Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko otsailaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2020ko urtean Euskadi literatura-sariak arautu eta horretarako dei egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 47
  • Hurrenkera-zk.: 1446
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/02/26
  • Argitaratze-data: 2020/03/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte eta kultura jarduerei eta horien hedapenari buruzko egitekoak eta jardun-arloak. Aipatutako eginkizunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren barruan eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren bidez Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen zaizkio.

Euskadi literatura-sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta aurreko urtean argitaratutako literatura lanen kalitatea saritzen dute, horrela literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzeko.

Urtero egiten da sari hauetarako deialdia, asmo bikoitzarekin: saritutako lanak zabaltzea, eta egileak eta beraien lanak ezagutaraztea.

Liburugintzaren eta literaturaren alorrean duten oihartzun eta garrantziagatik, sari hauek euskal literatura sustatzeko eta zabaltzeko tresnarik egokienetako bat bihurtu dira.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitekoa da, besteak beste, literatura-sorkuntza ahalbidetzen duten jarduerak sustatzea. Beraz, bere zeregina betetzeko, Sailak egoki deritzo Euskadi literatura-sariak, hainbat modalitatetan, arautzeari eta horretarako deialdia egiteari.

Ondorioz, hauxe

  1. Agindu honen xedea Euskadi literatura-sariak, haien zazpi modalitateetan, arautzea eta horretarako dei egitea da:

    1. Euskarazko literatura.

    2. Gaztelaniazko literatura.

    3. Euskarazko haur eta gazte literatura.

    4. Euskarazko literatura itzulpena.

    5. Literatura lanen ilustrazioa.

    6. Euskarazko saiakera.

    7. Gaztelaniazko saiakera.

  2. Sarien asmoa da bizirik dauden egileek aipatutako literatura generoetan argitaratutako lan nabarmenenak saritzea, gai hauetan adituak direnen arabera.

  1. Euskadi literatura sariak 18.000 euro gordinez daude hornituta, modalitate bakoitzeko. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura sarietarako Jose Ibarrola Bellidok berariaz eginiko «Liburu Nabigatzaile» izeneko eskulturaren ale zenbakitua jasoko dute.

  2. Horrez gain, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro gordin ere jasoko dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean. Ediziorako kontratua 2021eko abenduaren 31 baino lehen sinatu beharko da.

  3. Lan baten egilea pertsona bat baino gehiago denean, eta obra bertan kontrakorik adierazten ez bada, ulertuko da haien parte-hartzearen proportzioa berdina dela, eta beraz, sariaren diru-kopurua zati berdinetan banatuko da haien artean. Kasu horietan, egileek «Liburu Nabigatzaile» eskulturaren ale bana jasoko dute.

Honako deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko zuzendaritzari dagokio.

  1. Euskadi literatura sariak eskuratzeko aukera izango dute argitaratzeko unean bizirik dauden egileek idatzi, itzuli edo ilustratutako lanek. Lan horiek lehen aldiz 2019. urtean argitaratuak izan beharko dute, ISBNa (International Standard Book Number) izan behar dute, eta zabalkundea egiteko bete beharreko lege-baldintzak bete beharko dituzte. Liburu kontzeptua zer den ulertzeko, kontuan hartuko da Irakurketa, Liburu eta Liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen 2.a) artikuluak ematen duen definizioa: «Liburua: lan zientifikoa, artistikoa, literarioa edo beste edozein motatakoa, liburuki bat edo gehiago izanda argitalpen bakarra eta era inprimatuan edo irakurgarria den beste edozein euskarritan argitaratu daitekeena. Liburuaren definizioan sartzen dira, agindu honetan xedatutakoarekin bat, liburu elektronikoak eta internet edo etorkizunean ager daitekeen beste edozein euskarritan zabaldu edo argitaratzen diren liburuak, inprimatuak, ikusizkoak, ikus-entzunezkoak edo soinua duten material osagarriak, liburuarekin batera argitaratzen badira eta liburu beraren izaera bateratuaren barruan daudenak, eta baita beste edozein argitalpen-produkzio ere». Lege-gordailuan agertzen den urtea izango da argitaratze urtea. Lanaren zati idatziaren edo grafikoaren egileak pertsona fisikoak izango dira.

  2. Hala ere, kasuan kasuko modalitatean sari hau azken hiru deialdietako batean jaso duten, edo epaimahaikideek saria jasotzeko proposatu dituzten idazle, itzultzaile edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta goiko atalean zehaztutako baldintzak bete.

  3. Modalitate bakoitzaren betekizunak.

    1. Euskarazko literatura: jatorriz euskaraz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2019. urtean argitaratuak.

    2. Gaztelaniazko literatura: jatorriz gaztelaniaz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2019. urtean argitaratuak.

    3. Euskarazko haur eta gazte literatura: jatorriz euskaraz idatzitako haur eta gazte literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2019. urtean argitaratuak.

    4. Euskarazko literatura itzulpena: beste edozein hizkuntzatatik euskarara itzulitako literatura lan berriak, lehen aldiz 2019. urtean argitaratuak. Saria eskuratzeko aukera izango dute, baita ere, beste itzultzaile profesional batek gutxienez hamar urte lehenago argitaratutako lan beraren beste itzulpen batekin editatzen diren lanek.

    5. Literatura lanaren ilustrazioa: liburu tankeran argitaratutako literatura lanak (albumak, liburu ilustratuak, nobela grafikoak, komikiak), ilustrazio-zati esanguratsua dutenak. Lanaren zati ilustratuak originala izan behar du, 2019. urtean argitaratua eta aurretik liburu moduan argitaratu gabea.

    6. Euskarazko saiakera: jatorriz euskaraz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2019. urtean argitaratuak.

    7. Gaztelaniazko saiakera: jatorriz gaztelaniaz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2019. urtean argitaratuak.

  4. Gainera, gaztelaniazko literatura, literatura lanaren ilustrazioa eta gaztelaniazko saiakera modalitateetan, egile guztiek hauetako baldintza bat gutxienez bete beharko dute:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan jaio izana edo bertan administrazio-egoitza izatea agindu hau argitaratzen den unean, edo argitaratu aurretik ere administrazio-egoitza eduki izana urte batez gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan.

    2. Gaztelaniazko literatura eta gaztelaniazko saiakera modalitatean, idazlea, pertsona fisiko gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko idazle-elkarteren baten barruan egotea. Literatura lanaren ilustrazio sarian, ilustratzailea, pertsona fisiko gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko ilustratzaile-elkarteren baten barruan egotea.

    3. Saria irabazteko lana Euskal Autonomia Erkidegoko argitaletxe batean argitaratu izana, edo Euskadiko Editoreen Elkartearekin edo Euskal Editoreen Elkartearekin loturiko argitaletxe batean.

  5. Ezin izango dute sari hauetan parte hartu, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigor administratibo edo penalik, bai eta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenek barne.

  6. Dirulaguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Dirulaguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.

  7. Bakarrik lanaren parte grafikoa Ilustrazio modalitatean aurkezten bada, eta idatzizkoa beste modalitate batean, aurkeztu ahal izango da lan bera sarietako bi modalitatetan.

  1. Modalitate bakoitzeko epaimahaikide bakoitzak 1-4 hautagai aurkeztuko ditu sarirako.

  2. Modalitate bakoitzeko epaimahaikideek aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkeztuko dituzte hautagaitzak:

    Aurrez aurre: epaimahaikideek toki hauetan aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

    Bitarteko elektronikoz: euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira hautagaitzak, artikulu honetako 3. apartatuan adierazten den helbidearen bidez.

    Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

  3. Eskabideak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko hauetan eskura daitezke:

    Euskarazko literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128116

    Gaztelaniazko literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128117

    Euskarazko haur eta gazte literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128118

    Euskarazko literatura itzulpena: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128119

    Literatura lanaren ilustrazioa: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128120

    Euskarazko saiakera: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128121

    Gaztelaniazko saiakera: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128122

    Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

  4. Hautagaiek 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta sarietan parte hartzeko baldintzak betetzeari dagokion akreditazioa beharrezkoa bada, deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak.

    Epaimahaikideek aurkeztutako hautagaitzen egileei jakinaraziko zaie sarietan parte hartzen ari direla.

    Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2020ko maiatzaren 28an amaituko da.

  1. Sarirako hautagaiak aurkeztu, lanen kalitatea neurtu eta Euskadi literatura saria, kasuan kasuko modalitatean, nori egokituko zaion erabakitzea, modalitate bakoitzeko epaimahaia osatzen duten epaimahaikideei dagokie. Bost kidez osatutako epaimahaiak egingo du modalitate bakoitzeko Euskadi literatura saria emateko proposamena. Epaimahaikideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan. Epaimahaikideek konfidentzialtasunez gordeko dute epaimahaian parte hartzeagatik jasotako informazioa.

  2. Epaimahaia osatzeko orduan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluak dioena beteko da.

  3. Epaimahaikideak modalitate bakoitzean:

    1. Euskarazko literatura:

      Pako Aristi Urtuzaga, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) proposatutakoa.

      Maria Jose Olaziregi Alustiza, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

      Jon Martin Etxebeste.

      Asier Serrano Lasa.

      Katixa Agirre Miguelez.

    2. Gaztelaniazko literatura:

      Ramon Eder Labayru, aurreko urteko irabazlea.

      Javier Otaola Bajeneta, Euskadiko Idazleen Elkarteak (AEE-EIE) proposatutakoa.

      Natalia Vara Ferrero, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

      Maria Jose Martinez Gutierrez.

      Elena Sierra Agirre.

    3. Euskarazko haur eta gazte literatura:

      Patxi Zubizarreta Dorronsoro, aurreko urteko irabazlea.

      Igor Idoeta Irazabal, Galtzagorri elkarteak proposatutakoa.

      Leire Diaz de Gereñu Lasaga, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

      Lore Agirrezabal Pertusa.

      Ziortza Onaindia Bereziartua.

    4. Euskarazko literatura itzulpena:

      Isabel Etxeberria Ramirez, aurreko urteko irabazlea.

      Ander Arana Bareño, Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) proposatutakoa.

      Iker Sancho Insausti, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

      Asun Garikano Iruretagoiena, Euskaltzaindiak proposatutakoa.

      Gidor Bilbao Telletxea.

    5. Literatura lanaren ilustrazioa:

      Irati Eguren Arruti, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE) proposatutakoa.

      Jose Antonio Morlesin Mellado, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

      Yolanda Mosquera Fernández.

      Higinia Garay Zarate.

      Mikel Valverde Tejedor.

    6. Euskarazko saiakera:

      Santiago Urrutia Izagirre, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

      Monika Madinabeitia Medrano, Mondragon Unibertsitateak proposatutakoa.

      Mitxelko Uranga Álvarez.

      Ainhoa Novo Arbona.

      Joxemari Iturralde Uria.

    7. Gaztelaniazko saiakera:

      Daniel Innenarity Grau, aurreko urteko irabazlea.

      Carmen Peñafiel Saiz, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.

      Manuela Alvarez Alvarez, Deustu Unibertsitateak proposatutakoa.

      Amaia Bacigalupe De la Hera.

      Xabier Aierdi Urraza.

  4. Idazkari-lanetan Marta Merino Ortiz de Landaluce Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa arituko da. Iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez. Aurreko urteko sariaren irabazlea epaimahaian baldin badago, bera izango da epaimahaiburua. Gainerako kasuetan, epaimahaiak erabakiko du lehenengo bileran epaimahaiburua zein izango den.

  5. Modalitate bakoitzean, epaimahaikideek irizpide hauek hartuko dituzte kontuan.

    1. Euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura eta euskarazko haur eta gazte literatura modalitateetan:

      Lanen kalitate literarioa. Gehienez: % 40.

      Originaltasuna. Gehienez: % 30.

      Literatura-hizkeraren egokitasuna. Gehienez: % 30.

    2. Euskarazko literatura itzulpenaren modalitatean:

      Erregistroaren egokitasuna. Gehienez: % 40.

      Jatorrizkoaren espiritua bereganatzea. Gehienez: % 30.

      Balio eta hizkuntza literarioei emandako erantzuna. Gehienez: % 30.

    3. Literatura-lanaren ilustrazioaren modalitatean:

      Ilustrazioen kalitatea. Gehienez: % 40.

      Originaltasuna. Gehienez: % 30.

      Hizkuntza grafikoaren egokitasuna. Gehienez: % 30.

    4. Euskarazko saiakeraren eta gaztelaniazko saiakeraren modalitateetan:

      Lanen kalitatea. Gehienez: % 40.

      Sormena eta landutako gaiaren originaltasuna. Gehienez: % 30.

      Erabilitako hizkuntzaren egokitasuna. Gehienez: % 30.

  1. Epaimahai bakoitzak bere modalitatean saria emateko proposamen arrazoitua egingo du. Erabakiak botoen gehiengoaren arabera emango dira eta, berdinketarik egonez gero, presidentearen botoak ebatziko du. Epaimahaiko idazkariak bertako jardun eta erabakien berri jasoko du aktan, baita epaia funtsatzen duen deliberamendu arrazoitua ere.

  2. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak dagokion Agindua emango du, Euskadi Saria modalitate bakoitzean merezi duen lana izendatzeko. Agindu hori interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio sei hilabeteko epean, Agindu hau buletinean argitaratzen denetik aurrera.

  3. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, saritutako pertsona eta lanekin, eta hedabideetan Kultura eta Hizkuntza Kultura Sailak bidera ditzakeen zabalkunde-ekintzak egin ahal izango dira.

  4. Modalitate bakoitzean saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, epaimahaiaren iritziz lan bakar batek ere beharrezko kalitate-baldintzak betetzen ez baditu.

  5. Sari-ematea berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da.

  1. Saria ematen duen Agindua hartutakoan, gehienez hiru hilabeteko epean ordainduko da saria. Aurretik saridunek onartu egin beharko dute saria. Horretarako, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hamar eguneko epean, saridunek ez badiote sariari berariaz eta idatziz uko egiten, saria onartu dutela ulertuko da.

  2. Saritutako lanaren egileari (itzulpenaren modalitatean izan ezik) bere lana jatorrizko hizkuntza ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua egiteko eman beharreko diru-kopurua, kontratua sinatu dela Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan egiaztatu ondoren ordainduko da (betiere hurrengo urteko ekitalditik aurrera). Horretarako, kontratuaren kopia bidali beharko da 2021eko abenduaren 31 baino lehen.

  3. Bestalde, saritutako lanaren egileak berak aukeratutako hizkuntzara itzulitako eta argitaratutako lan horren bi ale bidali beharko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara, editatu eta, gehienez, hilabeteko epean, betiere 2022ko abenduaren 31 baino lehenago.

Izaera pertsonaleko datuen babesaren arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: Euskadi Literatura Sariak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko edota haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:

Euskarazko literatura: www.euskadi.eus/dbao/0128116

Gaztelaniazko literatura: www.euskadi.eus/dbao/0128117

Euskarazko haur eta gazte literatura: www.euskadi.eus/dbao/0128118

Euskarazko literatura itzulpena: www.euskadi.eus/dbao/0128119

Literatura lanaren ilustrazioa: www.euskadi.eus/dbao/0128120

Euskarazko saiakera: www.euskadi.eus/dbao/0128121

Gaztelaniazko saiakera: www.euskadi.eus/dbao/0128122

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta interesdunek horren aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 26a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik