Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko azaroaren 28koa, Kulturako sailburuarena, Berantevillako (Araba) Hirigune Historikoaren Gune Arkologikoa, Kultura Ondasun gisa, Monumentu-multzoaren izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 244
- Hurrenkera-zk.: 6244
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/11/28
- Argitaratze-data: 2011/12/27
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16. eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
2011ko irailaren 23an Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpena eman zen. Ebazpen honen bidez Berantevillako (Araba) Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2011ko urriaren 20ko 200. zenbakia duen EHAAn argitaratua izan zen.
Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu izan.
Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau
Lehenengoa. Berantevillako (Araba) Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoa Kultura Ondasun gisa, Monumentu-multzoaren izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.
Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.
Laugarrena. Berantevillako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.
Bosgarrena. Ebazpen hori Berantevillako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol eta Ingurumen eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea.
Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea.
Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.
Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 28a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
Berantevilla hiria Ibaiuda ibaiaren ertzean kokatutako biztanleria-gune bat da; ibai horrek Zadorran duen bokaletik gertu dago, lurralde lau batean. Soroz inguratuta dago hirigunea, Ibaiuda ibaiaren (I.an) eta Portillako gaztelua dagoen mendilerro txiki baten (H.an) artean. 5 km ingurura, mendebaldean, Miranda de Ebro dago.
Oinplano angeluzuzena dauka hiriguneak, eta itxura oso erregularra, Erdiko Aroko jatorriaren oinordeko, non kaleak bost kale paraleloren inguruan antolatzen diren (E.tik M.ra), bai eta kale horiek perpendikularki ebakitzen dituen kantoi bat ere I.-H. noranzkoan, hirigunearen erdi-parean.
Hiriaren ardatz nagusia dirudien kalea kokaguneak, zabalerak eta are izenak ere horixe adierazten bide dute Kale Nagusia izango da. Parrokia-eliza kale horretan dago, eta hiriaren erdigunea okupatzen du (kokapen hori ez da oso ohikoa, baina ez da horrelakoa duen hiri bakarra).
Kale Nagusiaren paralelo, iparraldetik, kale hauek antolatzen dira harresi-barruan: lehenengo, Labeko kalea, eta gero, Beheko kalea. Iparralderago, Ibaiko kalea harresi-kanpoaldea izango litzateke, eta han aurki litezke hiribildua inguratzen duen barruti harresituaren hondakinak. H.tik, gaur egun Plazako eta Dalmacio Sánchez deritzaten kaleak antolatzen dira, eta, harresitik kanpo, Larraineko kalea. Ibaiko eta Larraineko kaleen antolaerak berak, bai eta kale horien izenak ere, esanguratsuak dira, hiritartu gabeko toki batzuk adierazten baitituzte (ibaia eta larrainak). Bi kasuetan, gainera, linealak ez diren kaleak dira; bi kale horien artean, hain zuzen ere, oraingo kalegunea erabat inguratzen duen perimetroa eta ingurabidea osatzen dute.
Etxadia, batik bat, hirigunearen barruan biltzen da; urriak eta bakartuak dira hiribilduaren harresietatik harago sortu diren eraikuntzak. Etxeak mehelinen artean antolatzen dira, eta beheko solairua (aletegia) gehi solairu bat edo bi dituzte. Eraikinek, kasurik gehienetan, etxadi soilak eratzen dituzte, hau da, etxeak bi kale paraleloetara irekitzen dira, eta orube luzanga eta estu batzuk okupatzen dituzte (5 - 9 m aurrealdean x 15 m barrualdean).
Eraikuntza-sistema honako hau da: karga-horma perimetralak, zurezko bilbadura eta bi isuriko estalkiak, eraikuntza bakartuen kasuetan izan ezik, haietan 4 isuriko estalkia ageri baita.
Hirigunearen itxura dotorea, berriz, Kale Nagusiko arkitektura-multzoan biltzen da, etxe armarridun asko baititu (25.a, 16.a, 15. - 17.ak). Etxe horiek, bai eta parrokia-eliza bikaina ere, XVI. eta XVII. mendeetako distira erakusten dute. Azken lan hori hainbat eraikitze-etapen ondorio da, eta horren zantzuak geratu dira eraikinaren altxaeretan (errenazentista-barrokoa-neoklasikoa).
(Ikus .PDF)