Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko abuztuaren 24koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena eta Osasuneko sailburuarena, 2020ko nekazaritza-kanpainetarako sasoiko langileen kontratazioa erantzukizunez adierazteko betebeharra ezartzen duena, COVID-19 pandemiak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila; Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 169
  • Hurrenkera-zk.: 3433
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/08/24
  • Argitaratze-data: 2020/08/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

COVID-19 gaitza zabaltzeak eragin duen osasun-larrialdiaren ondorioz, gobernuek neurriak hartu behar izan dituzte kutsadura-boladaren aurka borrokatzeko eta eragiten ari den ondorio ekonomiko eta sozialak arintzeko.

Nekazaritzako produktuak biltzeko jarduerak eta nekazaritzako aldi baterako langile ugari laster Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat eremu geografikotan egoteak prebentzio-neurri espezifikoak hartzera behartzen ditu sektoreko enpresaburuak, kutsadura-arriskua murrizteko eta, horrela, kanpainen garapen normala bermatzeko.

Gaur egun, sasoiko lanarekin lotutako nekazaritza-jardueren ondorioz hainbat eta hainbat gaitzaren agerraldi gertatzen ari direla ikusten da; horregatik, beharrezkoa da prebentzio-neurriei eustea eta zabaltzea, COVID-19ari eraginkortasun handiagoz aurre egiteko, eta ezinbestekoa da nekazaritzako aldi baterako lan-eskariaren aurreikuspenak xehetasun handiagoz ezagutzea.

Era berean, ezinbestekoa da kutsatuta dauden edo kutsatuta egon daitezkeen langileak bakartzeko eremu egokiak izatea, eta beharrezkoa da enpresek eta botere publikoek azpiegitura horiek prestatzeko dituzten erantzukizunak indartzea eta argitzea.

Egoera hori kontuan izaki eta mahats-bilketako eta patatako kanpainak gertu daudenez, beharrezkoa izan da nekazaritzako ustiategietarako segurtasun higieniko-sanitarioaren arloan dagoen protokoloa hobetu eta egokitu duen jarduera-protokolo bat diseinatzea. Protokolo horretan zehazten dira sasoiko langileak kontratatuko dituzten nekazaritzako ustiategietan eta haiei emandako ostatuetan ezarri beharreko jardunbide egokiak, COVID-19a langileen artean kutsatzea eta infektatzea prebenitzeko.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan xedatutakoaren arabera, sail horri dagozkio nekazaritzako ekoizpenak hobetzeko eskumenak, bai eta nekazaritzako elikagaien sektorea eta horri lotutako zerbitzuak arautzekoak ere.

Osasun Sailari dagozkio arlo hauetako eskumenak: informazio, zaintza eta esku-hartze epidemiologikoa; zaintza epidemiologikoa planifikatzea, koordinatzea eta kudeatzea eta gaixotasun transmitigarrien eta agerraldi epidemikoen kontrola, Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretua aplikatuta.

Horregatik guztiagatik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Osasun Sailak batera ematen dute agindu hau, bi dekretuotan esleitutako eskumenekin bat etorrita.

Azaldutako arrazoiengatik, honako hau

Lehenengoa. Xedea.

Agindu honen xedea da 2020ko nekazaritza-kanpainetan indarrean dauden kontratazioak eta sasoiko langileak kontratatzeko aurreikuspenak adierazteko betebeharra ezartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz, COVID-19 pandemiak Euskal Autonomia Erkidegoan eragindako osasun-krisiari aurre egiteko.

Bigarrena. Erantzukizunpeko adierazpena.

  1. 2020ko nekazaritza-kanpainetan sasoiko langileak enplegatuta dituzten edo enplegatuko dituzten nekazaritza-ustiategiak, zuzenean nahiz enpresa bitartekarien bitartez kontratatzen badituzte, behartuta daude erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari jakinaraztera (eredua eranskin gisa doa).

  2. Administrazioak adierazpen horietan aurkeztutako datuak eta aurreikuspenak egiazkoak direla egiaztatu ahal izango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren datu-baseekin eta beste administrazio batzuekin datuak erkatuz.

    Hirugarrena. Aurkezteko epea.

    2020ko nekazaritza-kanpainetako sasoiko langileen egungo enpleguari eta enplegu estimatuari buruzko erantzukizunpeko adierazpenak, bai kontratazio zuzenei buruzkoak, bai bitarteko enpresen bidez egindakoei buruzkoak, gehienez ere zazpi egun balioduneko epean jakinarazi beharko dira, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aldaketaren bat gertatuz gero, beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, aurretik aurkeztutako datuak eguneratzeko.

    Laugarrena. Aurkezteko modua.

  1. 2020ko nekazaritza-kanpainetan sasoiko langileak enplegatzen dituen edo enplegatu behar dituen pertsona pertsona fisikoa denean, adierazpena aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztu ahal izango du.

  2. 2020ko nekazaritza-kanpainetan sasoiko langileak enplegatzen dituen edo enplegatu behar dituen pertsona administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoenean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, behartuta egongo da administrazioarekiko harreman elektronikoa izatera, eta kanal elektronikoaren bidez soilik izapidetu ahal izango da.

  3. Aurreko apartatuetan adierazitakoaren arabera, aurrez aurre edo bide elektronikoaren bidez aurkeztuko da, agindu honen eranskin gisa doan ereduaren arabera. Eredu hori eskuragarri egongo da web-helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1107701 (lehen komunikaziorako); https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1107702 (datuak aldatzeko/eguneratzeko, hala badagokio).

    Aurrez aurre: adierazpenak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten.

    Modu elektronikoa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1107701 (lehen komunikaziorako); https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1107702 (datuak aldatzeko/eguneratzeko, hala badagokio). Kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak erabili beharko dira, helbide honetan eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  4. Hala badagokio, adierazpenaren osteko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    Bosgarrena. Osasun-kontrola eta -jarraipena.

    Herritarren osasuna babesteko, Osasun Sailak sasoiko langileen osasun-kontrolerako eta -jarraipenerako jarduerak ezarriko ditu 2020ko nekazaritza-kanpainetan, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen probak zehaztuko ditu. Halaber, birusak kutsatutako pertsonak eta haien kontaktu estuak bakartzeko neurri egokiak hartzeaz arduratuko da. Era berean, laguntza emango dio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, toki- eta foru-erakundeekin lankidetzan, COVID-19ak jotako pertsonak edo kutsatutako pertsonekin harreman estuan egon diren eta berrogeialdia bete behar duten pertsonak bakartzeko espazioak gaitzeko.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta 2020ko nekazaritza-kanpainak amaitu arte egongo da indarrean.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako edo Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

    Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 24a.

    Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

    Osasuneko sailburua,

    MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik