Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko martxoaren 4koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa - Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren estatutuetan egindako aldaketak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 67
  • Hurrenkera-zk.: 1967
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/03/04
  • Argitaratze-data: 2021/04/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ekonomia; Instituzional

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko urriaren 22an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren estatutuak aldatzeko eskabidea sartu zen, eta espedientea izapidetu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Justizia Zuzendaritzaren eta Legelarien Euskal Kontseiluaren txostenak jaso dira. Horien arabera, elkargoaren estatutuetan egindako aldaketak ontzat ematen dira.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkideagoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente horri buruzko ebazpena, arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Profesionalen Elkargoei, Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko azaroaren 21eko 21/2004 Dekretuaren 38.6 artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikuluan xedatutakoari dagokionez.

Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan eta Profesionalen Elkargoei, Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko azaroaren 21eko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Hori guztiarengatik, hau

Lehenengoa. Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren estatutuetan egindako aldaketak onartzea.

Bigarrena. Aldatutako estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, agindu honen eranskin gisa.

Agindu honek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak eta haren aurka, amaiera ematen baitio administrazio-bideari, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 4a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

2020ko irailaren 11n Donostian egindako ez-ohiko Batzar Orokorrean onartuak.

HITZAURREA

  1. Estatutu honek Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 euskal Legean Profesionalen Elkargoen Estatutuak eguneratzeko emandako agindua betetzen du. Estatutu hau ez da legeak hala agindu duelako bakarrik sortu, ordea. Gure lanbidearen marko juridiko orokorrean aldaketa handiak izan dira aurreko Estatutua onartu zenetik. Funtsezko aldaketa horiek ondorengo puntuetan laburbil daitezke.

    Lehenik eta behin, Espainiako Konstituzioko 36. artikuluan Profesionalen elkargoak aipatzen direnez banakoen eskubideei buruzko kapituluaren barnean, ondorio juridiko garrantzitsuak ondorioztatu behar dira hortik. Bat eta lehenengoa, elkarte mota berezi bat dela.

    Horrek esan nahi du Profesionalen elkargoak gizarte zibilaren adierazpen bat direla, beste askoren artean, eta autonomia-printzipio hori defenditu eta aldarrikatu egin behar dela Estatutu honen 10-1 artikuluan egiten den bezala. Baina horrek ez garamatza eskubide hau eskubide absolutu gisa konfiguratzera; ondorioz, Estatutuak espresuki onartzen du 10-3 artikuluan Abokatutzaren marko orokorrean sartzen garela Abokatu gisa eta, horrexegatik hain zuzen ere, bere egiten ditu lurralde-eremu zabalagoetan landu eta onartutako arau deontologikoak. Aldi berean, Elkargoan elkargokide gisa sartzeak Europar Batasuneko herrialdeetan eta Europako Esparru Ekonomikoaren akordioa sinatu zuten herrialde guztietan lanbidea egikaritzeko ahalmena ematen duenez, eta alderantziz, Estatutuak bere egiten ditu Europako eta Estatuko arautegi komunean eta Abokatuen Estatutu Orokorrean ezarritako arauak eta haiei lotzen zaie. Lehen ziren konpartimentu itxi izateari utzi diote Profesionalen elkargoek eta hori ere elkargoko profesionalen aldaketa-prozesuaren alderdi funtsezkoa da.

    Gure lanbidearen erregimen juridikoaren beste aldaketa batzuk ere jaso beharrekoak dira, Estatutuaren osotasunarengatik, lege bidez ezarriak izan badira ere. Horien artean gure lanbidearen liberaltasunari buruzkoak, profesional liberal izateak beste edozein eragile ekonomikok bete beharreko arau berei lotutako enpresari egiten baikaitu. Horri erantzuten diote lehia leialari, fede onez jardutearen parekoa denari, eta Estatutu honetan ezarritakoaren arabera jokatzeari buruzko arau eta aipamenek; informazioari eta publizitateari buruzkoek; ordainsarien liberalizazioari eta zerbitzuemaile gisa identifikatu eta singularizatzen gaituzten gainerako alderdiei buruzkoek.

    Testuinguru honetan, aipatu beharreko azken alderdi bat, Estatutu honek pertsona gisa, hitzaren esanahi beteenean, hau da, letraduen laguntza izateko oinarrizko eskubidearen titular eta gure zerbitzuen erabiltzaile gisa, gure zerbitzu profesionala hartzen duten eta gurekin kontratua egiten duten pertsonek dituzten eskubide guztien bermea gure ordenamendu profesionalaren muinean eta printzipio gidari gisa ezartzeko duen borondate irmoa da. Gure lanbideak duintasun handiagoa izango du gure bezeroen eskubideen eta interesen berme leialean ahalegin handiagoa egiten dugun neurrian.

  2. Estatutua bost titulutan zatitu eta antolatuta dago Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Euskal Legearen arabera, Autonomia Estatutuko 10-22 artikuluan ezarritako eskumenari jarraiki arau horren baitan txertatzen baita, Estatutuak behar dituen edukiak adierazteko.

    Elkargoaren autonomia-erregimena eta autoantolatzeko eta lanbidearen ordenamendua egiteko duen gaitasuna erabakitzeko, konstituzionaltasunaren blokea hartu da aintzakotzat, Estatuaren eta Autonomia Erkideagoaren arteko eskumen-banaketa konkretuki, Abokatuen Estatutu orokorreko arauak desplazatuz partikularki Elkargoen egitura eta antolamendua bezalako gaietan, gehiegizko araukeria denean, eta arauhauste eta zigorrei dagokienean. Konstituzionaltasunaren blokearen barnean, kontuan izan behar da halaber, Espainiako Konstituzioko 36. artikuluan aipatutako subjektu bakarra Profesionalen elkargoak direla, Kontseiluen aipamenik ez baita egiten, eta subjektu horrek bere autonomiaren berme konstituzionala duela, Abokatuen Estatutu orokorrean ematen zaien mendeko izaerarekin bat ez datorrena.

    Ondorioz, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan aplikatu beharrekoak izango dira ekainaren 22ko 658/2001 Errege Dekretuaren bidez onartutako Abokatuen Estatutu orokorreko xedapenak, eta Kontseilu Orokorrak edo bere organoetakoren batek emandako gainerako xedapenak, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 euskal Legean eta Estatutu honetan ezarritakoaren aurka ez dauden neurrian.

  3. Lehen Tituluko lehen Kapituluak gure lanbidearen oinarrizko alderdiak aipatzen ditu lehenik. Bereziki aipatzekoa da 1. artikulua, abokatutzaren funtzio soziala adierazten duena. Esanahi argia du horrek, hain zuzen ere, gure lanbidea oinarrizko giza eskubide baten jasotzaile eta zaintzaile dela adierazten baitu, era guztietako jurisdikzioen aurrean Abokatuaren laguntza izateko eskubidearena, alegia. Ikuspegi honek mamitzen du Abokatu lanbidearen duintasun ukaezin eta eztabaidaezinari buruz egin litekeen aipu oro eta bertatik eratortzen dira eskubideak eta betebeharrak, bezeroei eta gizarte osoari dagokienez, eskubide/ betebehar izaten direnak beti-beti, hots, txanponaren bi aldeak.

    Bigarren Kapituluan Elkargoak duen Zuzenbide publikoko Korporazioaren izaera juridikoa eta helburuak azaltzen dira, eta hirugarren Kapituluan Elkargoan sartzeko erregimena jasotzen da eta, osotasunaren izenean, baita beste hainbat arau ere, hala nola, egikaritzaren lurralde-eremuari buruzkoak.

  4. Arreta berezia eskaini zaio lanbidearen ordenamenduari eta egikaritzari, Bigarren Tituluan landuz.

    Titulu horren lehen Kapituluan «Abokatuen eskubideak eta betebeharrak» izenburupean, Gipuzkoan diharduten Abokatuen jokabidea arautzeko kodea edo kode deontologikoa jasotzen da hainbat ataletan. Argi ikusten da Abokatuen eskubideak Abokatu horien zerbitzu profesionala jasotzen duten pertsonek galda ditzaketen betebehar gisa konfiguratzen dituen ardatz edo hari gidari bat. Erregela horiek Estatutuan jasotzean, ez da aipamen hutsa egiten, edukia ere zehazten baita.

    Era horretan, Abokatuen lanbidea sozialki ezagutzeko modukoa izan dadin beharrezkoak diren ezaugarri guztien erreferentzia egiten da. Hortaz, beste gai batzuen artean, Estatutuan jasotzen dira Abokatuen independentzia, defentsa- askatasuna, mandatu profesionalak betetzeko garaian egiaz, leialtasunez eta zintzotasunez jokatu beharra, interes-gatazka dagoenean jarduteko debekua, aldi berean kontzeptu hori nola ulertu behar den arautuz, eta izaera bereko beste hainbat alderdi.

    Testuinguru honetan, Abokatuaren sekretu profesionala nola ulertu behar den azaltzen da xehetasunez 25. artikuluan. Alde honetatik, konkretuki, sekretu profesionala alderdien Abokatuen arteko komunikazio eta harremanetara ere zabaltzen du Estatutuak eta harreman horiek artikulatzeko erregela zehatzak ezartzen ditu.

    Horren arrazoia, kode deontologiko oso desberdinetan ezarritakoari eta gai hori jasotzea arrazoizkoa eta, are, beharrezkoa egiten duten printzipioei jarraituz, Abokatuek bitartekari gisa duten egitekoa da, Abokatuaren lanbidea gizarteko bakeari egindako ekarpen moduan ulertuz, alderdien arteko adostasuna bideratzeko irtenbide zuzenak bilatuz eta auzitara joan beharrik izan ez dadin ahaleginak eginez. Horregatik da garrantzitsua Abokatuen arteko komunikazioak ere sekretu profesionalari eta beste muga batzuei lotuak izatea, era horretan alderdiek askatasun handiagoa izango baitute negoziatzeko eta adostasunera heltzeko.

    Arreta berezia ematen zaie bezeroekiko harreman profesionalei, kontratu batean eta elkarrenganako konfiantzan oinarrituak diren neurrian. Arlo honetan bezeroari eman beharreko informazioak garrantzi nagusia hartzen du, zerbitzu-ematearen obligazio inplizitu gisa. Informazio-elementu horien artean harremanak gauzatzeko «Mandatu-orria» erabiltzea gomendatzen da eta bi kasutan obligazioz erabili beharrekoa dela zehazten da.

    Bigarren Titulu honetako bigarren Kapituluan Gipuzkoan bulego profesionalarekin jarduteko moduak jorratzen dira. Jarduteko modua aukeratzeko askatasunetik abiatzen da Estatutua (45. art.), profesio liberala izanik, printzipio hori baitagokio. Pentsa liteke, printzipio hori, Abokatuen lanbidea ordenatzen duten printzipio orokorretako bat izaki, aldarrikatze hutsa aski litzatekeela.

    Baina badira hainbat alderdi, hala nola, bezeroaren eta Abokatuaren arteko konfiantzazko harremana, interes-gatazka dagoenean jarduteko debekua, independentzia eta sekretu profesionala, besteak beste, jarduteko modu batzuk arautzera behartzen dutenak.

    Horregatik arautu dira kolaboratzaileak dituzten bulego indibidualak, bulego kolektiboak eta diziplina anitzeko taldeak, kasu guztietan, 45. artikuluan adierazitako printzipioaren kontra dauden eta beharrezkoak ez diren zurruntasun formalak kenduta.

  5. Hirugarren Titulua Elkargoaren organoei eskaini zaie. Estatutuak jarraitasunaren bideari heldu dio gai honetan, denboran zehar eraginkorra dela erakutsi baitu, aldaketa handirik egin gabe eta Elkargoaren funtzionamendu demokratikoa bermatu nahian betiere.

    Batzar Nagusia organo gorena izanik ere, elkargoaren antolamenduaren ardatza Gobernu Batzordea da, Dekanoa buru duela.

    Estatutuak indargabetzen duen erregimenari buruzko berritasun nagusien artean aipatzekoak dira Gobernu Batzordeko kideen erdia berritzea jarraitasuna bermatzeko, eta Gobernu Batzordeari edo bere kideetakoren bati zentsura- mozioa egiteko aukera. Beste aldaketa batzuk 18/1997 euskal Legeak Profesionalen elkargoei buruz ezarritakoaren ondorio izan dira.

    Lege hori da era berean Elkargoak bere organoek hartutako erabakien aurkako errekurtsoak jartzeko bideari, erregimen ekonomikoari, aurrekontuei eta ondareari dagokion guztia inspiratu duena.

  6. Arau-hausteak, zigorrak eta diziplinazko prozedura Laugarren Tituluan arautu dira.

    Zigorrei dagokienez, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontse-iluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 euskal Legean ezarritakoari lotzen zaio.

    Arau-hausteei buruz, berriz, ondorengo alderdiak hartzen ditu kontuan Estatutuak. Alde batetik, gai horren inguruan aipatu euskal legeak ezarritakoa, ahaztu gabe, elkargodun lanbideen diziplinazko erregimenaren arlo zehatz honetan, jurisprudentzia dela bereziki nagusitzen dena eta marko horretan Espainiako Konstituzioko 25-1 artikuluko lege-erreserbaren printzipioa ez dela hain zorrotza, Konstituzio Auzitegiaren 219/89 eta 93/92 epaiek adierazi duten bezala, beste batzuen artean. Hala ere, zigorraren tipikotasunaren eta aurrez zehaztua izan beharraren printzipioek ez du salbuespenik onartzen.

    Erreferentziako marko horretan arau-hausteen zerrenda zabal eta xehea ematen da, kontuan izanik bereziki proportzioaren printzipioa, zigor ororen ezinbesteko exijentzia baita.

    Prozedurari dagokionez sistema bermatzailea ezartzeko ahalegin berezia egin da, gaiari buruz Estatuan eta EAEn indarrean dauden legeak kontuan hartuta.

    Arreta berezia eman zaio Instruktorea izendatzeko sistemari, abiapuntuko premisa gisa hartuta ez duela Gobernu Batzordeak (prozedurari hasiera ematea eta, egoki denean, zigorra erabakitzen duen organoak) bere aldetik eta bere kasa izendatu behar, organo erabaki-hartzailearen eta organo instruktorearen artean ius punendi administratiboa bereizteko printzipioaren berme beteago gisa. Horregatik pentsatu da arrazoizkoa zela Estatutuan bertan arautzea Deontologiako Batzordea, Elkargoan lehendik ere sortua zena eta lanean ziharduena, eta beste batzuen artean, Instruktorea izendatzeko funtzioa ematea, zehaztuz, Batzorde horretako kide bat bada, txandaz egokitzen zaiona izango dela, baina Deontologiako Batzordeak Batzordekoa ez den norbait izendatzeko eragozpenik gabe. Era honetan, eta egitate horri lotutako beste neurri batzuen bidez, erabat osatuta geratzen dira prozeduraren bermeak.

  7. Estatutua amaitzeko, Estatutuaren beraren erreforma eta Elkargoaren desegitea, Legez bakarrik egin daitekeena, jorratzen dituzten bi kapitulu.

    Azaldutako guztiagatik, Batzar Nagusiak, Gobernu batzordeak hala proposatuta, 2002ko ekainaren 20an egindako bileran onartu egin zuen ondorengo.

  8. 2011ko martxoaren 22an egindako Ezohiko Batzar Nagusian onartu zen egoitza soziala aldatzea Hondarribia kaletik (Hondarribia kalea 1, 2. esk., 20005 Donostia ) Mandasko Dukearen Pasealekura (Mandasko Dukearen Pasealeku a11, behea, 20012 Donostia), eta beraz, Estatutuen 9.2 artikulua aldatzea.

  9. 2020ko irailaren 11ko Ezohiko Batzar Nagusian, Estatutuak aldatzea onartu zen Titulu Orokor Nagusia, Hitzaurrea, Titulu Nagusia, Lehen Tituluko Bigarren Kapituluko Titulua, 2, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 13,14, 15, 21, 22, 25, 30, 40, 41, 42, 53, 55, 64, 87, 92, 112. artikuluak, eta Lehen, Hirugarren, Bosgarren eta Seigarren Xedapen Gehigarriak eta Bigarren Xedapen Iragankorra, Abokatuen Elkargoari eta/edo Gipuzkoako Abokatuen Elkargoari egindako erreferentzia guztiek «Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa» elkargoari erreferentzia egin diezaioten:

    GIPUZKOAKO ABOKATUEN ELKARGOAREN ESTATUTUA

    LEHEN TITULUA

  1. Abokatutza lanbide libre eta independentea da eta gizarteari zerbitzua ematen dio interes publikoan.

  2. Abokatuek zorrotz bete behar dituzte Estatutu honetatik eta gainerako ordenamendu juridikotik ateratzen diren arau deontologikoak eta lanbidearen gainerako betebeharrak. Betebehar eta eskakizun deontologiko horiek betetzea abokatuen laguntza jasotzen duten pertsonen edo abokatuekin zerbitzuak itundu dituztenen eskubidea da.

  3. Estatutu honetan, eta bereziki arau deontologikoetan, aurreikusitakoaren aplikazioa eta interpretazioa oinarrizko defentsa-eskubidea, euskarrietako bat Abokatutza duena, babestuz eta Zuzenbidezko Estatuaren printzipioa aplikatuz egingo da beti.

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoa arduratuko da pertsona bati ere ez dakion Abokatu bidezko laguntza tekniko-legezkoa ukatu bere eskubide eta interesak defenditzeko, dela berak libreki aukeratua edo ofiziozkoa, doako laguntza juridikoa izateko eskubidea onartzen bazaio eta ez bazaio, horretarako ezarritako eskakizunen arabera.

  1. Abokatuaren lanbidea lehia libre eta leialaren erregimenean egikaritzen da, hura arautzen duten xedapenen arabera.

  2. Abokatuaren lanbidea lehia-erregimenean egikaritzea bateragarria izango da beti lanbidearen arau deontologikoak betetzearekin.

  1. Botere Judizialaren Lege Organikoko 436. artikuluan ezarritakoaren arabera, Zuzenbidean lizentziatua izanik era guztietako prozesuetan alderdien Zuzendaritza eta defentsa, edo aholkularitza eta kontseilu juridikoa profesionalki egikaritzen duenari dagokio esklusiban Abokatu izena eta funtzioa.

  2. Aurreko idatz-zatian definitutako eremuan Abokatu funtzioa egikaritzeko beharrezko baldintza da aldez aurretik Espainiako Estatuan egoitza duen Abokatu Elkargoren batean sartuta egotea, legeetan eta maila edo balio bereko xedapen arauemaileetan zehazki aurreikusitako salbuespenak bakarrik onartuz.

  1. Abokatu izena, Abokatutzaren erregimen orokorraren arabera, Estatutu honetako 4., 13. eta 19. artikuluetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenek bakarrik erabili ahal izango dute.

  2. Era berean, Abokatu izena erabili ahal izango dute «jardunik gabe» adierazpena gehituta betiere, lanbidean gutxienez hogei urtean jardun ondoren jarduteari utzi diotenek, baldin eta baja eskatzen duten unean ez bazaie instruitzen ari inhabilitazio- zigorra ekar lezakeen prozedura penalen bat edo falta oso larriarengatik irekitako diziplinako espedienteren bat eta instrukzioak irauten duen bitartean, eta, edozein kasutan, baja emateko arrazoiak ez duenean aukerarik ematen jardunik gabeko Abokatu gisa mantentzeko Estatutu honetako 17-3 artikuluaren arabera.

  1. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan sartzeak lanbidea Estatu osoan egikaritu ahal izateko gaitasuna ematen du, legeetan ezarritakoaren arabera, eta baita mugaz haraindi ere, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan eta Europako Esparru Ekonomikoaren akordio sinatu zuten herrialdeetan, arautzen duten Gidalerroen eta horiek Estatuko legeriara egokitzen dituzten Errege Dekretuen arabera.

    Beste elkargo batzuetako kide izanik Lurralde honetan jarduera profesionala izan nahi duten profesionalei Gipuzkoako Abokatuen Elkargoari aldez aurretik jakitera ematea galda dakieke. Hala ere, ezingo zaie galdatu Euskal Autonomia Erkidegoko beste Elkargoren batean edo Legekarien Euskal Kontseiluak edo Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak betebehar horren salbuespena hitzartutako beste Elkargoren batean sartuta daudenei.

  2. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko kideek, Lurralde Historikoaz kanpo profesionalki jarduten dutenean, Elkargo honen arauez gain, jarduera burutzen duten lurraldeko Elkargoaren arauak, deontologia eta diziplina-erregimena bete beharko dituzte, eta hura izango da eskuduna sor litezkeen diziplinazko prozedurak izapidetu eta erabakitzeko.

    Era berean, beste elkargo batzuetako Abokatuek Gipuzkoan jarduten dutenean profesionalki, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren arauak, deontologia eta diziplina-erregimena bete beharko dituzte eta, diziplinazko espedientea irekiz gero, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak dagokion Elkargoari jakitera emango dio eta, har izanez gero, beharrezkotzat jotzen dituen aurrekariak eta txostenak eskatuko dizkio.

    BIGARREN KAPITULUA

    GIPUZKOAKO ABOKATUEN ELKARGOA

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoa Legeak babestutako Zuzenbide Publikoko Korporazio bat da nortasun juridiko propioa eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa dituena.

  1. Euskara eta gaztelania dira Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren bi hizkuntza ofizialak.

  2. Gobernu Batzordeak behar diren neurri guztiak hartuko ditu bi hizkuntzak berdintasunez erabiltzea normalizatzeko.

  1. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren esparruak Gipuzkoako Lurralde Historiko osoa hartzen du eta bakarra da bertarako.

  2. Elkargoaren egoitza soziala Donostiako Mandasko dukearen pasealekuko 11. zenbakiko behea 20012 Donostia helbidean dago, baina lekuz aldatu ahal izango da Gobernu Batzordeak proposatuta Batzar Nagusiak hala erabakitzen badu, eta beste udalerri batzuetan ere ireki ahal izango dira delegazioak Batzar Nagusiak erabakita.

  1. Elkargoak autonomia osoz egikaritzen ditu bere helburuak eta funtzioak Estatutu honetan eta berari dagozkion Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko lege eta gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera.

  2. Elkargoa ondorengo arauen arabera eraenduko da:

    1. Oro har edo kasu bakoitzean partikularki aplikatu beharrekoak diren Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko xedapen arauemaileak.

    2. Estatutu hau eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko gobernu-organoek hartutako erabakiak.

    3. Abokatuen Estatutu Orokorra eta Kontseilu Orokorrak edo bere organoek emandako gainerako xedapenak, ekainaren 22ko 658/2001 Errege Dekretuko Lehenengo Azken Xedapenean xedatutakoaren aurka edo Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 euskal Legean xedatutakoaren aurka edo Estatutu honetan ezarritakoaren aurka ez dauden neurrian. Aplikatzekoak izango dira era berean Legekarien Euskal Kontseiluak emandako xedapenak aipatu azaroaren 21eko 18/1997 euskal Legearen eta Estatutu honen aurka ez dauden neurrian.

  3. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak, esleituta dituen eskumenak inbaditzen ez diren bitartean, bere egiten ditu Abokatutzaren Europako, Estatuko eta EAEko erakundeek bakoitzak bere eskumenaren esparruan erabakitzen dituzten arau deontologikoak. Arau horien artean edo arau horien eta Estatutu honen artean desadostasunik edo interpretazio-arazorik sortuz gero, bezeroaren eskubideak eta interesak eta lanbidearen duintasuna edo gizartean duen begirunea gehien babesten dituena aplikatuko da.

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren funtsezko helburua da Abokatuaren lanbidea eta elkargokideen interes profesionalak ordezkatzea eta defendatzea, gizarteak dituen interes eta behar orokorrekin bat etorriz.

  1. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren eginkizunak dira bere lurralde-eremuan:

    1. Lanbidearen etika eta duintasuna eta Abokatuek bezeroen eskubideak eta interesak errespetatzen dituztela zaintzea.

    2. Abokatu lanbidearen egikaritzea ordenatzea legeek eta gainerako arauek definitutako markoan.

    3. Lanbidean aritzeko arau deontologikoak ezartzea eta benetan betetzen direla zaindu eta bermatzea.

    4. Giza eskubideak eta, oro har, Zuzenbideko Estatuaren printzipioa sustatzea eta defendatzea.

    5. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren barnean lanbidea legearen arabera eta egoki egikaritzen dela zaintzea eta halaber Abokatuek beren jardun profesionalean dituzten eskubideak eta obligazioak betetzen direla zaintzea. Bereziki:

      e 1) Lanbidea lehia leialaren arabera egikaritzen dela zaintzea, praktika desleialak eta murriztaileak zehatuz eta, behar izanez gero, bidezko akzioak egikarituz.

      e 2) Intrusismo profesionala saihesteko eta jazartzeko legezko neurriak hartzea.

    6. Lanbidearen ordezkari izatea esklusibotasunez eta legeek ezarritako ordezkaritza izatea bere helburuak betetzeko eta, bereziki lanbidea defenditzeko Administrazioaren, Instituzioen, Auzitegien, erakundeen eta partikularren aurrean, lanbidearen eskubide eta interesekin eta Abokatutzaren helburuekin zerikusia duten auzietan alderdi izateko, bidezkoak diren akzio penal, zibil, administratibo edo sozialak egikaritzeko eta Legearen arabera eskatzeko eskubidea egikaritzeko legitimatuta.

    7. Doako laguntza juridikoko zerbitzuak eta ezarrita dauden edo aurrerantzean ezar litezkeen bestelako laguntza eta orientazio juridikoko zerbitzuak antolatu eta kudeatzea.

    8. Elkargokideen etengabeko prestakuntza.

    9. Elkargokideen intereseko lanbideari buruzko, kulturako, laguntzazko, aurreikuspenezko eta antzerako jarduera eta zerbitzu komunak antolatu eta sustatzea eta, bereziki, etengabeko prestakuntza profesionala sustatzea.

    10. Profesionalen ordainsariei buruz orientatzeko baremoak ezartzea eta, egoki denean, bezeroentzako mandatu-orrien edo aurrekontuen erregimena ezartzea, Estatutu honetako bosgarren xedapen gehigarrian eta bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoaren eragozpenik gabe.

    11. Justizia Administrazioaren funtzionamendu, sustapen eta hobetze-lanetan laguntzea.

    12. Administrazio Publikoekin lankidetzan jardutea interes komunak lortzeko. Bereziki:

      l 1) Eskatzen zaizkion txostenak eta azterketak eta Elkargoak bere ekimenez erabakitzen dituenak egitea, estatistikak lantzea barne.

      l 2) Horretarako aurreikusita dauden organismo publiko edo administratiboetan parte hartzea.

    1. Abokatuen artean edo abokatuen eta hirugarrenen artean sortzen diren gatazka profesionaletan bitartekotza edo arbitrajearen bidetik esku hartzea, gatazkan diren alderdiek adostasunez hala eskatzen dutenean.

    2. Aurkezten zaizkion gaietan arbitraje-lanak egitea eta arbitrajeko instituzioak sustatzea edo horietan parte hartzea.

    3. Profesionalen ordainsariei buruzko informazioa eta irizpena ematea eta ordainsariak kobratzeko borondatezko zerbitzuak ezartzea, Gobernu Batzordeak hala erabakita.

    4. Elkargokideen jarduera profesionalari buruz eta haien ordainsariak kobratzeari buruz sor litezkeen desadostasunak erabakitzea laudo bidez, alderdi interesatuek aldez aurretik espresuki onartzen badute horrela egitea.

    5. Profesionalen ustezko zabarkeriari buruzko informazioa eta irizpena ematea.

    6. Ezagutza juridikoak galdatzen dituen edozein auzitegitan ordezkariak izendatzea, hala eskatzen zaionean.

    7. Aurrekontuak eta elkargokideen ekarpenak landu eta onartzea.

    8. Estatutu hau eta lanbidean eragina duten gainerako legezko xedapenak, eta eskumena duten gaietan Elkargoko organoek emandako arauak eta hartutako erabakiak betetzea eta Abokatuei betearaztea.

    9. Zehatzeko ahalmena egikaritzea.

    10. Indarrean dagoen legeriak Abokatuen Elkargoei ematen dizkien gainerako guztiak.

    11. Lanbidearen interesentzat onuragarria den, aurrekoekin erlazioa duen eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren xede eta helburuak betetzen laguntzen duen eginkizun oro.

  2. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak Administrazio Publikoei dagozkien eginkizunak egin ahal izango ditu Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 euskal Legeko 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera edo, kasua denean, Estatuko organo orokorren delegazioan ezarritakoaren arabera.

    HIRUGARREN KAPITULUA

    ELKARGOAN SARTZEA

  1. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan sartzeko bete beharreko baldintzak izango dira Abokatuen Estatutu orokorrean, ekainaren 22ko 658/2001 EDan onartuan, izaera orokorrarekin ezarritakoak, eta, kasua denean, Abokatu lanbidera heltzeko eta lanbidea egikaritzeko baldintzak arautzen dituzten Estatuko xedapen orokorretan ezarritakoak eta, halaber, aseguru-kontratu bat sinatua izatea erantzukizun zibileko arriskuak estaltzeko, Estatutu honetako 31. artikuluaren arabera.

    Europar Batasuneko eta Europako Esparru Ekonomikoaren akordioko beste herrialde batzuetako Abokatuei dagokienez, Gipuzkoan jardun nahi badute iraunkorki eta jatorrizko Estatu horiek emandako tituluaren arabera, 936/2001 EDan, abuztuaren 3koan, Europar Batasuneko beste herrialde batean lortutako titulu profesionalarekin Abokatu lanbidea Espainian iraunkorki egikaritzeari buruzkoan, aurreikusitakoari jarraituz sartuko dira Elkargoan jarduneko Abokatu gisa.

  2. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan sartzea nahitaezkoa izango da bulego profesional bakarra edo nagusia Lurralde Historiko honetan dutenentzat edo izango dutenentzat.

    Baldintza hori bete dela ulertuko da Abokatua dedikazio esklusiboko erregimenean eta langile-harremanean sartuta dagoenen enpresa bateko plantillan enpresa horri aholkularitza juridikoa emateko.

  3. Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 30.2 artikuluan aipatzen diren Zuzenbideko profesionalei ez zaie Elkargoan sartzerik eskatuko.

  1. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak ezingo du mugatu elkargokideen kopurua eta ezingo du itxi ez aldi baterako eta ez betiko elkargokide berriak onartzeko aukera.

  2. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak nahitaez onartu beharko du eskaera egiten duena, interesatuak frogatzen badu baduela Zuzenbidean lizentziatuaren titulua edo balio bereko titulu homologatua eta gainerako baldintzak ere betetzen dituela, 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan sartzeko eskaerak Dekanoari zuzendu behar zaizkio eta eskaera aurkezten den unean elkargokide izateko behar diren baldintza guztiak betetzen direla frogatu behar da Gobernu Batzordeak erabakitako forma dokumentalean.

  2. Gobernu Batzordeak, eginbideak bete eta behar diren txostenak eta dokumentuak hartu ondoren, sartzeko eskaerari buruzko erabakia emango du, onartuz, esekita utziz edo ukatuz gehienez ere bi hilabeteko epean.

    Aurkezten den dokumentazioa osatu gabe dagoenean, eskaera egin duenari jakinaraziko zaio eta erabakia hartzeko epea etenda geratuko da harik eta dokumentazioa osatu edo txostena hartu arte.

  3. Bi hilabeteko epe horretan erabakia jakinarazten ez bada, isiltasun positiboaren ondorioak izango ditu, baldin eta eskaeragileak elkargokide izateko behar diren baldintza guztiak betetzen baditu.

  4. Aurreko 1, 2 eta 3. idatz-zatietan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko lehendik beste Abokatu Elkargoren batean sartuta dauden Abokatuei; Abokatuen Estatutu orokorrean aurreikusitakoari jarraituz sartuko dira Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan.

  5. Esekita uzteko edo ukatzeko erabakiaren aurka Estatutu honetan aurreikusitako errekurtsoak jarri ahal izango ditu interesatuak, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikziora jotzeko eragozpenik gabe.

  6. Lehendik elkargokide izan ez direnak Elkargoan erabat sartuta geratuko dira Dekanoaren aurrean edo Dekanoa ordezkatzen duenaren aurrean lanbidean jardutea zin egiten edo hitzematen dutenean, egoki den forman.

  1. Elkargokideak jardunekoak eta jardunik gabeak izan daitezke Abokatuen Estatutu orokorrean aurreikusitakoaren arabera.

    Elkargokideen zerrendak ordena alfabetikoaren araberakoak izango dira eta elkargokide-zenbakia ere adieraziko dute eta bi lista desberdindutan banatuko ditu elkargokideak goian aipatutako izenburuekin.

  2. Jardunik gabeko elkargokideek ezingo dute Abokatu izena erabili, Estatutu honetako 5-2 artikuluan adierazitako kasuan izan ezik.

  1. Ondorengo kasuetan egingo da jarduneko elkargokidearen baja:

    1. Interesatuak berak erabakita, lanbidea egikaritzeari uzten dionean, erabaki hori Elkargoari aldez aurretik eta idatziz jakitera emanda.

    2. Lanbidean jarduteko baldintzak betetzen ez dituelako, eta kasu horretan hilabeteko epean jakinarazi beharko dio Elkargoari elkargokideak, baina, dena dela, lanbidean jardutea eragozten duen egitatea gertatu eta berehala utzi beharko dio Abokatu funtzioak egiteari, Estatutu honetako 29. artikuluan ezarritako erregimenaren arabera. Ondorio horietarako lanbidea egikaritzeko baldintzatzat hartzen dira elkargokide izateko bete behar diren baldintza berak eta, beraz, egitate eragozlea izango da elkargokidea lanbidean jarduteko ezgaitasun, bateraezintasun edo debekuko kausaren batean erortzea eta, berebat, erantzukizun zibileko asegururik ez izatea Estatutu honetan ezarritakoaren arabera.

    3. Judizioan emandako kondena irmoarengatik, kondena horretako zigor nagusia edo erantsia lanbidean jarduteko inhabilitazioa bada.

    4. Diziplinazko prozeduran erabakitako lanbidean jarduteko inhabilitazioko zehapen irmoarengatik.

    5. Elkargoko kuotak behin eta berriz ez ordaintzeagatik.

  2. Aurreko idatz-zatiko e) letrari dagokionez, kuotak behin eta berriz ez ordaintzea esatean, bi kuota-errezibu edo kuota-zatien errezibu edo gehiago, arruntak nahiz apartekoak, ordaindu gabe edukitzea ulertzen da, ordaintzeko errekerimendua gutxienez hiru aldiz egin bazaio. Ordaintzeko errekerimenduak behar adinako konstantzia jasotzeko moduan egingo dira eta Elkargoan jasota dagoen bulego profesionalera edo helbide partikularrera bidaliko dira.

    Baja automatikoki egingo da, eta zirkunstantzia hori interesatuari helaraziko zaio, hirugarren errekerimendua egin eta hamabost eguneko epean errekeritutako kuota eta ordaindu gabe egon litezkeen gainerakoak ordaintzen ez baditu.

    Gobernu Batzordeak denboraldi batean salbuetsi edo atzeratu ahal izango du kuota-ordaintzea aldez aurretik elkargokideak hala eskatuta, erabaki hori arrazoizko egiten duten zirkunstantzia bereziak izanez gero.

  3. Aurreko 1 idatz-zatiko a) eta b) letretan jarduneko Abokatu gisa baja emateko kausak betetzen dituenak, jardunik gabeko elkargokide gisa jarraitzea eskatu ahal izango du. Gainerako kausetan erortzen direnak kendu egingo dira elkargokideen zerrendetatik, harik eta errehabilitatu arte edo zehapena bete arte, eta une horretan alta eskatu ahal izango dute nahi duten izaerarekin.

  1. Elkargokideek hala erabakitzen dutenean, beren borondatez egin bazuten baja, eta gainerako kasuetan baja egiteko arrazoia desagertzen denean, berriz ere Elkargoan sartzea eskatu ahal izango dute jarduneko gisa.

  2. Berriro sartzeko baldintza izango da lanbidean jarduteko baldintza guztiak betetzen direla edo eragozten zuten arrazoiak desagertu direla frogatzea eta, kasua izanez gero, berriro sartzeko ezarritako kuota ordaintzea.

    Ez da berriro sartzeko kuotarik ordaindu behar izango baja zehapenarengatik izan bada eta interesatuak mugaegunetik aurrera berriro sartzea eskatu badu, eta ezta bajaren arrazoia funtzio publikoak, hautapen bidezkoak nahiz izendapen librekoak, egiteagatik sortutako bateraezintasuna edo debekua izan denean ere.

    Bajaren arrazoia kuotak ez ordaintzea izan denean, berriro sartu ahal izatekobaja egin zen egunera arte ordaindu gabe zeuden kuotak ordaindu beharko dira. Bajak eragina sortu zuen egunetik urtebete igaro aurretik egiten bada berriro sartzeko eskaera, denboraldi horri dagozkion kuotak ere ordaindu beharko dira. Bajak eragina sortu zuen egunetik urtebete baino gehiago igaro bada berriro sartzeko eskaera aurkezten denean, berriro sartzeko egokia den kuota ordaindu beharko da, bajak eragina sortu zuen egunera arte ordaindu gabe zeuden kuotekin batera.

  1. Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoaren akordio sinatu zuten herrialdeetako besteren batek emandako tituluarekin lanbidea tarteka edo noizbehinka Gipuzkoan egikaritzen duten Abokatuek, martxoaren 21eko 607/1986 EDan, gero irailaren 16ko 1062/1988 EDak aldatutakoan, EEEren martxoaren 22ko 77/249 zuzentaraua Estatuko legeriara egokitzen duenean, aurreikusitakoaren arabera jardun beharko dute.

  2. Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoaren akordio sinatu zuten herrialdeetako besteren batek emandako tituluarekin lanbidea iraunkorkiGipuzkoan egikaritu nahi duten Abokatuen erregimena, 936/2001 EDan, abuztuaren 3koan, Europar Batasuneko beste herrialde batean lortutako titulu profesionalarekin Abokatu lanbidea Espainian iraunkorki egikaritzeari buruzkoan, ezarritakoa izango da.

    Abokatu horiek Kolegioan inskripzioa egitea eskatu beharko dute. Elkargoak horrelako abokatuen Erregistro berezi bat mantenduko du «Inskribatutako abokatuak» izenburupean eta bertan jaso beharko ditu abuzturen 3ko 936/2001 ED horretan zehaztutako espezialitate guztiak.

Elkargoko idazkariak urte bakoitzaren hasieran jarduneko elkargokideen zerrenda bidaliko du ondoren zehazten diren erakunde eta instituzioetara:

  1. Egoitza Gipuzkoan duten Auzitegietara, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira eta baita Espetxeetara eta atxilotuen zentroetara ere. Zerrenda hori aldizka eguneratuko da alta eta bajekin.

  2. Legekarien Euskal Kontseilura.

  3. Abokatuen Kontseilu Orokorrera.

  1. Estatutu honen ondorioetarako, intrusismotzat jotzen da inoren arazoetan Abokatu lanbidea Gipuzkoan egikaritzen dutenean:

    1. Abokatuen Elkargo Profesional batean jarduneko gisa sartuta egon gabe, edo lanbidean jarduteko inhabilitatuta edo suspendituta egonda, Abokatuei dagozkien lanak eta eginkizunak egiten dituztenek. Bereziki, intrusismoan eroriko dira Abokatuen parte-hartze profesionala beharrezkoa ez den arazoetan eta horretarako legez edo arauz habilitatuta egon gabe, Abokatuei dagozkien lanak egiten dituztenak, Zuzenbidean lizentziadunak izan ala ez.

    2. Abokatuei dagozkien lanak egiten dituztenek bateraezinak izanik, edo ezgaituta egonik, edo debekupean izanik, edo sartzeko behar diren baldintzetakoren bat galduta izanik.

    3. Abokatu izena erabiltzen dutenek Abokatu izan gabe Estatutu honetan ezarritakoaren arabera.

    4. Abokatu izan edo ez, pertsona juridikoak barne, aurreko letretan intrusismo profesional gisa kalifikatutako praktikak babesten dituztenek. Bereziki intrusismoko praktikak babesteko beren bulegoa edo sinadura ematen duten Abokatuek.

  2. Estatutu honen ondorioetarako ez dira intrusismoan eroriko, beste erantzukizunen bat izan badezakete ere:

    1. Abokatuei dagozkien defentsako edo aholkularitza juridikoko lanak egiten dituztenak, Lege maila edo balioko arau batek babesten badu egiten dutena eta ezarritako baldintzak zorrotz betetzen badituzte.

    2. Norberaren arazoen defentsan esku hartzen dutenak, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 euskal Legeko 6-1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    3. Administrazio publikoen edo zuzenbide pribatuko ente publikoen edo Sozietate publikoen zerbitzuan dauden Zuzenbidean lizentziatuak judizioko defentsako edo barne-aholkularitzako lanak egiten dituztenean, funtzio horrekin funtzionario- edo langile-harremana badute.

    4. Zuzenbidean doktore edo lizentziadun titulua duten unibertsitateko irakasleak, Profesionalen Elkargo batean jarduneko gisa sartuta egon ez arren, informazioa edo aholkularitza emateko lanak egiten dituztenean Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2000 LOko 83. artikuluan eta hura garatzen duen oinarrizko araudian edo autonomikoan ezarritakoa hertsiki betez egiten badute.

  3. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoa intrusismo profesionalik gerta ez dadin ahaleginduko da eta, gertatuz gero, jazarri egingo du behar diren akzioak egikarituz eta, behar izanez gero, behar diren espedienteak instruituz eta gainera lanbideari dagozkion egitekoak, Estatutu honetan eta legeetan aurreikusitakoaren arabera, Abokatuek bakarrik egin ditzaten hartu beharreko neurri guztiak hartuko ditu.

    BIGARREN TITULUA

    LANBIDEA EGIKARITZEA

    LEHEN KAPITULUA

    ABOKATUEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

  1. Abokatu lanbidea egikaritzeko lanbidea eraentzen duten arau deontologikoak zorroztasunik handienaz bete behar dira eta arau horiek haustea Estatutu honetan xedatutakoaren arabera zigortuko da.

  2. Abokatua Gipuzkoakoa ez den Elkargo batekoa denean, Gipuzkoako Lurraldean jarduten badu, Estatutu honetan ezarritako arau deontologikoak bete beharko ditu, bere Elkargo profesionalean eta Europan eta Estatuan orokorki ezarritakoak ere betetzeko eragozpenik gabe. Aplikatu beharreko arauari buruzko gatazkarik sortuz gero, Estatutu honetako 10-3 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz ebatziko dira.

  3. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak laguntza osoa eskainiko die lanbideari dagozkion eskubideak eta betebeharrak betetzeko presioak edo mugak jasaten ari direla aditzera ematen dioten Abokatuei, bereziki, sekretu profesionalari eusteko askatasuna edo independentziari buruzkoak badira, eta behar diren neurriak hartuko ditu lanbidea egikaritzeak duen funtzio soziala eraginkorki bermatzeko oztopo oro desegiteko.

    LEHEN ATALA

    ESKUBIDE ETA BETEBEHAR OROKORRAK

  1. Abokatuen independentziak berarekin dakar juzgatzeko eta jarduteko askatasuna, kanpoko nahiz norberaren interesen ondoriozko presiorik, injerentziarik edo eraginik gabe. Independentzia Abokatuaren eskubidea eta betebeharra da Legean eta arau edo kode deontologikoetan bermatutakoaren arabera.

    Abokatuaren independentzia Auzitegien aurrean egiten duen jarduerara eta aholkularitza eta kontseilu juridikoko eginkizunak egikaritzetara hedatzen da.

  2. Abokatuak bere independentzia mantendu beharko du independentzia hori muga dezaketen presio, exijentzia edo atsegintasunen aurrean, bai botere publiko, ekonomiko edo faktikoei buruz, bai Auzitegiei buruz, bai bere bezeroari buruz eta baita bere interes propioei edo bere lankide edo kolaboratzaileen interesei buruz ere.

    Abokatuaren independentziak aukera ematen dio, bere irizpide profesionalen aurka, bezeroak, bulegoko lankideek, berarekin kolaboratzen duten beste profesional batzuek, edo edozein pertsona, erakunde edo iritzikorrontek ezarri nahi dizkioten instrukzio edo gomendioak errefusatzeko, eta eskuartean duen arazoaren aholkularitza edo defentsa bertan behera uzteko independentzia osoz ezin duela jardun baderitza.

  1. Bere zerbitzuak eskatzen dituzte pertsonak edo Titulu honetako laugarren Kapituluan ezarritakoaren arabera esleitzen zaizkionak askatasunez defenditzeko eta aholkatzeko eskubide eta betebeharra du Abokatuak.

    Defentsa-askatasunak arazo bat enfokatzeko edo defenditzeko modurik egokiena autonomia osoz, eta legeari buruz teknikoki dakiena eta ulertzen duena ahalik eta ondoen eta leialtasun osoz aplikatuta, erabaki eta egikaritzeko eskubidea dakar berarekin, Estatutu honetako 31-3 artikuluan ezarritako gomendioaren eragozpenik gabe.

  2. Defentsa eta aholkularitzako askatasuna, eta halaber Auzitegien aurreko adierazpen-askatasuna, Botere Judizialaren Lege Organikoko 437-1 artikuluan bermatua, fede onaren printzipioaren arabera egikaritu behar dira, arduraz eta behar den arreta profesionalez.

  1. Bezeroaren eta Abokatuaren arteko harremanetako konfiantza eta konfidentzialtasunak, bezeroak integritatea mantentzeko eta bere buruaren aurka ez deklaratzeko duen eskubideari, eta baita hirugarrenen oinarrizko eskubideei ere berezkoa zaienak, sekretu profesionala gordetzeko eskubidea ematen dio eta aldi berean betebeharra ezartzen dio Abokatuari bere jarduera profesionalaren edozein modalitateren bidez ezagutu ahal izan dituen gertaera edo albisteei buruz eta ezingo dute behartu horiei buruzko deklaraziorik egitera, indarrean dagoen Botere Judizialaren Lege Organikoko 437-2 artikuluak aitortzen duen bezala.

    Sekretu profesionala gordetzeko betebeharra betebehar hertsia da eta, beraz, bezeroak kontatutako gertaerak eta zirkunstantziak ezin dira ezagutzera eman ez zuzenean eta ez zeharka, nahiz eta edukiarengatik garrantzi penalik ez izan edo bezeroaren ohoreari edo ekonomiari kalterik ez egin.

    Sekretua gorde beharrak ez du mugarik denboran eta bezeroarekiko harremana amaitu ondoren ere indarrean jarraitzen du.

  2. Abokaturen sekretu profesionalaren betebeharrak eta eskubideak bere baitan hartzen ditu bezeroaren konfidentzia eta proposamenak, aurkariarenak, arazoan parte hartzen duten Abokatuenak eta bere jarduera profesionalaren edozein modalitateren bidez ezagutu dituen gertaera eta jaso dituen dokumentu guztiak. Bereziki, sekretuaren barnean sartzen dira:

    1. Ahoz egindako komunikazioak eta negoziazioak, oharrak eta korrespondentzia idatzia, telegrafikoa, telex, fax edo beste prozeduraren baten bidezkoa, edozein euskarritan jasotako transkripzioak eta grabazioak eta euskarriak berak.

      Bezeroarekin, kontrako alderdiarekin edo horren Abokatuekin aurrez aurre edo telefonoz edo telematika bidez izandako elkarrizketak ezingo dira grabatu aldez aurretik ohartarazi gabe eta parte hartzen dutenen adostasuna lortu gabe eta betiere sekretu profesionalaren pean geratuko dira.

    2. Bezeroak duen eskubidea errekerimendu, inspekzio edo miaketa batean Abokatu batek bidalitako korrespondentzia, oharrak eta informazioak ez aurkezteko, baldin eta defentsaren ondorioetarako eragina izan badezake korrespondentzia horrek.

  3. Abokatuen arteko harremanetan, eta aurreko 2. idatz-zatian xedatutakoa aplikatzeko eragozpenik gabe, ondoren ematen diren erregelak ere kontuan hartuko dira:

    1. Abokatuek ez diete bezeroei eman behar beste alderdiaren Abokatuekin trukatutako ohar, gutun edo komunikazioen jatorrizkorik, kopiarik edo grabaziorik, Abokatu horiek espresuki baimena eman ezean.

    2. Abokatuen artean elkarri bidalitako eta erreserbatutzat jotako ohar, gutun edo komunikazioak judizioan aurkeztea sekretu profesionala urratzea izango da, nahiz eta aurkezten dituen Abokatuak berak idatziak izan.

  4. Abokatuaren sekretua gorde beharra bere buruari ere badagokio eta baita bere jarduera profesionalean lankide duen beste pertsona orori ere.

    Abokatutza kolektiboki egikarituz gero, sekretu gordetzeko betebehar indibiduala kolektiboa osatzen duten gainerakoengana ere hedatuko da, bezeroak hala eskatzen badu espresuki. Horrela ez bada, sekretua eta diskrezioa gorde beharra kolektiboko gainerako kideei ere aplikatuko zaie sekretu profesionalak babestutako gai eta arazoei dagokienez.

  5. Abokatuak ez du sekretu profesionala gorde beharrik izango:

    1. Bezeroak edo haren jaraunsleek idatziz eta espresuki baimena ematen diotenean, hirugarrenen interesei kalterik egiten ez bazaie betiere. Bigarren kasu horretan Dekanoaren baimena beharko da.

    2. Zuzenean aplikatu beharreko Europako Erregelamendu batek hala ezartzen duenean edo Lege Organiko batek agintzen duenean. Edozein kasutan Elkargoko Dekanoari jakitera eman beharko zaio aldez aurretik, bere iritziz kasu hori sekretuaren betebeharra salbuesten duen arauan sar ote daitekeen galdetuz eta aholkua eskatuz ondorengo c) letran aurreikusitakoari dagokionez.

    3. Elkargoko Dekanoak espresuki baimena emanda, sekretu profesionala gordetzeak kalte konponezinak edo injustizia nabarmen-nabarmenak ekar litzakeen kasu guztietan. Dekanoak berak ere sekretu profesionala gorde beharko du dakienari buruz, eta Abokatuari aholkuak emango dizkio orientazio gisa eta, ahal izanez gero, baita sortutako arazoaren konponbide edo prozedura alternatiboak erabakitzeko ere, gatazkan diren ondasun juridikoak haztatuz.

      Dekanoak, ahalik eta irizpiderik egokiena, legezkoena eta zuzenena osatzeko, kontsultak egin ahal izango dizkie bere konfiantzako beste Abokatu batzuei eta horiek ere sekretuan gorde beharko dute dakitena. Inola ere ezingo dira egin kontsulta horiek Gobernu Batzordearen bileretan.

  6. Bezeroek eskubidea dute sekretu profesionalari buruz duten eskubidea edozein eratan urratu zaienean Abokatuen Elkargoari jakitera emateko eta, ondorioz, bidezkoa den zehapen-espedientea ireki dadin, eta espediente horretan interesatu gisa parte hartu ahal izango dute.

    Era berean, Abokatuek sekretu profesionalaren urratzeren baten berri badute, edo sekretu profesionala mantentzeko mehatxuren bat edo arriskuren bat badela jakiten badute, Elkargoari aditzera emateko eskubidea eta betebeharra izango dute.

  1. Abokatuak, defentsaren ardura bere gain duen bitartean, bere osotasunean burutzeko obligazioa du, eta askatasun osoa izango du defentsarako bitartekoak erabiltzeko baldin eta legitimoak badira eta zilegitasunez lortu badira eta beren helburu bakarra ez bada auziak arrazoirik gabe luzatzea.

  2. Abokatuak zuzenean ezagutu dituen egitate objektiboak, bezeroak esanda jakin ez dituenak, hala direla edo ez direla adierazteko prozeduran egiten diren baieztapenek egiazkoak izan beharko dute.

    Edozein kasutan, Abokatuak ez du erabiliko faltsua dela dakien frogarik eta ez du eskatuko gezurrezkoa dela dakien egitateren bat berresteko deklaraziorik.

  1. Abokatuak bezeroarekin duen harremana elkarrenganako konfiantzan oinarritzen da eta Abokatuari jokaera profesional zintzoa, ondradua, leiala, egiazkoa eta arduratsua izatea eskatzen dio.

    Abokatuak pertsonalki hartu behar du lanaren ardura bere gain, lankidetzak eska baditzake ere.

  2. Era berean, Abokatuak ez du bere bezeroaren interesen aurkako kulpazko ekintzarik egingo.

  1. Abokatuak bezeroaren interesak prestutasunez defenditzeko obligazioa du.

    Ondorioz, Abokatuek debekatuta dute interes-gatazka sor lezaketen jarduera profesionalak egitea. Debeku hori absolutua da eta mandatua onartzea ere barne hartzen du arrazoizkoa denean interes-gatazka sor litekeela pentsatzea.

  2. Artikulu honen ondorioetarako, ondorengo erregela partikularrak hartuko dira kontuan, aurreko 1 idatz-zatian ezarritako debekuaren izaera orokorraren eragozpenik gabe, gainerako kasu guztietan aplikatu beharrekoa izango baita.

    1. Abokatuak ezin du onartu defenditzen ari den beste interes batzuen kontrako edo bere interes propioen kontrako interesak defenditzerik.

      Abokatuen interes propioen ideiaren barnean, Abokatua bera eta Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 euskal Legeko 6-1 artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko eta juridiko guztiak sartzen dira.

    2. Abokatuak ezingo dio bezero bati baino gehiagori laguntza eman gai berean bezeroen artean interes-gatazkarik badago edo gatazka sortzeko arrazoizko arriskurik badago. Hala ere, Abokatuak alderdi guztien interesean jardun ahal izango du kontratu izaerako dokumentuak prestatzen eta idazten, eta baita adostasunezko banantze eta dibortzioetako auzietan ere eta, oro har, alderdi guztiek eskaera egiten diotenean adostasunera heltzeko bitartekari izan dadin, objektibotasunik zorrotzenaz jokatuz beti ere.

    3. Egoera berean dauden bezeroen multzo baten arazoez arduratzen den Abokatuak bezero horietako bakoitzarekin eta guztiekin duen esku-hartze profesionala bertan behera utzi beharko du bezeroen artean interesgatazkaren bat sortzen denean, sekretu profesionala bortxatzeko arriskua dagoenean edo bere askatasuna eta independentzia mugatuta gera daitezkeenean. Hala ere, jarraitu ahal izango du profesionalki lanean bezeroetako batekin ego gehiagorekin, gainerakoek baimena ematen badiote.

    4. Abokatuak ezingo du onartu lehen izandako bezero baten aurka jotzea eskatuko duen mandatu profesionalik, lehengo bezero hari buruz lortutako informazioen sekretu profesionala bortxatzeko arriskua dagoenean edo informazio haietatik bezero berriak etekina atera dezakeenean edo lehen emandako mandatu bat betetzeak Abokatuak mandatu berrian izan behar duen independentzia mugatzen duenean.

    5. Banantzeko eta/edo dibortzioko auzietan bi ezkontideei laguntza eman dien Abokatuak ezingo du onartu, horietako batek bestearen aurka jotzeko egindako mandaturik auzi horiekin zerikusia badu.

    6. Ez da komeni beste auzi batean aurkako alderdia den bezero baten arazoak aldi berean eramatea. Debekatuta egongo da lehenengo bezeroaren mandatuarekin zerikusirik badu zuzenean edo zeharka, edo sekretu profesionala urratzeko arriskuren bat sortzen badu, hau da, lehenengo bezeroak transmititu dituelako bakarrik ezagutu ahal izan diren gauzak esplizituki edo inplizituki erabiltzeko arriskua badago, edo interes-gatazka sor badaiteke.

  3. Abokatuak beste batzuekin batera egikaritzen badu lanbidea 46. artikulutik 49.era bitartean aurreikusitako moduetako edozeinetan, aurreko idatz-zatiko debekuak talde osoari eta taldeko kide bakoitzari aplikatuko zaizkio. Talde bereko bi Abokatu inola ere ezingo dira arduratu elkarren kontra dauden alderdien arazoez.

    Aurreko 2. idatz-zatian ezarritako debekuak barne hartzen ditu, aplikatu beharrekoa den neurrian, bulego kolektibo batetik banantzen diren Abokatuak, banandu aurretik bulegoko bezeroak edo aurkako alderdiak izan direnei dagokienez.

  4. Deontologiako Batzordeak, Abokatuek hala eskatuta esklusiboki, interes- gatazkarik ez dagoela deklaratu ahal izango du. Deklarazio horren ondorio bakarra, Abokatua libratzea izango da Estatutu honetako 94-1 d) eta 95-1 a) artikuluetan aurreikusitakoa urratu izanagatik izan litzakeen diziplinazko ondorioetatik.

  1. Abokatutza egikaritzea bateraezina da, oro har, atxikiak dituen askatasunari, independentziari edo duintasunari kalte egin diezaiokeen edozein jarduerarekin.

  2. Lanbidean jarduteko ezgaitasun, bateraezintasun eta debekuen erregimena Abokatuen Estatutu Orokorrean, ekainaren 22ko 658/2001 EDak onartuan, izaera orokorrez ezarritakoa izango da, Estatutu honetan zehazki aurreikusitakoei eta Abokatuei aplikatu beharrekoak diren lege orokor, Estatuko eta Erkidegokoetan ezarritako gainerakoei kalterik egin gabe.

  3. Ezgaitasunei, bateraezintasunei eta debekuei dagokienez, ondorengo erregelak beteko dira:

    1. Ezgaitasunek, bateraezintasunek eta debekuek lanbidearen egikaritza iraunkorrean eragina dutenean, hilabeteko epean jakinarazi beharko zaizkio Elkargoari jarduneko elkargokide gisa baja eman ahal izateko.

      Hala ere, Abokatuak bertan behera utzi beharko ditu jarduera profesional berriak kausa gertatzen den une beretik aurrera.

    2. Arazo jakin bati buruz edo arazo-mota jakin bati buruz bateraezintasun edo debekuko kausaren batean dagoen Abokatuak ez du arazo horietan esku hartu behar.

    3. Aurreko a) eta b) letretan aurreikusitako kasuetan, jarduera profesionala hasi ondoren sortzen bada bateraezintasuna edo debekua, Abokatuak jarduera hori berehala bertan behera utzi eta bezeroari jakitera emateaz gain, beste Abokatu bat izenda dezala eskatu beharko dio bezeroari eta defentsa-gabeziarik gerta ez dadin behar den denboran bakarrik jarraituko du bere funtzioak egiten.

  4. Abokatutza beste batzuekin batera egikaritzen denean 46. artikulutik 49.era bitartean aurreikusitako moduren batean, taldeko kideren bati edo Abokatu kolaboratzaileren bati ezarritako bateraezintasuna edo debekua taldeko kide guztiengana zabalduko da.

  1. Abokatuek indibidualki erantzungo dute jarduera profesionalaren ondorioz izan lezaketen erantzukizun zibilaz eta horretarako behar den asegurua kontratatu beharko dute. Salbuespen bakarra legeak hala agintzen duelako asegurua Elkargoak kontratatu behar duen kasuak izango dira, hala nola, doako laguntza juridikoa.

  2. Aurreko idatz-zatian aurreikusitakoa hala izanda ere, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak zuzenean kontratatu eta mantenduko du erantzukizun zibileko aseguru bat, elkargokide guztiak hartuko dituena, elkargokideek indibidualki izan lezaketen erantzukizun zibilari aurre egiteko, eta ez da eragozpenik izango horren kostua elkargokideei jasanarazteko.

  3. Abokatuek eskatu ahal izango dute Elkargoak itundutako asegurutik kanpora geratzea indibidualki, eta bidezkoa izango da baldin eta frogatzen badute badutela erantzukizun zibileko beste aseguru bat, Elkargoak kontratatutako aseguruan elkargokide bakoitzarentzat aurreikusitakoen antzeko baldintzetan garantizatutako kopuruari eta besteri dagokionez, eta Elkargoak betiere zainduko du elkargokide horiek betetzen dutela erantzukizun zibila aseguratzeko legezko betebeharra zehaztutako baldintza minimoetan.

    Elkargoak eskatu ahal izango die kontratu-dokumentua eta ordaindu izanaren agiria erakusteko eta baita agiri horien kopia bat emateko ere artxiboan jasota gera dadin. Asegurua izateko betebeharra ez dela bete egiaztatuko balitz, Gobernu Batzordeak automatikoki suspendituko ditu lanbidearen egikaritzan, dagokion diziplinako espedientea irekitzeko eragozpenik gabe.

    BIGARREN ATALA

    ELKARGOKIDEEK BEZEROEI, AURKAKO ALDERDIARI, ABOKATUKIDEEI, ELKARGOARI ETA AUZITEGIEI BURUZ DITUZTEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

    1. Bezeroei buruz.

  1. Abokatua libre da bezeroak eta arazoak onartzeko edo ez onartzeko, ofiziozko txandaren eta doako laguntza juridikoaren erregimen bereziari kalterik egin gabe, horiek beren erregimen berezia baitute, eta Estatutu honetako 28. artikuluan aurreikusitakoari ere kalterik egin gabe.

    Arazo baten gidaritzan atzera egiteko Estatutu honetako 35. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

  2. Abokatuak ezingo du arazo baten ardurarik hartu, ez bada bezeroaren mandatuz, arazoan esku hartzen ari den beste Abokatu baten mandatuz betiere bezeroa jakinaren gainean badago eta onartzen badu, edo ofiziozko txandarako edo doako laguntza juridikorako izendapenez.

    Mandatua hirugarren batek emana bada eta hirugarren horrek bezero berriaren interesak babestu nahi baditu bere interes propioekin batera, bezero berriaren adostasuna beharko da mandatua onartu ahal izateko.

  3. Abokatuak ez du arazoa onartuko edo ez du arazoarekin jarraituko arazoaren espezialitatea edo konplexutasuna dela-eta ez dela gai ikusten badu. Era berean, abstenitu egin beharko du bere lana behar adinako arduraz eta arretaz egin ezin badu lehendik hartuta dituen arazoen bolumenaren funtzioan.

    Hala ere, egoera horretan dagoen Abokatuak abokatukide baten lankidetza eskatu ahal izango du mandatu profesionala burutzeko.

  4. Arazo baten aholkularitzarako edo defentsarako mandatu profesional bat onartzeak berekin du lan hori behar adinako jakitatez, independentzia intelektual eta moralez eta arretaz egiteko Abokatuaren gaitasun profesionalaren presuntzioa.

  1. Abokatuak etengabe prestatzen jarraitzeko betebeharra du bere ezagutzak eguneratzeko arauetan izaten diren aldaketei eta jurisprudentziaren eta doktrina zientifikoaren eboluzioari egokituz. Abokatuak zorroztasunez beteko du betebehar hau, bereziki, berak egiten duen publizitatean edo beste edozein informazioeuskarritan, bulego profesionala identifikatzeko plakak barne, indibidualizatuta agertzen diren gai juridikoei dagokienean.

  2. Abokatuak arreta eta ardura handienaz egingo du eman zaion arazoaren aholkularitza eta defentsa, arazoaren babes juridikoari dagozkion eskakizun tekniko, deontologiko eta etikoak betez eta kolaboratzaileen eta beste lankide batzuen laguntzaz baliatu ahal izango da eta horiek arazoaren ardura bere gain duenaren erantzukizunaren pean jardungo dute.

    Erantzukizun zibil, penal eta deontologikoak bezeroaren mandatua onartu duen Abokatuarenak izango dira beti.

  1. Abokatuak arazoaren edo egin beharreko lanaren ezaugarri berezien eta garrantziaren berri eman behar dio bezeroari mandatua egiten dion unean edo handik oso denbora gutxira eta ahalik eta modurik argienean. Bereziki, alderdi hauen berri eman beharko dio:

    1. Defentsa-eskubidearen mugak.

    2. Lortu nahi duena lortzeko dauden aukerei buruz eta aurreikus daitekeen emaitzari buruz duen iritzia.

    3. Bere egoera pertsonal eta ekonomikoarengatik doako laguntza juridikoaren onura eskatu eta lortzeko aukerarik duen.

    4. Bere independentzian nolabait eragina izan dezaketen egoera guztiak, hala nola, aurkako alderdiarekin edo haren ordezkariekin izan ditzakeen familia arteko harremanak, adiskidetasunezkoak, ekonomikoak edo finantzarioak. Interes-gatazkarik edo sortzeko arriskurik izanez gero, mandatuari uko egin beharko dio berehala.

    5. Arazoari buruz dakien datu edo gertaera oro, sekretu profesionala urratzea ez badakar eta emaitzan eragina izan badezake.

    6. Aurrera eraman beharreko ekimen eta hipotesiak eta horien ondorio posibleak, barne hartuz, kasuari dagokion auzian kostuak ordaintzeko kondena jasotzeko posibilitatea edo izan dezakeen bestelako edozein ondorio gastu-sortzaile edo kaltegarri.

    7. Abokatukide baten edo beste profesional baten kolaborazioa eskatzeko aukera arazoaren ezaugarriek edo konplexutasunak hala eskatzen dutenean.

    8. Preskripzioa edo iraungitzea edo beste jarduera kaltegarriren bat gerta ez dadin nahitaez eman behar dizkion dokumentuak eta egin behar diren egintzak.

    9. Aurreikusten diren ordainsariak edo ordainsaria zehazteko oinarriak, arazoaren konplexutasunaren, interes ekonomikoaren, bete beharreko izapideen eta kon tuan hartu beharreko gainerako zirkunstantzien arabera, eta ordainketa egiteko modua eta epeak.

    10. Bere esku jarritako arazoaren eboluzioa, ebazpen garrantzitsuak, horien kontrako errekurtsoak, transakzio-aukerak, judizioz kanpoko adostasuna edo auziaren konponbide alternatiboak bilatzen saiatzea komeni den.

  2. Abokatuak informazio puntuala emango dio bezeroari mandatua egikaritzean legitimoki ezagutzen duen guztiari buruz. Era berean mandatuaren eboluzioari buruzko informazioa ere emango dio bezeroak hala eskatzen dionean.

  3. Ofiziozko txandan izendatutako Abokatuak, ofiziozko txandak doako laguntza juridikoari buruz dituen desberdintasunak azalduko dizkio bezeroari, eta doako laguntza juridikoan aurreikusitako kasuetatik at ordainsariak kobra daitezkeela ere jakitera emango dio.

  1. Abokatuak bere esku eduki ahal izango dituen bezeroaren funts bakarrak ordejarritako gastuetarako hornidurak izango dira, bezeroak idatziz emandako baimena salbu, eta horrela denean, edozein unetan ezeztatu ahal izango du baimen hori bezeroak.

  2. Abokatuak bezeroaren aldeko diru-kopururen bat jasoko balu eskuartean duen arazoa dela bide, ezingo du atxiki behar-beharrezkoa den denbora baino gehiago.

  3. Abokatuak bezeroaren edo hirugarrenen dirua edo baloreak bere esku baditu, banku edo kreditu-erakunderen batean, eta berehala xedatu ahal izateko moduan, irekitako kontu berezi batean edo gehiagotan eduki beharko ditu. Gordailu horiek ezingo dira ez itundu eta ez nahastu ere Abokatuak, Abokatu-bulegoak, bezeroak edo hirugarrenek egindako beste edozein gordailurekin.

  4. Funts horiekin ezingo da ordainketarik egin, legezko xedapen edo mandamendu judizial batek agindu ezean edo ordainketaren kargua jasoko duen bezeroak edo hirugarrenak espresuki baimena eman ezean. Debeku horren barnean sartzen da Abokatuak bere ordainsaria kobratzeko funtsak ateratzea ere, horretarako baimena eman ez bada bezeroaren mandatu-orrian edo geroago egindako idazki batean eta, jakina, Justizia Auzitegietan eska edo lor daitezkeen kautelazko neurrien eragozpenik gabe.

  5. Europar Batasuneko beste estatu batean egindako jarduera profesionalaren markoan inoren funtsak dauzkan Abokatuak jatorrizko estatu horretan dagokion Elkargoan inoren funtsak gordailatu eta kontabilizatzeko indarrean dauden arauak bete beharko ditu.

  6. Abokatuek funtsak ematen dizkienaren identitate zehatza egiaztatzeko obligazioa dute.

  7. Abokatuak inoren funtsak jasotzen dituenean hertsiki profesionala ez den mandatu, gestio edo jardueraren bat burutzeko, jarduera horri buruzko arautegi orokorra izango da bete beharrekoa.

  1. Abokatuak lehen onartutako mandatuari uko egiteko eskubidea du bezeroaren defentsa-gabezia sortzen ez badu betiere.

    Aurrekoari kalterik egin gabe, Abokatuak mandatuari uko egin behar dio sekretu profesionala urratzeko arriskua badago, edo interes-gatazkaren bat sortzenbada, edo gerora ezgaitasuna, bateraezintasuna edo debekua sortzeko arrazoiren bat gertatzen bada eta, oro har, arau deontologikoak ez betetzeko arriskua ikusten den guztian.

    Ofizioz izendatutako abokatuak, auziperagai denak doako laguntza juridikoaren onura lortu ez badu, uko egin ahal izango du funts-hornidura eskatu eta bezeroak ordaintzen ez badio.

  2. Hasi ondoren arazo baten Zuzendaritzari edo aholkularitzari uko egiten dion Abokatuaren betebeharrak izango dira:

    1. Bezeroari idatziz jakinaraztea beste Abokatu bat izenda dezan, horretarako arrazoizko epe bat ezartzeko aukerarekin.

    2. Bezeroak beste Abokatu bat izendatu bitartean, arazoa arretaz bideratzea defentsa-gabeziarik eta eskubide-galerarik izan ez dadin.

    3. Berak duen dokumentazio guztia eta defentsan zehar planteatutako idazki guztiak bezeroaren esku eta, kasua bada, Abokatu berriaren esku jartzea eta mandatuaren egoerari eta berehala egin beharreko jarduerei buruzko informazio osoa ematea.

  3. Mandatuarekin jarraitzeko debekua edo bateraezintasuna gertatu denean, bezeroari jakinarazi eta arrazoizko epe bat igaro ondoren beste Abokaturik izendatu ez badu, edo harekin harremanetan jartzea ezinezkoa balitz, Abokatua erantzukizunetik libre geratuko da Elkargoari bere uko egitea arrazoituta jakinarazi ondoren, eta ebatzi gabeko auziren bat badago, Auzitegiari eta Prokuradoreari ere jakinarazi ondoren.

  4. Bezeroak zor dituen zenbatekoak kobratu ahal izateko informazioa edo dokumentuak atxikitzea debekatuta dago kasu guztietan.

  1. Bezeroak edozein unetan suntsitu ahal izango du Abokatuarekin duen zerbitzu- harremana eta beste Abokatu bat izendatu, eta eskubide hortaz baliatzeko ezingo da inolako baldintzarik ezarri eta, beraz, ezta Abokatuari ordainsaria ordaindu izana ere.

  2. Abokatuz aldatzeko ondorengo erregelak bete beharko dira:

    1. Abokatu berriak idatziz jakinaraziko dio aurreko Abokatuari. Jakinarazpena hartzea nahikoa izango da Abokatu berriak bere jarduerari ekin diezaion eta lehenengo Abokatua une horretatik aurrera egiten diren jarduera profesionalen erantzukizun orotatik libre geratuko da.

    2. Aurreko Abokatuak bezeroari buruz duen dokumentazio guztia eta defentsan zehar planteatutako idazkiak Abokatu berriaren esku utziko ditu eta gainera egindako jarduera guztien berri emango dio. Kasu honetan aplikatzekoa izango da 35-4 artikuluan ezarritako debekua.

  3. Ordeztua izan den Abokatuak bere jarduera profesionalari dagokion ordainsaria erreklamatzeko eskubidea izango du eta Abokatu ordeztaileak arduraz eta arretaz lagundu beharko du ordainketaren gestioan.

    Zorrari buruzko eztabaidarik badago edo ordaintzeari uko egiten bazaio eta adostasunik lortzen ez bada, Abokatu berriak ez du eztabaidan parte hartuko, arbitro bidez nahiz bide judizialetik erabaki.

  1. Abokatuak emandako zerbitzuengatik ordain ekonomiko egokia jasotzeko eskubidea du eta baita sortu zaizkion gastuengatik ordaindu duena kobratzekoa ere. Ordainsariaren zenbatekoa askatasun osoz hitzartuko dute bezeroak eta Abokatuak, arau deontologikoak eta lehiaren babesari eta lehia desleialari buruzko arauak errespetatuz.

    Kontrako berariazko itunik ezean, ordainsaria erabakitzeko kontuan hartu ahal izango dira, erreferentzia gisa, Gipuzkoan indarrean dauden orientazio-arauak, Elkargoaren erregela, usadio eta ohituren arabera aplikatuta, eta arau horiek hitzartutakoaren osagarri gisa hartuko dira, kostuak ordaintzeko konderaren erregimen bereziari kalterik egin gabe.

  2. Ordainsaria erabakitzeko, oinarri gisa, egindako lan profesionala hartuko da kontuan, eta, besteak beste, baloratuko diren irizpideak izango dira, arazoaren bolumen ekonomikoa, Abokatuaren esku-hartze profesionalak bezeroarentzat duen baliagarritasuna, eztabaidatutako edo kontsideratutako gaien konplexutasuna, emandako dedikazioa eta denbora, gaiak eskatzen duen espezializazio-maila edo Abokatua aukeratzeko erabakitzailea izan dena, ondorengo jardun judizial edo administratiboak eragoztea.

  3. Ordainsaria finkoa, aldizkakoa edo ordukakoa izan ahal izango da. Hirugarrenengandik berreskuratutako kostuei buruz, alderdiek askatasunez erabakitzen dutenari jarraituko zaio, eta berariazko itunik ezean Abokatuari ordaindu beharko zaizkio.

    Abokatuaren ordainsaria erabakitzeko irizpide bakar edo nagusi gisa emandako denbora hartu ahal izateko, bezeroaren adostasuna beharrezkoa izango da, akordioan Abokatuak frakzio kronologiko bakoitzeko ezarrita daukan prezioa finkatu beharko da eta, kasua denean eta ahal denean, baita mandatuz emandako lana egiteko hasiera batean aurreikusten den denbora ere.

  4. Kasu guztietarako debekatuta dago litis kuotaren ituna zentzu hertsian, hau da, Abokatuak eta bezeroak, arazoa amaitu aurretik akordio bat egitea, bezeroak arazoaren emaitzaren ehuneko bat bakarrik ordaintzeko konpromisoa hartuz, dela diru-kopuru baten, dela bezeroak arazoarengatik lortutako beste edozein onura, ondasun edo baloreren ehuneko bat.

  5. Abokatuek behin eta berriz eta ausarkeriaz beste abokatukideen minutak inpugnatzeak diziplinazko erantzukizuna ekarriko du, eta erantzukizun bera izango dute behin eta berriz gehiegizkotzat edo bidegabekotzat deklaratzen diren ordainsariak ezartzen dituzten Abokatuek ere.

  1. Mandatua onartu aurretik, bere jarduera profesionalari dagokion ordainsariari buruzko eta ordainsaria zehazteko erabiltzeko asmoa duen irizpideei buruzko informazioa eman beharko dio Abokatuak bezeroari.

  2. Betiere komenigarritzat jotzen da Abokatuaren esku-hartze profesionalaren aurrekontua ematea bezeroari, bezeroak berak ere sinatutako «Mandatu-orri» baten bitartez.

    Nahitaez eman beharko da «Mandatu-orria»:

    1. bezeroak hala eskatzen duenean;

    2. Estatutu honetako 37-2 artikuluan azaldutako irizpideak aplikatuz, ordainsariei buruzko orientazio-arauek zehazten dutena baino prezio handiagoa aurreikusten denean.

  3. «Mandatu-orrian» adierazi beharko da:

    1. Mandatuaren xedea.

    2. Espresuki sartzen diren jardun konkretuak eta, beraz, aplikagarri izango zaizkionak. Komenigarritzat jotzen da halaber, kasua denean, aurrekontuan sartzen ez diren baliabideei, peritu-txostenei eta bestelakoei ere erreferentzia egitea.

    3. Lan profesionalarengatik kobratuko den prezioa, kontuan hartzen diren irizpideak adieraziz eta, kasua denean, baita prezioan duten eragina ere. Arazoak dituen ezaugarriak direla-eta ezinezkotzat jotzen denean zenbateko zehatza finkatzea, zirkunstantzia hori jasota utzi beharko da, zenbatekoa zehazteko erabiliko diren oinarriak adieraziz betiere.

    4. Ordejarritako gastuengatik eta aurreko c) letran adierazitako zentzuan prezioan sartzen ez diren beste zirkunstantzia batzuengatik eskatuko diren zenbatekoak.

    5. Zein unetan ordainduko diren zenbatekoak.

    6. Kasua denean, arbitrajepean jartzea desadostasunik sortuz gero.

  4. Ordainsariak kobratzeko, Abokatuak minuta edo faktura bat egin beharko du zenbatekoa kalkulatzeko garrantzia duten elementu guztiak xehetasunez azalduz.

    1. Aurkako alderdiarekiko harremanak.

  1. Abokatuak ez du inolako harremanik eta komunikaziorik izango aurkako alderdiarekin, beste Abokatu bat ordezkari duela eta hark zerbitzua ematen diola dakienean, eta arazoari buruzko harreman guztiak Abokatu horrekin izango ditu, abokatukideak bere bezeroarekin harremanak izateko baimena eman ezean espresuki.

  2. Aurkako alderdiak Abokaturik ez duenean kontu handiz ibili beharko da egiten zaizkion tratu eta proposamenetan.

    Edozein kasutan aholkua emango dion Abokatu bat lehenbailehen izenda dezala gomendatuko zaio.

    1. Elkargoarekiko harremanak.

  1. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko Abokatuek beren interes bereziak defenditzeko, Justizia sustatzeko, eta Lanbidearen objektuarekin lotutako gainerakoxedeetarako Taldeak eratu ahal izango dituzte Elkargoaren baitan.

  2. Taldeek Elkargoaren Erregistroan gordailatuko dituzte beren Estatutuak; Gobernu Batzordeak Estatutu horiek onartu beharko ditu eta une horretan balio osoz eratuta geratuko da Taldea. Era berean, Estatutuetan aldaketak egiteko proposamenak ere Gobernu Batzordeak onartu beharko ditu. Edozein kasutan, Talde bat eratzeko gutxienez 25 elkargokide beharko dira, Estatutuak aurkeztean hala egiaztatu beharko da, eta gutxieneko kopuru hori beti mantendu beharko da, harik eta Taldea etenda utzi edo desegin arte.

  3. Taldeek egiten dituzten jardun eta komunikazio guztiak behar bezala identifikatu beharko dituzte beraiek egindako gisa, Elkargoari egozteko modukoak izan ez daitezen eta, gainera, Gobernu Batzordeak aldez aurretik baimendu beharko ditu beti.

  4. Elkargoa bereziki saiatuko da Abokatu gazteen Taldeari laguntzen eta Talde horrek gazteen kolektiboaren alde egiten dituen jardun profesional eta trebakuntzakoei babesa ematen.

  5. Elkargoan eratuta dauden edo eratuko diren Taldeek Gobernu Batzordearen mendean jardungo dute.

  1. Elkargoaren babesa eskatu eta lortzeko eskubidea, lanbidea egikaritzean edo horren ondorioz beren edo beste abokatukideen eskubide profesionalei eta interesei kalte egin zaiela uste dutenean, gertaera horien berri Elkargoari emanez. Beste Elkargo batzuetan sartuta dauden abokatuek ere izango dute eskubide hau profesionalki Gipuzkoan dihardutenean.

  2. Elkargoko arazoetan parte hartzeko eskubidea proposamenak eta iradokizunak eginez.

  3. Zuzendaritzako karguetarako hautesle eta hautagai izateko eskubidea, eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

  4. Ohiko nahiz aparteko Batzar Nagusietarako deialdia jasotzeko eskubidea eta eztabaida eta botazioetan parte hartzekoa.

  5. Elkargoaren ondasun eta zerbitzuez baliatu eta gozatzeko eskubidea, erabilera eta funtzionamendua arautzen duten arauak errespetatuz.

  6. Elkargoak antolatzen dituen jarduerei buruzko informazioa eta, bereziki, etengabeko prestakuntzako jarduerei buruzkoa, jasotzeko eskubidea.

  7. Irekitzen zaizkien diziplinazko prozeduren berri izateko eskubidea eta prozedura horietan entzunak izatekoa.

  8. Elkargoak hartutako erabakien aurrean errekurtsoa jartzeko eskubidea, erabaki horietan interesatuak badira.

  9. Jakinarazpenak edo komunikazioak jasotzeko zein bide duten nahiago (posta, faxa, telematikoa,...) Elkargoari jakinarazteko eta Elkargoak eskatutakoaren arabera jokatzeko eskubidea. Aukerarik egiten ez bada, postaz egingo ditu jakinarazpenak edo komunikazioak Elkargoak. Bulego kolektiboak direnean, aski izango da bertako lehendakariari edo koordinatzaileari bidaltzea jakinarazpena edo komunikazioa eta haren erantzukizuna izango da bulegoko gainerako kideei jakinarazpenaren edo komunikazioaren berri ematea. Jakinarazpena idatz-zati honetan aurreikusitakoaren arabera egin ezin denean, aski izango da Elkargoaren iragarki-oholean eta, kasua izanez gero, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean egindako publizitatea.

  10. Estatutu honek elkargokide gisa aitortzen edo ematen dizkien gainerako eskubideak.

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan sartutako Abokatuek ondorengo betebeharrak dituzte:

  1. Estatutu honetan eta Abokatuei oro har aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoa betetzea.

  2. Bulegoa Gipuzkoako Lurraldean irekita mantentzea Estatutu honetan aurreikusitakoaren arabera. Betebehar hori jarduneko elkargokideei baino ez zaie eskatuko.

  3. Bere funtzioak egiteko Abokatuak behar duen askatasunaren, independentziaren edo duintasunaren aurkako atentatu oro Elkargoaren aurrean salatzea eta Elkargoak esku hartzea arrazoizkoa izan daitekeen beste edozein kasutan ere gauza bera egitea, batez ere, sekretu profesionala urratzeko mehatxua edo arriskua baldin badago.

  4. Elkargoaren aurrean salatzea intrusismo profesionala gertatzen denean eta lanbidea legez kontra egikaritzen denean, lanbidea bere osotasunean edo gai batean edo mota bateko gaietan egikaritzeko suspentsioa, inhabilitazioa, ezgaitasuna, bateraezintasuna edo debekua duelako salatuak; eta halaber lanbidea irregularki egikaritzen denean ere, lehiaren babesari eta lehia desleialari buruzko legeriaren aurkako egintzak burutuz.

  5. Kuota arruntak nahiz apartekoak eta Elkargoak ezarritako gainerako kargak, edozein eratakoak izanda ere, horretarako ezarritako eran eta epeetan ordaintzea.

  6. Elkargoari jakinaraztea zein erregimenetan diharduen lanbidean, Titulu honetako bigarren Kapituluan aurreikusitakoaren arabera, eta aldaketaren bat izaten denean, horren berri ematea.

  7. Elkargoko fitxan jasota dauden datuetan izandako aldaketa puntualen berri ematea Elkargoari, hala nola helbide profesionala, telefonoa, faxa, helbide elektronikoa, etab. aldatzen direnean, eta oro har, egoera profesionalean garrantzia izan dezaketen gainerako aldaketak jakinaraztea, esate baterako, hilabete baino gehiagoan kanpoan izan behar duenean edo denbora berean gaixorik edo ezgaituta dagoenean, eskuartean dituen arazoak artatu gabe.

  8. Txosten edo azterketa estatistikoak egiteko eskatzen zaizkion datuak Elkargoari ematea.

  9. Beste Abokatu Elkargo batek diziplinako espedientea ireki izanaren berri ematea, bidezkoa den gainerako guztia adierazteko eragozpenik gabe.

  10. Estatutu honetan elkargokideei ezartzen zaizkien gainerakoak edo Elkargoko organoek beren eginkizuna betez erabaki ditzaketenak.

  1. Auzitegiei buruz.

Auzitegi buruz, legeek, Abokatuen Estatutu orokorrak eta oro har aplikatu beharreko arauek aitortu eta ezarritako eskubideak eta betebeharrak dituzte Abokatuek.

  1. Abokatukideei buruz.

Abokatuen arteko harremanetan bata bestearekiko leialtasuna, elkarrekiko errespetua eta adiskidetasuna mantendu behar da.

Elkarren arteko harremanetan Europar Batasunean erabakitako arau deontologikoetatik ateratzen den jokabide-kodea onartuko dute mugaz haraindi dihardutenean eta Abokatutzaren organo orokorrek erabakitakoaren araberakoa gainerako kasuetan.

BIGARREN KAPITULUA

GIPUZKOAN BULEGO PROFESIONALAREKIN JARDUTEKO MODUAK

  1. Elkargokideek, profesional libreak direnez, askatasun osoa dute beren interes pertsonal eta profesionalen arabera egokien deritzen moduan egikaritzeko lanbidea.

    Ondorioz, Abokatuek indibidualki, beste batzuekin batera taldean edo elkartean edo beste diziplina edo jarduera-eremu batzuetako profesionalekin batera, Abokatutzarekin bateraezinak ez badira, egikari dezakete lanbidea.

    Era berean, norberaren kontura jardun ahal izango dute lanbidean bulegoaren titular izanik, edo inoren kontura Zuzenbidean zilegi den edozein kontratuformulaz baliatuz, baita lan-zuzenbideko erregimenean ere.

  2. Lanbidean jarduteko modu desberdinak Kapitulu honetan aurreikusitakoaren arabera arautuko dira.

  1. Abokatutzaren egikaritze indibiduala norberaren kontura egin ahal izango da, bulego baten titular gisa, edo inoren kontura bulego indibidual edo diziplina anitzeko baten kolaboratzaile gisa, edo Lan-zuzenbideko erregimenean edo Abokatuentzat erreserbatuta dauden zerbitzu juridikoak emateko helburu soziala ez duen pertsona juridiko baten zerbitzuan.

  2. Ez da norberaren bulegoko titular gisa diharduen Abokatuaren izaera galduko ondorengo kasuetan:

    1. Abokatuak kolaboratzaileak dituenean bere bulegoan, harreman laboralarekin edo gabe.

    2. Abokatuak bere bulegoa konpartitzen duenean ezkontidearekin, edo maitasunezko harreman bertsua izanik berarekin bizi den pertsonarekin, aurreko edo ondorengo ahaideekin, odolkidetasuneko edo afinitateko bigarren mailara arteko ahaideekin, bulego kolektiboa eratzea erabakitzen ez badute, kasu horretan bulego kolektiboen erregimena aplikatuko baitzaie.

    3. Abokatuak lankidetzako akordioak ituntzen dituenean estatuko edo atzerriko beste Abokatu edo bulego kolektibo batzuekin arazo edo arazo-mota jakin batzuetarako, edozein formatakoak izanda ere.

    4. Abokatuak lokalak, instalazioak, zerbitzuak edo bestelako bitartekoak beste Abokatu batzuekin konpartitzen dituenean, baina bakoitzak bere bulegoaren independentzia mantenduz, bezeroen aurrean elkarrekin batera identifikatu gabe.

    5. Abokatuak pertsona bakarreko sozietate bat eratzen duenean lanbidean jarduteko.

  3. Abokatutza inoren kontura egikaritzeko kolaborazio-erregimen berezian edo lan-zuzenbidekoan, idatziz itundu beharko da espresuki, baldintzak, iraupena, irismena eta erregimen ekonomikoa finkatuz.

    Abokatutza inoren kontura eta lan-zuzenbideko erregimenean egikaritzen denean, lanbidean jarduteko oinarrizkoak diren askatasuna eta independentzia errespetatu beharko dira eta kontratuan adierazi beharko da esklusibotasunez jardungo duen ala ez.

    Elkargoak galdatu ahal izango du kolaborazioko kontratuak eta lanekoak aurkeztea idatz-zati honetan eta hurrengo artikuluan zehaztutakoa betetzen dela egiaztatu ahal izateko.

  1. Abokatutza indibidualki egikaritzen denean beste Abokatu batzuekin batera kolaborazioko erregimen berezian edo lan-zuzenbidekoan, ondorengo erregelak bete beharko dira:

    1. Bulegoaren titularra den Abokatuak izango du gainerako Abokatuek egiten dituzten gestio edo jardunen erantzukizuna bere bezeroen aurrean, bidezkoa izanez gero Abokatu horien aurrean errepetitu ahal izango duen arren.

    2. Titular ez diren Abokatuek profesionalki eskuhartzeko eta, edozein kasutan, idazkiak sinatzeko, bezeroak bere adostasuna azaldu beharko du aldez aurretik, eta Abokatu titularrarekin egiten dituen bileretan egon daitezen ere bezeroaren baimena beharko da.

    3. Bezeroak ordaindu beharreko ordainsariak bulegoaren titularraren alde sortuko dira, nahiz eta lanean jardun dutenak inoren konturako Abokatuak edo horietakoren bat izan. Izenpetutako itunetan Abokatuen ordainsari gisa esku hartzen duten arazoetako zerbitzusarien ehuneko bat ezartzen denean, Abokatu titularraren erantzukizuna izango da ordainketa egitea nahiz eta bezeroak ordaindu ez, kontrako itunik idatziz egin ezean.

    4. Inoren kontura diharduten Abokatuek Estatutu honetan ezarritako arau deontologikoak eta aplikatu beharrekoak diren gainerakoak eta bereziki sekretu profesionala gorde beharra bete beharko dituzte, eta bakoitzak bere diziplinazko erantzukizuna izango du.

  2. Aurreko a) eta b) idatz-zatietan ezarritakoa ez da aplikatuko bezeroak bulegoko titularra ez den pertsona bat izendatzen duenean bere Abokatu gisa. Horrelakoetan, mandatua onartzeko eta profesionalki esku hartzeko, izaera orokorrez ezarritako arauak aplikatuko dira, izan lezakeen erantzukizun zibilaren erregimena barne.

  3. Era honetako bulegoen publizitatean, informazioan eta karteletan ezingo da erabili bulegoaren izaera indibiduala argi adierazten ez duen edo nahasgarria izan litekeen izendapen edo identifikazio-zeinurik.

  1. Abokatuek kolektiboki egikaritu ahal izango dute Abokatutza, zuzenbidean zilegi den edozein formatan elkartuz, baita merkataritzako sozietate gisa ere.

    Bulego kolektiboek beste Abokatu batzuk ere kontratatu ahal izango dituzte kolaborazioko erregimen berezian edo lan-zuzenbidekoan.

  2. Taldearen helburu bakar eta esklusiboa inoren interesen kontsulta, aholkularitza, gestio eta defentsako lanak eta Abokatuei dagozkien gainerako jarduera profesionalak egitea eta bere ondare propioa kudeatzea izango da.

    Hala ere, bulego kolektiboek bazkide gisa parte hartu ahal izango dute zerbitzu profesionalak eskaintzen dituen edozein talde eta/edo sozietatetan, baldin eta talde edo sozietate horretako kideak edo bazkideak, xede soziala eta jarduerak ez badira bateraezinak Abokatu lanbidea egikaritzearekin.

  3. Printzipioz, bai kapitala eta bai eskubide politiko eta ekonomikoak bulegoan bazkide gisa dauden Abokatuenak bakarrik izango dira eta, kasua denean, beste Abokatu-bulego kolektibo edo diziplina anitzeko batzuenak.

    Hala ere, lan profesionalaren konplexutasuna edo premiak kontuan izanda arrazoizkoa denean, beste titulazio batzuetako profesionalak ere sartu ahal izango dira bazkide gisa, Abokatutza egikaritzearekin bateraezinak ez badira. Era berean, bulegoko enplegatuak ere kapitalaren zati baten titular izan ahal izango dira. Edozein kasutan, sozietatearen kapitalaren gehiengoa idatzzati honetako lehen paragrafoan aipatutako pertsona fisiko eta juridikoena izango da.

  4. Taldea eratzeko formak taldea osatzen dutenak edozein unetan identifikatzeko aukera eman beharko du, taldea idatziz eratu beharko da eta Elkargoko Erregistro Berezi batean inskribatu, eta ezingo da bulego kolektiboaren izaeraz baliatu harik eta inskribatuta egon arte. Erregistro horretan hasierako osaera eta gero gertatzen diren altak eta bajak inskribatu beharko dira. Bulego kolektibo bateko partaide diren Abokatuek behar diren inskripzioak pertsonalki eskatzeko obligazioa dute.

  5. Bulego kolektiboen antolamenduan eta funtzionamenduan ondorengo erregelak bete beharko dira:

    1. Bulego kolektibo bateko bazkide diren Abokatuek askatasun osoa izango dute edozein bezero edo bulegoko arazo onartu edo errefusatzeko, eta independentzia osoa izango dute gomendatu zaizkien interesen defentsa gidatzeko.

    2. Arazo baten gidaritza daraman Abokatua ordeztu ahal izateko bezeroaren onarpena beharko da, gaixotasunarengatik, oporrengatik edo aldi baterako antzeko arrazoiengatik egiten diren ordezpenei kalterik egin gabe.

    3. Abokatuek bilerak egin ahal izango dituzte bulegoari dagozkion arazo profesionalak eztabaidatzeko eta kontsultak egin ahal izango dituzte bulegoko beste kide batzuekin. Edozein kasutan, sekretu profesionala bulego kolektiboko kide diren Abokatu guztietara zabalduko da bulegoko bezero eta arazo guztiei dagokienez.

    4. Bulego kolektiboak taldea eratzeko erabilitako formari dagokion erregimen juridiko orokorraren arabera edo taldea osatzen dutenen barne-itunen arabera izan lezakeen erantzukizun zibilari kalterik egin gabe, lanbidea egikaritzearen ondorioz sortutako bezeroarekiko erantzukizun zibila arazoan parte hartu duten Abokatu guztiengana zabalduko da izaera pertsonal, solidario eta mugagabearekin.

    5. Bateraezintasunei eta debekuei dagokienez, 28-3 eta 29-4 artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

    6. Fakturazioa bulego kolektiboak egingo du bulego kolektibo gisa eta ordainsariak bulegoaren alde ordainduko dira, bulegoko barne-arauetan ezarritako banaketa-erregimenaren eragozpenik gabe.

    7. Bazkide ez diren kolaboratzaileei eta lan-erregimenean dauden Abokatuei dagokienez, 47-1 artikuluko a) eta b) letretan xedatutakoa beteko da.

    8. Bulegotik banantzeko edo bulegoa desegiteko, barne-erregeletan ezarritakoaren arabera jokatuko da. Barne-arauetan hala aurreikusi denean edo espresuki horren mende jartzea erabakitzen dutenean bakarrik izango da posible Elkargoaren arbitrajea.

    9. Diziplinazko erantzukizuna arau-haustea egin dutenei bakarrik egotzi ahal izango zaie.

  1. Abokatuek beste profesional edo profesionalen sozietate batzuekin taldeak, elkarteak edo kontratu bidezko loturak eratu ahal izango dituzte diziplina anitzeko zerbitzu profesionalak eskaintzeko, zerbitzu horien artean defentsa edo aholkularitza juridikoa sartzen denean.

    Taldea edo elkartea Zuzenbidean zilegi den edozein formatan egin ahal izango da, merkataritzako sozietateak eta interes ekonomikoko taldeak barne.

  2. Abokatuek eta bulego kolektiboek ezingo dute elkarterik edo talderik eratu Abokatutza egikaritzearekin bateragarriak ez diren profesionalekin. Era berean, beste baldintza hauek ere bete beharko dira:

    1. Abokatuen Estatutu Orokorrean gai hauetarako ezarritakoak.

    2. Taldearen xedearen arabera egin beharreko jarduerak ezingo dio kalterik egin Abokatutza behar bezala egikaritu ahal izateari eta ezingo du Abokatuaren askatasun edo independentzia inola ere murriztu.

    3. Abokatuek, lanbidean jarduteko behar duten independentzia bermatzeko, askatasun osoa izango dute jarduera profesionalean eta baita edozein bezero edo arazori buruz esku hartzea onartzeko edo errefusatzeko ere.

    4. Abokatuek arreta berezia izango dute bezeroek egindako komunikazioak, sekretu profesionalari lotuak izan badaitezke, behar-beharrezkoa denean bakarrik partekatzeko gainerako profesionalekin, bezeroak sekretu profesionalari buruz duen eta Abokatuei berezko eta espezifiko zaien eskubidea bermatzeko. Abokatuak diziplinazko erantzukizuna izango du Abokatutzari berezkoa zaion sekretu profesionala bere taldeko beste profesionalen batek urratzen badu.

    5. Abokatuek ezingo dute bezeroen artean kontrajarritako interesen defentsarik egin eta, oro har, ezingo dute profesionalki jardun 28. artikuluan aurreikusitako kasuetan. Alde horretatik, pertsona fisiko edo juridiko bat lehengo bezerotzat joko da, baldin eta taldearen esparruan sartuta dagoen eta Abokatua ez den beste profesional batek haren aldeko informazioa, peritutza edo lekukotza eman badu. Interes ekonomikoko taldeak direnean, bulego profesionaleko bezeroez gain, taldearen bezero gisa zerbitzu juridikoa eman izan zaienak bakarrik hartuko dira lehengo bezero gisa.

  3. Kide diren Abokatuek banandu egin beharko dute edo, kasua izanez gero, ituna suntsitzea eskatuko dute, taldeko edozein kidek Abokatutzari dagozkion bateraezintasunari, debekuei edo deontologiari buruzko arauak hausten baditu.

  4. Jarduera profesionala artikulu honetan aurreikusitako erregimenaren arabera egiten duten Abokatuek eta bulego kolektiboek, Elkargoari jakinarazi beharko diote, Gobernu Batzordeak ezarritako datuak adieraziz eta Gobernu Batzordeak horretarako Erregistro Berezi bat sortuko du.

    HIRUGARREN KAPITULUA

    LANBIDEA LEHIA-ERREGIMENEAN EGIKARITZEA

  1. Profesionalen Elkargoen legeriaren arabera, Abokatutza lehia-erregimenean eta berau arautzen duten arauen arabera egikaritzen den lanbide bat da.

  2. Elkargokideek lehiaren aurkako edo lehia desleialeko praktikaren baten berri izaten badute, Elkargoaren aurrean salatu beharko dute eta honek, behar izanez gero, bidezkoak diren akzioak egikarituko ditu organo administratibo eskudunen eta Auzitegien aurrean.

  3. Abokatuek edo bulego kolektiboek edo diziplina anitzekoek lehiari buruzko legeak hautsi izanagatik izan lezaketen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, ez ditu diziplinazko erantzukizunetik libratuko horien artean arau deontologikoak edo Abokatuei dagozkien gainerako betebeharrak urratu badira eta diziplinazko erantzukizun hori Hirugarren Tituluaren xedatutakoaren arabera izapidetu eta erabakiko da.

  1. Abokatuek eta baita bulego kolektiboek eta diziplina anitzekoek ere, egiten duten jarduerari buruzko informazioa emateko eskubidea dute jarduera horren publizitatea egin ahal izango dute legeetan eta legeak garatzen dituzten arauetan ezarritako baldintzak betez.

  2. Debekatuta daude Abokatutzaren arau deontologikoen aurka egon daitezkeen informazioko eta publizitateko ekintzak eta bereziki Abokatuen Estatutu Orokorreko 25-2 artikuluan espresuki adierazitakoak.

  3. Abokatuek eta bulego kolektiboek egiten duten publizitatea ez da Elkargoaren aldez aurreko baimenari lotua izango inola ere, sor litezkeen erantzukizunen eragozpenik gabe, diziplinazkoa barne.

    Horri kalterik egin gabe, Elkargoari kontsulta egin ahal izango zaio egin nahi den publizitatearen egokitasunari buruz. Kontsulta publizitate-ekintza konkretuei buruzkoa izango da eta idatziz formulatuko da egin asmo den publizitatearen edukia eta euskarria adieraziz eta horren kopia bat erantsiz.

    Elkargoaren irizpena Deontologiako Batzordeak emango du eta ez da loteslea izango, kontsulta egin duenak espresuki ez badu adierazten irizpenari men egingo diola. Edozein kasutan, Elkargoaren irizpenak diziplinazko erantzukizunetik libratuko du kontsultagileak irizpenaren arabera jokatzen duenean.

    LAUGARREN KAPITULUA

    DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOA

  1. Abokatuei dagokie doako laguntza juridikoa izateko eskubidea duten pertsonen aholkularitza juridikoa eta defentsa, eta baita atxilotuei eta presoei laguntza ematea ere, indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzen arabera.

  2. Elkargoari dagokio eskubide horien eraginkortasuna bermatzea, antolamendu egokiaren bidez, eta Abokatua izendatzea. Gobernu Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen arauak eta baldintzak ezarri ahal izango du. Bereziki berari dagokio Orientazio Juridikoko Zerbitzuaren barneko Erregelamendua eman eta onartzea.

  3. Abokatuak berezkoak dituen askatasunez eta independentziaz eta Estatutu honetan ezarritakoari betebetean men eginez beteko ditu artikulu honetan aipatzen diren funtzioak.

    HIRUGARREN TITULUA

    ELKARGOAREN ANTOLAMENDUA

  1. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko nahitaezko organoak dira:

    1. Batzar Nagusia.

    2. Gobernu Batzordea.

    3. Dekanoa.

  2. Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzordeak sortu ahal izango dituzte beren eginkizunak hobeto betetzeko komenigarritzat jotzen dituzten batzorde iraunkorrak edo behin-behinekoak.

  3. Gobernu Batzordeak sortzen dituen batzordeek beren baitako kide bat izango dute buru, eta bete ahal izango dituzte, delegazioz, Gobernu Batzordeari dagozkion eginkizunak, baldin eta hala adierazten bada batzorde bakoitza sortzeko erabakian, Gobernu Batzordeak delegazio hori kasu jakin batzuetan bereganatzeko, edo ezeztatzeko, eragozpenik gabe.

    Gobernu Batzordeak izendatuta, izan daitezke Batzorde hauetako kide, Gobernu Batzordeko kide ez diren elkargokideak.

    LEHEN KAPITULUA

    BATZAR NAGUSIA

Batzar Nagusia da Elkargoaren osoko organo gorena; bertan parte eta esku hartzeko eskubidea dute batzarrerako deia egiten den egunaren aurretik Elkargoan sartutako eskubide osoko elkargokide guztiek, jardunekoak izan ala ez. Batzar nagusiak ohikoak eta apartekoak izan daitezke.

  1. Batzar Nagusiari bakarrik dagozkio honako eginkizun hauek:

    1. Elkargoaren Estatutuak eta berauek aldatu edo berritzea onartzea.

    2. Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuak eta urteko kontuak eztabaidatu eta, egoki bada, onartzea.

    3. Gobernu Batzordea edo bere kideetako edozein gaitzetsi edo zentsuratzeari buruz eztabaidatu eta, behar izanez gero, erabakitzea.

    4. Aparteko kuoten ezarpena onartzea.

    5. Elkargoaren ondarearen inbertsioa edo erabilera onartzea ondasun higiezinak direnean.

    6. Gobernu Batzordeak proposatzen dituen barnearaudiak onartzea.

    7. Legeek, araudiek edo Estatutu honek ematen dion beste edozein ahalmen.

  1. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak ohiko bi batzar nagusi egingo ditu urtero, lehen seihilekoan bata eta azken hiruhilekoan bestea.

  2. Urte bakoitzeko lehen seihilekoan egin beharreko Batzar Nagusiak eguneko gai-zerrenda hau izango du:

  1. Aurreko urtean zehar Elkargoari eta lanbideari buruz izandako gorabeherarik garrantzitsuenak azalduko ditu Dekanoak.

  2. Aurreko ekitaldiko gastu eta sarreren kontu orokorraren azterketa eta bozketa.

  3. Eguneko gai-zerrendan ageri diren gaien irakurketa, eztabaida eta bozketa.

  4. Norberak lekarkeena.

  1. Urte bakoitzeko azken hiruhilekoan egin beharreko Batzar Nagusiak eguneko gai-zerrenda hau izango du:

  1. Gobernu Batzordeak egindako aurrekontuaren azterketa eta bozketa.

  2. Deialdian jasotzen diren gaien irakurketa, eztabaida eta bozketa.

  3. Norberak lekarkeena.

  1. Aparteko batzar nagusiak Dekanoaren edo Gobernu Batzordearen ekimenez, edota bazkideen eskaera idatzi eta arrazoituz egingo dira, baldin eta eskatzaileen kopurua, gutxienez, elkargokide guztien ehuneko hogeikoa edo jardunekoen ehuneko hamarrekoa bada.

  2. Aparteko batzar nagusien eguneko gai-zerrendetan ezingo da sartu, ez eztabaidatu, deialdietan adierazitako gaiez bestelakorik.

  1. Gobernu Batzordearen edo bere kideetakoren baten aurkako zentsura-botoa, horretarako soilik deitutako aparteko Batzar Nagusiaren eskumena izango da beti.

  2. Horrelako Aparteko Batzar Nagusi baterako deialdiaren eskaera egiteko, Elkargoan gutxienez hiru hilabete lehenago sartuta zeuden jarduneko kideen gutxienez 100eko 20aren sinadura beharko da, eta argi eta garbi adierazi beharko da zein arrazoitan oinarritzen den.

  3. Zentsurak aurrera egingo badu, beharrezkoa izango da:

    1. Boto-eskubidea duten elkargokide guztien erdiak gehi batek bozketan parte hartzea. Botoa sekretuan, zuzenean eta norberak emango du nahitaez, eta ezingo da, beraz, kasu honetan, botoa delegatu.

    2. Zentsurak, kontatutako botoen gehiengo osoa lortzea, 60-2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  4. Zentsura-mozioa aurrera aterako balitz, afektatuek orduantxe bertan utziko diote beren funtzioak egiteari.

    Onartutako zentsura Gobernu Batzorde osoaren aurkakoa izango balitz, Legekarien Euskal Kontseiluak Batzorde Kudeatzaile bat sortzea erabakiko du, kideak izendatuz, eta horrek Gobernu Batzordeari dagozkion eginkizunak beteko ditu eta hauteskundeetarako deia egingo, gehienez ere hilabeteko epean.

  1. Batzar Nagusirako deia gutxienez hilabete aurretik egin beharko da, eta epe hori murriztu ahal izango da hamabost egun naturaletara Dekanoaren iritziz presazko edo premiazko arrazoiak daudenean.

    Batzarrerako deia elkargokide guztiei jakinaraziko zaie, 41 j) artikuluan adierazitakoari jarraituz bakoitzak hautatu duen prozeduraren arabera. Batzarrerako deian, eguneko gai-zerrenda, lekua eta data adieraziko dira, eta, behar izanez gero, behar diren dokumentuak edo horien aterakin edo laburpenak ere erantsiko dira.

  2. Eguneko gai-zerrenda Dekanoak finkatuko du, Gobernu Batzordeari entzun ondoren.

    Elkargokideek, idazki arrazoituaren bidez eta gutxienez 50 lagunek sinatuta, ohiko batzar nagusietako eguneko gai-zerrendan gai berriak sartzea proposatu ahal izango dute, batzar-eguna bitarteko epearen lehen erdian. Gai horiek, proposatzen dituztenen bozeramaile batek defendituko ditu, eta ondoren Gobernu Batzordearen iritzia eman beharko du bere kideetako batek.

    Nolanahi ere, eguneko gai-zerrendan horrela sartutako gaiak elkargokideei helarazi beharko zaizkie.

  3. Batzar Nagusirako deiak, bertan jorratu beharreko gai guztiak, bilera-lekua eta lehen deialdiko data, eta, behar izanez gero, bigarren deialdiko bilerarena, adieraziko ditu, gutxienez hogeita hamar minutuko tartea utziz bi deialdien artean. Eguneko gai-zerrendarekin zerikusia duten dokumentuak elkargoaren egoitzan aztertzeko eskubidea ere adieraziko da.

  4. Lehen deialdian elkargokideen erdia gehi bat bildu beharko dira Batzarra balio osoz eratzeko. Bigarren deialdian ez da quorum berezirik beharko Batzarra balio osoz eratzeko.

  5. Gobernu Batzordeko idazkariak, egiten diren bilkuren akta jasoko du, eta akta hori Batzarrak berak onartu ahal izango du bilera egin eta berehala, edo, hala izan ezean, Dekanoak eta Batzar Nagusian bertan bildutako elkargokideen artetik hautatutako hiru ordezkarik, batzar ondorengo hamabost egun balioduneko epearen barnean.

  1. Batzar Nagusirako deialdia egiten den egunaren aurretik Elkargoan sartuta dauden elkargokide guztiak joan ahal izango dira ohiko eta aparteko batzar nagusietara hitzarekin eta botoarekin.

  2. Jarduneko elkargokideen botoak, jardunik gabekoen botoaren bi halako balioa izango du.

    Bozketetan parte hartu ahal izateko, hauteskundeetakoak ere barne, kuoten ordainketan egunera egon behar da.

  3. Elkargokideek delegatu ahal izango dute beren botoa beste elkargokide batengan, baina ezingo da, norberarenaz gainera, beste hiru elkargokide baino gehiagoren botoa baliatu, Estatutu honetan xedatutakoez bestelako salbuespenik gabe.

    Boto-delegazioa bileraren hasieran frogatu beharko da elkargokide delegatzaileak sinatutako idazki bidez, eta idazki horretan elkargokide delegatzailearen eta delegatuaren identifikazio-datuak eta delegazioa zein deialdiri dagokion adierazi beharko dira. Sinadura NANaren kopiaren bitartez, edo, ahal izanez gero, Idazkaritzan dauden datuen bidez egiaztatu ondoren, Dekanoak edo bere ordez bilera-buru den pertsonak, onartu ahal izango du boto delegatua, edota, bestela, ukatu, adierazitako baldintzak betetzen ez direlako; eta hori aktan jaso beharko da.

    Ordezkatutako pertsona Batzarrera joaten bada, delegazioa ezeztatu egin dela ulertuko da beti.

  1. Arau orokor modura, bozketak eskua altxatuz egingo dira.

    Arau hori salbuetsi eta bozketa sekretua izango da honako kasu hauetan: a) 57. artikuluan zehaztutako kasua denean; b) bildutakoen ehuneko hamabostak hala eskatzen duenean; c) bozketak pertsonen ohore edo irudi onari zuzenean erasan diezaiokeenean.

  2. Gehiengoak kontatzeko orduan, gehiengo osotzat joko da emandako boto guztien erdia gehi bat, eta horretarako kontuan izango dira abstentzioak ere, eta, boto sekretua denean, baita zuriak eta baliogabekoak ere.

    Gehiengo soilez onartutzat edo ez onartutzat joko da bozketan boto gehien lortzen duen gaia, abstentzioak eta, kasua balitz, boto zuriak eta baliogabeak kontuan izan gabe.

    Kontaketaren ondorio guztietarako kontuan izango da 59-2 artikuluan xedatutakoa.

  3. Ezingo da inolako quorum kualifikaturik galdatu Batzar Nagusiaren eraketa edo bozketak baliozkoak eta eraginkorrak izateko, salbuespen bakarrak Estatutu honetan ezarritakoak izanik.

    Era berean, erabakiak hartzeko sistema arrunta gehiengo soilezkoa izango da, Estatutu honetan ezarritako salbuespenekin bakarrik.

    Dekanoak, edo bere ordez bilera-buru denak, ukatu egingo du idatz-zati honetan ezarritakoaren aurka doan eskaera oro, nahiz eta batzarkide guztiak eskaerarekin ados egon.

  4. Erabakiak nahitaez bete beharko dituzte elkargokide guztiek eta Gobernu Batzordeak.

    Hala ere, Gobernu Batzordeak erabaki ahal izango du modu arrazoituan betearazpena etetea legea betetzeko arrazoi soilengatik bakarrik, baldin eta legeen edo Estatutuen aurkakoak direla irudiko balitzaio; eta auzia Legekarien Euskal Kontseilura igorriko du, honek ebatz dezan.

    BIGARREN KAPITULUA

    GOBERNU BATZORDEA LEHEN ATALA

    BATZORDEA KIDE ANITZEKO ORGANO BEZALA

  1. Gobernu Batzordea da Elkargoa normalean gidatu eta administratzen duen organoa, Batzar Nagusiari dagozkion ahalmenen eragozpenik gabe.

  2. Hauek dira Gobernu Batzordearen eginkizunak:

    1. Oro har, Elkargoa gidatu eta administratzea.

    2. Barne Araudiak prestatu eta Batzar Nagusiari proposatzea onar ditzan, beharrezko edo egokitzat jotzen denean.

    3. Doako laguntza juridikoa erregulatzea, berori arautzen duten lege eta erregelamenduen markoan.

    4. Elkargoan sartzea eskatzen duten Zuzenbidean lizentziatuak onartzea.

    5. Lanbidean diharduten Abokatuak babestea, hartu beharreko neurri guztiak hartuz, Justizia Administrazioaren funtzionamendu zuzena edo lanbidean jarduteko askatasuna eta independentzia oztopatzen dituztenen aurkako akzioak baliatzekoa ere barne.

    6. Intrusismoaren eta lanbidea irregularki egikaritzearen aurka hartu beharreko neurriak hartzea, bidezkoak liratekeen akzioak egikarituz.

    7. Diziplinazko ahala egikaritzea elkargokideen gain, eta berdin beste edozein Abokaturen gain ere, Gipuzkoan izandako jardun profesionalei dagokienean.

    8. Legekarien Euskal Kontseiluarekin elkarlanean jardutea, Euskal Autonomia Erkidegoan denei aplikatu beharreko ordainsariei buruzko Orientazio-arauak egin edo aldatzeko, eta honi guztiari buruz Kontseilu horrek erabakitzen duena berrestea, eta hala egindako orientazio-arauek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

    9. Gobernu Batzordearen hauteskundeetarako deia egitea eta, kasua denean, Elkargoari interesatzen zaizkion gaiak elkargokide guztien kontsulta loteslera jartzea.

    10. Elkargoan sartzeko kuota eta elkargokideek ordaindu beharreko kuota arruntak onartzea. Batzar Nagusiari aparteko kuotak proposatzea, onar ditzan. Kuotak biltzea.

    11. Aurrekontuen proiektua onartzea eta Batzar Nagusiari kontuak ematea.

    12. Elkargoaren aurrekontua eta ondarea kudeatu eta administratzea, Batzar Nagusiaren ahalmenen eragozpenik gabe.

    1. Ikastaroak, mintegiak eta hitzaldiak antolatzea, eta, oro har, etengabeko prestakuntza sustatu eta laguntzen duten jarduerak antolatzea.

    2. Kontsultak eta irizpenak ematea, arbitrajeak administratzea eta arbitrajeko laudoak ematea. Ordainsariei buruzko txostenak egitea, Auzitegiek edo Abokatu minutagileek hala eskatzen dutenean.

    1. Arbitrajeko Auzitegiak sortu eta mantentzea.

    2. Elkargo-zerbitzuak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

    3. Elkargoko enplegatuak kontratatzea.

    4. Oro har, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ematen dizkionak, Abokatuen lanbidea hobeto antolatu eta berorien interesak defenditzeko komeni direnak, edota Estatutu honek beste organoren bati esleitzen ez dizkion gainerakoak.

  1. Gobernu Batzordeak erabaki ahal izango du honako ahalmen hauek delegatzea:

    1. Dekanoarengan, 61-2 artikuluko d) letran ezarritakoa.

    2. Gobernu Batzordeko kide batengan edo 53-3 artikuluaren arabera eratutako batzordearengan, 61-2 artikuluko l), m), n), p) eta q) letretan aurreikusitako ahalmenak. 61. artikuluan aipatzen diren gainerako ahalmenak ezingo dira delegatu, baina Gobernu Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen txosten edo laguntza teknikoak eskatu ahal izango ditu.

  2. Delegazioz hartzen diren erabakiek espresuki adieraziko dute zirkunstantzia hori, eta Gobernu Batzordeak hartutakotzat joko dira. Delegatutako ahalmenak ezingo dira, berriz, azpidelegatu.

    Delegazioa edozein unetan ezeztatu ahal izango du Gobernu Batzordeak.

  1. Gehienez 20 kidek eta gutxienez 10ek osatuko dute Gobernu Batzordea.

    Gobernu Batzordeko kide bakarreko organoak dira Dekanoa, Dekano-ordea, Idazkaria eta Finantza Diputatua.

    Gobernu Batzordeko gainerako kideak bokaltzat joko dira, eta Diputatu deituko. Elkargoko usadioen arabera, lehentasun-ordenari jarraituz numeratuak izango dira.

    Gobernu Batzordeak, bere kideen artetik Diputatu bat izendatuko du prestakuntza eta tradizioz Liburuzainari esleitu ohi zaizkion eginkizunak antolatu eta gidatzeko ardurak har ditzan. Horrela izendatutako Diputatuak estatutu honetako 71. artikuluan gomendatutako eginkizunak beteko ditu.

  2. Gobernu Batzordeko kideen agintaldia bost urtekoa izango da.

  3. Gobernu Batzordeak bi urte eta erdiz behin berrituko ditu bere kideen erdiak. Agintaldian zehar sortzen diren postu hutsak direla eta, ez da abiaraziko hauteskunde-prozesurik, nola eta postu hutsen kopurua guztira Gobernu Batzordeko kideen erdia gehi batekoa izatera iristen ez den eta, Dekanoari dagokionez, berriz, agintaldia bukatzeko bi urte baino gehiago geratzen ez zaion. Horrelakoetan, hautatuen agintaldia, ordeztuak izan direnei edo kargua utzi dutenei bost urteko epea betetzeko geratzen zaien denbora berekoa izango da, eta epe hori amaitzen denean, hauteskundeetara aterako dira kargu horiek.

  4. Hauek izango dira Gobernu Batzordeko kideek kargua uzteko arrazoiak:

    1. Heriotza.

    2. Interesatuak berak kargua uzteko erabakia hartzea.

    3. Hautatua izateko Estatutu-baldintzak ez betetzea edo galtzea.

    4. Hautatuak edo izendatuak izan diren epea betetzea.

    5. Gobernu Batzordearen bileretara urtebeteko epean hiru aldiz segidan edo bost aldiz modu txandakatuan justifikaziorik gabe ez joatea, Batzordeak berak erabakita.

    6. Zentsura-mozioa onartzea.

  1. Izan daitezke Gobernu Batzordeko kide (Dekano gisa nahiz beste edonola) izateko hautatuak, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

    1. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko jarduneko kideak eta egoiliarrak izatea hauteskundeetarako deia egiten den egunean, eta Gobernu Batzordeko karguak betetzeko zehapen irmoz inhabilitatuak ez egotea.

    2. Epaiak dirauen bitartean kargu publikoak betetzeko inhabilitazioa edo kargu publikoak aldi baterako utzi beharra lekarkeen Epai irmoz kondenatuak ez egotea.

    3. Beste Abokatu Elkargoren bateko Gobernu Batzordeko kide ez izatea.

    4. Hautagaiak aurkezteko epea ixten den egunean elkargoko kuotenarrunt nahiz apartekoen ordainketan egunera egotea, eta baita diziplinazko erantzukizunengatik ezarrita eduki litzakeen zehapen ekonomiko irmoen ordainketan ere, nola eta ez den horien betearazpena eteten.

  2. Gobernu Batzordeko kargu guztiak izan daitezke berrautatuak kargu bererako edo beste kargu baterako inolako mugarik gabe agintaldien kopuruari dagokionez.

  1. Gobernu Batzordeko kideek behar den ardura eta dedikazioarekin bete behar dituzte beren eginkizunak, Elkargoari eta beren lanbidea egikaritzeari datxezkien legeen, erregelamenduen, Estatutu honen eta gainerako arauen barnean.

  2. Gobernu Batzordeko kideek sekretuan gorde behar dituzte Batzordearen deliberazioak eta ezin dute Elkargoko informazio erreserbatua edo beren kargua betetzeagatik bakarrik ezagutzen dutena beren helburu pribatuetarako erabili.

    Betebehar eta debeku horiek aplikatuko zaizkie, baita, Gobernu Batzordeak deituta beronen bileretara joaten direnei ere.

  3. Gobernu Batzordeko kideren bat gai jakinen batean alderdi interesatua bada, gai horri buruzko deliberazio eta bozketatik kanpora egon beharko du, eta aktan jasoko bere absentzia edo bilera-lekutik kanpora atera izana, eta bere abstentzioa. Abstentzio-kausa dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 28-2 artikuluan adierazten direnak, eta berdin interes-gatazka lekarkeen beste edozein ere.

  1. Gobernu Batzordea gutxienez hilean behin bilduko da ohiko bileran, eta aparteko bileran, berriz, Dekanoak hala erabakitzen duenean edo gutxienez bere kideetako ehuneko hogeiak (%20) hala eskatzen dutenean.

  2. Bileretarako deia idatziz egingo da, eta jasota geratuko den edozein bideren bitartez jakinaraziko. Gutxienez bi egun lehenago egingo da, Dekanoaren iritzi soilez presakoa denean izan ezik. Eta eguneko gai-zerrenda, eta bilera-lekua eta-eguna adieraziko dira bertan.

    Eguneko gai-zerrendatik kanpora ezingo da beste gairik jorratu, Dekanoak ez badu behintzat hala erabakitzen edo onartzen.

  3. Bilera lehen deialdian balio osoz eratu ahal izateko, Gobernu Batzordeko eskubide osoko kideen gehiengo osoa beharko da gutxienez, baldin Dekanoa bertan badago, edota Dekano-ordea bestela, bilera-buru bada Dekanoak hala delegatuta. Kontaketa hori egiteko, 63-4 artikuluan azaldutako arrazoietako edozeinengatik Gobernu Batzordean postu hutsak egongo balira, postu huts horiek ez dira kontuan hartuko.

    Bigarren deialdian, berriz, Batzordeko kideen heren batek bildu beharko du gutxienez, Dekanoa edo Dekano- ordea tarteko, eta ordu-erdiko tartea egon beharko du lehen deialdiaren eta bigarrenaren artean.

  4. Erabakiak onespenez edo botoen gehiengo soilez hartuko dira. Boto- berdinketa gertatzen denean, Dekanoak boto erabakitzailea izango du.

  5. Hartutako erabakien akta idazkariak jasoko du eta bileraren bukaeran edo hurrengoaren hasieran onartuko da. Akta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 27. artikuluan xedatutakoaren arabera idatziko da.

    BIGARREN ATALA

    DEKANOA

  1. Dekanoa da Elkargoko kide bakarreko organo gorena, Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera aukeratua.

  2. Dekanoari dagokio:

    1. Elkargoaren ordezkaritza ofiziala izatea eta ekitaldi jakin batzuetarako delegatzea.

    2. Elkargoaren jarduera zuzendu eta koordinatzea, eta, bereziki, Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen erabakiak betetzen direla zaintzea.

    3. Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen bileretarako deialdia egitea, eguneko gai-zerrenda onartzea eta bilerak presiditu, zuzendu eta bukatutzat ematea. Gobernu Batzordeak sortzen dituen batzorde edo atal guztiak presiditzea, horien lan-saioetara joaten denean.

    4. Elkargokideen artean leialtasun eta adiskidetasuneko harremanak mantentzen direla zaintzea, arbitratu beharreko konponbideak arbitratuz.

    5. Elkargokide berrien sarrera erabakitzea, presako kasuetan.

    6. Elkargoaren ordezkari izatea edozein negozio edo egintza juridiko egiterakoan, baina ezingo du Elkargoaren izenean kontraturik izenpetu eta bere gain obligaziorik hartu Gobernu Batzordearen aurretiazko erabakirik gabe.

    7. Gastuak egiteko baimena ematea eta ordainketak agintzea.

    8. Aktak eta ziurtagiriak aztertu eta ontzat ematea.

    9. Legeek, erregelamenduek eta Estatutu honek ematen dizkioten gainerako guztiak eta, oro har, aurrekoak ongien betetzeko behar diren guztiak.

      HIRUGARREN ATALA

      GOBERNU BATZORDEKO KIDE BAKARREKO BESTE ORGANO BATZUK

  1. Dekano-ordeak Dekanoak delegatzen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu. Era berean, bere gain hartuko ditu Dekanoaren eginkizunak, honen postua edozein arrazoirengatik esate baterako, kanpoan edo gaixorik dagoelako edo bera ukitzen duen arazoren batean abstenitu delako hutsik dagoenean.

  2. Dekano-ordeak ordeztu ezin duen kasuetan, gainerako Diputatuei dagokie, aurrentasun-ordenan, haren eginkizunak betetzea.

  1. Dekanoari edo Dekanoa ordezten duen pertsonari bere eginkizunetan laguntzea dagokio idazkariari, Elkargoa gobernatzeko prozedurak gordetzen direla eta Elkargoaren jardunetan legea betetzen dela bermatuz.

  2. Idazkariari dagokio:

    1. Elkargoko organoek hartutako erabakiak legezkoak direla zaintzea.

    2. Elkargoko dokumentazioa zaintzea.

    3. Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzordeak egiten dituzten bileren aktak idatzi eta eskuestea.

    4. Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzordeak egiten dituzten bileretan jorratu beharreko gaiak bideratzea.

    5. Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen bileretarako deiak egitea, Estatutu honetan ezarritakoaren arabera eta Dekanoak eman ditzakeen aginduei jarraituz.

    6. Gipuzkoako elkargokideen zentsua eramatea, jarduera profesionalari buruzko egoeran eragina izan dezaketen xehetasun guztiekin.

    7. Ziurtagiriak egitea, Dekanoaren oniritziarekin.

    8. Oro har, Elkargoko administrazio-organoen idazkariari dagozkion eginkizun guztiak eta aurreko horiei berezko zaizkien eta Idazkaritza ahalik eta ongien eramateko beharrezkoak diren gainerakoak.

  3. Diputatuek ordeztuko dute idazkaria, hauen lehentasun txikienetik handienerainoko ordenan.

  1. Urteko aurrekontuen eta kontuen aurreproiektua egitea.

  2. Kuota arruntak aldatzeko proposamenak lantzea eta, behar izanez gero, aparteko kuotak proposatzea.

  3. Aldian-aldian, eta gutxienez hiru hilean behin, diru-sarrera eta gastuen egoeraren eta aurrekontuen betetze-mailaren berri ematea Gobernu Batzordeari.

  4. Diru-bilketa eta kontabilitatea kontrolatzea eta Elkargoko funtsak zaintzea. Elkargoarekiko betebehar ekonomikoak betetzen ez dituzten elkargokideei buruz hartu beharreko neurriak har ditzala proposatzea Gobernu Batzordeari.

  5. Kontu korronteak ireki eta ixtea. Banku-kontuetan funtsak sartu eta ateratzea, Elkargoko idazkari nagusi teknikoarekin batera.

  6. Elkargoaren ondasunen inbentarioa eramatea.

  7. Aurrekoekin lotura duten edo Gobernu Batzordeak ematen dizkion gainerako guztiak.

  1. Prestakuntzako Diputatuari dagokio:

    1. Elkargokideen prestakuntzan lagunduko duten ikastaro, mintegi eta hitzaldien urteko programa bat eta berori finantzatzeko sistema edo baliabideak proposatzea Gobernu Batzordeari, onar dezan.

    2. Elkargoaren erantzukizunpean edo beste organismo edo erakunde batzuekin elkarlanean, profesionalki prestatu eta egunera egoteko ikastaro edo mintegiak antolatzea.

    3. Praktika Juridikoko Eskolari buruz Elkargoari dagozkion erantzukizunak betetzea Elkargoaren izenean.

    4. Elkargoko Liburutegia zuzendu eta antolatzea, obren katalogoa zaintzea, eta liburutegiko materiala, datu-basea eta prestakuntzako bestelako materiala erosteari buruz erabakitzea, onartutako aurrekontuen barruan.

    5. Aurrekoekin zerikusia duten gainerakoak.

  2. Aurreko eginkizun horiek betetzen, Gobernu Batzordeak izenda ditzakeen batzordeek lagunduko diote Prestakuntzako Diputatuari.

    HIRUGARREN KAPITULUA

    ELKARGO-EGINTZEN ERREGIMEN JURIDIKOA

  1. Elkargoko organoen egintzak Zuzenbide Administratiboaren mende daude, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 euskal Legeko 48. artikuluan ezarritako salbuespenekin.

  2. Elkargoko gobernu-organoek elkargokideek bete beharreko erabakiak hartzen dituztenean, erabaki horiek argitara eman eta elkargokide guztiei jakinarazi beharko zaizkie. Baldintza hau bete ezean, ezingo da diziplinazko zehapenik ezarri horiek ez betetzeagatik.

  1. Elkargo-organoek emandako Zuzenbide Administratiboaren mendeko egintzek Administrazioarekiko auzien aurreko bide administratiboari bukaera ematen diote, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

  2. Hala ere, interesatuek jarri ahal izango dute errekurtsoa Legekarien Euskal Kontseiluaren aurrean Estatutu honek espresuki eragozten ez duen kasu guztietan.

    Hauteskunde eta diziplina inguruko errekurtsoak, beren araudi propioaren arabera eraenduko dira, Estatutu honetan ezarritakoaren arabera.

  3. Errekurtsoa jartzeak ez du etengo inpugnatutako egintza betearaztea, xedapenen batean bestelakorik ezartzen ez bada behintzat.

    Errekurtsoa ebaztea dagokion organoak erabaki ahal izango du, alderdi batek propo- satuta, betearazpena etetea, aplikatu beharreko administrazio-legeriaren arabera.

    LAUGARREN KAPITULUA

    ERREGIMEN EKONOMIKOA

  1. Elkargoak autonomia ekonomiko eta finantzarioa du, Profesionalen Elkargoen legerian ezarritakoaren arabera.

  2. Aurrekontuek, urte naturalarekin bat datorren indarraldia izango dute.

  1. Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideek ematen dituzten etekin guztiak, hala nola bere kontuetan gordailatutako funtsen etekinak.

  2. Elkargoan sartzeko kuotak.

  3. Elkargokideek ordaindu beharreko kuotak, arruntak eta apartekoak.

  4. Ziurtagiriak egiteagatik ezar daitezkeen eskubideak.

  5. Irizpen, txosten, kontsulta, ziurtagiri, hitzaldi, idazkaritzaren jardun edo antzeko beste elkargo-zerbitzuen erabiltzaileengandik jasotako diru-kopuruak.

  6. Gobernu Batzordeak ezartzen dituen zigor ekonomikoen zenbatekoa, kopuru hori nahitaez etengabeko prestakuntza-lanerako izango delarik.

  7. Estatuak, Autonomia Erkidegoak eta gainerako erakunde eta partikularrek emandako dirulaguntzak.

  8. Legez bidezkoak diren gainerako guztiak.

  1. Elkargoaren aurrekontua orientagarria izango da soilik eta diru-sarrera eta gastu guztiak barne hartuko ditu.

  2. Aurrekontua Gobernu Batzordeak egingo du, Finantza Diputatuak proposatuta, eta urte bakoitzeko azken hiruhilekoan egiten den ohiko Batzar Nagusian eztabaidatu eta onartuko da.

    Batzar Nagusiaren bilera honetarako deian laburpenkoadro bat emango da, eta elkargokideek eskubidea izango dute Elkargoaren egoitzan aurrekontua bere osotasunean aztertzeko.

  3. Dena delako arrazoiengatik aurrekontua urte bakoitzaren hasieran onartu gabe egongo balitz, aurrekoa luzatuko da automatikoki, honako berezitasun hauekin:

    1. Luzapenak ez du eraginik izango inbertsioen kapitulu edo programetan, lehendik onartutako urte anitzeko konpromisoen kasuan izan ezik.

    2. Laneko erregimenean dauden Elkargoko langileen ordainsarien kopuruei, aplikatu beharreko hitzarmenaren arabera egin beharreko gehikuntzak egingo zaizkie.

  4. Aurrekontuen egitura, kudeaketa eta likidazioa, eta kontabilitate-sistema, irabazi-asmorik gabeko erakundeei buruzko legeriak xedatzen duenaren arabera egingo dira.

  1. Gobernu Batzordeak, Finantza Diputatuak egindako proposamenaren arabera, urte bakoitzeko abenduaren 31n itxitako ekitaldiari dagozkion kontuak formulatuko ditu, eta hurrengo urteko lehen hiruhilekoan egin beharreko ohiko Batzar Nagusian eztabaidatu eta onartu beharko dira.

  2. Gobernu Batzordeak Kontu Ikuskari bat izendatuko du, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 euskal Legeko 50-3 artikuluan xedatutakoa betetzearren.

  1. Gobernu Batzordeak kudeatuko du Elkargoaren ondarea, Finantza Diputatuaren bitartez eta behar den laguntza teknikoarekin.

  2. Ondasun higiezinak erosi, kargatu edo besterentzeko, Batzar Nagusiaren onarpena beharko da.

    BOSGARREN KAPITULUA

    HAUTESKUNDE-ERREGIMENA

  1. Gobernu Batzordeko kideak zuzeneko bozketa sekretu bidez hautatuko dira; hauteskundeetarako deia egiten den egunaren aurretik Elkargoan sartuta dauden elkargokide guztiek parte hartu ahal izango dute hautesle bezala, elkargo-kuoten ordainketan egunera badaude, Gobernu Batzordearen erabakiz ordaintzetik libre egon ezean.

  2. Jarduneko Abokatuen botoak, jardunik gabekoen botoaren bi halako balioa izango du.

  1. Gobernu Batzordeari dagokio hauteskundeetarako deia egitea.

    Hauteskundeetarako deia, hauteskundeak egin beharreko eguna baino gutxienez bi hilabete lehenago erabakiko da.

  2. Hauteskundeak egiteko deia, erabakitzen den egunaren hurrengo bost egunen barnean jakinaraziko zaie elkargokideei, eta bertan, hauteskunde-lekua eta eguna, hautestontziak ireki eta ixteko orduak, eta hautetsi behar diren karguetarako hautagaiak aurkezteko epeak eta epemuga adieraziko dira.

    Era berean, eta epe horretan bertan, botoa emateko eskubidea duten jarduneko elkargokideen eta jardunik gabekoen zerrenda bananduak ipiniko dira Elkargoko iragarki-taulan; eta, kasua denean, adieraziko da, baita ere, kuotak edo ezarri zaizkien zehapen ekonomiko irmoak ordaindu gabe dituztela, horien exekuzioa etenda ez badago behintzat. Kuotak edo zehapen ekonomikoak ordaindu gabe dituzten elkargokideek hautesleizaera lortuko dute zor dituzten kopuruak ordaintzen dituztenean.

Estatutu honetan 64. artikuluan ezarritako hautagarritasun-baldintzak hauteskundeak egiteko deialdia erabakitzen den datan bete beharko dira.

  1. Elkargokideek aurkeztu ahal izango dituzte hautesle-zerrenden aurkako erreklamazioak, zerrenda horiek ikustera jarri ondorengo bost egun balioduneko epearen barnean.

  2. Erreklamazioak egiteko epea bukatu ondoren hiru eguneko epea izango du Gobernu Batzordeak erreklamazio horiei buruzko erabakia emateko eta erreklamaziogile bakoitzari hurrengo bi egunen barnean emango dio bere ebazpenaren berri, eta zuzenketarik egin behar izanez gero, Elkargoko iragarki- taulan argitaratuko ditu.

  1. Hauteskunde-eguna baino hogei egun natural lehenago arte aurkeztu ahal izango dira kandidaturak.

  2. Kandidaturak izan daitezke taldekoak kargu bat baino gehiagotarako, edo banakakoak kargu jakin batzuetarako, eta hautagaiek berek bakarrik izenpetu beharko dituzte. Elkargokideetako bat ere ezingo da kargu bat baino gehiagotarako hautagai aurkeztu.

    Gobernu Batzordeko kideak hautagai bezala aurkezten badira, dela kargu bererako edo dela beste baterako, beren eginkizunak betetzeari utziko diote hautagai aurkezten diren egunetik aurrera.

  3. Gobernu Batzordeak, kandidaturak aurkezteko epea bukatu biharamunean, hautagai aldarrikatuko ditu hautagarri izateko baldintzak betetzen dituztenak, eta hautatu deklaratuko ditu aurkaririk ez dutenak. Horren ondoren iragarki-taulan argitaratzeko agindua emango du, eta hautagai guztiei jakinaraziko die.

  4. Hautagai-zerrenden aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak Gobernu Batzordearen aurrean egin beharko dira. Errekurtsoa jartzeko, hautagaiek edo kandidaturek bost eguneko epea izango dute aurreko idatz-zatian zehaztutako jakinarazpena egiten denetik, eta gainerako elkargokideek, berriz, bost eguneko epea Elkargoko iragarki-taulan argitaratzen denetik.

    Gobernu Batzordeak ebatziko ditu errekurtsoak, beroriek aurkezteko epea bukatu ondorengo sei egunen barnean, eta ezingo da beste inolako elkargo-errekurtsorik jarri beste ezein organo edo Kontseiluren aurrean, Administrazioarekiko auzien jurisdikziora jo ahal izateko eragozpenik gabe.

  1. Hautagaiak aldarrikatu ostean, hauteskundeprozesua zuzendu eta hauteskundeak presidituko dituen Hauteskunde-mahaia eratuko du Gobernu Batzordeak.

  2. Dekanoa izango da hauteskunde-mahaiko burua, eta mahai horretako kide izango dira idazkaria, hauteskunde-mahaian idazkari-lana egingo duena, eta Gobernu Batzordeko beste kide bat Gobernu Batzordeak berak izendatua. Ordezkoak ere izendatuko ditu.

    Hauteskunde-mahaiko kideak ezingo dira hautagai gisa aurkeztu hauteskundeetarako. Baldin eta Dekanoa eta/edo idazkaria hauteskundeetara hautagai gisa aurkeztuko balira, ordeztuak izango dira Estatutu honetako 68 eta 69.3 artikuluetan, hurrenez hurren, xedatutakoaren arabera. Eta ordezkoak ere hautagai bezala aurkeztuko balira, Batzorde bereko beste kide batzuekin osatuko du Hauteskunde-mahaia Gobernu Batzordeak.

    Eta hori dena delako arrazoiengatik ezinezkoa izango balitz, berriz, Gipuzkoan jarduten duten eta egoitza duten elkargokide guztien artean zozketa eginez osatuko du mahaia Gobernu Batzordeak.

    Aurreko idatz-zatian xedatzen dena aplikatu beharko da Gobernu Batzordea Batzorde Kudeatzaile batek ordezten duenean ere.

  3. Hauteskunde Mahaiak prestatuko du hauteskunde-txartelaren eredua. Hautagaiek ere prestatu ahal izango dituzte beren hauteskunde-txartelak, Hauteskunde Mahaiak onartutako eredu berdinean.

    Era berean, hauteskunde-kanpainako ekitaldiak egiteko Elkargoaren egoitzaren erabilera antolatuko du Hauteskunde Mahaiak. Eskaerak, printzipioz, aurkezten diren ordenaren eta berorietan hobesten diren leku, egun eta orduen arabera ebatziko dira, eta ahalik eta ekitaterik handienarekin berdintasun-baldintzak bermatzeko.

  4. Hautagaiek ezingo dituzte baliatu Elkargoko zerbitzuak hauteskunde- kanpainako ekitaldiez bestelakoak egiteko, esate baterako, programak edo hauteskunde-txartelak bidaltzeko. Hala ere, Elkargoak emango dizkie hautagaiei argitaratutako hautesle-zerrendak, haiek eskatuz gero.

  1. Botoa emateko eskubidea duten elkargokideek eman ahal izango dute beren botoa posta bidez. Bere botoa hala ematea erabakitzen duenak, hauteskunde- zentsuan sartua eta elkargoko kuoten ordainketan egunera dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria eskatu beharko du Elkargoko Idazkaritza Teknikoan, bertan aurkeztuz edo posta ziurtatu bidez, hauteskunde-eguna baino gutxienez hamar egun lehenago.

  2. Idazkaritzak posta ziurtatu bidez bidaliko dizkio, edo zuzenean eskura emango, eskatutako ziurtagiria, hauteskunde-txartelak eta bi gutun-zorro zuri, hauteskunde-eguna baino gutxienez bost egun natural lehenago.

  3. Boto-emaileak, bidalitako gutun-zorro txikian sartu beharko du hauteskunde- txartela, eta itxi ondoren, Elkargoak bidalitako zorro handiagoaren barnean ipiniko du, hautesle-ziurtagiriarekin eta bere NAN, pasaporte edo hori ordezkatzen duen agiriaren kopiarekin edo elkargokide-txartelaren kopiarekin batera. Gutunzorro hori posta ziurtatu bidez bidali beharko da Elkargora, edo norberak entregatu beharko haren egoitzan, eta boto-kontaketa egiten hasi baino lehen Idazkaritzan sartzen bada bakarrik onartuko da.

  1. Deialdian erabakitako leku, egun eta orduan eratuko da Hauteskunde Mahaia.

    Kandidatura bakoitzak edo kandidatura batean sartua ez dagoen kargu baterako hautagaiak, izendatu ahal izango du elkargokideen artetik Hauteskunde Mahaian ordezkatuko duen interbentore bat.

  2. Hauteskundeak gutxienez sei orduko eta gehienez zortziko iraupena izango du, nola eta Gobernu Batzordeak hauteskundeetarako deia egiterakoan ez duen epe luzeago bat izendatzen.

  3. Hauteskunde-mahaian botoa emateko hautestontzi bereiziak egongo dira jarduneko elkargokideentzat eta jardunik gabekoentzat. Hautestontziak itxita egongo dira bozketa-garaian.

  4. Hauteskunde Mahaia eratu ostean, bozketari hasiera emango dio Mahaiburuak. Bozketari bukaera emateko ezarritako orduan, bozketa-aretoko ateak itxi egingo dira eta aurretik barruan zeuden elkargokideek bakarrik eman ahal izango dute botoa. Mahaiko kideek azken-azkena emango dute botoa.

  5. Boto-emaileek Hauteskunde Mahaiari frogatu egin beharko diote beren nortasuna. Hauteskundeetarako prestatutako zentsuan sartua dagoen ala ez egiaztatuko du Mahaiak; zentsuan ez badago ukatu egingo dio boto-eskubidea, eta berdin Elkargoko kuoten ordainketan egunera ez badago ere. Mahaiburuak botoemailearen izena eta abizenak esango ditu ozenki, botoa ematen duela adieraziz, eta horren ondoren, Mahaiburuak berak sartuko du boto-dokumentua, dagokion hautestontzian.

  1. Bozketa bukatu ostean, botoen kontaketa egingo da, txartel guztiak ozenki irakurriz.

  2. Guztiz baliogabetzat joko dira hertsiki bozketaren edukiaz bestelako esamolderik daukatenak edo zirrimarra edo urradurarik daukatenak. Partzialki baliogabetzat joko dira, dagokien karguaren arabera, kargu bererako hautagai bat baino gehiago proposatzen dituzten edo hauteskundera aurkeztu ez diren pertsonen izenak adierazten dituzten txartelak. Karguetako batentzako edo batzuentzako botoa bakarrik daukaten txartelak, bete beharreko baldintzak betetzen badituzte, baliozkoak izango dira zuzen adierazitako kargu eta pertsonentzat.

  3. Kontaketa bukatzen denean, berorren emaitza adieraziko du mahaiburuak, eta kargu bakoitzerako boto gehien lortu duten hautagaiak hautatutzat aldarrikatuko ditu. Boto-berdinketa izanez gero, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan jardunean denbora gehien daramana ulertuko da hautatutzat.

Hauteskunde-prozesuan edo hauteskunde-emaitzaren aurka jartzen diren errekurtsoak, efektu bakarrean onartuko dira eta ez dituzte etengo bozketa, hautatuen aldarrikapena eta kargu-hartzea, nola eta ebazpen berariazko eta arrazoitu baten bidez, eta salbuespenezko arrazoiengatik, ez den kontrakoa erabakitzen.

Gobernu Batzordeak kapitulu honetan ezarritako epeak luzatu ahal izango ditu, deialdia egiteko erabakian edo ondorengo une batean, epe horiek bikoizteraino gehienez ere.

Bereziki, bidezkoa izango da luzatzea, deialdia egiten den egunaren eta hauteskunde-egunaren artean bi hilabete baino gehiagoko epea dagoenean.

  1. Hautatuak izan diren hautagaiak, hauteskundeegunetik gehienez ere hamar eguneko epean egin beharko den lehen Gobernu Batzarrean egingo dira beren karguen jabe. Bilera horretarako deia egitea bozketa egin arte Dekano kargua bete duenari dagokio beti.

    Hautetsiek beren karguak hartzean, ordura arte kargu horietan zeudenen agintaldia amaituta geratuko da.

  2. Gobernu Batzordeko idazkariak berorren osaera berria jakinaraziko die Abokatuen Kontseilu Orokorrari, Legekarien Euskal Kontseiluari eta Euskal Herriko Tituludun Lanbideen Erregistroari, eman beharreko xehetasun guztien berri emanez.

    LAUGARREN TITULUA

    DIZIPLINA-ERREGIMENA

  1. Estatutu honetan eta lanbideari aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebehar profesionalak betetzen ez dituzten abokatuei, diziplinazko erantzukizuna egotziko zaie, horrez gainera egotz lekiekeen beste edozein erantzukizun penal, zibil edo administratiboren eragozpenik gabe.

  2. Diziplinazko zehapenak ezarri ahal izateko, dagokion espedientea instruitu behar da nahitaez, interesatuari entzun behar zaio eta Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Euskal Legeko 19-2 artikuluan ezarritako gainerako prozedura eta arrazoi-emateak eta Estatutu honetan ezarritakoak bete behar dira.

  1. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko Gobernu Batzordeari dagokio abokatuei diziplinazko zehapenak ezartzeko ahalmenaz baliatzea.

    Ahalmenaz baliatze hori, Gipuzkoako lurraldean gertatzen diren eta zehagarriak izan daitezkeen egite edo ez-egite guztietara hedatzen da, baita beste abokatu- elkargo batzuetan sartuta dauden abokatuak badira ere.

  2. Gobernu Batzordeko kideei zehapenak ezartzeko ahalmena Legekarien Euskal Kontseiluari dagokio, salbuespen bakarra izanik, beren eginkizunak Abokatuen Kontseilu Orokorreko kide bezala betetzean egindako arau-hausteak, horrelakoetan Kontseilu Orokorrak izango baitu zehatzeko ahalmena.

  3. Arau-hausleak Zuzenbideko lizentziatu-titulua ez duelako edo jarduneko abokatu bezala Elkargoan sartu gabe dagoelako intrusismo profesionala gertatzen den kasuetan, Gobernu Batzordeak, egintza horien berri izaten duenean, Justiziako gaietan eskudun den Sailari jakinaraziko dio, honek instruitu beharreko espedientea instruitu eta ezarri beharreko zigorra ezar dezan, Auzitegien aurrean egikari daitezkeen akzioak egikaritzeko eragozpenik gabe.

    LEHEN KAPITULUA

    ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

Diziplinazko arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

  1. Arau-hauste oso larriak dira honako hauek:

    1. Abokatu-lanbidean jardutea, Zuzenbidean lizentziatu tituluaren edo lanbide horretan aritzeko gaitasuna ematen duen titulu baliokidearen jabe izan gabe.

    2. Sekretu profesionala urratzea, bai uneko bezeroari buruzkoa eta baita bezero ohiari buruzkoa, eta oro har Estatutu honetako 25. artikuluan ezarritako erregeletako edozein haustea, Estatutu honetako 95-1 b) artikuluan xedatutakoaren salbuespen bakarrarekin.

    3. Independentziaren betebeharra haustea, hortik kalte larria badatorkie jarduera profesionala eskatu edo itundu dutenei.

    4. Interes-gatazkagatik debekatutako jarduera profesionalak egitea, hortik kalte larria badatorkie jarduera profesionala eskatu edo itundu dutenei.

    5. Estatutu honetako 26. artikuluan ezarritako egiaren betebeharra haustea, hortik kalte larria badatorkie jarduera profesionala eskatu edo itundu dutenei, edo kontrako alderdiari edo edozein hirugarrengori.

    6. Bezeroaren interesen kontrako egintzak kulpaz burutzea, hortik kalte larria badatorkio bezeroari.

    7. Profesionalki inhabilitatuta egon arren edo jarduteko bateraezintasunezko edo debekuzko kausaren batean egon arren, lanbidean jardutea.

    8. Bezeroari edo honen abokatuari informaziorik ez ematea edo dokumentuak atxikitzea harreman profesionala bukatzen denean, baldin eta horrek kalte larriak ekartzen baditu eta, nolanahi ere, defentsa-gabezia sortzen badu.

    9. Bezeroaren funtsak norberaren onurarako bidegabekeriaz atxikitzea.

    10. Bezeroak emandako funtsak, emate hori justifikatzen duten helburuetan ez erabiltzea, hortik bezeroari kalte larria sortzen bazaio.

    11. Abokaturik ez duen aurkako alderdiarekin harremanak izatea, hortik defentsa- gabezia sortzen bada edo Zuzenbidean egoki denari buruz engainatzera eraman badezake eta, oro har, edozein kalte larri ekartzen badio.

    12. Bere lanbidean jardutean dolozko delituak egitea, edozein mailatan parte- hartzean; eta bezeroak ere delituak egitea, delitu horiek abokatuaren aholkularitza, kontseilu edo prozedurako jardun baten ondoriozkoak badira.

    1. Elkargokide bat epai irmoz zigor larrietara kondenatua izatea, Zigor Kodeko 32-2 artikuluaren arabera.

    2. Intrusismo profesionala egitea edo edozein modutara estaltzea, eta, bereziki, Zuzenbidean lizentziatuak ez diren edo elkargoan sartuta ez dauden beste batzuek Abokatuei erreserbatutako jarduera profesionalak egiten dituztenean, jarduera horietarako sinadura ematea.

    3. Abokatutza bateraezinak diren beste lanbide batzuekin batera egikaritzea; eta berdin lanbidearekin bateragarriak diren profesionalekin ere, baldin eta, kasu honetan, lanbidea zuzen betetzea eragozten bada, eta, oro har, abokatutza, beroni berezko zaion askatasuna, independentzia edo duintasuna murriztu edo gutxietsi dezakeen beste edozein jarduerarekin egikaritzea.

    4. Justizia Auzitegiekiko eta beren kideekiko faltak, Abokatuen Estatutu Orokorrean oso larritzat jotzen badira.

    5. Mozkortzea eta/edo drogak kontsumitzea lanbidearen egikaritzan eragina duenean eta bezeroari kalte larria egiten dionean.

    6. Abokatuen Estatutu Orokorreko 25-2 artikuluko a), b), c) eta d) letretan informazioari eta publizitateari buruz ezarritakoa haustea.

    7. Istripu edo hondamendien biktimei zerbitzu profesionalak eskaintzea, nahiz eta hori, publizitateko legeriaren arabera, publizitate-egintza baten ondorio ez izan bere zentzu hertsian, eta kalte larria sortzea.

    8. Soilik abokatuaren esku ez dauden emaitzak eskaini edo agintzea, nahiz eta hori, publizitateko legeriaren arabera, publizitate-egintza baten ondorio ez izan bere zentzu hertsian, eta kalte larria sortzea.

    9. Auzi edo gatazkara bultzatzea modu orokorrean edo konkretuki, fede gaiztoz egiten bada eta bultzatzaileari edozein eratako mesedea ekartzen badio, eta bezeroari kalte larria eragiten badio.

    10. Bi urteko epean gutxienez bi arau-hauste larri egitea. Paragrafo honetan xedatutakotik salbuetsi egiten da Estatutu honetako 95-1 artikuluko s) letran adierazitako arau-haustea.

  2. Artikulu honetako c), d), e), f), h), j), k), p), q), r), s) eta t) letrek aipatzen duten arau-haustearen tipoaren «kalte larria» osagaiaren ondorioetarako, kalte larria izan dela ulertuko da, bezeroari defentsa-gabezia sortzen zaionean, bezeroaren ohoreari, irudiari edo intimitateari kalte egiten zaionean, edo jarduera profesionala baldintza arruntetan eta leialtasunez egikarituz gero jasan beharko ez lituzkeen galera ekonomikoak sortzen zaizkionean, edo Abokatuari bidegabeko onura edo irabaziak ekartzen dizkionean, edo bezeroaren interes legitimoei nabarmenki kalte egiten zaienean.

  1. Arau-hauste larriak dira honako hauek:

    1. Estatutu honetako 94-1 artikuluko a), d), e), g), i), k), l) eta g) letrek aipatzen dituzten betebehar profesionalak ez betetzea, arau-hausteak ez baldin baditu 94-2 artikuluan ezarritako tipoaren baldintzak betetzen, eta betiere bezeroari berari, edo, bestela, kontrako alderdiari edo hirugarren bati kalteren bat egiten badio.

    2. Aseguratu beharra ez betetzea.

    3. Intrusismo profesionaleko egintzak edo lanbidea irregularki egikaritzekoak jakinarazteko betebeharra haustea, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Euskal Legeko 11. artikuluaren arabera.

    4. Lanbidea nahitaez egikaritzeko obligazioa ez betetzea, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Euskal Legeko 13 eta 15-2 e) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

    5. Beste Abokatu baten sekretu profesionala gordetzeko betebeharra edo askatasuna, independentzia eta egiaren betebeharra mehatxatzen duen edozein egintza edo omisio.

    6. Estatutu honetako 31. artikuluan ezarritakoaren aurka arazoak onartzea, bezeroari kalteren bat egin dionean eta arau-hausteak oso arau-hauste larriren tipoaren elementuak ez baldin baditu.

    7. Bezeroari informazioa ez ematea Estatutu honetako 33. artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta hark eskatu badio, eta betebehar hori ez betetzeak oso arau-hauste larritzat jo ez daitekeen kalteren bat eragin badio.

    8. Bezeroari «Mandatu-orria» ez ematea, hala aginduta dagonean eta betiere gero ordaintzea eskatzen den minuta desegokia dela irizten baldin bazaio, Elkargoan aplikatu beharrekoak diren ordainsari profesionalei buruzko Orientazio-arauen arabera.

    9. Bezeroaren jabetzakoak diren eta Abokatuak bere esku dauzkan funtsen entrega edo itzulketa arrazoirik gabe atzeratzea.

    10. Abokatukideen minutak behin eta berriz eta ausarkeriaz inpugnatzea, eta baita gehiegizko edo bidegabekotzat jotzen diren ordainsari-minutak behin eta berriz aurkeztea ere.

    11. Justizia Auzitegiei buruz Abokatuen Estatutu Orokorraren arabera falta larritzat jotzen diren portaerak.

    12. Abokatuen Estatutu Orokorreko 52-2 artikuluko e) eta f) letretan xedatutakoaren kontrako publizitateegintzak.

    1. Legez kontrako lehia desleialeko egintzak, organo eskudunak hala deklaratu dituenean, edo, bestela, Abokatuen Elkargoak edo Kontseiluek lehia desleialari buruz ematen dituzten aginduen aurkakoak direnean.

    2. Estatutu-arauak edo Elkargo-organoek beren eskumenen eremuan hartzen dituzten erabakiak beren eginkizunen egikaritze normala oztopatzen edo eragozten dutenak ez betetzea.

    3. Lanbidean mozkortuta eta/edo droga toxikoen eraginpean jardutea.

    4. Beste Abokatuen edo Abokatutzako gobernu-organoen edo horietako kideen, eta beren lanbidea betetzearen ondorioz harremanak mantentzen dituzten pertsona edo erakundeen duintasuna larriki laidotzea, hala nola horietako edozeini fisikoki erasotzea.

    5. Elkargoaren eta bere organoen funtzionamendu normala eragotzi edo asaldatzen duten egintzak.

    6. Gobernu Batzordeko kideek 65-2 artikuluak beren deliberazioei buruz ezartzen dien sekretu-obligazioa ez betetzea.

    7. Gobernu Batzordeko kideek informazio erreserbatua edo beren karguarengatik bakarrik jakin ahal izan dutena beren mesedetarako erabiltzea, 95-1 u) artikuluko tipoaren ezaugarriak ez dituenean.

    8. Gobernu Batzordeko edozein kide ez abstenitzea 65-3 artikuluan agindutakoaren arabera, portaera horren ondorioak 95-1 v) artikuluko tipoaren barnean koka ez daitezkeenean.

    9. Estatutu honetako 95. artikuluan adierazten diren arau-hausteak, baldin eta, gertaerak eta zirkunstantziak aztertu ondoren, falta oso larriarengatiko zehapena gehiegizkoa izango litzatekeela ikusten bada arrazoiak emanez.

    10. Bi urteko epean gutxienez bost arau-hauste arin egitea.

    11. Gobernu Batzordeko edozein kidek Elkargoari buruzko informazio erreserbatua edo karguarengatik bakarrik jakindakoa norberaren mesedetan erabiltzea, hortik onura ekonomikorik ondorioztatzen bada, portaera hori bestelako arau-hausteengatik zehatua izateko eragozpenik gabe.

      1. Gobernu Batzordeko edozein kidek eztabaidan parte hartzea edo ez abstenitzea, jakinaren gainean egonik Estatutu honetako 65-3 artikuluan ezarritako betebeharra hausten duela eztabaidan eta, bozketarik eginez gero, bozketan esku hartzen duenean, horrela gehiengoaren erabakia bere tesiaren aldera bultzatuz, eta hortik eztabaidagai den arazoarengatik hirugarren afektatu bati kalte larria etortzen bazaio, edota hutsegite larri edo oso larriagatiko arau- hauste bat zigorrik gabe geratzen bada.

  1. Arau-hauste arinak dira honako hauek:

    1. Sekretu profesionala altxatu behar den kasuetan Dekanoari kontu emateko edo baimena eskatzeko betebeharra ez betetzea, Dekanoaren iritziz altxatze hori bidezkoa baldin bada. Bestelako kasuetan, sekretu profesionalak babestutakoa ezagutzera ematea, 94 eta 95. artikuluen arabera zigortuko da.

    2. Elkargo-kargei erantzuteko obligazioa behin eta berriz ez betetzea, behar izanez gero Elkargoan baja ematea erabakitzeko eragozpenik gabe.

    3. Aurreko artikuluan larritzat jotako arau-hausteak, baldin eta, egintzak eta beren zirkunstantziak aztertu ondoren, falta larriarengatiko zehapena gehiegizkoa izango litzatekeela ikusten bada arrazoiak azalduta. Paragrafo honetan xedatutakotik salbuetsi egiten da aurreko 95. artikuluko r) letran adierazitako arau-haustea.

    4. Elkargoaren baitan eratutako Taldeen jarduera eta jakinarazpenak berorienak direla ez identifikatzea, beren jatorriari buruz objektiboki oker pentsatzera eramaten badute.

    5. Edozein abokatuk justifikaziorik gabe laguntzarik ez ematea edo arrazoirik gabe erantzunik ez ematea, Gobernu Batzordeak, Elkargoaren baitan eratutako batzordeek, edota, diziplinazko espedienteen kasuan, Instruktoreak laguntza pertsonalki eskatzen diotenean.

    6. Sekretu profesionalaren alorrean arinkeriaz jokatzea, zehazki: errugabetasun- presuntzioari eta ohore, irudi edo intimitaterako eskubideari dagokienez, egungo bezeroari edo aurreko bati kalterik eragiten ez dioten urraketak eta diruzko kalterik edo bestelako kalterik eragiten ez diotenak.

    7. Estatutu honetan edo beronek aipatzen duen erakunde profesionalaren arauetan ezarritako gainerako betebeharrak ez betetzea, eta Elkargo-organoek edo Abokatuen Kontseiluek beren eskumenen egikaritzan hartutako erabakiak ez betetzea, ez betetze horiek falta larriak ez direnean.

  2. Aurreko idatz-zatiko d) letran aurreikusitako falta bere egileei bakarrik egotziko zaie. Eta bere gobernu-organo partikularren erabaki baten ondorio izango balitz, erabakiaren aldeko botoa eman zutenei bakarrik egotziko zaie.

  1. Arau-hausteak Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Euskal Legeko 16. artikuluan ezarritakoaren arabera zehatuko dira.

  2. Gobernu Batzordeak ezartzen dituen zehapen guztiek Espainiako Abokatu Elkargo guztien eremuan izango dute eragina, eta horretarako, Legekarien Euskal Kontseiluari eta Kontseilu Orokorrari jakinaraziko zaie; eta Estatutu honetako 20. artikuluaren arabera inskribatutako abokatuei dagokienez, berriz, abuztuaren 3ko 936/2001 EDko 14. artikuluak aipatzen duen organoari edo organoei.

    Inhabilitazioko zehapenen berri emango zaio, baita, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari ere.

  3. Zehapenak bete beharrekoak izango dira, administrazio-bidea agortzen duen egintza edo ebazpenetik aurrera. Argitara eman ahal izango dira irmotasuna hartzen duten unetik.

  4. Elkargokideen espediente pertsonaletan egindako zehapenen idatzoharra, Abokatuen Estatutu Orokorreko 93. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan ezereztuko da.

  1. Diziplinazko erantzukizuna, zehapena betetzen denean, elkargokidea hiltzen denean, arau-haustea preskribitzen denean, zehapena preskribitzen denean eta elkargokidea errehabilitatzen denean iraungitzen da.

  2. Elkargoan baja emateak ez du iraungitzen alta emanda zegoen garaian hartutako diziplinazko erantzukizuna.

    Elkargokideak espedientea instruitzen ari den garaian baja ematen badu, honek aurrera jarraituko du bukatu arte. Nolanahi ere, eta baja emateko unea edozein izanda ere, zehapen ekonomikoak bete beharrekoak izango dira zehapena irmo bihurtzen denetik, eta inhabilitazio profesionalekoak, berriz, etenda geratuko dira zehatuak baja ematen duen unean, eta edozein Abokatu Elkargotan alta ematea eskatzen badu, berriro hasiko da inhabilitazioa, falta den epea osatu arte.

100. artikulua. Errehabilitazioa.

  1. Inhabilitazio profesionalarekin zehatutakoek eskatu ahal izango diote errehabilitazioa Gobernu Batzordeari.

  2. Alderdiak eskatuta emango zaio hasiera prozedurari, behin zehapenaldiaren heren bat igaro ondoren, eta honako jardun hauek izango ditu:

    1. Zehatutako pertsonaren alegazioak.

    2. Deontologiako Batzordearen txostena.

    3. Arau-hausteak kaltetutako pertsonen edo horien jaraunsle legitimoen alegazioak.

  3. Gobernu Batzordeak hilabeteko epe komuna emango du alegazioak egiteko, eta gero alegazio-epea bukatu ondorengo bost eguneko epean ebatziko du.

  4. Prozedura ebatzi ahal izango da Gobernu Batzordearen erabaki hauetakoren batekin:

    1. Ukatuz.

    2. Berehala errehabilitatuz.

    3. Betetzeko geratzen den epearen zati baterako errehabilitatuz.

      Errehabilitatzea erabakitzen baldin bada, ordea, ebatzi ahal izango da Gobernu Batzorderako hautagai izateko eskubidea galtzea zehapen-epe guztirako edo jatorrizko epearen zati baterako.

  5. Errehabilitatzeko ebazpenen berri eman beharko zaie zehapenen berri ematen zaien organoei.

    BIGARREN KAPITULUA

    ZEHAPEN-PROZEDURA

    101. artikulua. Zehapen-espedientea hasi eta ebazteko organo eskuduna.

  1. Gobernu Batzordeari soilik dagokio Abokatuek Gipuzkoako lurraldean beren lanbidean jarduterakoan egindako arau-hausteengatik zehapen-espedienteak irekitzeko eta zehapen guztiak ezartzeko erabakiak hartzea.

  2. Legekarien Euskal Kontseiluari dagokio aurreko idatz-zatian ezarritako eskumenak egikaritzea Gobernu Batzordeko kideei buruz.

    102. artikulua. Abstentzioa eta errefusatzea.

    Diziplinazko prozedurei dagokienez, Gobernu Batzordeko kideak eta Instruktorea abstenitzeko eta errefusatzeko arrazoiak dira legeria administratiboan zehapen- ahalmenari buruz aurreikusten direnak.

    103. artikulua. Zehapen-prozeduraren hasiera.

  1. Diziplinazko prozedura Gobernu Batzordeak hasiko du ofizioz edo Abokatu batek edo interes legitimoa duen hirugarren batek egindako salaketaren ondorioz.

  2. Gobernu Batzordeak, gertakariak ikusi ondoren eta eskuartean dituen frogen bidez, eta, behar izanez gero, frogak eginez, zehapen-prozedurari hasiera ematea edo jardunak artxibatzea erabakiko du arrazoiak emanez.

  3. Espedientea irekitzea erabaki ostean, Deontologiako Batzordeari jakinaraziko zaio, honek Instruktore bat izenda dezan ahalik eta lasterren, eta Instruktore horri ordura arte egindako jardun guztiak emango zaizkio.

    104. artikulua. Instruktorea izendatzea.

  1. Zehapen-espedientea irekitzeko erabakiaren berri eman beharko zaio bigarren xedapen gehigarrian zehaztutako Deontologiako Batzordeari, honek prozeduraren Instruktorea izenda dezan.

  2. Aurreko idatz-zatiaren ondorioetarako, Deontologiako Batzordeak izendatu ahal izango du Instruktore bere kideetako bat edo lanbidean jarduten 10 urte baino gehiago daramatzan beste edozein elkargokide. Nolanahi ere, Instruktore izateko, inolako diziplinazko arau-hauste larri edo oso larrirengatik zehatua ez izatea ere galdatuko da.

  3. Instruktorearen izendapenaren berri emango zaio espedientatuari, eta honek baliatu ahal izango du errefusatzeko eskubidea, aplikatu beharreko zehapen- prozedura administratiboko legerian xedatutakoaren arabera, horren zioa eta, frogabiderik izanez gero, frogabideak adieraziz.

    105. artikulua. Instrukzioa.

  1. Behin prozedurari hasiera eman eta Instruktoreak egin beharrezkotzat jo ditzakeen aurretiazko eginbideak egin ondoren, largestea proposatuko dio Gobernu Batzordeari diziplinazko ez-zilegiaren elementurik aurkituko ez balu, edota, bestela, karguen plegua egingo du.

    Aurretiazko eginbideak egitea erabakiko balitz, hamabost eguneko epe bera emango zaie espedientatuari eta interesatuei halakorik egonez gero, alegazioak egin eta, behar izanez gero, eskura ez leuzkakeen frogak proposatzeko. Aurretiazko eginbideak, alegazioak egin ondorengo, edota, bestela, frogak egitea erabakiz gero, frogak egiteko epea bukatu ondorengo bost eguneko epean ebatziko dira gehienez ere.

  2. Karguen pleguak zehazki eta argi eta behar bezala arrazoituta adierazi beharko ditu ez-zilegitzat jotzen dituen egintza profesionalak edo elkargokoak, eta adierazi beharko du, baita, portaera horrek zein motatako arau-haustea egiten duen, eta zein zigor den bidezkoa ere.

  3. Karguen pleguaren berri emango zaio espedientatuari, eta honek, jakinarazpena jaso ondorengo egunetik kontatzen hasi eta hamabost egun balioduneko epean, idatziz erantzun beharko du deskarguen plegu egokia eginez eta, bertan, bere defentsarako egokitzat jotzen duen froga proposatuz.

    Interesaturik badago, hari ere helaraziko zaio karguen plegua, hamabost eguneko epe berean egoki deritzana alegatu eta froga proposa dezan.

    Artikulu honen ondorioetarako interesatuak izango dira, zehapen-espedientearen aztergai den jardunak kaltetutako pertsonak, salatzaile izan edo ez, eta berdin espedientea irekitzera eraman duten praktikak salatu dituzten Abokatuak ere.

    Zuzenbidean onartzen diren defentsabide guztiak baliatu ahal izango dira; Instruktoreari dagokio, proposatuak izan eta berak egokitzat jotzen dituen frogak, edo berak zuzenean erabakitzen dituenak egitea, batez ere egintzetatik hirugarren batzuentzako kalteak sortzen direnean. Froga horiek egiteko epea Instruktoreak erabakiko du, eta gutxienez hamabost egunekoa eta gehienez hogeita hamarrekoa izango da. Egindako entzunaldi eta froga guztien berri idatzita jasoko da espedientean.

  4. Espedientatuak ez badu deskargu-plegurik aurkezten, Instruktoreak Gobernu Batzordeari aurkeztuko dio ezarri beharreko zehapenaren proposamena, prozedurari dagokion espedientearekin batera.

  5. Instrukziotik ondorioztatzen baldin bada egintzak ez-zilegi penalak edo beste edozein motatakoak izan daitezkeela, Instruktoreak Gobernu Batzordeari jakinaraziko dio hori, honek egikaritu beharreko akzioak egikari ditzan, hala iritziz gero.

    Akzio penalak egikaritzea erabakiko balitz, erabakiaren berri emango zaio Instruktoreari, prozedura etenda utz dezan harik eta prozedura penalak ebazpen irmoa eman arte, baina garrantzi penala duten egitateei dagokienean soilik, gainerakoei dagokienean aurrera jarraitu ahal izango baitu prozedurarekin. Prozedura epai bidez bukatuko balitz, behin epaia irmo bihurtu ondoren, Instruktoreak diziplinazko prozedurarekin aurrera jarraituko du, baina ezingo da onartu epaian frogatutzat ematen diren egitateez bestelakorik.

    Aurreko hori, zehatuak egindakoa ikusita, Instruktoreak Gobernu Batzordeari berori profesionalki inhabilitatzeko kautelazko neurriak hartzea erabaki dezala proposatzeko eragozpenik gabe ulertzen da, 106. artikuluan ezarrita dagoen moduan.

    106. artikulua. Kautelazko neurriak.

  1. Instruktoreak proposatu ahal izango dio Gobernu Batzordeari egokitzat jotzen dituen kautelazko neurriak hartzea, profesionalki inhabilitatzekoa ere barne, Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 euskal Legeko 31. artikuluan xedatzen den moduan.

  2. Kautelazko inhabilitazio-neurria 97-2 artikuluan aipatzen diren organismoei jakinaraziko zaie, eta Abokatuaren espediente pertsonalean idatziko da, eta hau, bere aldetik, jardunik gabeko egoerara pasatuko da erabakitzen den eperako. Denboraldi hori ezingo da hiru hilabete baino gehiagokoa izan, eta betetzen den epea deskontatu egingo da inhabilitazio profesionaleko zehapena ezartzen bada.

    107. artikulua. Ebazpena.

  1. Espedientea izapidetu ondoren, Instrukoreak Gobernu Batzordeari aurkeztuko dio, dagokion ebazpen-proposamenarekin.

    Arau-hauste larri edo oso larriengatiko zehapenak direnean, Gobernu Batzordeak, Instruktoreak egindako proposamena helaraziko dio espedientatuari eta entzunaldi-izapide berri bat emango dio, jakinarazpen biharamunetik hasi eta hamabost egun balioduneko epean bere eskubidearen arabera egoki irizten diona alegatu ahal izan dezan.

  2. Instruktoreak ezingo du parte hartu Gobernu Batzordearen deliberazioetan eta erabaki-hartzean, ezta bertako kide denean ere, hala izanez gero, 65-3 artikuluan ezarritakoaren arabera jokatu beharko baitu.

  3. Gobernu Batzordeak, ebazpena eman aurretik, itzuli ahal izango dio espedientea Instruktoreari, arrazoiak emanez, ezinbestekotzat jotzen dituen eginbideak egiteko. Behin eginbideak bukatu ostean, horren berri emango zaio espedientatuari eta honek zortzi egun balioduneko epea izango du horiei buruz bere eskubideen arabera komeni zaizkion alegazioak egiteko.

  4. Espedientearen azken ebazpena arrazoitua izango da eta espedientatuak planteatzen dituen alderdi guztiei buruzko erabakia eman beharko du.

    Ebazpena hartu ondorengo hamar eguneko epean jakinaraziko da, jar litezkeen errekurtsoak eta horretarako epeak aditzera emanez.

    108. artikulua. Errekurtsoak.

  1. Gobernu Batzordeak ezartzen dituen zehapenen aurka jarri ahal izango da elkargo-errekurtsoa, hilabeteko epean, honako organo hauen aurrean:

    1. Legekarien Euskal Kontseiluaren aurrean, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein Elkargotako kide den Abokatu bati ezarritako edozein zehapenen aurka.

    2. Abokatuen Kontseilu Orokorraren aurrean edo Legekarien Euskal Kontseiluaren aurrean, aukeran, Autonomia Erkidegokoa ez den Elkargoren bateko kide diren Abokatuei edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoaren akordioko beste herrialde batek emandako tituluarekin jarduten duten Abokatuei ezartzen zaizkien inhabilitazio-zehapenen aurka. Edozein modutara ere, Abokatu horiei ezartzen zaizkien zehapen ekonomikoen aurkako errekurtsoak Legekarien Euskal Kontseiluaren aurrean bakarrik jarri ahal izango dira.

  2. Errekurtsogileak eskatu ahal izango du «berebat» adierazpenean, zehapenaren betearazpena eteteko neurria hartzea, aplikagarria den administrazio-legeriaren arabera.

  3. Errekurtsoak Elkargoko Idazkaritzan aurkeztu beharko dira, eta honek organo eskudunaren aurrean aurkeztu beharko ditu beren aurrekariekin, organo horrek, bere aldetik, aurkeztu ondorengo hiru egunen barnean ebatz ditzan. Zehapenaren izapidetzea, ebazteko epea eta, kasua balitz, betearazpena etetea, Kontseilu bakoitza erregulatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera egingo da, eta, halakorik ezean, berriz, aplikatu beharreko administrazio-legerian xedatutakoaren arabera.

    109. artikulua. Arauen integrazioa.

    Estatutu honetan zehatzeko ahalmenari buruz xedatzen ez den hartan, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Euskal Legea aplikatuko da, eta hori ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legea eta bigarren lege honek aipatzen dituen gainerako lege eta arauak.

    BOSGARREN TITULUA

    ESTATUTUAREN ALDAKETA

    110. artikulua. Ekimena.

  1. Estatutuak aldatzeko ekimena dagokie:

    1. Gobernu Batzordeari, bere kideen gehiengo absolutuak hartutako erabaki bidez.

    2. Elkargokide guztien, jardunekoen eta jardunik gabekoen, ehuneko hamarrari edo gehiagori.

  2. Aldatzeko proposamena aurreko idatz-zatiko b) letran adierazitako ekimenaren arabera izapidetzen denean, proposatzen den aldaketari edo aldaketei buruzko testua Gobernu Batzordeari aurkeztu beharko zaio, arrazoiak emanez, horretarako aparteko Batzar Nagusirako deia egiteko helburuarekin bakarrik.

    Nolanahi ere, Gobernu Batzordeak egin ahal izango du proposamenaren egokitasuna nahiz legezkotasuna bezalako alderdiei buruzko txosten bat.

  3. Aparteko Batzarrerako deiari aldatzea proposatzen den testua edo testuak erantsiko zaizkio, eta baita, halakorik egonez gero, aurreko 2. idatz-zatian aurreikusitako Gobernu Batzordearen txostena ere.

    111. artikulua. 1. Aparteko Batzar Nagusirako deiaren eta Batzarra egiten den egunaren artean, hogeita hamar egun balioduneko tartea egongo da gutxienez.

  1. Batzarrerako deia argitaratu ondorengo lehen hogei egun baliodunetan aurkeztu ahal izango dira zuzenketa-proposamen arrazoituak, baldin eta gutxienez berrogeita hamar elkargokidek proposatu eta sinatuak badira.

    b) artikuluan aurreikusitako ekimena denean, Gobernu Batzordeak defenditu ahal izango du aldatzea proposatzen den testua mantentzea, edo zuzenketa- proposamenak aurkeztu ahal izango ditu. Bi kasuetan, Gobernu Batzordearen proposamena bozkatuko da lehenengo, eta proposamen hori onartua izaten bada, horri lotutako zuzenketa-proposamena edo proposamenak bertan behera geratuko dira.

  2. Ekimenean zehazki aipatutako artikulu edo aginduei buruzko zuzenketa- proposamenak bakarrik egin ahal izango dira. Gobernu Batzordeak ez du eztabaidarako sartzen utziko aurreko baldintza hori betetzen ez duen, edo formalki beteta ere, azken batean ekimenean adierazitakoez bestelako aginduetan eragina duen zuzenketa-proposamenik.

  3. Zuzenketa-proposatzaileek edozein unetan aurkeztu ahal izango dituzte zuzenketa transakzionalak, baita Batzar Nagusian bertan ere.

  4. Batzar Nagusia balio osoz eratzeko, gutxienez elkargokideen % 25eko quoruma osatu beharko da lehen deialdian. Bigarren deialdian ez da beharko quorum zehatzik.

  5. Botoen gehiengo soila lortzen duten zuzenketaproposamenak onartuko dira. Erretiratutzat joko dira, eta, beraz, ez dira bozkatuko, eztabaidatzeko unean, proposatzaile edo sinatzaileetako inork defenditzen ez dituen zuzenketa- proposamenak, eta ezingo da delegatu sinatu ez zituztenengan.

  6. Aldaketak onartuz gero, horien berri emango zaie Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 33-6 artikuluak aipatzen dituen organoei.

  7. Agindu honetan ezarritako prozedura aplikatu beharko da Estatutua partzialki nahiz osorik erreformatzen denean.

    SEIGARREN TITULUA

    DESEGITEA ETA LIKIDAZIOA

    112. artikulua. Desegitea.

    Gipuzkoako Abokatuen Elkargoa Eusko Legebiltzarraren lege batez bakarrik desegin ahal izango da, 18/1997 Legeko 31.3 artikuluan jasotako kasua denean salbu.

    Elkargoa desegiteko eta likidatzeko arrazoiak:

  1. Elkargoak dituen helburuak, estatutuetako 11. artikuluan jasota daudenak, lortzea ezinezkoa dela argi eta garbi ikustea.

  2. Elkargoko gobernu-organoak behin betiko gelditzea, eta ondorioz, horien funtzionamendua eta horiek berritzea ezinezkoa izatea.

    113. artikulua. Likidazioa.

    Elkargoa desegiteko prozedurak likidazio-aldia irekiko du. Elkargoa desegitea baimentzen duen legeak elkargoaren ondarea, eskubideak eta obligazioak likidatzea ezarriko du. Ondare-gerakinari, halakorik balego, Batzar Nagusiak erabakitzen duen xedea emango zaio.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Arau deontologikoen izaera.

    Estatutu honen ondorioetarako, eta batez ere 10-3 artikuluko gatazkak konpontzeko arauaren ondorioetarako, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren arau deontologiko propioen izaera dute, Estatutu honek bere egiten dituen beste jokabide-kode batzuetan jasota egon badaitezke ere, honako agindu hauetan zehazten direnak: 23. artikulutik 28.era bitartekoetan, biak barne eta osorik; 31. artikulutik 34.era bitartekoetan, biak barne eta osorik; 35. artikuluko 1, 2 eta 4 idatz-zatietan; 36. artikuluan; 38-2 artikuluan; 39. artikuluan eta 44. artikuluan.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Deontologiako Batzordea.

  1. Deontologiako Batzorde bat sortu da Elkargoan, eta iraunkorra izango da bera, honako eginkizun hauekin:

    1. Ofizioz edo alderdi batek eskatuta, arau deontologikoen irismena interpretatzea eta, bereziki, 10-3 artikuluak aipatzen dituen gatazka-kasuetan aplikatu beharreko araua erabakitzea. Bere txostena ez da loteslea izango.

    2. Sor litezkeen interes-gatazkei buruzko kontsultetan txostena egitea, Estatutu honetako 27-4 artikuluan xedatutako irismenarekin.

    3. Diziplinazko prozeduretako Instruktorea izendatzea, Estatutu honetako 104-1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    4. Aurrekoekin lotura izanik, Gobernu Batzordeak gomenda liezazkiokeen gainerakoak eta, zehazki, diziplinazko prozeduretan txostenak egitea.

  2. Dekanoa izango da Deontologiako Batzordearen buru. Batzordeak ez ditu hamar kide baino gutxiago edo hamabost baino gehiago izango. Gobernu Batzordeak izendatuko ditu Deontologiako Batzordeko kideak, eta berorren osaeran lanbidea bere osotasunean ordezkatzen saiatuko da, batzordekideek lanbidean daramatzaten urteak, espezialitate nagusia, eta bestelako irizpideak oinarri hartuz.

  3. Gobernu Batzordeko kideak izan daitezke Deontologiako Batzordeko kide. Jardunik gabeko elkargokideak ere izan daitezke Deontologiako Batzordeko kide, baldin eta Estatutu honetako 5-2 artikuluan ezarritako baldintza betetzen badute, edota, bestela, Dekano edo Dekano-orde edo Lehen Diputatu kargua bete izan badute.

    Inoiz ere ezingo dira Deontologiako Batzordeko kide izan iraganean falta larri edo oso larriren batengatik diziplinazko zehapena ezarri izan zaienek, zein ere den ezarritako zehapena edo ezarri duen abokatu-elkargoa.

  4. Txostenak egitean, ponente bat izendatuko du Batzordeak, eta hark adieraziko du Batzorde guztiaren iritzia. Batzordearen txostenari erantsi ahal izango zaizkio boto partikularrak, halakorik egonez gero, eta txostenarekin ados ez dagoenak eskatzen badu.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Erakundeharremanak.

    Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 56-2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak harremanak izango ditu Justizia arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailarekin.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Idazkaritza Teknikoa.

    Elkargoak Idazkaritza Tekniko bat izango du, gomendatzen zaizkion laguntza tekniko eta administratiboak emateko eginkizunarekin.

    Estatutu honetan aurreikusten diren kide anitzeko edo bakarreko organoek, eta baita diziplinazko prozeduren Instruktoreak ere, gomendatu ahal izango dizkiote Idazkaritza horren titularrari organo delegatzailearen gainbegiratupean eginkizun administratibo soilak, kontabilitatekoak, kutxaren kontrolekoak, jakinarazpenak eta argitalpenak egitekoak eta laguntza teknikoko antzeko beste hainbat.

    BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordainsarien arauak.

    Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren lurralde-eremuaren barnean, Legekarien Euskal Kontseiluak Autonomia Erkidegoko Abokatu Elkargo guztientzat ordainsari profesionalei buruz emandako Arauak izango dira bete beharko direnak.

    SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Praktika Juridikoko Eskola.

    Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak, berak bakarrik edo beste erakunde batzuekin elkarlanean jarduteko hitzarmenen bitartez, Praktika Juridikoko Eskola iraunkor bat izango du, Zuzenbidean lizentziatu berriei (elkargokide izan ala ez izan) Abokatutzan egokiro jarduteko modua emango dieten ezagutza praktikoak emateko.

    ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Elkargokide izan beharrik gabe Zuzenbidean lizentziadunek abokatutzan jarduteko «habilitazioa».

    Ez da Elkargoan sartuta egon beharko norberaren arazoak edo hirugarren mailako odol-ahaidetasun edo bigarren mailako ezkontza- ahaidetasunerainoko familiartekoen arazoak defenditzeko, baldin eta interesatuak Abokatuen Estatutu Orokorreko 13-1 artikuluko a), b) eta c) letretan ezarritako baldintzak eta indarreko arauek ezar litzaketen gainerakoak betetzen baditu. Horrelako kasuetan daudenak Dekanoak habilitatuko ditu, eskatzen duten esku-hartzerako. Habilitatze horrek, nahiz eta hartzen duen arazoari edo arazoei dagokienean bakarrik izan, Estatutu honek Abokatuei aitortzen dizkien eskubide guztiak ematen ditu, boto aktibo eta pasiboko eskubideak eta Elkargoko erabakiak hartzerakoan parte hartzekoa izan ezik; eta baita obligazio korrelatiboak eta bereziki deontologikoak bete beharra ere.

    LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA. Gaur egungo Gobernu Batzordea berritzea.

  1. Estatutu honetako 63-3 artikuluan xedatzen dena betetzearren, Gobernu Batzordeko kargu hauek hautetsiko dira 2002ko abenduaren 31 baino lehen:

    Dekanoa.

    1 Diputatu.

    5 Diputatu.

    Diruzaina edo Finantza Diputatua.

    Beste 4 kide, hauteskundeetarako deia egitean erabakiko direnak.

  2. Gainerako karguak hautatzeko eguna 2005eko ekaineko lehen hamabostaldiaren barnean izango da, eta, horregatik, aurreko 1. idatz-zatian aipatzen den kargu-berritzeak eraginik egiten ez dien gaur egungo titularrak beren karguetan mantenduko dira, baita xedapen honen ondorioz Estatutuaren arabera beren eginkizunetan jarduteko gehienezko epea gainditzen bada ere.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Ordainsarien izaera orientagarria.

    Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak, Europako Parlamentuak lanbide liberal jakin batzuentzako, eta partikularki abokatuentzako, obligaziozko ordainsari eta tarifen Eskalei eta lanbide liberalek gizarte modernoan bete behar duten eginkizunari eta posizioari buruz 2001eko apirilaren 5ean hartutako Ebazpenean babestuz, eta orobat profesionalen elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1997 Estatuko legeko 2.4 artikuluan (apirilaren 14ko 7/1997 legeak emandako erredakzioaren arabera) babestuz, ordainsariei buruzko obligaziozko irizpideak ezartzea bultzatuko du organismo eskudunen aurrean, Europako Parlamentuko Ebazpen horri jarraituz.

    HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidetzen ari diren prozedurak.

  1. Oro har, Estatutu hau indarrean sartzen den egunean izapidetzen ari diren prozedurek aurrera jarraituko dute harik eta erabat izapidetu arte hasiera eman dien prozeduraren arabera.

  2. Estatutu hau indarrean sartu aurretik hasitako diziplinazko prozedurei dagokienez, honako arau hauei jarraituko zaie:

    1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienean, atzeraeraginezintasuneko printzipioari jarraituko zaio, nola eta Estatutu honen arabera arau-hausteari ez dagokion aurreko xedapenen araberakoa baino zehapen txikiago bat.

      Eta erregela hori bera aplikatuko zaie Estatutu hau indarrean sartzeko eguna baino lehen egindako egintzengatik egun horretatik aurrera hasten diren diziplinazko prozedurei ere.

    2. Prozedurari dagokionez, jarraitu eta bukatu egin beharko da, zein izapidetze- egoeratan dagoen kontuan izanda, Estatutu honetan ezarritakoaren arabera.

      AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Indarrean sartzea.

      1. Estatutu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu eta handik bi hilabetera sartuko da indarrean.

      2. Hala ere, azken xedapen honetako 1. idatz-zatia ez zaio aplikatuko lehen xedapen iragankorreko 1. idatz-zatian Gobernu Batzordeko karguak berritzeari buruz xedatutakoari, Batzar Nagusiak Estatutu hau onartu eta berehala sartuko da-eta indarrean.

        AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Behin betiko onarpena.

        Estatutu honen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko organo eskudunaren behin betiko onarpenari dagokionez, eta, kasua izanez gero, organo horrek legezkotasunari buruzko prebentziozko kontrol-eginkizunak egikarituz galdatutako aldaketak negoziatu edo onartzeko, Batzar Nagusiak Gobernu Batzordearengan delegatzen du horretarako ahalmena, bidezkoa dena erabaki dezan, izapide horretatik sor litezkeen aldaketak Batzarrean onartu beharrik gabe, Gobernu Batzordeak berak Batzar Nagusiaren onarpena beharrezkotzat jotzen ez badu behintzat. Horrela ez bada, Gobernu Batzordeak bere jardun eta gestioen berri eman beharko du ohiko lehen Batzar Nagusian.

        AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indargabetzeklausula.

        Indarrik gabe geratzen da Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren aurreko Estatutua eta Estatutu honetan ezarritakoaren aurka doazen gainerako elkargo-xedapen guztiak.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik