Arautegia
InprimatuEGA, AGINDUA, 2009 URTEKO EUSKARAREN GAITASUN AGIRIAREN (EGAREN) AZTERKETA-EREDUA FINKATZEN DUENA.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 242
- Hurrenkera-zk.: 7040
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/11/12
- Argitaratze-data: 2008/12/18
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa
Testu legala
Euskararen Gaitasun Agiriaz 1982ko irailaren 20an emandako Aginduak (EHAA: 1982-11-06) bere 1. artikuluan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari berari egozten dio azterketaren programa eta azterketaren eredua jakinarazteko ardura.
Horren ondorioz, honako hau
EGAk (Euskararen Gaitasun Agiria) honako gaitasun hauek ditu ardatz: gaitasun linguistikoa, gaitasun diskurtsiboa, gaitasun funtzionala eta gaitasun soziolinguistikoa.
Europako ALTE erakundearen kide osoa den aldetik, haren kalitate-esparruko estandarrak jarraitzen ditu EGAk. Horrekin batera, Europako Kontseiluaren hizkuntzen ebaluaziorako Erreferentzia Marko Bateraturako C1 mailako irizpideak kontuan hartzen ditu, atazak eraikitzeko eta ebaluatzeko orduan.
Euskaltzaindiak 2007 urtearen bukaerara arte eskaini dituen erabakiak kontuan hartuko ditu EGAk 2009ko azterketetan, zein bere neurrian.
Sarrerakoa: Atariko Proba.
Bigarren fasea: Proba Idatzia.
Hirugarren fasea: Ahozko Proba.
EGAren proba idatzian eta ahozkoan parte hartu ahal izateko, Atariko Proba gainditu behar da.
Atariko Proba aukera anitzeko test bat da, gehienez 100 itemekoa.
Atariko Probak ordubeteko iraupena du. Nolanahi ere, galderen artean Entzutezko Ulermenari dagozkionak baldin badira, grabazioa entzun eta galderei erantzuteko denbora gehitu behar zaio ordubete horri.
Entzutezko Ulermenaren ariketako grabazio zati bakoitza behin entzungo da.
Atariko Probaren gainerako itemek hizkuntzaren erabilera egoki eta zuzenarekin dute zerikusia.
Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.
Gainditze-muga % 75ekoa da; muga hori berdintzen edo gainditzen duten azterketari guztiak azterketaren hurrengo fasera aurkeztu ahal izango dira, inolako «numerus clausus»ik gabe.
Aurreko puntuaren arabera, baldin eta Atariko Proba gainditu dutenen kopurua aurkeztu direnen % 50era iristen ez bada, azterketari onartuen multzoa zabaldu egingo da. Era honetan: % 75eko gainditze-mugara iristen ez direnen artetik, hurbileneko puntuazioak ere onartuko dira, egun jakin horretako gainditze-ehunekoa % 50era iritsi arte. Puntuazio hori hartuko da gainditze-mugatzat.
Proba Idatziak lau ariketa ditu:
Idazlana.
Esaldiak berridaztea.
Lexikoa.
Irakurriaren ulermena.
Proba Idatziaren lau ariketei Entzutezko Ulermena erantsiko zaie.
Proba Idatziak 2 ordu eta 20 minutu iraungo du. Denbora horri Entzutezko Ulermenaren ariketa egiteko behar den denbora gehituko zaio.
Idazlana.
Bi gai eskainiko dira aukeran, dosier eran, eta azterketariek horietako bat garatu beharko dute. Azterketariek 300 hitz idatzi behar dituzte gutxienez. Idazlanaren kalifikaziorako ondoko hiru alderdi hauek hartuko dira kontuan: a) gaiaren eraketa eta garapena; b) hizkuntza-aberastasuna eta zehaztasuna; c) zuzentasuna. Gehienez 25 puntu lor daitezke ariketa honetan. Horrezaz gainera, 5 puntu, gehienez, ortografiagatik.
Esaldiak berridaztea.
Emandako esaldien moldapena egin behar da; hots, esaldi baliokideak sortu behar dira beste egitura batzuk erabilita, beti ere esaldi bakarra osatuz. Berridazketa bideratzeko eta gauzatzeko, elementu batzuk eskaintzen dira erreferentzia gisa.
Lexikoa.
Testu labur batean txertaturik, markatutako hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Hitz horietako bakoitzak dagoen testuinguruan duen esanahia kontuan harturik aukeratu behar da baliokidea.
Irakurriaren ulermena.
Testu batzuk eskainiko dira, azterketariek horiei buruzko hainbat galderari erantzuteko. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratzea, lotura egokiak egitea.
Bi atal ditu:
Entzutezko ulermena.
Mintzamena.
Entzutezko Ulermena.
Entzutezko Ulermenaren ariketa Proba Idatziaren egunean egin liteke eta Ahozko Proban konputatuko da. Zenbait grabazio zati entzungo dira eta horiei buruzko galderak erantzun beharko dira.
Grabazio zati bakoitza behin entzungo da. Grabazioa entzun baino lehen, azterketariek denbora tarte bat izango dute galderak eta erantzunak irakurtzeko.
Mintzamena.
Atal honek bi ariketa izango ditu: lehenengo ariketa gai baten Ahozko Azalpena da; bigarrena, berriz, bat-bateko Elkarrizketa saioa. Epaimahaia bi aztertzailek osatzen dute. Azterketariak binaka sartuko dira epaimahaiaren aurrera.
Mintzamen ataleko bi ariketek 20na puntuko balioa izango dute, 40 puntu guztira. Bi ariketen artean 20 puntu lortu behar dira gutxienez; hots, mintzamenaren kalifikazio orokorrak Gai izan behar du.
Entzutezko Ulermenaren ariketan lortutakoei metatuko zaizkie atal honetako puntuak.
1. Gai baten Ahozko Azalpena.
Azterketari bakoitzak gai bati buruzko informazioa jasoko du. Euskarria testu idatzia, audioa edota bideoa izan daiteke. Azterketari bakoitzak berari egokitu zaion informazioaren azalpena egin beharko du bost bat minututan.
2. Bat-bateko Elkarrizketa saioa.
Aztertzaileek gai bat eskainiko diete azterketariei, baina bakoitzari gaiaren alderdi batzuk nabarmenduta. Azterketariak elkarrizketan arituko dira, egokitu zaien ikuspuntuaren alde egiteko. Tarteka, elkarrizketa edo eztabaida bideratzeko, aztertzaileek parte hartu ahal izango dute, galderak eginez. Azterketariak, bien artean, hamar bat minutuz arituko dira.
Proba Idatzian eta Ahozko Proban ondoko balioak izango dira:
Puntuazio taula
Probak Ariketak Gehienez lor
daitezkeen puntuak Gainditzeko
gutxienez lortu behar diren puntuak
Proba
Idatzia 1. a) Idazlana 25 15
Ortografia 5 1
Esaldiak berridaztea 5 -
Lexikoa 5 -
Irakurriaren ulermena 10 -
Idatzia guztira 50 29
Ahozko Proba 1. Entzutezko ulermena 10 -
Ahozko azalpena 20
Bat-bateko elkarrizketa 20 (2 + 3) 20
Ahozkoa guztira 50 25
EGA lortzeko, azterketaren hiru faseak gainditu behar dira: atariko proba, proba idatzia eta ahozko proba. Azken emaitza Gai edo Ez Gai izango da.
Deialdi bateko proba baten puntuak ez dira gordeko hurrengo deialdi baterako.
EGA azterketa egin ahal izateko 17 urte edo gehiago bete behar dira 2009an.
Gora-jotzea egin dezake, idatziz, edozein azterketarik. EGAren azterketaren edozein fasetako kalifikazioak jakinarazi eta biharamunetik hasita, bost eguneko epea du horretarako.
Balio-urritasunen bat duten azterketariek EGAren azterketa berdintasunez egitea izan dezaten, Azterketa Batzorde Ofizialaren Zuzendaritzak beharrezko egokitzapenak ezarriko ditu, denboran nahiz baliabideetan, baldin eta horrela azterketaren edukia indargabetzen ez bada, edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez delarik.
Lehenengoa. Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.
Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik hasita jarriko da Agindu hau indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 12a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.