Arautegia

Inprimatu

10/2022 LEGEA, azaroaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematen diona Vitoria-Gasteizko Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko, José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioa integratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 221
  • Hurrenkera-zk.: 4999
  • Xedapen-zk.: 10
  • Xedapen-data: 2022/11/07
  • Argitaratze-data: 2022/11/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Hezkuntza
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 10/2022 Legea, azaroaren 7koa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematen diona Vitoria-Gasteizko Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko, José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioa integratzeko onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamargarren xedapen gehigarriak honako hau dio: «Autonomia-erkidegoek, bertako parlamentuen lege bidez ezartzen den moduari eta prozedurari jarraiki, beren ikastetxe publikoen sarean sartu ahal izango dituzte, toki-administrazioen titulartasuna izanik, egoera sozioekonomiko txarretan bizi diren ikasleak jasota dituzten ikastetxeak edo eskolatze-premiei erantzuteko zeregina betetzen duten ikastetxeak, betiere, toki-administrazioek sare horretan sartzeko borondatea adierazten badute eta legean ezarritako baldintzak betetzen badituzte».

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio irakaskuntzaren arloko eskumena, bere hedadura, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, kalterik egin gabe Konstituzioaren 27. artikuluari eta hura garatzen duten lege organikoei eta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari esleitzen dizkion ahalmenei.

Bestalde, Vitoria-Gasteizko Udala José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioaren titularra da (kontserbatorio hori da dantzako oinarrizko irakaskuntzak eta irakaskuntza profesionalak ematen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko zentro bakarra), eta hitzarmenak sinatzeko eskumena du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 100. artikuluak xedatzen duen bezala.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamargarren xedapen gehigarrian ezarritako aurreikuspenak eta José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioaren berezitasunak justifikatzen dute lege hau sustatzea, izaera berezikoa baita, helburu horretara iristeko arau-tresna arruntik ez dagoelako.

Halaber, bi administrazioek ikastetxe hori Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoen sarean sartzeko borondatea dute. Integratzeko modua hitzarmen baten bidez izango da, eta integrazio horren baldintzak eta prozedura jasoko ditu. Lege honen xedea da Hezkuntza Administrazioari baimena ematea hitzarmena sinatzeko.

Esku hartzen duen administrazio bakoitzak integrazio-espedientean sartu beharko du integrazioak planteatzen dituen funtsezko arazoak ebazteko behar den dokumentazio guztia langileak, ondare-eragiketak, aurrekontu-kredituen araubidea, kontratuak eta bestelako betebeharrak, eta abar, eta hori nahitaez erantsi beharko zaio hitzarmenaren espedienteari.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 9a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik