Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko urriaren 28koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Colegio Oficial de Ingenieros Industriales de Gipuzkoa - Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 18
  • Hurrenkera-zk.: 400
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/10/28
  • Argitaratze-data: 2020/01/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Instituzional; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ikusi eta aztertu da Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketak onartzeko egindako eskabidearen espedientea.

Lehenengoa. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialaren estatuak aldatzeko eskabidea sartu zen, eta espedientea tramitatu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.

Bigarrena. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Industri Ingeniarien Kontseiluaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, 2019ko irailaren 4ko idazki baten bidez, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak elkargoari eskatu zion konpon zitzala ikusitako akatsak. 2019ko irailaren 19an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean elkargoak igorritako agiriak sartu ziren.

Hirugarrena. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa. Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Bigarrena. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren (gaur egun, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila) egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen Lehendakariaren apirilaren 9ko 188/2014 Dekretuaren 10. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian eta lehenengo xedapen iragankorrean xedatuarekin lotuta.

Hirugarrena. Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan eta Profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6 eta 7, 38. eta 39. artikuluan xedatuta dagoena betetzen da.

Aztertu dira manu horiek eta orokorrean aplikatu beharreko gainerako arauak; horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketak onartzea.

Bigarrena. Elkargo horren estatutuetan egindako aldaketak argitaratzeko eta estatutuak agindu honen eranskinean jartzeko agintzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 28a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Elkargoa Zuzenbide Publikoko korporazio bat da. Nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun publiko eta pribatu osoa du bere helburuak betetzeko.

Elkargoak jarraituko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko 18/1997 Legean xedatutakoari eta Estatutu hauetan agindutakoari, hargatik eragotzi gabe aplikatzekoak zaizkion goragoko mailako arauak.

Elkargoaren lurralde-esparrua Gipuzkoako Lurralde Historikoa da.

Helbide hau du: Zubieta kalea 38, etxabea 20007, Donostia.

  1. Elkargoak helburu hauek ditu: Industria Ingeniaritzaren lanbidearen jarduna antolatzea, lanbide horren ordezkaritza instituzional esklusiboa izatea (une bakoitzean elkargo profesionalei aplikatzekoa zaien legerian ezarritakoaren arabera), Industria Ingeniaritzaren interes profesionalak defendatzea eta haren elkargokideen zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babestea; hori guztia gizartearen interes eta beharrekin bat etorriz.

  2. Besteak beste, hauek dira Elkargoaren helburu nagusiak:

    1. Bere esparruan, lanbidearen ordezkaritza instituzional esklusiboa izatea Espainiako Konstituzioaren 36. artikuluan, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako elkargo profesionalei buruzko legeetan eta zuzenbide komunitarioan ezarritakoaren arabera administrazio, instituzio, auzitegi, erakunde eta partikularren aurrean; eta legitimazioa edukitzea lanbidearen interesetan eragina dute auzi guztietan parte izateko.

    2. Dagokion eskumenaren barruan, lanbidearen jarduna antolatzea, etika eta duintasun profesionala eta gizartearekiko beharrezko errespetua zainduz.

    3. Lanbidea defendatzea administrazio publiko, instituzio, auzitegi, erakunde eta partikular ororen aurrean, lanbidearen interes profesional orokor nahiz kolektiboetan eragina duten auzi guztietan parte izateko eskubideaz.

    4. Bere kideak prestatzea.

    5. Bere kideen artean gizarte aurreikuspena eta aseguramendua antolatu eta garatzea.

    6. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babestea bere elkargokideen zerbitzuetan.

  1. Aurreko artikuluan adierazi diren helburuak betetzeko, Elkargoak indarrean dagoen Antolamendu Juridikoak esleitzen dizkion eginkizunak izango ditu.

  2. Besteak beste, hauek dira Elkargoaren eginkizun nagusiak:

    Eginkizun generikoak:

    1. Industria Ingeniaritzaren lanbidearen jarduna erregulatu eta zaintzea: justizia-auzitegien aurrean agertzea elkargokideak defendatzeko nahiz erakunde ofizial edo partikularrek eskatuta, aplikatzekoak diren legezko aurreikuspenen eta zuzenbide komunitarioaren arabera.

    2. Aurreko guztia gorabehera, Elkargoak esku hartuko du, gizartearen aurrean bere gain hartu duen erantzukizunaren arabera, esleitzen zaizkion edo bere kabuz hala erabakitzen dituen interes orokorreko zereginetan, Legea errespetatuz betiere.

      Administrazioarekin lotutako eginkizunak:

    3. Administrazio publiko, instituzio edo erakundeekin lankidetzan aritzea interes erkideak lortzeko, haien aholkularitza- edo erabakitze-organoetan parte hartuz eta eskatzen dizkioten eta bere ekimenez lantzen dituen irizpenak emanez. Kasu horietako batean ere, Elkargoaren jardunek ez dituzte xede izango Industria Ingeniaritzaren berezko zerbitzuak.

    4. Justizia Administrazioarekin eta gainerako organo publiko eta pribatuekin lankidetzan jardutea, ordezkariak edo perituak izendatuz Industri Ingeniaritzarekin zerikusia duten ezagutzak eskatzen dituzten gaietan, horretarako eskaera egiten zaionean.

    5. Unibertsitateekin lankidetzan aritzea etorkizuneko tituludunak trebatzen, eta horiei jarduera profesionalean sartzen laguntzea, bidezko prestakuntza-ekintzen bitartez.

    6. Elkargoak, gainera, eskubidea izango du Estatuko Administrazio Publikoaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren, foru-administrazioaren eta tokiko administrazioren berezko eginkizunetan jarduteko, baldin eta hori xedatzen badute dagozkion administrazioetako organo eskudunek ebazpen, erabaki edo hitzarmen bidez. Berori dagokion aldizkari ofizialean argitaratu beharko da.

      Eskuordetzeko xedapenean, hitzarmenean edo erabakian ezarritako hedaduraz eta baldintzetan jardungo da eginkizun horietan.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak elkargo profesionalen arloan lantzen duen araudiko proiektu eta aurreproiektuen berri ematea eta entzuna izatea elkargokideen interesetan zuzeneko eragina duten xedapen orokorrak lantzeko prozeduran.

    8. Lankidetzan aritzea administrazio publiko, instituzio eta erakundeekin, azterlanak eginez, txostenak emanez, estatistikak landuz, arbitraje-prozeduretan parte hartuz eta bere xedeekin lotutako beste jarduera batzuk eginez organo eskudunek eska ditzakeen eginkizunetan eta bere ekimenez formulatzea erabakitzen duen besteetan.

    9. Administrazio publikoekin lankidetzan aritzea hezkuntza-jarduerak, prestakuntza-jarduerak eta hobekuntza profesionaleko jarduerak edo antzekoak egiten, batez ere horien elkargokideak ez direnean haien hartzaile esklusiboak.

    10. Administrazio publikoetako aholkularitza- edo erabakitze-organoetan parte hartzea, dagokion araudiak ezartzen dituen baldintzetan.

      Elkargoarekin berarekin lotutako eginkizunak:

    11. Bere estatutuak eta barne-araudia onartzea eta horiek bete daitezen zaintzea.

    12. Elkargoaren urteko kontuak eta aurrekontuak onartzea.

    1. Elkargoaren etika- eta deontologia-kodea onartzea eta bete dadin zaintzea.

    2. Irizpide orientagarriak eman ahal izango ditu, kostuen tasazioaren eta abokatuen kontuen zina egitearen ondorioetarako soil-soilik. Irizpide horiek baliozkoak izango dira, era berean, doako laguntza juridikoan kostuen tasazioaren ondorioetarako dagozkion ordainsariak eta eskubideak kalkulatzeko.

    1. Lanbidearen, kulturaren, laguntzaren eta aisiaren arloetako eta antzeko beste arlo batzuetako jarduerak, eta Industria Ingeniaritzarentzat eta elkargokideentzat komenigarritzat jotzen diren antzeko jarduerak antolatzea. Horretarako, Elkargoak enteak edo zerbitzuak sortu edo sustatu eta Administrazioarekin, instituzioekin eta erakundeekin itunak edo hitzarmenak sinatu ahal izango ditu.

    2. Zaintzea tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa bete dadin lanbiderako sarbidean eta jardunean.

    3. Lanbide-intrusismorik, lehia desleialik eta legez kanpoko publizitaterik ez onartzea; eta, jokabide horiek osatzen dituzten egitateen berri izanez gero, justizia-auzitegiak jakinaren gainean jartzea eta horretarako legez ezarrita dauden ekintzak baliatzea. Halaber, beharrezkoa baldin bada, zehapen- edota diziplina-ekintzak aginduko zaizkie Industria Ingeniaritzaren lanbidean legezko eskakizunak bete gabe jarduten dutenei.

      Elkargokideekin lotutako eginkizunak:

    4. Elkargokideen lanbide-zerbitzuen kalitatea egokia dela ziurtatzea, eta zerbitzuen hartzaileen legezko interesak eta eskubideak errespetatzen direla zaintzea.

    5. Elkargokideen lan profesionalak ikus-onestea eta lan edo dokumentu teknikoak erregistratzea, halakorik egitea eskatzen diotenean.

    6. Bai elkargokideen artean, bai elkargokideen eta bezeroen artean lanbidearen zioz sortzen diren gatazketan bitartekari aritzea arbitraje-bidean, alderdiak ados jarrita, halakorik egitea eskatzen diotenean.

    7. Diziplina-ahala baliatzea elkargokideek beren lanbideen jardunean eta Elkargoarekiko harremanean egiten dituzten arau-hausteengatik. Lehia desleialarekin lotutako arau-hausteak direnean, justizia-auzitegiek aldez aurretik ebatzi behar dute jokabidea lehia desleialtzat hartu behar den.

    8. Prestakuntza teknikoko eta zeharkako prestakuntzako jarduerak antolatu eta egitea.

    9. Bere elkargokideen lan-munduratzea hobetzeko ekintzak sustatzea.

    10. Bere elkargokideen ekarpen ekonomikoak erregulatu eta eskatzea.

    11. Lanbide-interesei mesede egiten dieten gainerako eginkizunak (hala nola elkargokideen arteko elkarreragina sustatzea eta profesionalen arteko topaleku izatea), Elkargoaren helburuak betetzeko egiten badira. Ildo horretatik, honako hauek barne hartzen dira: elkargokideen informazio-eskaerei erantzutea, ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio-eskaerei erantzutea eta ikuskapen- zein ikerketa-eskaerei erantzutea, baldin eta Europar Batasuneko estatu kideren bateko edozein agintari eskudunek eskatzen badu, azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 27.4 artikuluan ezarritako baldintzetan (17/2009 Legea, zerbitzu-jardueretan aske sartzeari eta aritzeari buruzkoa); eta, bereziki, kontroletan, ikuskapenetan eta ikerketan egiten diren informazio-eskaerei erantzutea, baldin eta eskaerak behar bezala justifikatuta badaude, eta lortutako informazioa zertarako eskatu zen, eta horretarako erabiltzen bada.

    12. Indarreko legerian nahitaezko aseguramendu-betebeharra ezarrita badago, elkargokideen aseguramendu-betebeharra betetzeko neurriak hartzea.

      Aa) Indarreko legeriak agintzen dion beste edozein eginkizun, baita elkargokideen zerbitzuak kontsumitzen edo erabiltzen dituzten pertsonak babesteko behar diren eginkizun guztiak ere, gauzatzea.

  1. Industria Ingeniaritzaren lanbidean jarduteko, elkargo profesionalei aplikatzekoa zaien legeriak ezarritakoaren arabera, nahitaezkoa da, baina ez nahikoa, helbide profesional bakar edo nagusiari dagokion lurralde-esparruko elkargoko kide egitea, indarrean dagoen legeriak hala ezartzen duenean. Gainerako kasuetan, elkargoko kide egitea borondatezkoa izango da.

  2. Elkargokideek eskubidea izango dute sartu zirenekoa ez den beste elkargo baten esparruan beren lanbidean jarduteko, baldin eta xede-elkargoak ezarritako arau orokorrak eta berariazkoak errespetatzen badituzte, indarrean dagoen araudia betetzeko. Ezin izango dute eskubide osoko kide gisa parte hartu xede-elkargoaren organoetan.

    Nahikoa izango da elkargo bakar batean sartzea (elkargo horren helbidea izango da helbide profesional bakarra edo nagusia), eta Estatuko lurralde osoan jardun ahal izateko. Europar Batasuneko profesionalak beste estatu kide batera aldi baterako lekualdatzen badira, indarrean dagoen araudiari jarraitu beharko diote, Europako Erkidegoko zuzenbidean kualifikazioak aitortzeko ezarrita dagoena aplikatzeko.

    Ikus-onetsiarekin, ziurtapenarekin eta erregistroarekin lotutako gaietan, Elkargoak ezin izango die eskatu sartuta dauden elkargoari ez dagokion lurralde batean diharduten profesionalei inolako jakinarazpen edo gaikuntzarik, ezta bere kideei eskatu ohi dizkienez bestelako kontraprestazio ekonomikoak ordaintzerik ere.

  3. Hiru modu daude elkargokide izateko. Modu bakoitzak besteekiko eskubide eta betebehar desberdinak ematen dizkie elkargokideei.

    1. A mota. Jarduneko elkargokideak.

    2. B mota. Jarduten ez duten elkargokideak.

    3. C mota. Elkargoari gonbidatu gisa atxikitako kideak.

  1. Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialeko kide izateko, Elkargoari sartzeko eskaera egin beharko zaio eta baldintza hauetako bat bete beharko da:

    1. A motako elkargokide izateko. Industria Ingeniaritzako eskudantziak dituzten elkargokideak.

      Industria Ingeniaritzaren lanbidean jarduteko gaituko duen titulazioa edo homologazioa aurkeztu beharko da.

    2. B motako elkargokide izateko. Industria Ingeniaritzako eskudantziarik ez duten elkargokideak.

      Kualifikazioen Europako Esparruko 7. mailako edo pareko Industria Ingeniaritzaren adarreko titulu bat eduki beharko da, Estatuak ezagututakoa, Industria Ingeniaritzaren lanbidean jarduteko gaituko ez duena eta elkargo profesional propio bat (organo eskudunek ondorio horretarako onartutakoa) sorrarazi ez duena.

      Titulazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Ingeniari Industrialen Kontseiluak elkargoan sartzeko egokitzat onartu behar du.

    3. C motako elkargokide izateko. Elkargoari atxikitako kideak.

      Eskubide politikorik ez eta elkargo-eskubiderik ez duten kide «gonbidatuak» direnez, Elkargoak bere barne-araudian finkatuko ditu Elkargoan kide atxikitzat sartzeko baldintzak eta kide horri dagozkion eskubideak eta betebeharrak.

  2. Elkargokide izanik, elkargokideak ikasketa-tituluarekin bat datorren lanbidean jardun ahal izango du. Eskuduntzei dagokienez, elkargokide izateak berez ez du bermatzen legerian aitortuta ez dagoen eskubiderik.

  3. Hona elkargoko kide egiteko beste eskakizun batzuk (A eta B motako elkargokideak):

    Lanerako gaitasungabetuta ez egotea.

    Legeetan ezarritako bateraezintasun- edo debeku- kausen pean ez izatea.

    Elkargoko kide egiteko arauak betetzea.

  1. Elkargoan sartzeko eskaerak aurkezten diren unetik bertatik behin-behinekoz onartutzat hartzen dira.

  2. Aurreko artikuluak aipatzen duen titulua edo bere egiaztagiria aurkezten ez duten eskaerak ezin izango dira inola ere onartutzat hartuko.

  1. Elkargoko Gobernu Batzordeari dagokio eskaerak behin betiko onartzea.

  2. Eskaera Elkargoaren erregistroan sartu eta hiru hilabeteko epearen barruan, Gobernu Batzordeak eskaera behin betiko onartzea edo ukatzea erabakiko du.

    Aurreko paragrafoan aipatutako epea igarotzen bada eta inolako ebazpen espresik eman ez bada, behin-behineko onarpena behin betiko onarpen bihurtuko da, salbu eta entregatutako dokumentazioak lege- edo estatutu-aginduak betetzen ez baditu.

  3. Eskaerak onartzea egintza arautua da. Eskaera ukatzea lege- edo estatutu-aginduren bat ez betetzean oinarrituko beharko da, eta interesdunari ukoaren arrazoiak jakinarazi beharko zaizkio.

  4. Eskaera ukatzen duen erabakia interesdunari jakinarazi ondoren, horrek Elkargoko Gobernu Batzordearen aurrean errekurtsoa jarri ahal izango du, Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera.

Eskaera ukatzeko arrazoiak honako hauek dira:

  1. Behar adinakoa tituluaren jabe ez izatea, estatutu hauen 8. artikuluaren arabera.

  2. Eskaera arauen arabera ez aurkeztea, indarrean dagoen altako inprimakiaren arabera.

  3. Lanbide-jarduna eteten duen diziplina-zigor bat betetzen egotea.

  4. Elkargoko kide egiteko eskakizunen inguruko beharrezko informazioa ez ematea.

  1. Eskaera onartzeak eskatzailea Elkargoan sartzea ekarriko du, eta une horretatik aurrera hurrengo artikuluetan adierazten diren eskubideak eta betebeharrak izango ditu.

  2. Elkargokide egiteak eskatzen du aseguru kolektiboko polizetan eta elkargoaren aurreikuspen-hitzarmenetan sartuta egotea, baita elkargokide egiteko eskaeran jasoarazitako beste elkargo-zerbitzu batzuetan ere, horiei buruzko arauetan ezarritako baldintzetan; betiere, indarrean dagoen legerian halakorik eskatzen bada edo elkargokideak berariaz eskatzen badu. Erantzukizun zibileko aseguruak babesten duen arriskuaren irismena eta ezaugarriak zein diren, halakoa izango da aseguruaren kostua.

  3. Elkargoko kide egiteko edo hari atxikitzeko, ulertzen da Elkargoari baimena eman zaiola Gobernu Batzordearen ustez profesionalak diren datuak jakinarazteko, horiek elkargo-gidetan eta leihatila bakarrean sartzeko eta hirugarrenei lagatzeko, elkargo-eginkizunak bete daitezen; hori guztia leihatila bakarrari eta datu pertsonalen babesari buruzko legerian ezarritakoaren arabera eta legeria horrek ezartzen dituen mugekin.

    Era berean, ulertzen da Elkargoari baimena eman zaiola hark bere kideei jakinarazteko bai bitarteko telematikoen, bai ohiko postaren bitartez Elkargoak antolatutako jardueren inguruko informazioa profesionala, aisiarekin eta kulturarekin lotutakoa nahiz ludikoa edota hark hedatzeko egokia dela deritzon informazioa.

  1. Elkargokide guztiek eskubide hauek izango dituzte:

    1. Elkargoko lurralde-esparru osoan bere lanbidean aritzea.

    2. Elkargoko lurralde-esparrutik kanpo bere lanbidean aritzea, 7.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    3. Bere bezeroei Elkargoaren bidez kobratzea, Elkargoari askatasunez, berariaz eta bere borondatez hala eskatzen badiote.

    4. Elkargoaren ondasunak eta hark ezarrita dituen zerbitzuak erabiltzea eta horietaz gozatzea, baldin eta gainerako elkargokideen eskubideen kalterako ez bada.

    5. Estatutu hauetan jasotako gaietan eta eran hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.

    6. Lanbidean eragina izan dezaketen egintza guztiak Elkargoko Gobernu Batzordeari jakinaraztea; behar izanez gero, hark esku har dezan.

    7. Elkargokide gisa dituzten eskubide edo interesei edota Elkargoarenei edo lanbidearenei kalte egin zaiela irizten diotenean, Elkargoaren babesa eskatzea.

    8. Estatutu hauen edo indarrean dauden gainerako arauen ondoriozko beste guztiak.

  2. Estatutu hauetan ezartzen diren ordezkaritza-karguetarako hautagai izateko, nahitaezko baldintza izango da (baina, ez nahikoa) elkargokide izatea eta egoitza pertsonala edo profesionala Elkargoaren lurralde-esparruan edukitzea.

Elkargokideen betebeharrak dira:

  1. Arauz dagozkien Elkargoko ohiko eta ezohiko kuotak ordaintzea elkargoa sostengatu eta garatzeko, baita zerbitzuetarako ezartzen diren kuotak eta eskubideak ordaintzea ere.

  2. Lan profesionalak aurkeztea horiek legezkotu eta ikus-onesteko, eskakizun hori nahitaezkoa den kasu guztietan eta dagozkion eskudantzia profesionalen jabe izanez gero.

  3. Estatutu hauetan jasotako agindu guztiak zorrotz betetzea, baita Elkargoaren gobernu-organoek baliozkotasunez hartutako erabakiak ere.

  4. Elkargoari jarduketa profesional irregularren edo lanbide-intrusismoko kasuen berri ematea, Elkargoak auzitegi eskudunei jakinaraz diezaien, eta horiek ikerketa egin eta, hala badagokio, zehapena ezar dezaten.

  5. Egintza korporatiboetan parte hartzea, pertsonalki edo ordezkaritza bidez.

  6. Hautapen bidez esleitzen zaizkien edo Elkargoaren organoek eskatzen dizkieten karguak onartzea, salbu eta Gobernu Batzordeak justifikatutzat hartzen duen horren aurkako arrazoirik badago.

  7. Bere jarduera profesionalaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizun zibileko arriskuak dagokion aseguruaren bitartez estaltzea. Betebehar hori ez da nahitaezkoa izango baldin eta hirugarrenen eskubideak bermatuta badaude dagokion jardueran aplikatzekoak diren beste lege batzuen edo oro har aplikatzekoak diren xede bereko erabakien indarrez. Elkargoko poliza bat sinatu izana beti egiaztatuko da, baita elkargokideak berariaz eskatzen duen guztietan. Babesten duten arriskuaren ezaugarriak eta irismena zein diren, halakoak izango dira aseguruaren zenbatekoa eta polizaren kostua.

  1. Ezarritako epeen barruan ohiko edo ezohiko kuotak ordaintzen ez dituztenak elkargokide gisa etenda geratuko dira, eta atzeratutako kuota horiek eta etendura-aldian zehar gainerako elkargokideei kobratu zaizkienak ordaindu arte, elkargokide gisa legozkiekeen eskubide guztiak galduko dituzte.

    Aurreko paragrafoan adierazitakoaz gainera, ez ordaintzeak ekar ditzakeen diziplina-zehapenak ezarri ahal izango dira.

  2. Estatutu hauen VIII. tituluan ezarritakoaren arabera, diziplina-zehapentzat hartu ahal izango da, era berean, eskubideak etetea.

Arrazoi hauengatik utziko zaio elkargokide izateari:

  1. Heriotzagatik.

  2. Uko egiteagatik.

  3. Elkargoko Gobernu Batzordearen erabakiz, kuotak ez ordaintzeagatik edo Estatutu hauetan ezartzen diren ekonomia-betebeharrak ez betetzeagatik Estatutuetan bertan edo baliozkotasunez hartutako erabakietan zehazten diren baldintzetan. Horretarako, aurretik bi errekerimendu egingo dira, gutun egiaztatuen bitartez nahiz Batzordeak erabakitzen dituen IKT telematikoetan.

  4. Lanean jarduteko baldintzak ez betetzeagatik. Halakoetan, egitate eragozle hori antzematen den unetik bertatik sortuko da baja.

  5. Elkargokide egiteko dokumentuen faltsutasunagatik.

  6. Lanbidean jarduteko gaitasungabetzea epai irmoaz ezarriz gero.

  7. Elkargotik kanporatzeagatik, aurretiazko diziplina-espediente baten ondoren.

  1. Honako hauek dira elkargoaren zuzendaritza-organoak:

    1. Osoko-organoa: Elkargoko Batzar Nagusia.

    2. Gobernu-organoa: Elkargoko Gobernu Batzordea.

    3. Lehendakaritza-organoa: Elkargoko Dekanotza.

  2. Elkargoko Gobernu Batzordeak komenigarritzat jotzen dituen batzorde guztiak eratu ahal izango ditu, eta denak Batzordearen mende egongo dira.

  1. Batzar Nagusia Elkargoaren borondatea adierazten duen organo gorena da.

  2. Elkargokide guztiak behartuta egongo dira Batzar Nagusian hartzen diren erabakiak nahitaez betetzera, betiere erabaki horiek Legeak eta estatutuek emandako eskumenen barruan eta ezarrita dagoen prozedurari jarraituz baliozkotasunez hartzen badira.

Elkargoko Batzar Nagusiari dagokio soilik:

  1. Elkargoko Estatutuak onartzea eta aldatzea.

  2. Elkargoaren bat-egiteari, xurgatzeari, banantzeari, izena aldatzeari eta desegiteari buruzko erabakiak hartzea, indarrean dagoen antolamendu juridikoan xedatutakoaren arabera.

  3. Elkargoaren aurrekontua eta urteko kontuak onartzea.

  4. Onartutako azken balantzearen arabera Elkargoaren ondarearen % 10eko balioa gainditzen duten ondasunak edo eskubideak eskuratzeko edo besterentzeko edota gastu puntualak egiteko baimena ematea.

  5. Elkargoaren ohiko eta ezohiko kuotak finkatzea.

  6. Gobernu Batzordearen kudeaketa onartzea edo, hala badagokio, gaitzestea.

  7. Gobernu Batzordeko kideen lanpostu-jabetza hartzea, Estatutu hauen IV. tituluan ezarritako prozeduraren arabera.

  1. Elkargoko Batzar Nagusia osatzen dute eskubide osoko elkargokide guztiek, jardunean egon ala ez.

  2. Elkargokideak beste elkargokide baten bitartez bakarrik izan daitezke ordezkatuak.

  3. Elkargokide bakoitzak, bereaz gain, beste elkargokide baten ordezkaritza eduki dezake gehienez. Ordezkari horrek dagokion idazkiaren bidez soilik izango du baliozkotasuna.

  4. Elkargokideek boto bana izateko eskubidea edukiko dute. C motako kideek ez dute boto-eskubiderik edukiko, baina Batzar Nagusira bertaratu ahal izango dira gonbidatu gisa, hitz-eskubideaz, non eta Gobernu Batzordeak horren aurkako iritzia ez duen.

  5. Industria Ingeniaritzaren lanbidean eragina duten gaietarako, A motako elkargokideek besterik ezin izango dute bozkatu. Azken batean, Gobernu Batzordeak zehaztuko du zein gaitan bozkatu ahal izango duten A motako elkargokideek soilik.

  1. Elkargoko Gobernu Batzordea izango da haren zuzendaritza-organoa.

  2. Elkargokide guztiek bete behar dituzte Gobernu Batzordean bere eskumenen barruan eta ezarritako prozedurari jarraituz baliozkotasunez hartzen diren erabaki guztiak.

  1. Elkargoko Gobernu Batzordeari dagozkio Elkargoaren zuzendaritza eta administrazioa, eta eskumena izango du Elkargoko Batzar Nagusiari berariaz esleitu ez zaizkion gai guztietan.

  2. Zehazki, Elkargoko Gobernu Batzordearen eskumenak izango dira:

    1. Batzar Nagusiaren deialdia eta bertan landu beharreko gai-zerrenda egitea.

    2. Elkargoaren aurrekontua eta kontuak aurkeztea eta, oro har, Batzar Nagusian aztertu behar diren gai guztiak prestatzea.

    3. Kide berriak onartzea.

    4. Elkargoaren ikus-onetsia ematea.

    5. Onartutako azken balantzearen arabera Elkargoaren ondarearen % 10eko balioa gainditzen ez duten ondasunak edo eskubideak eskuratzeko edota gastu puntualak egiteko baimena ematea. Eskumen hori Dekanotzaren, Gerentziaren edo egoki deritzon pertsona baten esku utzi ahal izango du Gobernu Batzordeak.

    6. Diziplina-espedienteak hastea eta horiek Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera ebaztea.

    7. Ekintza judizialak eta administratiboak eta mota guztietako jarduketa prozesalak baliatzea, eskuordetzeko eta ahalordea emateko gaitasunarekin.

    8. Gerentzia eta aholkulariak izendatzea.

    9. Estatutu hauen beste artikulu batzuetan ezartzen diren gainerako eskumenak.

  3. Gobernu Batzordeko kideek Batzar Nagusira joan beharko dute, salbu eta justifikatutako arrazoirik badute.

  1. Elkargoko Gobernu Batzordea 15 karguk, Dekanotzak eta gehienez 14 batzordekidek osatuko dute, eta horien artetik izendatuko dira Dekanordetza, Idazkaritza eta Diruzaintza. Batzar Nagusiak aukera izango du kargu kopurua gehienez 20raino zabaltzeko, baina zabaltze hori aipatutako erabakia hartu ondorengo hauteskundeetan soilik egin ahal izango da.

  2. Elkargoko A eta B motako batzordekideen proportzioa Estatutu hauen 31.2 artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.

  3. Gobernu Batzordeko kideek ezin izango dute Gobernu Batzordeko beste kide batzuen ordezkari gisa jardun.

  4. Batzordekideak Estatutu hauen IV. Tituluan xedatutakoaren arabera hautatuko dira.

  5. Batzordea bi urtean behin partzialki berrituko da.

  6. Gerentzia Gobernu Batzordearen bileretara bertaratuko da, eta Dekanotzak edo Gobernu Batzordeak aholkulariei edo gonbidatuei deitu ahal izango die, puntualki edo aldizka. Aurreko guztiek hitz egiteko eskubidea izango dute, baina ez bozkatzekoa.

  1. Elkargoko Dekanotzaren buru eta haren Gobernu Batzordeko lehendakari izango da Estatutu hauen IV. tituluan xedatutakoaren arabera kargu hori betetzeko hautatzen den pertsona.

  2. Gainerako karguak beren artean banatuko dituzte Gobernu Batzordeko kideek, erabaki bidez edo, hala badagokio, haien arteko bozketa bidez. Gobernu Batzordeak berak kargu horiek baliogabetu ahal izango ditu, edo erabaki edo bozketa bidez berriro banatu.

  3. Dekanotzak eta Batzordeko gainerako karguek hurrengo artikuluetan zehazten diren eskudantziak izango dituzte.

Dekanotza:

  1. A motako elkargokide bat besterik ezingo da Dekanotzako buru izan.

  2. Korporazio gisa, Elkargoaren ordezkaritza ofizialaren buru izango da.

  3. Elkargoko Batzar Nagusiko eta Gobernu Batzordeko lehendakari izango da, eta Elkargoak agintari, auzitegi, erakunde eta entitate publiko eta pribatuekin dituen harremanetan erabakiak hartzeko ahalmena izango du. Hala ere, jakin batzuetan, Elkargoko Gobernu Batzordeak eginkizun hori beste elkargokide bati esleitu ahal izango dio.

  4. Bere sinaduraren bidez, batzarren aktak sinatu eta Elkargoak hartutako erabakiak betearaziko ditu. Gainera, ordainketa garrantzitsuak egiteko agindua emango du.

  5. Bere eginkizunak eskuordetu ahal izango ditu, baina eskuordetze hori gai jakin baterako bakarrik emango du.

Dekanordetza:

  1. A motako elkargokide bat besterik ezingo da Dekanordetzako buru izan.

    Dekanordetza hutsik geratzen bada, dekanordeak haren eginkizunak bere gain hartuko ditu, arauei jarraituz kargua betetzen den artean.

  2. Dekanotzak eskuordetzen dizkion eskudantzia guztiak izango ditu.

  3. Dekanotza ordezkatuko du hura ez dagoenean (gaixorik dagoelako edo karguan aritzea eragozten dion beste edozein arrazoi dela medio).

  1. Idazkaritzak eta Diruzaintzak beren karguen berariazko ahalmenak eta betebeharrak izango dituzte.

  2. Zehazki, Idazkaritzaren arduradunari eskumen hauek dagozkio:

    1. Dekanotzak agindutako Elkargoko Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen bilkuretarako deialdiak egitea.

    2. Bilkura horietako aktak idaztea, eta bidezko diren egiaztagiriak eta dokumentuak ematea.

    3. Urteko memoria idaztea.

  3. Diruzaintzari eskumen hauek dagozkio:

    1. Elkargoari dagozkion diru kopuruen kobrantzak eta ordainketak egitea.

    2. Elkargoaren kontabilitatea behar bezala eramatea.

    3. Dekanotzarekin batera urteko aurrekontua eta kontuak idaztea.

    4. Elkargoaren gastuen kontuak hartzea.

    5. Urteko aurrekontua betetzen dela zaintzea.

  4. Idazkaritzak eta Diruzaintzak beren eskumenak Elkargoko Gerentziaren esku utzi ahal izango dituzte, Elkargoko Gerentziarik badago.

  1. Elkargoko kargu hautagarriak Dekanotzarako eta Batzordekidetzetarako izango dira, eta elkargokideen hautaketa zuzeneko, aske eta isilpekoaren bidez beteko dira.

    Hutsik dauden karguak hautaketa bidez bakarrik bete daitezke.

    Hauteskunde-prozesuan, Elkargoak bere elkargokideei bidaltzen dizkien informazio, deialdi, jakinarazpen, etab. guztiak ohiko postaren, posta elektronikoaren, web-orriaren eta Gobernu Batzordeak finkatzen dituen bestelako bitartekoen bidez egin ahal izango ditu.

  2. Hauteskunde-aldi bakoitzean, kargu hautagarriak izango dira berritu behar diren kargu guztiak eta hutsik daudenak.

  3. Karguak bi urtetik behin partzialki berrituko da.

    Hauteskunde-aldi bakoitzean, lau edo zortzi urte daramatzaten edo ezohiko hautespen bidez estali diren karguak berritu beharko dira.

  4. Era berean, hauteskunde-aldi bakoitzean epea amaitu baino lehenago uzteagatik hutsik dauden kargu guztiak bete beharko dira, beste elkargokide bat kargu horien eginkizunak bitartean betetzen ari bada ere, Estatutu hauen 41. artikuluan jasotakoaren arabera.

  1. Bi urtetik behin ohiko hauteskundeak egingo dira, berritu behar diren edo hutsik dauden kargu guztiak betetzeko.

    Horretarako, Elkargoko Gobernu Batzordeak hauteskunde-urteen urriaren 10a baino lehen elkargokide guztiei hauteskunde-aldia ireki dela jakinarazi eta aldi horretan hautatu beharreko karguak adieraziko die.

  2. Elkargoko Gobernu Batzordeak, era berean, ezohiko hauteskundeak deitu ahal izango ditu Dekanotza edota Gobernu Batzordeko lau kargu edo gehiago hutsik geratzen direnean.

  3. Ohiko eta ezohiko hauteskundeak Estatutu hauetan xedatzen denaren arabera erregulatuko dira.

    Ezarritako datak ez dira bete beharrekoak ezohiko hauteskundeetan, baina aurreikusitako epeak bai.

  1. Hauteskunde-aldian, beren eskubideen jardunean diren elkargokide guztiek eskubidea eta betebeharra izango dute hautagai gisa onartu diren eta haien ustez kargua betetzeko egokienak diren pertsonak bozketa bidez hautatzeko.

  2. Eskubide hori baliatzeko, nahitaezko baldintza izango da Elkargoaren hauteskunde-erroldan agertzea.

    Hauteskunde-aldia irekitzen den egunetik bertatik, Elkargoaren egoitzan hauteskunde-errolda egongo da elkargokideen eskueran.

    Hautagaiak aurkezteko epearen barruan egin beharko dira errolda horren aurkako erreklamazioak, eta Gobernu Batzordeak hamar eguneko epean ebatzi beharko ditu.

  3. Hautesle izango dira Elkargoaren hauteskunde-zerrendan agertzen diren pertsona guztiak.

  1. Estatutu hauetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten elkargokide guztiak izan daitezke berritu beharreko edo hutsik dauden karguetarako hautagaiak.

  2. A motako elkargokideen proportzioa, Dekanotza kontuan hartu gabe, Gobernu Batzordeko batzordekidetzetan % 60koa izango da gutxienez, eta A eta B motetako elkargokideen botoak balio berbera izango du.

  3. Hautagaiak Dekanotzarako edo batzordekidetzetarako aurkeztu ahal izango dira.

    Batzordekidetzetara aurkezteko, beharrezkoa izango da elkargokide izatea. Dekanotzarako aurkezteko, gainera, beharrezkoa izango da Industria Ingeniaritzaren lanbidean jarduteko gaitasuna ematen duen titulazioa edukitzea; hau da, A motako elkargokide izan beharko da.

    Hautagaitza aurkeztean, berariaz adieraziko dute Dekanotzara edo Gobernu Batzordeko elkargokidetza batera aurkezten diren. Dekanotzarako hautagaitza aurkezten dutenak ezin izango dira gainerako karguetarako aurkeztu.

  4. Hautagai izateko, ezinbesteko baldintza izango da Elkargoaren lurralde-esparruan lan egitea edo bizitzea.

  5. Dekanotzan gehienez 8 urtez jardun ahal izango da.

    Elkargokide bat gehienez 8 urtez aritu ahal izango da Batzordekidetzaren karguan.

    Batzordekidetza batetik Dekanotzara pasatuz gero, bi karguak betetzeko hurrenez hurreneko aldien batura 12 urte izango da, gehienez.

    Dekanotzan jardun ondoren, elkargokidetza bat bete ahal izango da, baldin eta bi karguak betetzeko hurrenez hurreneko aldien batura segidako 8 urte bada, gehienez.

    Elkargoko Gobernu Batzordeko, Dekanotzako edo Batzordekidetzako kide izan gabe 4 urte igaro ondoren, berriz ere karguetarako hauteskundeetara aurkezteko aukera egongo da, eta kargu horietan irauteko irizpideak aurretik adierazitakoak izango dira.

    Berritu beharreko karguak betetzen dituztenek, berrautapenera aurkeztu ahal izateko, Gobernu Batzordeari dimisioa aurkeztu beharko diote hauteskunde-aldia ireki izana jakinarazi aurretik.

    Ezohiko hauteskundeetan kargua hartzen dutenei ez zaie zenbatuko hautatuak izan direnetik hurrengo ohiko hauteskundeetara arte igarotako denbora, eta horietara berriro aurkeztu beharko dute.

  6. Hautagaitzak aurkezteko epea hauteskunde-aldia irekitzearekin batera hasiko da, eta hautagaitzak Elkargoaren egoitzan entregatu beharko dira urriaren 25a arte (egun hori barne). Egun hori jaieguna balitz, hurrengo lanegunean amaituko da epea, Elkargoa irekita dagoen ordutegiaren bukaeran.

    Larunbatak eta, Elkargoaren laneko egutegiaren arabera, lanegunak ez diren beste egunak jaieguntzat hartuko dira ondorio horietarako.

  7. Hautagaiak banaka edo hautagai-zerrenda baten barruan aurkeztu ahal izango dira.

    Banakako hautagaitzak nahiz hautagaitza kolektiboak gutxienez 30 elkargokidek sinatuta aurkeztu beharko dira. Elkargokide bakoitzak hautagaitza bat baino gehiago sinatu ahal izango du.

  8. Elkargoko Gobernu Batzordeak Estatutu hauen arabera hautagarriak diren hautagai guztiak onartu eta aldarrikatuko ditu.

    Hautagai-zerrenda batean proposatutako kideren batek ez baditu hautagaitzat aldarrikatzeko baldintzak betetzen, Gobernu Batzordeak baztertutzat deklaratuko du, baina zerrendako gainerako kide hautagarri guztiak onartu eta aldarrikatuko ditu.

  1. Azaroaren 10a baino lehen, elkargokide guztiei onartu diren hautagaitzen berri emango zaie, aurkeztu diren eta aldarrikatuak izan direnak adierazita.

    Onartutako hautagaitzak jasotzen dituen jakinarazpen berean, bozketa-deialdia egingo da azaroaren bigarren hamabostaldirako, hauteskunde-mahaia eratuta egongo den ordutegia adierazita.

  2. Jakinarazpen horri boto-txartela erantsiko zaio.

  3. Boto-txartelean, hala badagokio, Dekanotzarako onartutako hautagaien zerrenda osoa adieraziko da. Ondoren, bereizirik, dekanordetzetarako onartutako hautagaien zerrenda osoa jasoko da.

    Zerrendak abizenen ordena alfabetikoaren arabera egingo dira, eta izen-abizenak besterik ez dira adieraziko. Boto-txartelean, argiro bereiziko dira hautagaiak zein zerrendatan sartuta dauden.

  4. Hutsik dagoen kargu bakoitzerako hautagai bakarra aurkezten bada, hala jakinaraziko da elkargokideei zuzendutako jakinarazpenean, eta aurkeztutako hautagaiak hautetsitzat aldarrikatuko dira.

  5. Aukeratu beharreko karguetarako hautagairik aurkezten ez bada, Gobernu Batzordeak hauteskundeetarako deialdia egitea erabakiko du lehenbailehen, inoiz ere 6 hilabetetik gorako epean. Karguak ez dira utziko hautetsiak karguaz jabetu arte.

  6. Gobernu Batzordeak erabakiko du 32. artikulu honen gainean lehen aipatutako prozesurako ohiko posta edo beste bitarteko batzuk erabiliko diren.

  1. Bozketa egiteko, hauteskunde-mahaia eratuko da.

  2. Lehendakaritza batek eta bi batzordekidetzak osatuko dute hauteskunde-mahaia. Horiek guztiak Gobernu Batzordeak izendatuko ditu, hautagaiak salbuetsita. Izan ere, horiek ezingo dira egon mahaiaren ez Lehendakaritzan, ezta Batzordekidetzan ere.

    Hautagaitza bakoitzak ikuskatzaile bat izendatzeko eskubidea izango du. Horrek bozketa eta zenbaketa osorik ikusi ahal izango ditu.

  3. Hauteskunde-mahaian parte hartzeko izendatutakoei hamabost egun lehenago jakinarazi beharko zaie.

    Hauteskunde-mahaiko kide gisa bertaratzea nahitaezkoa izango da, Gobernu Batzordeak bidezkotzat jotzen dituen arrazoiak daudenean salbu.

  4. Hauteskunde-mahaiak bozketa osoan zehar eratuta egon beharko du.

    Hauteskunde-mahaia eratutzat hartuko da bi kide daudenean. Horietako batek Lehendakaritzaren eginkizunak beteko ditu.

    Lehendakaritza aldi batez ez badago, horrek mahaikideen artean berori behin-behinekoz ordezkatuko duen kidea izendatuko du.

  1. Dekanotza hautatzeko, kargu horretarako bozkatu nahi den hautagaiaren izena gurutze batekin adieraziko da.

  2. Gainerako karguak hautatzeko, kargu horietarako bozkatu nahi diren hautagaien izenak gurutze batekin adieraziko dira.

  3. Hautatu beharreko kargu adina izen adierazi ahal izango dira.

  1. Hauteskunde-mahaia Elkargoaren egoitzan eratuko da.

  2. Bozkatzeko aukera hauek egongo dira:

    1. Pertsonalki, botoa mahaian emanda.

    2. Arauzko boto-txartela kartazal itxian Elkargoaren egoitzara bidalita. Kartazalean boto-emailearen izen-abizenak adieraziko dira, eta atzean sinatuko du, itxierako lerroak zeharkatuta.

      Horrela bidalitako botoek Elkargoaren egoitzan egon beharko dute bozketa amaitzeko adierazitako ordua baino lehen.

  3. Pertsonalki bozkatzen dutenek boto-txartela tolestuta entregatuko diote Lehendakaritzako mahaiari. Horrek boto-papera hautestontzian sartuko du berehala, hauteslea identifikatu eta bere izena hauteskunde-zerrendan agertzen dela eta aurretik bozkatu ez duela egiaztatu ondoren.

  4. Elkargoaren egoitzan jasotako kartazalak, igorlea hautesle-zerrendan dagoela eta aurretik bozkatu ez duela egiaztatu ondoren, egintza amaitzen denean Lehendakaritzak irekiko ditu, eta boto-txartelak hautestontzian tolestuta sartuko ditu.

  5. Gobernu Batzordeak erabakiko du 35. artikulu honen gainean lehen adierazitako prozesua IKTak (osagai telematikoa duten teknologiak) erabilita egin daitekeen.

  1. Bozketa amaitu ondoren, mahaiak eman diren botoak zenbatuko ditu.

    Zenbaketa jendaurrean egingo da eta etenaldirik gabe egin beharko da, bozketa amaitu eta berehala.

  2. Baliogabetzat joko dira Elkargoak landutako ereduaz bestelakoak diren edo hauteskunde-arau hauetan ezarritakoa betetzen ez duten boto-txarteletan emandako botoak.

    Boto baten baliozkotasunari edo baliogabetasunari edo interpretazioari buruzko zalantzak mahaiak ebatziko ditu, edota bozketa bidez ebatziko dira, baldin eta mahaikide guztien adostasunik ez badago.

  3. Zenbaketa amaitu ondoren, txartelak suntsitu egingo dira eta emaitzen berri emango da.

    Akta Lehendakaritzak eta gainerako mahaikideek sinatuko dute, eta hautagaitza guztietako ikuskatzaileek ere sina dezakete.

  4. Akta Gobernu Batzordeari helaraziko zaio, hautatutako pertsonak aldarrika ditzan.

  1. Gobernu Batzordeko kideak boto gehien lortzen dituzten kargu horietarako hautagaiak izango dira.

    Berdinketarik izanez gero, Elkargoan denbora gehien daramaten hautagaiak izango dira hautetsiak.

  2. Kargu horretarako boto gehien lortzen dituen hautagaia aldarrikatuko da Dekanotzarako.

    Berdinketarik izanez gero, Elkargoan denbora gehien daraman pertsona izango dira hautetsia.

Karguen jabetza urteko laugarren hiruhilekoan egingo den Batzar Nagusian hartuko da.

  1. Hurrengo puntuetan xedatzen dena salbuetsita, karguen iraupena lau urtekoa izango da. Hala ere, denboraldi hori zabaldu ahal izango da hautetsi berriek karguen jabetza hartu arte.

  2. Lehenago kargua uzteagatik hutsik geratu diren lekuak betetzeko ezohiko hauteskundeetan hautetsitako kideek beren eginkizunak beteko dituzte kargu horiek berritzeko hauteskundeak egin arte.

  3. Hauteskundeak edo jabetza hartzeak edozein arrazoirengatik atzeratzen badira, kargu horiek betetzen ari direnek beren karguetan jarraitu beharko dute, hurrengo artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoaren arabera kargua utzi arte.

  1. Hautatu berriek jabetza hartzearekin batera utzi beharko dira karguak.

  2. Kargua lehenago uzteko, arrazoi hauetako bat egon beharko da:

    1. Elkargokide izateari uztea.

    2. Dimisioa.

    3. Kargugabetzea.

    4. Gaitasungabetzea.

  3. Kargugabetzea Elkargoko Batzar Nagusiak erabaki beharko du, eta arau-hauste astunagatik edo oso astunagatik edo Gobernu Batzordeetara justifikaziorik gabe ez joateagatik diziplina-zigorra dagoenean automatikoki gertatuko da, 53. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  4. Dimisioa idatzizko alegazioaren bidez aurkeztu beharko da, eta Gobernu Batzordeak ematen den arrazoia bidezkotzat jotzen duenean bakarrik onartuko du.

    Nolanahi ere, dimisiorako arrazoi nahikotzat hartuko da hauteskundeetara hautagai gisa aurkeztea. Halakoetan, dimisioa aurkeztu dutenek jardunean jarraituko dute hurrengo hautetsiak karguaz jabetu arte. Hala eta guztiz ere, aldi horretan ezin izango dute hauteskunde-prozesuari buruzko erabakietan parte hartu.

  5. Estatutu hauen 16. artikuluan xedatutakoaren arabera elkargokide izateari uzteak kargutik automatikoki kentzea ekarriko du berekin.

  1. Estatutu hauen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, hutsik dauden karguak hautespen bidez baino ezingo dira bete.

  2. Hutsik dagoen kargua Dekanotzakoa denean, bere eginkizunak Dekanordetzak hartuko ditu behin-behinekoz.

  3. Gobernu Batzordean hutsik dauden gainerako karguen eginkizunak Batzordeak izendatzen dituen batzordekideek beteko dituzte behin-behinekoz. Gainera, kide batek kargu bat baino gehiago bete ahal izango du.

  1. Gobernu Batzordeak, hauteskunde-aldi bakoitzean, beharrezkotzat jotzen dituen prozedura-arauak osatu eta garatu ahal izango ditu.

  2. Arau horiek, nolanahi ere, aurreko artikuluetan agindutakoa eta horien xedea kontuan hartuta landuko dira.

  3. Era horretan onartzen diren arauak elkargokide guztiei bidaliko zaizkie hauteskunde-aldia irekitzen denean.

  4. Aurrerapen elektronikoek ahalbidetzen duten neurrian, Gobernu Batzordeak botoa emateko beste bide batzuk erregulatuko dituzten arauak garatuko ditu, botoaren izaera pertsonala, zuzenekoa eta isilpekoa bermatuta.

  1. Elkargoaren Batzar Nagusiak gutxienez bi bilkura egingo ditu urtero; bilkura bat urteko laugarren hiruhilekoan, aurrekontua onartzeko eta, hala dagokionean, karguak berritzeko, eta beste bilkura urteko bigarren hiruhilekoan, Elkargoaren kontuak eta haren alderdi guztiei buruzko txosten orokorra onartzeko.

    Hauteskundeak egiten diren urtean, laugarren hiruhilekoan egin beharreko Ohiko Batzar Nagusirako data finkatu beharko da; horrela, hautetsi berriak Batzar Nagusi horretan karguaz jabetu ahal izateko.

  2. Ezohiko izaeraz ere bilduko da, Gobernu Batzordeak bere kabuz edo boto-eskubidea duten erroldako elkargokideen % 20k edo gehiagok idatziz eskatuz gero. Eskaera hori Elkargoko Gobernu Batzordeari aurkeztu beharko diote.

    Eskaera jaso eta hurrengo hilabetea amaitu aurretik egin beharko da Batzar Nagusia.

  3. Elkargoaren Estatutuak aldatzeko, Ezohiko Batzar Nagusia deitu beharko da, aurreko puntuan adierazitako prozedurari jarraituz.

  1. Elkargoko Batzar Nagusirako deialdia Idazkaritzak egin beharko du, bilkurarako finkatutako data baino 15 egun lehenago bidalitako jakinarazpenaren bidez.

    Jakinarazpen horretan gai-zerrenda agertuko da. Bertan, aztertuko beharreko gaiak bilduko dira.

  2. Premiazko kasuetan (premiazkotasuna Batzar Nagusian justifikatu beharko da), Dekanotzak Batzar Nagusirako deialdia gutxienez hiru eguneko aurrerapenarekin egin ahal izango du. Nolanahi ere, gai-zerrenda igorri beharko du.

  1. Batzar Nagusiaren gai-zerrendan, erabakiko diren gai guztiak adieraziko dira, aztertu beharreko gaien edukia eta hedadura argi eta garbi azalduta.

  2. Elkargoko Gobernu Batzordeak izango du Elkargoko Batzar Nagusiaren gai-zerrenda finkatzeko eskumena.

  3. Urteko laugarren hiruhilekoan egin beharreko Ohiko Batzar Nagusiaren gai-zerrendan, gutxienez honako gai hauek bildu behar dira:

    Urteko aurrekontua aurkeztu, eztabaidatu eta onartzea.

    Karguak berritzea, hala dagokionean.

    Galde-eskeak.

    Urteko bigarren hiruhilekoan egin beharreko Ohiko Batzar Nagusiaren gai-zerrendan, gutxienez honako gai hauek bildu behar dira:

    Aurreko urteko kontuak aurkeztu, eztabaidatu eta onartzea.

    Elkargoaren funtzionamenduari buruzko txosten orokorra.

    Galde-eskeak.

  4. Gainera, gai-zerrendan barne hartuko dira:

    1. Gobernu Batzordeak zerrendan sartzea erabakitako gaiak.

    2. Gutxienez 50 elkargokidek Batzar Nagusiari aztertzeko eskatzen dizkioten gaiak.

      Elkargokideek proposatzen dituzten gaiak Gobernu Batzordeari aurkeztu beharko zaizkio Batzar Nagusia egin baino gutxienez hilabete lehenago.

  1. Bilkurak lehen edo bigarren deialdian egingo dira.

  2. Batzar Nagusia lehen deialdian baliozkotasunez eratuta egongo da boto-eskubidea duten erroldako elkargokideen erdiak gehi bat elkartzen badira. Quorum hori lortuko ez balitz, Batzar Nagusia bigarren deialdian eratu ahal izango da, lehen deialdirako adierazitako ordua baino ordu erdi geroago, baldin eta boto-eskubidea duten erroldako elkargokideen gutxienez % 1 elkartzen bada, ordezkariak barne hartuta.

  1. Batzar Nagusiko buru Dekanotza izango da, edo, bestela, Dekanordetza.

    Lehendakaritzak bilkura irekitzat eta amaitutzat joko du, eztabaidak zuzenduko ditu ahozko esku-hartzeak finkatuko ditu, ordena eta eraginkortasun handienarekin egin daitezen eta bozketak erregulatuko ditu, 54. eta 55. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  2. Idazkaritzan Elkargoko idazkariak jardungo du bileraren akta egingo du, edo, hura ez badago, Gobernu Batzordeko edo Elkargoko kide batek.

  1. Gobernu Batzordeak gutxienez hiru hilabetetik behin bilkura egingo du.

  2. Dekanotzak bere ekimenez erabakitzen duenean edo haren kideetako hiruk idatziz eskatzen dutenean ere bilduko da.

    Gobernu Batzordeak eskaera jaso eta hurrengo hilabetea amaitu baino lehen bildu beharko du.

  1. Idazkaritzak batzordekideei deituko die bilkura egin baino gutxienez bost egun lehenago. Deialdi horretan, aztertu beharreko gaien zerrenda bidaliko die.

  2. Deialdiaren epea laburtu ahal izango da Dekanotzaren ustez bilkura premiazkoa denean, eta kasu horretan deialdia edozein eratan egin ahal izango da.

    Hurrengo bilkuran, Dekanotzak premiaren arrazoiak justifikatu beharko ditu Gobernu Batzordearen aurrean, eta horren ustez erabaki hori justifikatuta ez badago, han hartutako erabakiak baliogabetu ahal izango dira.

  1. Gobernu Batzordearen gai-zerrendan, ebatzi beharreko gai guztiak adieraziko dira, eta horien edukia eta hedadura argi eta garbi azalduko dira.

  2. Dekanotzak izango du Elkargoko Gobernu Batzordearen gai-zerrenda finkatzeko eskumena.

  3. Gai-zerrendan barne hartuko dira:

    1. Dekanotzak zerrendan sartzeko erabakitako gaiak.

    2. Elkargoko Gobernu Batzordeko edozein kidek edo gutxienez 15 elkargokidek Gobernu Batzordeari azter ditzan eskatutako gaiak.

  1. Bilkurak lehen edo bigarren deialdian egingo dira.

  2. Lehen deialdian baliozkotasunez eratuta geratuko da boto-eskubidea duten izatezko batzordekideen erdiak gehi bat biltzen badira. Quorum hori lortuko ez balitz, Batzar Nagusia bigarren deialdian eratu ahal izango da, lehen deialdirako adierazitako ordua baino ordu erdi geroago, baldin eta boto-eskubidea duten izatezko kideen gutxienez % 25 elkartzen badira horietako batek Dekanotzakoa edo Dekanordetzakoa izan behar du.

  1. Gobernu Batzordeko buru Dekanotza izango da, edo, bestela, Dekanordetza.

    Lehendakaritzak bilkura irekitzat eta amaitutzat joko du, eztabaidak zuzenduko ditu ahozko esku-hartzeak finkatuko ditu, ordena eta eraginkortasun handienarekin egin daitezen eta bozketak erregulatuko ditu, 54. eta 55. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  2. Idazkaritzan Elkargoko idazkariak jardungo du bileraren akta egingo du, edo, hura ez badago, Gobernu Batzordeko edo Elkargoko kide batek.

  1. Gobernu Batzordearen bileretara bertaratzea nahitaezkoa da.

  2. Hurrenez hurreneko hamabi hilabetetan jarraian hiru bileratara edo txandaka bost bileratara ez joateak kargugabetzea ekarri ahal izango du, dagozkion diziplina-erantzukizunak bazter utzi gabe.

    Premiaz deitutako batzarren kasuan, ez da neurri hori aplikatuko.

    Kargugabetzea eraginkorra izango da Gobernu Batzordeak, eraginpeko Batzordekidetzarik gabe, isilpean kargugabetze horren alde bozkatzen duenean eta inguruabar hori idatziz jakinarazten duenean.

  1. Ezin izango da zerrendan ez dagoen edozein gairi buruzko erabakirik hartu, salbu eta, Organoa lehen deialdian bildurik, eta berori baliozkotasunez eratuta dagoelarik, bertaratuek aho batez erabakitzen badute gairen bat zerrendan premiaz sartzea erabakitzen badute.

  2. Zerrendan agertzen den gai bakoitzak hiru etapa izango ditu: azalpena, eztabaida eta erabakia hartzea, hurrengo paragrafoetan adierazitakoaren arabera.

  3. Proposamena egin dutenek aukeratzen duten kideak azalduko du gaia.

  4. Batzarreko Lehendakaritzak moderatuko du eztabaida. Horrek hitza emango die eskatzen duten guztiei eta esku-hartzeen kopurua edo denbora mugatuko du.

  5. Erabakia bozketa bidez edo bozketarik gabe hartuko da. Bozketa saihesteko, beharrezkoa izango da bertaratutako guztien adostasuna nabarmena izatea gaia azaldu ondoren. Edozein kidek eskatu ahal izango du bozketa egitea.

    Bozketa eginez gero, Lehendakaritzak zer bozkatzen den eta nola bozkatu behar den argi eta garbi adieraziko du.

    Bozketa isilpekoa izango da, baldin eta horrek eragina badu elkargokideren baten edo gehiagoren ohorean edo bertaratuetako baten batek hala eskatzen badu.

  6. Deialdiak, informazioak, aktak, etab. posta elektronikoaren, web-orriaren eta Gobernu Batzordeak egoki jotzen dituen bestelako bitartekoen bidez igorri ahal izango dira.

  1. Bozketak mota hauetakoak izango dira:

    1. Arruntak: zeinu konbentzionalen bitartez hala nola eskua jasota edo zutik jarrita modu kolektiboan egiaztatzen direnak.

    2. Izendunak: idazkariak Organoko kideen zerrenda irakurriz egiaztatzen direnak; bakoitzak, bere izena aipatzen denean, bere botoa zein den adierazten du edo abstenitu egiten da, bozkatzeko baldintzen arabera.

    3. Isilpekoak: hautestontzi edo poltsa batean sartzen diren boto-txartelen bidez egiten direnak.

  2. Bozketa hasi ondoren, ezin izango da inolako arrazoirengatik eten.

  1. Bilkura lehen nahiz bigarren deialdian eginda ere, Legeak edo Estatutu hauek boto kopuru handiagoa eskatzen ez badute, emandako botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira erabakiak.

  2. Berdinketari balego, Lehendakaritzak bozketa errepikatu, bere kalitate-botoarekin erabaki edo beste batzar baten deialdia egin ahal izango du.

  3. Diziplinari loturiko gaietan, erabakiak Batzordearen kideen gehiengo absolutuaz hartuko dira, Estatutu hauen 74. artikuluak xedatutakoaren arabera.

  1. Bozketa, balego, amaitu ondoren, Idazkaritzak eman diren botoak zenbatuko ditu eta emaitza argitaratuko du. Emaitza zein den, Lehendakaritzak hartu den erabakia aldarrikatuko du.

  2. Guztiak ados egonez gero, lehendakariak horixe adieraziko du eta hartutako erabakia aldarrikatuko du.

  1. Idazkaritzak Elkargoko Organoaren bilkura bakoitzaren akta egingo du, Lehendakaritzaren oniritziaz. Bertan, hartutako erabakiak hitzez hitz transkribatuko dira.

  2. Hartutako erabakiak aktan jasotzea horien frogabidea izango da.

  3. Idazkaritzak erabakien ziurtapenak emango ditu, Lehendakaritzaren oniritziaz.

  1. Elkargoko organoek beren eskumenak erabiliz gauzatutako egintzak eta hartutako erabakiak baliozkoak eta bete beharrekoak izango dira gauzatu edo hartzen diren unetik, baldin eta goragoko organoen onarpena edo baimena behar ez badute edota, indarrean dauden lege-aginduek xedatutakoaren arabera, etenda ez badaude.

  2. Egintza eta erabakien baliozkotasuna eta betearaztasuna gorabehera, bidezko errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira.

  1. Elkargoko organoek beren karga-egintzak edo aurkako egintzak edonoiz baliogabetu ahal izango dituzte, baldin eta baliogabetzeak berekin ez badakar legeak baimentzen ez duen dispentsa edo salbuespenik, hau da, berdintasun-printzipioaren, interes publikoaren edo antolamendu juridikoaren aurkakoa ez bada.

  2. Halaber, Elkargoko organoek edonoiz zuzendu ahal izango dituzte beren egintzetan egon daitezkeen akats material, egitatezko edo aritmetikoak, beren kabuz edo interesdunek eskatuta.

  3. Interesdunentzat aldekoak diren egintza edo erabaki baliogabeen edo baliogabetu daitezkeenen berrikuspenean, indarrean dagoen legerian jasotakora egokitu beharko da.

  1. Elkargoko organoen egintza eta erabakien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa eta aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango dituzte.

  2. Legeek, gora jotzeko errekurtsoaren eta berraztertzeko errekurtsoaren ordez (azken kasu honetan interesdunarentzat aukerakoa dela kontuan izanik), beste aurkaratze-prozedura batzuk ezarri ahal izango dituzte.

  1. Elkargoko organoen egintza eta erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke horiek eman zituztenek baino maila hierarkiko altuagoa duen organoaren aurrean.

  2. Gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, egintza espresa bada, eta espresa ez bada, epea hiru hilabetekoa izango da, eta berariazko araudia kontuan izanik isiltasun administratiboaren ondorioak sortzen diren egunaren biharamunetik zenbatzen hasiko da.

  3. Errekurtsoa, aurkaratzen den egintza eman zuen organoaren aurrean edo ebazteko eskumena duen organoaren aurrean aurkez daiteke.

  4. Epe horiek igarota errekurtsorik jarri ez bada, ebazpena erabat irmoa izango da ondorio guztietarako.

  5. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da. Epe hori igarota ebazpenik eman ez bada, errekurtsoa ezetsitzat hartu ahal izango da.

  1. Administrazio-bideari amaiera ematen dioten egintza eta erabakien aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote haiek eman dituen organo berari, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzietarako jurisdikzio-ordenaren aurrean aurkaratu ahal izango dira.

  2. Ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri, aurkeztu den berraztertzeko errekurtsoa espresuki ebatzi arte edo haren ustezko ezespena gertatu arte.

  3. Berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, egintza espresa baldin bada, eta, espresa ez bada, hiru hilabetekoa, eta, eskatzailearentzako eta litezkeen bestelako interesdunentzako, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik hasita zenbatuko da, berariazko araudiaren arabera.

  4. Epe horiek igarota, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa soilik jarri ahal izango da, berrikusteko ezohiko errekurtsoa jartzearen kaltetan izan gabe, hala badagokio.

  5. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hilabetekoa izango da.

  6. Berraztertzeko errekurtso baten ebazpenaren aurka ezin izango da berriro errekurtso hori jarri.

Errekurtso korporatiboak agortuz gero, administrazio-zuzenbidearen mende dauden eta Elkargoko organoetatik datozen egintzek eta erabakiek bide administratiboa amaituko dute, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera (administrazioarekiko auzien jurisdikzioa baino lehen dago bide administratiboa).

  1. Elkargoaren ondasun eta eskubide guztiek osatzen dute ondarea.

  2. Elkargoaren baliabide ekonomikoak administratu eta erabiltzeko ahalmenak hurrengo artikuluetan adierazten diren mugen barruan baliatuko dira.

  1. Elkargoaren ohiko baliabideak hauek dira:

    1. Aldizkako kuotak.

    2. Lan profesionalekin lotutako oniritzien, legeztatzeen, erregistroen, ziurtapenen, proiektuen gaineko egiaztapenen, denetariko dokumentuen eta sinaduren ondoriozko kuotak.

    3. Elkargoaren jabetzeko ondasun eta eskubideen ondoriozko emaitzak, hala nola gainbalioak eta etekin finantzarioak, komisioak, lokalen alokairuak, aretoenak, neurgailuenak eta bestelakoak.

    4. Elkargoak kudeatzen dituen argitalpen eta zerbitzuengatik lortzen dituen mozkinak eta eskubideak.

    5. Prestakuntza-ikastaroak antolatzearen, dokumentazioa saltzearen eta aisia eta kulturako jarduera eta gertakari profesionalak antolatzearen ondoriozkoak.

    6. Aurrekoen antzeko beste batzuk.

  2. Elkargoaren ezohiko baliabideak hauek dira:

    1. Estatuak, erakunde publikoek edo pertsona pribatuek Elkargoari ematen dizkioten dirulaguntzak, dohaintzak, etab.

    2. Batzar Nagusian hitzartu daitezkeen ezohiko kuotak.

    3. Bere ondare higigarria edo higiezina edo bere eskubideak besterentzearen emaitza.

    4. Zehaztu gabeko beste edozein kontzepturengatik Elkargoak jaso ditzakeen zenbatekoak.

  1. Elkargoak ekitaldi ekonomiko bakoitzerako aurrekontu bana egingo du. Aurrekontuan, aldi horretarako aurreikusten diren sarrerak eta gastuak bilduko dira.

    Ekitaldi ekonomikoa urte naturalarekin bat etorriko da.

  2. Gobernu Batzordeak behin-behinekoz onartuko du aurrekontua. Ondoren, Batzar Nagusiak onartu beharko du, urteko laugarren hiruhilekoan egin beharreko ohiko bilkuran.

  3. Edozein arrazoirengatik ekitaldi ekonomikoa hasten denean aurrekontua behin betiko onartuta ez badago, aurreko urteko aurrekontuak eraenduko du behin-behinekoz.

  1. Dekanotzak eta Gerentziak Elkargoaren aurrekontuaren kontura zorrak eta ordainketak egin ahal izango dituzte, Gobernu Batzordeak ezarritako mugarekin, balego.

  2. Ezarritako muga gainditzen duten aurrekontuaren konturako zorrak eta ordainketak egiteko, Gobernu Batzordeak dagokion gastu-proposamena onartu beharko du.

  1. Elkargoak kudeaketa ekonomikoaren kontabilitatea liburu egokien bitartez eramango du, edonoiz aurrekontuko eragiketen berri eman ahal izateko, eta aurkeztu beharreko kontu orokorrak liburuetan azalduko dira.

  2. Elkargokideek eskubidea izango dute memoriaz eta gastu eta sarreren kontu orokorrez osatutako urteko kontuei buruzko informazio ekonomikoa eskatu eta lortzeko, baldin eta eskaera bakoitza zehatza bada eta urteko lehen Ohiko Batzar Nagusia izan aurreko hamabost egun baliodunetan egiten bada. Ohiko Batzar Nagusi horretan urteko kontuak aztertu eta onartu beharko dira.

  1. Kontuak Batzar Nagusian urtero onartuko dira, honako prozedura honi jarraituz:

  2. Elkargoko Diruzaintzak urteko lehen hiruhilekoan dokumentu hauek idatziko ditu:

    1. Memoria.

    2. Igarotako urteko galdu-irabazien kontua.

    3. Urte horren abenduaren 31ko egoera-balantzea.

  3. Gobernu Batzordeak bere kideen artean hiru izendatuko ditu kontuen barne-ikuskapena egiteko eta dagokion txostena emateko. Era berean, eginkizun hori horretarako ahalmena duen kanpoko erakunde bati eskatu ahal izango dio.

  4. Elkargoaren kontuak behin betiko onartuko dira Batzar Nagusiak urteko bigarren hiruhilekoan egiten duen ohiko bileran eztabaidatu ondoren.

  1. Elkargoak bere gain hartzen du elkargokideek Elkargoaren eta lanbidearen esparruko eginbideak eta betebeharrak betetzen dituztela zaintzeko erantzukizuna, baita lanbidearen ospea eta lankideen arteko errespetua zaintzekoa ere.

  2. Erantzukizun hori betetzeko, Elkargoak diziplina-ahalmena izango du eta elkargokideen arau-hausteak zigortuko ditu Legeak ezarritakoaren arabera.

  3. Elkargoko Gobernu Batzordeko kideekiko diziplina-ahalmena Euskal Autonomia Erkidegoko Industri Ingeniarien Kontseiluari egokituko zaio esklusiboki, artikulu honen aurreko zenbakian xedatutakoa gorabehera.

Arau-hausteen sailkapena, definizioa eta preskripzioa, eta bakoitzari dagozkion zigorrak Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko 18/1997 Legean adierazten dira.

  1. Zigor-prozedura bideratu ondoren jarriko dira zigor guztiak, interesdunari entzun ondoren.

  2. Espedientea Gobernu Batzordearen erabakiz hasiko da.

  3. Gobernu Batzordeak, prozedura hastea erabakitzen duenean, bere kideen artean kausa bideratu behar duen pertsona izendatuko du, eta Idazkaritzan Elkargoko idazkariak jardungo du, edo Gobernu Batzordeak izendatzen duen pertsonak.

    Interesdunek, 8 eguneko epearen barruan, indarrean dagoen legerian ezarritako arrazoiengatik bideratzailea errekusatu ahal izango dute.

  4. Kausa bideratzen duenak, gertakariak argitzeko probak eta jarduketak egin ondoren, bidezko bada kargu-orria aurkeztuko du, eta, bertan, arau-hauste zigorgarria izan daitezkeen egotzitako egitateak azalduko ditu.

  5. Interesdunei kargu-orriaren berri emango zaie, eta 15 eguneko epea emango zaie hari erantzuteko. Erruztatuak epe horren barruan bere defentsarako bidezkotzat jotzen dituen proba guztiak aurkeztu ahal izango ditu.

  6. Kargu-orria erantzun edo hori egiteko epea igaro ondoren, bideratzaileak ebazpen-proposamena egingo du hurrengo 15 eguneko epearen barruan.

  7. Ebazpen-proposamena Gobernu Batzordera bidaliko da, eta horrek, bideratzailea bertan egon gabe, bidezko den ebazpena emango du.

  8. Prozeduraren arloan araututa ez dagoen guztian, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko 18/1997 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen zigor-ahalmenari buruzko 2/1998 legean ezarritakoa beteko da.

  1. Gobernu Batzordeak diziplina-gaietan jardutean, egitatezko kide guztiak bertaratu beharko dira, Batzordeak onartzen duen eragozpenen bat dagoenean edo kide horiek errekusagarriak direnean salbu. Ezinbesteko betebehar hori betetzen ez duena Elkargoko zuzendaritza-organotik kanpo geratuko da.

  2. Erabakiak, kasu guztietan, egitatezko batzordekide guztien gehiengo osoz hartuko dira.

  3. Bozketa isilpekoa izango da.

  1. Industria-ingeniarien elkargoetako kideek, profesional eskudunek eta/edo haien bezeroek elkargoei eskatu ahal izango diete lanen oniritzia ematea, betiere elkargoen eskumenen barnean, eta Elkargo Profesionalei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legean, abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuan eta aplikatzekoak diren gainerako legeetan ezarritako kasuetan.

  2. Elkargoaren oniritzia arautzen dute 18/1997 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoak, 1000/2010 Errege Dekretuak, abuztuaren 5ekoak, Elkargoaren nahitaezko oniritziari buruzkoak, horiek garatzen dituen araudiak eta Estatutu hauek.

  3. Oniritziaren helburua da, gutxienez, lana egin duena nor den eta zer gaikuntza duen ziurtatzea, eta lan profesionalaren dokumentazioa zuzena eta formaz egokia dela bermatzea, dena delako lanari aplikatzekoa zaion araudiaren arabera.

  4. Bestalde, oniritzian ez dira jasota egongo ez zerbitzu-sariak, ezta kontratuaren gainerako baldintzak ere, horiek aldeek ados jarrita finkatu behar baitituzte. Halaber, oniritzian ez da jasoko lan profesionalaren elementu fakultatiboen kontrol teknikoa.

  5. Oniritziak argia izan behar du bere xedeari, kontrolatu diren kontuei eta Elkargoak hartzen duen erantzukizunari dagokienez.

  6. Elkargoak dagokion ziurtapen eman eta lege-erregistroa egingo du.

  1. Elkargoaren oniritzia lortzea nahitaezkoa da indarrean dagoen legeriak zehazten dituen lanetarako soilik. Lan profesional bat oniritziaren mende dagoenean, hura, hala badagokio, administrazio publiko eskudunaren aurrean aurkeztu aurretik lortu beharko da.

  2. Proiektu partzialak dituzten lanetarako oniritziaren kasuan, nahikoa izango da oniritzia lan profesionalaren gai nagusian eskumena duen elkargoak lan osorako ematea. Lana sinatzen duen profesionalak gai profesionalean eskumena duen elkargo profesionalera joko du. Gaian elkargo profesional eskudun bat baino gehiago dagoenean, horietako edozeinetan lortu ahal izango da oniritzia. Era berean, Estatuaz beheragoko esparruko elkargo profesional bat baino gehiago dagoenean, horietako edozeinetan lortu ahal izango da oniritzia.

  3. Nahitaezko oniritzia emateaz gain, Elkargoak oniritzia eman ahal izango die bere eskumen-esparruan dauden lan profesionalei, baldin eta bezeroek administrazio publikoak barne, halakotzat jarduten dutenean berariaz eskatzen badiote, edo indarrean dagoen araudiak hala ezartzen duenean.

  1. Gobernu Batzordeari dagokio Elkargoaren oniritziak ematea edo ukatzea.

  2. Batzordeak eginkizun hori eskuordetu ahal izango du. Ondorio guztietarako joko da organo eskuordetzaileak hartu dituela erabakiak.

  3. Oniritzia ematea egintza arautua izango da.

  4. Eusko Jaurlaritzak Elkargoari Industria Ingeniaritzaren lanbidea antolatzeko eskatzen edo eskuordetzen dizkion eginkizun eta jarduerez gainera, organo jarduleak egiaztatuko ditu:

    1. Sinatzailearen nortasuna eta kolegiazioa.

    2. Dokumentazio hori sinatzeko legezko gaikuntza.

    3. Dokumentazioaren zuzentasun formala.

    4. Dokumentazioak legezko arau-hausterik izan dezakeen.

  5. Oniritzia ukatzearen aurka errekurtsoa jarri ahal izango da Gobernu Batzordearen aurrean.

Elkargoak dagokion kopurua likidatuko du indarrean dauden xedapenen arabera. Kostua arrazoizkoa izango da, ez, ordea, gehiegizkoa edo baztertzailea. Elkargoak oniritziaren kostua argitaratu behar dute, eta hura telematikoki izapidetu ahal izango da.

  1. Elkargokideek edo, elkargokideak ez izan arren, industria-ingeniaritzaren arloan eskumenak dituzten beste profesional batzuek eskatuz gero, Elkargoak arlo horretako lan profesionalak erregistratu eta zainduko ditu, elkargokide edo profesional horiek entregatzen badizkiote. Lanen edukia identifikatuko du eta, lana gordetzeko eskaera egin duenak eskatzen badu, Elkargoak ziurtagiri bat emango dio dokumentua entregatu duela adierazteko.

    Zerbitzu horren baldintza bereziak jasota daude barne-araudian.

  2. Lanbidea antolatzeko xedea betetze aldera, Elkargoak ezarri ahal izango ditu lanbidean garrantzia duten egitateak eta egintzak izapidetzeko, egiaztatzeko edo ziurtatzeko beste zerbitzu batzuk. Zerbitzu horien irismena dagokien araudian eta/edo prozeduran adieraziko da, eta borondatezkoak izango dira.

  1. Administrazio publikoek duten ahalmenaren arabera, euren antolaketa-autonomiaren jardunean eta dagozkien eskumenen esparruan, ahalmena izango dute beren eginkizunak hobeto betetzeko helburuarekin kasuak kasu erabakiak hartzeko eta elkargo profesionalekin hitzarmenak ezartzeko edo, lan profesionalekin lotuta, beharrezkotzat jotzen dituzten zerbitzuak kontratatzeko, egiaztapen dokumentala edo teknikoa egitea edota aplikatzekoa den araudia betetzen ote den ikustea helburu dela.

  2. Era berean, elkargoak edozein enpresa edo erakunderekin kontratatu ahal izango ditu azterketa, egiaztapen edo ziurtapen osagarriak, lanen alderdi teknikoei buruzkoak. Edonola ere, elkargokideek proiektuak egiteko duten askatasuna eta legeetan ezarritakoa beteko dira.

Elkargoak sozietate profesional baten aldeko oniritzia ere eman ahal du, sozietatea behar bezala inskribatuta badago sozietate profesionalen erregistroan.

Elkargoko Gobernu Batzordeari dagokio sozietate profesionalen erregistroari buruzko araudia eta horren aldaketak onartzea.

  1. Elkargoak bere jarduera egiteko behar dituen bitarteko pertsonalak eta materialak edukiko ditu. Bitarteko horiek behar adinakoak izan beharko dute elkargokideek aurkeztutako kexa edo erreklamazioei erantzun ahal izateko. Era berean, kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu bat izango du. Zerbitzu horrek nahitaez izapidetu eta ebatzi beharko ditu aurkezten dizkioten kexa eta erreklamazio guztiak elkargokideen elkargo-jarduerarekin edo jarduera profesionalarekin lotuta. Zerbitzu horren erregulazioan, kexak eta erreklamazioak bide elektronikoaren bitartez eta urrutitik aurkezteko aukera aurreikusi beharko da.

  2. Elkargoak web-orri bat izango du, eta web-orri horren bidez, eta zerbitzu-jardueretan askatasunez sartzeari eta aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitako leihatila bakarra erabiliz, profesionalek aukera izango dute Elkargoko kide egiteko, elkargokide gisa jarduteko eta Elkargoan baja emateko beharrezko izapideak egiteko, gune bakarretik, bide elektronikoaren bitartez eta urrutitik, aipatutako 17/2009 Legearen 18.2 artikuluan jasotako baldintzetan.

  1. Elkargoaren zerbitzuen funtzionamendu egokia ziurtatzeko, Gobernu Batzordeak teknikariak, administrariak edo mendeko langileak kontratatu ahal izango ditu, dauden beharrizanen arabera.

  2. Langile horien lan-baldintzak Gobernu Batzordeak finkatuko ditu, dagozkien lan-arauak kontuan izanik.

  3. Era berean, aholkularitza juridiko, fiskal eta ekonomikoko edo egoki deritzon beste edozein gaitako espezialistekin hitzarmenak egin ahal izango ditu.

  1. Elkargoak gerentzia bat izendatu ahal izango du, Elkargoko gaiak kudeatu eta administratzeaz eta zuzendaritza-organoek hartutako erabakiak betearazteaz arduratzeko.

  2. Gerentziaren postuan diharduena Elkargoaren plantillako langile guztien zuzeneko buru izango da, eta enplegatuen lana antolatu eta kontrolatuko du, zerbitzuen eraginkortasunik handiena lortzeko.

  3. Gerentziaren gainerako eskumenak eta betebeharrak kontratu bidez ezarriko dira, kasuak kasu, izendatutako pertsonarekin.

  4. Gerentzia hautatzeko, Elkargoko Gobernu Batzordeak lehiaketa-deialdia egingo du. Deialdian, lehiaketaren oinarriak finkatuko dira.

    Izendapena Gobernu Batzordeak berretsi beharko du.

  5. Gerentziarako lehiaketan, lehentasunezko eskubidea izango dute hori eskatzen duten elkargokideek. Eginkizun korporatiboaren jardunean dagoen bitartean, Gerentziak ezin izango du oniritzia emateko lanik aurkeztu.

  6. Gerentziaren postuak arduraldi esklusiboa eskatzen du, eta horretan diharduenak ezin izango du ordainpeko beste lanik egin, Gobernu Batzordearen berariazko onespenaz ez bada.

  1. artikuluan adierazitako araudiak ez ezik, Elkargoa arautzen du martxoaren 15eko 2/2007 Legeak, Sozietate Profesionalei buruzkoak.

Sozietate profesionalak eratzeko, ezartzeko eta garatzeko, Elkargoa Merkataritza Erregistroarekin jartzen da harremanetan Elkargoaren lurralde-esparruan.

  1. Sozietate profesionalak ere Elkargoan sartuko dira, baldin eta dagokien Sozietate Profesionalen Erregistroan izena eman badute.

  2. Sozietate-formaren pean lanbidean aritu ahal izateko, beharrezkoa izango da Sozietate Profesionalei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legean eta sozietate profesionalak hartu duen sozietate-formari dagokion araudian xedatutakoa betetzea.

  3. Gobernu Batzordeari dagokio sozietate profesionalak sartu ala ez erabakitzea.

Honako kasu hauetan, Elkargoan sartutako sozietate profesionala izateari utziko zaio:

  1. Interesdunak berak Elkargoko Dekanotzari idatziz eskatzen badio, baldin eta betetzeke dagoen betebehar profesional edo korporatiborik ez badauka.

  2. Estatutu hauetan xedatutakoari jarraituz ezarritako diziplina-zehapena ezarri bazaio.

  3. Lanbidean jarduteko gaitasungabetzea epai irmoaz ezarriz gero.

  4. Elkargoaren Estatutuetan ezarritako betebeharra ekonomikoak betetzen ez baditu, Estatutu hauetan eta baliozkotasunez hartutako erabakietan ezarritako baldintzetan. Aldez aurretik, dagokion espedientea egingo da.

  5. Erregistroak sozietate hori sozietate profesionaltzat hartzen ez badu, kontuan hartu gabe sozietateak oraindik duen forma zibila, merkataritzakoa nahiz bestelakoa.

Estatutu hauetan bildutako gainerako eginkizun eta ahalmenekin batera, Elkargoak gaitasuna izango du:

  1. Sozietate Profesionalen Erregistroa eratzeko, horien araubidea ezartzeko eta horien funtzionamenduari dagokiona agintzeko.

  2. Sozietate profesionalen kontratu soziala dela-eta, bazkideen artean, bazkideen eta administrarien artean eta bazkide zein administrarien eta sozietatearen artean gerta daitezkeen gatazketan esku hartzeko, adiskidetzeko bidean edo arbitraje-bidean. Gatazketan barne hartzen dira banatzeari, baztertzeari eta likidazio-kuota zehazteari buruzkoak.

Elkargoak sozietate profesional baten aldeko oniritzia ere eman ahal du, sozietatea behar bezala inskribatuta badago sozietate profesionalen erregistroan.

Elkargoko Gobernu Batzordeari dagokio sozietate profesionalen erregistroari buruzko araudia eta horren aldaketak onartzea.

  1. Elkargoak diziplina-eginkizunak betetzen ditu, sozietate profesionalek egin litzaketen arau-hausteak (Elkargoko betebeharrak edo lanbide-deontologia urratzea) zuzentzeko eta prebenitzeko.

  2. Estatutu hauen 73. eta 74. artikuluetan bilduta dago zehapen-prozedura.

  3. Faltak honela sailkatzen dira: arinak, astunak eta oso astunak.

  1. Falta hauek arinak izango dira:

    1. Estatutu hauen aginduak edo Elkargoko zein Kontseilu Nagusiko zuzendaritza-organoen aginduak betetzean desenkusa daitekeen arduragabekeriaz jokatzea.

    2. Lan profesionaletan garrantzi txikiko akatsak egitea.

    3. Lankideenganako garrantzi txikiko eragozpenak eta begirunerik eza.

    4. Elkargoko diziplinaren aurkako egintza arinak, bereziki, Gobernu Batzordeak edo Kontseilu Nagusiaren osoko bilkurak, hala badagokio, agindu dizkion lanetan; lanbidearen izenari edo ohoreari kalte egiten dieten egintzak, eta, oro har, lanbideko edo Elkargoko betebeharrak urratzeko gainerako kasuak, ustekabeko edo inguruabarren araberako arduragabekeria desenkusagarriagatik gertatu baldin badira.

  2. Falta hauek astunak izango dira:

    1. Estatutu hauen aginduak edo elkargoetako zein Kontseilu Nagusiko zuzendaritza-organoen aginduak engainuz ez betetzea.

    2. Betebehar ekonomikoak ez betetzea.

    3. Lankideekiko begirunerik ez izatea, modu iraingarrian.

    4. Intrusismo profesionala estaltzea.

    5. Lanbidearen ohoreari kalte egiten dioten lanetan aritzea, lan horien ezaugarriak direla eta.

    6. Elkargoko diziplinaren aurkako egintza larriak, bereziki, Gobernu Batzordeak edo Kontseilu Nagusiaren osoko bilkurak, hala badagokio, agindu dizkion lanetan; eta, oro har, lanbideko edo Elkargoko betebeharrak urratzeko gainerako kasuak, ustekabeko edo inguruabarren araberako arduragabekeria desenkusagarriagatik gertatu ez badira.

    7. Aseguramenduaren betebeharra ez betetzea, indarrean dagoen legeriak hura eskatzen duenean.

    8. Bazkide profesionalek ez betetzea sozietate profesionala Sozietate Profesionalen Erregistroan inskriba dadin eskatzeko lege-betebeharra.

  3. Falta hauek oso astunak izango dira:

    1. Bi zehapen jasotzea urtebeteko epean bi falta astun egiteagatik; epea zenbatzen hasiko da lehen falta egin zen datatik.

    2. Delitua dakarten egitateak, lanbidearen ohoreari edo etikari kalte egiten badiote.

    3. Intrusismo profesionala estaltzea.

  4. Falta arinak sei hilabetera indargabetuko dira; astunak bi urtera; eta oso astunak hiru urtera.

    Falten preskripzio-epea zenbatzen hasiko da faltak eragin zituzten egitateak egin ziren datatik.

  5. Sozietate profesional batek faltak egiten baditu, honako zehapen hauek ezarri ahal izango dizkio Elkargoak:

    1. Falta arinak direnean: ohartarazpen pribatua edo ofiziozko ohartarazpena (sozietatearen espedientean jasoko da).

    2. Falta astunak direnean: ohartarazpen publikoa (sozietatearen espedientean jasoko da) edo aldi baterako baja sozietate profesionalen erregistroan, urtebete eta egun batetik beherako epean lanbidean jarduteko debekuaz.

    3. Falta oso astunak direnean: aldi baterako baja sozietate profesionalen erregistroan, urtebete eta egun batetik gorako eta hiru urtetik beherako epean lanbidean jarduteko debekuaz; edo behin betiko baja sozietate profesionalen erregistroan, lanbidean jarduteko behin betiko debekuaz.

  1. Elkargokideek beste elkargokide batzuekin batera jardun ahal dute beren lanbidean, zuzenbidean onartutako edozein forma hartuta. Hala dagokionean, beste diziplina batzuetako profesionalekin batera ere jardun ahal izango dute. Lanbidean sozietate gisan jarduten badute, indarrean dagoen Sozietate Profesionalei buruzko Legean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

  2. Sozietate profesionalek nahitaez izena eman behar dute Elkargoko sozietate profesionalen erregistroan; zehazki, sozietateen egoitza sozialari dagokion erregistroan. Sozietate profesionalak dagokion elkargoko sozietate profesionalen erregistroan izena eman gabe jarduteak, deontologiaren aurkako zehapen-kasuan erortzeaz gainera, berekin ekarriko du erantzukizunak bere gain hartzea, ordenamendu juridikoan ezarritakoaren arabera.

  3. Sozietate profesionalen erregistroa arautuko dute Sozietate Profesionalei buruzko Legean eta Estatutu hauetan ezarritako arauek, bai eta aurreko arau horiek garatzeko berezko araubidean ezarritako guztiak ere. Gobernu Batzordeak onartu beharko du araubide hori.

  4. Sozietate profesionalak Elkargoko sozietate profesionalen erregistroan izena ematen badu, honako ondorio juridiko hauek sortuko dira: lehenik, sozietatea Elkargoan sartuko da; eta, bigarrenik, sozietate profesionalak errespetatu beharko ditu Elkargo Profesionalei buruzko Legeak, 18/1997 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoak, eta Estatutu hauek Elkargoari elkargokide profesionalekin lotuta esleitzen dizkioten eskumenak, eta, bereziki, Estatutu hauen 5. eta 6. artikuluetan ezarrita daudenak.

  1. Sozietate profesionalen erregistroan izena eman duen sozietate profesionalak estatutuon 13. eta 14. artikuluetan aitortzen diren eskubideak eta betebeharrak izango ditu, honako hauek izan ezik: 13. artikuluaren c) eta d) letretan ezarritakoak; Elkargoko organoetan parte hartzeko eskubideak eta hauteskunde-eskubideak (eskubide horiek pertsona fisikoek baino ez dituzte, 13. artikuluko e) letran eta 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera); 14. artikuluko e) eta f) letretan agindutako betebeharra.

  2. Horrez gain, sozietate profesionalak erregistroan izena eman baldin badu, elkargoaren zerbitzuak Estatutu hauetan adierazita daude erabili ahal izango ditu, elkargokide diren pertsona fisikoek erabiltzen dituzten baldintza beretan.

  1. Elkargoaren estatutuak aldatzeko ekimena Gobernu Batzordeari dagokio, edo Elkargoko errolda osoaren % 20 edo gehiago ordezkatzen duten Elkargoko kideei.

  2. Aldaketa-proposamenarekin batera aurkeztuko dira testu artikulatua eta justifikazio-memoria laburra. Aurreko atalean adierazitako elkargokideen ekimenaren kasuan, Gobernu Batzordeak proposamenari buruzko txostena eman ahal izango du, egokitasunari zein legezkotasunari dagozkion alderdietan, eta jendaurrean jarriko den dokumentazioari gehituko zaio.

  1. Aldaketa-proposamena aurreko artikuluaren baldintzetan aurkeztu ondoren, jendaurreko informazio-epea irekiko da, elkargokideek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Industri Ingeniarien Kontseilua zuzenketak aurkezteko aukera izan dezaten hilabeteko epean. Jendaurreko informazioa eskaintzeko, iragarkia argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Elkargoaren lurralde-esparruko tirada handieneko bi egunkaritan eta Elkargoaren web-orrian. Gainera, elkargokideei zuzendutako informazio-buletin batean ere argitaratuko da. Aldaketa-proposamenaren dokumentazioa testu artikulatuak, justifikazio-memoriak eta, hala badagokio, Gobernu Batzordearen txostenak osatua berori eskatzen duten elkargokideen eskueran egongo da Elkargoaren bulegoetan.

  2. Aurkezten diren zuzenketekin batera, era berean, proposatutako zuzenketaren testua eta justifikazio-memoria laburra aurkeztuko dira, eta Elkargoaren atari elektronikoan argitaratuko dira, jakitera eman eta kontsultatzeko.

  3. Horretarako deitutako Batzar Nagusiari edo Ezohiko Batzar Nagusiri dagokio Estatutuen aldaketa onartzea. Batzarra ezohikoa bada, zuzenketak hartzeko epea amaitu eta hurrengo bost egunen barruan deituko da, eta deialdia egiten den egunetik bi hilabete igaro baino lehen egin beharko da.

  4. Batzar Nagusia lehen deialdian baliotasunez eratuta egongo da eskubidea duten erroldako elkargokideen erdiak gehi bat elkartzen badira. Quorum hori lortuko ez balitz, Batzar Nagusia bigarren deialdian eratu ahal izango da, lehen deialdirako adierazitako ordua baino ordu erdi geroago, baldin eta boto-eskubidea duten erroldako elkargokideen gutxienez % 1 elkartzen bada, ordezkariak barne hartuta.

  5. Batzar Nagusian, Dekanotzak edo Gobernu Batzordeko kideak, berorrek izendatuak, edo, hala badagokio, proposamena egin duten elkargokideen ordezkari batek defendatuko du erreforma-ekimena. Ondoren, aurkeztutako zuzenketa bakoitzaren ordezkari batek defendatuko du.

    Baztertutzat joko dira defendatzeko deia egiten denean proposatzaileren batek defendatzen ez dituen zuzenketak. Zuzenketak sinatu ez dituztenei ezin izango zaie eginkizun hori eskuordetu.

  6. Esku-hartzeak amaitu ondoren, aurkeztutako zuzenketa bakoitza bozkatzeko txanda irekiko da. Zuzenketa onartu egingo da boto-eskubidea duten bertaratutakoen (ordezkatuak barne) hiru herenen aldeko botoa jasotzen badu.

  7. Zuzenketen txanda amaitu ondoren, proiektuaren behin betiko testua bozkatuko da, eta onartu egingo da boto-eskubidea duten bertaratutakoen (ordezkatuak barne) hiru herenen aldeko botoa jasotzen badu.

  8. Aldaketa onartzen denetik hasi eta hilabeteko epean, Idazkaritzak, Dekanotzaren oniritziarekin, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailari igorriko dizkio onartutako estatutuen testu osoa eta Batzar Nagusiaren onarpen-erabakiaren egiaztagiria eta lehen atalean aurreikusitako jendaurreko informazio-tramitea bete izanaren ziurtagiria, Agindu bidez onartzeko, Sailak berak eta Legelarien Euskal Kontseiluak txostena eman ondoren, aldaketa agindu bidez onartzeko edo legeriak une bakoitzean ezartzen dituen tramiteak betetzeko.

  9. Horrela aldatutako estatutuak Industria Ingeniaritzako Kontseilu Nagusiari igorriko zaizkio, jakinaren gainean egon dadin.

  10. Artikulu honetan aurreikusitako prozedura Estatutuen aldaketa partzialei zein aldaketa osoari aplikatzekoa izango da, helbide-aldaketari izan ezik, hori hurrengo artikuluan ezarritako prozedurak arautuko du eta.

  1. Elkargoaren helbidea eta egoitza aldatzeko ekimena Gobernu Batzordeari dagokio, eta haren onarpena horretarako deituko den Ezohiko Batzar Nagusiari.

  2. Batzar Nagusia lehen deialdian baliotasunez eratuta egongo da eskubidea duten erroldako elkargokideen erdiak gehi bat elkartzen badira. Quorum hori lortuko ez balitz, Batzar Nagusia bigarren deialdian eratu ahal izango da, lehen deialdirako adierazitako ordua baino ordu erdi geroago, baldin eta boto-eskubidea duten erroldako elkargokideen gutxienez % 1 elkartzen bada, ordezkariak barne hartuta.

  3. Elkargoaren helbide- eta egoitza-aldaketa onartu egingo da boto-eskubidea duten bertaratutakoen (ordezkatuak barne) hiru herenen aldeko botoa jasotzen badu.

  4. Horrela onartutako helbide- eta egoitza-aldaketak estatutu hauen 1. artikulua aldatzea ekarriko du eta dagozkion erakunde eta instituzio guztiei jakinaraziko zaie.

  1. Gobernu Batzordearen % 50ek edo boto-eskubidea duen elkargo-erroldaren % 10ek, gutxienez, eskubidea izango du, sinatutako proposamenaren bidez, Dekanotzaren edo Gobernu Batzordeko edozein kideren aurkako zentsura-mozio bat proposatzeko. Horretarako, mozioak oinarri dituen arrazoiak justifikatu beharko ditu.

  2. Gobernu Batzorde osoaren aurkako zentsura-mozioa bada, berori sustatzen duen taldeak talde kudeatzaile bat zehaztu beharko du sinatutako proposamenean, talde horrek Elkargoa kudea dezan hauteskunde berriak egin arte, baldin eta zentsura-mozioa onartzen bada. Epe horretan, ez da baimenduko onartutako azken balantzearen arabera Elkargoaren ondarearen % 1eko balioa gainditzen duten ondasunak edo eskubideak eskuratzea edo besterentzea edota gastu puntualak egitea.

  3. Aurreko paragrafoan finkatutako eskakizunak beteta, Gobernu Batzordeak Ezohiko Batzar Nagusirako deialdia egin beharko du, puntu hori gai-zerrendan sartuta, proposamena aurkeztu eta gehienez 15 eguneko epean.

  4. Zentsura-mozioa eztabaidatzeko Ezohiko Batzar Nagusirako deialdia berori egin baino gutxienez hogeita hamar egun eta gehienez berrogeita bost egun lehenago egin beharko da.

  5. Artikulu honetan jasotako xederako, Ezohiko Batzar Nagusia lehen deialdian baliotasunez eratuta egongo da boto-eskubidea duten erroldako elkargokideen erdiak gehi bat elkartzen badira. Quorum hori lortuko ez balitz, Batzar Nagusia bigarren deialdian eratu ahal izango da, lehen deialdirako adierazitako ordua baino ordu erdi geroago, baldin eta boto-eskubidea duten erroldako elkargokideen gutxienez % 10 elkartzen badira, ordezkariak barne hartuta.

  6. Zentsura-mozioa onartzeko, beharrezkoa izango da Ezohiko Batzar Nagusiaren gehiengo soilaren adostasuna. Nolanahi ere, Gobernu Batzordearen gehiengorako edo osotasunerako Dekanotza zentsuratzen bada, beharrezkoa izango da Ezohiko Batzar Nagusiaren bi herenen adostasuna.

  7. Zentsura-mozioa onartuko ez balitz, ezin izango da beste bat aurkeztu lehenengoa aurkeztu eta urtebete igaro arte.

  8. Mozioa onartu ondoren, Gobernu Batzordeko zentsuratutako kideek euren karguak utziko dituzte, eta Estatutu hauen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera jardun beharko da. Gobernu Batzordearen gehiengorako edo osotasunerako Dekanotzaren aurkako mozio bat onartuz gero, ezohiko hauteskundeak egingo dira gehienez 2 urteko epean.

    AZKENA TITULUA

    100. artikulua. Elkargoa desegitea.

  1. Elkargoa desegiteko proposamena egin ahal izateko, beharrezkoa izango da boto-eskubidea duen elkargo-erroldaren gutxienez laurdenek eskaera egitea.

  2. Eskaera jaso ondoren, Gobernu Batzordeak, gehienez 30 eguneko epean, Ezohiko Batzar Nagusirako deialdia egingo du. Deialdia gutxienez hogeita hamar egun lehenago iragarriko da Gipuzkoan tirada handiena duten 2 egunkaritan, eta bertan deialdiaren xedea adieraziko da.

  3. Elkargoa desegin ahal izango da, horretarako bereziki deitutako Ezohiko Batzar Nagusian boto-eskubidea duen elkargo-erroldaren hiru laurdenak zuzeneko bozketan horren alde bozkatzen duenean.

  4. Ezohiko Batzar Nagusiaren erabakia Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko 18/1997 Legearen 31. artikulua betetzeko. Artikulu horretan adierazten diren edo legez dagozkion baldintza eta ezaugarrien arabera desegingo da Elkargoa.

  5. Batzar Nagusiak berak egokia dena proposatuko du likidazioari dagokionez. Gainera, likidatzaileen kopurua zehaztuko du, halakotzat jardun behar duten elkargokideak izendatuko ditu, euren eginkizunen jardunean dagozkien eskudantziak eta likidaziorako jarraitu beharreko prozedura ezarriko ditu eta, balego, gerakinaren helburua finkatuko du, Elkargoak dituenaren antzeko interes orokorreko xedeak dituzten Gipuzkoako lurralde historikoko erakundeentzat.

  6. Elkargoak bere helburu juridikoa eta ahalmena galduko ditu desegiteko araua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unean, beste elkargo batzuk sortuko balira salbu.

  1. Estatutu hauek indarrean jarriko dira behin betiko onartzen diren unetik bertatik.

  2. Elkargoari ahalmena ematen zaio Estatutu hauek garatzeko beharrezkoak diren xedapen orokor guztiak emateko.

    Donostia, 2019ko maiatzaren 17a.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik