Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2015eko martxoaren 2koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Kontratazio Mahia arautzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 49
  • Hurrenkera-zk.: 1206
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/03/02
  • Argitaratze-data: 2015/03/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio arauei buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 4. artikuluak ezarritakoaren arabera, kontratazio mahai bakarra sortuko da sail bakoitzean eta, hala badagokio, erakunde autonomo bakoitzean, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko titularrak (Ogasun eta Finantza Saila da orain) eta dagokion saileko titularrak batera emandako agindu baten bidez.

Jaurlaritzaren Lehendakaritzari dagokionez, bederatzigarren xedapen gehigarriak ezartzen du Lehendakaritza sailtzat joko dela, eta kontratazio mahaia sortuko dela Ogasun eta Finantzetako sailburuaren aginduz eta Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren idazkariaren eskariz.

Dekretu horrek aurreikusitakoaren arabera, halaber, sailaren konplexutasunak hala eskatzen duenean bestelako osaera ezar dezake sortze-aginduak kontratuen lurraldearen eta egitekoen arabera.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak ezartzeko denak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak berregituratu zituen, eta, hori garatzeko, apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen. Antolaketa araubide horren eraginez, saileko kontratazio mahi berri bat sortu behar da, egitura berriari eta jardun-arloei egokitutakoa.

Horrenbestez, Lehendakaritzako idazkari nagusiak proposatu eta Kontratazio Administratiborako Aholku Batzordearen txostena aztertu ondoren, hauxe

  1. Zerbitzu Zuzendaritzari atxikita, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Kontratazio Mahaia sortzen da, ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 7. eta 5. artikuluetan aurreikusitako esparruan dagozkion egitekoak betetzeko, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eta Emakumearen Euskal Erakunde Autonomoaren espedienteei buruz.

  2. Aipatutako mahaia honako kide hauek osatuko dute:

    1. Mahaiburua: Araubide Juridikoaren Zuzendaritzaren titularra. Titularra izendatu gabe dagoenean, kanpoan dagoenean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat izaten denean, Zerbitzu Zuzendaritzaren titularrak ordeztuko du.

    2. Bokalak:

      Kontratazioa eskatu duen zuzendaritzak izendatutako pertsona bat, zuzendaritza hori ordezteko.

      Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, bulego horren titularrak izendatuta.

      Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritza horren titularrak izendatuta.

      Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritza horren titularrak izendatuta, ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 3. eta 5. idatzi-zatietan jasotako egitekoetarako eta bertan ezarritako araubideari jarraiki.

      Aholkulari juridiko bat: zuzenbidean lizentzia duen teknikari bat, Araubide Juridikoaren Zuzendaritzari atxikitakoa, horko titularrak izendatua, lege aholkuak emateko dena.Teknikari hori izendatu gabe dagoenean, kanpoan dagoenean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat izaten denean, Kontratazio Mahaiaren idazkari zereginak bete behar dituenak ordeztuko du.

    3. Idazkaria: zuzenbidean lizentzia duen teknikari bat, Zerbitzu Zuzendaritzari atxikitakoa, zuzendaritza horren titularrak izendatuta; hitza izango du, baina botorik ez. Teknikaria izendatu gabe dagoenean, kanpoan dagoenean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat izaten denean, Zerbitzu Zuzendaritzaren titularrak ordezkoa izendatu beharko du.

  3. Kontratua sustatu duen organoa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunde autonomoa denean, Emakunderen Idazkaritza Nagusiaren titularra izango da mahaiburua eta zuzenbidean lizentzia duen teknikari bat, Emakunderi atxikitakoa, izango da aholkulari juridikoa. Mahaiburua zein aholkulari juridikoa ez daudenean, kanpoan daudenean, gaixorik daudenean edo legezko beste arrazoiren bat izaten denean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen titularrak izendatu beharko du ordezkoa.

Indargabe geratzen dira Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 1996ko uztailaren 12ko Agindua, Lehendakaritzaren kontratazio mahaia sortzeko dena, eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2010eko martxoaren 18ko Agindua, Lehendakaritzako Kontratazio Mahaia aldatzeko dena.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 2a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.