Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko abenduaren 1ekoa, Kulturako sailburuarena, Idiazabalen (Gipuzkoa) den Urbizugerriko edo Urbizu baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 10
  • Hurrenkera-zk.: 203
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/12/01
  • Argitaratze-data: 2011/01/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2010eko uztailaren 26ko Ebazpenaren bidez Idiazabalen den Urbizugerriko edo Urbizu baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2010eko azaroaren 2ko EHAAn (210. zk.) argitaratu zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Idiazabalen (Gipuzkoa) den Urbizugerriko edo Urbizu baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Idiazabalgo Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Idiazabalgo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean agindu hau argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 1a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketak eraikina bera eta ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

    Ekialdean, baserriaren ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 18 metrora trazatua. Espazio horretan sartu dira, halaber, baserriko etxe-aurreak eta bozadera edo putzu osagarria baina exentua.

    Iparraldean, baserriaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 30 metrora trazatua.

    Mendebaldean, baserriaren mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 30 metrora trazatua.

    Azkenik, hegoaldean, hegoaldeko fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, baserritik 35 metrora trazatua. Azken 35 metro horietan dago, hain zuzen, Urbizuko auzoa Idiazabal eta Ormaiztegirekin lotzen dituen gurdibide publikoa.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Proposatutako mugaketaren arrazoia da Urbizugerriko baserriaren inguruak duen balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren ikuspegitik eta baita ikusteko duen balioa dela-eta. Baserria Urbizuko landa-auzo txikian kokatuta dago, muino zabal batean. Ingurunearen mugaketak, katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko beharrezkoa, baserriaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea babestea du helburu, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.

Familia bakarreko baserria da, oinplano angeluzuzena duena. Bi isuriko zurezko estalkia dauka, naba-teila mekanikoekin egina. Teilatu-gailurra, berriz, ekialdera begira dagoen fatxada nagusiarekiko perpendikularra da. Bi solairu eta ganbara txikia ditu.

Bost ardatz-zutabek eusten diote fatxada nagusiari. Haien baoak harlangaitzez estalita daude beheko solairuan eta lehenengo solairuko alboetako zati batean. Lehenengo solairuko erdiko aurpegian egurrezko egitura eta harlangaitzezko betegarria dauzka, eta gainaldea apur bat kareztatua. Horma pikoa, bai eta bi alboetako estalkipea ere, irekiak dira. Sarrera nagusia bi orriko zurezko atea da; orri horietako bat zatituta dago. Leiho-bao irregular batzuek osatzen dute fatxada. Halaber, mahats-parra batek fatxada nagusi ia osoa estaltzen du. Hegoaldeko fatxadak harlangaitz-lanak ditu beheko solairuan eta harri-hormak, bilbadurekin, bigarrenean. Egurrez inguratutako leiho-bao txiki bat, estalkipean, eta beste bao bat beheko solairuaren parean: horra hor ikus daitezkeen hutsune bakarrak. Iparraldeko fatxada ere harlangaitzez eraikia dago, eta haren itxura arestian deskribatutakoaren oso antzekoa da. Mendebaldeko fatxada harlangaitz biluzizkoa da; bi orriko sarrera-atea eta leiho txikiren bat ditu beheko solairuan. Bigarren solairuan harriz inguratutako hiru leihotxo simetriko daude.

Zurezko 15 zutoinek osatzen dute eraikinaren zurajea. Horietako batzuek sekzio handia dute, eta oso ongi gorde dira (zutoineko bat dolare gotiko baten bernia berrerabilia da). 15 horiei, fatxada nagusiko bostak gehituta, baserriak, guztira, 20 zutoin ditu. Baserriko zuraje bikainaren muina dira. Hain zuzen, zutoin, habe eta zenbait gapirio-lan eta jabaloik (miruen buztanak irudikatzen dituzte) osatzen dute zurajea.

Baserriko ataria, egun, itxita dago; ekialdeko fatxadan dagoen sarrera nagusitik sartzen da hara. Atariko zorua harrizkoa da, eta zati bat porlanez estalita du. Beheko solairuan, gainerako zorua lur naturalezkoa da. Atariko sektore batek ez du lehenengo solairua gainean, eta, hortaz, estalkipetik lurreraino irekita dago. Beste zati batean (hego-ekialdeko sektorea) gapirio onak eta harri-hormazko barne-murruak ikus daitezke. Zati horrek, hain zuzen, habe bati eusten dio, zurezko friso mihiztatu ederra duela. Ataritik iristen da beheko solairuko hego-ekialdeko aldean dagoen sukaldera. Sukaldeak bi atal ditu. Gaur egun, su txikia du, baina antzina ganbara zuen. Ganbara horrek bi zati ditu, eta hormak ohol mihiztatukoak dira, forjazko iltzez josiak. Bi zati horiek, hain zuzen, oholerian egindako puntu erdiko arku-itxurako baoaren bidez lotzen dira.

Eraikinak Erdi Aroan du jatorria, eta XVI. mendearen lehen laurdenekoa da; habedun dolarea zuen. Geroago aldaketak izan zituen egituran. Dolarearen zati bat galdu zen, eta egun dituen itxura eta banaketa eman zitzaizkion.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik