta estankotasun baldintza optimoei eutsi behar diete, euri urak ez daitezen iritsi biltegiratutako produktura. Iragazgaitza izango dela bermatzeko, material erresistenteak erabiliko dira gainera. Iragazgaitza dela joko da baldin eta ura edo beste fluido batzuk ezin badira igaro.

    Lurzoruek gutxieneko malda bat izan beharko dute, siloratze fluidoak ez daitezen geldi geratu, eta haiek azkar hustu ahal izateko biltegiratze hodi espezifikoetara, edo, horrelakorik egon ezean, minda zuloetara. Hormak ere iragazgaitzak izango dira metro bateko altuerara arte. Iragazgaitza dela joko da baldin eta ura edo beste fluido batzuk ezin badira igaro.

    Jariatutako likidoak bildu egingo dira, eta ustiategiko gainerako hondakin urak bezala tratatuko dira.

Nekazaritzako nitratoekin ura kutsatzeko arriskua dela eta eremu kalteberen mugatze kartografikoa.

https://www.geo.euskadi.eus/eremu-kalteberak/s69-geobopv/eu/

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.