Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko ekainaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, 2020-2021 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzen dira, bai eta horien salbuespen eta murrizketez baliatzeko baldintzak ezarri ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 128
  • Hurrenkera-zk.: 2567
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/06/16
  • Argitaratze-data: 2020/07/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Sailak; Ekonomia

Testu legala

Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 95. eta 96. artikuluetan arautzen ditu zerbitzu akademikoengatiko eta gainerako eskubideengatiko prezio publikoak, eta gaineratzen du prezio horiek prezio publikoen izaera izango dutela, eta, horren ondorioz, tasa eta prezio publikoei buruzko lege-ordenamenduan ezarritakoaren araberakoak izango direla.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bateginak irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak 30. artikulutik 35.erakoetan arautzen ditu prezio publiko horiek finkatzean kontuan hartu beharreko irizpide orokorrak.

397/2013 Dekretua, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituena. Zehazki, 2. artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Sailek eta horien erakunde autonomoek prezio publikoak kobratu ahalko dituztela Dekretu horren eranskinean zerrendatutako zerbitzuen truke; aldi berean, 3. artikuluan ezartzen du Ogasunean eskumena duen Sailak txosten loteslea egin ondoren finkatu edo aldatuko direla prezio publikoen zenbatekoak, dagokion Saileko sailburuaren edo eskuratu behar dituen erakunde autonomo hari atxikita dagoen Saileko sailburuaren agindu bidez.

Hain zuzen ere, uztailaren 30eko 397/2013 Dekretuaren eranskineko 5. apartatuan aipatuta daude, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Hezkuntza Sailak gaur egun, prezio publikoak kobra ditzakeen zerbitzu eta jardueren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoak, izaera ofizialeko tituluak lortzera daramatenak.

Goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzeaz gainera, eta inor ere arrazoi ekonomikoengatik unibertsitate-ikasketetatik baztertuta gera ez dadin, Gobernuak eta autonomia-erkidegoek, bai eta unibertsitateek ere, ikasleentzako beka-, laguntza- eta kreditu-politika bat egituratuko dute eta modalitateak ezarriko dituzte, halaber, zerbitzu akademikoengatiko prezio publikoak ordaintzea guztiz edo hein batean salbuesteko. Halaxe dago araututa abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 45.4 artikuluan (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen lege hori). Kasu guztietan, arreta berezia eskainiko zaie mendekotasun eta desgaitasunen bat dutenei, bermatu egin behar baitzaie unibertsitate-ikasketetara sartzea eta bertan ikasi ahal izatea.

Arau hori betetze aldera, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 39. artikuluan biltzen ditu unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioen salbuespenak eta murrizketak, baita legez ezarritako gainerako eskubideak ere, araudi-aurreikuspenen esparruan Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek baliatuko dituztenak. Era berean, artikulu horretan arautzen da prezio publikoak onartzeko agindu edo akordioak salbuespen-baldintzak zehaztu ahalko dituela, baita bestelako salbuespen oso edo partzial batzuk finkatu ere, inolako bereizkeria arbitrariorik ez dakartenean, betiere.

Behin Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua 2020ko apirilaren 30ean informatuta; Agindu honen bidez, batetik, Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntza-zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzen dira (2020-2021 ikasturtea), eta, bestetik, horietan aplikatu beharreko salbuespen eta murrizketez baliatu ahal izateko baldintzak zehazten dira.

Beste alde batetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera, agindu hau garatzerakoan, genero-eraginaren ebaluazioa egin da, eta 19. artikulutik 22. artikulura aurrez ikusita dauden prozedurak eta izapideak bete dira.

Hori guztia dela eta, hau

  1. Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke 2020-2021 ikasturtean ordaindu beharreko prezioak (izaera ofizialeko tituluak lortzeko) agindu honen eranskinetan jasotako tarifetan adierazitakoak dira.

  2. Gizarte Kontseiluak finkatutako ditu Euskal Herriko Unibertsitateko berezko tituluak lortzera daramaten unibertsitate-ikasketen prezioak.

  1. Unibertsitateko gradu- eta master-irakaskuntzak.

    1. Ikasgaien prezioen zenbatekoa lortuko da kreditu bakoitzaren prezioa gaiaren kreditu-kopuruarekin biderkatuz. Kreditu bakoitzaren prezioa kalkulatzeko, kontuan izango da, batetik, esperimentaltasun-maila, eta, bestetik, dagokion ikasgaian lehen, bigarren edo hirugarren aldiz matrikulatzen den (I. eta II. eranskinak).

    2. Prezio berezituko unibertsitate-masterrei III. eranskineko tarifak aplikatuko zaizkie.

    3. Unibertsitate-master batean matrikulatutako ikasleak prestakuntza osagarri moduan krediturik egiten badu, kreditu horiei aplikatuko zaizkien prezio publikoak unibertsitate-master horri dagozkionak izango dira.

    4. Ikasleak matrikulatu ahal izango dira komenigarritzat jotzen dituzten ECTS kredituetan, betiere Euskal Herriko Unibertsitatearen iraunkortasun-arauek matrikula-modalitate bakoitzerako (jardun osoa zein partziala) eta ikasturte bakoitzerako ezartzen dituzten maximo eta minimoen barruan baldin badaude.

  2. Doktorego-irakaskuntzak.

    1. Urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak ezartzen duenez, egiaztatutako eta baimendutako Doktorego Programaren batean onartutako ikasleek, IV. eranskinean ezarritako trebakuntza eta jarraipenerako tarifen araberako urteko matrikula egingo dute, eta urteko tutoretza-matrikula V. eranskinean ezarritako zenbatekoaren arabera. Hala ere, eta salbuespenezko neurri gisa 2020-2021 ikasturte honetan, doktoregoko ikasleek, beren azken urtean, COVID-19aren pandemiaren ondorioz UPV/EHUren aurrez aurreko jarduera akademikoa eteteko epea gainditzen ez duen epean tesia gordailutzen badute, 2020ko urriaren 31tik aurrera, matrikula itzultzeko eskubidea izango dute.

      Neurri hori doktorego-ikasketetan baimendutako gehieneko prestakuntza-aldiaren luzapenari lotuta dago, UPV/EHUren ebazpen baten bidez gaitua, non aldi gehigarri bat ezartzen baita, UPV/EHUn aurrez aurreko jarduera akademikoa eteteko epearen iraupen berekoa.

      Tutoretza partekatua arautzen duen hitzarmen bati lotutako ikasleen kasuan, hitzarmenean bertan ezarritakoa aplikatuko zaie.

    2. Doktorego-programa batean matrikulatutako ikasleak prestakuntza osagarri moduan krediturik egiten badu, kreditu horiei aplikatuko zaizkien tarifak izango dira prestakuntza osagarri horri dagokion unibertsitate-masterrarenak.

Ebaluazio, proba, azterketa, titulu, egiaztagiri eta idazkaritza-eskubideen truke ordaindu beharreko prezio publikoak V. eranskinean zehaztutakoak dira.

  1. Desagerrarazi beharreko planen barruan irakaskuntzarik ematen ez den irakasgaietan edo ikasturte horretan ematen ez diren irakasgaien kasuan ere, irakasgairen kreditu bakoitzari dagokion prezioaren % 25 ordaindu beharko da.

  2. Unibertsitateak, bere baliabideekin, beste ikasketa-sistemaren bat eskaintzen badio ikasleari, kreditu edo irakasgai bakoitzari dagokion zenbateko osoa ordaindu beharko da.

  1. Matrikularen prezioa ordaintzeak bi azterketa-deialditarako eskubidea emango du matrikulan zehaztutako ikasgai bakoitzeko, ikasturte beraren barruan, betiere. Hori, irakasgaiaren ezaugarri bereziengatik eta ikastetxeak ezarritako planifikazioarengatik, besterik erabakitzen ez bada.

  2. Ikasketa-planetatik eratorritako bateraezintasun akademikoek mugatuko dituzte matrikulan jasotako ikasgai edo, hala badagokio, kredituetarako azterketa- eta ebaluazio-eskubideak.

  3. Xedapen honetan jasotako matrikula-eskubidea gauzatzeak ez du aldaraziko ikastetxe bakoitzean horko ikasketa-planetako ikasketa-beharrizanen arabera zehaztutako ordutegi orokorren araubidea.

  1. Kredituka egituratutako irakaskuntzetan, ohorezko matrikulagatik egiten diren murrizketak ikasketa berberen hurrengo matrikulan aplikatuko dira (graduko zein masterreko ikasketetan). Gainera, master ofizialen kasuan, graduko azken urtean ohorezko matrikularen kalifikazioa lortzen duten irakasgaien kredituek masterreko matrikularengatik gutxiago ordaintzea ekarriko dute, graduko prezioan, betiere master hori gradua bukatu eta hurrengo ikasturtean egiten bada.

  2. Plan zaharra plan berrira egokitzen bada, ohorezko matrikulaz gainditutako ikasgaiari esleitutako kreditu-kopuruaren araberako murrizketa aplikatuko da.

  3. Murrizketa horiek Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen kolektiboari besterik ez zaizkio aplikatuko, ez beste unibertsitate publiko eta pribatu batzuetatik datozenei.

  4. Batxilergoko ikasgaietan lortutako ohorezko matrikulek ez dute murrizketa-eskubiderik emango. Soilik kalifikazio globala ohorezko matrikula bada izango dute salbuespen-eskubidea, unibertsitatea hasten duten lehen aldian, matrikula ordaintzeari dagokionez.

  1. Ezarritako prezioak aldi bakarrean ordaindu ahalko dira, matrikula egiteko orduan, edo bi epetan, lehenengoa matrikula egitean sartuko da (% 30) eta bigarrena abenduan (% 70), COVID-19 izurritearen ondoriozko egoera ekonomikoa kontuan hartuta.

  2. Lau hilabeteka egituratutako irakaskuntzetan, unibertsitateak baimena eman ahalko du bigarren lau hilabetekoari dagokion matrikula horren hasieran egiteko. Kasu horretan ez dira aplikatuko aurreko atalean aipatutako ordainketa-epeak.

  3. Orobat ez dira aplikagarriak izango 1. atalean aurreikusitako ordainketa-epeak, baldin eta ordaindu beharreko prezioen zenbatekoa 300 eurotik beherakoa bada.

  4. Matrikula formalizatzean, beka orokor bat eskatzeagatik prezioak ordaindu ez dituzten ikasleek dagokion prezioa ordaindu beharko dute baldin eta beka hori ukatu bazaie, hartara eragotzi gabe ukatze horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea.

  5. Matrikularen prezioa osorik edo partez ordaindu ez izanak espedientea gelditzea eragingo du. Matrikula ordaindu ez izanagatik espediente akademikoa geldiarazi zaion ikasleak unibertsitatearen aldeko zorra sortuko du, ordaindu gabeko kopuruaren hainbestean. Berori ebazpen bidez ezarriko da eta interesdunari jakinarazi. Unibertsitatearekin zorrak dituenak ezingo du haren zerbitzuez baliatu eta, bereziki, ez zaie beste ikasketarik egiten utziko, ez zaie titulu-agiririk egingo, ez ziurtagiririk, ez beren ikasketa-espedienteari buruzko informazio-oharrik, ez eta beste matrikularik egiteko aukera emango ere.

  6. Aurreko ataletan ezarritakoa alde batera utzi gabe, master-ikasketetako ikasle berriek ikasketa horietan onartu izana berresten den unean ordainduko dute espedientea hasteari dagokion tarifaren zenbatekoa.

Dagozkion atxikitze-hitzarmenetan adostutakoari eragin gabe, atxikitako unibertsitate-ikastetxe edo -institutuetan ikasten duten pertsonek unibertsitateari ordainduko diote I., II., eta III. eranskinetako tarifetan ikasketen arabera ezarritako prezioen % 25. Gainerako prezioak aurreikusitako zenbatekoan eta osoki ordainduko dira.

  1. Espainiako titulu eta graduetarako homologazioa eskatu, eta, horretarako, gaitasun-proba edo proba orokor bat egin behar dutenek V. eranskinean jasotako tarifa ordainduko dute. Prestakuntza-baldintza osagarri gisa zaintzapeko ikastaroren batera joan behar badute, dagozkion prezioak ordaindu beharko dituzte, ikastaro horien esperimentaltasun-mailaren arabera.

  2. Atzerriko goi-mailako hezkuntza-tituluen eta Doktore maila akademikoaren arteko baliokidetasun deklarazioa eskatzen dutenek, V. eranskinean jasotako tarifa ordaindu beharko dute.

  1. Titulartasun pribatuko zentroetan edo atzerrian egindako ikasketengatik ikasgaiak baliozkotzea edo aitortzea lortzen dutenek unibertsitateari ordaindu beharko diote dagozkien eranskinetan jasotako tarifetan ezarritako prezioen % 25.

  2. Unibertsitate publikoetan egindako ikasketak baliozkotzeak edo aitortzeak ez du kosturik sorraraziko, atzerriko unibertsitate publikoak ez badira.

  3. Desagertzen ari den plan bat ezartzen ari den plan berrira moldatzeak ez die inolako gasturik ekarriko ikasleei.

  4. Unibertsitateko gradu- edo master-ikasketetan kredituak errekonozitzen dituzten ikasleek I., II. eta III. eranskinetan ezarritako prezioen % 25 ordaindu beharko dute.

  1. Familia ugariko ikasleek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, baldin eta familia ugaritzat aitortuta badaude, familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean jasota dagoen bezala.

  2. Tratamendua:

    1. Unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen salbuespena, kategoria bereziko familia ugarietakoak badira. Kategoria bereziko familia ugaritzat joko dira bost seme-alaba edo gehiago dituztenak, eta lau seme-alabakoak, horietatik hiru, gutxienez, jaiotza, adopzio, harrera iraunkor edo adopzio-aurreko harrera anizkunetik eratorriak badira. Salbuespena I., II., III., IV. eta V. eranskinetan ezarritako prezioei dagokie.

    2. Unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen 100eko 50eko murrizketa, kategoria orokorreko familia ugarietakoak badira. Kategoria orokorreko familia ugaritzat joko da goiko paragrafoko definizioan sartzen ez den familia ugari oro. Murrizketa I., II., III., IV. eta V. eranskinetan ezarritako prezioei dagokie.

  3. Aurkeztu beharreko agiriak: dagokion foru aldundiak edo arlo honetan eskumena duen administrazioak emandako titulu ofiziala, indarrean dagoena, eta familia ugarikoa dela aitortzen duena (kategoria ere adierazi behar da bertan); horrez gain, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda ziurtagiria.

  1. Terrorismoaren biktimek eta haien senideek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, baldin eta Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren arabera halakotzat aitortuta badaude.

  2. Salbuespenetarako, biktimaren senidetzat joko dira senar edo emaztea, edo antzeko atxikitasunezko harreman baten bidez iraunkorki bizikidetzat izan duena, eta biktimaren seme alabak, edo legez familia-harrerako egoeran daudenak.

  3. Soilik terrorismoaren biktima izateari lotutako inguruabarren zioz Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizitzea joan behar izan duten pertsonek ere jaso ahalko dituzte agindu honetan araututako murrizketa eta salbuespenak.

  4. Tratamendua: salbuespena, aipatutako azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 26. artikuluan arautua. Salbuespena I., II., III., IV eta V. eranskinetan ezarritako prezioei dagokie.

  5. Aurkeztu beharreko agiriak: Terrorismoaren Biktimentzako Laguntza Programara atxikita daudela adierazten duen ebazpena, indarrean dagoena. Horrez gain, biktima eskatzailea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibiduala; senidea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboa.

  1. Desgaitasuna duen pertsonaren bat daukan familia batek agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izan dezan, honako bi egoera hauetakoren batean egon beharko da: edo unibertsitate-ikasleak berak % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila izatea, edo horren zuzeneko senideren batek % 65eko edo gehiagoko desgaitasun-maila izatea. Honako hauek hartzen dira zuzeneko senidetzat: ezkontidea edo berarekin iraunkorki bizi den pertsona (antzeko afektibitate-loturarekin), aita, ama, seme-alabak, neba-arrebak eta otsailaren 18ko 3/2005 Legearen esparruan harrerakoak direnak, baldin eta helbide berean erroldatuta badaude (3/2005 Legea, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa).

  2. Tratamendua: unibertsitateko hezkuntzazerbitzuengatiko prezio publikoen salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan. Salbuespena I., II., III., IV. eta V. eranskinetan ezarritako prezioei dagokie.

  3. Aurkeztu beharreko agiriak: dagokion foru aldundiaren edo arlo honetan eskumena duen erakundearen ebazpena, indarrean dagoena eta minusbaliotasun-maila zehazten duena. Horrez gain, desgaitasuna duen pertsona eskatzailea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibiduala; senitartekoa bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboa.

  1. Genero-indarkeriaren biktima batek (Indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio-mekanismoei buruzko martxoaren 1eko 29/2011 Dekretuaren arabera halakotzat hartzen bada) eta egoitza berean bizi diren haren kargurako 25 urtetik beherako seme-alabek agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izango dute.

  2. Tratamendua: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan. Salbuespena I., II., III., IV. eta V. eranskinetan ezarritako prezioei dagokie.

  3. Aurkeztu beharreko agiriak: biktima eskatzailea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibiduala; senidea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboa. Edozeinetara ere, behean zerrendatutako agirietako bat:

    Genero-indarkeriaren biktima dela adierazten duen ebazpen judiziala, indarrean dagoena. (Indarraldia izango da ebazpen judizialean bertan jasotzen dena).

    Biktimaren aldeko babes-agindua, indarrean dagoena.

    Fiskaltzaren txostena, interesduna genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena, babes-agindua egiten den artean.

  1. Asilo-eskatzaileek (eskaria izapidetzeko onartu bazaie), nazioarteko babesaren onuradunek eta aberrigabeek agindu honetan araututako prezio publikoak ordaintzetik salbuestea lortu ahal izango dute, baldin eta maila bereko unibertsitate-titulurik ez badute.

  2. Tratamendua: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen salbuespena. Salbuespena I., II., III., IV. eta V. eranskinetan ezarritako prezioei dagokie.

  3. Aurkeztu beharreko dokumentuak: Asilo-eskatzailearen txartel gorria, indarrean dagoena; horrez gain, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria.

  1. Agindu honetan araututako unibertsitate-zerbitzu akademikoengatiko prezio publikoen salbuespen eta murrizketen onuradun izateko, interesdunek egoera jakin horretan egon beharko dute ikasturtearen hasieran, eta kasu bakoitzean beharrezkoak diren agiriak eman beharko dituzte. Data horretan egoeraren aitorpena izapidetzen ari bada, aitorpen- edo berrikuspen-eskaeraren kopia konpultsatua emanez egiaztatuko da.

  2. Horrez gainera, agindu honetan ezarritako kasuetan, 2020ko urtarrilaren 1ean interesdunek administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria eman beharko dute. Hala badagokio, errolda-ziurtagiria, etxebizitza berean bizi diren pertsona guztien zerrenda jasoko du.

  3. Betiere, 2020ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte dagozkion agiriak.

  4. Ezarritako epean agiri horiek eman ezean, automatikoki baliogabetuko dira emandako onurak, eta salbuespena edo murrizketa aplikatu zaien unibertsitate-zerbitzuengatiko prezio publikoak ordaindu beharko dituzte.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 16a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

  1. esperimentaltasun-maila: Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurumen Zientziak, Erizaintza, Farmazia, Fisioterapia, Geologia, Medikuntza, Giza Elikadura eta Dietetika, Odontologia, Kimika.

  2. esperimentaltasun-maila: Artea, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Kultura Ondasunen Zaintza eta Zaharberritzea, Sorkuntza eta Diseinua, Fisika, Arkitektura Oinarriak, Ingurumen Ingeniaritza, Ingeniaritza Zibila, Meatzeen eta Energiaren Teknologia Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Elektroniko Industriala eta Automatikoa, Arkitektura Teknikoa, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza, Prozesu eta Produktuen Berritze Ingeniaritza, Geomatika eta Topografia Ingeniaritza, Antolaketa Industrialaren Ingeniaritza, Teknologia Industrialaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Informatikoa, Kudeaketaren eta Informazio-sistemen Ingeniaritza, Itsasketa, Ingeniaritza Mekanikoa, Nautika eta Itsas Garraioa, Ingeniaritza Kimikoa, Ingeniaritza Kimiko Industriala, Telekomunikazioen Ingeniaritza Teknikoa, Psikologia, Itzulpengintza eta Interpretazioa, Automobilgintzaren Ingeniaritza, Adimen Artifiziala.

  3. esperimentaltasun-maila: Administrazio eta Enpresen Zuzendaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Ekonomia, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gizarte Hezkuntza, Finantzak eta Aseguruak, Zerga-arloa eta Administrazio Publikoa, Geografia eta Lurraldearen Antolamendua, Negozioen Kudeaketa, Enpresa Kudeaketa eta Marketina, Marketina, Matematika, Pedagogia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Gizarte Lana.

  4. esperimentaltasun-maila: Gizarte Antropologia, Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa, Kriminologia, Zuzenbidea, Ingeles Ikasketak, Euskal Ikasketak, Filosofia, Artearen Historia, Historia, Filologia, Kazetaritza, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak, Soziologia.

    (Ikus .PDF)

    Salbuespen gisa, COVID-19ari dagokionez, 2020-2021 ikasturterako, 2019-2020ko bigarren lauhilekoan osorik emandako irakasgaien bigarren matrikuletarako kreditu-prezioak esperimentaltasun-maila bakoitzeko lehen matrikularen kostuarekin parekatuko dira, Gradu Amaierako Lanaren matrikularako izan ezik.

  1. esperimentaltasun-maila: Osasun Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

  2. esperimentaltasun-maila: Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

  3. esperimentaltasun-maila: Ingeniaritza eta Arkitekturaren jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

  4. esperimentaltasun-maila: Lege- eta Gizarte-zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

  5. esperimentaltasun-maila: Artearen eta Giza Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

    (Ikus .PDF)

    Salbuespen gisa, COVID-19ari dagokionez, 2020-2021 ikasturterako, 2019-2020ko bigarren lauhilekoan osorik emandako irakasgaien bigarren matrikuletarako kreditu-prezioak esperimentaltasun-maila bakoitzeko lehen matrikularen kostuarekin parekatuko dira, Gradu Amaierako Lanaren matrikularako izan ezik.

(Ikus .PDF)

Salbuespen gisa, COVID-19ri dagokionez, 2020-2021 ikasturterako, 2019-2020ko bigarren lauhilekoan osorik emandako irakasgaien bigarren matrikuletarako kreditu-prezioak esperimentaltasun-maila bakoitzeko lehen matrikularen kostuarekin parekatuko dira, Gradu Amaierako Lanaren matrikularako izan ezik.