Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko abenduaren 22koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baitira, COVID-19ren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzen deialdia egiten duten aginduak 2017., 2018. eta 2020. urteetarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 261
  • Hurrenkera-zk.: 5585
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/12/22
  • Argitaratze-data: 2020/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

COVID-19aren hedapen azkarra inoiz ez bezalako osasun-alerta egoera sortzen ari da, eta ukitutako pertsonak asko izateak hedapenaren aurkako borrokan etengabe aritzea ekarri du, pertsonen osasunean eragin nabarmena du eta.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiara igo zuen COVID-19ak eragindako osasun publikoaren larrialdi-egoera.

2020ko martxoaren 13an, Segurtasuneko sailburuak erabaki zuen, Osasuneko sailburuaren eskariz, Larrialdiei Aurregiteko Bidea - Labi formalki aktibatzea, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertaren aurrean.

Bestalde, 2020ko martxoaren 14an, Espainiako Gobernuak alarma-egoera deklaratzea erabaki zuen, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko. 2020ko ekainaren 21era arte egon zen indarrean alarma-egoera.

Alarma-egora amaitu ostean, Osasuneko sailburuak eskatuta, Segurtasuneko sailburuak berriz erabaki zuen, 2020ko abuztuaren 17an, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi formalki aktibatzea, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean.

2020ko urriaren 25ean, Espainiako Gobernuak berriz ere deklaratu zuen alarma-egoera, COVID-19ak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko, birusaren transmisioak gora egin baitzuen.

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzei buruzko urriaren 23ko 185/2007 Dekretuak 6. artikuluan ezartzen duenez, prestakuntza-laguntzek urtean diru-zenbateko finkoa izango dute, eta zenbateko hori laguntzei buruzko urteko deialdiaren aginduan zehaztuko da. Halaber, beste hau ere xedatzen du: bi laguntza-programa horien onuradunek, gainera, laguntza osagarria izango dute, eta laguntza osagarri gisa urtean emango den gehieneko zenbatekoa ere urteko deialdiaren aginduetan finkatuko da. Laguntza osagarri hori, besteak beste, doktorego-ikastaroetan matrikulatu, kongresu zientifiko eta lan-jardunaldietan parte hartu, beste ikerketa- eta teknologia-zentro batzuetan egonaldi laburrak egin edota bestelako ikastaroetan parte hartzearen ondoriozko gastuei aurre egiteko erabiliko da.

Deialdien urteko aginduetan ezartzen da laguntza osagarriaren gehieneko zenbatekoa, ikertzaileen kasuan, ez dela urteko 2.000 eurotik gorakoa izango, eta, teknologoen kasuan, ez dela urteko 1.000 eurotik gorakoa izango.

COVID-19aren hedatzeak sortutako osasun-krisiaren eta alerta epidemiologikoaren ondorioz, ikertzaileek eta teknologoek 2020an prestakuntza-jarduerak egiteko aukera nabarmen murriztu da, ez baita ia kongresu zientifikorik, jardunaldirik edo ikastarorik iragarri, eta iragarritako gehienak bertan behera geratu edo atzeratu egin baitira. Horregatik, 2020ko ekitaldian erabili ez den laguntza osagarrien zenbatekoa 2021eko ekitaldiari gehitu ahal izango zaio.

Laguntzak urte anitzekoak direnez, agindu hau argitaratzen den egunean, 2020ko ekitaldiko laguntza osagarrien onuradun dira prestakuntza-laguntza 2017, 2018, 2019 edo 2020ko deialdian lortu zuten ikertzaileak eta laguntza hori 2019 edo 2020ko deialdian lortu zuten teknologoak.

Hori dela-eta, aldatu egin behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzen deialdia egiten duten aginduak 2017., 2018. eta 2020. urteetarako: Agindua, 2016ko irailaren 14koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena (2016-09-21eko EHAA, 180. zk.); Agindua, 2017ko urriaren 18koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena (2017-10-25eko EHAA, 204. zk.); eta Agindua, 2019ko urriaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuarena (2019-11-11ko EHAA, 214. zk.).

2019ko deialdiari dagokionez, ez da beharrezkoa agindua aldatzea, berariaz xedatzen baitu laguntza osagarriaren urtebeteko zenbatekoa, agortu ez dena, hurrengo ekitaldiei metatu ahal izango zaiela (Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko urriaren 24ko Aginduaren 7. artikulua, 2018ko azaroaren 2ko EHAAn argitaratua).

Azaldutako arrazoiengatik, honako hau

Lehenengoa. Xedapen gehigarri bat gehitzen zaio agindu honi: Agindua, 2016ko irailaren 14koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita nekazaritza, arrantza eta elikadurako sektorearen arlo zientifiko, teknologiko eta enpresarialetako ikertzaile eta teknologo gazteen prestakuntzarako laguntzetarako, 2017rako. Xedapen gehigarri hori honela idatzita egongo da:

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Zazpigarren artikuluan ezarritako laguntza osagarrietatik 2020ko ekitaldian erabili ez den zenbatekoa 2021erako konpromiso-kredituaren saldoari gehituko zaio.

Bigarrena. Xedapen gehigarri bat gehitzen zaio agindu honi: Agindua, 2017ko urriaren 18koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, nekazaritza, arrantza eta elikadurako sektorearen arlo zientifiko eta teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologoak prestatzeko 2018ko laguntzetarako deialdia egiten duena. Xedapen gehigarri hori honela idatzita egongo da:

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Zazpigarren artikuluan ezarritako laguntza osagarrietatik 2020ko ekitaldian erabili ez den zenbatekoa 2021erako konpromiso-kredituaren saldoari gehituko zaio.

Hirugarrena. Xedapen gehigarri bat gehitzen zaio agindu honi: Agindua, 2019ko urriaren 29koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, nekazaritza, arrantza eta elikadurako sektorearen arlo zientifiko eta teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologoak prestatzeko 2020ko laguntzetarako deialdia egiten duena. Xedapen gehigarri hori honela idatzita egongo da:

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Zazpigarren artikuluan ezarritako laguntza osagarrietatik 2020ko ekitaldian erabili ez den zenbatekoa 2021erako konpromiso-kredituaren saldoari gehituko zaio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 22a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.