Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko abenduaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuetan ekonomia garatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzen 2021eko ekitaldiko deialdia, entitate pribatuei zuzendua (Erein Pribatuak).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 259
  • Hurrenkera-zk.: 5553
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/12/15
  • Argitaratze-data: 2020/12/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Lana eta enplegua; Sailak; Ekonomia; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Landa-garapena landa-eremuak hazi eta suspertzeko prozesutzat har dezakegu, biztanleriaren bizi-baldintzak hobetzeko, funtsezko hainbat ardatzen bidez, hala nola, ardatz ekonomikoa, soziokulturala, ingurumenekoa, etab. Hala, Administrazio honen politikaren helburuak beti izan dira, besteak beste, biztanleen bizi-kalitatea hobetzea, euskal nekazaritzaren eta, oro har, landa-ingurunearen funtzioaniztasuna eta jasangarritasuna bermatzea eta sustatzea arlo ekonomikoan, sozialean, ingurumenekoan eta kulturalean, euskal nekazaritzaren errealitatera eta ezaugarrietara egokitutako eredua diseinatuz, despopulatze- eta uzte-prozesuak geldiaraziz, eta landa-munduaren eta kultura-munduaren arteko elkarreragina sustatuz. Gure landa-eremuen garapenak endogenoa izan behar du; hau da, tokiko espezifikotasunari egokitua, tokiko biztanleek planifikatua, egikaritua eta administratua.

Hala landa-garapenaren helburu orokorrak, nola berariazkoak Landa Garapenari buruzko apirilaren 8ko 10/1998 Legean jaso ziren. Lege hori da, orain arte, Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez, arlo horretan eskumena duen saila den aldetik, egikaritzen dituen politiken ardatz nagusia.

Beraz, sail hori izan da Euskal Autonomia Erkidegoan aspalditik kudeatzen ari diren landa-garapenerako laguntzen deialdiak bultzatzen dituen organoa. Beste behin ere, eta beharrezkoa, bidezkoa eta ezinbestekoa den landa-garapen horretan laguntzen jarraitzeko, 2021eko ekitaldirako laguntza-deialdia egin da, landa-ekonomia dibertsifikatzeko, eremu horretan enplegua sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak garatzeko.

«Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanaren arabera G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuei zuzenduta dago agindu hau (https://www.euskadi.eus/web01-a2lanits/eu/contenidos/informacion/zonificacion_rural_cae2020/eu_def/index.shtml), eta bertan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten entitate pribatuak izan ahal izango dira horren onuradun.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak honi jarraikiz emango dira: 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzekoa; laguntza, gehienez, 200.000 eurokoa izango da enpresa bakoitzeko, hiru zerga-ekitalditan.

Agindu honetako deialdiko dirulaguntzak emateko, ezinbestekoa da kreditu egokia eta nahikoa egon behar da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021. urteko aurrekontu orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Xedea, izaera eta esparru geografikoa.

  1. Agindu honen xedea da 2021eko ekitaldirako dirulaguntza-deialdi bat egitea, G4, G5 eta G6 landatartasun-mailako landa-eremuen ekonomia garatzea eta dibertsifikatzea xede duena. Eremu horiek «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanean zehaztuta daude, eta agindu honen I. eranskinean jasota.

  2. Agindu honen babespean ematen diren laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango.

    Bigarrena. Laguntza motak eta onuradunak.

  1. Laguntzaren xede izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan enpleguari eusten eta hura hazten laguntzen duten eta nekazaritzakoak ez diren jarduerak sortzeko eta garatzeko egiten diren inbertsio-modalitate hauek:

    1. Nekazaritza-sektorearekin lotuta ez dauden jarduerak, baina sektore hori dibertsifikatzen dutenak. «Nekazaritza» kontzeptuak barne hartzen du nekazaritzakoa, abeltzaintzakoa eta basokoa dena, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikuluko 1. apartatuarekin bat etorriz. Onuradunaren lanbide nagusiak nekazaritza izan behar du, abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikuluko 14. apartatuan zehaztutakoaren arabera.

    2. Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak eratu eta garatzea, Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioak egiten duen definizioaren arabera, bigarren eta hirugarren sektoreetako edozein eratako enpresak eratu eta sortzea eta autonomoetan alta emandako pertsona fisikoek garatutako proiektuak egitea, non eta inbertsioak ez diren bideratzen nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera. Garapen gisa ulertuko da produktibitatea gehitzen duen edo ekoizpen- edo negozio-ildo berria dakarren inbertsio oro. Laguntza-lerro honen onuradun izan daitezke deialdi honen xede diren landa-eremuetan kokatutako enpresak.

    3. Enpleguaren sorrera garbia. Laguntza horien onuradun izan ahalko dira mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak, baldin eta nekazaritza-arlokoak ez badira eta landa-eremuetan kokatzen badira. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan xedatutako lanaldiaren % 50eko enplegua izan beharko da, gutxienez. Era berean, laguntzak jaso ahalko dituzte enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisiko langabeek, baldin eta deialdi honen xede diren landa-eremuetan bizi badira eta nekazaritzakoa izango ez den beren autoenplegua sortuko duen proiektu bati ekiten badiote.

  2. Laguntzen onuradun izan ahalko dira nortasun juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak, ondasun-erkidegoak edo, nortasun juridikorik eduki gabe ere, proiektuak eta jarduerak aurrera eraman ditzakeen unitate ekonomiko edo ondare bereizi mota oro. Haietan partaide diren pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan eta agindua garatzeko eta aplikatzeko arauetan ezarritako betekizun eta baldintzak.

  3. Aurreko puntuko b) eta c) apartatuetan jasotako laguntzak bateraezinak dira haien artean.

  4. Erakunde publikoak laguntza horietatik kanpo geratzen dira.

  5. Agindu honen bidez deitzen diren laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera emango dira (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa, L 352/7). Horiek horrela, enpresatzat ulertu behar da jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen erakunde oro, haren izaera juridikoa eta finantzaketa modua edozein dela ere.

    Hirugarrena. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

    Aurreko ebazpen-ataleko 1. apartatuan aipatutako laguntza-lerroei dagozkien eta dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak honako hauek dira:

  1. Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta/edo garatzeko edozein proiektu, eta enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisikoek garatutako jarduerak, nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera bideratutako inbertsioak salbuetsita, landa-eremuko garapen ekonomikoarekin lotuta daudenak:

    Industria-jarduerarekin lotuta dauden proiektuak: tailerrak, fabrikak, instalazioak eta lokalak hainbat helburutarako; besteak beste, makineria konpontzeko; honelako gauzak ekoizteko edota sortzeko: nekazaritzakoak ez diren materialak eta ondasunak, plastikoak, elektrizitatea, energia, gasa, baporea eta beroa, ur-horniketako enpresak, estolderia eta hondakin-deuseztatzea, saneamendua eta beste; energia berriztagarriak eta horiekin zerikusia duten jarduerak.

    Honako hauekin lotutako proiektuak: turismoa, landetxeak eta nekazaritza-turismoa, turismo-zerbitzuak ematea, dendak, jatetxeak, tokiko eskaintza eta elikadura.

    Zerbitzuen ezarpenarekin eta eskaintzarekin lotutako proiektuak:

    Zerbitzu tekniko hauek: arkitektura eta ingeniaritza, kontabilitatea, zerbitzuen kontu-ikuskaritza, garbiketa industriala, albaitaritza-jarduerak.

    Zerbitzuak sektore ekonomiko guztiei; besteak beste, nekazaritzari, basogintzari eta landa-biztanleei: cateringa, bide-segurtasuneko zerbitzuak, eremu babestuetarako zerbitzuak, segurtasun-zerbitzuak, lorezaintza-zerbitzuak eta parkeen kudeaketa.

    Gizarte-zerbitzuak, hala nola umeak eta adinekoak zaintzeko, osasuna zaintzeko eta desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzeko; eskola-ustiategiak.

    Aisia-, jolas- eta kirol-jarduerekin lotutako zerbitzuak.

    Eskulangintza garatzeko eta eskulangileen jardueretarako proiektuak.

    IKTekin eta merkataritza elektronikoarekin lotutako proiektuak.

  2. Enpleguaren sorrera garbiko proiektuak.

    Besteren konturako langileak kontratatzea, aurretik inoiz enplegurik izan ez dutenak edo aurretik zeukatena galdu dutenak. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan xedatutako lanaldiaren % 50eko enplegua izan beharko da, gutxienez. Praktiketako kontratuak kanpo gelditzen dira.

    Jarduera independenteak sortzea; hau da, langile autonomoak jartzea edo gizarte-ekonomiako araubide juridikoaren pean dauden enpresak sartzea sustatzen dutenak.

    Laugarrena. Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

  1. Dirulaguntzak jaso ditzaketen kostutzat hartuko dira agindu honetan araututako laguntzen helburu diren jardueretan egindako inbertsioak eta/edo gastuak, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eginikoak. Data hori baino lehenagoko gastuak egonez gero, dirulaguntza ukatuko da, proiektua aurretik hasita dagoela iritzita.

  2. Jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko eta mikroenpresak, enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko laguntzen kasuan, honako hauek hartzen dira diruz lagundu daitezkeen kostutzat:

    1. Enpresa-planari lotutako ondasun higiezinak eskuratzea, lursailaren balioa salbuetsita. Tasatzaile independente eta akreditatu batek ezarriko du balioa.

    2. Enpresa-planari lotutako ondasun higiezinak eraikitzea edo birgaitzea.

    3. Makinaria eta ekipamendu berriak erostea eta finantza-errentamendu bidez erosteko betebeharra izanda eskuratzea, ondasunaren merkatu-balioraino.

    4. Jarduera berriari lotuta dauden bigarren eskuko ekipamenduak eta makinaria erostea, baldin eta aurreko bost urteetan beste laguntzarik jaso ez badute; non eta erosketa berria ez den egiten hobekuntza teknologikoagatik edo errendimendu-arrazoiengatik.

      b) eta c) apartatuetan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak, hala nola profesionalen ordainsariak, diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren % 10eraino.

    1. Ibilgailu bat eskuratzea, baldin eta jarduera ekonomikoa ibilgailu horretan bakarrik garatzen bada eta hura egokitu beharra izan bada jarduera gauzatzeko. Kontzeptu honengatik jasotako dirulaguntza ez da izango ibilgailuaren guztizko prezioaren % 20 baino gehiago, ez eta 20.000 eurotik gorakoa ere.

    2. Ibilgailu bat eskuratzea, baldin eta jarduera ekonomiko bakarra pertsonak edo salgaiak garraiatzea bada. Kontzeptu honengatik jasotako dirulaguntza ez da izango ibilgailuaren guztizko prezioaren % 20 baino gehiago, ez eta 20.000 eurotik gorakoa ere.

    3. Ibilgailuak egokitzea dirulaguntzaren xede den jarduera garatzeko: 10.000 euroko dirulaguntza gehienez.

    4. Programa eta aplikazio informatikoak eta webgune eta plataformak eskuratu edo garatzeko egindako inbertsioak.

    5. Patenteak, lizentziak, autore-eskubideak eta erregistratutako markak eskuratu edo erregistratzeko egindako inbertsioak: 20.000 euro gehienez ere.

    6. Tresnak eta altzariak.

    7. Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako azterlanak: gehienez ere diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren % 10eraino.

    1. Proiektuari lotutako beste azpiegitura batzuk.

    2. Berezko lanak: diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren % 20raino gehienez.

  3. Enplegua sortzen denean, diruz lagundu daitezkeen kostuak izango dira kontratatutako pertsonen soldata gordinari eta gizarte-segurantzari dagozkionak, bi ekitalditan.

  4. Hauek ez dira diruz lagunduko:

    1. Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.

    2. Berandutze-interesak, errekarguak, hertsapen-isunak, zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen eta judizioz kanpokoen gastuak.

    3. Zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidetara eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.

    4. Soilik egoitza gisa erabiltzeko etxebizitzak, eta soilik era pertsonalean eta etxean erabiltzeko ibilgailuak eta ondasunak.

    5. Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak, eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzultzeak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.

    6. Finantza-errentamendua, baldin eta kontratuan zehazten ez bada eragiketa amaitzean ondasuna erosi beharra. Bestalde, ez dira diruz lagunduko errentatzailearen marjina, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguramendu-gastuak.

    7. Telefono-terminalak eskuratzea, aplikazio informatikoak badituzte ere.

    8. Ekipamenduak eta makineria birjartzeko edo soilik ordezteko inbertsioak.

    9. Instalazioen edo makinen mantentze-lanen gastuak.

  5. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa 40.000 euro edo gehiagokoa bada obretan edo 15.000 eurokoa edo gehiagokoa gainerakoan, gutxienez hiru hornitzaile ezberdinen eskaintzak izan beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez den aski erakunde eskaintza horiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta gastua ez den dirulaguntzaren aurretik egin. Kasu horietan, kostuak neurriratzea frogatu beharko da, dagokion justifikazio-memoriaren bidez.

    Aurretik aipatutako mugak dirulaguntza jaso dezakeen kontzeptuaren mailan aplikatutzat jotzen dira, ebazpen-zati honen bigarren apartatuan zerrendatutakoen arabera. Muga horiek gaindituz gero, item bakoitzeko hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, zenbatekoak banaka txikiagoak badira ere.

    Eskaintzek benetakoak eta ez fikziozkoak izan behar dute, hornitzaile erreal eta independenteenak, eta behar bezain zehatzak izan behar dute, eta elementu berak izan, alderagarriak izateko. Hiru eskaintzetatik bat hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da ekonomikoki abantailatsuena den proposamena hautatzen ez bada.

    Bosgarrena. Diruz lagundutako jarduera azpikontratatzea.

  1. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003 Legea, azaroaren 17koa) 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa) 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, onuradunak azpikontratatu duela kontsideratuko da dirulaguntzaren helburu den jardueraren exekuzio partziala edo osoa hirugarrenekin hitzartzen duenean. Hortik kanpo gelditzen dira diruz lagundutako jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuak.

  2. Diruz lagundutako jardueraren % 100 azpikontratatu dezake onuradunak. Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehituta, inongo balio erantsirik ematen ez badio jardueraren edukiari. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren % 20tik gora gainditzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak betekizun hauek bete beharko ditu:

    1. Kontratua idatziz egitea.

    2. Dirulaguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik ematea kontratua egiteko baimena.

      Diruz lagundutako jarduerentzat jadanik beste administrazio publiko batek eman badu dirulaguntzarik, ulertu beharko da administrazio honek egiaztatu duela eskakizun hauek betetzen direla.

  3. Ezin da kontratua zatikatu, zenbatekoa murrizteko eta aurreko apartatuko baldintzak bete beharrik ez izateko.

  4. Kontratistek onuradunarekiko baino ez dituzte betebeharrak, zeinek osorik hartuko baitu bere gain diruz lagundutako jarduera egikaritzearen ardura.

  5. Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunak izango dira hirugarrenekin itundutako diruz lagundu daitekeen jarduera betetzeko mugak betetzearen erantzuleak, hain zuzen dirulaguntzaren araudian ezarritako mugak diruz lagundu daitezkeen gastuen motari eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek lege honen 46. artikuluan aurreikusitako lankidetza-betebeharra bete beharko dute, muga horiek errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzea ahalbidetzeko.

  6. Alabaina, onuradunak ezin izango du honako hauekin itundu diruz lagundutako jarduera partzialki edo osorik betearaztea:

    1. Lege honen 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsonak edo erakundeak.

    2. Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

    3. Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

    4. Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

      1. Dirulaguntza ematen duen organoaren berariazko baimena eskuratzea aurretik.

      2. Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa ez izatea atxikitako entitateak egindako kostua baino handiagoa. Onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza beretan justifikatuta egiaztatuko da kostua.

    5. Deialdi edo programa berean laguntza eskatu duten baina betekizunak ez betetzeagatik edo behar den balorazioa ez lortzeagatik laguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo erakundeak.

      Seigarrena. Finantzaketa.

      1. Agindu honetan jasotzen diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezartzen diren kredituetatik aterako dira, honela banatuta:

        (Ikus .PDF)

      2. Agindu honetako dirulaguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Aurrekontu Orokorretan.

        Zazpigarrena. Onuradun izateko betekizunak.

        Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako eskakizunez gainera, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte pertsona fisikoek eta juridikoek eskabidea aurkezten duten unean eta aitorpenari dagokion aldi osoan:

        1. Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

        2. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

        3. Deialdi honen xede diren landa-eremuetan gauzatzea diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

        4. Dibertsifikazio-jarduerak direnean, onuradunaren lanbide nagusiak nekazaritza izan behar du, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikuluko 14. apartatuko definizioaren arabera.

        5. Enplegua sortuz gero, onuradunak deialdi honetako landa-eremuan sortu behar du enplegua; jarduera independenteak sortuz gero, berriz, deialdi honetan barne hartutako landa-eremuan bizi behar du.

        6. Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

        7. Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

        8. Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

        9. Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea, edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

        10. Administrazioarekin hitzartutako kontratu ororen ebazpen irmoa eragin ez izana.

        11. Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

        12. Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

        1. Jakinaraztea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.

        2. Nekazaritzaren arloan jarduten duten profesional, enpresa edo bestelakoen elkarte edo erakundeak badira, emakumeen presentzia izatea zuzendaritza-organoetan (Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen arabera).

          Zortzigarrena. Eskabideak, agiriak eta aurkezteko epea.

          1. Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio laguntza-eskabideak. Eskabide horretan sartuko dira 3. apartatuan aurreikusitako eredu normalizatua, agindu honen bidez onartua, eta 7. apartatuan eskatzen den dokumentazioa.

          2. Pertsona juridikoek bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dute eskabidea. Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete eskabideak. Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.

            Aurrez aurre: Eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean (gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean).

            Bide elektronikoa: 3. apartatuan adierazitakoaren arabera.

          3. Eskabideak, bide elektronikoz zein presentzialez, eskabide bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden eskabideeredu normalizatuen arabera. Laguntza-ildo bakoitzari interesdunek nahitaez erabili beharreko eskabide-eredu espezifiko bat dagokio: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027813 (nekazaritza-jardueren dibertsifikaziorako proiektuei laguntzak); https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027814 (enpleguaren sorrera garbirako laguntzak); https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027815 (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen eratzeko eta garatzeko laguntzak).

          4. Eskabidea egin osteko izapideak helbide elektroniko honen bidez egingo dira: euskaraz, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta; gaztelaniaz: http://www.euskadi.eus/micarpeta

          5. Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak). Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.

          6. Informazio hau bilduko du eredu normalizatuak:

            1. Identifikazio-datuak.

            2. Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla adierazteko.

            3. Proiektuaren informazioa, agindu honen II. eranskineko ereduaren arabera egina. Bertan jasoko dira proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak, eta, informazio hori jasotzen duten akordioak eta ziurtagiriak ere erantsi beharko dira. Jasotako alderdiak bakarrik hartuko dira kontuan.

          7. Era beran, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

            1. Hirugarrenen alta-agiria, azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzari beste laguntzarik eskatu ez zaion kasuetan, edo emandakoa aldatu nahi denean. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, dagokion zerbitzuaren bidez. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/. Gainerako izapideetarako bezala, izapidetze elektronikora behartuta dauden pertsonek eta erakundeek hirugarrenaren alta lortzeko erabili beharko dute zerbitzu hori. Pertsona juridikoa bada, ahalordetze-eskritura, hala badagokio, eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan zigilatuta.

            2. Nekazaritzako dibertsifikazio-jarduerak badira, onuradunaren lanbide nagusia nekazaritza dela ziurtatzen duen dokumentua.

            3. Hala badagokio, sozietateen gaineko zerga (200 eredua), mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko.

            4. Dibertsifikatzen duen titulartasun partekatuko emakume nekazaria bada, egoera hori egiaztatu beharko du.

            5. Enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisikoen kasuan, errolda-agiria.

            6. Enplegu-sorreraren kasuetan, epe luzeko langabeek eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonek inguruabar horiek egiaztatu beharko dituzte.

            7. Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak direla eta, kide guztiek sinatutako dokumentua, non jasotzen baitira talde bakoitzeko kideek beren gain hartutako konpromisoak, bai eta horietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituen ordezkari edo ahaldunaren izena eta funtsen hartzaile gisa izendatutako kidearen izena hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.

            8. Jarduera gauzatuko den ondasun higiezina erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren kopia, hura jabetza osoan edo partekatuan, errentamenduan, gozamenean edo prekarioan izan.

            9. Eraikuntza- edo berriztatze-lanak egin behar badira, proiektu tekniko bat behar den ala ez justifikatuko duen udal-ziurtagiri bat aurkeztu beharko da. Ez bada behar proiektu teknikorik, memoriarik edo balioztatutako zerrendarik aurrekontua barne, egin beharreko gastua behar bezala xehakatuko duena, argi eta garbi adierazi beharko da obra egikaritzeko kostua eta hari dagokion BEZa. Proiektu teknikoa, oinarrizko proiektua edo gauzatze-proiektua behar bada.

            10. Eraikitze- edo berriztatze-lanak egingo badira, hura egikaritzeko behar diren baimenak eta lizentziak aurkeztuko dira, edo, bestela, aldeko hirigintza-txostena.

            11. Aurrekontuak edota proformako faktura, enplegu-sorkuntzako lerrorako izan ezik. Eskabidearekin batera nahitaez aurkeztu beharreko hiru aurrekontuak ez aurkezteak ekarriko du dagokion inbertsioa edo gastua ez aintzat hartzea diruz lagundu daitekeen zenbatekoa kalkulatzeko.

            12. Aurrekontuen edota proformako fakturen zehaztapenen taula, hautatutako eskaintza zein den adierazita, enplegu-sorkuntzako lerrorako izan ezik, web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027813 (nekazaritza-jardueren dibertsifikaziorako proiektuei laguntzak); https://www.euskadi.eus/ zerbitzuak/1027815 (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen eratzeko eta garatzeko laguntzak).

            1. Proiektua baloratzeko garrantzitsua izan daitekeen bestelako dokumentazio edo informazio oro.

          8. Pertsona fisiko eskatzaileak bide presentziala hautatzen badu ere, dokumentazioa formatu digitalean aurkezten ahalegindu beharko da; batez ere, proiektu teknikoei eta memoriei dagokiena, bolumen handiena duen dokumentazioa.

          9. Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren NAN/IFK ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka diezaioke egiaztatze horri, baina, orduan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu. Gainera, dirulaguntza-eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari zuzenean eskura dezan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentazio guztia, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan.

          10. Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten bada ez dela aldaketarik egin, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. lerrokadarekin. Hala ere, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren adierazi beharko dute. Eskabidea aurkezteak berarekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea dokumentazio hori eskuratzeko, hargatik eragotzi gabe baimena berariaz ukatu ahal izatea. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

          11. Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2021eko urtarrilaren 31n amaituko da. Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

            Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoa betetzeko, eskabidea legez telematikoki aurkeztu behar badu interesdunak baina presentzialki egiten badu, aipatutako eskakizun horri muzin eginda, aurkezteko modua zuzentzeko eskatuko zaio, eta legez ezarritako bide elektronikoak erabiliz egiteko. Eskakizun hori bete ezean, presentzialki aurkeztu duena ez da baliozkoa edo eraginkorra izango. Elektronikoki aurkezteko jarritako epea da eskabidea aurkezteko epea. Ondorio horietarako, baldin eta, zuzentzeko xedez, eskabide elektronikoa aurkezten bada, baina oinarri honetan ezarritako epetik kanpo, aurkeztu gabekotzat joko da eskabide hori.

          12. Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura guztian zehar, bat etorriz Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin.

          13. Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.

          14. Onuradun bakoitzeko, proiektu bakar bat lagunduko da diruz; hala ere, hori ez da eragozpena izango eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkezteko. Proiektu horietatik, betiere, balorazio-irizpideen arabera puntu gehien lortzen duena lagunduko da diruz.

            Bederatzigarrena. Laguntzak kudeatzea.

            Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak, eta, halaber, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egingo du. Gainera, egoki irizten dien ikuskapenak egin ahal izango ditu zuzendaritzak, dirulaguntza lortu duten proiektuak egoki gauzatzen direla ziurtatzeko; alde horretatik, onuradunak behartuta daude eskatzen zaizkien agiriak eta informazioa aurkeztera.

            Hamargarrena. Balorazio-batzordea eta irizpideak.

          1. Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako hiru teknikari izango dira kideak, eta zuzendaritza horretako titularrak izendatuko ditu ebazpen bidez.

          2. Ebazpenean zehaztuko da zein izango den batzordeko idazkaria eta zein batzordeko presidentea.

          3. Balorazio-batzordeak, bere eginkizunak betetzen diharduela, eskatuko du Haziko adituak bere bileretara bertaratu daitezela. Batzordeak, era berean, arloko adituei aholkularitza emateko eska diezaieke beharrezko irizten dion guztietan.

          4. Ondoko tauletako irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak, eta, horretarako, Proiektua Baloratzeko Memorian bildutako datuak bakarrik hartuko dira aintzat (II. eranskina), bai eta dokumentazio bidez frogatutakoak ere.

            1. Dibertsifikazio-lerroko proiektuak:

              (Ikus .PDF)

            2. Enpresa-lerroko proiektuak:

              (Ikus .PDF)

            3. Enplegua sortzeko lerroko proiektuak:

              (Ikus .PDF)

          5. Eskatzaileak laguntza bat eskuratu badu Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez egindako deialdian, 2 puntu kenduko zaizkio lortutako guztizko puntu kopurutik (agindu horren bidez iragartzen da «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanaren arabera G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuetan ekonomia garatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzen 2020ko ekitaldiko deialdia). Ofizioz egiaztatuko dute egoera hori balorazio-batzordeko kideek.

          6. Proiektuek, hautatuak izateko, gutxienez 50 puntu lortu behar dituzte.

            Hamaikagarrena. Laguntzaren zenbatekoa.

          1. Bigarren ebazpen-ataleko 1.a) eta b) puntuetan, araututako laguntzak lortutako puntuazioaren arabera emango dira. Honako taula honen arabera zehaztuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza-ehunekoa:

            (Ikus .PDF)

          2. Enplegua sortzeko proiektuen kasuan (bigarren ebazpen-ataleko 1.c), laguntzaren zenbatekoa ez da kalkulatuko diruz lagundu daitezkeen gastuen ehuneko baten arabera; aitzitik, zenbateko finko bat izango da, eta behin baino ez da emango, sortutako lanpostu bakoitzeko, eta betiere kontratatutako lanaldiaren arabera. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan xedatutako lanaldiaren % 50eko enplegua izan beharko da, gutxienez. Honako taula honen arabera emango da:

            (Ikus .PDF)

          3. Azkenik egikaritutako zenbatekoa aintzat hartuta erabakiko da gainfinantzaketarik dagoen ala ez, eta dirulaguntza emateko aintzat hartutako aurrekontuaren zenbatekoa izango da haren muga.

            Hamabigarrena. Esleitzeko prozedura.

          1. Lehiaketa bidez esleituko dira agindu honetan jasotako laguntzak, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1 artikuluan.

          2. Balorazio-batzordeak proiektuak aztertuko ditu, eta, aurreko ebazpen-ataleko irizpideei jarraituz, puntuak esleituko. Ondoren, zenbatekoak kalkulatuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera.

          3. Gero, hiru zerrenda prestatuko ditu; laguntza-lerro bakoitzeko, bat. Hiru zerrendak goitik beherako hurrenkeran antolatuko dira, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, eta hurrenkera horri jarraituz emango dira laguntzak.

          4. Hiru laguntza-modalitateetako bati dagokion zenbatekoa agortu ezean, soberakina beste modalitateen zenbatekoei metatu ahalko zaie.

          5. Proiektu bik edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, «Landatartasun-maila» handiena duena lehenetsiko da, eta, berdinketak badirau, «Eskualdeko Landa Garapenerako Programara egokitzea» irizpidean puntuazio handiena lortu duena.

            Hamahirugarrena. Ebazpena.

          1. Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak ebatziko ditu laguntzak, balorazio-batzordeak aurkeztutako proposamena aintzat hartuta. Ebazpena proposamen horrekin bat ez badator, arrazoitu egin beharko da. Proposamena, izan ere, ez da loteslea.

          2. Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

            1. Onartutako eskabideei dagokienez:

              Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.

              Diruz lagundutako proiektua.

              Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.

              Diruz lagundutako zenbatekoa, urtekotan banatuta.

              Aurreikusitako jarduerak egiteko epea.

              Klausula bat, non onuradunari ezartzen baitzaio pertsona juridikoaren eraketa egiaztatuko duen dokumentazioa aurkezteko betebeharra, hala badagokio, bai eta proiektua gauzatzeko behar diren lizentzia eta baimenak aurkezteko betebeharra ere.

              Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaitu egin beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena eta, hala badagokio, ordaintzekoa onartzeko. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, emandako laguntza baliogabetuko da, onuradun izateko debekua izateagatik.

              Nortasun juridikorik gabeko elkarteen kasuan, berariaz adierazi beharko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta dirulaguntzatik kide bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa. Kide guztiek izango dute onuradun-izaera.

            2. Onartu ez diren eskabideei dagokienez:

              Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.

              Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

          3. Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala xedatzen baita urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

          4. Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren b) apartatuko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera. Hala eta guztiz ere, interesdun bakoitzari helaraziko zaio ebazpen osoa. Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

          5. Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak landa-garapenaren arloan eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz.

            Hamalaugarrena. Onuradunen betebeharrak.

            Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

          1. Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren onuradunak ez badio berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunetan, onartu egiten duela ulertuko da.

          2. Diruz lagundutako inbertsio eta gastuei bost urtez eutsi behar diete, gutxienez, gauzatzen direnetik aurrera; epe horretan ezingo dira ez besterendu ez amortizatu, ez eta dirulaguntzen xedea ez den beste ezertarako erabili ere. Ondorio horietarako, eta ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaitzen diren kasuan, onuradunak dirulaguntza ematen dion ziurtagiria aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan. Erregistro horretan, agiri hori ikusita, jabaria erabiltzeko mugaren erregistro-idazpena egingo da, hipoteka-legeriarekin bat etorriz. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, enplegu-sorkuntza hartu bada aintzat proiektuen balorazio-irizpide gisa, enplegu horrek inbertsioak eraginkor dauden unean sortua beharko du, eta onuradunari laguntzaren azken ordainketa egin eta hurrengo hiru urteetan gutxienez eutsi beharko zaio.

          3. Diruz laguntzen den gastua egin behar dute, laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean.

          4. Enplegua sortzeko proiektuen kasuan, deialdiaren urtean sortu beharko dira, eta gutxienez hiru urtez eutsi beharko diete lanpostuei, benetan sortzen diren datatik (hau da, Gizarte Segurantzan alta ematen denetik) hasita.

          5. Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari jakinarazi behar diote inbertsio osoa edo zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte inbertsioak gauzatu dituztela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

          6. Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailaren babesa dutela aipatu beharko dute, proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/adjuntos/MANUAL_ID_4PUBLICIDAD.PDF).

          7. Jasotako laguntzak zertarako erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren fiskalizatzeko lanean dihardutela eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

          8. Agindu honetako ebazpen-ataleko zortzigarren zenbakiak xedatzen duena alde batera utzi gabe, landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari idatziz jakinarazi behar diote xede bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu eta, hala badagokio, eskuratu dituztela beste administrazioren batetik edo erakunde publiko edo pribaturen batetik, hala gertatzen denean. Era berean, abian den ekitaldian eta aurreko bietan eskatutako edo eskuratutako de minimis laguntza guztiak jakinarazi beharko dituzte, haien xedea edozein dela ere. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.

          9. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat objektiboa zein subjektiboa aldatuz gero, horren berri eman beharko diote, idatziz, landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.

          10. Xedapen hauetan ezarritako betebeharrak betetzea: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua.

          11. Nortasun juridikorik ez duten elkarteak ezin dira desegin Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 32.m) artikuluarekin lotuta 44. artikuluan finkatzen den preskripzio-epea igarotzen den arte.

          12. Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

          13. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

            Hamabosgarrena. Gauzatzeko epeak.

          1. Proiektuak 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra egin ahalko dira. 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako proiektuak ezingo dira diruz lagundu.

          2. Salbuespenez, diruz lagundutako jarduketa egin eta amaitzeko epea luzatzeko ebazpena eman ahal izango du landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzak, baldin eta erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak gertatzen badira (behar bezala frogatu beharko dira) eta inbertsioaren eta/edo gastuaren mugaeguna amaitu baino 30 egun natural lehenago gutxienez idatzizko eskabidea egiten bada horretarako. Kasu horretan, dena den, epea ezingo da hasieran emandakoa baino luzeagoa izan.

            Hamaseigarrena. Laguntzen justifikazioa.

          1. Nekazaritza-sektoreko jarduera ekonomikoa beste jarduera batzuetara dibertsifikatzeko eta mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta garatzeko laguntzen kasuan, eta nekazaritzako eta elikagaigintzako sektoreari lotuta ez dauden pertsona fisikoek jarduera independenteak sortzeko laguntzen kasuan, honako hauek aurkeztuta egiaztatuko da inbertsioa edota gastua behar bezala gauzatu dela:

            1. Egiten diren jarduketak justifikatzeko memoria bat, laguntzaren xede den proiektuaren gauzatzea azaltzen duena.

            2. Fakturak edo froga-balio bereko agiriak, eta ordainketen frogagiriak, laguntzaren onuradun den pertsonaren izenean eginak. Finantza-errentamenduaren kasuan, eragiketa amaitzean ondasuna eskuratzeko betebeharra ezartzen duen kontratua.

            3. Aurkeztutako fakturen zerrenda.

            4. Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko fakturak eta frogagiriak ez direla beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko aurkeztu. Aitzitik, baldin eta beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira dokumentu horiek, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura edo frogagiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako dirulaguntzaren ehunekoa.

            5. Laguntza jasotzeko pertsonifikaturiko erakunde bat eratu beharra baldin badago, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.

            6. Laguntza jasotzeko manuzko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira, eta laguntza-eskabidea egitean eman gabe badaude, haiexek aurkeztu beharko dira.

            7. Eskudiruzko ordainketen bidezko justifikazioen kasuan, urriaren 20ko 7/2012 Legearen 7. artikuluko 1. apartatuan jasotzen diren mugak gorde beharko dira; lege horren bidez, batetik, zerga- eta aurrekontu-araudia aldatzen da, eta, bestetik, iruzurraren kontra egiteko eta hura prebenitzeko jarduketak areagotzeko finantzaketa-araudia egokitzen da.

            8. Obrak egitearen ondoriozko gastuen kasuetan, eskumena duen maila teknikoko pertsona batek sinatutako obren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, obrak gauzatu direla frogatzeko.

            9. Era berean, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren guztizkoaren % 20ko mugarekin, justifikatutzat jo ahal izango dira bai onuradunak berak egindako lanak eta bai onuradunaren ingurukoak izanik enpresariak ez direnek edo hala ez dihardutenek egindako lanak ere. Kasu horretan, hornitzailearen faktura ordainduen bitartez justifikatu beharko dira materialak, eta eskulana, aldiz, teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiriaren bitartez; ziurtagiri horretan, direlako lanetan inbertitutako ordu guztien kostua zehaztu beharko da. Ezarritako baremo ofizialekin bat egin beharko da orduen balioespena; horrek ez du sekula ere gaindituko merkatuan lan horiek duten balioespena, ezta urbanizazio- eta eraikuntza-prezioen oinarria ere, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean arlo horretan eskumena duen sailak argitaratutakoa. Edonola ere, onuradunari dokumentu gehigarria eskatu ahalko zaio.

            10. Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako teknikariek memoria gehigarri bat aurkezteko eskatu ahal izango dute. Memoria horrek taula xehatu bat jasoko du, fakturei eta ordainketa justifikagarriei buruzko datuekin; adibidez, fakturazioaren eta ordainketaren erreferentziak eta datak, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eurotan eta aplikatutako zergak.

            11. Enplegua sortzeko konpromisoa badago, dagokion egiaztapena.

          2. Enplegua sortzeko laguntzak. Kasu horietan, frogagiri hauek aurkeztu beharko dira:

            1. Besteren konturako kontratazioaren kasuan, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: lan-kontratuen kopia; Gizarte Segurantzan alta emanda daudela egiaztatzen duen agiria; kontratazioaren hilabeteko TC2a; altaren aurretiko langabezia-egoera egiaztatzen duen lan-bizitzaren txostena, eta alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, kontratazioa egin aurreko 12 hilabeteei dagokiena.

            2. Jarduera independenteen sorreraren kasuan, altaren aurretiko langabezia-egoera egiaztatzen duen lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko da, bai eta Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean alta emanda egotearen ziurtagiria ere.

          3. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, betebeharra dutenen baimenik izan gabe, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, hala xedatuta baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimen horri bere eskabidean; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

          4. Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpenean ezarritako inbertsioaren edo gastuaren azken egunetik edo azken luzapenaren azken egunetik aurrera.

          5. Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, beharrezkoa baderitzo, betiere arrazoiak emanda.

            Hamazazpigarrena. Ordainketa.

          1. Aurreko ebazpen-atalean ezarritako baldintzen arabera laguntza justifikatu ondoren egingo da ordainketa, eta, betiere, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako teknikariek ziurtapena egin ondoren. Eraikitzeen, eskuratzeen edo birgaitzeen kasuan, erakunde onuradunak, azken ordainketa egin aurretik, dagokion dirulaguntza emateko ziurtagiria jabetza-erregistroan inskribatu dela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu.

          2. Inbertsioen kasuan, ekitaldi bakoitzeko bi ordainketa partzial egin ahal izango dira, interesdunak hala eskatuta, aurreko ebazpen-atalean aipatzen diren ziurtagiriak, alegia, proiektuaren zati bat gauzatu dela egiaztatzekoak, aurkeztu ondoren.

            Laguntza emateko unean, pertsona onuradunaren izaera bereganatzen duen erakundeari dagokion erregistroan eraketa eta inskripzioa oraindik egin gabe dauden kasuan, ez dira emango ordainketa partzialak, harik eta hura eratu arte.

          3. Enplegua sortzeko laguntzen kasuan, lehen ordainketa bat egingo da, % 50ekoa, besteren konturako kontratazioa edo jarduera independenteen sorrera (hamaseigarren ebazpen-ataleko 2. apartatuan aipatzen dena) egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ondoren. Bigarren ordainketa, gainerako % 50a, lehenengoa egin eta urtebetera, eta landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek sortu diren lanpostuei eusten zaiela behar bezala egiaztatu ondoren, edo, jarduera independenteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu batean bizitzen jarraitzen dutela egiaztatu ondoren.

          4. Onuradunei dirulaguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzak edo laguntzak direla eta bideratzen hasitako itzultze- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.

          5. Dirulaguntzaren xede den proiektua ezarritako gehieneko epeetan egiten ez bada edo egiaztatzeko agiriak aurkezten ez badira, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

          6. Nolanahi ere, agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen banaketaren arabera, 2022. urteko aurrekontu-zuzkiduraren kontura ebatzitako zenbatekoak 2021. ekitaldia amaitu ondoren ordainduko dira.

            Hemezortzigarrena. Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.

          1. Aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan, eta, edonola ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Ildo horretatik, landa-garapenaren arloko zuzendariak laguntza aldatzeko dagokion ebazpena emango du, eta, haren bidez, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokituko dira. Gainera, hala badagokio, hasiera emango zaio itzultze-prozesuari, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoari jarraituz (698/1991 Dekretuaren bidez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta, bestetik, horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira).

          2. Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza ezarritako helburu bererako erabiltzen bada, horren berri eman beharko zaio aldez aurretik, eta idatziz justifikatu, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari, baina ez da aldatuko dirulaguntza emateko ebazpena.

            Aitzitik, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada aurreikusitako epeetan gauzatzen, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, horren berri aldez aurretik eman beharko zaio, eta idatziz justifikatu, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du.

          3. Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion proportzioan, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpen bidez. Ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

            Hemeretzigarrena. Atzera egitea eta uko egitea.

          1. Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

          2. Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak berariaz onartuko du uko egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

            Hogeigarrena. Ez-betetzeak.

          1. Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partzialki betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partzialki edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzultzeei buruzkoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzultzea pro rata temporis egingo da.

          2. Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

            Hogeita batgarrena. Bateragarritasunak.

          1. Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduak (EE) (de minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa) ezartzen du enpresa jakin bati estatu kide batek emango dizkion laguntzen kopuru osoa ez dela 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zergaldiko edozein alditan.

          2. Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publikok, sailek, erakunde publikok edo erakunde pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada kasu bakoitzean aplikatzen diren erregelamenduetan edo jarraibideetan ezarritako gehieneko zenbatekoa baino handiagoa. Kasu horretan, hemezortzigarren ebazpen-atalaren 1. apartatuan xedatutakoa errespetatu beharko da.

          3. Laguntza hauek bateraezinak izango dira Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak 2021eko ekitaldian bere jardun-eremuan egindako beste edozein deialditan eskuratutakoekin. Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek ofizioz egiaztatuko dute bateraezintasun hori.

            Hogeita bigarrena. Datuen babesa.

            Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, betiere Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz.

            AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.

            Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

            AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.

            Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

            Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 15a.

            Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

            MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

            (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik