Arautegia

Inprimatu

6/2024 Legea, abenduaren 19koa, Colegio Oficial de Agentes y Comisionistas de Aduanas de Bilbao Elkargo Ofiziala desegiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 8
  • Hurrenkera-zk.: 171
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 2024/12/19
  • Argitaratze-data: 2025/01/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Instituzional

Testu legala

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Colegio Oficial de Agentes y Comisionistas de Aduanas de Bilbao Elkargo Ofiziala desegiten duen abenduaren 19ko 6/2024 Legea.

Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa. Horren arabera eman zen Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea, Tituludun Lanbideen, Profesionalen Elkargoen eta Kontseiluen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren bidez garatu zena.

18/1997 Legearen 31. artikuluak ezartzen du zer behar den elkargo profesionalak desegiteko, eta, hain zuzen, Eusko Legebiltzarraren legea behar dela horretarako. Dekretuak 31.2 artikuluan argitzen du elkargoak berak aurkez dezakeela desegitea erregistroan, eta, era berean, adierazten du zer dokumentazio aurkeztu behar duen elkargoak eskabidearekin batera.

Colegio Oficial de Agentes y Comisionistas de Aduanas de Bilbao Elkargo Ofizialak desegitea eskatu zuen, eta, ondorioz, dagokion izapidea egin da egindako eskaeraren oinarria eta legez eska daitezkeen baldintzak egiaztatzeko.

Prozedura honetan, 335/2010 Errege Dekretuak, martxoaren 19koak, aduanan deklarazioak egiteko eskubidea eta aduana-ordezkariaren figura arautzen dituenak, duen eragina nabarmentzen dugu. Horren arabera, aduana-agentearen figura desagertu egiten da eta lanbidean jarduteko elkargoko kide egin beharra indargabetu egiten da. Dekretu hori onartu zen barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauaren xedapenak eta zerbitzu-jardueretara oztoporik gabe iristeari eta zerbitzuetan oztoporik gabe jarduteari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen xedapenak egokitzeko. Colegio Oficial de Agentes y Comisionistas de Aduanas de Bilbao Elkargo Ofizialak aurkeztutako eskaerak azaltzen du elkargoan ez dela inor sartu eta elkargokideen kopurua gutxiagotzen joan dela, aduanetako agentearen figura legez desagertzearen ondorioz eta lanbidean jarduteko elkargoko kide egin beharra indargabetzearen ondorioz.

Interes publikoaren ikuspuntutik, elkargoa desegiteak gaur egun funtzionamendu mugatua duen eta haren kideek desegiteko eskatu duten erakunde bat ezabatzeko balioko du.

Colegio Oficial de Agentes y Comisionistas de Aduanas de Bilbao Elkargo Ofiziala desegitea onartzen da.

Colegio Oficial de Agentes y Comisionistas de Aduanas de Bilbao Elkargo Ofizialaren desegitea Tituludun Lanbideen, Elkargo Profesionalen eta Kontseilu Profesionalen Erregistroan inskribatu behar da.

Desegiten den elkargo profesionalak nortasun juridikoa eta gaitasuna galduko ditu lege hau indarrean jartzen denean.

Colegio Oficial de Agentes y Comisionistas de Aduanas de Bilbao Elkargo Ofizialaren egungo estatutuen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, elkargoak 2021eko uztailaren 19ko Batzar Nagusian izendatutako likidatzaileek sozietatearen ondarea banatu beharko dute, zati berdinetan, desegitearen unean titular diren kide guztien artean. Likidazioa egin ondoren, emaitza dokumentu bidez justifikatu eta jakinarazi beharko diote elkargo profesionalen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 7a.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik