Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko irailaren 2koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez 2020. urterako deialdia egiten baita Urdaibaiko Biosfera erreserban izandako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko eta zaintza-akordioen bidez ingurumen-kudeaketa egiteko laguntzetarako eta dirulaguntzetarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 189
  • Hurrenkera-zk.: 3830
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/09/02
  • Argitaratze-data: 2020/09/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ingurumena

Testu legala

2019ko ekainaren 10ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ekainaren 4ko 83/2019 Dekretua, Urdaibaiko Biosfera Erreserban izandako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko eta zaintza-akordioen bidez ingurumen-kudeaketa egokia egiteko dirulaguntzak arautzen dituena. Dekretu horren xedea da honako hauetarako laguntza eta dirulaguntzen araubidearen oinarri erregulatzaileak ezartzea: Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak ezarritako baso-erabileren mugek eragindako galerak konpentsatzeko eta bertan ezarritako konpentsazio-helburuak betetzea bultzatzeko, natura-ondarea eta biodibertsitatea kontserbatzea helburu duten lurraldea zaintzeko akordioen bidez.

Dekretu honek bi dirulaguntza sorta aurrikusten ditu:

Konpentsatzeko laguntzak: Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean baso-erabileretan ezarritako mugek eragindako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko laguntzak dira.

Zaintzeko dirulaguntzak: natura-ondarea aktiboki zaintzeko jarduerak finantzatzeko dirulaguntzak dira, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako esparruan lurraldea zaintzeko akordioetan sartutakoak.

2019ko ekainaren 4ko 83/2019 Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero argitaratuko da dagokion deialdi-agindua, artikulu horretan jasotzen den edukiarekin. Ildo horretan, agindu honek, aipatutako dekretuan jasotako mandatua betez, honako hauek arautzen ditu: zer dirulaguntza-sortaren deialdia egiten den, eskaerak aurkezteko eta jarduketak gauzatzeko epeak, esleitzeko eta kuantifikatzeko beste irizpide batzuk, kalifikazio-epaimahaiaren osaketa, sorta bakoitzari zer zenbateko esleitzen zaion, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera deialdirako beharrezkoa den gainerako edukia.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, 2013an onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Planaren esparruan duen berdintasun-politikako dokumentu programatikoarekin bat etorriz, kontuan hartuko ditu genero-ikuspegia txertatzen duten jarduerak, eta izaera estrategikokotzat joko ditu, Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideen arabera.

Ekainaren 4ko 83/2019 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, natura-ondarearen arloan eskumena daukan zuzendaritzak kudeatuko ditu dirulaguntzak, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuko Zerbitzuaren laguntza izango du zeregin horretan. Aipatutako dekretuaren 15.1 artikuluaren arabera, natura-ondarearen arloan eskumena daukan zuzendaria izango da balorazio-epaimahaiko burua; era berean, balorazio-epaimahaiko kide izango dira Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zuzendari-kontserbadorea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuko Zerbitzuari atxikitako pertsona bat.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren Aginduan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 2018-2020 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzekoan, jasota dago dirulaguntza hori, bosgarren helburu estrategikoaren barruan gure natura-ondarea babestea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak eskatzen duen bezala, eta agindu horretan adierazitako edukiarekin.

Horregatik guztiagatik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan ematen zaizkidan eskumenak baliatuz; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluarekin bat etorriz; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak kontuan hartuta,

Agindu honen xedea da, Urdaibaiko Biosfera Erreserban izandako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko eta haren ingurumen-kudeaketa egokia egiteko dirulaguntzak arautzen dituen ekainaren 4ko 83/2019 Dekretuarekin bat etorriz, 2020 ekitaldirako deialdia egitea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean ezarritako baso-erabileretan ezarritako mugengatiko konpentsazio ekonomikorako laguntzena eta dirulaguntzena eta bertan ezarritako kontserbazio-helburuak bete daitezela sustatzeko natura-ondarea eta biodibertsitatea kontserbatzeko lurraldea zaintzeko akordioak artikulatzeko laguntzena eta dirulaguntzena. Laguntzak eta dirulaguntzak honako sorta hauetan emango dira:

Konpentsatzeko laguntzak.

Zaintzeko dirulaguntzak.

Urdaibaiko Biosfera Erreserban izandako errentagarritasun-finantzarioaren galera konpentsatzeko eta zaintza-akordioen bidez ingurumen-kudeaketa egokia egiteko dirulaguntzen deialdi honetarako aurrekontu-zuzkiduraren zenbateko osoa ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) eurokoa da, honela banakatuta:

Konpentsatzeko laguntzak: ehun eta hogei mila (120.000) euro.

Zaintzeko dirulaguntzak: hogeita hamar mila (30.000) euro.

Sortaren batean esleitutako zenbatekoa ematen ez bada, aurrekontu-zuzkidurarik ez izateagatik esleitu ezin izan den beste dirulaguntza-sortara bideratu ahal izango da.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  1. Agindu honen xede diren laguntzen eta dirulaguntzen pertsona fisiko eskatzaileek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak. Eskaerak aurrez hitzordua eskatuta baino ez dira aurkeztuko Zuzenean zerbitzuan.

    Eskaerak modu telematikoan ere aurkeztu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1077101 (Konpentsatzeko laguntzak).

  2. Eskatzaileak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluko zerrendan badaude, hala nola zaintzeko dirulaguntzen eskatzaileen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskatu beharko dituzte laguntzak.

    Konpentsatzeko laguntzak. www.euskadi.eus/zerbitzuak/1077101.

    Zaintzeko dirulaguntzak. www.euskadi.eus/zerbitzuak/1077102.

    Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/micarpeta.

  1. Eskaerarekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako baldintzetan. Adierazpen horren helburua honakoa izango da: egiaztatzea betetzen diren ala ez Urdaibaiko Biosfera Erreserban izandako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko eta zaintza-akordioen bidez ingurumen-kudeaketa egokia egiteko dirulaguntzak arautzen dituen ekainaren 4ko 83/2019 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak.

  2. Konpentsatzeko laguntzaren eskatzaileek, artikulu honen 1. zenbakian aurreikusitako erantzukizunpeko adierazpenaz gain, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    Baso-ustiategi baten titulartasunaren egiaztagiria, Urdaibaiko Biosfera Erreserban izandako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko eta zaintza-akordioen bidez ingurumen-kudeaketa egokia egiteko dirulaguntzak arautzen dituen ekainaren 4ko 83/2019 Dekretuaren 2.1 artikuluko baldintzak betetzen dituena.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren mozketa-baimena.

    Hala badagokio, Baso Kudeaketa Iraunkorrerako Plana, Bizkaiko Foru Aldundian mendien arloan eskumena duen saileko foru-diputatuak onartua.

  3. Zaintzeko dirulaguntzen eskatzaileek, artikulu honetako 1. apartatatuan aurreikusitako eskaeraz eta erantzukizunpeko adierazpenaz gain, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    Irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoaren estatutuen eta horien aldaketen kopia.

    Memoria deskribatzailea, honako hauek behar bezala zehaztuta:

    Zaintza-akordioa, Urdaibaiko Biosfera Erreserban izandako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko eta zaintza-akordioen bidez ingurumen-kudeaketa egokia egiteko dirulaguntzak arautzen dituen ekainaren 4ko 83/2019 Dekretuaren 2.2 artikuluan deskribatutako baldintzak betetzen dituena.

    Akordioaren iraupena, helburuak, jarduteko lekuaren planoa eta mugaketa, epeak, jarduketen irismena eta garapena, jardueraren aurrekontu osoa, partiden arabera banakatuta, eta jarduketak gauzatzeko egutegia.

    Hala dagokionean, udalaren hirigintza-lizentzia, eta, hala badagokio, administrazio sektorial eskudunaren nahitaezko baimen eta lizentziak.

  4. Eskatzaileek eskubidea dute 5.2.b) artikuluan (Bizkaiko Foru Aldundiaren mozketa-baimena) eta 5.3.e) artikuluan (udalaren hirigintza-lizentzia) aipatzen diren agiriak ez aurkezteko, bai eta, Urdaibaiko Biosfera Erreserban errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko eta zaintza-akordioen bidez ingurumen-kudeaketa egokia egiteko dirulaguntzak arautzen dituen ekainaren 4ko 83/2019 Dekretuaren, 4.1.a) eta b) artikuluetan aipatzen diren dokumentuak ez aurkeztekoa ere. Hala eginez gero, ordea, ezin dute organo kudeatzaileak bere sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez elektronikoki eskuragarri daudenak beste administrazio publiko batzuei kontsultatzearen edo eskatzearen aurka egon.

    Eskatzaileak administrazio arteko kontsultaren aurka egiten badu, eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta hori gabe ez da bere eskaera izapidetuko.

  1. Konpentsatzeko laguntzen sortan, Urdaibaiko Biosfera Erreserban izandako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko eta zaintza-akordioen bidez ingurumen-kudeaketa egokia egiteko dirulaguntzak arautzen dituen ekainaren 4ko 83/2019 Dekretuaren 2. artikuluan jasotako kasuak gauzatzeko epeak honakoak dira:

    1. Basogintza-proiektua kentzea: Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren arabera baso-erabilera baimenduta ez dagoen lurzoruetan, gehienez ere urtebeteko epean kenduko da basogintza-proiektua.

    2. Ingurumen-lehengoratzeko aldaketa: Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planeko nukleo-guneen Gainkategorietan, ziklo ertaineko edo luzeko espezie hostozabal autoktonoak ezartzen direnetan, gehienez ere urtebeteko epean aldatuko da basogintza-proiektua.

    3. Basogintza-motaren aldaketa: Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak baso-erabilera baimentzen duen gainkategorietan, basogintza-proiektua aldatuko da, eta gehienez ere urtebeteko epean ezarriko dira ziklo ertaineko edo luzeko espezie hostozabal aloktonoak edo autoktonoak.

  2. Zaintzeko dirulaguntzen sortan, lurraldea zaintzeko akordioen gutxieneko indarraldia urtebetekoa izango da.

  1. Konpentsatzeko laguntza-sortarako: dirulaguntzak esleitzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, eta kasu bakoitzean zehazten den haztapena egingo da.

    Lursailen kokapena: gehienez ere 75 puntu (aplikatu beharreko irizpideen % 75a), eskala honen arabera:

    Gunearen Gainkategorian sartutako lurzatiaren azaleraren ehunekoa; azaleraren ehunekoa 75 puntuz biderkatuko da.

    Gunearen Babesaren Gainkategorian sartutako lurzatiaren azaleraren ehunekoa; azaleraren ehunekoa 50 puntuz biderkatuko da.

    Trantsizio Gainkategoriako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko Intereseko Eremuko Balio agrologiko Handiko Eremuan sartutako lurzatiaren azaleraren ehunekoa; azaleraren ehunekoa 50 puntuz biderkatuko da.

    Natura-ondarea kontserbatzen laguntzeko proposatutako ekintzen ahalmena: gehienez ere 15 puntu (aplikatu beharreko irizpideen % 15a), eskala honen arabera:

    2016ko abenduaren 31 baino lehen egindako mozketak. 15 puntu.

    2017ko abenduaren 31 baino lehen egindako mozketak. 10 puntu.

    2018ko abenduaren 31 baino lehen egindako mozketak. 5 puntu.

    2018ko abenduaren 31tik aurrera egindako mozketak. 0 puntu.

    Basogintza-kudeaketa Jasangarrirako Plan Tekniko baten arabera mozketak izan dituzten lurrek 10 puntu lortuko dituzte (aplikatu beharreko irizpideen % 10a).

    Berdinketa gertatuz gero, lurzoruaren kalifikazioetan azalera handiena duten lurzatiei emango zaie lehentasuna, eta Gunearen Gainkategoriako azalera handienaren arabera ordenatuko dira lehen irizpide gisa, eta Gunearen Babesaren Gainkategoriako azalera handienaren arabera irizpide gehigarri gisa.

  2. Zaintzeko dirulaguntzen sortarako: dirulaguntzak esleitzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, eta kasu bakoitzean zehazten den haztapena egingo da.

    Lursailak Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean ezarritako kalifikazioaren arabera kokatzea. Gehienez ere 30 puntu (aplikatu beharreko irizpideen % 30a).

    Gunearen Gainkategorian sartutako lursailek 30 puntu lortuko dituzte.

    Gunearen Babesaren Gainkategorian sartutako lursailek 20 puntu lortuko dituzte.

    Trantsizio Gainkategorian sartuta dauden eta baso-erabilera izan dezaketen lursailek 10 puntu lortuko dituzte.

    Jarduera-eremu berari buruzko kalifikazio bat baino gehiago badago, puntuazio handienari dagokiona baloratuko da.

    Natura-ondarea kontserbatzen laguntzeko proposatutako ekintzen ahalmena, gehienez ere 30 puntu (aplikatu beharreko irizpideen % 30a).

    Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasuna, natura-ondarea eta paisaia kontserbatzeko, zaharberritzeko eta hobetzeko egiten duen ekarpenaren arabera, 10 puntu gehienez ere.

    Ikerketa- eta jarraipen-planaren kalitate teknikoa eta proiekzioa, gehienez ere 10 puntu.

    Komunikazio- eta hedapen-jardueren gizarte-eraginaren ahalmena, gehienez ere 10 puntu.

    Lurraldea zaintzeko akordioaren denbora-tartea, akordioak irauten duen urte bakoitzeko 2 puntu; gehienez ere 20 puntu (aplikatu beharreko irizpideen % 20a).

    Zaintzeko akordioetan jasotako jarduerak, 20 puntu gehienez ere (aplikatu beharreko irizpideen % 20a).

Dirulaguntzaren zenbatekoa honela lortuko da:

  1. Konpentsatzeko laguntza-sortarako, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean baso-erabileretarako onartutako mugen irismena hartuko da kontuan. Diruz lagundu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko metodologia Lurzoruaren Legearen Balorazioen Erregelamendua onartzen duen urriaren 24ko 1492/2011 Errege Dekretuan aurreikusitakoa da (I. eranskina).

  2. Zaintzeko dirulaguntza-sortarako, kuantifikazioak kontuan hartuko ditu zaintzeko akordioetan jasotako jarduerak, II. eranskinean jasotako diruz lagundu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko metodologiaren arabera.

Aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-organo bat eratuko da. Honako hauek osatuko dute organo hori:

Batzordeburu gisa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendaria.

Nicolas Garcia-Borreguero Uribe, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuko Zerbitzuko zuzendari-kontserbatzailea.

Batzordekide gisa, Xabier Albizu Zabala, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuko Zerbitzuari atxikitako teknikaria, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak izendatua.

Prozeduraren ebazpena, Urdaibaiko Biosfera Erreserban izandako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko eta zaintza-akordioen bidez ingurumen-kudeaketa egokia egiteko dirulaguntzak arautzen dituen ekainaren 4ko 83/2019 Dekretuaren,16. artikuluan ezarritakoaren arabera eman eta argitaratuko da.

Hala ere, konpentsatzeko laguntzak de minimis laguntzak direnez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115.2 artikuluan aurreikusitako eragiketen zerrendan agertuko dira.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, ebazpena eman eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz aurreikusi gabeko guztiari dagokionez, honako hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: Urdaibaiko Biosfera Erreserban izandako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko eta zaintza-akordioen bidez ingurumen-kudeaketa egokia egiteko dirulaguntzak arautzen dituen ekainaren 4ko 83/2019 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 2a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.