Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 5ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez deialdi publikoa iragartzen baita goi-kargudunaren idazkariaren lanpostua izendapen askez betetzeko Gobernu Irekiaren Zuzendaritzan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 97
  • Hurrenkera-zk.: 2854
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/05/05
  • Argitaratze-data: 2021/05/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Gobernu Irekiaren Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkariaren lanpostua hutsik dago (kodea: 520010; dotazioa: 152). Beraz, sail horrek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.3 artikuluan agindutakoaren arabera, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ostean. Hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa. Parte hartzeko baldintzak.

  1. Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek, lanpostu-zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).

    Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, egoera hauetan izan ezik:

    1. Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

    2. Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezingo dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora.

  2. Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.

    Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio-egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

    Bigarrena. Eskabideak.

    Hautagaiek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, eta, horretarako, 15 egun baliodun izango dituzte, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidean, datu pertsonalak eta egun betetzen duten destinoa adieraziko dituzte.

    Hirugarrena. Betekizunak eta merezimenduak.

    Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

    1. Tituluak.

    2. Administrazio publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.

    3. Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

    4. Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

    5. Hizkuntza-ezagutzak.

    6. Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioei lotuta badaude, jakinaraztea egoki jotzen diren bestelako merezimendu guztiak.

      Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, baldin eta horiek Langileen Erregistroan ez badaude.

      Hautagaia deialdiko lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

      Deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunean bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

      Laugarrena. Ebazpena.

      Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agindu bidez ebatziko du deialdi hau, gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Agindu hori EHAAn argitaratuko da.

      Lanpostua lortzen duen pertsonak horretarako ezarriko den datan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

      Ebazpen hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dauden legeak eta lanpostu-zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.

      Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

      Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 5a.

      Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

      OLATZ GARAMENDI LANDA.

Deitutako lanpostua: goi-kargudunaren idazkaria.

Kodea: 520010.

Dotazioa: 152.

Kidegoak: C1/C2.

Destino-osagarriaren maila: 18.

Berariazko osagarria: VI-A.

Kokapena:

Gobernu Irekiaren Zuzendaritza.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila.

Herria: Vitoria-Gasteiz.

Hizkuntza-eskakizuna: 2.

Derrigortasun-data: 2001-10-31.

Berariazko ezagutzak:

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik