Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko apirilaren 2koa, Osasuneko sailburuarena, gainazalak garbitzeko eta desinfektatzeko neurriak eta bestelako higiene-neurriak hartzen dituena SARS-CoV-2 (Covid-19) birusak eragindako pandemia dela eta.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 68
  • Hurrenkera-zk.: 1818
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/04/02
  • Argitaratze-data: 2020/04/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Segurtasuna eta justizia; Garraio eta herri lanak; Ekonomi Jarduerak; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gizarte Gaiak; Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Koronabirusak eragindako pandemia globala dela eta, Osasun Sailak osasun publikoaren larrialdi-egoera deklaratu behar izan du, eta, horrez gain, Euskadiko Babes Zibilaren Plana aktibatu da. Covid 19ren pandemiaren inpaktuak eta pandemia horrek Euskadiko morbimortalitatean duen eraginak sorrarazi dute egoera hori.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak 3. artikuluan adierazten duenez, «euskal administrazio sanitarioari dagokio osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, prebentzioko eta osasuna sustatzeko neurrien bidez eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Halaber, haren zeregina izango da baliabide-dispositibo egokia garantizatzea, hots, izaera publikoz ziurtatutako prestazioak emateko baliabide-dispositibo egokia garantizatzea, batez ere titularitate publikoko baliabideen dotazio, mantenimendu eta antolamendu-hobekuntzaren bidez.»

Halaber, lege horren 14. artikuluak atentzio prebentiboa eta osasunaren sustapena ditu hizpide, eta, han azaltzen denez, «izen horien barruan jarduketa hauek daude: batetik, osasunari buruzko oinarrizko legeriak egiten duen esparru-zerrendarekin bat etorriz, osasuna babesteko, sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko egindako jarduketak, eta, bestetik, osasun indibidualari eta kolektiboari buruzko antolamendu juridikoan aitortutako interbentzio publikoko ahalmenak erabiliz egindakoak.»

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Osasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio:

Osasun-plangintza eta -antolamendua.

Osasun publikoa eta elikadura-higienea.

Zaintza epidemiologikoa.

Farmazia-antolamendua.

Droga-mendekotasunak.

Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak, 4.1 artikuluan, Osasuneko sailburuari esleitzen dizkio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak, bai eta Osasun Sailari dagozkion funtzioen eta jardun-arloen eremuan indarrean dagoen legediak esleitzen dizkionak ere.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez (alarma-egoera deklaratzen duena Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko; 2020ko martxoaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, 67. zk.), alarma-egoera deklaratu zen Estatuko lurralde osoan, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko. Hori hala egin zen, Alarma, Salbuespen eta Setio Egoeren ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoak laugarren artikuluko b) eta d) letretan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako errege-dekretuaren 6. artikuluak honela dio: «administrazio bakoitzak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako indarreko legeriak ematen dizkion eskumenak izaten jarraituko du, eta beharrezkotzat jotako neurriak hartuko ditu, betiere alarma-egoeraren ondoreetarako agintari eskudunak emandako zuzeneko aginduak betez eta 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe».

Bestalde, 12. artikuluak hau dio: «1. Osasun Ministerioaren zuzeneko aginduen mende geratzen dira lurralde nazionaleko administrazio publikoen agintari zibil sanitario guztiak, bai eta haien zerbitzuan diharduten gainerako funtzionario eta langileak ere, pertsonak, ondasunak eta tokiak babesteko beharrezkoa den orotan, eta, gainera, ezohiko iraupena eta ezaugarriak dituzten zerbitzuak ezarri ahal izango zaizkie».

Arau hau aldi baterako eta salbuespenezkoa da. Indarrean izango da pandemiaren ondoriozko egoera bideratu bitartean, hots, alarma-egoeraren deklarazioak eta haren luzapenek iraun bitartean. Arau hau emateko, honako agindu hauek esleitutako gaikuntza baliatu da: Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia dela-eta zahar-egoitzei eta zentro soziosanitarioei buruzko neurriak hartzeko martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduaren zazpigarren ebazpen-zatia, eta SND/271/2020 Agindua, martxoaren 19koa, zeinaren bidez hondakinak kudeatzeari buruzko jarraibideak ezartzen baitira Covid-19ak eragindako osasun-krisialdiak irauten duen bitartean.

Covid-19ak eragindako gaixotasunak efektu esponentziala izan du EAEko biztanleen morbimortalitatean, martxoan zehar. SARS-CoV-2 birusaren infekzioa 5 mikratik gorako arnas-tanten bidez eta kutsatutako pertsonen sekrezioekin kontaktu zuzena izanda transmititzen da, pertsonatik pertsonara, baina nekez transmitituko da metro batetik edo bitik gorako distantzian. Kontaktua material kutsatuaren bidez ere gerta daiteke, eta material hori eskuetan edo beste objektu eta azalera batzuetan egon daiteke. Beraz, berebiziko garrantzia du gainazaletarako higiene- eta garbiketa-neurri zorrotzak hartzea.

Kontuan hartuta adierazitako guztia eta koronabirusaren pandemia dela eta deklaratutako alarma-egoera, Administrazioak zenbait neurri hartu behar ditu gainazalak nola garbitu eta desinfektatu zehazteko honako toki hauetan, besteak beste: geriatria-egoitzak eta zentro soziosanitarioak; Covid-19aren kasu positiboren bat izan den etxebizitzak eta eraikinak; jende asko elkartzen den merkataritza-gune eta lantokiak, eta bideak. Neurri horiekin batera, informazioa eta pautak eman behar dira, desinfektatzaile biruzidak eraginkorrak izan daitezen Covid-19a kontrolatzen; hau da, garbitzeko eta desinfektatzeko jarraibide teknikoak eta bestelako higiene-neurriak eman behar dira. Informazioa emateko eta pautak ezartzeko, jarraibideak ematen dira, eta administrazio-organo eskudunek haien berri ematen dute, herritar guztiak jakitun egon daitezen.

Horrenbestez, egoeraren bilakaera ikusita, eta epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta, Osasuneko sailburuak, osasun-arloko agintaritza baliatuz, eta apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan eta adierazitako gainerako arauetan araututakoarekin bat etorriz, hau

Lehenengoa. Xedea.

Agindu honen helburua da gainazalak garbitzeko eta desinfektatzeko neurriak eta bestelako higiene-neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Bigarrena. Aplikazio-eremua.

Pertsonak joan-etorrian ibili, bizi eta, oro har, elkartzen diren instalazio publiko eta pribatuetan eta espazioetan aplikatuko dira agindu honetan hartzen diren neurriak, SARS-CoV-2 koronabirusak pertsona horiek kutsatu ez ditzan. Zehazki, honako hauetan aplikatuko da:

  1. Geriatria-egoitzak eta zentro soziosanitarioak.

  2. Osasun-zentroak.

  3. Etxebizitza-eraikinetako eta urbanizazioetako etxebizitzak eta espazio komunak.

  4. Jendeari irekitako establezimendu edo lekuak, hala nola elikagai-merkatuak, garraio publikoa, farmaziak, lantokiak eta antzekoak.

  5. Bide eta espazio publikoak, hiri-ekipamendua barnean dela.

  6. Osasun-arloko agintarien ustez, hemen bildutako neurriak aplikatzea beharrezkoa den toki guztiak.

    Hirugarrena. Garbiketaren alderdi orokorrak.

  1. Desinfektatu aurretik egingo da garbiketa, gainazaletako zikinkeria eta lohia kentzeko, germenak barnean direla. Garbiketa horrek lagunduko du organismo kaltegarriak desagerrarazten eta, hortaz, infekzioa hedatzeko arriskua murrizten.

  2. Espazio itxiak aireztatu beharko dira, pilaketek eta aireztapen-faltak laguntzen baitute birusarekin kutsatzen. Bitarteko mekanikoen bidez aireztatuz gero, mantentze-egoera onean eta egoki desinfektatuta kontserbatuko dira bitarteko horiek.

    Laugarrena. Desinfekzioaren alderdi orokorrak.

  1. Biozida egokien bidez desinfektatuko da, birusak suntsitu, ahuldu eta neutralizatzeko, bereziki SARS-CoV-2 koronabirusa. Aldez aurreko garbiketak desinfektatzaileari lagundu behar dio efektiboa izaten birusa inaktibatzeko orduan.

  2. Instalazioen ezaugarrietara eta produktuaren gaitasun biozidara egokitutako maiztasunarekin desinfektatu behar dira gainazalak gaitasun biruzida duten produktuekin.

  3. Hauek dira desinfekzio-lan hauetan erabil daitezkeen desinfektatzaile arruntak: hipoklorito sodikoko prestakinak % 0,1eko edo goragoko disoluzioetan eginak; % 70eko etanola, eta % 0,5eko hidrogeno-peroxidoa. Izan ere, jakinarazi da horiek gaitasun biruzida dutela Covid-19ari edo antzeko birusei aurre egiteko.

  4. Halaber, Bioziden Erregistro Ofizialean erregistratutako desinfektatzaileak erabil daitezke, betiere araututa badaude Biozidak merkaturatzeko eta erabiltzeko Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 528/2012 Erregelamenduan.

    Bereziki, Osasun Ministerioak argitaratutako produktu biruziden zerrendan bildutakoak erabil daitezke. Osasun Sailaren web-orrian aurki daiteke zerrenda: (https://www.euskadi.eus/materialinformativo-coronavirus/web01-a2korona/es/#tab_item8226)

    Dokumentu tekniko horretan kontsultagai dago desinfektatzaile biruziden zerrenda, Osasun Ministerioak eskuragarri jarritako Bioziden Erregistro Ofizialetik eta Pestiziden Erregistro Ofizialetik aterata dagoena.

  5. Langile profesional espezializatuek erabili beharreko desinfektatzaileak, Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofizialean inskribatutako enpresek aplikatuko dituzte.

  6. Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofizialean inskribatutako eta baimendutako enpresa baten zerbitzu biozidak egiten badu garbiketa eta desinfekzioa, jardunbide egokien printzipioen arabera jardun beharko du. («Izurriteak kudeatzeko Zerbitzuak: betekizunak eta eskumenak» UNE 16636:2015-ean jasota daude jardunbideok).

    Bosgarrena. Garbitzeko eta desinfektatzeko jarraibideak.

  1. Agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren tokiak garbitu eta desinfektatu beharko dira, bertan adierazten diren garbiketa- eta desinfekzio-alderdi orokorrei jarraituz, eta Osasun Sailak horretarako emandako eta bere web-orrian argitaratutako jarraibideen arabera:

    Https://www.euskadi.eus/material-informativo-coronavirus/web01a2korona/es/#tab_item8226

  2. Osasun-agintariek eguneratuko dituzte jarraibide horiek, argibide zientifiko eta tekniko egokien arabera.

    Seigarrena. Higiene pertsonalari, arriskuen prebentzioari eta hondakinen kudeaketari buruzko alderdi orokorrak.

  1. Arau orokor gisa, Osasun Sailak emandako jokabide- eta segurtasun-arauak bete beharko dira.

  2. Laneko arriskuen prebentzioaren arloan, babes-mailak eta -neurriak honako hauetara egokituko dira: egin beharreko jarduerara, haren prebentzio-planera eta SARS-CoV-2 koronabirusaren ezaugarrietara.

  3. Hondakinak kudeatzeko, arlo horretan indarrean dagoen araudian ezarritakoa bete beharko da, eta, zehazki, SND/271/2020 Agindua, martxoaren 19koa, zeinaren bidez hondakinak kudeatzeari buruzko jarraibideak ezartzen baitira Covid-19ak eragindako osasun-krisialdiak irauten duen bitartean.

    Zazpigarrena. Berrikustea eta eguneratzea.

    Ahal den eta eraginkortasun handiena lortzeko, prozedurak eta erabili beharreko garbiketa- eta desinfekzio-produktuak berrikusiko dira, eta, hala behar izanez gero, aurreko ebazpen-zatian adierazitako estekan argitaratutako garbiketa- eta desinfekzio-jarraibideak aldatuko dira. Halaber, Osasun Ministerioak bidalitako produktu biruziden zerrendan aldaketaren bat eginez gero, haren berri jakinaraziko da.

    Informazio hori lehenago adierazitako Osasun Sailaren web-orriaren bidez emango da.

    Zortzigarrena. Argitara ematea eta indarrean jartzea.

    Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Bestalde, indarrean izango da, harik eta alarma-egoeraren deklarazioak eta izan daitezkeen luzapenek amaitu arte.

    Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 2a.

    Osasuneko sailburua,

    MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.