Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko azaroaren 19koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Lan eta Justiziako sailburuak batera emandakoa, zeinaren bidez deialdia egiten baitute eta arautzen baitituzte lehen sektoreko gizarte-ekonomiako enpresak dimentsionatzeko laguntzak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila; Lan eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 225
  • Hurrenkera-zk.: 5476
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/11/19
  • Argitaratze-data: 2019/11/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Ekonomia; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Txikiak dira EAEko nekazaritzako elikagaien enpresak, neurri batean berez delako txikia orokorrean lehenengo sektorea gure autonomia-erkidegoan, industria eta zerbitzuak baitira nagusi. Beraz, nahitaezkoa da jarduketa publiko bat enpresa horien integrazioa sustatzeko, jasangarriak eta lehiakorrak izango badira.

Kooperatiba-ereduaren bitartez, gizarte-ekonomia izan da ekoizle txikien jarduera ekonomikoa errentagarri egiteko bidea; izan ere, indarrak batu, eta eskalako ekonomiak lortu dira, balio demokratiko eta elkartasuneko balioak gauzatu eta oinarritzat hartuta, enpresa egiteko modu berezi bat den aldetik.

Hala ere, argi ikus daitekeenez, lortu diren ekonomia- eta enpresa-unitate horiek ez dira nahiko egungo ekonomia- eta enpresa-testuinguru globalizatu honetan. Oro har, elikagaien industriak oso atomizatuta daude. Horregatik berritu behar da enpresa-integrazioaren aldeko ahalegina, funtsezko zutabea baita sektorearen jasangarritasunean bai enpresaren ikuspegitik bai landa-herriek bizirik irauteko eta garatzeko.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu ostean indarraldia 2019ko ekitaldira luzatuta, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren iritzia entzunda, eta dekretu hauek emandako eskumenez baliaturik: 159/2018 Dekretua, azaroaren 13koa, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen dekretua; eta 81/2019 Dekretua, maiatzaren 28koa, zeinaren bidez aldatzen baita Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretua; honako hau

Agindu honen xedea da: gizarte-ekonomiako enpresak integrazioaren bitartez dimentsionatzeko, 2019ko ekitaldian zehar, Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Lan eta Justizia Sailaren bitartez emango dituen laguntzak arautzea eta deialdia egitea.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduera hauek finantzatzeko izango dira:

    1. Bat egiteko proiektuak landu eta egitea, aldez aurretik bestelako dirulaguntzarik izan ez badute.

    2. Sozietate xurgatutik etorritako bazkideek sozietate bereganatzailearen kapital sozialari egindako ekarpenen harpidetza.

  2. Aurten hasi behar dute agindu honen indarrez dirulaguntza izan dezaketen jarduerek , eta 2019ko abenduaren 31 baino lehenago amaitu.

  1. Agindu hau betetzeko, gehieneko zenbateko orokor bat jarriko da, seiehun mila (600.000) eurokoa, 2019rako hainbesteko ordainketa-kreditu baten bidez.

  2. Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek izango dute dirulaguntza. Agindu honetan zehaztutako irizpideez kalkulatutako dirulaguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa gainditzen bada, murriztu egingo da dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, horretarako, gutxitze proportzional bat aplikatuko zaie onartu diren eskabide guztiei.

Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten pertsonek eta erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) 2.1.a) artikuluko jarduerak: gizarte-ekonomiako enpresak.

b) 2.1 b) artikuluko jarduerak: 2.1.a) artikuluan adierazitako bat-egitetik sortutako enpresetan, eskubide osoko bazkide bihurtzen diren pertsonak behin betiko.

  1. Oro har, agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, betekizun hauek bete behar dituzte erakunde edo pertsona onuradunek:

    1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea.

    2. Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, erakunde edo pertsona onuradunek amaituta izan beharko dute itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eman dituzten eta izaera berekoak diren laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

    3. Behar denean, Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

    4. Egunean izatea itzulketa-betebeharrak, dirulaguntzak itzultzeko prozeduraren batean egonez gero.

    5. Erakunde edo pertsona eskatzaileek erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapidean).

  2. Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

  1. Eskabidean sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde edo pertsona eskatzaileek deklaratu behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan adierazitako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da aurkezteko adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak 15 eguneko epean gehien jota.

  2. Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan eskatzaileak betetzen dituen ala ez zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, baimena espresuki ukatu ahal izango da, eta, hala bada, erakunde edo pertsona eskatzaileak aurkeztu beharko ditu ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, egiaztatuko da betebehar horiek betetzen direla dirulaguntza emateko eta ordainketak egiteko ere.

  3. Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek edo pertsonek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea.

  4. Halaber, erakunde edo pertsona eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak dirulaguntza hauen onuraduna izateko.

  1. Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokitzen direnak.

    2.1.a) artikuluaren babespeko eskabideak badira, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira enpresak bat egiteko akordioak egiteko aukerari edo bideragarritasunari loturikoak, esate baterako: lege- edo ekonomia-aholkularitzako ikerketak, aholkuak eta minutak; barnean hartuta notaritza- eta erregistro-kostuak, eta, oro har, dirulaguntzako jarduerari zalantza barik dagozkion kostu guztiak, zeinak behar-beharrezkoak baitira jarduera gauzatzeko.

    2.1.b) artikuluaren babespeko eskabideak badira, diruz laguntzeko moduko gastutzat hau baino ez da hartuko: erakunde xurgatutik datozen bazkideek 2019ko abenduaren 31 baino lehenago kapital sozialean egiten dituzten harpidetzak.

  1. Hauek izango dira dirulaguntza-zenbatekoak eta muga aplikagarriak:

    2.a) artikuluko jarduerak: dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiteko gastu garbien % 50, hogeita hamar (30.000) mila euroraino.

    2.b) artikuluko jarduerak: hiru mila (3.000) euro bazkide onuradun bakoitzeko.

  2. Emandako dirulaguntzak ezin izango du gainditu onuradunak kooperatiba- edo lan-sozietatean bazkide sartzeko harpidetutako kapitalaren % 100.

  3. Edonola ere, kapital-harpidetza horrek eskatzaileak egindako benetako diru-ekarpena izan behar du; izan ere, ez da kontuan hartuko lagapen, dohaintza edo doako bestelako formularen baten bidez egindako ekarpena edo ekarpen-zatia.

  1. Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke beste edozein Administraziok edo erakunde publikok emandako laguntzekin, arrazoi eta xede bera izan nahiz eta. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta aurreko artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

  2. Agindu honetako laguntzak batzen badira pertsona edo erakunde onuradunak beste Administrazio edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzekin, eta laguntza horiek batera gainditzen badute laguntzako jardueraren kostu osoa, edo agindu honen 8. artikuluan adierazitako gehieneko zenbatekoa, bateraezintzat joko da gaindikina, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

Honako betebehar hauek izango dituzte dirulaguntza hauen onuradunek, hartara eragotzi gabe indarreko araudi aplikagarriek ezarritako beste batzuk ere, eta, batez ere, kontuan hartuta bai Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitako betebeharrak:

  1. Dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hamabost egunera, espresuki eta idatziz uko egiten ez badio onuradunak dirulaguntzari, dirulaguntza hori onartutakotzat joko da.

    2.1.b) artikuluaren babespeko laguntzen onuradunek honako hau egin beharko dute:

    1. Onuradunaren kontuan dirua sartzen denetik, gehienez, 2 hilera, bazkideak berak egiaztatu beharko du benetan ordaindu duela harpidetutako kapitala, diruz lagundutako kopurua, gutxienez; horretarako, ordainketa errealaren egiaztagiria eman beharko du. Bazkide egin zen sozietateko organo eskudunak.egin behar du egiaztagiri hori.

    2. Bazkide egiten denetik 3 urte betetzen direnean, dirulaguntzaren onuradunak justifikatu beharko du sartu zen erakundeko bazkide izaten jarraitzen duela, salbu eta onuradunaren borondateaz beste arrazoirik egiaztatzen bada, edo justifikatzen bada sozietatearen kapitalerako ekarpena egiten jarraitzen duela (diruz lagundutako zenbatekoa, gutxienez). Horretarako, bazkide egin eta hiru hilera, enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

      1. Aldi berean, hasiera batean egindako ekarpenari eusten diola egiaztatu beharko du onuradunak; horretarako, aurreko apartatuan ezarritako epean, egoera horren egiaztagiria bidali beharko du. Ekarpena borondatez murriztu bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da.

      2. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoa bete beharko da espresuki, han baitaude adierazita zein diren onuradunen betebeharrak.

  1. Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus/ayudas-fusiones--economia-social-2019/web01-tramite/es

  2. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  3. Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nork bere aukeran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta deialdi honetako izapide guztiak. Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoaz egin ahal izango dituzte.

  2. Modu presentzialean nahiz elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak: http://www.euskadi.eus/ayudas-fusiones-economía-social-euskadi-2019/web01-tramite/es

  3. Bide elektronikoko eskaeraren osteko izapideak hemen egingo dira: https://euskadi.eus/nirekarpeta

Eskabidearen inprimakia bete beharko dute agindu honetan adierazitako onurak eskuratu nahi dituzten interesdunek, eta, horrekin batera, dokumentazio hau aurkeztu:

a) 2.1.a) artikuluko erakundeak badira:

Bat-egitea azaltzeko memoria xehea, non adieraziko baita, besteak beste, zenbat bazkide sartu diren erakunde xurgatzailean eta zenbateko partaidetza izango duten erakundearen kapitalean.

Formalizaziorako justifikatutako gastuak.

Bat egiteko eskritura.

b) 2.1.b) artikuluko pertsona onuradunak badira:

Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, non zehaztuko baita noiz hartu den behin betiko eta eskubide osoko bazkide-izaera.

Sozietateak emandako ziurtagiria, non adieraziko baita zenbateko kapitala harpidetu duen eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari buruzko kopuruak.

Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean edo nahitaezko dokumentazioa aurkeztu ezean, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko da. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1 eta 21.1 artikuluetan.

  1. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

  2. Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

    Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betetzeko.

  3. Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoa bete dadin, hartara eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

  4. Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean, zer erakunde edo pertsonak jaso duten dirulaguntza, eta zenbateko laguntza jaso duten; bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

  1. Agindu honetan adierazitako dirulaguntzak ordainketa-agindu bakar batez emango dira dirulaguntza esleitu eta berehala.

  2. Eskatzaileari dirulaguntzarako eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntza horren abonua jasotzeko, Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena (emanda ez badauka edo datuak aldatu bahi baditu). Altak edo aldaketak helbide hauetan egin daitezke:

    Aurrez aurre eginez gero, hemen ezarritako inprimaki-ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

    Elektronikoki eginez gero: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, batez ere, horrekin batera, eskuratzen badira beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik dirulaguntzak edo bestelako laguntzak, edo, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk, aldatu ahal izango da dirulaguntza emateko ebazpena; dena dela, arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko da dirulaguntzen onuradun izateko. Hori dela eta, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emango du aldaketa egiteko ebazpen hori, zeinaren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta erakunde edo pertsona onuradunek itzuli egin beharko baitituzte soberakinak.

  1. Erakunde edo pertsona onuradunak hauetan xedatutakoak bete behar ditu: dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak. Horiek betetzen ez baditu, edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira, edo emandako dirua beste zerbaitetarako erabili bada, helbururako erabili beharrean; horren ondorioz, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

  2. Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta hutsegiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa baino ez bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zigorren bidez.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

  1. Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde edo pertsona onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

  2. Alegazioak jasota, edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean, beharrezkoa bada, xedatuko baitu kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; horretarako gehieneko epea bi hilekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondateko aldikoa izango da.

    Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilean ebatzi behar da.

  3. Borondateko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

Onuradunak kooperatiba-sozietateak edo lan-sozietateak direnean bakarrik, Europako Batzordeak ezarritako de minimis arauari lotuko zaio dirulaguntzen araudi hau (Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamendua). Hortaz, Lan eta Justizia Sailak behar diren neurriak hartu beharko ditu, bermatzearren ez dezatela jaso de minimis laguntzetan 200.000 euro baino gehiago agindu honetan aurreikusitako laguntza-araubidearen onuradun diren erakundeek edo pertsonek, uneko zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak aintzat hartuta.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Arau aplikagarriak.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek beronen aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Lan eta Justiziako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 19a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik