Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko abenduaren 3koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, 2021. urtean gazteria arloan egitarauak eta jarduerak garatzeko dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 249
  • Hurrenkera-zk.: 5332
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/12/03
  • Argitaratze-data: 2020/12/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteria esparruan jarduerak sustatzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, deialdi honetan ezarritako arloren bateko jarduerak burutzen dituzten pertsona juridiko publiko zein pribatuei laguntzak eskaintzeko bideak ezartzen dira agindu honen bitartez.

Era berean, agindu honekin Euskal Autonomia Erkidegoan gazteria esparrua garatzea eta indartzea lortu nahi da eta, horrenbestez, gazteak integra daitezen laguntzeko xedez banatuko ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak laguntzok, bitarteko modura. Laguntza horien bitartez, Autonomia Erkidegoko erakundeei, beren kabuz egindako diseinuaren arabera, gazteentzako egitarauak burutzeko aukera emango zaie eta, aldi berean, ez zaie muga estuegirik ezarriko, arlo horretan lanean diharduten agenteen ekimen berritzaileak ez oztopatzeko.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, aldez aurretiko izapideen araubidearen mendean dagoen deialdi honen bitartez, gazterian diharduten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoentzako, publiko eta pribatuentzako, laguntza esparrua finkatu da; hain zuzen ere, jarduera edo urteko egitarau bat, zorroztasunez, edozein ikuspuntutatik burutu nahi duten erakunde guztiak dirulaguntzez baliatu ahal izateko moduko esparru zabala.

Horregatik, aintzat hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea eta lege hori garatzen duen araudian xedatutakoa, honako hau

Gazteriaren esparruan, 2021. urtean egiten diren urteko egitarauak eta jarduera zehatzak burutzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea eta horretarako deialdia egitea da agindu honen xedea, betiere ondorengo baldintza eta betebeharrak aintzakotzat izanik.

Xede horretarako 536.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura. Horietatik, 268.000 euro 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituarekin ordainduko dira, eta 268.000 euro 2022ko ekitaldiko konpromiso-kredituarekin.

  1. Agindu honetako dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten eta 5. artikuluan zehazten diren eremuetan sustapen eta zabalkunde jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoek, publiko zein pribatuek.

  2. Halere, udalei dagokienez, onuradun izateko, bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko aldeko txostenak eskuratu beharko dituzte, udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzen duen ekainaren 25eko 93/2019 Dekretuaren arabera.

    Udal-elkarteek eta toki-erakundeen bestelako elkarte-motek, elkartea osatzen duten udal guztiei dagozkien aipatutako txostenak lortu beharko dituzte, goian ezarritako eran.

  1. Entitate eskatzailea dagokion erregistroan legez eratuta eta inskribatuta egon behar da.

  2. Entitate eskatzaileak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak, indarrean dagoen legediak agindu bezala, onuradun izateko eta izaera hori dirulaguntzaren likidaziora arte mantentzeko.

  3. Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

  4. Edozein kasutan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.4 artikuluaren arabera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Ezingo dira izan onuradun dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordaintzeke dituztenak.

  5. Era berean, entitate eskatzaileak orokorrean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bete beharko ditu.

  1. Honako eremu hauetan egiten diren urteko programak eta jarduera zehatzak lagundu ahal izango dira:

    1. Betiere jarduera esparrua lurraldez gaindikoa delarik, urteko jarduera-programak, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren bizi-kalitatea hobetzeko eta sustatzeko xedea dutenak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan aintzatetsita dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeen titulartasuneko animazio soziokulturalerako eskolek antolatzen dituzten dinamizatzaile soziokulturalentzako ikastaroak. Atal honetako dirulaguntzak 420 eurokoak izango dira ikasle bakoitzeko, gehienez.

    3. Urteko programaziotik kanpoko jarduerak, euskal gazteriaren bizi-kalitatea hobetzeko eta sustatzeko helburua dutenak. Jarduera horien guztien helburu eta edukiak berritzaileak izango dira edo gizartean eragina izango dute.

  2. Programa eta jardueren hartzaileak 12 eta 30 urte bitarteko gazteak izan beharko dira, artikulu honen 1.b) ataleko ikastaroetan izan ezik.

  3. Deialdi honen ondorioetarako, lurraldez gaindikotzat joko dira argi eta garbi Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko hartzaileak dituztenak. Gorabehera hori jardueraren fase guztietan adierazi beharko da: bai planifikazioan eta prestakuntzan, inplementazioan eta, azkenik, ebaluazioan eta jarraipenean. Ustekabe hutsez Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko parte hartzaileak egoteak berak ez du esan nahi jarduerak lurraldez gaindikotzat har daitezkeenik.

  4. Eskabide batean jarduera bat baino gehiago sartzen bada, eta horiek izaera ezberdinetakoak badira, banaka azaldu behar da jarduera bakoitzari dagokionez zein helburu, hartzaile eta diru-sarrera eta gastu izango dituen. Hori dela eta, izaera ezberdinak direla ulertuko da, helburu edo hartzaile ezberdinak dituztenez gainera, finantza-bide propio eta bereizi bat edo gehiago dituztenak.

Agindu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduera hauek:

  1. Jarduera artistikoak, kiroletakoak edo berariazko laguntza-deialdiak dituztenak.

  2. Web inguruneko produktuak, datu-baseak edo programa eta aplikazio informatikoak diseinatzea, garatzea, hobetzea, aldatzea edo mantentzea soilik helburu dutenak.

  3. Patrimonializa daitezkeen elementuetan inbertsioak edo gastuak egitea xede bakartzat duten jarduerak.

  4. Autofinantzaketa kostu osoaren % 30 baino txikiagoa denean, hau da, erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioak jarduera horren aurrekontu osoaren % 30 baino txikiagoa denean. Diru-sarrera propiotzat hartuko dira kapitalean administrazio publikoen partaidetzarik ez duten diru-sarrerak, erakunde pribatuek egindakoak.

  5. Funtsezko ezaugarriak zehaztugabe dituzten jarduerak. Hau da, helburuak, jarduera-programa, non egingo diren, exekuzio-egutegia, hartzaileak edo aurrekontua zehaztugabe dituzten jarduerak.

  6. Toki erakundeak egindako jarduerak, lurraldez gaindikoak ez direnak.

  7. Eskola-programen jarduera osagarriak.

  8. Baldin eta gainfinantzaketa deuseztatzeko asmoz eskatutako kopuruaren gainean egindako zuzenketaren ondorioz diru kopurua hutseraino murrizten bada. Hona gainfinantzaketatzat zer ulertzen den: aurreikusitako gastuak gainditzen dituzten aurreikusitako diru-sarrerak (eskatutako dirulaguntza guztiak barne).

  1. Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak eta deialdi honetan ezarritako epean, emakida ebazpenean edo litezkeen aldaketetan egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da, inola ere, merkatuko balioaren gainetikoa izan ahal izango. Diruz laguntzeko moduko gastuak bi multzotan banatzen dira: zuzenak eta zeharkakoak.

  2. Diruz lagundutako gastu zuzenak. Diruz lagundutako gastu zuzenak dira, aurreko baldintzak aintzat hartuta, dena delako programa edo jarduera gauzatzearekin zuzenki loturiko kostu berariazkoak eta, beraz, programa edo jarduerari zuzenean kargatu dakizkiokeenak. Gastu zuzenen barruan, jarduera zabaltzeko gastuen diru-kopuruak ez du gaindituko, programa edo jarduerari emango zaion dirulaguntza zehazterakoan, programa edo jardueraren aurrekontuaren % 20.

  3. Diruz lagundutako zeharkako gastuak. Diruz lagundutako zeharkako gastuen barruan programa edo jardueraren aurrekontuaren % 10erainoko kopurua sartu ahal izango da, betiere onuradunaren kostu administratibo orokorren zati bat, behar bezala justifikatuta, programari edo jarduerari eslei dakiokeenean.

  4. Inbertsio-gastuak ez dira inola ere diruz lagunduko. Zergei loturiko diru-zenbatekoak laguntzeko modukotzat joko dira, eskatzaileak berak benetan ordaintzen dituenean eta berreskuratu edo konpentsatu ezin badira.

  5. Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko zereginaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez, beti ere ere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoa jarraituz.

  6. Erakunde onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioari dagokionez, lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

  7. Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, Balorazio Batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu gastuok, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

  1. Erakunde interesdunek bitarteko telematikoak erabili beharko dituzte prozedura horren izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

  2. Izapideak elektronikoki egiteko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daitezke, honako helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050908

  3. Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

  4. Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

  5. Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da, elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  1. Eskabidea, 10. artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak barnean direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimaki normalizatuan beteko da. Eskabidearen edukia I. eranskinean dago jasota.

  2. Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Proiektuari buruzko memoria zehatza, programa edo jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daiteke, honako helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050908. Memoriaren edukia II. eranskinean dago jasota.

    2. Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.

    3. Erakundearen inskripzioari buruzko ziurtagiri eguneratua, eta, izaera juridikoaren arabera, dagokion erregistroan inskribatutako azken estatutuen kopia.

      Entitate eskatzaileak dokumentu horiek aurretik aurkeztu baditu Administrazio honetan, eta indarrean egonez gero, ez da beharrezkoa izango berriz ere aurkeztea. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz berretsiko ditu. Horretarako nahikoa izango da dokumentu horiek zein Zuzendaritza edo Sailetan aurkeztu ziren adieraztea.

  3. Agindu honen 3.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, udalek bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko aldeko txostenak aurkeztu beharko dituzte, udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzeari buruzko, ekainaren 25eko 93/2019 Dekretuak ezarritakoaren arabera.

  4. Halaber, proiektua hobeto baloratzeko entitate eskatzaileek egokitzat jotzen duten beste edozein dokumentu ere aurkeztu ahalko da.

  5. Espedientea osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eskatu ahal izango dizkio Gazteria Zuzendaritzak entitate eskatzaileari, eta entitateak aurkeztutako datuak egiaztatzeko behar diren frogak egin ahalko ditu.

  1. Eskaera aurkezteak organo kudeatzaileri baimena ematea ekartzen du, eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen automatikoki egiaztatzeko, eskatzaileak baimen hori emateari berariaz uko egiten badio salbu. Kasu horretan, onuradunak Ogasun administrazio-erakundeek eta Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.

  2. Eskatzaileak baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

    Erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik, eta ez izatea laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege-debekuen eraginpean, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

    Dirulaguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak ordainduta edukitzea.

    Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

    Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak aparte utzi gabe. Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak dirulaguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.

  4. Administrazioak dirulaguntzen ordainketa egin ahal izateko, erakunde eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan jasota egon beharko da.

    Erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko du alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, honako helbidean https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari modu telematikoan eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko hamar egun baliodunen epean. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez. Zuzenketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» ren bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  1. Deialdi honi lehiaketa bidez emango zaio ebazpena. Dirulaguntzak emateko, ezarritako epearen barruan aurkeztu diren eskaera guztiak alderatu egingo dira eta lehentasun-hurrenkera baten arabera sailkatuko dira, 14. artikuluan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideei jarraituz. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da 40 puntutik gora jasotzea. Kasu bakoitzean eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak eskatutako zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea proposatuko du; hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatu ostean lortzen diren puntuen araberakoa izango da ehuneko hori. Ehunekoa lortzeko formula hau aplikatuko da:

    100 x (puntu kopurua-40) / 30

    Lortutako puntu-kopurua 70 baino gehiago denean, eskatutako zenbateko osoa ematea proposatuko da. Dena den, beti bete beharko da 15. artikuluan dirulaguntzen zenbatekoari eta mugei buruz ezarritakoa.

    Lortutako emaitza zenbaki hamartarra bada, hurbilen duen zenbaki osoarekin biribilduko da.

    2. artikuluan deialdiari esleitutako hornidura ekonomikoa ez bada nahikoa artikulu honen aurreko puntuan aurreikusitakoaren arabera hasieran kalkulatutako laguntzak osorik ordaintzeko, laguntza horiek murriztu egingo dira. Hala egiten bada, azkenean ezartzen diren zenbatekoek, aipatu hornidurarekin lotuta, bete egin beharko dute horiek aurrera eraman ahal izateko hasieran kalkulatutako zenbatekoan kopuru orokorrarekiko zuten proportzioa.

  1. Dirulaguntzak emateko egiten duen proposamenean, Balorazio Batzordeak laguntzeko jarduerak eta baztertzekoak aipatuko ditu, banaturik. Eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, orduan, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.

  1. Aurkeztu diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

    Batzordeburua: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteriako arduraduna.

    Bokala: Beñat Martínez Castillo, gazteriako teknikaria. Ordezkoa: María Jesús Emazabel Lekuona, gazteriako teknikaria.

    Bokala: Lourdes Ramirez de Ocáriz Sorolla, gazteriako teknikaria; idazkari moduan jardungo du. Ordezkoa: F. Javier Gutiérrez Páramo, gazteriako teknikaria.

  2. Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: 14. artikuluan aipatzen diren balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gazteriako zuzendariari.

Aurkeztu diren eskabideei emango zaien puntuazioa, 12.1 artikuluan aipatzen dena, honako irizpide hauek aplikatu ondoren lortzen duten araberakoa izango da:

  1. Entitate eskatzaileak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa, % 30 gainditzen duen diru-sarrera propioen ehunekorik handiena baloratuz. Gehienez ere 10 puntu.

  2. Proposatutako egitarau edo jarduerak hartzen duen hedapen esparrua. Puntu gehiago emango zaie hedapena Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan duten jarduerei. Gehienez ere 10 puntu.

  3. Programa edo jardueraren egokitasuna. Programa edo jardueraren xedeak argi zehaztuta dauden eta gazte onuradunen beharren azterketan oinarrituta dauden hartuko da kontuan. Gehienez ere 15 puntu.

  4. Proiektuaren diseinuaren eta ezarpenaren kalitatea. Proposatzen den proiektuaren fase guztien (prestakuntzaren, jardueren eta ebaluazioaren) argitasuna, zehaztasuna eta kalitatea hartuko dira aintzat, bai eta nahi diren emaitzak lortzeko metodologia egokia erabil dadila ere, edota proiektuaren xedeen, proposatzen diren jardueren eta jarduerak egiteko aurrekontuaren artean koherentzia egotea ere. Era berean, kontuan hartuko da neurri zehatzak egotea parte hartzen duten gazteen babesa eta segurtasuna bermatzeko, indarrean dagoen araudiak eskatutakoaz gain, eta proiektua bera zein proiektuaren emaitzak jasangarriagoak izatea ahalbidetuko duen azken ebaluazio-prozesua egotea. Gehienez ere 25 puntu.

  5. Jarduera edo egitaraua garatzerakoan bai giza baliabideei dagokienez bai baliabide materialei dagokienez, euskara erabiltzea. Gehienez ere 12,50 puntu.

  6. Genero-ikuspegia, emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan aintzat hartzea proiektua garatzerakoan eta, horretarako, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduera zehatzak txertatzea. Gehienez ere 12,50 puntu.

  7. Proiektuaren inpaktua eta hedapena. Programa edo jardueraren ondorioz onuradun gerta daitezkeen pertsonen kopurua baloratuko da, bai eta proiektuak parte-hartzaileengan, erakundeetan eta garatuko den inguruan eduki dezakeen inpaktua ere, edota emaitzak hedatzeko nahiz ustiatzeko aurreikusten diren neurriak. Gehienez ere 15 puntu.

  1. Onartutako aurrekontuan diruz lagun daitekeen gastuaren % 70era artekoak izan ahalko dira deialdi honen babespean ematen diren dirulaguntzak, baina inola ere ezingo dute ehuneko hori gainditu.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, deialdi honen babesean entitate eskatzaile bakoitzari emandako dirulaguntzen guztizkoa ezingo da izan 50.000 eurotik gorakoa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako laguntza edo diru-sarrerak batera erabili daitezke helburu berbererako, betiere 6.d) artikuluan aurreikusitako autofinantzaketa errespetatuz eta gainfinantzatzea ez badakar. Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekotik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.

Gazteriako zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

  1. Gazteriako zuzendariak deialdi honetako dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusi eta gero.

  2. Ebazpen hori entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik. Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gazteriako zuzendariaren gaineko organo hierarkikoari, hilabeteko epean Ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita. Era berean, emandako dirulaguntzen eta erakunde onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

  3. Aurreko paragrafoan aipatutako sei hilabeteko epe hori amaituta erakunde interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskatutako dirulaguntza ezetsitzat jo ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten entitateek, orokorrean, honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak, batez ere honako hauek:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

  2. Dirulaguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntza eta dirulaguntzei dagokienez, Gazteria Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapen-jarduerei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei men egingo zaio, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.

  4. Agindu honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonek edo entitateek konpromisoa hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzaren babesa berariaz eta argi aipatzeko, diruz lagundutako jarduera dela-eta dirulaguntza jaso dutela jakinarazten dien ebazpena jasotzen dutenetik aurrera egiten dituzten programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen dituzten gainerako material grafiko zein soinudunetan, eta horiek Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan editatuak izan beharko dute. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Konpromiso honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta dirulaguntza jasotzen duten erakundeak, baita dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.

  5. Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo kudeatzaileari.

  6. Diruz lagundutako jarduketa, programa edo zerbitzuetan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.

Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

  1. Lehenengo zatia, hau da, emandako dirulaguntzaren ehuneko berrogeita hamar, 19.a) artikuluan ezarritako epea igaro ostean, baldin eta onuradunak dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badio epe horretan.

  2. Bigarren ordainketa, likidazioaren ondorio den zenbatekoa, 2022an, emandako dirulaguntzaren erabilera gazteria-arloan eskumena duen Zuzendaritzaren aurrean justifikatu ostean, hurrengo artikuluan ezarritako moduan.

  1. Behin diruz lagundutako jarduerak bukatu eta gero, eta betiere 2022ko martxoaren 1a baino lehen, dirulaguntzen entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» ren bidez https://www.euskadi.eus/nirekarpeta:

    1. Justifikazio-kontu erraztua, honako informazioa jasoko duena: buruturiko jarduera edo egitarauari buruzko txosten zehatza, diru-sarreren eta gastuen gauzatutako aurrekontua eta diruz lagundutako jarduerari dagokion gastuen zerrenda sailkatua. Diru-sarreren eta gastuen gauzatutako aurrekontuan zehaztuta jasoko dira diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntzak. Era berean, gastuen zerrenda sailkatuan hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, zenbatekoa eta igorpen- eta ordainketa-data jasoko dira. Justifikazio-kontu erraztuaren eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa eskura daiteke, honako helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050908. Justifikazio-kontu erraztuaren edukia III. eranskinean dago jasota.

    2. Egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko, idatzizko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

  2. Justifikazioak bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, dirulaguntzaren zuriketarako inprimaki-eredua erabilita. Inprimakia eskuragarri dago euskadi.eus egoitza elektronikoan, honako helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050908

  3. Dirulaguntza eman den xederako erabili dela egiaztatze aldera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ausaz begiratuko ditu bere ustez beharrezkoak diren gastu-ziurtagiriak, bai eta onuradunei eskatu ere.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira betiere dirulaguntzaren xedea bete bada edo bestelako entitate publiko zein pribatutatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gazteriako zuzendariak bidezko likidazio-ebazpena emango du esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura erabiliz (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

  1. Hauek izango dira ez-betetzeak:

    1. Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

    2. Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

    3. Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

    4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako ez-betetze kasuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina).

  2. Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzetan aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

  3. Itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz zehaztuko da, eta kontuan edukiko da erabateko burutzapenerako gutxi falta izan den eta onuradunak konpromiso guztiak betetzeko asmoarekin jardun duen ala ez. Honela, helburu partzialen edo proiektuaren jarduera zehatzak ez betetzeak, beraiei zuzendutako dirulaguntzaren zatia itzultzea ekarriko du.

Eskaeran jasota dauden izaera pertsonaleko datuak tratatu eta jarraian izendatzen den tratamendu jarduerara gehituko dira: Gazteriako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza.

Helburua: Gazteria arloko laguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: Interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea).

Hartzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: erabiltzaileak eskubidea du datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezabatzeko, baita informazio Osagarrian jasotzen diren eskubideak ere.

Informazio osagarria: Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsulta daiteke gure web orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/124700-capa1-eu.shtml

Indarrean dagoen araudia:

Datuak babesteko erregelamendu orokorra: https://www.boe.es/doue/2016/119/L00001-00088.pdf

Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: https://www.boe.es/boe/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673.pdf

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

EAEko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetan azaltzen diren laguntzak ebazteko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021eko aurrekontu orokorretan aurretik kreditu egokiak eta nahikoak daudela egiaztatu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 3a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik