Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko martxoaren 13koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez formalki aktibatzen baita Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana, Covid-19 delakoaren hedapenaren ondoriozko osasun-alertak eragindako egoera dela eta.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 52
  • Hurrenkera-zk.: 1578
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/03/13
  • Argitaratze-data: 2020/03/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko urtarrilaren 30ean, Nazioarteko Osasun Erregelamenduaren Larrialdietako Batzordearen gomendioz, Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusiak koronabirus 2019 (nCoV) delakoaren sorrera Nazioarteko Garrantzizko Osasun Publikoko Larrialditzat jo zuen.

Harrezkero, nazioartean, estatuan eta gure autonomia-erkidegoan antolatze- eta euste-neurriak hartu dira, gaixotasunari goiz antzemanez birusaren hedapena eteteko, kasuak isolatu eta artatzeko, kontaktuen jarraipena egiteko eta arriskuaren araberako gizarte-urruntzeko neurriak sustatzeko.

Ildo horretatik, osasun arloko agintariek euste-neurri orokorrak hartu dituzte lurralde osorako, eta bereziki, zenbait herritan, hor euste-neurri indartuak behar izan dira, guztiak ere proportzionaltasun- eta gardentasun-irizpideekin bat etorriz.

2020ko martxoaren 13an, Osasuneko sailburuak Segurtasun Sailari eskatu dio Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana formalki aktiba dezan, Covid-19 delakoaren hedapenaren ondoriozko alerta epidemiologikoari aurre egiteko.

Azken asteotan, nazioarteko bihurtu da koronabirus berriaren hedapena, eta oraindik guztiz zabaldu ez bada ere, osasun arloko agintariek hartutako neurriak indartu beharra dago, larrialdiak eta babes zibila kudeatzen dituen euskal sistemak eskaintzen duen antolamenduaren laguntzarekin, haren arrisku-inbentarioan arrisku epidemiologikoa jasota baitago.

Gaur egun behar diren euste-neurriek erantzun egin behar diete aditu epidemiologikoek osasun publikoaren arloan dituzten irizpideei: hala ere, larrialdiak eta babes zibila kudeatzen dituen euskal sistema aktibatzeak egoera honetan ere lagundu dezake gutxitzen honelako egoera batek gizartean eragin lezakeen nahasmendua, uneoro behar diren sorospena eta laguntza ematen ditu eta.

Euskadiko Babes Zibileko Planak Euskal Autonomia Erkidegoaren antolaketa-esparru orokorra ezartzen du mota guztietako larrialdiei aurre egiteko, larrialdiaren nolakotasunak, zabalkundeak edo administrazio bat baino gehiago koordinatu beharrak autonomia-mailako zuzendaritza eskatzen duenean (Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 29.e) artikulua).

Euskadiko Babes Zibilaren Plana ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuaren bidez onartu zen. Dekretu haren bidez, orobat, Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izenekoa onartu zen, eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio-bideak arautu ziren. Plan hura urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretuaren bidez aldatu zen (dekretu hark onartu zuen Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labiren aparteko berrikusketa).

Plan horren funtzionaltasuna bere malgutasunean oinarritzen da, bere aktibatzea eta unean-unean hartu beharreko neurriak egokituko baititu egoerak eskatzen duenera. Labiren aktibatzeak ez dakar dagoeneko badagoen antolamendua zokoratzea, ez eta osasun-erantzukizunak zokoratzea ere, Labiren beste mekanismo batzuekin bateratzea baizik, mekanismo hori beharrezkoak baitira funtsezko zerbitzuak bermatzeko edo osasun arlotik haratago doazen zenbait jarduera koordinatzeko.

Aktibatzea da, funtsean, agintari eskudunak Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Plana martxan jartzea. Aktibatzea jende guztiari jakinarazi behar zaio, guztiak jakinaren gainean egon daitezen.

Segurtasuneko sailburuak formalki aktibatu behar du Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Plana (Labi), Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 11.h) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Segurtasuneko sailburuaren ardura izango dira, orobat, haren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa. Hala ere, Lehendakariak bere gain hartu ahal izango ditu eskumen horiek, haren hedapena berezia dela edo intentsitatea larria dela ikusiz gero.

Horregatik guztiagatik, eta Osasuneko sailburuaren eskariz, honako hau

Lehenengoa. Formalki aktibatzea Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana, Covid-19 delakoaren hedapenaren ondoriozko alerta epidemiologikoari aurre egiteko.

Bigarrena. Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko planean aurreikusitako zuzendaritza-egitura beharren araberakoa izango da, eta barruan hartuko ditu orain arte alerta epidemiologikoaren kudeaketan ari diren organo, batzorde, talde eta azpibatzorde guztiak, eta haiei guztiei Labiren egiturak babesa emango die.

Hirugarrena. Agindu hau sinatzen den unean bertan jarriko da indarrean Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana aktibatzea, eta aktibatze hori biztanleriari jakinaraziko zaio Planean aurreikusitako bideak erabiliz, eta Lehendakariari, Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariari, udal- eta foru-agintariei ere jakinaraziko zaie, bai eta gainerako agintariei eta Plana giza baliabidez edo baliabide materialez hornitzen duten zerbitzuei ere.

Laugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 13a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (13)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.