Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko abenduaren 1ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia onartzen baita Euskadiko biztanleguneetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko dirulaguntzen programarako, 2021., 2022. eta 2023. urteetarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 243
  • Hurrenkera-zk.: 5226
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/12/01
  • Argitaratze-data: 2020/12/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

2016ko martxoan Euskadiko 2020ko Agenda Digitala (2020@AD) onartu eta gero, euskal erakundeok apustu argia egin dugu bertan bizi diren pertsonen eta edozein biztanleria-unitatetako enpresen arteko konektagarritasuna hobetzearen alde, biztanleria-unitatearen biztanle kopurua eta dimentsioa alde batera utzita.

2020@AD eratzeko, lau jarduketa-ardatz hartu dira aintzat. Ardatz horiek merkatu globalizatuan lan egiten duten enpresen ingurukoak dira: gizarte trebea eta aktiboa eraikitzea, ingurune digitalean aritzen diren administrazioak prestatzea eta lurralde inteligentea eta bateratua lortzea. Helburu horiek ahalik eta baldintza onenetan lortzeko, ezinbestekoa da erakundearteko eta sailarteko elkarlana, eta 2020@ADk beharrizan komun bat duten 60 ekimen baino gehiago hedatu ditu: zentro publikoen, enpresen eta etxeen arteko konektagarritasuna hobetzea, Euskadi «lurralde inteligente» gisa sendotzeko.

Euskal ekonomia eta industria hobetzen laguntzen duten ildo estrategikoetako bat da: banda zabal ultralasterra hedatzea Euskadiko biztanleria-unitateetan. Horixe da agindu honen xedea (2017ko, 2018ko, 2019ko eta 2020ko deialdiak).

Euskadiko eraikin publiko guztietan eta hainbat industrialde eta biztanleria-unitatetan banda zabala gaituz gero 2016ko, 2017ko, 2018ko, 2019ko eta 2020ko jarduketei esker, posible izango da gero banda zabala hedatzea zerbitzu horien defizita identifikatu den gainerako unitateetako etxe partikularretara ere; izan ere, horri esker, telekomunikazio-operadoreen lana errazagoa da eta hedatzeko kostuak txikiagoak dira.

Hori, bereziki, landaguneetako unitateetan izaten da nabarmena; izan ere, operadoreek hor esku ez hartzeko erabakia hartu ohi dute, eta, horren ondorioz, konektagarritasun-arrakala handiago bat sortzen da biztanleria txikiko udalerrietako pertsonen eta biztanleria handiko herrien artean.

Gehiago ahalegindu behar dugu, batez ere, arrazoi hauei erreparatuz gero: belaunaldi berriko teknologien erabilera gero eta handiagoa da; enpresa-kontzentrazioa duten eremuetara heldu behar da, baita eskari gutxiagoko eremuetara ere (hala nola landaguneetara edo irispide zaila duten eremuetara), eta, konparatzen jarrita, errealitatea oso negatiboa ez den arren, inguruabarrek irtenbide eta asmo berriak ekarri beharra eragin dute.

Ildo horretatik, Europako Batzordeak 2020ra begira zenbait helburu planteatu zituen Europako Agenda Digitalean, honela ezarrita:

  1. 2020an, belaunaldi berriko banda zabala unibertsala izatea (gutxienez 30 Mbps) herritar guztientzat.

  2. 2020an, herritarren erdiek 100 Mbps-tik gorako abiadurako banda zabal ultralasterreko zerbitzuak «kontratatuta» izatea.

    Izan ere, Europako Batzordeak oinarriak ezarri ditu «Europako Gigabit gizartearentzako konektibitate»rako. Oinarriotan, proposatu du enpresa intentsiboki digitalek Interneteko 1 Gbps simetrikoko konexioak izan ditzaten, 2025erako. Horrez gain, landakoak zein hirikoak izan, Europako etxe guztiek izan beharko dute gutxienez 100 Mbps-ko deskarga-abiadura eskaintzen duten sareetarako sarbidea, 1 Gbps-ra igotzeko aukera izanik.

    Aipatzeko modukoa da Europar Batasunaren eskualde-politikarako jarraibideek azkenaldi honetan aukera gehiago eta sendoagoak eskaini dituztela politika publikoek belaunaldi berriko azpiegituren garapenerako sustapen-jarduerak gauza ditzaten. Hain zuzen, Europar Batasunaren zuzentarauetan (aurrerantzean, EB) dago adierazita nola aplikatu behar diren estatuen dirulaguntzei buruzko arauak banda zabaleko sareak azkar hedatzeko (Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala aurrerantzean, EBAO; C 25 EBAO, 2013-01-26koa). Horrez gain, jarduketa horiek 2014ko ekainaren 17ko Europako Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan txertatu dituzte, eta deklaratu dute zenbait laguntza-kategoria bateratu daitezkeela barne-merkatuarekin, interes estrategikoa izategatik, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (L 187 EBAO, 2014-06-26koa). Edonola ere, ez da ahaztu behar sektorea liberalizatuta dagoela, eta, alde horretatik, telekomunikazioaren merkatuko arauak aintzat hartu behar direla.

    Horrela izanik, gaur egun beharrezkotzat jotzen da herritarrek Interneteko konexio azkarra eta ziurra izateko eskubidea gauzatu ahal izatea eguneroko jarduerak edo administrazio-izapideak egiteko, kontuan hartuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean dagoela ezarrita bitarteko elektronikoak erabili behar direla.

    Beraz, badirudi egokia dela ekintza publiko irmo bat gauzatzea, zeinaren bidez konektibitate-mailak hornitzen baitira, Europar Batasunaren helburuei jarraikiz.

    Horretarako, agindu honetan ezartzen dira merkatuaren gabeziak gainditzen laguntzeko dirulaguntzen emakida arautuko duten oinarriak, «eremu zuri» gisa sailkatutako Euskadiko biztanleguneetan gutxieneko 300 Mbps-ko abiadurako banda zabaleko sareen hedapena suspertzeko (bi noranzkoetan).

    Dirulaguntza horiek Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako jakinarazpen-salbuespenari heldu diote. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazi da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

    Era berean, ekainaren 5eko 462/2015 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz errege dekretu horren bidez arautzen dira banda zabaleko sareen eskaintza eta eskuragarritasuna sustatuz informazioaren gizartea bultzatzera bideratutako laguntza publikoen arloan administrazio publikoen arteko koordinaziorako tresnak eta prozedurak, Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzak oinarri hauen xede diren laguntzen bateragarritasunaren aldeko txostena eman dio laguntza-programa honi. Txosten horretan dago egiaztatuta administrazio publikoen arteko koordinazioa egokia dela, informazioaren gizartea indartzeko laguntza publikoei dagokienez, banda zabaleko sareen eskaintza eta eskuragarritasuna suspertzeko.

    Belaunaldi berriko banda zabaleko sareak Euskadiko biztanleguneetara hedatzeko programa hau ezartzeko, 2021eko, 2022ko eta 2023ko ekitaldietarako, kontuan hartu dira gidalerro horiek eta arau hauetan xedatutakoa: Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Arauemaileei buruzko Legearen IV. titulua, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bategina; 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea, eta Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua, non deklaratzen baita laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (L 187 EBAO, 2014-06-26koa).

    Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritza da ekimen hori aurrera eramateko arduraduna; izan ere, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuaren 20.s) artikuluan, «Administrazio publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen artean informazioaren gizartea sustatzeko» egitekoa eman zitzaion.

    Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzkoa da, agindu honen bidezko deialdiko laguntzak emateko, aldez aurretik ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021., 2022. eta 2023. urteetako aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

    Azaldutakoan oinarrituta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenen arabera, eta Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatu behar zaizkien gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 1a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Belaunaldi berriko banda zabaleko sareak Euskadiko biztanleguneetara hedatzeko laguntzen programarako deialdia arautzeko oinarriak (2021., 2022. eta 2023. urteetarako)

Lehenengoa. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da: banda zabal ultralasterreko sareak «NGA-belaunaldi berriko eremu zuri» izendatutako Euskadiko biztanleria-unitateetara hedatzeko laguntzen emakida arautzea. Izan ere, eremu horietan ez dago eta ez dago aurreikusita egotea, hurrengo 3 urteetan, inolako telekomunikazio-azpiegiturarik NGA banda zabaleko Interneterako sarbide-zerbitzuak ahalbidetzen dituenik.

Belaunaldi berriko banda zabaleko sareak Euskadiko biztanleria-unitateetara hedatzea telekomunikazio-azpiegitura bat sortzea da, eta azpiegitura horrek interes orokorreko zerbitzu publikoa ematen du, agindu honen azalpen-zatian adierazitako helburuak betetzeko xedez.

Agindu honetan adierazitako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko EB 651/2014 Erregelamenduaren babespean ematen dira (erregelamendu horren bidez laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratu da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen arabera), eta, zehazki, banda zabaleko azpiegituretarako laguntzak dira. Alde horretatik, oinarri hauetan aipatzen diren kontzeptuak erregelamendu horren arabera interpretatu behar dira, han definituta baitaude (2016ko ekainaren 26ko Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, L 187).

Bigarrena. Denbora-esparrua.

Laguntza-programa hau 2021eko, 2022ko eta 2023ko ekitaldietan zehar zertuko da.

Hirugarrena. Baliabide ekonomikoak.

Lehenengo oinarriaren xedera bideratutako baliabide ekonomikoak 3.000.000 eurokoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasotako urteko hauetan banatuta:

2021eko ekitaldia: 1.000.000 euro.

2022ko ekitaldia: 1.000.000 euro.

2023ko ekitaldia: 1.000.000 euro.

Lote bakoitzerako proposamenik onena egiten duenari emango zaizkio laguntza ekonomikoak.

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzkoa da, agindu honen bidezko deialdiko laguntzak emateko, aldez aurretik ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021., 2022. eta 2023. urteetako aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

Laugarrena. Onuradunak.

  1. Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzen onuradun izan daitezke behar bezala gaitutako operadorearen izaera duten sektore pribatuko pertsona fisikoak edo juridikoak, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta pertsona fisiko edo juridiko horien elkarteak; kasu horretan, metaketa onartuko zaie behar bezala gaitutako komunikazio elektronikoen operadore izateko eskatzen diren eskakizunak betetzeko.

    Pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen eskabideetan berariaz adierazi behar dituzte, eskabideari erantsitako dokumentu batean, zer konpromiso hartzen duen elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko eta, horrekin batera, zenbateko aurrekontua bete behar duen bakoitzak, onuraduntzat hartuko dira eta. Nolanahi ere, elkarketek ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko dute, eta behar besteko ahalmena eman betearaz ditzan elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak. Ezin izango dute elkartea desegin preskripzio-epea amaitu arte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 65. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 44. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Agindu honetan adierazitako dirulaguntzak lortu ahal izateko, onuradunek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak.

  3. Dirulaguntzen onuradun izateko, pertsona edo erakunde eskatzaileak ez du eduki behar zehapen penal edo administratiborik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, ezta horretarako desgaitzen duen legezko debekurik ere, barne hartuta sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

  4. Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan dauden pertsonak edo erakundeak, ez Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jo eta gero xedatzeke dagoen berreskuratzeko agindu baten eraginpean daudenak, ez eta krisialdian dauden enpresak ere; krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko gidalerroetan emandako definizioarekin bat eginez (C249 EBAO, 2014-07-31koa).

    Nortasunik gabeko elkarteak badira, ezin izango dira onuradun izan, baldin eta elkartekideren batek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan adierazitako gainerako debekuetako bat badu.

  5. Halaber, pertsona edo elkarte eskatzaileak ezin izango du jardun armagintzan (ez ekoizpenean, ez merkaturaketan, ez finantzaketan), Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko Euskadiko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

  6. Onuradun izateko baldintzei eutsi behar zaie dirulaguntzako jarduerak egiteko denboraldi osoan.

    Bosgarrena. Laguntza jaso dezaketen proiektuak eta ekintzak.

  1. Laguntza jasotzeko aukera izango dute bi noranzkoetan gutxienez 300 Mbps dauzkaten NGA-belaunaldi berriko sarbide-sareak hedatzea aintzat hartzen duten proiektuek (mugarik gabeko datu-transferentzia ahalbidetu behar dute, zerbitzuaren ezaugarriak aldatu gabe), baldin eta laguntza-eskabidea aurkeztu baino lehen hasi ez bada.

    Diruz lagundu daitezkeen proiektuek eragin pizgarriari buruzko baldintzak beteko ditu, ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan adierazitakoaren arabera. Laguntzek eragin pizgarria izango dute, baldin eta, proiektua edo jarduera hasi aurretik, onuradunak estatu kideari laguntza eskatu badio idatziz. Eskaera horren edukia manu horretan dago zehaztuta.

    Aurkeztutako proposamenetan, argi eta garbi adierazi beharko da banda zabal ultralasterreko zenbat zerbitzu hedatu behar diren biztanleria-unitate guztietako higiezin-unitate guztietan, II. eranskineko zerrendan definitutako osaera kontuan hartuta.

    Oinarri hauetan ezarritako ebaluazio-irizpideei jarraikiz puntu gehien lortzen dituen proposamenerako laguntzak baino ez dira onartuko. Inola ere ez zaio emango laguntzarik eskatzaile bati baino gehiagori.

  2. Proiektuek herri bakoitzerako konponbide teknologikorik egokiena adierazi beharko dute. Izan ere, dirulaguntzak ez dira egongo lotuta konponbide teknologiko jakin bat hedatzearekin, baina denbora errealeko multimedia-komunikazio elektronikoen zerbitzuei euskarri emateko gai izan behar dute, hau da, aurrez adierazitako gutxieneko abiadura izan behar dute, eta gutxieneko baldintza hauek bete:

    Sareak erabili beharko dira komunikazio elektronikoetako zerbitzuak emateko, batez ere, xede-eremuetako jendeak erabili ahal izateko (ez dira diruz lagundu moduko elementutzat hartu erabiltzaile multzo mugatu bati zerbitzua ematera zuzendutako sareak, ezta biztanleria-unitateetan edo sakabanatutako eremuetan azken erabiltzaileei zerbitzua ematera zuzenean bideratu ez diren sare nagusi hutsak ere).

    Halaber, datuak mugarik gabe transferitzeko aukera eman behar dute noranzko bietan. Horretaz gain, ez dira aldatu behar zerbitzuaren ezaugarriak, eta biztanle dentsitate handiko eremuetako merkatuaren eskaintzen antzeko baldintza ekonomikoak eskaini behar dituzte.

    Zerbitzua adierazitako terminoen arabera erabili ahal izango dela ziurtatzea, gutxienez, hil natural bateko denbora-tartearen % 98n, azken erabiltzaile bakoitzeko.

    Datuak transmititzeko zerbitzuaren kalitate-parametroak denbora errealeko multimedia-komunikazio elektronikoko zerbitzuak eskaintzeko behar direnak direla ziurtatzea. Horretarako, erreferentzia gisa erabiliko dira Banda Zabaleko EthernetNEBA berria deritzon erreferentziako handizkako eskaintzaren balioak, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (aurrerantzean, MLBN) araututako eta indarrean dagoen.

    Zerbitzuan alta emateko eskaerei arreta ematea gehieneko 10 egun balioduneko epean; baldin eta alta emateko lizentziarik, okupazioko edo paseko eskubide espezifikorik eskuratu behar ez bada edo, arrazoiak arrazoi, alta ez emateko arrazoia operadoreari egotzi ezin bazaio. Kasu horretan, denbora-tarte edo -atzerapen horiek deskontatu ahal izango dira altako denbora zenbatzeko, eskatzaileari jakinarazi ondoren. Gehieneko epe hori betetzen ez bada, bereziki, hirugarrenek eskatutako handizkako zerbitzuetan, MLBNk ezarritako zigorrak aplikatuko zaizkio handizkako zerbitzuetarako erreferentziako eskaintzari.

    Konpontzea zerbitzua eteten duten gorabeheren % 95, gutxienez, eta 24 orduan, gehienez.

    Eskatutako gutxieneko eskakizun teknikoak edo, hala badagokio, onuradunaren proposamenean hobetutakoak bete beharko dira txikizkako eta handizkako zerbitzuen eskaintzan, hirugarrenek eskaintzen dituzten txikizkako zerbitzuek operadore onuradunaren sarean duten erreplikagarritasun teknikoa bermatzeko.

  3. Proiektuak egikaritzeko gehieneko epea 24 hilekoa izango da, dirulaguntzak eman direla jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Halere, epe hori luzatu ahal izango da, baldin eta enpresak hasiera eman badie hedatzeko lanei ebazpena jakinarazten denetik, eta bakarrik atzerapena telekomunikazioetako operadorearen esku ez dauden arrazoiengatik gertatu dela behar bezala egiaztatzen den kasuetan. Lanak gauzatzeko epea, nolanahi ere, 2023ko maiatzaren 15era artekoa izango da gehienez, egun horretarako amaituta beharko baitu finantzatutako proiektuaren exekuzioak.

  4. Jarduerak ez dira programa honen bidez diruz lagunduko, baldin eta jarduerak egiten diren biztanleria-unitateak sartuta badaude programa honen kargurako dirulaguntzak eskatu, proposatu edo jaso dituzten proiektuetan: Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioko Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren belaunaldi berriko banda zabala hedatzeko programa (BZHP), edo laguntza publikoen beste edozein programa bat.

    Seigarrena. Handizkako zerbitzuak.

  1. MLBNk beste baldintza batzuk xedatzen ez baditu, dirulaguntzaren onuradunak nahitaez eman beharko die diruz lagundutako azpiegituretarako handizkako sarbide efektiboa («bitstream» fluxu bitar motakoa) hala eskatzen duten gainerako operadoreei, gutxienez, zazpi (7) urteko epean. Proiektuan zuntz optikoa hedatzea aurreikusi bada, sarbide horrek zuntz ilunera sartzeko aukera eman behar du, desagregazio oso eta efektibo batekin, baita hodietara, zutoinetara, armairuetara, kutxatiletara eta obra zibileko gainerako elementuetara sartzeko ere. Azken horietarako sarbidea ez da denboran mugatuta egon behar. «Backhaul» edo itzulerako sareen kasuan, alokatutako lineen edo puntuz puntuko zirkuituen handizkako zerbitzua hartuko da barnean, baita zuntz iluneko alokairua ere, sare hori ezartzeko erabili den teknologiaren arabera.

    Desagregazioaz eta linea fisikorako sarbideaz gain, NGA sarea hedatzeko aukeratutako teknologiaren arabera, desagregazio birtualeko handizkako zerbitzu bat eman beharko da. Zerbitzu hori zerbitzu aktiboa izango da, eta sareen interkonexioa izango du sarbide-sarearen zentral nagusian, izan baitaiteke laguntza-hartzailearen hirugarren operadoreek nahiago duten aukera.

    Aipatutako handizkako zerbitzu guztiak bidezko baldintzetan eta bazterkeriarik gabe eskaini beharko dira.

    Eskainiko den sarbide-abiadura, gutxienez, proiektuaren oinarrietan eskatutakoa izango da; eta, edonola ere, handizkako zerbitzuak aukera eman beharko du operadore onuradunak eskainitako txikizkako zerbitzuak erreplikatzeko.

    Handizkako sarbide efektibo horren prezioek erreferentzia gisa hartu beharko dituzte MLBNk merkatu-botere handiko operadoreari antzeko zerbitzuetarako finkatutako handizkako prezioak, eta horiexek joko dira prezio maximotzat. Erreferentziazko eskaintza baliokiderik ez badago, Espainiako batez besteko prezioak izango dira erreferentzia (gune konparagarri lehiakorrenetakoak) eta, horrelako erreferentziarik ere ez badago, lagunduko den proiektu honek barnean hartutako zerbitzuen arautzaileak finkatutako prezioak edo prezioak kontrolatzeko printzipioak eta tresnak izango dira erreferentzia (hala nola marjina-estutzeak kontrolatzeko erreplikagarritasun ekonomikoaren testa, hala badagokio). Nolanahi ere, integrazio bertikaleko operadore bat denean, definitutako prezioek aukera eman beharko dute txikizkako eskaintzak erreplikatzeko, eta ez dute diskriminaziorik sortu behar operadore onuradunaren txikizkako adarraren aldean.

    Diruz lagundutako proiektuen barruan hodirik eraikiz gero, hodi horiek nahiko handiak izango dira kable- edo zuntz-sare batzuk eta sare tipologia desberdinak hartzeko, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla ezartzen duen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 52. artikuluaren arabera, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

  2. MLBNk dirulaguntza ematen duen erakundeari aholkularitza eman ahal izango dio, oinarri honetan aipatutako handizkako sarbidearen prezioen eta baldintzen arloari dagokionez. Gainera, sarbidea eskatzen duten operadoreen eta dirulaguntzen operadore onuradunen arteko gatazkak konponduko ditu, eta, horretarako, jarraibideak emango ditu oinarri honetan aipatutako handizkako sarbideko betekizuna benetan bete dadin.

  3. Lehia txikiko eremuetan jardun nahi denez, banda zabalerako dirulaguntzei dagokienez, Europar Batasunaren zuzentarauen 80 a) apartatuaren arabera, handizkako produktuen eskaintzaren xehetasunak eta azpiegituran egin beharreko jarduketak zehaztuko dira, egiaztatzen bada hirugarren operadore baten arrazoizko eskaria dagoela. Eskaera arrazoizkotzat joko da baldin eta sarbide-eskatzaileak negozio-plan koherente bat ezartzen badu justifikatzeko produktua garatu behar dela diruz lagundutako sarean. Nolanahi ere, hirugarren operadore baten zentzuzko eskaera hori egon zein ez, laguntzen operadore onuradunak eskaintza bat gutxienez izan behar du bitstream motako sarbiderako eta azpiegitura aktiborako sarbiderako. Kasu guztietan, handizkako produktuen eskaintzan, bermatu beharko da laguntzaren onuradunak eskainitako txikizkako zerbitzuak teknikoki eta ekonomikoki erreplikatu daitezkeela.

    Handizkako sarbiderako eskaeraren bat badago (esan bezala, hirugarren operadore baten arrazoizko eskarian oinarrituta), operadore onuradunak hedapena amaitu baino lehen, handizkako eskaintzaren xehetasunek egon beharko dute gainerako operadore interesdunek eskuratu ahal izateko moduan, onuradunak NGA sarearen txikizkako ustiapena hasi baino nahiko denbora lehenago, ez baita diskriminaziorik eragin nahi laguntzaren operadore onuradunaren txikizkako adarraren eta handizkako sarbidea eskatzen duten operadoreen artean baten bat izanez gero.

    Halaber, laguntzaren operadore onuradunak, merkatu-botere esanguratsuko operadoretzat hartuta badago ex ante erregulazioari loturiko merkatuetan, argi jakinarazi beharko die sektoreari eta azken erabiltzaileei zein diren laguntza publikoen babespean egindako sareen baldintza espezifikoak, ez baitute izan behar ezinbestean ex ante erregulazioko berberak.

  4. Laguntzaren operadore onuradunak handizkako sarbide aktiboa eta pasiboa eskaini beharko du 10 urterako.

    Zazpigarrena. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta inbertsioak.

  1. Diruz lagundu ahal izango dira hautatu den proiektua egitearekiko lotura zuzena duten eta hura egiteko beharrezkoak diren gastuak eta inbertsioak, baldin eta eskaera aurkezten denetik proiektua amaitu arteko denbora-tartean egiten badira, gainerako operadoreek erabil ditzaketen sareen azpiegiturak sortzeko edo egokitzeko egin behar direnetara mugatuta.

  2. Diruz laguntzeko moduko inbertsio eta gastutzat hartuko dira azpiegitura hedatzeko inbertsioarekiko lotura zuzena duten kontzeptu hauek:

    Azpiegiturak eta obra zibila.

    Ekipamendua eta bestelako materialak.

    Langile-gastuak. Kontzeptu honen barnean sartuko da onuradunaren beraren teknikariek proiektuko lanetan zuzenean eman dituzten orduen kostua. Kontzeptu honetatik kanpo geratuko da administrazioko, kontabilitateko, giza baliabideetako, kudeaketako, marketineko, zuzendaritzako eta antzeko langileen kostua (onartutako aurrekontuaren % 7, gehienez).

    Proiektuari egotzi dakizkiokeen beste kostu orokor edo zeharkako gastu batzuk proiektuaren xede den banda zabaleko sarea sortu edo berritzeko zeharkako kostuak sortzen badira, hautagarriak izango dira; baina, gehienez ere, zuzeneko kostuetan gaineratutako eta diruz lagundutako langile-gastuaren % 15eko muga izanik.

    Dirulaguntza justifikatzeko kontuko proiektu-gastuen auditoretza-kostuak. Auditoretza-kostuak diruz lagundu ahal izango dira; baina, gehienez, laguntzaren % 1eraino eta 10.000 euroko muga gainditu gabe.

  3. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak azpikontratatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa beteko da.

    Onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez.

    Inola ere ezin izango dira azpikontratatu dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten eta jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez dioten jarduerak.

    Azpikontratazioa dirulaguntzaren % 20 baino handiagoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratatu ahal izateko, eskakizun hauek beteko beharko dira:

    Dirulaguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.

    Ezin izango da kontratua zatikatu, zenbatekoak txikiagotzeko eta aurreko apartatuko eskakizunak ez betetzeko xedez.

    Azpikontratistak onuradunaren mende baino ez dira egongo, eta onuradunak berak hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzeko erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.

    Aurreko apartatuan adierazitakoaren ondorioz, onuradunei dagokie dirulaguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer hitzartuz gero, beste horrek ere dirulaguntzak arautzen dituen araudiak ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko moduko gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek lankidetza-betebeharra bete behar dute, muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera emateko.

    Alabaina, onuradunak ezin izango ditu azpikontratatu, diruz lagundutako jardueraren gauzatze oso edo partzialerako, honako hauek:

    Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsonak edo erakundeak.

    Azpikontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

    Bitartekari edo aholkulariak, baldin eta ordaindu beharrekoa eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin gisa definitzen bada, ordainketa hori ez badago justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuek merkatuan daukaten balioaren erreferentziaren arabera.

    Onuradunarekiko loturaren bat daukaten pertsonak edo erakundeak, egoera hauetako batean izan ezik:

    Organo eskudunaren baimena lortzea berariaz eta aldez aurretik.

    Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako erakundeak egindako kostua. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza beretan.

    Deialdi eta programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatu eta lortu ez duten pertsonak edo erakundeak, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo behar besteko balorazioa lortu ez dutelako.

    Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, azpikontrataziorako egiten den kontratua idatziz formalizatuko da. Hala ere, kontratua egin aurretik, dirulaguntza ematen duen erakundeak baimena eman beharko du.

    Onuradunak eskatuko du baimen hori, eta, azpikontratatzeko baimen hori eskatzeko, idazki bat aurkeztuko dio dirulaguntza sustatzen duen erakundeari. Azpikontratazioak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, gainera, oinarri honetan zehaztutako eskakizunak betetzen direlako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da.

    Kontratua formalizatu baino lehen eskatu beharko da baimen hori, eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendariaren ebazpen baten bidez emango da hamabost (15) eguneko epean. Epe hori amaituta, berariazko ebazpenik eman ez bada, ezetsitakotzat joko da.

  4. Diruz lagundu daitezkeen gastuetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa beteko da. Diruz lagundutako inbertsioen edo gastuen kostuak ez du gaindituko merkatu-balioa inola ere. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean txikizkako kontratuetarako ezarritako kopuruak gainditzen baditu, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko die beste hornitzaile batzuei, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, baldin eta badago, izan baitaiteke merkatuan ez egotea nahiko erakunde zerbitzu edo ondasun hori egin, eman edo hornitzen duenik oso berezia izateagatik.

  5. Ez dira inola ere hartuko diruz laguntzeko moduko gastutzat zeharkako zergak, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Ez da hartuko diruz laguntzeko moduko gastutzat fakturari aplikatzen zaion BEZa (balio erantsiaren gaineko zerga).

    Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuei lotutako dirulaguntza-zenbatekoak emakida-ebazpenean agertuko dira eta horiexek izango dira laguntzaren gehieneko mugak.

    Dirulaguntzaren xede diren azpiegiturek eta ekipoek proiektuaren xedeei lotura egon beharko dute gutxieneko hamar urteko epean, proiektua amaitzen denetik aurrera, edo azpiegitura edo ekipoen bizitza baliagarria amaitu arte, bizitza baliagarri hori hamar urtetik beherakoa bada.

  6. Inola ere ezin izango dira diruz lagundu eskaera aurkeztu baino lehen konprometitutako edo egindako inbertsioak eta gastuak, ezta laguntzaren onuradunak soilik erabiltzeko diren eta handizkako sarbidearekin erlazionatuta ez dauden azpiegiturei lotutakoak ere.

    Zortzigarrena. Laguntzen izaera, muga eta bateraezintasuna.

  1. Agindu honen esparruko dirulaguntza norgehiagoka-araubidean emango da ezarritako biztanleria-entitate bakoitzeko; itzulezina izango da, eta, gehienez, diruz lagundu daitezkeen gastuen eta inbertsioen % 90 izango da.

  2. Agindu honen babespean ematen den dirulaguntza ezin izango da bateratu Administrazio publikoek edo erakunde publiko edo pribatuek (nazionalak, Europar Batasunekoak zein nazioarteko organismoetakoak) xede bererako emandako beste ezein dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin.

    Bederatzigarrena. Eskabideak eta gainerako dokumentuak aurkeztea.

  1. Eskabide bakarra onartuko da telekomunikazio-operadore bakoitzeko. Laguntza hauetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Agindu honetan adierazitako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez gauzatu beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan pertsona fisikoentzat xedatutako kasuetan izan ezik. Izan ere, pertsona horiek une oro aukeratu ahal izango dute nola komunikatu nahi duten Administrazio publikoekin beren eskubideak eta betebeharrak egikaritzeko.

  3. Administrazio publikoekin elektronikoki komunikatu beharra daukatenek, eskabidea eskuratu eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza elektronikoan sartu beharko dute, horren bidez baino ezin baitute egin, helbide hauetan:

    «https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/peba2021/web01-ejeduki/es/» (gaztelaniaz).

    «https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/peba2021/web01-ejeduki/eu/» (euskaraz).

    Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak egoitza elektroniko horretan eskuratu daitezke.

    Administrazio publikoekin elektronikoki komunikatu beharra ez duten pertsona fisikoek, kanal hori aukeratzen ez badute, eskabideak aurkeztu ahal izango dituzte Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako moduan. Bi baldintza horiek betetzen badira, agindu honetako III. eranskineko eskabide-eredua erabiliko da aurkezteko.

  4. Eskabidea betetzeko, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartuaz gain, artikulu honetan adierazitako dokumentuak gehitu behar dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz.

  5. Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentuak nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, betiere ezarritako epeetan. Halaber, erakunde eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondorengo jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

  6. Behar bezala bete ondoren, laguntza-eskabideak horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bitartez edo oinarri honen hirugarren apartatuan aurreikusitako moduan aurkeztuko dira, agindu honen III. eranskineko eredu normalizatuari jarraikiz.

  7. Eskabidearekin batera, enpresaren legezko ordezkariaren jardun-gaitasunaren eta identifikazio fiskaleko zenbakiaren akreditazio formala aurkeztu beharko da, dokumentazio osagarri honekin:

  1. Eskabidean jasotako alderdiak.

    Pertsona eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, edo erakundearen legezko ordezkariarena, eskabidean adierazitako informazioaren egiazkotasunari buruz egindako erantzukizunpeko adierazpena, alegia. Informazioa hau da:

    Ez duela inolako zehapen penal edo administratiborik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik.

    Ez duela armarik ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko Euskadiko 14/2007 Legean zehaztutakoarekin bat eginez.

    Konpromisoa hartzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak Administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten edo kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak betetzeko.

    Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo duelako, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa bat, finantzarioak ez diren enpresak laguntzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetako definizioaren arabera (C 249 EBAO, 2014-07-31koa).

    Dirulaguntza eskatzen duen pertsonak edo erakundeak ez du debekurik onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan adierazitakoaren arabera.

    Pertsona edo erakunde eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpenean gezurrezko daturen bat jarriz gero, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraikiz.

  2. Dokumentazio osagarria:

    Operadore-izaera: eskatzailea behar bezala gaitutako operadorea delako egiaztagiria eman beharko da, hau da, Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren 7. artikuluan araututa dagoen operadoreen erregistroan inskribatuta dagoelako egiaztagiria.

    Memoria, hauek barnean hartuta:

    Proiektuaren deskribapen orokorra (gehienez, 2 orrialde), proiektuaren egikaritze-laburpen gisa.

    Proiektuaren deskribapen teknikoa, alderdi hauek barnean hartuta:

    Hautatutako konponbide teknologikoa, proiektuaren xede den sarbide-sarearen deskribapena eta topologia, eta jasotako sarbide-sarearen zentrala edo goiburua, bertan inbertsiorik egiten ez bada ere. Horretarako, azalpen xehatuko bloke-diagrama ulerterrazak aurkeztuko dira, baita eremuan egokitzeko eta epe ertaineko eta luzeko jasangarritasunaren arrazoiak ere.

    Sarea egokitzeko edo sortzeko obra-unitateen identifikazioa eta kuantifikazioa, obra zibileko azpiegiturenak zein sareko ekipoenak. Horretarako, kokapen geografikoa zehazteko behar den informazio kartografikoa sartuko da.

    Teknologia erradioelektrikoa banda lizentziadunetan erabiliz gero, adierazi behar da eskatzailea lizentzien titularra ote den, edo, bestela, espektroa erabiltzeko lagapen-akordiorik ote duen. Azken kasu horretan akordioen kopia emango da, edo identifikatuko da Aurrerapen Digitalerako Idazkaritza Nagusiaren zer espedientetan dauden jasota.

    Hautatutako konponbidearen jasangarritasunaren balorazioa, aurreikus daitezkeen eskaera-aldaketetara egokitzeko eskalagarritasunean oinarrituta.

    Hedatze-plana, informazio hau barnean hartuta: faseen eta egin beharreko jarduera nagusien deskribapena eta mugaketa, hala nola: baimenak eta lizentziak lortzea, obra zibila gauzatzea, materialak erostea eta instalatzea (fase eta jarduera bakoitzaren mugaketak barnean hartuko du loturiko obretako eta behar diren beste baliabideetako unitateen kuantifikazioa), faseen eta jarduera nagusien hasiera- eta amaiera-aurreikuspenen kronograma, arriskuak identifikatzea eta kontingentzia-plana.

    Bideragarritasun ekonomikoaren eta finantzarioaren azterketa, alderdi hauek barnean hartuta:

    Merkataritza-estrategia, aurreikusitako merkaturatze-jarduerak eta zerbitzuak emateko planak: gaur egun dagoen eta aurreikusten den merkataritza-esparruaren analisia; eskariaren, lehia-baldintzen eta merkatuko beste edozein ezaugarri nabarmenen gaineko aurreikuspenak barnean hartuta, baita proiektua egikaritzeak inguruko erabiltzaileen hautaketa-gaitasunean izango duen eragina ere operadorea eta zerbitzuak aukeratzeko orduan. Halaber, hauek adieraziko dira: merkaturatzeko aurreikusi diren sare-zerbitzu mota nagusiak, prezio-maila, banaketa- edo salmenta-kanala, sustapenak, publizitatea eta beste edozein alderdi garrantzitsu (integrazio bertikaleko operadoreak badira eta lehengo informazioa eskura ez badago, emango den informazioa izango da laguntza hartuko duen sarearen bidez emango diren komunikazio elektronikoetako zerbitzuei dagokiena).

    Proiektuaren galdu-irabazien kontuaren aurreikuspena: Galdu-irabazien kontu bat eman beharko da, eta kontu hori laguntza eskatu den proiektuari baino ez da egongo lotuta. Integrazio bertikaleko operadoreen kasuan, kontu horretan sartu ahal izango da dirulaguntza eskatu den sarearen bitartez emango diren komunikazio elektronikoetako zerbitzuak. Gastuen aldean, kontzeptu guztiak jasoko dira, kontuan hartu gabe diruz lagundu daitezkeen edo ez. Denbora-horizonteak barnean hartu behar du laguntza hartzen den urtetik sarea amortizatu arteko denbora-tartea. Sentikortasun-analisi bat egingo da eskariaren aurreikuspenen arabera, eta aintzat hartuko dira zenbait egoera eta zer probabilitate dagoen egoerok gertatzeko.

    Laguntzaren beharrizanaren justifikazioa: Laguntza-beharra justifikatzeko, proiektuaren epe luzerako emaitzen sentikortasun-analisia egingo da, aldagai nagusien bilakaerari buruzko aurreikuspenen arabera, eta aintzat hartuko dira zenbait egoera eta zer probabilitate dagoen egoerok gertatzeko. Beharrizan hori merkataritza-defizit baten edo une horretan proiektua gauzatzea galarazten duen epe luzerako errentagarritasun txikiaren ondorio izan beharko da, aukera-kostuen, barneko itzulera-tasaren, oraingo balio garbiaren eta inbertsioa berreskuratzeko epearen arabera adierazita.

    Inpaktu soziala eta ekonomikoa. Analisi bat egin eta proiektua garatzearen ondorioz espero diren inpaktu sozioekonomiko guztiak deskribatu eta zenbatuko dira, proiektuaren xede den estaldura handitzeak eragingo dituenez haratago. Bereziki, honako hauek:

    Jarduketa-eremuetako garapen ekonomikoa.

    Proiektuak zer-nolako inpaktua izango duen, agindu honen helburu ez diren beste unitate batzuetan NGA bandako sareak hedatzea errazteko.

    Bestelako inpaktu sozioekonomiko batzuk.

    Azpiegituren aprobetxamendua. Proiektua zehaztu aurretik beste azpiegitura batzuk berrerabiltzeari buruz egindako azterketaren irismena eta ondorio nagusiak aurkeztuko dira, hala badagokio, baita proiektuan azkenean adierazitako aprobetxamendu-maila ere.

    Hedapena errazte aldera, eta, aldi berean, kostuak murriztu eta hirugarrenek azpiegitura erabilgarriak aprobetxa ditzaten, eta finantzaketa publikoaren zenbatekoa ere murrizte aldera, gogoratu behar da interesdunen esku jarri behar direla erakunde eskatzaileak dauzkan azpiegitura erabilgarriak, baldin eta balio badute abiadura handiko komunikazio elektronikoen sareak hedatzeko kostua murrizteko, 330/2016 Errege Dekretuaren arabera.

    Halaber, ildo horretatik, gogoratu behar da informaziogune bakarra dagoela abiadura handiko banda zabaleko sareak hedatzeko erabilgarri dauden azpiegiturei buruzko informaziorako; izan ere, 330/2016 Errege Dekretuan ezarritako informaziogune bakar hori funtzionamenduan jarri zen apirilaren 26ko ECE/529/2018 Aginduaren bidez

    Egin beharreko gastuen eta inbertsioen aurrekontu xehatua: Aurrekontu zehatza emango da, diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak adierazi, agindu honen zazpigarren artikuluaren arabera. Kontzeptu bakoitzaren barruan hainbat kontu-sail sartuko dira (izendapena, unitate-kostua eta unitate-kopurua). Aurrekontu horretan islatu behar dira izaera edo egiteko epeagatik hautagarriak diren gastuak bakarrik. Epea dirulaguntza eman den egunetik proiektua gauzatzeko aurreikusi den azken egunera bitartekoa da, eta, gehienez, 24 hilabete igaro daitezke dirulaguntza eman dela jakinarazi den egunetik hasita.

  1. Nolanahi ere, beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango zaie eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen bada aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

  2. Administrazio publikoak badauzkan indarreko dokumentuak ez dira ezinbestean aurkeztu behar. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentu horiek, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako terminoak eta baldintzak beteta.

  3. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak berez ematen dio baimena dirulaguntzen organo kudeatzaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren gaineko egiaztapenak. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen direla. Eskatzaileak berariaz azaldu ahal izango da egiaztapen horien kontra; hala eginez gero, behar diren dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

    Hamargarrena. Aurkeztutako eskabideen zuzenketa.

    Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo aurreko artikuluan zerrendatutako agiriren bat falta dela hautemanez gero, erakunde, pertsona edo elkarte eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzala 10 eguneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta horretarako behar den ebazpena emango dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

    Hamaikagarrena. Eskabideak ebaluatzeko organoa eta prozedura.

  1. Xede horretarako ebaluazio-organo bat sortuko da eta organo horri dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta baloratzea eta esleipen-proposamenak egitea.

  2. Ebaluazio-organoaren burua izango da: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuorde Polentzi Urquijo Sagredo jauna. Organoko kideak izango dira Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendari Jone Miren Fernández Landa andrea, eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendari Xabier Patxi Arrieta Goiri jauna. Azken horrek idazkari-lanak ere egingo ditu.

  3. Itelazpi SAko teknikari kualifikatuek egingo dituzte aurkeztutako eskabideak aztertzeko lan materialak, eta ebaluazio-organoari bidali.

  4. Ebaluazio-organoa osatutakotzat jotzeko eta baliozkoa izateko, saioak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko xedez, beharrezkoa izango da hauek egotea: organoburua eta idazkaria (edo, hala badagokio, ordezkoak), eta, gutxienez, gainerako organokideetako bat. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez, oinarri honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluaren 3. sekzioa aplikatuko da.

    Hamabigarrena. Ebaluatzeko irizpideak.

    (Ikus .PDF)

    • Inbertsioaren eraginkortasunari loturiko irizpideari dagokionez, adierazi behar da aurkeztutako proposamen bakoitzari emango zaizkiola puntuak (BEZik gabe), formula honen arabera:

      Po = 51 * {Im / Io}

      Non:

      Po = Ebaluatutako eskaintza-proposamenari emandako puntuak.

      Im = Dirulaguntzaren gutxieneko zenbateko orokorra, aurkeztutako proposamen guztiak kontuan hartuta.

      Io = Ebaluatutako proposamena egin duen enpresak eskatutako dirulaguntzaren zenbateko orokorra.

      «Dirulaguntzaren zenbateko orokorra» da eskatzaileak aurkeztu eta diruz lagundu daitezkeen kontzeptu guztien batura bider eskatutako laguntzaren ehunekoa (laguntzaren intentsitatea).

      Balorazio diskrezionalaren bidez ebalua daitezkeen irizpideetarako, proiektu bakoitzean azpirizpide bakoitzerako deskribatutako alderdiak sailkatuko dira, aurreko taulan adierazitako gehieneko puntuazioaren baremazio honi erreparatuta:

      Bikaina: % 100

      Ona: % 75

      Nahikoa: % 50

      Eskasa: % 25

      Oso eskasa: % 0

      Banaka aztertuko dira operadoreek aurkezten dituzten eskabide guztiak, hau da, II. eranskineko zerrendako biztanlegune guztietako higiezin-unitate guztietako higiezin-unitate guztiei estaldura emateko aurkeztutako eskabide guztiak; horretarako, eskabide bakoitzari aipatuko zaizkio irizpide horiek, eta bakoitzari puntuazio bat eman ere. Behin ordenatuta, puntuazio handienetik txikienera, puntuaziorik handiena duenari emateko proposamena egingo da.

      Telekomunikazioetako operadore bakoitzari puntuazio bat emango zaio, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. Agindu honen esparruan eman beharreko dirulaguntza irizpide horien araberako puntuaziorik handiena lortzen duen telekomunikazio-operadoreari esleituko zaio.

      Aurkeztutako proiektuak aztertu eta ebaluatu ostean, behin-behineko proposamen bat egingo da. Proposamen hori interesdunei helaraziko zaie eta 10 eguneko epea izango dute, beharrezkotzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, proiektuak ezarritako helburuetara hobeto egokitze aldera. Horren ondoren, behin betiko emakida-proposamenak egingo dira.

      Behin betiko emakida-proposamenean, erakunde onuraduna identifikatuko da, eta alderdi hauek adieraziko dira biztanlegune bakoitzeko: finantzatutako proiektua edo konponbidea, egikaritze-epea eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatutako dirulaguntza eskaerei dagokienez, ukatzeko arrazoiak azalduko dira proposamenean.

      Hamahirugarrena. Dirulaguntza emateko ebazpena.

      1. Aurkeztutako eskabide guztiak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta horren ebazpena ematea Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio, erakunde interesdunek planteatutako alderdi guztiak erabakita, betiere balorazio-organoak laguntzetarako proposamena egin ondoren.

      2. Ebazpenean, alderdi hauek behintzat adieraziko dira:

        Dirulaguntza emateko proposatzen den eskaera identifikatzea, eta egiteko epeak eta ematea proposatzen den laguntzaren zenbateko orokorra adieraztea.

        Deialdiaren eskakizunak ez betetzeagatik ezesteko proposatutako eskabideen zerrenda, baita, eskakizun horiek bete arren, azkenean dirulaguntza hartuko dutenak baino txarrago baloratu diren eskabideak ere. Azken kasu horretan, horien zerrenda ere egingo da, eta adieraziko da zenbateko puntuazioa lortu duten aplikatutako balorazio-irizpideak aplikatuta. Horrekin guztiarekin batera, ezesteko proposamenaren funtsari buruzko motibazioa erantsiko da.

      3. Gehieneko 3 hilabeteko epean ebatzi beharko da prozedura eta jakinarazi beharko zaie ebatzitakoa erakunde interesdunei, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Egun hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek ezetsitakotzat hartu ahal izango dituzte dirulaguntza-eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

      4. Emandako ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egintza espresua bada; edo, hiru hilekoa, espresua ez bada. Hala dago xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala baitago xedatuta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan.

      5. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta banaka jakinaraziko zaie interesdunei.

      6. Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunari ez zaio ez laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat hasita edo izapide-aldian badu.

      7. Dirulaguntzaren emakida ebatzi ondoren, Banda Zabal Ultralasterraren Behatokiaren webgunean argitaratuko da (www.euskadibandazabala.eus) alderdi hauei buruzko informazioa: dirulaguntza hartuko duten hedatze-guneak, onuradunaren izenarekin batera; zer muga-egun dagoen aurreikusita hedatzen amaitzeko, eta zein diren onuradunak bere proposamenean konprometitu dituen zerbitzu-betekizunak. Taula-formatuan eta mapa-formatuan emango da informazio hori, Euskadiko udalerrien araberako kontsultaren bidez.

        Hamalaugarrena. Proiektuaren justifikazioa eta laguntzak ordaintzea.

      1. Laguntza hiru alditan ordainduko da, honela:

        1. Eskatutako justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren gauzatuko da lehen ordainketa: 2021eko ekitaldia amaitu aurretik egindako inbertsioen zenbatekoa ordainduko da. Laguntzaren zenbateko ordaindu hori ezin izango da izan ekitaldi horretarako dagoen aurrekontutik gorakoa (1.000.000,00) euro. Hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuko da eskatutako dokumentazioa.

        2. Eskatutako justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren gauzatuko da bigarren ordainketa: 2022ko ekitaldian egindako inbertsioen zenbatekoa ordainduko da. Laguntzaren zenbateko ordaindu hori ezin izango da izan ekitaldi horretarako dagoen aurrekontutik gorakoa (1.000.000,00) euro. Hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuko da eskatutako dokumentazioa.

        3. Eskatutako justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren gauzatuko da hirugarren eta azken ordainketa: dirulaguntzaren gauzatze-epea amaitu baino lehen egindako inbertsio justifikatuen guztizko zenbatekoa ordainduko da; baina, aurreko ekitaldietan ordaindutakoa kenduko zaio zenbateko horri, eta, edonola ere, laguntzaren zenbateko ordaindu hori ezin izango da izan ekitaldi horretarako dagoen aurrekontutik gorakoa (1.000.000,00) euro. Bi hilabeteko epean aurkeztuko da eskatutako dokumentazioa, gauzatzeko epea amaitzen denetik aurrera.

      2. Aurrekontu-aldi bakoitzeko ordainketetarako eskatutako likidazio-eskabideez gain, honako dokumentazio hau ere eman beharko da:

        1. Proiektuaren egikaritze-memoria xehatua.

        2. Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia.

        3. Finantza-erakundearen ordainketa-egiaztagirien kopia.

        4. Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunari dagokiola eta zenbaki hori duela egiaztatzeko.

        5. Ordainketa bakoitza egiaztatzeko, onuradunak Itelazpi SAri eskatu beharko dio egiazta dezala proiektuaren gauzatze-egoera, aurkeztutako fakturen eta proiektuko gauzatze-egutegiaren arabera. Itelazpi SAk obren bilakaerari buruzko txosten bat egin beharko du, eta aldeko iritzia eman, gauzatu behar den proiektuari, egutegiari eta eskatzen den ordainketa justifikatzen duten obra-ziurtagiriei erreparatuta.

      3. Onuradunak justifikatu beharko du diruz lagundutako proiektua guztiz gauzatu dela, dirulaguntza egikaritzeko amaitu eta bi hileko epean; horretarako, proiektuaren justifikazio-kontuaren auditoretza-txostena egingo da, eta txostenaren edukia honi lotuko zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduko 72. artikulua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).

      4. Horretaz gain, onuradunak, laguntzak jaso baino lehen, eskura jarriko dizkie dirulaguntzen sail izapidegileari (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritza) eta, erakunde laguntzaile ITELAZPI SAri agindu honen 9. oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezko diren agiri guztiak.

      5. Sail izapidegileak eta erakunde laguntzaileak behar beste dokumentazio eta informazio osagarri eskatu ahal izango dute, erakunde onuradunak aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko. Halaber, diruz lagundutako jarduera osorik egin dela justifikatzen duen dokumentazioa aurkezteko ere eska dezakete. Horrez gain, banda zabaleko kontratua izenpetu dela egiaztatu beharko da. Kontratuan, agindu honetan eskatutako baldintzak bete behar dira, eta banda zabala hedatu den biztanleria-unitateko etxebizitza, lokal edo antzekoren baterako sinatu.

      6. Laguntza ordaindu aurretik, eta aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatuta, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendariak ebazpena emango du, eta, hor adieraziko da pertsona edo enpresa onuradunari eman beharreko zenbateko osoa edo partziala. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da. Ez da dirulaguntzarik ordainduko, baldin eta onuradunak ez badauzka egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

        Hamabosgarrena. Erakunde laguntzailea.

      1. Agindu honetan jasotako arauketari jarraikiz ematen diren dirulaguntzen ondorioetarako, Itelazpi SA erakunde laguntzailea izango da, eta hauek beteko ditu: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena; 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15. eta 46. artikuluetako betebeharrak eta lankidetza-beharra, eta artikulu honetan eta kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenean jasotzen diren zehaztapenak.

      2. Itelazpi SAk, erakunde laguntzailea denez gero, honako funtzio hauek beteko ditu:

        1. Aurkeztutako eskabideen dokumentazioa aztertzea eta, behar izanez gero, ondo ulertzeko eta aztertzeko beharrezkoa den dokumentazioa eskatzea.

        2. Eskabideak ebaluatzea eta ebaluazio-organoari bidaltzea.

        3. Laguntzak proposatzea eta ebaluazio-organoari bidaltzea.

        4. Proiektuak egikaritzen ari direla egiaztatzeko ikuskapenak egitea.

        5. Eskatutako aldaketen garrantziari buruzko txostena egitea.

        6. Hala badagokio, ez-betetzeagatiko espedientea hasteko proposatzea, proiektua egikaritzeari lotutako gorabeherak direla medio.

      3. Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatzen laguntzeko erakundeak ezinbestean bete behar ditu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta horiek garatzeko araudietan ezartzen zaizkien betebeharrak eta erantzukizunak.

        Hamaseigarrena. Ez-betetzeak, itzulketak eta zehapenak.

      1. Agindu honen hemezortzigarren oinarrian eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak eta, hala badagokio, emakida-ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, behar den itzultze-prozedura egin eta gero, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, berandutze-interesak ordainduta, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen I. kapituluko II. tituluan eta haren erregelamenduko III. tituluan xedatutakoarekin bat eginez.

      2. Azaroaren 17ko 28/2003 Legearen IV. tituluan aurreikusitakoa aplikatuko da, baldin eta arau-hauste administratiboren bat egiten bada dirulaguntzen eta laguntza publikoen arloan.

        Hamazazpigarrena. Ez-betetze posibleak mailakatzeko irizpideak.

      1. Onuradunaren betetze-maila ia erabatekoa bada, eta onuradunak nabarmen egiaztatzen badu konpromisoak eta emandako dirulaguntzaren baldintzak bete nahian diharduela, itzuli beharreko zenbatekoa irizpide hauen arabera xedatu beharko da:

        1. Diruz lagundutako helburuak, inbertsio finantzagarria edo justifikazio-betebeharra zati batean betetzen ez badira, dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da, egin edo justifikatu ez den inbertsioari dagokion ehunekoa hain zuzen ere.

        2. Aurrekontu finantzagarrian baimendu ez den aldaketaren eginez gero, desbideratutako zenbatekoak itzuliko dira, betiere aintzat hartuta hamabosgarren oinarriaren 5. apartatuan aurreikusitako salbuespena.

      2. Diruz lagundutako helburuak, inbertsio finantzagarria edo justifikazio-betebeharra inola ere ez badira betetzen, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, bai eta berandutze-interesak ere.

      3. Ezarritako justifikazio-epea igaro bada, edo, hala badagokio, luzapena igaro bada, justifikazioa aurkeztu gabe, onuradunari errekerimendua egingo zaio 15 egun luzaezineko epean justifikazioa aurkez dezan. Justifikazioa artikulu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, justifikatu gabeko dirulaguntza itzultzea eta azaroaren 17ko 38/2003 Legean ezarritako gainerako erantzukizunak bere gain hartzea eskatuko da.

      4. Halaber, jasotako kantitateak itzuliko dira, eta dirulaguntzen arloko berandutze-interes aplikagarriak eskatuko dira; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartu zuen uztailaren 21eko 887/2006 Legearen 37. artikuluan adierazitako egoeretan.

      5. Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordeari dagokio ez-betetze espedientea hastea, oso astuntzat tipifikatutako faltak badira, eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendariari, arintzat edo astuntzat tipifikatutako faltak badira, betiere aplikatu beharreko legeekin bat etorriz.

        Hamazortzigarrena. Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak.

        Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak betebehar hauek izango ditu:

      1. Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.

      2. Dirulaguntzaren xede den sarea gutxienez hamar urtez erabiltzea, egindako lanak osorik onartu diren egunetik hasita. Azpiegitura osoa eta instalatutako ekipamendua egoki ustiatzeko eta mantentzeko ardura izango du enpresak.

      3. Komunikazio elektronikoko gainerako operadoreei sarbide osoa eta ez-diskriminatzailea ematea, diruz lagundutako sareari buruzko informaziora eta haren gainean eskainitako handizkako zerbitzuetara sar daitezen.

      4. Konprometitutako proiektua betetzea eta bete dela justifikatzea.

      5. Eskatzen zaion informazio osagarria bidaltzea, Administrazioak eta erakunde laguntzaileak aukera izan dezaten egokitzat jotzen dituzten egiaztapenak egiteko, proiektua garatzeari eta gauzatzeari dagokienez. Horrez gain, kontrol administratiboen, lursailaren inguruko kontrolen eta a posteriori egindako kontrolen eraginpean egongo da onuraduna. Kontrol horiek araudi aplikagarriaren barnean daude, Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduko aplikazioko xedapenak ezartzen ditu, kudeaketa eta kontrol integratuko sistemari dagokionez).

      6. Inbertsio-proiektuari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.

      7. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

      8. Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailari jakinaraztea xede bererako edo antzeko baterako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso dituela beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen aldetik, baita dirulaguntza emateko arrazoiak aldatzea dakarren beste edozein egoera ere.

      9. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunarerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak Administrazioarekiko kontratuak eta hitzarmenak egiten edo dirulaguntzak hartzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak bere egitea, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.

      10. Dirulaguntzaren xede den edozein jarduketarako jaso duen finantzazioaren publikotasun egokia eman beharko du. Dirulaguntzen publikotasunerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikulua eta lege hori garatzen duen erregelamenduaren 31. artikulua beteko dira, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean zehaztutako terminoetan eta baldintzetan.

        Laguntzak jasotzen dituen operadoreak NGAri loturiko kokapenari eta hedapenari buruzko informazioa argitaratu beharko du bere webgunean, baita sarea ustiatzen hasi den eguna, handizkako zerbitzuak, eta sarbide eraginkorrerako baldintzak ere, hasita dauden obretarako edo hedatutako sareetarako sarbidea izan nahi duten operadoreek informazio nahikoa izan dezaten.

      11. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

        (Ikus .PDF)

        (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik