Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko urtarrilaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien 2020ko deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 21
  • Hurrenkera-zk.: 488
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/01/21
  • Argitaratze-data: 2020/01/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Instituzional

Testu legala

Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak irailaren 9ko 210/2003 Dekretuaren bidez sortu ziren; abenduaren 20ko 422/2005 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori, eta, bertan xedatutakoari jarraikiz, 2020ko ekitaldiko deialdia egiten da.

Aurtengo edizioan, eta Emakume Nekazarien Estatutuaren 27. artikulua aplikatuz, nekazaritza-sektoreko emakumeen lana ikusarazi eta aitortu nahi da «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien bidez.

Horrenbestez, hau

Lehenengoa. 2020ko deialdia egitea nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarietarako, agindu honen eranskinean argitaratu diren oinarrietan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hirugarrena. Agindu honetan aurreikusita ez dauden kasuetarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea) aplikatuko dira.

Laugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 21a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Lehenengoa. Xedea.

Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak ematea, 2020ko ekitaldian, nekazaritza- edo arrantza-sektoreetan beren ibilbide profesional luzean modu berezi batean nabarmendu diren pertsonei edo taldeei; horretarako, nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektoreak hartuko dira nekazaritza-sektorekotzat.

Bigarrena. Sarien ezaugarriak.

Deialdi honetako sariak, epaimahaiak hala iritzita, sektore bakoitzeko pertsona edo talde bati edo batzuei emango zaizkie. Sariketa bakoitzean, ohorezko sari bat eman da, eta aintzatespen publikoaren ekitaldia egingo da. Saritutako pertsonek edo taldeek beren inprimaki profesionaletan berariaz adierazi ahal izango dute jasotako aipamena, eta beren establezimenduetan ere jarri ahal izango dute jendaurrean.

Hirugarrena. Pertsona edo talde onuradunak.

Agindu honen bidezko deialdiko sarien onuradunak izan daitezke nekazaritza- edo arrantza-sektoreetan nabarmendu diren pertsonak edo taldeak, nekazaritza- edo arrantza-sektoreetan egindako lanarengatik, lehen oinarrian ezarritakoaren arabera, eta, aldi berean, betekizun hauek bete behar dituzte onuradunek:

  1. Ibilbide profesionala batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan egin izana.

  2. Ibilbide profesional finkatua eta denboran behar bezain luzea izatea.

    Laugarrena. Hautagaitzak aurkeztea.

  1. Sarietarako hautagaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko bi sektore-eragileren babesarekin aurkeztu beharko dira gutxienez, eta, nolanahi ere, hautagai izendatutako pertsonaren edo taldearen onarpena izan beharko dute. Ondorio horietarako, sektore-eragile horien artean egongo dira, besteak beste:

    Sindikatu-izaerako erakunde profesionalak.

    Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako elkarte profesionalak eta enpresarialak, federazioak eta konfederazioak.

    Bestelako elkarteak eta federazioak.

    Fundazioak.

    Arrantzaleen kofradiak.

    Kooperatibak.

    Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako profesionalak.

  2. Aurreko zenbakian xedatu denetik salbuetsiko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak aurkeztutako hautagaitzak, eta gutxienez bi foru-aldundik elkarrekin aurkezten dituzten hautagaitzak.

  3. Euskal administrazio publikoek, aurkezten dituzten hautagaitzen bitartez, emakume nekazarien lana ikusarazi eta aitortzea sustatuko dute, Emakume Nekazarien Estatutuaren 27. artikulua aplikatuta.

  4. Sarietarako hautagaitza bakoitzarekin batera, memoria bat bidali beharko da, proposamena egin duten erakundeek abalatuta. Memoria horretan, zehatz-mehatz jasoko da proposatzen den pertsonaren edo taldearen ibilbide profesionala, eta bereziki azpimarratuko dira, duten eragin edo garrantzi handiagatik, hautagaitza horri berezitasuna ematen dioten alderdiak.

  5. Hautagaitzak aurkezteko, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bidetatik jo beharko da, eta, zuzendu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

  6. Hautagaitzak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2020ko otsailaren 28an amaituko da (egun hori barnean dela).

    Bosgarrena. Sarien kudeaketa.

    Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio deialdi honen ondoriozko kudeaketa-lanak egitea.

    Seigarrena. Epaimahaia.

  1. Aurkezten diren hautagaitzak balioesteko epaimahaia eratuko da, honela osatuta:

    Epaimahaiburua: Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua.

    Epaimahaikideak:

    Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea.

    Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria.

    Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria.

    Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria.

    Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria.

    Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Aholkularitza Juridikoaren arduraduna, zeina epaimahaiko idazkari ere izango baita.

    Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietako bakoitzak izendatutako pertsona bat.

    Bizkaiko Arrantzale Kofradien Federazioak izendatutako pertsona bat.

    Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioak izendatutako pertsona bat.

    Nekazaritzako elkarte profesional eta enpresarialek izendatutako bi pertsona.

    Arrantzako elkarte profesional eta enpresarialek izendatutako pertsona bat.

    Nekazaritza-kooperatibek izendatutako pertsona bat.

    Elikagaien klusterrak izendatutako pertsona bat.

  2. Epaimahaiaren osaera orekatua izango da emakumeen eta gizonen presentziari dagokionez.

  3. Epaitza baino lehen, denbora aski emanez, adieraziko da nork osatuko duen epaimahaia, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hori.

  4. Epaimahaiko kideek gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago jasoko dituzte deialdia, gai-zerrenda eta hautagaitzen zerrenda, dagokion dokumentazioarekin batera.

  5. Epaimahaiaren erabakiak han dauden kideen gehiengoz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du. Edonola ere, erabakitakoak balioa izateko, beharrezkoa izango da gutxienez kideen bi heren bertan egotea.

    Epaimahaiko idazkariak hartzen diren jarduera eta erabaki guztien akta egingo du, eta sarien epaia arrazoitzen duen irizpena agerraraziko du.

  6. Epaimahaiko kideak abstenitu egin beharko dira eta errekusatuak izan daitezke Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

    Zazpigarrena. Adjudikatzeko irizpideak.

    Epaimahaiak, aurkeztutako hautagaitzak baloratu ahal izateko, irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

    1. Pertsonak edo taldeak inplikazio luzea izatea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren eta/edo arrantzaren sektorean, dagokionaren arabera.

    2. Nekazaritzaren eta/edo arrantzaren sektorean dagokionaren arabera izandako ibilbide profesionalaren berezko garrantzia.

    3. Baloratu beharreko pertsonak edo taldeak dagokion sektorean egin duen lanak izan dituen ondorioak eta eragina.

    4. Bereziki baloratuko da emakumeen edo emakume-taldeen ibilbide profesionala, emakume nekazari edo arrantzaleen lana ikusarazteko eta aitortzeko.

      Zortzigarrena. Epaimahaiaren epaitza.

      1. Epaimahaiaren epaitza loteslea izango da. Epaimahaiak epaitza emango du eta bertan adieraziko ditu, ondoen dakien moduan, hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak, deialdi honetako adjudikazio-irizpideei dagokienez, bai eta saritutako pertsonen edo taldeen ibilbideak eta esanahiak merezi duten balorazioa ere.

      2. Epaimahaiak sariak edo sariren bat eman gabe utz ditzake, baldin eta hautagaitzarik ez badago edo uste badu proposatutako pertsonen edo taldeen ibilbide profesionalek ez dituztela behar diren ezaugarriak betetzen sari hauetan aintzat hartu ahal izateko.

      3. Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren agindu batez prozedura ebatzi, eta emango da epaimahaiaren epaitzaren berri. Agindu hori 2020ko apirilaren 30a baino lehen eman behar da, eta banaka jakinaraziko zaie saritutako pertsonei edo taldeei, hargatik eragotzi gabe horren ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, denek jakin dezaten.

      4. Agindu horrek amaiera emango dio administrazio-bideari. Alabaina, aginduaren aurka berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, edo, bestela, zuzenean aurkara daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren bidetik.

        Bederatzigarrena. Aintzatespen publikoa.

        Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak egingo du aintzatespen publikoaren ekitaldirako deialdia; ospakizunerako ekitaldi ofizial bat egingo da, eta bertan emango zaizkie saritutako pertsonei beren sariak.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik