Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko uztailaren 30ekoa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bitartez oinarriak onartzen baitira laguntza ekonomikoak emateko EAEko toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitu eta immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak gara ditzaten, eta 2019. urterako deialdia egiten baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 164
  • Hurrenkera-zk.: 4044
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/07/30
  • Argitaratze-data: 2019/08/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Justizia; Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, kendu eta aldatzeari, eta sail horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazteari buruzko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio gizarteratzearen sustapenaren, garapen komunitarioaren eta immigrazioaren arloko eskumenak.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura finkatzen duen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuak, bere aldetik, gai hauen gaineko zeregin eta jardun-eremuak ezartzen ditu: boluntariotza, gizarte-ongizatea eta gizarte-zerbitzuak, immigrazioa, gizarte-bazterkeriaren aurkako borroka, erakunde arteko adostasuna sustatzea, elkarrizketa soziala, lanbide-lankidetza, elkartasun zibikoa, sareko lana, jakintzaren kudeaketa eta herritarren partaidetza sustatzea gizarte esku-hartzeen eta gizarte-politiken eremuan; eta jardun-eremu lehenetsitzat dauzka eskubide sozialak baliatzeko ikuspuntutik gizarte-egoera bereziki zaurgarrian bizi diren pertsonak eta kolektiboak.

Aipatu eginkizunak betetzean, gizarte-zerbitzuak dira gizarte esku-hartzea burutzeko eremu pribilegiatu nagusia. Orain, zerbitzu horietatik haratago ere joan daiteke esku-hartze hori, batez ere zeharkako esparru edo gai jakin batzuetara proiektatzen bada, etorkinen gizarteratzea eta, oro har, kulturarteko bizikidetza, kasu.

Gainera, eta zeharkako politika honen inguruan, Eusko Jaurlaritzak jardun handia burutu du beste erakunde publiko batzuei zuzendutako dirulaguntzak banatzen, batez ere udal-esparruan langileak kontratatzeko dirulaguntzak emanez, horiek etorkinen gizarteratzearen eta integrazioaren zeharkako ikuspegiak bereziki kontuan hartuko dituzten jarduerak eta esku-hartze soziala bultza ditzaten. Dirulaguntzen ekintza hori egoera jakin batzuetan justifikatu da bereziki, zehazki, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak gauzatzean sustatu zituen plan eta ekimenen inpaktua plan eta ekimen horiek egikaritzeko lanean inplikatutako erakunde publikoek zaila zutenean xurgatzea eta beren gain hartzea.

Era horretan, Agindu honen bitartez Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak jarraipena eman nahi dio azken urteotan etorkinen gizarteratze-politiken esparruan garatu den dirulaguntzen politikari.

Zalantzarik ez dago immigrazioarekin eta kulturarteko bizikidetzarekin, besteak beste, lotutako zeharkako politiken legeria eta planak geroz garbiago zuzentzen direla erakunde publikoen sarearen erantzukizunak identifikatzera, eta erakundeak elkarren artean geroz maila berean lankidetzan aritzera. Hala ere, horrek ez du baztertzen, egoera jakin batzuetan eta baldintza zehatz batzuekin, erakundearteko lankidetza horretan funtsen eskualdatzea ere egotea erakunde batzuen eta besteen artean.

Agindu hau jasota dago, bai 2019. urterako dirulaguntzen plan estrategikoan Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak onartu zuen plan hori 2019ko martxoaren 5eko Agindu bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorra eta, zehazki, lege horren 8.1 artikulua betetzeko, bai Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Immigrazioaren esparruan jarduteko V. Planean Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak onartu zuen, 2018ko ekainaren 11n emandako aginduaren bidez. Plan horiek biak Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian zein Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren webgunean ere argitaratu dira.

Horrenbestez, agindu honek bi laguntza-lerro arautzen ditu:

  1. Immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzak.

  2. Immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jardueretarako laguntzak.

    Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak kudeatzen ditu bi lerroak eta, horien bidez, batera finantzatzen dira immigrazio-teknikarien jarraipena eta EAEko erakunde-egituran immigrazioak duen errealitateari arreta handiagoa eta hobeagoa emateko jarduerak eta, oro har, kulturarteko bizikidetzaren aldeko esku-hartze sozialak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko 2018rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak 2019. urtera luzatu du bere indarraldia. Alde horretatik, eta agindu honetan arautzen diren laguntza ekonomikoak izapidetzeko xedea hartuta, adierazi den lege horrek behar besteko aurrekontu-kreditua du agindu honen deialdirako: EAEko toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko eta immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak egiteko dirulaguntzetarako oinarriak arautu eta 2019. urterako deialdia egiteko Aginduari dagokion deialdia egiteko agindua.

    Dirulaguntzetarako agindu honen arau esparru dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzekoa eta haren garapen-araudia; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, lehen adierazitakoa.

    Horren guztiaren ondorioz, honako hau

  1. Agindu honen xedea da laguntza ekonomiko hauek arautu, eta 2019. urterako deialdia egitea: EAEko toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei immigrazioko teknikariak kontratatzen jarraitu, eta immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alor zehatzean jarduerak egitekoak.

  2. Jarduera-lerroek, bai immigrazio-teknikarienak bai diruz lagundutako proiektu edo programenak, bat etorri behar dute 2018-2020 aldirako Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Immigrazioaren esparruan jarduteko V. Planarekin.

  3. Kontratatutako pertsonalaren jarduna betetzeko eta jarduerak egiteko epea 2019. urtea da.

  1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14.2.a) artikuluan arautzen duena betetzeko, erakunde interesdunek telematikoki egin behar dituzte laguntza-programa honetarako izapide guztiak.

  2. Agindu honen eranskinean jasotako eskabide-eredua, eta eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak euskadi.eus egoitza elektronikoan eskura daitezke.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

  2. Eskabidea osorik bete behar da egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formularioan, eta horrekin batera, dirulaguntzen lerro bakoitzerako nahitaezko dokumentazioa erantsi behar da, Agindu honen I. eranskinean eta II. eranskinean erantsitako eredu normalizatuen arabera.

  3. Deialdiaren xede diren dirulaguntza lerro ezeinetan ez zaio emango dirulaguntza bat baino gehiago eskatzaile berari. Erakunderen batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baldin badu dirulaguntzen lerro bererako, epearen barruan eta sarrera-erregistroaren arabera azkena aurkeztu duena soilik aztertuko da, eta ezetsi egingo dira gainerakoak.

  4. Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, bai eta eskabidearekin batera aurkezten duten dokumentazioa ere. Orobat, laguntza-eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

  5. Erakunde eskatzaileak bermatu egingo du betetzen duela Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. atalean xedatua, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarrita baitago. Hau da, adingabeekin harremana izan ohi duten langile guztiek, bai kontratatuek bai boluntarioek, sexu-delitugileen erregistro orokorraren ziurtagiri negatiboa izango dute.

  6. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela egiaztatzeko, dirulaguntzen organo kudeatzaileak egiaztapen automatikoa egingo du, erakunde eskatzaileen baimenik gabe, Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Hala ere, interesdunak berariaz ukatu ahal izango du baimena; kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudiaren 22 artikuluan aurreikusitako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

  7. Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

  1. Familia Politikarako eta Aniztasunerako zuzendaria izango da Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatzeko eta ebazteko organo eskuduna, zeinak izendatuko baititu dirulaguntzen ebazpenerako proposamena egiteko eskumena izango duen Balioespen Batzordeko kideak eta baita Batzordeko idazkaritzaz arduratu den pertsona ere.

  2. Balioespen Batzorde hori gutxienez bi pertsonek eta gehienez lauk osatuko dute, eta Familia Politikarako eta Aniztasunerako Zuzendaritzako goi karguak edo langile publikoak izan beharko dute.

  3. Balioespen Batzordean sexu parekidetasuna egon dadin beharrezko neurriak hartuko dira, eta osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Kide anitzeko organo horren idazkaria zuzendaritzako enplegatu publiko bat izango da.

  4. Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Familia Politikako eta Aniztasunerako zuzendariari dagokio prozeduran planteatu diren gai guztien gainean ebaztea.

  5. Esleipen-prozedura bakoitzean ematen den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta eman diren kasuetan, laguntza jaso duten erakundeen izena, diruz lagundutako jarduera-proiektua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Ukatutako eskabideei denaz bezainbatean, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

    Beren zerbitzuak mankomunaturik ez dituzten EAEko hainbat tokiko erakundek osatutako talde bat izango balitz onuraduna, agindu honen 19.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, hartuko den ebazpenak taldeko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen betearazpen-konpromisoak azalduko ditu, baita kide bakoitzak ezarri beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere.

  6. Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Gizarte Politiketako sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraituz.

  7. Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren ondorioak sortuko ditu.

  8. Prozedura ebazteko eta erakunde interesdunei ebazpena jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoaren Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

  9. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eman dituzten eta izaera berekoak diren laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

  1. Emandako laguntzen ordainketa, bai jarduerak garatzeko zein langileak kontratatzeko ere, zatikatu egingo da: % 70 ordainduko da 10.a) artikuluan ezarritako epea igarotakoan, berariaz uko egin ez bazaio eta diruz lagundutako ekintzen gutxienez % 70ari dagokion gastuaren betearazpena justifikatu eta egiaztatu ondoren; eta gainerako % 30a ordainduko da 2020ko ekitaldian, justifikatzeke geratzen diren gainerako ekintzak 2020ko martxoaren 31 baino lehen justifikatu ondoren.

  2. Deialdiaren kudeaketan, lehenik eta behin, diruz lagundutako lehen lerroari dagokion prozedura ebatziko da, eta esleitutako zuzkiduraren soberakinen bat sortuko balitz, prozedura horrek bigarren lerrorako finkatutako zuzkidura handituko luke.

  1. Diruz lagundutako gastuen izaerari buruz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

  2. Diruz lagun daitekeen gastutzat ezingo da jarri BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzailea zerga horren deklarazioa egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko diruz.

  3. Erakunde onuradunak jardueren betearazpena azpikontratatu dezake, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era arteko azpikontratatzeko ehunekoarekin.

  1. Ezin izango dira onuradun izan egoera hauetako batean diren erakundeak:

    1. Laguntzak edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion administrazio- edo zigor-zehapen bat duena, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat. Horren haritik, ezin izango dute laguntzen deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jasotako erakundeek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoek ere.

    2. Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzea eskatuta izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izatea, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

    3. Erruduntzat jo izanik, hori eragin duen kausa dela-eta Administrazioarekin egindako kontraturen bat suntsitua duena.

    4. Legezko ordezkaritza duen pertsona herri administrazioetako langileen bateraezintasun egoera batean egotea edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsi bat izatea, araudi aplikagarrian ezarritako baldintzetan.

    5. Dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordaindu gabe dituztenean. Baldintza hori betetzea ezinbestekoa da onuradun izateko zein emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Onuradunek dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta dituztela ondorioztatuko da eman dituzten administrazioekin ez dutenean zorrik dirulaguntzen itzulketengatik edo, egotekotan, geroratuta, zatituta edo etenda itzulketaren ebazpena aurkaratu bada denean.

    6. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu. Baldintza hori betetzea ezinbestekoa da onuradun izateko zein emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.

  2. Aurreko atalaren a), b), c), d) eta e) letretan jasotako baldintzen justifikazioa egingo da eskaera-formularioaren jasotako baldintzen arabera emango den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

    Aurreko f) letran jasotako baldintza bete izanaren egiaztapena ofizioz egingo du Administrazioak, erakunde eskatzaileak egiaztapen horren aurka egin ezean; kasu horretan, erakunde horrek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, egiaztapen horiek egiteko erakunde eskudunek eman beharko dituztenak.

  1. Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzaren beste sail edo erakunde autonomoren batek edota bestelako administrazio edota erakunde publiko zein pribaturen batek eman ditzakeen beste batzuekin, betiere xede eta helburu bera badute. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu dirulaguntzaren xede den kontratazioaren edo jardueraren guztizko kostua.

  2. Beste laguntza batzuekiko aldi berekoa bada, eta betiere laguntza horien baturak dirulaguntzaren xede den kontratazio edo jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela aitortuko da, eta Enpleguko eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

  1. Dirulaguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Familia Politiketako eta Aniztasuneko Zuzendaritzari.

  2. Aldaketarik izanez gero dirulaguntza ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzetan betiere, dirulaguntzaren xedea bete bada, onuradun izateko betekizunak eta ezarritako betebeharrak, edo, xede bererako beste laguntzaren bat jaso baldin bada beste administrazio nahiz erakunde publiko zein pribatu batzuetatik, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

    Alde horretatik, dirulaguntzaren helburua bete dela ulertuko da, baldin eta proiektu edo programa osoaren gutxienez % 80 betetzea lortu bada eta, betiere, horiek barematzeko kontuan hartu diren irizpide objektiboak betetzen badira.

  3. Horretarako, Balioespen Batzordeak aztertu eta balioetsi eta gero, dagokion aldaketa-ebazpena emango da, zeinaren bitartez egokituko baita emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako mugak eta irizpideak aplikatuta; eta, hain zuzen ere, erakunde onuradunak soberan jasotakoa itzuli beharko du, halakorik bada, dagozkion berandutze-interesak gehituta, dirulaguntza ordaindu zitzaionetik hasita, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laguntza-lerro banarentzat ezarri diren betebehar espezifikoak ezertan galarazi gabe, onuradunen betebeharrak dira honako hauek:

  1. Emandako dirulaguntza onartu behar dute. Horrela, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi (EHAAn argitaratuta) eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

  2. Dirulaguntza ematea eragin duen jarduera edo jarduerak gauzatu behar dira.

  3. Dirulaguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, xede horretarako erabili behar da, eta prest egon behar da Familia Politiketako eta Aniztasunaren Zuzendaritzak diruz lagunduko diren jarduera edo jarduerak noiznahi begizta ditzan onartzeko.

  4. Familia Politiketako eta Aniztasunerako Zuzendaritzaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatuko da, eta baita dirulaguntzaren xede den jarduera edo jarduerak egin direla eta haien helburua bete dela ere.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntza eta dirulaguntzei dagokienez, Familia Politiketako eta Aniztasunerako Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapen-jarduerei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei men egingo zaio, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.

  6. Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu direla Familia Politiketako eta Aniztasunerako Zuzendaritzari jakinarazi, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

  7. Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Familia Politiketako eta Aniztasunerako Zuzendaritzari horren berri eman.

  8. Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, onuradunari kasu bakoitzean aplika dakiokeen merkataritza- eta sektore-legediak eskatutako moduan eduki ere, bai eta Deialdi-agindu honetan eskatutako erregistro espezifikoak eta kontabilitateko egoera-orriak ere, egiaztatze- eta kontrol-ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.

  9. Jasotako diruaren erabilera egiaztatzen duten agiriak gorde, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatuak eta ikuskatuak izan daitezkeen bitartean, behintzat.

  10. Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzaren erakunde-marka agertarazi, Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2017ko maiatzaren 22ko Ebazpenean (2017-06-01eko EHAA, 103. zk.) eta Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.) adierazten den bezala, diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere, posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Marka hori Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzari eskatu ahalko zaio. Nolanahi ere, Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzaren logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan. Jardueraren argitalpenean edo diruz lagundutako argitalpenean jasoko da diruz lagundutako erakunde publikoak hartuko dituela bere gain aipatu jardueraren edukiak.

  11. Jasotako dirua itzuli, agindu honetan edo dirulaguntzei aplika daitekeen araudiak jasotzen dituen kasuetan.

  12. Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan agertu behar du. Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/adjuntos/Alta_tercero_07032019.pdf

  1. Dirulaguntza jaso duten jarduera edo jarduerak aldatu edo moldatu nahi izanez gero idatziz jakinarazi; aldaketak egin ahal izateko, Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzak berariaz onetsi behar du eskaera.

  2. Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzari igorri Agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako justifikazio-agiriak, eta aipatu erakundeari lagundu horren jarraipena eta ondorengo ebaluazioa egiten.

  1. Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzari jakinarazi adierazitako ezaugarrien itzultze- edo berrespen-prozeduraren bat hasiko balitz.

  2. Eta orokorrean, beste edozer aldaketaren berri ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  1. Erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu behar dute 2020ko martxoaren 31 baino lehen:

    1. Diruz lagundutako kontratazioaren eta/edo jardueraren deskribapen- eta ebaluazio-memoria, agindu honen I.A eranskinean eta II.A eranskinean dauden eredu normalizatuen arabera eta atal guztiak behar bezala beteta.

      Memoria horretan justifikazio-kontu bat, hau da, dokumentu egiaztatzaile guztiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen bat egon beharko du, behar bezala sinatuta eta zigilatuta. Aitorpen horretan, dokumentuaren nondik norakoa, identifikazioa, igorlea, kontzeptua, data, zenbatekoa eta, hala badagokio, Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzak emandako zenbatekoari egozten zaion ehunekoa eta zenbatekoa adieraziko dira.

    2. Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, 2019an diruz lagundutako jarduerarako edo kontrataziorako beste finantzaketa-iturri batzuk existitzen diren edo ez jakiteko.

    3. Jarduerarekin lotutako izaera publikoko dokumentazioa, esaterako, prentsa-ebakinak edo hizkuntza-bertsio ezberdinen adierazgarriak, euskarri fisikoan edo magnetikoan, diruz lagundutako jardueraren garapenean sortutako material bakoitzaren inguruan.

  2. Emandako dirulaguntzaren kontura egindako gastuen justifikazioa egiteko, dokumentu hauek onartuko dira:

  1. Teknikariak kontratatzearen ondoriozko gastuak justifikatzeko:

    1. Entitate onuradunaren gastua kontrolatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria, kontratatutako pertsonen identifikazio datuez eta datu-akademikoez gain, kontratatutako denbora eta kontrataziotik eratorritako diru-kostu osoa jasotzen dituena.

    2. Ordainsarien ordainagiriak, eredu ofizialera eta Gizarte Segurantzaren kotizazio-buletin ofizialetara egokituak.

    3. Zerbitzua kontratatuta duten erakundeek formalizatutako kontratuaren kopia bat eta dagozkion ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte. Kontratuan agertzen ez bada, honako informazio hau banakatu behar da:

      Kontratatutako pertsonen titulazioa.

      Kontratatutako pertsonen lan-kostua (Gizarte Segurantzako gastuak barne).

  2. Jarduerak gauzatzearen ondoriozko gastuen justifikaziorako:

    1. Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, diruz lagundutako jardueraren ondoriozko guztizko kostu ekonomikoa jasoko duena.

    2. Erakunde onuradunaren izenean egindako fakturak. Baliagarria izateko, faktura orok 2019koa beharko du izan.

    3. Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatutako ordainagiriak, betiere finantza-erakundeek eginak badira eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

      1. Dirulaguntza behar bezala gauzatzen dela egiaztatzeko, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak dagozkion ikuskapen, jarraipen eta kontrol ekintzak burutu ditzakete, legeak agintzen duen epean.

  1. Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

    1. Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

    2. Ez betetzea agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko egintzan ezarritakoak.

    3. Dirulaguntzen programa hau kudeatzen duen Zuzendaritzak baimendu gabeko aldaketak egitea aurkeztutako proiektuan.

    4. Diruz lagundutako proiektua egiteko epeak gainditzea, baldin eta ez bada hura aldatzeko edo luzatzeko baimenik eman.

    5. Ez itzultzea, dagokion epean, dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa.

    6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluak arautzen dituen gainerako ez-betetzeak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzekoak, 53 artikuluak arautzen dituenak.

  2. Aurreko paragrafoan jasotako egoeraren bat existitzen dela egiaztatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari nahitaez itzuli beharko zaizkio emandako eta jasotako kopuruak, gehi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren arabera ezarri beharreko atzerapen-interesa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenean aurreikusten dena bete eta horietan ezartzen denaren arabera.

  3. Dirua itzuli behar baldin bada, irizpide hauek erabiliko dira zer diru-zenbateko itzuli behar den zehazteko:

    1. Ez badira aurreikusitako helburuak bete edo ez badira jarduerak osorik egin, baina betetze-maila osotasunetik nahiko gertu geratu bada eta egiaztatu bada erakunde onuradunak bere konpromisoak betetzeko ahalegina egin duela, zer lorpen-mailara iritsi den balioetsiko da, eta lorpen-maila horrekiko proportzionala izango da dirulaguntzaren zenbatekoa.

      Lorpen-maila osotasunetik nahiko gertu egongo da, baldin eta proiektuaren edo programaren gutxienez % 80 bete bada eta, betiere, horiek barematzeko kontuan hartu diren irizpide objektiboak betetzen badira.

      Adierazitako egoera horietan, ez-betetzeak izan duen egiazko ehunekoarekiko proportzionala izango da itzuli beharreko zenbatekoa.

      Betetze-maila ez baldin bada gutxienez % 80 horretara iristen, hasieran eman den dirulaguntzaren % 100 bueltatzea eskatuko da.

    2. Laguntza-eskabidean eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketetan aldaketarik eginez gero agindu honetan arautzen diren laguntzen Zuzendaritza kudeatzailearen baimenik gabe, aldatutako jarduketei dagozkien zenbatekoak itzuli beharko dira.

    3. Laguntzak justifikatzeko dokumentaziorik aurkeztu ezean, jaso eta justifikatu gabeko zenbatekoak itzuli beharko dira, eta hala badagokio, jasotzeko falta diren diru-zenbatekoak kobratzeko eskubidea galduko da.

  1. Laguntza-lerro honen xedea da EAEko toki-erakundeek, tokiko organismo autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek beren ekimenez egiten dituzten esku-hartze sozialak sustatzea, haiei laguntza emateko immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorretan.

  2. Horretarako, immigrazio arloko teknikarien kontratazioaren mantentze-lanak finantzatuko dira, baldin eta laguntza hauen aurreko deialdien artekoren batean dirulaguntzaren bat jaso badu eta 2018. ekitaldian indarrean egon bada.

  3. Onuradunak esleitzen dizkion zereginak alde batera utzita, immigrazioko langile teknikarien lana zeharkakoa izango da, eta arlo guztiak engaiatu eta inplikatu daitezen ahaleginduko da, migrazio-fenomenoaren ezaugarriak politika orokorren barnean hartzea lortzeko eta, era horretan, udal-mailako baliabideak eta zerbitzuak aukera-berdintasunaren arabera era normalizatuan eskuratzeko.

    Halaber, kontratatutako immigrazioko teknikariek honako eginkizun hauek bete beharko dituzte:

  1. Immigrazio eta kulturarteko bizikidetza arloan euskal politika diseinatzen, egikaritzen eta ebaluatzen lagundu.

  2. Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzatik edo tokiko erakundeetatik beretik sustatutako alderatze eta sare-laneko espazioetan parte hartzea, baita Toki Erakundeen, Tokiko Erakunde Autonomoen eta EAEko Tokiko Merkataritza Sozietateen bidez ere.

  3. Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzarekin batera koordinatu horren mende dauden zerbitzuak, immigrazio eta kulturen arteko bizikidetza arloan Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailetik sustatutako eta zuzendutako politika eta estrategia orotan.

  1. Erakunde hauek izan daitezke immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzen onuradun:

    1. EAEko toki-erakundeak.

    2. EAEko tokiko organismo autonomoak.

    3. EAEko tokiko merkataritza-sozietateak.

  2. Deialdi honetako laguntza ekonomikoak eskatzen dituzten EAEko tokiko merkataritza-sozietateek baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Kapital sozialak titulartasun publikokoa izan behar du, oso-osorik.

    2. EAEko udalek osatu behar dute bazkideen gehiengoa.

    3. Parte hartzen duten udaletako alkateek berariaz izendatu behar izan dituzte eskatutako dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko.

2019ko ekitaldirako dirulaguntza lerro honi esleitutako zenbatekoa 381.920 euro da.

  1. Eskaera denboran eta forman egiten duten ezarritako baldintza subjektiboak eta objektiboak biltzen dituztela egiaztatzen duen eskatzaile guztiek dirulaguntza jasotzeko eskubidea izango dute.

  2. Diruz lagun daitezkeen immigrazioko teknikarien lanpostu guztiek 2018an zeudenen jarraipena izan beharko dute.

  3. Erakunde eskatzaileek behar bezala justifikatu beharko dute bere udalerrian immigrazioko teknikariak kontratatzen segitzeko beharra.

  4. Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak 2019ko ekitaldiari dagokion langileen kostua finantzatuko du, urtean 23.870 euroko zenbatekoarekin, lanaldi osorako kontratatutako immigrazioko teknikari bakoitzeko. Portzentaje hori kontratatutako langilearen lanaldiko dedikazioaren portzentajean murriztuko da. Finantzaketa ez da inola ere finantzatutako kontratazioaren egiaztatutako kostua baino handiagoa izango.

Dirulaguntzen onuradun diren erakundeen betebeharra izango da Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzak emandako laguntza ekonomikoarekin batera beren gain hartutako kontratazioari eta ordainsariari dagozkien langileen gaitasun eta prestakuntza teknikoa eta profesionala zehaztea eta egiaztatzea.

  1. Lerro honen xedea da immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jardueren prestaketa edo egikaritza finantzatzea.

  2. Printzipio orokor gisa, laguntzak emango dira immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorreko jarduerak egiteko, baldin eta antzekotasunik ez badute, egiturari eta edukiari dagokienez, Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak zuzenean edo bere mendeko zerbitzuen bidez zeharka garatzen, sustatzen edo eskaintzen dituen jarduerekin.

  1. Erakunde hauek izan daitezke immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jarduerak prestatu eta egiteko laguntzen onuradun:

    1. EAEko toki-erakundeak.

    2. EAEko tokiko organismo autonomoak.

    3. EAEko tokiko merkataritza-sozietateak.

  2. Deialdi honetako laguntza ekonomikoak eskatzen dituzten EAEko tokiko merkataritza-sozietateek baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Kapital sozialak titulartasun publikokoa izan behar du, oso-osorik.

    2. EAEko udalek osatu behar dute bazkideen gehiengoa.

    3. Parte hartzen duten udaletako alkateek berariaz izendatu behar izan dituzte eskatutako dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko.

  3. Agindu honen 18. artikuluan jasotako jarduketak egin nahi dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, baldin eta halako jarduerarik egin ez badute Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean sartu baino lehen, hau da, 2016ko apirilaren 15a baino lehen, bertan esku hartu ahal izango dute, berezkoak eta eskuordetutakoak ez diren eskumenak erabilita. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko txostena behar da, bikoiztasunik ez dagoela adierazteko (alkateak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari eskatu beharko dio). Halaber, eskumen berriaren finantza-jasangarritasunari buruzko foru-aldundiaren txostena beharko da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 7.4 artikuluan eta Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  4. EAEko toki-erakunde batek baino gehiagok batera egin ditzakete eskabideak, zerbitzu mankomunaturik ez izan arren. Baterako eskabideak eginez gero, eskabideek berariaz adierazi behar dituzte erakunde bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko laguntza-zenbatekoa, denak izango dira-eta onuradun. Era berean, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, elkarte horri onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko nahikoa ahalmen izango duena. Toki Erakundeen talde hori ezingo da banatu Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen Testu Bateginaren 44. artikuluan aurreikusitako nahitaezko epea igaro arte.

  1. Dirulaguntzen lerro honek 498.080 euro izango ditu 2019. urtean.

  2. Familia Politiketako eta Aniztasunaren Zuzendaritzak eskaera bakoitzean aurkeztutako jardueren aurrekontu osoaren % 75 bitarte finantzatu ahal izango du.

  1. Jardueretarako laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Balioespen Batzordeak zehaztuko dio ateratako puntuazioa proiektu edo programa bakoitzari; zehaztu ere, ondoren adierazten diren balioespen-irizpideen arabera.

    Tramitera onartutako proiektuak eta programak balioetsi ondoren emango da dirulaguntza, horien arteko lehentasun-hurrenkera bat ezarrita, eta 50 puntu edo gehiago lortzen dutenek soilik jaso ahal izango dute dirulaguntza.

    Balioespen-fasean lortutako puntuazioaren ondoriozko beheranzko ordenari jarraituz emango da dirulaguntza, eta 20. artikuluan ezarritako laguntzaren ehunekoa aplikatuta ateratzen den kopurua emango da, artikulu horretan azaldutako dirulaguntza-lerroaren zuzkidura osoa agortu arte, edo, hala badagokio, 5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera lerro hori zabaltzearen ondoriozko emaitza agortu arte.

  2. Dirulaguntza-lerro honetan aurkeztu eta onartutako proiektuak eta programak balioesteko, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

  1. Jardueraren bitartez erantzuna eman nahi zaion egoeraren eta jardueraren helburuen garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradunen kopurua barne: 25 puntu, gehienez.

    1. Proiektuak edo programak erantzuna eman nahi dion egoera herritartasunari, kulturartekotasunari eta/edo bizikidetzari buruzko legeetan eta planetan jasotakoa izatea: 10 puntu, gehienez.

    2. Esku-hartzearen xedeko egoerak ahulezia edo zaurgarritasun sozialeko edo gizarte-bazterketako arrisku handiak sortzea: 5 puntu, gehienez.

    3. Jardueraren onuradun kopurua: 5 puntu, gehienez.

    4. Proiektuaren edo programaren helburuak herritartasunari, kulturartekotasunari eta/edo bizikidetzari buruzko legeetan eta planetan jasotakoak izatea: 5 puntu, gehienez.

  2. Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Immigrazioaren esparruan jarduteko V. Planak ezarritako ildoen barruan sartzea: 25 puntu, gehienez.

    1. Enplegurako, prestakuntzarako eta eskola-arrakastarako aukerak sortzea, herritartasun osorako bidea zabaltzea eta baliabideen erabilera: 5 puntu, gehienez.

    2. Euskararen ikaskuntza gizarteratze-mekanismo gisa sustatzea: 5 puntu.

    3. Parte-hartzea, kulturaniztasuna eta bizikidetza: 5 puntu, gehienez.

    4. Diskriminazioaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka: 5 puntu, gehienez.

    5. Proiektuaren alderdi berritzaileak: 5 puntu, gehienez.

  3. Erreferentzia-irizpide hauen betetze-maila: 20 puntu, gehienez.

    1. Arreta-premia sortu, luzatu edo areagotzea saihesteko esku-hartzeak: 2 puntu, gehienez.

    2. Familiako eta komunitateko sareetan bermatutako esku-hartzeak, sostengua emateko: 2 puntu gehienez.

    3. Arreta pertsona bakoitzaren premietara egokitzea: 3 puntu, gehienez.

    4. Pertsonak hartzen dituen zerbitzuen eta horiek ematen dituzten sistemen arteko doitasuna, jarraipena eta arintasuna eta indar biderkatzailea: 3 puntu, gehienez.

    5. Pertsonen eta taldeen autonomia, parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzea beren gizarte-ingurunean: 2 puntu, gehienez.

    6. Erreferentziako komunitatearekin lotura hurbila duten baliabideak eskaintzea eta, aldi berean, horiekin sentsibilizazioa lantzea: 2 puntu, gehienez.

    7. Plangintza estrategikoa, komunikazio integratzailea, jakintzaren eraikuntza, enpleguaren kalitatearen hobekuntza eta inpaktuaren ebaluazioa, bikoizketarik gerta ez dadin: 3 puntu, gehienez.

    8. Genero-ikuspegia: 3 puntu, gehienez.

  4. Koordinazioa jarduketak hartzen duen eremuko beste eragile sozial eta instituzional batzuekin, direla tokiko, lurraldeko edo autonomiko, eta sektore publikoko beste erakunde batzuekin: 20 puntu, gehienez.

    1. Koordinazioa tokiko beste eragile sozial eta instituzional batzuekin: 5 puntu, gehienez.

    2. Koordinazioa probintziako beste eragile sozial eta instituzionalekin: 5 puntu, gehienez.

    3. Koordinazioa autonomia-erkidegoko beste eragile sozial eta instituzionalekin: 5 puntu, gehienez.

    4. Koordinazioa sektore publikoko beste eragile sozial eta erakundeekin: 5 puntu, gehienez.

  5. Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, barnean hartuta diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna: 10 puntu, gehienez.

    1. Proposamenaren diseinua: 4 puntu, gehienez.

    1.1. Egoera edo arazoa, horren sorburuko arrazoiak, eragiten dituen ondorioak eta esku-hartzearen xedeko biztanleria identifikatu eta deskribatzea: 1 puntu, gehienez.

    1.2. Helburu orokorrak eta espezifikoak (zehatzak, neurgarriak, behagarriak, egingarriak eta ebaluagarriak) identifikatzea, espero diren emaitzak adieraztea eta jarduerekiko harreman efikaza eta efizientea izatea: 1 puntu, gehienez.

    1.3. Egingo diren jardueren egitura eta tenporalizazioa: 1 puntu, gehienez.

    1.4. Jarduerak egiteaz arduratuko diren pertsonak identifikatzea, bai eta haien gaitasuna, eskarmentua eta proiektuari eskainiko dioten denbora ere: puntu 1, gehienez.

    2. Ebaluazioa: 3 puntu, gehienez.

    2.1. Ebaluazio-sistema eta adierazle neurgarri eta esanguratsuak zehaztea, bai eta ezarritako adierazleei dagokien informazioa lortzeko erabiliko diren tresnak eta metodoak ere: 3 puntu, gehienez.

    3. Bideragarritasuna: 3 puntu.

    3.1. Proiektua edo programa erakundearen estrategia edo plangintza handiago batean kokatzea: 1 puntu, gehienez.

    3.2. Aurreikusitako gastuen eta bitartekoen arteko koherentzia: 1 puntu, gehienez.

    3.3. Erabilitako bitartekoen eta aurreikusitako emaitzen arteko koherentzia: 1 puntu, gehienez.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ondorioak.

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 30a.

    Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

    BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

    (Ikus .PDF)