Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2013ko uztailaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Eako (Bizkaia) Urtubiaga burdinola eta errota, Kultura Ondasun gisa, monumentu multzo izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 157
  • Hurrenkera-zk.: 3672
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/07/24
  • Argitaratze-data: 2013/08/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2013ko maiatzaren 21eko Ebazpenaren bidez Eako Urtubiaga burdinolak eta errotak aurkezten zuten balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2013ko ekainaren 6ko 108. zenbakia duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Eako (Bizkaia) Urtubiaga burdinola eta errota Kultura Ondasun gisa, monumentu multzo izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskineko mugaketarekin, II. eranskineko deskripzioarekin eta III. eranskineko baimendutako esku-hartzeen erregimenarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Eako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Eako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza eta Kultura Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 24a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

  1. Mugaketaren esparrua.

    Erantsitako planoaren bidez zehaztuta dago mugaketaren esparrua, eta honako hauek hartzen ditu barnean: burdinolaren eraikin nagusia, berau osatzen duten atal guztiak barne dituela tunel hidraulikoa, tailerrak, ikaztegiak, bulegoa; errota eta haren atalak eta makineria; sistema hidraulikoa eta horko elementuak presa, ubidea, erregulazio-biltegia, ibairainoko hustubideak; errotari eta burdinolari atxikitako eraikinak; ingurura sartzeko zubia; eta, azkenik, babes-ingurune bat. Horiek guztiek multzo bat osatzen dute.

    Hortaz, babes-ingurunearen mugaketaren esparruak honako muga hauek ditu:

    Iparraldean, eskuineko ibaiertzean, ibaian behera, ibaiertzarekiko paralelo dagoen lerro bat: 15 m-ra dago, bi presen arteko tartean, eta 20 m-ra, gainerakoetan. Barnean hartzen du paper-lantegia izandakoaren egituraren zati bat.

    Hegoaldean, ezkerreko ibaiertzean, ibaian behera, lerro bat, ubidearen kanpoko ertzetik 10 bat metrora dagoena, luzera osoan; presaraino heltzen da.

    Hego-ekialdean, lerro bat: presaren kanpoko ertzetik, ibaian gora, 20 m-ra dago, eta arrantza-tokia hartzen du barnean.

    Mendebaldean, ibaiarekiko lerro perpendikular bat: 20 m-ra dago, mendebaldeko muturrean dauden eraikinetako puntutik edo kanpoko ertzetik.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Proposatzen den mugaketa justifikatu egiten da, multzoaren inguruneko ingurumen-balioak, balio estetikoak eta bisualak babestu behar direlako.

    Ondasuna babesteko eta haren garrantzia nabarmentzeko, ezinbestean babestu beharra dago multzoa osatzen duten elementuen ondoko eremua; bestela, ezin baitira ulertu ondasunaren prozesu ekoizlea eta berezko izaera.

    Hori dela-eta, mugaketak ez ditu soilik hartzen burdinola, errota, atxikitako eraikinak sistema hidraulikoa eta zubia, ezpada ere haren ingurunea.

    (Ikus .PDF)

Eako burdinola eta errota bizitoki- eta ekoizpen-multzo batek osatuta daude; hona hemen atal nagusiak: elkarri atxikitako lau eraikin; haiei lotutako sistema hidrauliko bat presa, ubidea eta erregulazio-biltegia; eraikinen aurreko harrizko zubia; eta babes-ingurune bat. Multzoa itsasertzetik kilometro erdira dago, gutxi gorabehera, Ea itsasadarraren ezkerreko ertzean, ibaian behera, eta landa-inguru batean, zelaiz eta basoz inguratuta.

Burdinolari, errotari eta haien kokalekuari buruzko erreferentzia dokumentalak XVIII. eta XVI. mendekoak dira.

Multzoak honako elementu hauek ditu:

Sistema hidraulikoa:

Presa burdinolatik 200 m-ra dago, ibaian gora. Nahiko egoera onean dago, harrizkoa da, kurbatua, eta txapadura eta kontrahormak ditu; oraindik ere, arrantza-tokia dauka, ezkerreko ertzean, ibaian behera. Antza dauka Juan Bernardo Villarreal de Berriz lekeitiarrak diseinatutako beste presa batzuekin. Diseinu berritzailea dauka, XVIII. mendekoa dela aintzat hartuta. Egun, urak estalita dago, geroago beste presa bat eraiki baitzen ibaian behera.

Ubidea presan hasten da, eta ezkerreko ertzetik doa, ibaian behera, erregulazio-biltegiraino. Lurrean hondeatuta dago, eta metro batetik gora du sakon; eraikinetara hurbildu ahala ubidearen zabalera handitu egiten da, eta errotaren aurrealdean du zabalera handiena. Lurrez eta landarez estalita dago, eta harri ederrekin egina dago. Eskuinaldea sendotuta dauka. Hustubide bat dauka, bide erdian, eta beste bat, errotaren aurreko antapara betetzeko. Harlanduzko harriekin bukatuta dago; harriok mehetuta eta zulo bat utzita ditu uhatea sartzeko.

Burdinola:

Erregulazio-biltegia edo antapara. Ura biltzeko esparru bat da; burdinolako tailerren eta tunel hidraulikoaren altueran dago. Lur-sailean hondeatuta dago, eta haren hormek zabalera handiagoa dute ubidean zehar baino. Nabarmen eroria dago; are gehiago, hormaren zati bat behera etorrita dago hauspoen aldearen gainera. Hortaz, alde horretan lehenbailehen esku hartu beharra dago, eroritako zatiak berreraiki eta horma sendotzeko.

Burdinolaren eraikina. Sendoa da, eta egoera onean dago. Oinplano angeluzuzena dauka, eta honako atal hauek: tunel hidraulikoa, burdina lantzeko tailerra, ikaztegiak eta bulegoa edo kontrol gunea.

  1. Tunel hidraulikoa. Mendebaldeko hegalean dago, eta harlangaitzezko bi horma sendok osatzen dute; hormetako bat kontrahormaz sendotuta dago. Hondoa kanoi-gangan bukatuta dago, eta ez da gorde ura bideratzen zuen putzua edo antapara; bai, ordea, horman dagoen zuloa, soberako ura kanporatzen zuena. Tunelak hiru atal ditu: hauspoaren ardatzen eta gurpilen atala; tarteko atal bat, puntu erdiko arku batek bereizia, ura hozteko aska moduan erabiltzen zena; eta mailuaren ardatzari dagokion atala, pantaila-horma batek bereizita dagoena horma horren behealdean, ura husteko arku bat dago. Ez da gorde jatorrizko makineria.

  2. Tailerra tunel hidraulikoari atxikitzen zaio, eta bi alde ditu: hauspoen gela, batetik, eta, bestetik, gabiaren eta labearen gela, biak ere bergamazo-horma batek bereizita. Horma hori antapararen horman dago bermatuta, bi alde horien arteko pasabidea libre utzita, eta, behealdean, arku irekiko zulo bat dauka. Hormatzar horrek jatorrian zuen tamaina dauka, baina, hala ere, goialdeko zati bat nabarmen erorita dauka, eta, gainera, beheko zuloaren zati batzuk behera etorrita daude. Tunel hidraulikoaren horman, zuloak antzeman daitezke, horietatik igarotzen baitziren gurpilen ardatzak eta askatik ateratzen zen ura; antzeman daitezke, halaber, arraildurak, non bermatzen baitzen goiko solairuetako egurrezko egitura. Bi isuriko estalkia, berriz, ez da gorde.

  3. Ikaztegiek lau angeluko bi gela dituzte, biak ere tamaina bertsukoak, tailerrarekiko perpendikularrak eta hari atxikita, eta suhesi zabal batek bereizita. Kanpotik, arku murriztu baten zulotik, ikaztegietako batera sartu daiteke, eta handik, antzeko zulo batetik, beste ikaztegira igaro daiteke. Errotaren aldera egindako zabalkuntza bat dauka, geroago egindakoa, eta hormetan hainbat aparailu daude; gainera, suhesian, aparailu gotiko bat dago. Horretaz gain, hainbat arraildura antzematen dira, non bermatuta baitzeuden tarteko solairuetako egurrezko habeak; lehenengo solairuan itsututako bao bat dago. Tailerrera zuzenean sartzeko bi bao daude, bata buruduna eta bestea arkuduna. Bao horietatik ikatza sartzen zuten. Badago beste bao bat egun harriek eta lurrak itsututa, ikaztegia eta hauspoen aldea batzen zituena, eta hor ganga baten hasiera izan daitekeena antzematen da. Ikaztegietako baten ekialdeko bazter batean, labe bat dago. Ez daukate estalkirik.

  4. Bulegoa atal txikiena da lau metro koadro eskas, eta handik kontrolatzen zen ekoizpen-prozesua. Ikaztegien eta tailerraren artean dago, eta azken horrekin bat egiten du arku eskartzano batetik.

    Burdinolaren funtzionamendua uraren bideari lotuta dago: presatik, ura ubideetan zehar garraiatzen da erregulazio-biltegi bateraino eta, handik, tunel hidraulikoraino. Tunel horretatik, ura gurpil hidraulikoen gainera erortzen da, mugiarazi egiten ditu, eta, hala, behar adinako indarra sortzen da bai gabia bai labea biziagotzen duen hauspoa mugiarazteko.

    Burdinolan, gorde dira espazioaren antolamendua eta egitura edo horma nagusiak; hala ere, badira hondatze-zantzuak, eta zati batzuk erorita daude.

    Errota:

    Ubidearen, ikaztegiaren eta atxikitako beste eraikin baten artean dago errota. Beheko eta goiko solairuak dauzka; goikoaren zati batzuk erorita daude. Bi isuriko estalkia ez da gorde. Fatxada nagusia harlangaitzez eginda eta igeltsuztatuta dago, baina egun landareek estaltzen dute. Atzeko fatxadak antapara eta estolda bereizten ditu: espazio horretan daude turbina eta ehotze-gela, eta, azken horretan, errotarriak. Horma kurbatu bat da, egoera onean gorde dena; ondo landutako harlanduz egina dago, eta, behealdean, deskarga-arku bat dauka. Burdinolan ez bezala, errotako makineriaren atal batzuk gorde dira. Beheko solairuan turbina dago; goikoan, berriz, ehotze-banku bikoitza, errotarri enbutituak, irina biltzeko aurreko tiraderak eta errotarriak pikatzeko besoa, denak ere landareek eta egituraren egur eroriek estalita. Toberak ez dira gorde. Garauak sartzeko erabiltzen ziren toberak, eta errotarrien gainean egon ohi ziren.

    Fatxada nagusian, puntu erdiko bao handi bat dago, eta handik estoldara sartzen da. Ehotze gelara joateko, fatxadari atxikitako eskailera batzuk daude. Gela guztiak ehotze-gelaren albo banatan daude.

    Atxikitako eraikinak:

    Ikaztegietako iparraldeko hormari eta tailerreko hormari atxikita dago eraikin horietako bat, gelak barne hartzen zituena, hain zuzen ere. Beheko solairuan, pasabide bat dauka, eta handik igarobide bat zabaltzen da eraikin-multzoko mendebaldearen eta kanpoko eremu nagusiaren artean. Eraikin horrek Olagoikoa zuen izena, eta errotari atxikitako besteak, berriz, Olabekoa. Bi eraiki horietan, gelak, ukuilua, biltegiak, errotariaren etxea eta beste gelak batzuk zeuden.

    Monumentu-multzora heltzeko, bi bide daude: alde batetik, ekialdetik, lehengo paper-lantegiaren ingurutik, ibaia harrizko zubi batetik zeharkatuz; eta, bestetik, iparraldeko «Olako bidezidorra» izeneko bidetik multzoa Eako portuarekin lotzen du bide horrek.

1. I. eta II. eranskinetan mugatutako eta deskribatutako egituren gainean onartutako esku hartzeak honako hauek izango dira: 317/2002 Dekretuan «Sendotze» motako eraikitze-obretarako ezarritakoak, goiko mailetan jasotakoez gainera (317/2002 Dekretua, Eusko Jaurlaritzaren ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuak arautzen dituena). Bestalde, berreraikitze filologikoa eskatzen duten eraikinetako ataletan, zaharberritze zientifikoko esku-hartzeak egin beharko dira. Horrelakoetan, esku hartu baino lehen, analisi dokumentala egin behar da, eraikuntza motak eta jatorrizko eraikuntza-antolakuntzak aztertzeko, eta, hartara, lehen zegoena egoki berrezartzea lortzeko.

  1. Esandakoaz gain, egiturak eragile atmosferikoetatik babesteko esku-hartzeak ere onartuko dira egun, ez dago halako babesik ; esku-hartze horien bidez, halaber, barrualdea egokitu egingo da proposatzen diren erabilera berrietara, itxitura arinen bidez. Esku-hartze eta erabilera berri horiek bateragarriak izan beharko dute egituren balioeste-lanarekin, eta, orobat, multzoaren eta ingurunearen harmonia gorde beharko dute.

    Eraikinetan, zaindu beharko dira itxiturak, bolumena, eraikinen profila eta lehen zeuden baoak. Material nobleak erabiltzea gomendatzen da, esaterako: egurra, barruko egitura-sistemetan.

    Sistema hidraulikoari lotutako instalazioak sendotu eta, hala behar izanez gero, zaharberritu egingo dira, betiere jatorrizko tipologia, bolumen, antolamendu eta aprobetxamendua aintzat hartuta; hormak eta haien hondarrak zaindu eta sendotuko dira, jatorrian zuten zabalera kontuan hartuta. Zaharberritze-lanek balioetsi beharko dute instalazioa, hura interpretatzen lagundu, eta, gainera, errespetatu beharko dute errepideen jabari publikoa eta jabari publiko hidraulikoa.

    1. eranskinean zehaztu den eraikin-multzoaren inguruko erabilera onargarriak lurzoru urbanizaezinarenak izango dira. Horiek horrela izanda ere, eraikin-multzotik hurbilen dagoen kanpoaldeko eremuan, fatxada nagusiaren parean, harrera-toki bat antola daiteke, urbanizazio-motaren bat barne hartuko duena, betiere ondare- eta natura-balioak errespetatuz eta balioetsiz.

  2. Ezingo da ondarea osorik edo partez bota, ez bada arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: Euskal Kultura Ondarrari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikulua; edota azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua, Kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa.

Babestutako ondasun higigarriak I. eranskinean deskribatzen dira, eta II. eranskineko mugaketaren barruan sartzen dira. Elementu hauek guztiak dauden jatorrizko kokalekuan gordeko dira, bertan atxikita baitaude. Hala, haiek testuingurutik ateratzea galaraziko da eta prozesu produktibo eta industrialaren gaia direla aintzat hartuko. Bizkaiko Foru Aldundiak, baina, ondasun horiek beste toki batean gordetzea agin dezake, ohiz kanpoko arrazoiengatik jatorrizko kokalekuak ondasunak ongi zaintzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez baditu, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 39.2. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik