Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko uztailaren 22koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteentzako 2020ko ekitaldirako laguntzen deialdia egiten baita. Laguntza horiek Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020ko Programan jasota daude.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 159
  • Hurrenkera-zk.: 3284
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/22
  • Argitaratze-data: 2020/08/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteei eta horien batasun edo federazioei buruzko urtarrilaren 30eko 10/2018 Dekretuaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpena elkarrekin merkaturatzen duten nekazarien elkarteak eta horien batasunak aitortzeko oinarrizko arauak eta betekizunak ezartzea.

Halaber, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) esparruan, 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programa onartu da Europako Batzordearen 2015-5-26ko Erabakiaren bidez. Erabaki horretan, ekoizleen talde eta erakundeak sortzen laguntzeko asmoz, elkarrekin finantzatutako neurri bat jasotzen da, zeinaren bidez nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen talde eta erakundeei laguntzen baitzaie (M09 neurria). Bestalde, otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren bidez, 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezarri da.

Hori dela eta, agindu honen bidez, 2020ko ekitaldirako deialdia egiten da Euskadiko Landa Garapenerako Programan sartutako laguntzak eskatzeko programak indarrean dirauen bitartean aitortzen diren ekoizle-taldeentzat, otsailaren 14ko 43/2018 Dekretuaren 21. artikuluarekin bat.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak aurtengo laguntzen deialdia egiteko aukera ematen du. Halaber, agindu honetan aurreikusitako laguntzei Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra aplikatuko zaizkie.

Hori dela bide, hau

Lehenengoa. Xedea.

  1. Agindu honen xedea da Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020ko Programa berrian jasotako laguntzen deialdia egitea 2020ko ekitaldirako, programak indarrean dirauen bitartean aitortzen diren nekazaritza- eta basogintza-ekoizleen elkarte edo erakundeak eta horien batasun edo federazioak sortzeko.

  2. Laguntza hauek Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020ko Programaren barruan daude eta bertan ezarritako baldintzak bete behar dituzte, bai eta otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuan ezarritakoak ere dekretu horren bidez ezarri da 2015-2020ko aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia.

    Bigarrena. Onuradunak eta betekizunak.

  1. Agindu honetan ezarritako laguntzak jaso ahal izango dituzte nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen elkarte edo erakundeek eta horien batasun edo federazioek, baldin eta 2015etik aurrera eratu eta halakotzat onartuta badaude, honako hauek aplikatuta: Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretua, edo Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteei eta horien batasun edo federazioei buruzko urtarrilaren 30eko 10/2018 Dekretua, eta horiek egokitzeko aginduak.

  2. Kapitulu honetan deitutako laguntzak eskatu ahal izango dituzte nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen elkarte edo erakundeek eta horien batasun edo federazioek, baldintza orokor hauek betetzen badituzte:

    1. Halakotzat onartuta egotea honako hauek aplikatuta: Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretua, edo Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteei eta horien batasun edo federazioei buruzko urtarrilaren 30eko 10/2018 Dekretua, eta horiek egokitzeko aginduak. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien eta Baso-ekoizleen Elkarteen eta horien Batasun edo Federazioen Erregistroan inskribatuta egotea.

    2. Elkartearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan egotea.

    3. 2015-2020ko Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasotako edozein laguntza ematerakoan hartutako konpromisoak betetzea edo bete izana.

    4. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere.

    5. Ezingo dira onuradun izan laguntza publikoak lortzeko zigorra, administratiboa edo penala, duten elkarteak, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere. Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten elkarteek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat. Halaber, ezingo dira laguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. ataletan jasotako egoeretakoren batean dauden pertsona edo erakundeak; egoera horiek aipatutako lege horren 13. artikuluaren 4., 5. eta 6. ataletan xedatutakoaren arabera egiaztatuko dira.

  3. Era berean, honako berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte elkarteek:

    1. Tamainari begira, ezin izango dute gainditu ETE kategoria, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

    2. Elkarteak bere elkartekideen ekoizpenaren zati bat merkaturatu beharko du, eta honako helburu hauetako bati lotuta egon beharko du:

      Elkarte edo erakunde horietako kideen ekoizpena eta etekina merkatuaren eskarietara egokitzea;

      Produktuak elkarrekin merkaturatzea; eta horren barruan sartzen da salmentarako prestatzea, salmenten zentralizazioa eta handizkakoak hornitzea;

      Ekoizpenaren inguruko informazioari buruz arau komunak ezartzea, bereziki uztari eta prestasunari erreferentzia eginez; eta

      Ekoizle-elkarteek egin ditzaketen beste jarduera batzuk egitea; esaterako, enpresa- eta merkatu-gaitasunak garatzea eta prozesu berritzaileak antolatzea eta erraztea.

    3. 5 urterako plan enpresariala aurkeztu beharko dute, bertan merkaturatze- eta fakturazio-aurreikuspenak adierazi eta, gutxienez, betekizun hauek jaso beharko dituzte:

      Produktua ekoizteko guztiek erabiliko dituzten arauak; programazioa, kalitate-sistemak eta, hala badagokie, erabiliko dituzten metodo ekologikoak edo praktika biologikoak;

      Ekoizpena ezagutzeko arauak;

      Merkaturatzeko eta informazioa emateko guztiek baliatuko dituzten arauak;

      Aurreikusitako negozio-zifra eta ekoizpen-bolumena, elkarteak aitorpena lortzea eragin duten produktuena; eta

      Honako konpromiso hauek:

      Edo merkaturatze-bolumenean edo bazkide-kopuruan, lehenengo hiru urteetan % 10 haztea, eskaera egin den urteko datu egiaztatuak aintzat hartuta. Edo merkaturatze-bolumenean edo bazkide-kopuruan, lehenengo lau urteetan % 20 haztea, eskaera egin den urteko datu egiaztatuak aintzat hartuta.

      Hirugarrena. Finantzaketa eta emateko prozedura.

      1. Agindu honen arabera 2020ko ekitaldian emango diren laguntzen gehieneko bolumena 400.000 eurokoa izango da.

        Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako aurrekontu-kredituetatik aterako dira, eta, LGPren ondorioetarako, finantzaketa gehigarritzat hartuko dira.

      2. Agindu honetan araututako laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Baldin eta ebazpen-zati honen 1. paragrafoan ezarritako zuzkidura osoa ez bada aski aurkezten diren eskabide guztietarako, puntuaziorik handiena lortzen duten eskabideei emango zaizkie laguntzak, baremo honen arabera:

        1. Dagoeneko eratuta eta aitortuta dauden ekoizleen elkarteek edo horien batasunek eginiko eskabideak: 20 puntu.

        2. 5 urterako negozio-planean produktuaren merkaturatze-bolumenik handiena aurreikusten duten ekoizleen elkarteek edo horien batasunek eginiko eskabideak: 10 eta 6 puntu artean.

          Berdintasuna mantentzen bada, 5 urterako negozio planean bazkide-kopuruaren eta/edo produktuaren merkaturatze-bolumenaren hazkunderik handiena aurreikusten duten espedienteei emango zaie lehentasuna.

          Laugarrena. Laguntzen bateragarritasuna.

          1. Agindu honetan jasotako laguntzak bateraezinak dira fruta- eta barazki-ekoizleen elkarteentzako laguntzekin; izan ere, azken horiek euren berariazko araudia dute.

          2. Beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek agindu honetan ezarritako xede bererako ematen dituzten laguntzak ere agindu honetakoekin bateragarriak izango dira, baldin eta dirulaguntzek, batzuk eta besteak gehituta, agindu honetan ezarritako mugak gainditzen ez badituzte. Hala ere, bateraezinak izango dira Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak xede bererako ematen dituen beste laguntza batzuekin. Laguntza guztien baturak esandako mugak gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

            Bosgarrena. Laguntzen zenbatekoa.

          1. Nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ekoizleen elkarteentzako laguntza 2015etik aurrera eratu eta halakotzat onartutako elkarteentzakoa hau izango da:

            Merkaturatutako produkzioaren % 9, lehenengo urtean.

            Merkaturatutako produkzioaren % 8, bigarren urtean.

            Merkaturatutako produkzioaren % 7, hirugarren urtean.

            Merkaturatutako produkzioaren % 6, laugarren urtean.

            Merkaturatutako produkzioaren % 5, bosgarren urtean.

            Lehenengo urtean, ekoizleen elkarte edo erakundeko kideek elkartean edo erakundean sartu aurreko hiru urteetan merkaturatutako produkzioaren urteko batez besteko balioan oinarrituz kalkulatuta ordaindu ahal izango da ekoizleen elkarte edo erakundeentzako laguntza.

          2. Ekoizleen elkarte edo erakunde bati, gehienez, 100.000 euro ordaindu ahal izango zaizkio urtean.

          3. Basogintza-sektoreko elkarteentzako laguntzen kasuan, neurriaren deskribapenean ezarritakoaz gain, estatuko laguntzei buruzko arauak aplikatuko dira, eta 2014tik 2020ra bitartean landa eremuetan nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako estatuko laguntzei aplika dakizkiekeen EBko zuzentarauen arabera emango dira.

            Hala ere, basogintza-sektoreko ekoizleen elkarte edo erakunde bati, gehienez, 100.000 euro ordaindu ahal izango zaizkio urtean.

          4. Agindu hau aplikatzearen ondorioetarako, merkaturatze-kanpaina produktuaren ekoizpen- eta merkaturatze-ziklo naturalari egokituko zaio, eta, beranduenez, 2020ko irailaren 30ean bukatuko da.

            Seigarrena. Eskabideak eta agiriak.

          1. Eskabideak 2020ko urriaren 1etik 30era bitartean aurkeztuko dira, bi egunak barne.

          2. Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, hurrengo atalean adierazitako helbide elektronikoan sartuta.

          3. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko hauetan eskura daitezke:

            http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/

            http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/

            Eskabidea egin osteko izapideak helbide elektroniko honen bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/micarpeta eta http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

          4. Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

          5. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztu behar du:

            1. Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskrituraren kopia.

            2. Elkartearen estatutuen kopia.

            3. Eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zerga.

            4. Legezko ordezkariaren ziurtagiria, merkaturatutako ekoizpenaren bolumena eta balioa zehazten dituena.

            5. Bigarren ebazpen-zatiaren 3.c) atalean aurrez ikusitako enpresa-plana, laguntza eskatzen duen lehenengo urtea bada; ondorengo urteetan, plan horren aldaketak, hala badagokio.

            6. Fusio baten pareko efektua duten neurriak hartzeko erabakien kopia, hala badagokio.

            7. Honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpena: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla; deialdi-agindu honek eskatutako betekizun guztiak betetzen dituela; ETEtzat hartzen dela Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoarekin bat etorriz; beharrezko egiaztagiri guztiak dituela eta agiri horiek Eusko Jaurlaritzaren, Europako Batzordearen edo kontrol-organoen esku jarriko dituela, laguntza eman eta ordaintzeko baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatze aldera; konpromisoa hartzen duela aurreko baldintza eta betekizun horiek betetzeko, aitorpen edo baliatze horri dagokion denbora guztian; ez dagoela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion inolako legezko debekuren eraginpean, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

            8. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta daudela egiaztatzeari dagokionez, dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du organo kudeatzaileak egoera horien egiaztapena zuzenenean jaso dezan, ziurtagiri telematiko bidez. Aurrekoa gorabehera, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

          6. Halaber, eskabidearekin batera, negozioko enpresa-planean aurreikusitako urteko fakturazioaren dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo ekoizleen elkarte edo erakundeko kideek elkartean sartu aurreko hiru urteetan merkaturatu duten ekoizpenaren urteko batez besteko balioa, bosgarren ebazpen-zatiko 1. apartatuan ezarritakoaren arabera; horretaz gain, 2019-2020ko ekitaldian benetan merkaturatutako ekoizpenaren balioaren eta ekoizpen-bolumenaren dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.

          7. Interesdunak ez ditu aurkeztu behar izango aldez aurretik edozein administraziotan aurkeztu dituen agiriak. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituen agiri horiek.

          8. Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; aldez aurretik Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena emango du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.

          9. Horiek horrela, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo/eta informazio gehigarria eskatu ahal izango dio elkarte eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta bideratzeko. Agindu honetan espresuki xedatu gabekoetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

            Zazpigarrena. Laguntzak kudeatzea.

          1. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza da laguntza hauek kudeatzeko organo eskuduna.

          2. Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, Juan Ramón Puy Pitarquek, Itziar Pérez Domingok eta Resu Abasolo Garcíak osatua. Lehena batzordeburua izango da, eta azkenak idazkari-lanak egingo ditu.

          3. Balorazio-batzordeak eginkizun hauek ditu:

            1. Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Baztertutako horien zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.

            2. Araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea, laguntzen irizpide objektiboen eta kuantifikazioaren arabera.

            3. Onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoari buruzko proposamen bat egitea. Proposamen hori behar bezala justifikatu eta arrazoitu beharko da.

              Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezar ditzake, eta, arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartean xedatutakoa aplikatuko da.

          4. Otsailaren 7ko 43/2017 Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurkeztu diren eskabideak eta agiriak aztertuta, eta batzordeak helarazi dion proposamena ikusita, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio deialdia ebaztea. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren ebazpenik ematen badu, behar bezala arrazoitu beharko du.

          5. Agindu hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hileko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori igarota, berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

            Ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluko b) apartatuko 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat joko da. Hala ere, interesdun bakoitzari ebazpen osoa banan-banan jakinaraziko zaio, baina kasuan kasuko pertsonari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuta agertuko dira. Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

          6. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak laguntza emateko edo ukatzeko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoarekin bat.

            Zortzigarrena. Ordainketa.

          1. Ordainketa bakarra izango da, eta aurreko ebazpen-zatian aipatutako dokumentazioa eskabidearekin batera aurkeztu ondoren egingo da, eskatzen den laguntza-motaren arabera.

          2. Ekoizle-elkarte onuradunek, abenduaren 31 baino lehen, memoria xehatua aurkeztu beharko dute, zeinak honako hauek jasoko baititu: dagokion urtean edo kanpainan ekoizle-elkarteak egin dituen jardueren laburpena, berariaz aipatuta ekoizpen- eta merkaturatze-bolumena; bazkideen altak eta bajak; negozio-zifra, bai eta balantzea eta emaitza-kontua ere, enpresa independente batek behar bezala ikuskatuak.

          3. Eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitako itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

            Bederatzigarrena. Onuradunen betebeharrak.

            Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte:

            1. Dirulaguntza zertarako eman den, helburu horretarako erabiltzea.

            2. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku jartzea beharrezko dokumentazio guztia.

            3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzak nola erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

            4. Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.

            5. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat, aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.

            6. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

              Hamargarrena. Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

              Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 49.12 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Ondorio horietarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak behar den aldaketa-ebazpena emango du, eta, bertan, dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doituko dira; horretarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura aplikatuko da.

              Hamaikagarrena. Uko egitea.

              Onuradunak automatikoki galduko du ebazpenaren bidez aitortutako eskubidea, bai eta laguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea ere, baldin eta laguntzari berariaz uko egiteko idazki bat aurkezten badu; Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak uko-egitea onartu beharko du, ebazpen bidez.

              Hamabigarrena. Ez-betetzeak.

              1. Onuradunek ez badituzte betetzen agindu honetako betekizunak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, osorik edo zati bat, behar diren berandutze-interesekin batera. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

              2. Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zigor-prozedura has dezan.

                Hamahirugarrena. Errekurtsoak.

                Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

                Hamalaugarrena. Ondorioak.

                Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

                Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 22a.

                Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

                MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

                (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik