Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuei dei egiten baitzaie Ulibarri 2020-2021 Programan parte hartzeko beharrezkoak diren dirulaguntzak eska ditzaten. Eskatzaileak, berriak edo jarraitu nahi dutenak izan daitezke.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 113
  • Hurrenkera-zk.: 2269
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/05/19
  • Argitaratze-data: 2020/06/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuak arautzen du Hizkuntza Normalizazioko Ulibarri Programa (ekainaren 21eko EHAA).

Aipatu dekretuaren 8.d) artikuluak zera dio: «Hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuetan, hezkuntza arloko eskumenak dituen Sailak dirulaguntza emango du ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoari bere eskola-emankizunetan esleitu zaizkion ezinbesteko liberazio-orduen kostua ordaintzeko, dekretu honen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat».

Bestalde, dekretuaren 18.1 artikuluaren lehen puntuak honako hau dio: «Dirulaguntza deialdia hezkuntza alorreko eskumenak dituen sailburuaren agindu baten bidez egingo da. Deialdi horretan ezarriko dira programari esleitutako aurrekontu-kreditua eta eskabideak aurkezteko epea». Deialdi hau Dirulaguntzen 2020. urteko Plan Estrategikoan jasota dago. Horrez gain, dekretuaren 27.3 artikuluak dio hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuentzat aipatutako prozedurak agindu bakarrean iragarri ahal izango direla, edo deialdi berezietan.

Deialdi honen prozeduran aplikagarri izango dira Hizkuntza Normalizazioko Ulibarri Programa unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 Dekretua (ekainaren 21eko EHAA), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta berorren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko xedapenak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua (VI. titulua), Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzuDan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Hortaz, Ulibarri Programak eta 2020-2021 ikasturtean bertan arituko diren ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira batetik eta, bestetik, programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeentzako prozedura ezarri behar da agindu bidez.

Horren guztiaren haritik, hau

  1. Deialdi honen xede nagusia da hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuei dei egitea Ulibarri Programako eskabideak egin ditzaten 2020-2021 ikasturtean. Eskatzaileak berriak edo jarraitu nahi dutenak izan daitezke.

    Deialdi honi dagokion araudia Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan Hizkuntza Normalizazioko Ulibarri Programa arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan dago jasota.

  2. Deialdi honetan, Hezkuntza Sailak 1.225.000 euro erabiliko ditu, gehienez, Ulibarri Programan sartuko diren edo jarraituko duten itunpeko ikastetxeei dirulaguntzak esleitzeko.

  1. Ulibarri Programan sartu edo jarraitu nahi duten hezkuntza-ituna duten ikastetxeek eskabidea egin behar dute. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

    Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartu direla deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak.

  2. Ikastetxe berriak: 2020-2021 ikasturterako Ulibarri Programara bildu nahi duten ikastetxeek, eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

    1. Ikastetxearen hizkuntza normalizazioko proiektua, ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta aplikazioari begira Berritzeguneetako hizkuntza normalizazioko aholkulariek emandako instrukzioekin bat, eta, betiere, www.ulibarri.euskadi.eus webgunean dagoen eredua erabilita.

    2. Proiektu-proposamenak ikastetxeko ordezkaritza organo gorenaren edo ikastetxeko eskola kontseiluaren onarpena baduela egiaztatzen duen agiria (akta).

    3. Proiektu-proposamena ikastetxeko hizkuntza proiektuaren ildo nagusietan txertatzen dela egiaztatzen duen ikastetxeko zuzendaritzaren agiria.

      Eskabideak nola bete behar diren jakin nahi izanez gero, honako helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/ulibarri_berri/y22-izapide/eu

  3. Ulibarri Programan dauden ikastetxeak: 2020-2021 ikasturtean Ulibarri Programan jarraitu nahi duten ikastetxeek horretarako eskabidea egin beharko dute helbide honetan aurkezten diren arauen arabera: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/ulibarri_jarrai/y22-izapide/eu

  4. Eskabidea egin ondoreneko jarraibidea gune honen bitartez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  1. Ulibarri Programan dauden ikastetxeek, sartu berriek zein lehendik daudenek, 2020ko irailaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitartean, 2020-2021 ikasturteko plana eskegi behar izango dute egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Baldintza hori bete beharko dute eskabidea egin eta gero eta Ulibarri Programaren jarraipen-batzordeak oniritzia emandakoan.

    Batzorde hori honako hauek osatuko dute:

    Batzordeburua: Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

    Bokalak:

    1. Hezkuntza berriztatzeko ardura duen Zuzendaritzako Euskara Zerbitzuko burua. Iñigo Barruso Lazkano.

    2. Euskara Zerbitzuko Ulibarri Programaz arduratzen diren bi teknikari. Alfredo Castresana Herran eta Maitane Izagirre Zubimendi.

    3. Berritzeguneetako normalizazioko bi aholkulari (HNA) eta Berritzeguneko hizkuntza normalizazioko programaren arduraduna. Maria Luz Arranz Uribarrena, Ana I. Garcia Aretxabala eta Joseba Ibarretxe Fernandez de Larrinoa.

    4. Egoki iritziz gero, hizkuntza normalizazioaren arloan itzala duten adituek ere parte hartu ahal izango dute batzordean, gehienez bik.

      Idazkaria: b) letran aipatutako teknikarietako bat.

  2. Era berean, 2021eko ekainaren 1etik 2021eko 30era bitartean 2020-2021 ikasturteko bukaerako memoria eta Ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoaren (HNAT) diruz lagundutako liberazio-orduak estaltzeko kontratatutako irakasleen nomina eskegi behar izango dute egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Deialdi honi dagokion araudia Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan Hizkuntza Normalizazioko Ulibarri Programa arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan dago jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beraz, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 19a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.