Arautegia

Inprimatu

9/2022 LEGEA, ekainaren 30ekoa, etxeko animaliak babesteari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 157
  • Hurrenkera-zk.: 3616
  • Xedapen-zk.: 9
  • Xedapen-data: 2022/06/30
  • Argitaratze-data: 2022/08/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 9/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, etxeko animaliak babesteari buruzkoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Etxeko eremuan animaliekin bizitzea ohitura errotua da gizarteetan. Azken urteotan, gainera, nabarmen egin du gora etxeetan bizi diren animalien kopuruak.

Animalien portaerari buruzko ezagutza zientifiko handiagoa eta haien ongizateari eta babesari buruzko sentsibilitate sozial gero eta handiagoa oinarri hartuta, lege-garapen nabarmena gertatu da arau-maila guztietan.

Horri guztiari gehitu behar zaio, gure inguruneko garapen sozial eta kulturalaren maila handiagoari esker, aldaketa-prozesu bat gertatzen ari dela animaliekiko errespetua kontuan hartzean eta guztiontzako babes- eta ongizate-maila handiagoaren aldeko sentsibilizazioan.

Nazioartean, hainbat dokumentu eta erreferentzia daude animaliak babestu eta defendatzearen arloan: Washingtongo, Bernako eta Bonneko hitzarmenak, Espainiak berretsiak, bai eta gai honen inguruan dauden Europar Batasunaren erregelamendu eta direktibak ere, zeinek animaliak zaindu eta babesteko araudi bat garatzen lagundu baitute.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 13. artikuluan animalien ongizateari buruz zegoen kezka, Lisboako Tratatuarekin indartu zen, baserriko animaliak izaki sentikortzat hartuta. Horrela, uste du animaliak plazera eta mina sentitzeko gai direla eta, ezaugarri hori kontuan hartuta, ezin direla objektu huts gisa tratatu.

Animalien ongizateari buruzko Europar Batasunaren 2012-2015 Estrategiaren helburuetako batzuk dira nazioarteko esparruan bidezko baldintza batzuk ezartzea, kontsumitzaileei informazio argi eta zehatza ematea, legedia sinplifikatzea, abeltzaintza- eta albaitaritza-jarduerako prestakuntza hobetzea, eta estatu kideei Europar Batasunaren legedia betetzen laguntzea.

Bestalde, Lagun egiteko Animaliak Babesteko Europako Hitzarmenak lege-eskakizun berriak ekarri ditu, hala nola arrazoi estetikoengatik animaliak mutilatzeko debekua eta animalien ongizaterako eta edukitzeko oinarrizko printzipio batzuk ezartzea.

Zigor-zuzenbidearen esparruan, Zigor Kodearen ondoz ondoko erreformek animalien ongizatea, osotasuna eta bizitza babestu beharreko ondasun juridiko gisa aitortzea ere ekarri dute berekin, gizartearen ustez, beren larritasunagatik eta krudeltasunagatik gaitzespen penala merezi duten jokabideei aurre egiteko.

Halaber, Kode Zibilaren, Hipoteka Legearen eta Prozedura Zibilaren Legearen aldarazpenak printzipio bat ezartzen dute: animalien izaera eta gauzen edo ondasunen izaera elementu desberdinak dira, eta sentiberatasuna duten izaki bizidunak direla aitortzen dute, halako moldez non animalien ongizatearen eta babesaren arabera egikaritu behar baitira haien gaineko eskubideak eta ahalmenak.

Administrazio-arloan, bai autonomia-erkidegoetako agintariek, bai udalekoek, animaliak babesteko arauak erreformatu dituzte, animalien babes-maila handitzeko.

Euskadin, Animaliak Babesteari buruzko urriaren 29ko 6/1993 Legea aitzindaria izan zen arlo honetan, helburutzat hartu baitzituen «animalien defentsa eta babesa jasotzea, bermatzea eta sustatzea», bai eta «sentsibilitatea areagotzea ere, gizarte modernoaren berezko jarrera humanitarioagoetan oinarritutako hezkuntzaren bidez».

Lege horrek irismen zabala eman zion babes horri, bai babestutako animalien tipologiagatik, bai haiei dagokienez jaso zuen betebeharren eta zigorren araubideagatik, besteak beste, abandonatzeari eta identifikatzeari dagokionez, eta bere garaian aitzindariak izan ziren xedapenekin, hala nola tratu txarren zantzuen aurrean animaliak kautelaz erretiratzea, zehapen-ebazpenean animaliak eskuratzeko desgaikuntza, edo adingabeen aurrean egindako tratu txarrak irizpide larrigarritzat hartzea.

Hala ere, bilakaera zientifiko eta soziala, gure inguruneko ordenamendu juridikoen garapena eta lege honen aplikazio praktikoaren esperientziaren ondoriozko ikaskuntza saihestezina ikusita, ia 30 urtez, beharrezkoa eta premiazkoa da, argi eta garbi, legearen erreforma bati ekitea, Euskal Autonomia Erkidegoa gai honen abangoardian jar dezan.

Aurrekoarekin bat etorriz, lege honen helburua da, halaber, gure gizartean lehendik dagoen sentsibilitate hori areagotzea, gizarte modernoaren berezko jokabide humanitarioagoak hartzea sustatuko duen hezkuntzarako oinarriak ezarriz. Udalek onartu dituzten ordenantzek aldaketa garrantzitsuak ekarri dituzte, eta gizarteak normaltasunez hartu ditu.

Lege honen helburua etxeko animalia guztiei buruzkoa da. Etxeko animaliak babesteko arau nagusia da, eta arau osagarri gisa balio du ekoizpeneko eta errentako animaliei dagokienez, bai eta araudi espezifikoak babesten ez dituen beste espezie batzuei dagokienez ere.

Legearen I. tituluak animalien elikadurari, higieneari, tratuari, garraioari eta merkataritzari buruzko xedapen orokorrak ezartzen ditu. Arreta berezia jarri da legearen azken helburua izan dadin animalien babes- eta ongizate-maila egokiak lortzea, izaki sentikor diren aldetik.

Horretarako, gehiago zehaztu dira lege honen xede izango diren animalien definizioak, animalien titularren edo arduradunen betebeharrak eta debekatutako jokabideak, egitez zein ez-egitez. Hala ere, legearen eremutik kanpo geratzen da basa-fauna bere ingurune naturalean babestea eta kontserbatzea, bai eta ehiza- eta arrain-jarduerak arautzea ere; izan ere, jarduera horiek konplexuak eta zabalak direnez, berariazko legeria behar dute, bai eta berariazko araudiak dituzten beste animalia batzuk ere.

  1. titulua sei kapitulutan banatu da, edukia hobeto egituratzen laguntzeko.

    Lehenengo kapituluak zenbait arau orokor ezartzen ditu, osasun publikoari, lege honek ukitutako animaliak edukitzeari eta identifikatzeari eta animalien eta pertsonen arteko bizikidetza erraztuko duten alderdiak arautzeari buruzkoak.

    Bigarren kapituluan, berriz, titularrek galdutako edo abandonatutako animaliak babesteko neurriak sartzen dira; horrek eskatzen du, jokabide hori zorrotz zigortzeaz gain, animalia horiek biltzeko zentroak zehatzago arautzea. Gerta daitezkeen osasun-arazoak saihesteaz gain, arreta animalien beren babesean eta ongizatean jartzea da kontua; hala, establezimendu horiek bete behar dituzten baldintzak, animaliak atxikitzeko epeak edo animaliak hiltzeko debekua ezartzen dira, animaliak sartu zirenetik igarotako denbora gorabehera.

    Era berean, hirugarren kapituluan beste zentro mota batzuen baldintza espezifikoak ezartzen dira, aldi baterako edo behin betiko bizitokietarako, eta animalien harrera-etxeei edo babeslekuei erregulazio bat ematen zaie, halako moldez non, lagun egiteko animalien hazkuntza-, salerosketa- edo trebakuntza-zentroetan bezala, guztiek bete behar dituzten gutxieneko betekizunak jasotzen baitira. Hurrengo bi kapituluak animaliekin egiten diren ikuskizunak edo lehiaketak arautzeari eta hiriko animalia-populazioak kudeatzeari buruzkoak dira. Horiek, ahal den neurrian, esku-hartzearen xede diren animalientzat edozein sufrimendu saihestuko dute. Azkenik, II. tituluari dagokionez, kapitulu bat sartu da euskal arraza autoktonoak babesteko.

  2. titulua animalien babes eta defentsarako elkarteei eta horiek Administrazioarekin dituzten harremanei buruzkoa da. Elkarte horien funtzioak aldatzen dira, eta Abereen Ongizate eta Babeserako Erakundearteko Kontseilua sortzen da, arlo horretan eskumenak dituzten erakundeen arteko lankidetza sustatzeko.

  3. tituluak erroldatu, ikuskatu eta zaintzeko neurriak ezartzen ditu, eta Lagun egiteko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorra jasotzen du legean, erregistratu beharreko animalien trazabilitatea sendotuz.

  4. tituluak, zehapen-araubideak, arau-hausteak eta horiei dagozkien zehapenak tipifikatzen ditu, zehapen-araubidea arautzen duenak, arau-hausteak eta dagozkien zehapenak tipifikatzen ditu, estatuan eta Europan indarrean dagoen legediaren arabera, eta, horri esker, gure autonomia-erkidegoa aurreratuenetako bat da animalien aurkako tratu txarren aurkako babesaren arloan.

  1. Lege honen xedea da arauak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean dauden etxeko animaliak, gatibu edo gizakiaren kontrolpean dauden basa-animaliak, bai eta hiriko basa-animaliak ere babesteko eta haien ongizatea, edukitza eta salerosketa bermatzeko, bertan erroldatuta edo erregistratu gabe egon zein ez, eta haien titularren edo arduradunen bizilekua edozein dela ere.

  2. Lege honen azken helburua izan behar da animalien babes- eta ongizate-maila egokiak lortzea, izaki bizidun diren aldetik, sentiberatasun fisiko eta psikikoa eta behar etologikoak dituztenak. Horretarako, haienganako begirunea eta errespetua bultzatuko da.

  3. Helburu hori lortzeko, herri-administrazioek honako hauek sustatuko dituzte, bakoitzak bere eskumenen barruan:

    1. Animaliak babestea, zaintzea, errespetatzea eta ondo tratatzea.

    2. Abandonuaren eta animalienganako edozein tratu txar fisiko edo psikologikoren aurka borrokatzea, bai eta etxeko animalien adopzioa sustatzea ere.

    3. Animaliak arduraz edukitzea, eta haiei zor zaien errespetua eta begirunea sustatzea.

    4. Lagun egiteko animaliak esterilizatzea eta modu arduratsuan haztea eta identifikatzea, superpopulazioa eta, azkenik, abandonua saihesteko funtsezko zutabe gisa.

    5. Erakundeen arteko lankidetza.

    6. Animalien babesaren arloko dibulgazio- eta prestakuntza-jarduerak, bereziki lege hau betearazteko ardura duten administrazio-arloetan.

    7. Animalien jabe edo titularrei animaliak edukitzeko heziketa ematearen bidezko prebentzioa, pertsonei edo beste animalia batzuei enbarazurik ez eragiteko, lagun egiteko animaliak heziz eta sozializatuz.

    8. Lege hau betetzeko ikuskapenak eta zaintza.

Lege honen ondorioetarako, definizio hauek aurreikusten dira:

  1. Etxeko animaliak: belaunaldiz belaunaldi, gizakiarekiko eta gatibutasun-ingurunearekiko egokitzapen-prozesu bat izan duten espezieetako animaliak dira. Espezie horietako kideak jada ez daude basa-egoeran, eta gizakiaren mende daude bizirauteko. Lege honen ondorioetarako, etxeko animaliak zein ekoizpeneko edo errentako animaliak sartzen dira.

  2. Ekoizpen- edo errenta-animaliak: ekoizpenerako, ugaltzeko, gizentzeko edo hiltzeko animaliak, larrugintzako edo ehiza-jardueretako animaliak barne, elikagaiak edo animalia-jatorriko produktuak ekoizteko mantendu, gizendu edo hazitakoak, edozein erabilera industrialetarako edo merkataritza- edo irabazi-helburuetarako.

  3. Lagun egiteko animaliak: gizakiak, batez ere aisiarako eta lagun egiteko daukan edo eduki dezakeen animalia oro. Ez dira kontsumorako izango ez eta beren ekoizpenak baliatzeko ere. Lege honen eranskineko A zatian adierazitako txakur eta katu guztiak hartzen dituzte barne, bai eta hudoak ere, ematen zaien erabilera eta bizi diren lekua edozein izanda ere.

  4. Lagun egiteko animalia laguntzaileak: beren gaitasun fisikoen, senaren eta jitearen arabera hautatuta, pertsonei jarduera arautu edo zeregin jakin batean laguntzeko trebatzen diren lagun egiteko animaliak, hala nola zaintza- eta atari-txakurrak, artzain-txakurrak, laguntza-txakurrak, ehiza-txakurrak edo -hudoak, boilur-bilatzaileak, erreskate-txakurrak eta segurtasun-indar eta -gorputzek erabiltzen dituzten txakurrak, bai eta zetreria-hegaztiak ere.

  5. Lagun egiteko animalia exotikoak: autoktonoa ez den espezieko animalia oro, baldin eta gizakiaren mende badago eta harekin bizi bada, eta aisiarako eta lagun egiteko edukitzea legez baimenduta badago. Lege honen ondorioetarako, eranskinaren B zatian sartutako animaliak hartuko dira halakotzat.

  6. Basa-animaliak: modu naturalean bizi eta ugaltzen direnak, negualdian daudenak edo pasaeran daudenak barne, bertakoak edo aloktonoak diren eta ehiza-aprobetxamendua izan dezaketen kontuan hartu gabe.

  7. Hiriko basa-animaliak: hirietako eta herrietako hiriguneetan lurralde geografikoa pertsonekin partekatuz bizi diren basa-animaliak.

  8. Gatibu dauden basa-animaliak: gatibutza-baldintzak, baina ez etxekotu eta lagun egiteko animalia gisa erabiltzeko ikaskuntzakoak, betearazten zaizkien basa-animaliak.

  9. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak: basa-faunakoak izanik eta lagun egiteko animalia gisa erabiliak izanik, haien oldarkortasuna gorabehera, pertsonei edo beste animalia batzuei heriotza edo lesioak eragiteko edo ondasunei kalteak eragiteko gaitasun handiagoa duten espezie edo arrazetako guztiak.

    Arriskutsuak izan daitezke, halaber, erregelamendu bidez zehazten diren lagun egiteko animaliak, eta, bereziki, haien izaera oldarkorragatik, tamainagatik edo masailezurraren potentziagatik, pertsonei edo beste animalia batzuei heriotza edo lesioak eragiteko eta ondasunei kalteak eragiteko gaitasuna duten arraza-tipologia baten barruan daudenak.

  10. Banaka identifikatutako animalia: agintari eskudunek aitortutako markatze-sistemaren bat duena, dagokion erregistroan alta emanda dagoena eta titularrak beraren nahitaezko identifikazio-dokumentazioa duena.

  11. Animalia galdua: identifikatuta edo identifikatu gabe egonik, norako edo kontrolik gabe mugitzen dena, betiere titularrak edo arduradunak lege honetan ezarritako epearen barruan galdu dela jakinarazi badu. Identifikatutako animalien kasuan, galeraren berri eman beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Animaliak Identifikatzeko Erregistroari.

  12. Animalia abandonatua: jatorria, titularra edo arduraduna identifikatuta egonda edo ez, bide publikoan dagoen animalia oro, inoren laguntzarik gabe eta animalia horren galera edo lapurreta salatu ez bada, edo esparru edo establezimendu batean bakarrik utzi bada edo titularrak edo hark baimendutako beste pertsona batek bilketa-zentrotik atera ez badu, lege honetan ezarritako epeetan.

  13. Tratu txarrak: animalia baten babesean, zaintzan, albaitaritza-arretan edo elikatzean nahita izandako edozein jokabide, egitezkoa zein ez-egitezkoa, baldin eta jokabide horrek animaliari beharrezkoa ez den min, sufrimendu edo lesiorik eragiten badio eta haren osasuna kaltetzen badu, bai eta haren heriotza eragiten badu ere, legez babestua ez bada.

  14. Titularra: espezie bakoitzerako eratutako erregistro ofizialetan halakotzat agertzen dena. Erregistroan inskribatzeko aukerarik ez badago, titulartzat joko da inguruabar hori Zuzenbidean onartutako edozein metodoren bidez froga dezakeena. Adingabeak eta ezgaituak titular izan daitezke, Kode Zibilean gaitasunari buruz ezarritako erregela orokorrekin bat etorriz.

  15. Animaliaren arduraduna edo animaliaren edukitzailea: nahitaez titularra edo jabea izan gabe, unean-unean edo modu iraunkorrean, animalia babesten, zaintzen edo jagoten ari den pertsona fisikoa edo juridikoa.

  16. Hiriko katu-kolonia: udalerriko eremu publiko jakin batean kokatuta dagoen eta askatasunean edo erdi-askatasunean bizi den katu-taldea.

  17. Nukleo zoologikoa: animaliak hartzen, mantentzen, hazten edo salerosten dituen zentro, establezimendu edo instalazio oro, jarduera nagusia hori izan ala ez eta salerosteko helburua izan ala ez. Definizio honetatik kanpo geratzen dira harrera-etxeak eta albaitaritza-zentroak, bai kontsultak, bai ospitaleak edo klinikak ere.

  18. Bilketa-zentroa: bildutako, galdutako, abandonatutako edo titularrek beren borondatez entregatutako animaliak aldi baterako hartzeko establezimendua, titulartasun publikokoak edo baimendutako erakunde pribatuena izan, titularrak edo arduradunak jaso arte edo hirugarren bati adopzioan eman arte.

  19. Harrera-etxea: erregistratutako etxebizitza partikularra, bilketa-zentro baten mendekoa. Bertan, abandonatuta edo galduta dauden animaliak daude, behin-behinean zaintzeko, eta animaliari higiene- eta osasun-baldintza onak bermatzen zaizkio, titularrek jaso edo adoptatuak izan arte.

  20. Animalientzako aterpea: agintaritza eskudunak baimendutako establezimendua, haren izena edozein dela ere, bildutako, galdutako, konfiskatutako, abandonatutako, erreskatatutako edo titularrek beren borondatez entregatutako animalien etengabeko egonaldi eta mantentze-lanetan aritzen dena. Animalia horiek titularrek jaso edo adoptatuak izan arte egoten dira bertan, eta ezin dira inola ere ustiatu edo saldu.

  21. Sakrifizioa: animalia bati eragindako heriotza, animalia-osasunagatik, osasun publikoagatik, segurtasunagatik, ingurumenagatik edo ondare artistiko edo arkitektonikoaren babesarekin zerikusia duten arrazoiengatik, albaitariaren esku-hartze bidez eta ahalik eta sufrimendu txikiena eragiten duten metodo ez-odoltsu eta ez-mingarrien bidez.

  22. Eutanasia: animalia bati eragindako heriotza, albaitariaren esku-hartzearen bidez, metodo ez-krudel eta ez-mingarrien bidez, pairamen fisiko baten edo portaera larriko nahasmendu jarraitu eta atzeraezin baten ondorioz alferreko sufrimendurik ez izateko.

  23. Animaliak babesteko eta defendatzeko elkartea: legez eratutako irabazi-asmorik gabeko erakundea, helburu nagusitzat animaliak babestea eta defendatzea duena.

  24. Animaliak aldi baterako hartzeko zentroa: agintaritza eskudunak gune zoologiko gisa baimendutako establezimendua, lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko jarduera ekonomikorako.

  25. Animaliak hazteko eta salerosteko establezimendua: agintaritza eskudunak gune zoologiko gisa baimendutako establezimendua, etxeko animaliak hazteko eta/edo salerosteko jarduera ekonomiko baterako.

  26. Trebakuntza-zentroak: agintaritza eskudunak nukleo zoologiko gisa baimendutako establezimendua, lagun egiteko animaliak trebatzeko edo hezteko jarduera ekonomiko baterako.

  27. Albaitaritzako profesional ofiziala: administrazio publiko baten zerbitzura dauden Albaitaritzan lizentziatutako edo graduatutako pertsonak, indarreko araudiaren arabera lege honetan aipatzen diren eginkizun jakin batzuk betetzeko ardura dutenak.

  28. Albaitaritzako profesional baimendu edo gaitua: Albaitaritzan lizentziatutako edo graduatutako pertsonak, erregelamendu bidez ezartzen diren eginkizunak betetzeko eskumena duen agintaritzak aitortuak.

  29. Hiri-izurritea: pertsonei edo beste animalia batzuei gaixotasunak transferitzen edo habitata eta herritarren ongizatea kaltetzen edo hondatzen parte hartzen duten espezie bereko animaliak, baldin eta haien existentzia denboran zehar jarraitua bada eta haien dentsitatea udalerri bakoitzean irizpide tekniko objektiboen arabera zehazten den tolerantzia-atalasearen gainetik badago. Kategoria honetan ezin izango dira sartu artikulu honetako 2. atalean definitutako lagun egiteko animaliak.

  1. Lege honen eremutik kanpo geratzen dira eta beren araudi propioaren arabera arautuko dira:

    1. Ehiza.

    2. Arrantza.

    3. Basafauna bere ingurune naturalean babestea eta kontserbatzea.

    4. Zezen-ikuskizun arautuak.

    5. Hiri-izurriteak eta haien tratamendua.

  2. Lege hau aplikatuko zaie bai ekoizpeneko edo errentako animaliei, bai esperimentaziorako eta beste helburu zientifiko batzuetarako animaliei, aplikatzekoa den araudi sektorialean aurreikusita ez dagoen guztian, bai lege honen V. tituluan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenei dagokienez.

  1. Animalia baten titularra edo arduraduna izango da animalia horren babesaren, ongizatearen eta segurtasunaren eta sortzen dituen kalteen erantzulea, Kode Zibilaren 1905. artikuluan xedatutakoaren arabera, bai eta lege hau, lege hau garatzeko xedapenak eta, hala badagokio, kasuan kasuko udal-ordenantzak ez betetzearen erantzulea ere.

  2. Animalien titularrek edo arduradunek betebehar hauek dituzte:

    1. Animaliak izaki sentibera gisa eta espeziearen, arrazaren eta adinaren arabera tratatzea, haien behar fisiko eta etologikoak kontuan hartuta, eta heziketa, gainbegiratze eta kontrol egokiak emanez, haien osasunaren eta ongizatearen arduradun izanik; beraz, behar adina zainketa eman beharko dizkiete eta mugitzeko askatasuna bermatuko diete, eusteko sistema iraunkorrak saihestuz.

      Era berean, arrisku-egoeretatik edo mina, beldurra edo estresa eragin diezaieketenetatik babestuko dituzte, salbu eta lagun egiteko animalia laguntzaileak badira eta xede duten laguntza-funtzio zehatza betetzen ari badira.

    2. Ura eta elikadura egokia ematea, higiene- eta osasun-baldintza onetan mantentzea eta beren beharrizan fisiologikoetara egokitutako ariketa eskaintzea, baita aterperako bizitoki egokia ere, eta beren espeziearen eta arrazaren ezaugarri etologikoak garatzeko moduko giroa.

    3. Albaitaritzako tratamendu prebentiboak, aringarriak edo sendagarriak ematea, nahitaezkoak izan zein osasun-egoera onari eusteko beharrezkoak izan. Banakako identifikazioa duten lagun egiteko animalien kasuan, aldian-aldian albaitari-azterketa bat egitea, animalia identifikatzeko agiri ofizialean behar bezala dokumentatuta gelditu beharko duena. Haurdun dauden animalien eta haien kumeen kasuan, haurdunaldiari, erditzeari eta jaio osteko zaintzei dagozkien artak ematea.

      Lagun egiteko animalia izatera pasatu diren ekoizpeneko edo errentako animalien kasuan, beren araudi sektorialean jasotako albaitaritza-tratamenduak aplikatuko zaizkie, animalia-gaixotasunen edo zoonosien gordailu bihur ez daitezen.

      Bai sendagaien preskripzioa, bai albaitaritzako tratamenduak, bai analgesia luzea edo anestesia eskatzen duen edozein ebakuntza Albaitaritzan graduatutako edo lizentziatutako pertsona batek egin beharko ditu.

    4. Lagun egiteko animalien kontrolik gabeko ugalketa saihesteko beharrezko neurriak hartzea. Horri dagokionez, antzutzea nahitaezkoa izango da titularrek edo arduradunek txakurrak eta katuak (kostu bidez edo doan) transmititzeko. Halaber, arriskutsuak izan daitezkeen txakurren titularrek, arraza horiek hazteko eta gurutzatzeko baimendutako gune zoologikoak izan ezik, albaitaritza-zerbitzu ofizial edo gaitu batek antzutu beharko ditu, kirurgia bidez, 12 hilabete bete baino lehen.

      Transmisioa egin aurretik, izan kostu bidezkoa edo doakoa, nahitaezko antzutzerik ez zaie aplikatuko, desagertzeko arriskuan dauden lagun egiteko animalien arraza autoktonoei, galzorian egon ez arren arrisku-atalasetik hurbil dagoen ale-kopurua dutenei edo arrazen jarraipenerako arriskua adierazten duten beste parametro batzuk dituztenei.

      Era berean, nahitaezko antzutzerik ez zaie aplikatuko lagun egiteko animalia laguntzaileei, euren ezaugarri genetikoak kontserbatu nahi direnean, baldin eta haien umatzea eta salerosketa puntuala bada eta animaliengatik jasotako konpentsazioaren zenbatekoa haien hazkuntzan, zaintzan, identifikazioan eta erregistroan jasandako gastuen antzekoa bada.

      Aipatutako inguruabarrak dekretu bidez arautuko dira.

    5. Animaliak identifikatzeko agiri ofiziala identifikatzea eta erregistratzea, bai eta eguneratuta eta agintaritza eskudunaren eskura edukitzea ere, lege honetan edo araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera. Dagokion erregistroari hamar eguneko epean jakinarazi beharko zaio titulartasun-aldaketa, araudi espezifikoak epe laburragoa duenean izan ezik.

    6. Animaliak beti kontrolpean edukitzea, arreta eta zaintza egokia emanez. Lagun egiteko animaliak ezin izango dira espazio publikoetan egon edo ibili, haien zaintzaz eta portaeraz arduratzen den pertsona batek aurrez aurre ikuskatu ezean.

      Txakurren kasuan, hiriko bide eta espazio publikoetan, bai eta higiezin kolektiboen zati komunetan ere, animaliaren ezaugarrietara egokitutako uhalez lotuta egongo dira, gehienez ere bi metroko luzerarekin.

      Lagun egiteko animaliak atal honen aplikazio-eremutik kanpo egongo dira, baldin eta ezarritako mugek eragotzi egiten badute animalia horien izaeraren berezko funtzioak eta jarduerak egitea, eta horiek egiten diren bitartean. Nolanahi ere, animalia horien kontrola bilatuko da GPS lokalizazioko lepokoen bidez.

    7. Agintaritza eskudunak eskatutako datuak edo informazioa ematea.

    8. Animalien erasoen kasuan, animalien titularrak edo arduradunak agintaritza eskudunarekin lankidetzan arituko dira, eta indarrean dagoen araudian eraso baten aurreko prozedurari dagokionez ezarritakoa beteko dute.

    9. Behar diren neurriak hartzea, animalien edukitzak edo zirkulazioak pertsonei, animaliei edo gauzei kalterik, beldurrik sor ez diezaieten, edo eragozpen edo arriskurik, mehatxu edo kalterik eragin ez diezaieten; horretarako, animaliei soziabilitate- eta hezkuntza-probak egingo zaizkie, eta arazo horiek konpontzeko beharrezko tratamenduak egingo zaizkie.

    10. Animaliek espaloietan, pasealekuetan, hondartzetan, lorategietan eta, oro har, erabilera komuneko espazio publiko eta pribatuetan uzten dituzten gorozkiak berehala kendu eta garbitzea.

    11. Lagun egiteko Animaliak Identifikatzeko Erregistroari jakinaraztea animaliak galdu direla, gehienez ere 72 orduko epean, eta hil egin direla, gehienez ere 10 eguneko epean.

    12. Beren titulartasuneko animalientzat bizi osorako zainketak bermatzea. Titularrak ezin badio arreta eman edozein arrazoirengatik, arduradun bat aseguratuko da, edo animaliaren titulartasunaren transferentzia egingo da.

    1. Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea txakurrak edukitzeko, eta erregelamendu bidez zehazten diren espezieetarako.

  3. Debekatuta dago:

    1. Animaliak hiltzea, salbu eta arriskua badago animalien osasunerako, osasun publikorako, segurtasunerako edo ingurumenerako, edo arrazoi historiko, kultural edo arkitektonikoengatik babestutakotzat katalogatutako ondasunak kontserbatzeko, aldez aurretik agintaritza eskudunak txostena eginda eta, betiere, alternatiba bideragarririk ez badago.

      Nolanahi ere, debekatuta dago bide publikoan animaliak hiltzea, segurtasun-arrazoiengatik izan ezik. Basa-animaliak eta ihes egin duten edo abandonatuta dauden etxeko animalia galduak hiri barruko bideetatik erretiratzeko, animalia hiltzea eragiten ez duten eta ahal den neurrian haren ongizate fisiko eta psikologikoa bermatzen duten prozedurak erabili beharko dira lehentasunez.

    2. Animaliei tratu txarrak ematea edo nahita, eta egitez edo ez-egitez, behar ez diren sufrimenduak, kalteak edo larritasunak eragin diezazkiekeen edozein praktika egitea, baita haiek hiltzea ere. Jokabide horiek bereziki larriak izango dira zehapenaren ondorioetarako.

      Albaitaritzako profesionalak animalien ongizatearen eta osasunaren arloan eskumena duen administrazioari jakinaraziko dio, lanbidean ari dela, animalia bati tratu txarrak eman dizkiola antzematen duen edozein zantzu.

      Bereziki eta modu argigarrian, izaera tasaturik izan gabe, tratu txartzat hartuko dira, besteak beste, honako jokabide hauek:

      Animaliei edozein arma mota erabiliz tiro edo eraso egitea, bai eta material piroteknikoa jaurtitzea ere, eta, oro har, haien bizitza eta osotasuna nahita arriskuan jartzen duen edozein jokabide.

      Zigor-lepokoak erabiltzea, hala nola, pintxo-lepokoak, itotzeko lepokoak, deskarga elektrikoetarako lepokoak eta horiek erabiltzeak mina, ondoeza fisikoa eta/edo psikologikoa eragiten duen beste edozein lepoko-mota, hala nola diren atal honetan adierazitakoak. Hala ere, lepoko elektrikoak erabili ahal izango dira trebatzaile profesional gaitu batek gainbegiratutako prestakuntzara mugatzen direnean eta albaitari batek baimentzen dituenean.

      Halaber, geolokalizatzeko eta mugimenduak mugatzeko lepoko elektrikoak erabili ahal izango dira ekoizpeneko edo errentako animalien kasuan, agintari eskudunaren baimen eta ikuskaritzapean.

      Ebakuntza kirurgikoak eta mutilazioak egitea, animalia baten itxura aldatzeko edo albaitaritza-medikuntzari dagokionez sendatzeaz besteko helburuak lortzeko; bereziki, isatsa eta belarriak moztea, ahots-korden sekzioa eta azazkalak eta hortzak erauztea. Salbuetsita egongo dira populazioak kontrolatzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren identifikazio-markak, albaitari profesional batek bere osasuna eta ongizatea bermatzeko behar terapeutikoa dagoenean egiten dituen ebakuntza kirurgikoak eta ugalketa eragozten dutenak.

      Alkohola, drogak edo botikak ematea justifikazio terapeutikorik edo albaitaritza-agindurik gabe, nahitaezkoa denean, edo kalte fisiko edo psikikoak eragin diezazkiekeen edozein manipulazio artifizial egitea.

      Naturaz kanpoko edo espeziearen ezaugarri etologiko eta fisiologikoekin bat ez datozen portaerak eta jarrerak ezartzea edo gauzatzea.

      Esfortzua edo estresa eskatzen duen jarduera bat, animaliaren ezaugarri etologikoei ez dagokiena, egiteko betebeharra, batez ere animalia gaixoak, nekatu gabeak, nekatuak edo haurdunaldian daudenak direnean edo sei hilabete baino gutxiago dutenean, eta, oro har, eskatzen zaien esfortzuak beren gaitasuna gainditzen duten lanak egitera behartzea.

    3. Animaliak abandonatzea edo haien bizitza arriskuan jar dezaketen egoeretan mantentzea. Apartatu hau aplikatzetik salbuetsita daude lagun egiteko animalia laguntzaileak, xede duten laguntza-funtzio zehatza betetzen ari direnean.

    4. Animalien arteko borroka edo ekintza bortitzak eragitea, sustatzea edo antolatzea, edo horietan edozein modutan parte hartzea, bai eta horietan jokabide oldarkorrak sustatzea ere.

    5. Animaliak artifizialki manipulatzea, bai eta tindatzea ere, erakargarri bihurtzeko dibertimendu edo jostailu gisa, haien salerosketa edo ikuskizunerako edo adierazpen artistikorako euskarri gisa.

    6. Animaliak martxan dauden ibilgailuei lotuta eramatea.

    7. Hiriko basabereak harrapatzea, salbu eta Administrazio publikoak animalien populazioak kontrolatzeko baimendutako jarduerak egiten ari badira. Inola ere ez da haiekin salerosketan aritzeko baimenik emango.

    8. Basa-animalia autoktonoak ez diren beste animalia batzuk aske uztea edo natura-ingurunean sartzea.

    9. Etxeko animalien gorpuak ezabatzea, identifikazioa egiaztatu gabe, identifikazioa nahitaezkoa denean, eta administrazio eskudunari ez jakinaraztea identifikatutako konpainiako animalia baten gorpua erretiratu dela. Identifikazioa nahitaezkoa den kasuetan, berau egiaztatu beharko da gorpua ezabatu aurretik eta agintari eskudunari jakinarazi beharko zaio horren aurkikuntza eta lege-haustea suposatuko luketen zeinuak edo frogak, halakorik balego. Animalia identifikatuta ez badago, administrazio eskuduna argazkia egin eta datuak biltzen saiatu beharko da, animaliaren titularra aurkitzeko.

    10. Animalia hauek erregistratutako parke zoologikoetatik edo agintaritza eskudunak berariaz baimendutako gune zoologikoetatik kanpo edukitzea:

      1. Artropodoak, arrainak eta anfibioak: haien hozkak edo pozoiak pertsonen eta animalien osotasun fisikorako edo osasunerako arrisku larria izan dezaketen espezie guztiak.

      2. Narrastiak: espezie pozoitsu guztiak, krokodiloak eta kaimanak, eta helduaroan bi kilo edo gehiago dituzten espezie guztiak, keloniarren kasuan izan ezik.

      3. Ugaztunak: primate guztiak, bai eta basa-espezieak ere.

      4. Espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako Katalogoan sartutako animaliak.

    11. Gatibutasunera egokitu ezin diren espezieetako banakoak edo taldeak haztea eta lagun egiteko animalia gisa edukitzea, salbu eta erregistratutako parke zoologikoetan edo agintaritza eskudunak berariaz baimendutako esparruetan.

    12. Arriskutsuak izan daitezkeen txakur-arrazen arrazetako animaliak, arrazen tipologia edo arraza arteko gurutzaketak haztea eta gurutzatzea, behar bezala baimendutako gune zoologikoetan izan ezik. Animalia horiek edukitzeko, berariazko lizentzia administratiboa beharko da.

    1. Debekatuta dago edozein animalia 24 orduz jarraian bakarrik uztea; txakurren kasuan, epe hori ezin izango da elkarren segidako 12 ordutik gorakoa izan, artzaintza-txakurrak lanean ari direnean izan ezik eta elkarren segidako 48 orduko gehieneko epearekin.

    2. Lagun egiteko animaliak erabiltzea, bizirik nahiz hilik, beste animalia batzuk elikatzeko.

    1. Abandonatutako txakurrak edo katuak edo kolonietakoak erabiltzea esperimentazio-prozeduretan.

    2. Animaliak erakargarri egiteko tindatzea, saltokirako edo ikuskizunerako edo adierazpen artistikorako euskarri gisa.

  4. Ibilgailu baten gidariak etxeko animalia bat harrapatzen badu, dagokion polizia-atestatua alde batera utzi gabe, berehala jakinarazi beharko die agintari eskudunei, eta ez da inola ere zauritutako animaliarik abandonatuta utziko, arrazoi handiagorik ezean.

  5. Animalien krudelkeria, tratu txar edo sufrimenduzko eszena simulatuak edozein komunikazio-euskarritan filmatzeko, argazkiak ateratzeko edo grabatzeko, aldez aurretik Administrazio autonomikoko organo eskudunari jakinarazi beharko zaio, itxuraz eragindako kaltea, nolanahi ere, itxurazkoa dela egiaztatzeko. Ekoizpenaren kreditu-tituluetan adierazi beharko da hori simulazio bat dela, eta baimena ere adierazi beharko da.

  1. Hegazti harrapariak gatibu eduki ahal izateko, aplikatzekoa den gainerako araudia ere kontuan hartuta, administrazioaren baimena lortu beharko da aurretiaz. Erregelamendu bidez zehaztuko da zein izango diren baldintzak eta zer prozedurari jarraitu behar zaion.

  2. Horrez gain, gatibu dauden hegazti harraparien ale bakoitza banan-banan identifikatuko da, mikrotxip edo eraztun bidez, nahiz eta ezarri ahal izango den, betiere erregelamendu bidez, beste edozein identifikazio-sistema; eta dagokion erregistroan inskribatuta egon beharko du.

  3. Lege honetan xedatutakoari jarraikiz baimendutako animaliak hazteko establezimenduetan bakarrik hazi ahal izango dira hegazti harrapariak gatibu.

Baimendutako salerosketa-helburuekin animaliak hazteko eta salerosteko establezimenduen titularrek bakarrik egin ahal izango dute animalien salerosketa.

Debekatuta dago:

  1. Animaliak salerostea, ematea edo lagatzea, aldez aurretik identifikatu eta lagatzeilearen izenean erregistratu gabe.

  2. Adingabeei edo ezgaituei animaliak saltzea, ematea edo lagatzea gurasoen edo guraso-ahala edo zaintza duten pertsonen berariazko baimenik gabe.

  3. Partikularrek edo baimendutako hazkuntza-zentro ez diren establezimenduek lagun egiteko animaliak salerostea.

    Atal hau ez zaie aplikatuko desagertzeko arriskuan dauden lagun egiteko animalien arraza autoktonoei, galzorian egon ez arren arrisku-atalasetik hurbil dagoen ale-kopurua dutenei edo arrazen jarraipenerako arriskua adierazten duten beste parametro batzuk dituztenei.

    Era berean, ez zaie aplikatuko lagun egiteko animalia laguntzaileei, euren ezaugarri genetikoak kontserbatu nahi direnean, baldin eta haien hazkuntza eta salerosketa puntuala bada eta animaliek jasotako konpentsazioaren zenbatekoa haien hazkuntzan, zaintzan, identifikazioan eta erregistroan jasandako gastuen antzekoa bada.

    Salbuespen horiek foru-aldundiek garatuko dituzte erregelamendu bidez, eta foru-aldundiek berariazko erregistro bat sortuko dute hazle horientzat. Foru-aldundiak izango dira kasuan kasuko hazleen jarduerak baimendu, erregistratu, gainbegiratu eta, hala badagokio, zehatzeko agintaritza eskudunak. Erregelamendu bidezko garapenak, gutxienez, honako hauei buruzko xedapenak jasoko ditu: hazle gisa erregistratzeko betekizunei buruzkoak, jaiotzen kontroletik eta kumeen genealogiatik eratorritakoei buruzkoak, eta hazitako animalien salmenten fakturazioaren eta erabileraren kontrolari lotutakoak.

  4. Baimendutako merkatu eta azoketatik kanpo animaliak kalean salerostea.

  5. Animaliak laborategi edo klinikei salerostea edo ematea Administrazioaren kontrolik gabe edo indarrean dagoen araudi espezifikoan aurreikusitako bermeak bete gabe.

  6. Animaliak ematea, publizitate-erakargarri gisa, zozketa bidez, trukean edo sari edo ordain gisa.

  7. Animalia biziak erakusleiho komertzialetan erakustea edo bide publikotik bistan dauden eremuetan erakustea.

  8. Animaliak salerosi eta edukitzea, gatibutzan haien behar etologikoak asetu ez badaitezke.

  1. Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatu behar direnean, leku nahikoa eta ezaugarri fisiologikoetarako egokia izan behar dute, animaliaren ongizatea eta ibilgailuan doazenen segurtasuna bermatzeko. Lekualdaketa egin aurretik, bidaiaren iraupena murrizteko eta bidaian animalien beharrei erantzuteko behar diren neurri guztiak hartuko dira.

  2. Animaliak garraiatuak izateko baldintza egokietan egongo dira, salbu eta helburua albaitari arreta eskaintzea bada.

  3. Garraiobideak eta edukiontziak animaliei lesioak eta sufrimendua saihesteko eta haien segurtasuna bermatzeko moduan sortu, eraiki, mantendu eta erabiliko dira; animaliak aire zabaletik eta gorabehera meteorologiko handietatik babestuko dira. Halaber, enbalajeek bizirik dauden animaliak daudela ohartarazten duen oharra eramango dute.

  4. Animaliei ura, elikagaia eta atsedenaldiak eskainiko zaizkie, behar adina tartetan eta beren espezieari eta tamainari egokitutako baldintza kuantitatiboetan eta kualitatiboetan.

  5. Animalia batek aparkatutako ibilgailu batean aldi baterako egon behar badu, beharrezko neurriak hartuko dira, bertako giro-baldintzek animaliaren ongizatea berma dezaten. Agintaritzaren agenteak ibilgailuan sartu ahal izango dira barruan dagoen animalia askatzeko, edozein denbora daramala ere, baldin eta animaliarentzat arriskua dagoela uste badute.

  6. Europar Batasunaren barruan lekualdatu behar diren txakurrak, katuak eta hudoak pasaporte arautua eraman beharko dute bidaia osoan eta ezingo dira bost animalia baino gehiago izan baimendutako titular edo arduradun bakoitzeko, merkataritza-asmorik gabeko joan-etorri jakin batean.

    Lagun egiteko animalien joan-etorri komertzialak saleroste-asmorik gabeko desplazamendu gisa edo nazioarteko adopzio gisa iruzur bidez estaltzea saihesteko, bost animalia baino gehiagorekin lekualdatzen den baimendutako pertsonak edo titularrak bidaia horren arrazoi zehatzari buruzko idatzizko frogak eman beharko dizkio jatorrizko udalari.

  1. Animalien ongizatean eta osasunean eskumena duten agintariek lege honetan aipatzen diren animalien txertaketa, nahitaezko tratamendua, barneratzea edo isolatzea, eta sakrifizioa ezarri ahal izango dute, behar bezala justifikatutako animalia-osasun edo osasun publikoko arrazoiengatik.

  2. Animalia horiei nahitaezko tratamenduak ematen dizkien albaitariak artxibo bat eramango du tratatutako animalia bakoitzaren fitxa klinikoarekin eta hautematen dituen gaixotasun transmitigarri eta zoonosikoen zaintza epidemiologikoan kolaboratuko du, abeltzaintzan eta osasunean eskumena duten Eusko Jaurlaritzako sailek erregelamendu bidez zehazten duten moduan. Artxibo hori foru-organo eskudunaren eta tokiko eta osasuneko agintarien esku egongo da.

  3. Nahitaezko banakako identifikaziorik ez duten animalia guztien kasuan, albaitariak horren berri eman beharko dio agintaritza eskudunari.

  1. Txakurrak, hudoak, etxe-eremuko katuak eta erregelamendu bidez eskatutako beste espezie guztiak nahitaez identifikatu beharko dira, haien trazabilitatea bermatzeko. Edozein titulurengatik animalia horien titular direnek behar bezala identifikatuta eduki beharko dituzte, jaiotzen direnetik bi hilabeteko epean, eta, nolanahi ere, jaiotze-lekua utzi baino lehen, eta, betiere, titulartasuna eskualdatu aurretik.

    Lege hau onartu ondoren jaiotako hudoen eta katuen kasuan, erregelamendu bidez gabealdi bat ezarriko da nahitaez identifikatzeko.

  2. Era berean, gai horretan indarrean dagoen araudian aurreikusitakoaren arabera arriskutsuak izan daitezkeen animalia guztiak identifikatuko dira, baita erregelamendu bidez zehazten den beste edozein espezie edo animalia-mota ere.

  3. Erregelamendu bidez behartuta dauden etxeko animalien identifikazioa espezie bakoitzerako indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera egingo da.

  4. Animalia horien titularrek Euskal Autonomia Erkidegoko Lagun egiteko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean (AIEO) edo haien espezieari dagokion erregistroan erregistratu beharko dituzte, indarrean dagoen araudi sektorialaren arabera, bi hilabeteko epean, jaiotzen direnetik hasita, eta hamar eguneko epean, animaliaren titulartasuna eskuratzen edo aldatzen denetik hasita.

    Era berean, agintaritza eskudunak eskatutako datuak edo informazioa ematera behartuta egongo dira.

    Euskal Autonomia Erkidegoan modu iraunkorrean edo hiru hilabete baino gehiagoz dauden animaliak, betiere titulartasuna eskualdatu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean erregistratu beharko dira.

    AIEOren barruan, lagun egiteko gainerako animalietatik bereizitako atal batean inskribatuko dira lagun egiteko animalia laguntzaileak, haien xede-jarduera aurretiaz akreditatuta.

  5. Abeltzaintzaren eta osasunaren arloan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako sailek erregelamendu bidez beste animalia batzuei ere aplikatu ahal izango diete artikulu honetan xedatutakoa, egoki iritziz gero.

  6. Administrazio eskudunek, beren eskumenen esparruan, tasak ezarri ahal izango dituzte betebehar horri lotutako animalien identifikazio-, erregistro- eta agiri-kostuak ordaintzeko.

  7. Animalia identifikatu eta erregistratzeko unean, titularrak agiri bidez egiaztatu beharko du animalia horren nortasuna eta beraren jabea dela, gaitutako albaitaritza-zerbitzu ofizialean edo pribatuan. Zerbitzu horrek identifikazio-agiri ofiziala egingo du, indarrean dagoen araudiaren arabera behar bezala eguneratuta. Gainera, arriskutsuak izan daitezkeen txakurren titularrek arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko udal-lizentzia dutela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, txakurraren jatorriaren dokumentazioarekin batera.

  8. Ezarritako identifikazio-sistemen arabera markatutako animaliak, ofizialki aitortutako ezein datu-basetan inskribatu ez badira ere, ez dira identifikatutzat joko, harik eta kasuan kasuko erregistroan inskribatu eta identifikazio-agiri ofiziala eskuratu arte.

  9. Animaliak babesteko trazabilitatea errazteko, eta dagokion erregistroan inskribatu beharra alde batera utzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren beste autonomia-erkidego, Europar Batasuneko Estatu kide edo hirugarren herrialde batzuetatik datozen animaliek jatorrizko identifikazio-agiri ofizialari eutsiko diote. Narriaduragatik, galeragatik edo justifikatutako beste edozein arrazoirengatik ezinezkoa bada, agiri hori ordeztu ahal izango da, baldin eta jatorrizko identifikazio-kodea jasotzen bada. Animalia horiei guztiei alta eman beharko zaie erosketaren unean bertan, titularraren datuekin, eta Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean inskribatu beharko dira.

  10. AIEOn banaka identifikatu beharreko espezieetako lagun egiteko animalien heriotzaren berri titularrak emango du, albaitaritzako profesional ofizial edo gaitu baten bidez, heriotza gertatu eta gehienez ere hamar egun balioduneko epean. Animaliaren titularrak heriotzaren arrazoia adieraziko du erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, salbu eta heriotza lege honetan aurreikusitako albaitaritza-esku-hartze baten ondorioz gertatu bada; kasu horretan, albaitariaren txostena egingo da. Halaber, gorpuaren kudeaketaren ziurtagiria erantsiko da.

  11. AIEOk erregistro eguneratu bat izango du, administrazioaren ebazpen edo epailearen sententzia irmo bidez zehapena jaso eta animaliak edukitzeko edo hartzeko edo ofizioz edo lanbidez erabiltzeko desgaituta dauden pertsonei buruzkoa. Erregistro horretan jasoko dira, halaber, gaitasungabetze horiek, agintari eskudunak kautelazko neurri gisa eman dituenean.

  12. AIEOk atal espezifiko bat izango du lagun egiteko animalia laguntzaileak erregistratzeko, animalia horiek egiaztatu ondoren. Lagun egiteko animalia laguntzaileak horien egiaztapena erregelamendu bidez zehaztuko da.

  1. Udalek eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun publikoaren edo animalien osasunaren arloko agintari eskudunek animaliak barneratzeko eta/edo isolatzeko agindua eman beharko dute, baldin eta gaixotasun transmitigarri larrien sintomak diagnostikatu bazaizkie edo badituzte, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, bai gizakiarentzat, bai beste animalia batzuentzat, tratamendu sendagarria jasotzeko edo, azken kasuan, hiltzeko, behar izanez gero. Eragindako gastuak animaliaren titularrari egotziko zaizkio.

  2. Txakurrek pertsonei edo beste animalia batzuei hozka egiten badiete, indarrean dagoen araudiaren arabera araututako prozedura jarriko da abian. Gainerako espezieei dagokienez, agintari eskudunek agindu ahal izango dute pertsona bati eraso egin dioten animaliak barneratzea eta/edo isolatzea, behatzeko eta, hala badagokio, aurreko paragrafoan aurreikusitako neurriak hartzeko.

  1. Animaliak, oro har, sartu ahal izango dira espazio publikoetan, espresuki debekatuta egon ezean, beren jabeek uhal batekin lotuta eramaten badituzte, eta, betiere, ez badituzte oinezkoak edo beste animaliak arriskuan jartzen. Udalek zehaztu eta seinaleztatuko dituzte animaliak aske egon daitezkeen udalerriko espazio, lorategi eta hiri-parke publikoak, bai eta horretarako ordutegiak ere. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak ezin izango dira inola ere aske egon.

  2. Udalek, ahal den neurrian, espazio publiko egoki eta seguruak prestatu beharko dituzte, lagun egiteko animaliak aske egon daitezen, osasun fisiko eta psikologikoko egoera onari eusteko behar den ariketa fisikoa egin ahal izan dezaten.

  3. Animalien titularrek eta jabeek beren animaliak kontrolatuta eduki beharko dituzte ingurune naturalean, pertsonei, fauna naturalari eta ganaduari eragindako kalteak eta eragozpenak saihestuz.

    Era berean, artaldeak eta animaliak bazkatzen diren gune naturaletatik edo abelbideetatik igarotzen direnean, lagun egiteko animaliak beren ezaugarrietarako egokia den uhal baten bidez lotuta egon beharko dira. Era berean, txakurrak ezin izango dira ganaduarengana edo hura zaintzen duten txakurrengana hurbildu.

    Lagun egiteko animalia laguntzaileak apartatu honen aplikazio-eremutik kanpo egongo dira, baldin eta ezarritako mugek eragotzi egiten badute animalia horien izaeraren berezko funtzioak eta jarduerak egitea, eta horiek gauzatzen diren bitartean.

  4. Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta toki-erakundeek pertsonen eta animalien arteko bizikidetza arduratsua sustatzeko ekimenak garatuko dituzte, eta, bereziki, animalien edukitza arduratsuaren arloan eta tratu txarren eta animaliak uztearen aurkako borrokan heztea sustatuko dute.

  1. Euskadiko lurraldean kokatutako establezimenduek, hotel-establezimenduak eta ostalaritzako eta garraio publikoko lokalak barne, eta horri buruz indarrean dagoen osasun-araudian xedatutakoari kalterik egin gabe, lagun egiteko animaliak, oro har, lotuta eta kontrolatuta sartzeko aukera emango dute, elikagaiak fabrikatzeko, saltzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko eta manipulatzeko eremuetan izan ezik.

  2. Esparru edo establezimendu batean animaliarik onartzen ez bada, debeku hori berariaz adierazi beharko da, lokalaren kanpotik ikusteko moduko bereizgarri baten bidez.

  3. Lagun egiteko animaliek, garraio eta establezimenduetara sartzean, higiene- eta osasun-baldintza egokiak bete beharko dituzte, eta establezimenduak edo garraiobideak berak eta sektoreko legeria espezifikoak zehazten dituzten segurtasun-neurriak bete beharko dituzte. Sartzeko baimenari edo debekuari buruzko azken erabakia establezimenduaren edo garraiobidearen titularrak hartuko du, eta argi eta garbi adierazita egon beharko du.

  4. Artikulu honetan xedatutakoak ez du eragotziko Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntzeko Txakurrei buruzko ekainaren 29ko 10/2007 Legean edo hura ordezten duen arauan aurreikusitakoa. Lege honetan jasotako bide, garraio eta establezimendu publikoetan lagun egiteko animalien zirkulazioari eta sarbideari buruzko mugak ez zaizkie aplikatuko desgaitasunen bat duten pertsonentzako laguntza-txakurren araudiaren arabera izaera hori aitortuta duten txakurrei. Era berean, muga horiek ez zaizkie aplikatuko genero-indarkeriako kasuetan terapia lagundu gisa erabiltzen diren txakurrei.

  5. Pertsonentzako eta animalientzako segurtasun-arrazoiengatik, behar bezala justifikatuta badaude, mugatu egin ahal izango da ikuskizunetara, azoketara eta masa-lehiaketa publikoetara edo jende asko joaten denekoetara sartzeko aukera, baita kirol arlokoetara ere.

  1. Abandonutzat joko da animalia bat galdu dela ez jakinaraztea, hura aurkitzeko edo berreskuratzeko behar diren neurriak ez hartzea, animalia albaitariaren zaintzarako edo artarako aldi baterako utzi denean edo, titularrik izan edo ez, haren oinarrizko beharrizanei jaramonik egiten ez zaienean. Era berean, animalia abandonatutzat joko da titularrari animalia jasotzeko betebeharra jakinarazten zaionetik 7 egun natural igaro eta gero jasotzen ez badu.

  2. Ez da abandonatutzat joko animaliaren titulartasunari borondatez uko egitea, hura bilketa-zentro batean entregatuz, baldin eta animaliaren zaintzaren kostua jasaten bada hura adoptatu edo harreran eman arte. Bilketa-zentroen kudeaketaz arduratzen diren administrazioek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, aukera izango dute abandonatutako animalien titularrei animaliak biltzeko eta bertan egoteko kostua jasanarazteko, animalia horiek beren instalazioetan dauden bitartean.

  1. Udalei dagokie abandonatutako eta galdutako animaliak biltzea, bai eta zaintzea ere, titularrek berreskuratu arte edo hirugarrenei laga arte. Foru-aldundiei dagokie, beren lurralde-eremuetan, abandonatutako edo galdutako gainerako animaliak biltzea.

  2. Horretarako, udalek langile eta instalazio egokiak izan beharko dituzte, edo zerbitzu horiek Administrazioarekin lankidetzan diharduten erakunde pribatuekin, animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteekin, udalaz gaindiko erakundeekin edo foru-aldundietako organo eskudunekin hitzartu beharko dituzte.

  3. Prestakuntza egokia duten eta erregelamendu bidez ezartzen den gaitasun-ziurtagiria duten langileek harrapatu eta garraiatuko dituzte beti galdutako eta abandonatutako animaliak. Horretarako, beharrezkoa ez den sufrimendurik, minik edo larritasunik eragiten ez duten metodoak erabiliko dira. Animaliak harrapatu eta garraiatzeko erabiltzen den ibilgailuak espazio nahikoa izango du eta higiene- eta osasun-baldintza egokiak beteko ditu.

  4. Animaliaren edo pertsonen segurtasunak berak hala gomendatzen duen kasuetan, harrapaketa-metodoak erabili ahal izango dira, zorabiaraziz eta urrutitik immobilizatuz, lasaigarriak eta anestesikoak dituzten jaurtigaien bidez, sareen bidez, tranpen bidez edo animalia bizirik eta ahalik eta kalte txikienarekin harrapatzea ahalbidetzen duen beste edozein sistemaren bidez, betiere albaitariaren ikuskaritzapean.

  5. Bilketa-zentroen kudeaketaz arduratzen diren administrazioek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, bertan behera utzitako animalien titularrei animaliak jasotzearen eta bertan egotearen kostua jasanarazteko aukera ezarri beharko dute, beren instalazioetan dauden bitartean.

  6. Abandonu-kasuetan, animalia aurkitu den udalak dagokion zehapen-espedientea irekiko du, eta, amaitu ondoren, Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrari jakinaraziko dio.

  1. Animaliak identifikatzeko gailurik gabe biltzen badira, beren espezieari dagokion identifikazio-bitartekoa aplikatuko zaie bilketa-zentrora sartzen direnean, eta dagokion erregistro-liburuan inskribatuko da.

    Identifikaziorik gabeko animalia bat atxikitzeko epea hamabost egun naturalekoa izango da. Epe hori igaro eta animalia erreklamatzen ez bada, adopzioan eman ahal izango da, edo, bestela, udalak eskuratuko du, bera izango baita animaliaren titularra. Epe horren barruan pertsona batek bere titularra dela deklaratzen badu, jaso ahal izango du, albaitaritzako bilketak, mantentzeak eta tratamenduek eragindako gastuak bere gain hartu ondoren.

    Errentako edo ekoizpeneko animalia identifikatu gabeen kasuan, joera nagusia izango da horiek hartzeko gaitasuna duten harrera-espazioei lagatzea.

  2. Animalia behar bezala identifikatuta eta erregistratuta badago, jaso eta hurrengo hiru egun baliodunetan egoera horren jakinarazpen fede-emailea bidaliko zaio titularrari. Titularrak zazpi egun balioduneko epea izango du animalia berreskuratzeko, animalia jasotzeak eta jasotze-zentroan egoteak eragindako gastuak eta albaitaritza-gastuak ordaindu ondoren. Tratu txarren zantzuren bat ikusiz gero, agintaritza eskudunari jakinaraziko zaio eta animalia ez zaio itzuliko ustez erantzulea den pertsonari, horren inguruko ebazpena eman arte.

  3. Epe hori igaro eta titularrak ez badu berreskuratu, lehenengo atalean ezarritako norakoa emango zaio animaliari, pertsona horri abandonuagatiko dagokion zehapena ezartzeari kalterik egin gabe.

Antzutzea, bai eta lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren animalien beste edozein esku-hartze terapeutiko ere, albaitariek bakarrik egingo dute, minik eragin gabe eta anestesiarekin, hala dagokionean.

  1. Eutanasia aplikatuko zaie, aurretik sedatuta, gaixotasun edo gaitz sendaezina duten animaliei bakarrik, edo, hala denean, min edo sufrimendua eragiten dieten pairamen fisikoa edo portaera-nahasmenduak dituztenei. Ezin izango zaie eutanasiarik egin tratatu daitezkeen gaitz, pairamen, nahasmendu edo gaixotasunak dituzten animaliei, bizimodu osasungarria egin dezaketen bitartean.

  2. Eutanasia albaitaritza-txostena egin ondoren bakarrik egin ahal izango da, eta albaitari ofizial edo pribatu gaitu batek bakarrik egin ahal izango du, metodo ez-krudel eta ez-mingarrien bidez edo eta aldez aurreko sedazioa erabiliz.

  1. Ezingo dira hil bilketa-zentroetan dauden animaliak, bertan sartu zirenetik igarotako denbora edozein izanda ere.

  2. Lege honen xede diren eta izurritetzat hartzen ez diren animaliak, animalia-osasun, osasun publiko eta ingurumen-segurtasun arrazoiengatik edo, azken baliabide gisa, beste metodoek porrot egingo balute, arte- eta arkitektura-ondarea kontserbatzeko edo babesteko bakarrik hil ahal izango dira. Horretarako, aldez aurretik albaitaritza-txostena egin beharko da, albaitari profesional batek metodo ez-krudel eta ez-mingarrien bidez.

  1. Udalek, animalien babeserako elkarte eta erakundeek, nukleo zoologikoek eta lege honek arautzen dituen gainerako establezimenduek sistemak eduki beharko dituzte lege honen aplikazio-eremuko animalien gorpuak jaso eta deuseztatzeko, eta gorpu horiek behar bezala kudeatu direla egiaztatzen duen dokumentazioa gorde beharko dute.

  2. Gorpu bat jasotzen duen udalak edo entitateak animaliaren identifikazioa egiaztatu beharko du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lagun egiteko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrari (AIEO) jakinarazi beharko dio, erregistroan baja eman diezaion.

  3. Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren animaliak ehorzteko, toki-erakundeen baimena beharko da.

  4. Halako animaliak deuseztatu, ehortzi edo errausten dituzten enpresek edo entitateek gorpuen erregistro bat eraman beharko dute, eta animalien osasunaren arloan eskuduna den agintaritzaren esku jarri.

  1. Kapitulu honetan jasotako gune zoologikoek eta establezimenduek, harrera-etxeek izan ezik, eta aplikagarri zaizkien beste xedapen batzuetan eskatutakoei kalterik egin gabe, honako betekizun orokor hauek bete beharko dituzte baimena eskuratzeko:

    1. Establezimendua edo zentroa kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-organo eskudunaren aurrean titularraren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea. Adierazpen horretan, honako hauek adieraziko dira: erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen dituela, hori egiaztatzen duen dokumentazioa duela eta establezimenduak, hazkuntza-zentroak, zentroak edo instalazioak irauten duen bitartean haiek betetzeko konpromisoa hartzen duela.

    2. Erregistro-liburu bat eramatea, paperezko euskarrian edo euskarri informatikoan, administrazio eskudunen eskura. Bertan, dauden animaliei buruzko datuak jasoko dira, bai eta animalien ongizatearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak establezimenduari, zentroari eta animaliei buruz erregelamenduz ezartzen dituen kontrolak ere.

    3. Animalien ongizatea bermatuko duten instalazioak izatea, animalien behar fisiologiko eta higieniko-sanitarioetarako baldintza onekin.

    4. Animalia mota bakoitzerako gutxieneko neurriak eta instalazioak betetzen dituzten lokalak izatea.

    5. Langile profesionalak izatea, zeinen gaitasuna erregelamenduz zehazten den eran egiaztatuko baita, eta albaitaritza-zerbitzu bat izatea, animalien albaitaritza-laguntzaz arduratzeko, higiene- eta osasun-baldintzak eta abereen ongizatea betetzen direla ikuskatzeko, nahitaezkoa denean identifikatzeko, eta animalien portaerari eta espezie bakoitzaren ezaugarri etologikoei buruzko aholkularitza emateko.

    6. Instalazio egokiak izatea animalia isolatuta edukitzeko sartzen den unetik zentroko albaitaritza-zerbitzuak albaitari-egoerari buruzko irizpena ematen duen arte.

    7. Animaliak titularrei ematea, osasun-berme egokiekin.

  2. Animalia bat mota horretako establezimenduetan gordetzeko entregatzen duen pertsonak behar bezala baimenduta utziko du albaitariaren edozein esku-hartze, urgentziazko edo premiazko arrazoiengatik egin behar bada, animaliaren titularrarekin edo jabearekin komunikatzeko aukerarik ez dagoenean.

  1. Animaliak biltzeko establezimenduak udalen eta foru-organoen mendeko albaitaritza-zerbitzu ofizialen kontrolpean egon beharko dira. Nolanahi ere, baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Foru-aldundietan egongo den nukleo zoologikoen erregistroan bilketa-gune zoologiko gisa inskribatuta egotea. Erregistro horretan, animaliak biltzeko zentroen eta zerbitzua ematen dieten udalen zerrenda eguneratua egongo da.

    2. Erregistro-liburua behar bezala beteta eramatea. Bertan, animalien altei eta bajei buruzko datuak jaso behar dira, eta, bertan, datu hauek zehaztu behar dira: animalien sarrera, osasun-gorabeherak, establezimenduan izandako irteeren arrazoiak, adopzio-hartzaileen edo animalia lagatako harrera-etxeen identifikazioa eta helbidea, animaliak jasotzeko zerbitzua ematen dien udalen zerrenda eta animalien ongizatearen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak erregelamendu bidez ezartzen duen beste edozein gorabehera. Erregistro-liburu hori eguneratuta egongo da, eta agintari eskudunek ikuskatu ahal izango dute. Formatu elektronikoko erregistroen kasuan, edozein aldaketa edo zuzenketa modu ezabaezinean erregistratzen dela ziurtatzen duten gailuak izango dira.

      Animalia guztiak dagokien moduan identifikatuko dira, baldin eta identifikatuta ez badaude, bilketa-zentroko sarreran. Nolanahi ere, argazki batekin batera aurkeztuko da.

  2. Zentro horietan, bertan bizi diren animalien artean kutsadurarik ez izateko neurriak zorroztu beharko dira. Era berean, beste herrialde batzuetatik datozen eta berrogeialdia egin behar duten animaliak modu kontrolatuan isolatzeko baldintza bereziak dituen espazio bat aurreikusi beharko dute.

  3. Banakako identifikazioa behar duten lagun egiteko animaliak, edozein tituluren bidez lagatuak, entregatu aurretik antzutuko dira beti. Animaliaren adinagatik, egoera fisikoagatik edo osasun-egoeragatik ezin bada antzutu, titular edo arduradun berriak konpromiso bat sinatu beharko du antzutzeko, gehienez ere sei hilabeteko epean, lagapena egin denetik zenbatzen hasita, salbu eta albaitariaren txosten justifikatua badago.

    Bilketa-zentroen kudeaketaz arduratzen diren administrazioek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, antzutzearen ondoriozko kostua titular edo arduradun berriari ordainarazteko aukera ezarri ahal izango dute.

  4. Animaliak biltzeko zentroek edozein animalia adoptatzea ukatuko diote azken hamar urteetan animalia abandonatu duen edo arau-hauste astuna edo oso astuna edo animalienganako delitua egiteagatik zehapen irmoa jaso duen pertsona orori, baldin eta erregistro ofizial batean badaude.

    Halaber, legez eratutako animaliak biltzeko eta babesteko zentroek eta erakundeek animaliak adoptatzeko edo hartzeko iragarkiak argitaratu ahal izango dituzte argitalpen eta webgune espezializatuez bestelako espazioetan, eskainitako alea inskribatuta dagoen gune zoologikoaren zenbakia barne, edo, legez eratutako eta ezein nukleo zoologikori atxikita ez dauden elkarteen kasuan, animaliaren trazabilitatea zalantzarik gabe ezartzeko aukera ematen duen erreferentzia-zenbaki batekin.

  5. Animaliak biltzeko zentroek jarduera-protokolo bat izango dute, albaitari arduradunak gainbegiratua. Protokolo horretan bermatu beharko da animaliak osasun-azterketa bidez berrikusten direla sartzen diren unean, eta berrogeialdian utzi beharko dira azterketa gainditu arte.

  6. Establezimenduaren sarreran tratu txarren edo animalien babesari buruzko legeria ez betetzearen zantzuren bat ikusten bada, animalia bertan zaindu eta babestuko da eta agintaritza eskudunari jakinaraziko zaio.

  1. Trebakuntza-zentroek, aurreko bi artikuluetan xedatutakoaz gain, baldintza hauetara egokituko dute beren jarduera:

    1. Dagokien trebakuntza edo hezkuntzako gune zoologikoen erregistroan inskribatuta egon beharko dute berariaz.

    2. Trebakuntza-zentroak gaitasun-ziurtagiria duen pertsona baten ardurapean egongo dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

    3. Txakurrak trebatzeko modalitateei dagokienez, trebakuntza-zentroa kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-organo eskudunaren baimena izan beharko dute.

    4. Animalia bat ere ez da trebatuko haren osasunari eta ongizateari kalte egiteko moduan, bereziki bere indar edo gaitasun naturalak gainditzera behartuz edo lesioak, mina, sufrimendua edo larritasuna eragiten duten bitarteko artifizialak edo zigorrak erabiliz.

    5. Ikastetxe horietan egiten den edozein trebakuntza erregelamendu bidez ezartzen den prestakuntza edo gaikuntza duten profesionalek egin beharko dute. Erregelamendu bidez ezarritako animalia-espezieen kasuan, gainera, dagokien homologazioa edo gaikuntza izan beharko dute agintari eskudunaren aldetik.

    6. Tratu txarrak erabiltzea edo animalien osasuna eta ongizatea arriskuan jartzea ez dakarten metodoetan oinarrituko dira trebakuntzen lan-prozedurak.

  2. Erregelamendu bidez garatuko dira animalien hezitzaileen edo trebatzaileen betebeharrak eta erantzukizunak. Hala ere, trebatzaile bakoitzak datu-base bat izan beharko du, eta bertan, gutxienez, animaliari buruzko informazioa (espeziea, arraza eta banakako identifikazioa), trebakuntza-teknika, trebakuntzaren helburua eta azken ebaluazioa jasoko dira.

  3. Datu-base horretan jasotako informazioa gutxienez hiru urtez gordeko da, eta agintaritza eskudunaren eskura egongo da.

  1. Konpainiako animaliak hartzeko edozein jarduera ekonomikok nukleo zoologikoen erregistroan inskribatuta egon beharko du, eta dagokion harrera- edo egoitza-nukleo zoologiko izateko baimena lortu beharko du. Aldi baterako hartzeko zentroek dagokien identifikazioa duten animaliak bakarrik onartuko dituzte.

    Lege honen 9. artikuluaren 1., 2. eta 5. paragrafoen arabera nahitaez identifikatuta egon behar duten animaliek behar bezala identifikatuta eta inskribatuta egon behar dute Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean. Gainerako espezieek indarreko legeria sektorialean ezarritakoa beteko dute.

  2. Zentroan dauden animaliek elikadura egokia izango dute, eta kalterik edo ihesik izateko arriskurik gabeko aisialdi-guneak izan beharko dituzte.

  3. Zentroan dauden animaliek osasun-dokumentazio ofizial eguneratua izan beharko dute. Zentroko arduradunek animaliaren titularrari edo arduradunari abisatu beharko diote, gaixotzen bada, behar den tratamendu terapeutikoa emateko baimena eman dezan. Lege honen 20.2 artikuluaren arabera, titularra edo jabea ezin izan bada aurkitu, edo larrialdi- edo premia-inguruabarrak badaude, establezimenduak tratamendu terapeutiko egokia aplikatu beharko du albaitaritza-zerbitzuaren bidez, eta ahalik eta lasterren jakinaraziko dio animaliaren titularrari edo arduradunari. Nolanahi ere, animaliaren titularrak bere gain hartu beharko du aplikatutako tratamenduen kostua.

  4. Animaliak aldi baterako hartzeko zentroen titularrek beharrezko neurriak hartuko dituzte bertan bizi diren animalien eta animalia gaixoaren artean kutsadurarik ez izateko, bai eta pertsonei enbarazurik eta osasun publikorako arriskurik ez sortzeko ere.

  1. Hazkuntzarako eta salerosketarako establezimenduek berariaz inskribatuta egon beharko dute dagokien gune zoologikoen erregistroan. Gainera, 21. artikuluan aipatzen den erregistro-liburuan jaso beharko dira animalien sarrerak eta irteerak. Era berean, agintari eskudunaren esku jarri beharko dute saldutako animalien, jatorriaren, espeziearen, arrazaren eta eskuratzaileen zerrenda, eta erregistro horretan inskribatu beharko dituzte lortutako erditze eta kumeen kopurua eta kadentzia.

    Galzorian dauden txakur-arraza autoktonoak hazten laguntzen duten pertsonak, noizbehinkakoak direnean, jarduera hori garatzeko erregelamenduz ezartzen diren baldintza eta betekizunetara ere egokituko dira.

    Laneko animalia funtzionalei ere ez zaie aplikatuko ezaugarri genetikoak zaindu behar direnean, hazkuntza eta salerosketa puntuala denean eta animaliengatik jasotako konpentsazioaren zenbatekoa beroriek hazteko, zaintzeko, identifikatzeko eta erregistratzeko gastuen antzekoa denean.

    Banaka identifikatutako animaliak hiltzen badira, irteeren erregistroan inskribatu beharko da, kausari buruzko albaitariaren txostena erantsita. Animalien altak, bajak eta inskripzioen aldaketak AIEOra eramango dira, aurreikusitako epeetan eta erregelamendu bidez ezarritako moduan.

  2. Animaliak salerosten edo hazten dituzten establezimenduetan lan egiten duten eta animaliak manipulatzen dituzten pertsonek prestakuntza egokia izan beharko dute edo erregelamenduz ezarritako oinarrizko gaitasun espezifikoa eskuratu.

  3. Lagun egiteko animaliak hazteko baldintzak erregelamendu bidez arautuko dira, haien ongizatea babesteko eta haien suspertze fisiologiko egokia ziurtatzeko, eta ezingo da amaren edo kumeen osasuna eta ongizatea arriskuan jarri.

  4. Animalia-salerosketarako establezimenduek ez dute eskainiko partikularrek edo baimendutako hazkuntza-zentroaren izaerarik ez duten establezimenduek hazitako alerik.

  5. Behar bezala baimendutako gune zoologikoetara mugatuko da arriskutsuak izan daitezkeen txakur gisa katalogatutako arraza, arraza-tipologia edo arraza arteko gurutzaketetako animaliak haztea eta gurutzatzea, bai eta saltzea ere.

  6. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren artean katalogatutako arraza, arraza-tipologia edo arraza arteko gurutzaketak hazi edo salerosten dituzten nukleo zoologikoen arduradunek txakur horiek edukitzeko administrazio-lizentzia ateratzeko eskatuko diote erosleari. Transmititu aurretik, animalia saltzaile edo lagatzailearen titulartasunpean identifikatuta eta erregistratuta egongo da Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean, eta dagokion identifikazio-agiri ofiziala izango du.

  7. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak antzutu egin beharko dira hazkuntza-zentrotik irten aurretik, salbu eta haien helmuga behar bezala baimendutako beste hazkuntza-zentro bat denean. Animaliaren adinagatik, egoera fisikoagatik edo osasunagatik ezin bada antzutu, titular edo arduradun berriak konpromiso bat sinatu beharko du, antzutzea ahalik eta lasterren egiteko. Antzutze hori, nolanahi ere, 12 hilabete bete baino lehen egingo da.

  8. Animaliak hazi edo salerosten dituzten establezimenduek behar bezala identifikatuta entregatu beharko dituzte animaliak titularraren izenean. Erregelamendu bidez ezarritako gaixotasunen txertoa hartuta eta osasun-egoera onean entregatuko dira animaliak, eta inguruabar horiek albaitaritzako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiriarekin batera, animalien zaintzari, maneiuari, osasunari eta ongizateari buruzko aholkuak emango dira laburpen batean, bai eta animaliei tratu txarrak emateak eta haiek abandonatzeak dakartzan arau-hausteak eta zigorrak ere.

  9. Salerosketarako erabiltzen diren animaliak ezin izango dira erakusleihoetan edo bide publikoan ikusgai dauden guneetan erakutsi. Txakurrak eta katuak ezin izango dira inola ere transmititu jaio eta bi hilabete igaro arte, eta, beste edozein espezietan, titia kendu baino lehen. Europar Batasuneko beste Estatu kide batetik edo beste herrialde batzuetatik datozen animalien salmenta ezin izango da egin txakurkumeek hamabost aste bete baino lehen.

  10. Zentro horietan txakurrak eta katuak salerosteko katalogoak eta antzeko bitartekoak erabiliko dira, ez delarik beharrezkoa izango animaliak establezimenduan fisikoki egotea. Hala ere, agintari eskudunak baimena eman ahal izango du erregelamendu bidez zehaztutako osasungarritasun- eta espazio-baldintzak betetzen dituzten salerosketa-zentroetan txakurrak eta katuak egoteko. Zentro horietan, establezimendua eta animaliak zaintzeko arduradun bat egon beharko da, establezimendua ixteko orduetan.

  11. Komunikazio- eta hedapen-baliabideen bidez animaliak salerosteko iragarkiak onartuko dira soilik gune zoologikoaren erregistro-zenbakia jasotzen badute eta argitalpen edo webgune espezializatuetan egiten badira, erregelamenduz ezartzen den prozeduraren bidez halakotzat jotzen direnetan, alegia.

    Ekoizpeneko edo errentako animalien kasuan, nekazaritza- edo abeltzaintza-sektorerako argitalpenetan edo webguneetan merkaturatzeko edo dohaintzan emateko iragarkiak baimenduko dira.

  12. Erregelamendu bidez garatuko dira hazkuntza- eta salerosketa-zentroetan animaliak egoteari, erakusteari, zaintzeari eta haien osasun-baldintzei buruzko alderdiak.

  13. Hazkuntza- edo merkataritza-zentroek erraztasunak emango dituzte animaliak doan adoptatzeko, horiek establezimenduan fisikoki egon beharrik gabe, animaliak biltzeko zentroekin edo animaliak babesten dituzten elkarteekin lankidetzan arituz, horiek arduratuko baitira adopzioa formalizatzeaz. Animaliaren jatorriari eta izaerari buruzko informazioa establezimenduan argi ikusteko moduko leku batean jarriko da.

  1. Bilketa-zentroek aldi baterako harrera-erregimenean entregatu ahal izango diote animalia pertsona fisiko bati, pertsona horrek animaliaren zaintza, arreta eta behin betiko adopziora arte behar dituen higiene- eta osasun-baldintzak berma ditzan.

  2. Pertsona horrek animaliaren behin-behineko zaintza izango du aldi baterako harrera-erregimenean, harrerari borondatez uko egiten dion arte, animalia titularrari ematen zaion arte, edo behin betiko adoptatzen den arte.

  3. Araubide honen arabera animalia aldi baterako hartzen duen pertsona fisiko orori aplikatuko zaizkio lege honetan ezarritako betebeharrak.

  4. Harrera-etxeak animaliak babesten dituzten elkarteekin edo bilketa-zentroekin lotuta egongo dira beti. Horretarako, animalia bat hartzen duen pertsona fisikoak kontratu bat sinatu beharko du hura jasotzen duen zentroarekin edo hura entregatzen dion erakunde babeslearekin, bai eta hari buruzko edozein gorabeheraren berri eman ere.

  5. Harrera-zentroek eta elkarte babesleek dauden harrera-etxeen erregistro-liburu eguneratua eraman beharko dute, agintaritza eskudunen eskura egongo dena, eta bertan jasoko dira leku horri buruzko datuak eta hartutako animaliari buruzkoak, bai eta harreran utzitako animalien entrega- eta berreskuratze-datak ere.

  1. Animalien babeslekuak berariaz inskribatuta egon beharko dira dagokien erregistroan. Babeslekuek konfiskazioa, abandonua, erreskatea, dohaintza edo antzeko inguruabarrak izan dituzten animaliak hartuko dituzte, animaliak edozein motatakoak direla ere.

  2. Babeslekuan hartutako animaliak ezin izango dira inola ere saldu, dohaintzan eman, laga edo elikagaiak edo produktu eratorriak ekoizteko erabili, ezta esperimentazio-zentroetarako ere, eta ezingo dira zama- edo lan-animalia gisa erabili. Pertsonei edo beste babesleku batzuei bakarrik eman ahal izango zaizkie adopzioan, betiere lege honek ongizateari, albaitariaren artari, animalien osasunari eta erregistroei buruz esaten dituenak betetzen badira.

  3. Babesleku batean hartutako animalia oro behar bezala identifikatu beharko da lege honetan ezarritakoaren arabera. Animaliaren adinagatik, egoera fisikoagatik edo osasun-egoeragatik ezin bada antzutu, babeslekuak konpromiso bat sinatu beharko du, animalia sartzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean antzutzeko, albaitariak kontrakorik esaten ez badu.

  4. Babeslekuek neurri zorrotzak hartu beharko dituzte bertan bizi diren animalien artean kutsadurarik ez izateko, eta berrogeialdiko gune bat izan beharko dute. Hondakinak ezabatzeko sistema egoki bat izan beharko dute aurreikusita, ingurumenarentzat, beste animalia batzuentzat eta pertsonentzat arriskuak saihesteko.

  5. Babeslekuaren jarduera aldi baterako edo behin betiko eteten bada, animaliak helburu bereko beste zentro batean entregatu beharko dira.

  1. Debekatuta dago animaliekin ikuskizunak egitea, baldin eta beren garapen-araudirik ez badute, izan artistikoak, kulturalak, kirolekoak edo antzekoak, publikoak edo pribatuak, eta lokal itxi edo ireki batean, aire zabaleko esparru batean edo bide publikoan, instalazio finko, eramangarri edo desmuntagarrietan eginak.

  2. Animaliekin egindako ikuskizunen erregelamenduen eta baimenen xedea izango da ikuskizun horien eta horiekin lotutako jardueren prestaketa, antolaketa eta garapena arautzea. Era berean, emandako baimenen kasuan, ikuskizunen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak baliozkotuta egon beharko dute.

  3. Animalien kontzentrazioak edo lehiaketak aldez aurretik jakinarazi beharko zaizkie foru-organo eskudunari eta tokiko agintaritzari, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Ekitaldia antolatzen duen pertsona edo erakundea arduratuko da animalien osasun eta ongizateari buruzko araudi aplikagarria betetzeaz, bai ekitaldiak irauten duen bitartean, bai animaliak kontzentraziotik eta kontzentraziora egiten diren joan-etorrietan.

    2. Espezie zehatz bakoitzari aplikatu beharreko araudiaren arabera identifikatutako eta dokumentatutako animaliak bakarrik joan edo parte hartu ahal izango dute.

    3. Erregelamendu bidez ezarriko da animalien osasun eta ongizatearen arloan indarrean dagoen araudia aplikatzeaz arduratzen den albaitariaren kontrola egiteko betebeharra.

    4. Animaliei ezin izango zaie tratu txarrik eman.

    5. Animaliak mugitzeko bizitokiak eta esparruak egokiak izango dira espezie bakoitzarentzat, eta haien beharrizan fisiologikoei erantzungo diete, sufrimendurik edo kalterik izan ez dezaten.

  4. Debekatuta daude zirku-izaerako eta izaera ibiltariko ikuskizunak eta jolas-jarduerak, animalien presentzia barne hartzen dutenak, bai eta karrouselak eta antzeko beste atrakzio batzuk ere, etxeko animaliak edo basa-animaliak erabiltzen dituztenak.

  1. Udalak hiriko katu-koloniak kudeatzeaz arduratuko dira; kudeaketa hori animalien HEMI metodoa aplikatuz egingo da (harrapaketa, antzutzea, markaketa eta itzulera). Itzulitako katuek identifikazio-marka bat izango dute, antzu gisa identifikatzeko.

  2. Udalek, ahal dela, metodo hori aplikatzen zaien animalia guztien zainketaz, identifikazio-markaketaz eta erroldaz arduratzen diren pertsona eta elkarteekiko lankidetza sustatuko dute. Inola ere ezingo dira kolonian erroldatu identifikazio indibiduala duten eta AIEOn erregistratuta dauden animaliak, horiek abandonatutako animaliatzat hartuko baitira, titularrari dagokion zehapenari kalterik egin gabe.

  3. Katu-kolonia kudeatzen duen erakundeak edo elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du dagokion udalarekin eta bere gain hartuko du bertan sinatutakotik erator litekeen erantzukizuna.

  4. Dagokion administrazio-baimena izan ezik, debekatuta dago herritarrek katu-kolonietakokatuak elikatzea. Udalek behar bezala seinaleztatuko dute katu-kolonia kontrolatuak eta babestuak daudela. Halaber, katu-koloniak elikatzeaz arduratzen diren pertsonei dagokien egiaztagiria emango zaie.

  5. Banako jendekinen eta beren kumeen adopzioa sustatuko da, betiere animalien elkarte edo babesleen ikuskaritzapean eta adopzio-kontratuarekin, behar bezala identifikaturik, mikrotxiparen bidez edo kasu bakoitzean dagokionaren bidez, eta AIEOn inskribatuta egonik. Sozializazio-bideraezintasunagatik adoptatu ezin direnak soilik egon beharko dira kolonian.

  1. Gizakiarekin hiriguneetan bizi diren beste animalia-populazio batzuen kudeaketak arrazoi justifikatua izan beharko du, dela osasun-arriskua dagoelako, dela ondareari edo ondasun publikoei edo animalien ongizateari kalte egiteko arriskua dagoelako.

  2. Administrazio eskudunak kudeaketa horren beharra egiaztatzen duten txostenak eduki beharko ditu. Txosten horiek publikoak izan beharko dira, eta herritarren erakundeen eta haiek eskatzen dituzten erakundeen eskura egon beharko dute.

  3. Populazioetan hiriko basaespezieen kudeaketa beharrezkoa bada, administrazio eskudunek haien kudeaketa etikoa bermatuko dute beti, esku-hartzearen xede diren animaliei sufrimendua eragiten dien edozein protokolo saihestuz. Kudeaketa horretan, lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dira horretarako gaitasuna duten erakunde babesleekin.

  4. Higiezinen titularrek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte hiriko basa-espezieen ugaritzea saihesteko, bai eta osasun- edo ingurumen-arriskua duten populazioena ere, eta lehentasuna izango du haiek habiak egitea edo haztea oztopatzea. Neurri horiek ez dute, inola ere, animalien kalterik edo heriotzarik eragingo, salbu eta intsektuak hiltzeko eta arratoiak hiltzeko eta arrisku sanitarioa duten hiriko animalien bestelako izurriteen aurkako kanpainak.

  5. Hiriko hegazti-populazioak kudeatzeko, exotiko gisa tipifikatutakoak barne, jaiotza-tasa kontrolatzeko prozedurak bultzatuko dira, hala nola espeziearentzako antisorgailu selektiboak edo arrautzen kontrola.

  1. Nekazaritza-dibertsitate autoktonoaren eta ondasun etnokulturalen ondareari egiten zaion ekarpenaren balioen arabera, edo ale-kopuruak galzorian dauden bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko Animalia Arrazen Katalogo Ofizialean aitortutako euskal arraza autoktonoak kontserbatu ahal izango dira, eta erakunde eskudunek horiek zaintzeko eta berreskuratzeko beharrezkoak diren kontrol- eta sustapen-tresnak ezarriko dituzte.

  2. Horretarako, aurreko paragrafoan aipatutako ezaugarriak dituzten arrazak Euskadiko Ondare Genetiko eta Etnologiko izendatuko dira, eta horiek babesteko esparru juridiko berezia izango dute. Arau-esparru hori erregelamendu bidez garatuko du Eusko Jaurlaritzan nekazaritza-arloko eskumena duen sailak.

Animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteak legez eratutako irabazi-asmorik gabeko elkarteak izango dira, helburu nagusitzat animaliak defendatzea eta babestea dutenak.

  1. Foru-organoek Administrazioaren erakunde laguntzaileen titulua emango diete Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez zehaztutako betekizunak betetzen dituzten elkarteei.

  2. Eusko Jaurlaritzak, foru-organoek eta, hala badagokio, toki-korporazioek animaliak babesteko eta defendatzeko jarduerak egitea hitzartu ahal izango dute erakunde laguntzaileekin, eta, zehazki, honako eginkizun hauek:

    1. Dibulgazio, kontzientziazio, hezkuntza eta prestakuntza lanak eta ekintzak egitea, honako helburu hauekin: animaliak babestea eta defendatzea, animaliak abandonatzearen aurka borrokatzea, animaliak identifikatzea, antzutzea eta arduraz edukitzea.

    2. Administrazio eskudunari laguntzea galdutako edo abandonatutako animaliak edo animalia horien titularrek entregatutakoak jasotzen.

    3. Instalazio publikoak erabiltzea abandonatutako, Administrazioak konfiskatutako edo osasun-arrazoiengatik isolatuta egon behar duten animaliak biltegiratzeko, zaintzeko eta maneiatzeko, dagokion administrazioaren aldez aurreko hitzarmenarekin edo baimenarekin.

    4. Animaliak hirugarrenei lagatzea edo eutanasia kudeatzea, lege honetan ezarritako baldintzetan.

    5. Animaliak hartzeko etxeak kudeatzea.

    6. Lagun egiteko animaliekin edo gatibu dauden basa-animaliekin lotutako establezimenduak ikuskatzeko ardura duten agintaritzako agenteekin lankidetzan aritzea. Dagokion zehapen-espedientea instruitzeko eskumena duen agintaritzaren aurrean ere egin ahal izango dituzte salaketak, hala badagokio.

    7. Agintaritzako agenteei eta administrazio publiko eskudunei laguntza ematea lege hau betetzearekin zerikusia duen guztian.

    8. Dagokien administrazioei animalien defentsa eta babes eraginkorragoa lortzeko egokitzat jotzen dituzten neurriak proposatzea.

    9. Hiriko basa-animalien populazioak eta hiriko katu-koloniak kudeatzea.

    10. Arau-hauste edo delitu izan daitezkeen egitateak agintarien aurrean salatzea.

  1. Albaitarien elkargo ofizialak lankidetzan arituko dira administrazio publikoekin lege hau aplikatzeko eta, bereziki, osasun-kontrolari dagozkion neurrien segimendua egiteko.

  2. Albaitarien elkargo ofizialek, lege honek haien elkargokideei esleitzen dizkien funtzio eta eskumenei dagokienez, funtzio eta eskumenok behar bezala betetzen direla zainduko dute.

  1. Animalien Ongizaterako eta Babeserako Erakundearteko Kontseilua eratzen da, erakundeen arteko lankidetzarako organo iraunkor gisa, eta haren helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen arteko lankidetza sustatzea, animalien ongizatearen eta babesaren arloan. Halaber, kontseilu honen helburua da pertsonen eta animalien arteko tratu ona eta bizikidetza sustatzeko neurriak proposatzea.

  2. Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, Euskadiko Udalen Elkarteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Euskal Kontseiluko ordezkariek osatuko dute Animalien Ongizaterako eta Babeserako Erakundearteko Kontseilua. Batzordearen osaera eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko dira.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Lagun egiteko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorra funtsezko tresna da animalien babes, trazabilitate eta informaziorako, bai eta galdutakoak, abandonatutakoak edo lapurtutakoak aurkitzeko ere. Erregistro hori Lagun egiteko Red Española de Identificación de Animales de Compañía (REIAC) barruan egongo da, baita Europar Batasunean ofizialki jarduten duten guztietan ere.

  2. Erregistroa nekazaritzaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikitzen zaio, eta sail hori arduratuko da hura kudeatzeaz.

  3. Erregelamendu bidez, animalien babesari eta ongizateari buruzko legeria hausten duten pertsonen informazio-atal bat sortuko da, udalek, foru-aldundiek, justizia-administrazioak eta nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko ministerio eskudunak jasotako informaziotik abiatuta.

  4. Osagarri gisa, animalien trazabilitatea errazteko, establezimendu, zentro edo elkarte babesle guztiek beren datu-basea izan beharko dute, animaliak saldu, laga edo ematen zaizkien pertsonen identifikazioarekin eta egoitzarekin, bai eta lagapenak edo adopzioak egiten direnetik egindako jarraipenarekin ere. Jarraipen horretan tratu txarren bat egiaztatzen bada, zentroak animalia berreskuratu ahal izango du, dagozkion legezko ekintzen kaltetan izan gabe.

  1. Udalek eta foru-organo eskudunek begiratu eta ikuskatuko dituzte lagun egiteko animaliak hazi, salerosi edo aldi baterako mantentzeko establezimenduak, bai eta abandonatutako animaliak bildu, hartu eta babesteko zentroak ere.

  2. Administrazio eskudunek, kautelaz eta prebentzioz, tratu txarrak edo arretarik eza jasateko arriskuan dauden animaliak konfiskatu ahal izango dituzte, haien osotasuna babesteko funtsezkotzat jotzen dutenean, eta bilketa-zentro edo itundutako harrera-zentro batera eraman, zaintzeko.

  1. Ikuskatze-eginkizunak egiten dituzten administrazio publikoetako langileak, zeregin horietan ari direnean, eta beren nortasuna egiaztatuta, agintaritzaren agente izango dira, legedi orokorrean eta administrazio-prozedurari buruzko legedian aurreikusitako baldintzetan eta ondorioekin. Langile horiek behar diren kontrol eta jarduera guztiak egingo dituzte egiaztatzeko behar bezala betetzen direla lege honetan eta hura garatzen duten arauetan eskatzen diren baldintzak.

  2. Horretarako, langile horiek noiznahi eta aurretiko baimenik gabe sartu ahal izango dira lege hau bete behar duen edozein zentro edo establezimendutan, salbu eta zentro edo establezimendu hori eraginpeko pertsona fisikoaren etxebizitza bada. Kasu horretan, haren berariazko oniritzia edo epailearen baimena beharko da.

  3. Ikuskatzaileek, beren eginkizunak betetzen ari direnean, egin ahal izango dituzte probak eta behar diren jarduera eta errekerimendu guztiak lege hau eta hura garatzen duten arauak betearazteko.

  1. Arau-hauste arinak: arau-hauste arintzat hartzen da egitez edo ez-egitez animaliari kalte fisikorik edo portaera-aldaketarik eragin gabe legez ezarritako debekuak, zainketak edo betebeharrak ez betetzea eragiten duen jokabide oro, edo animaliaren titularrek edo arduradunek administrazio-erantzukizunak ez betetzearen ondoriozkoak.

    Zehazki, honako hauek dira arau-hauste arinak, betiere animaliari kalte fisikorik eragiten ez badiote:

    1. Animaliak beren instalazioetan hartzen edo mantentzen dituzten establezimenduen titularren administrazio-erantzukizunak ez betetzea.

    2. Lagun egiteko animalien kontrolik gabeko ugalketa saihesteko beharrezko neurriak ez hartzea.

    3. Animaliak baldintza desegokietan garraiatzea, araudian ezarritakoa bete gabe.

    4. Animaliei behar bezala kontrolatu, zaindu eta jagon ezin diren lekuetan edukitzea.

    5. Animaliak beren osasunerako beharrezkoak diren albaitaritza-azterketak eta zainketak ez egitea.

    6. Animalia biziak erakusleiho komertzialetan erakustea.

    7. Edozein komunikazio-euskarritan krudeltasun, tratu txar edo sufrimendu simulatuak eragiten dituzten animaliekin egindako eszenak filmatzea, argazkiak ateratzea edo grabatzea, agintaritzari aldez aurretik jakinarazi gabe.

    8. Hiriko bide eta espazio publikoetan txakurren gorozkiak ez jasotzea.

    9. Animaliei administrazio-baimenik ez duten ikuskizunetan parte harraraztea.

      4.2 artikuluko a) eta b) idatz-ataletan ezarritako betebeharrak ez betetzea, betiere animaliari kalterik edo sufrimendurik eragiten ez badiote.

    1. Animaliak identifikatu eta erregistratzeko betebeharrak ez betetzea, bertan jasotako datuen aldaketak aurreikusitako epeetan jakinarazteko betebeharra barne.

    2. Identifikaziorik eta erregistrorik gabeko animalia bat eskuratzea, edozein tituluren bidez, hori nahitaezkoa denean lege honetan ezarritakoaren arabera.

    1. Salmenta, dohaintza edo beste edozein tituluren bidez animalia bat transmititzea, gutxienez jaio eta bi hilabete igaro baino lehen, identifikatu eta erregistratu beharrekoak.

    2. Lagun egiteko animalien gorpuak deuseztatzea identifikazioa egiaztatu gabe, identifikazioa nahitaezkoa denean, eta administrazio eskudunari ez jakinaraztea identifikatutako lagun egiteko animalia baten gorpua erretiratu dela.

    1. Kalteak eragin ditzaketen animaliak zaintzeko eta zaintzeko ardura ez izatea, eta, zehazki, txakurrak arauzko babes-elementuekin eta lotuta ez eramatea. Era berean, txakurrek beste animalia batzuei edo pertsonei erasotzen badiete, agintariek emandako aginduei jaramonik ez egitea.

    2. Katu-kolonietako banakoak elikatzea, behar den administrazio-baimena izan ezean.

    3. Animaliak tindatzea erakargarri bihurtzeko asmoz, salerosketarako edo ikuskizunetarako edo adierazpen artistikoaren euskarri gisa.

    4. Lege honetan arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat tipifikatzen ez den beste edozein arau-hauste.

  2. Arau-hauste astunak: arau-hauste astuntzat joko da egitez edo ez-egitez eta betebeharrak ez betetzearen edo debekatutako jokabideen ondorioz animaliari kalte edo sufrimendurik eragiten dion jokabide oro, betiere heriotza edo ondorio larririk eragiten ez badiote:

    1. Animaliak beren instalazioetan hartzen edo mantentzen dituzten establezimenduen titularrek animalien zaintza eta bizi-baldintzen arloan dituzten erantzukizunak, betekizunak edo baldintzak ez betetzearen ondoriozkoak, betiere heriotza edo ondorio larriak eragiten ez badizkiete.

    2. Animaliei alferrikako sufrimenduak edo lesioak eragitea.

    3. Animaliei behar ez diren sufrimenduak edo kalteak eragin diezazkieketen substantziak ematea.

    4. Animaliei tratu iraingarria ematea edo beren izaerari ez dagozkion portaera edo jarrerak izanaraztea, bai eta haien bizitza arriskuan jar dezaketen egoeren eraginpean jartzea ere, salbu eta lagun egiteko animalia laguntzaileak badira eta xede duten jarduera zehatza egiten ari badira.

    5. Beren gaitasuna gainditzen duen edozein jardueratan parte harraraztea, edo animalia gaixoak, nekatuak, umedunak edo sei hilabetetik beherakoak badira.

    6. Animaliak dohaintzan ematea, hala nola publizitate-erakargarri ordainsari, trukaketa, xorte, zozketa, truke, sari edo konpentsazio gisa animalien kostu bidezko transakzioaz bestelako erosketengatik.

    7. Animaliei albaitari-laguntza egokirik ez ematea ageriko gaitz edo sufrimendu larrien aurrean.

    8. Animaliak gatibu edukitzea, haien behar etologikoei erantzun gabe.

    9. Lege honek debekatzen dituen ikuskizunetan ikusle gisa parte hartzea.

    10. Animaliarentzako arrisku-egoera amaitzeko agintaritzak hartutako behin-behineko neurriak, kautelazkoak edo irmoak, eta zehapen osagarriak haustea.

    11. Animaliak hazi edo salerostea dagokion baimenik izan gabe, edo legez ezarritako establezimenduetatik kanpo egitea.

    12. Animalien galera ezarritako epeetan ez jakinaraztea, baita etxeko animalia bat harrapatzea eta agintariei harrapaketaren berri berehala ez ematea ere.

    1. Agintari eskudunei animalien eta haien instalazioen ikuskapena galaraztea, bai eta kontrol-eginkizunak betetzeko behar diren informazioa eta dokumentuak ez ematea edo Administrazioari okerreko dokumentazioa ematea ere.

    2. Hiriko basa-animaliak harrapatzea, haiei tratu txarrak ematea edo salerostea, salbu eta administrazio eskudunak baimendutako pertsonak animalia-populazioak kontrolatzeko jarduerak egiten ari badira.

    1. Pertsonei eraso eginez gero, bere titulartasuneko edo erantzukizuneko animalia albaitari ofizialaren edo berak aukeratutako gaitutako albaitari ofizialaren behaketaren mende jartzeko betebeharra ez betetzea, hamalau egunez edo beste denboraldi batez, une bakoitzeko egoera epizootiologikoak hala eskatzen duenean.

    2. Katu-kolonia batean dagoen katazulo bat kaltetzea edo suntsitzea.

    3. Zigor-lepokoak erabiltzea, hala nola, pintxo-lepokoak, itotzeko lepokoak, deskarga elektrikoetarako lepokoak eta horiek erabiltzeak mina, ondoeza fisikoa eta/edo psikologikoa eragiten duen beste edozein lepoko-mota, lege honek horien erabilerarako ezarritako baldintzak bete gabe.

    4. Kalteak eragin ditzaketen animalien babes eta zaintzan behar bezalako arreta ez izatea, eta, zehazki, txakurrak lotuta eta arauzko babes-elementuekin ez eramatea. Era berean, jaramonik ez egitea txakurrek beste animalia batzuei edo pertsonei erasoz gero agintariek emandako jarraibideei.

    5. Animaliak etengabe lotuta edo ibilgetuta edukitzea.

    6. Lege honen ondorietarako, 3 arau-hauste arin edo gehiago bi urteko epean.

  3. Arau-hauste oso astunak: arau-hauste oso astuntzat hartuko da, oro har eta jarraian tipifikatutako beste jokabide batzuk alde batera utzita, egitez edo ez-egitez eta debekatutako betebeharrak edo jokabideak ez betetzearen ondorioz animaliaren heriotza edo ondorio larri iraunkorrak eragiten dituen jokabide oro.

    Bereziki, honako hauek hartuko dira arau-hauste oso astuntzat:

    1. Beren instalazioetan animaliak hartzen edo mantentzen dituzten establezimenduen titularrek beren betebeharrak ez betetzea, edo animalien zaintza eta bizi-baldintzen arloan debekatutako jokabideak izatea, animaliaren bat hiltzea edo ondorio larri iraunkorrak eraginez gero.

    2. Animaliak albaitariaren kontrolik gabe edo lege honetan ezarritako kasuetatik kanpo antzutzea, mutilatzea edo hiltzea, bai eta legez ezarritako baldintza eta betekizunen aurka antzeko beste edozein esku-hartze egitea ere.

    3. Animaliei tratu txarrak ematea edo erasotzea, heriotza edo ondorio larri iraunkorrak eraginez.

    4. Substantzia toxikoak emanez animaliak hiltzea, lege honetan jasotako kasuetan izan ezik.

    5. Ikuskizun arautuetan parte hartzen duten animaliei anestesiak, drogak edo beste produktu batzuk ematea, haien otzantasuna, errendimendu fisiko handiagoa edo beren portaera naturalaren aurkako beste edozein helburu lortzeko.

    6. Elikagai pozoituak edo elementu zorrotzak dituztenak uztea eta animalientzako pozoia barreiatzea bide eta espazio publiko edo pribatuetan uztea.

    7. Edozein komunikazio-euskarritan krudeltasuna, tratu txarrak edo itxurarik gabeko sufrimendua dakarten animaliekin eszenak filmatzea, argazkiak ateratzea edo edozein komunikazio-euskarritan grabatzea.

    8. Animaliei debekatutako ikuskizunetan parte harraraztea.

    9. Animaliak modu oldarkorrean edo bortitzean heztea edo borroketan parte hartzeko prestatzea.

    10. Animaliekin edo animalien artean borrokak eragitea, sustatzea edo antolatzea.

    11. Animaliak borroketan edo erasoetan parte hartzeko erabiltzea.

    12. Lagun egiteko animalia gisa erabiltzen diren basa-faunako espezieak baimenik gabe salerostea, haztea edo gurutzatzea.

    1. Arriskutsuak izan daitezkeen txakur-arrazak baimenik gabe hazi edo gurutzatzea, bai eta ezarritako epean ez antzutzea ere.

    2. Animaliak abandonatzea.

    1. Aldi baterako hartze- edo bilketa-zentroan dauden animaliei tratamendu terapeutiko egokia ez ematea.

    2. Lege honen ondorietarako, 2 arau-hauste edo gehiago bi urteko epean.

  1. Lege honetan tipifikatutako arau-hausteen erantzule izango dira lege honetan eta hura garatzen duten arauetan jasotako aginduak egitez edo ez-egitez urratzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

  2. Lege honetan aurreikusitako betebeharrak pertsona batek baino gehiagok bete behar badituzte elkarrekin, edo arau-haustea pertsona bati baino gehiagori egotz badakieke eta ezin bada zehaztu haietako bakoitzaren parte-hartze maila, egiten diren arau-hausteen eta, kasua bada, ezartzen diren zehapenen erantzukizun solidarioa izango dute. Halaber, beren jarduera egiteari utzi dioten pertsona juridikoei ezartzen zaizkien zehapenen erantzukizun subsidiarioa izango dute arau-haustea egin zen unean entitateko administratzaile edo ahalordedun nagusiaren kargua zutenek.

  1. Lege honetako arau-hausteak 100 eurotik 100.000 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira, eskala honen arabera:

    1. Arau-hauste arinak, 100 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

    2. Arau-hauste astunak: 3.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko isuna.

    3. Arau-hauste oso astunak: 10.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna.

  2. Lege honetan ezarritako zehapenen zenbatekoak urtean behin eta automatikoki eguneratuko dira, kontsumoko prezioen indizearen arabera. Indize hori aurreko urteko zehapenaren zenbatekoari aplikatuko zaio.

  1. Zehapen-ebazpenak aginduko du arau-haustearen xede diren animaliak konfiskatzeko eta, hala badagokio, bilketa-zentro batera eramateko, beharrezkoa denean animaliaren osotasun fisikoa eta herritarren segurtasuna bermatzeko.

  2. Arau-hauste astunak eta oso astunak egiteak instalazio, lokal edo establezimenduak aldi baterako ixtea ekar dezake, gehienez ere bi urtez astunak, bai eta gehienez lau urtez oso astunak, eta beste animalia batzuk erosteko debekua ere, gehienez ere lau urtez astunen kasuan eta hamar urtez oso astunen kasuan.

  3. Arau-hauste astunak egiteagatik ezarritako zehapenek berekin ekar dezakete, dagokion isunaren zehapen osagarri gisa, animaliak edukitzeko desgaikuntzaren zehapen osagarria, hiru hilabetetik zortzi urtera artekoa gehienez ere. Arau-hauste oso astunekin batera, animaliak edukitzeko hamar urtera arteko desgaikuntza dakarren zehapen osagarri bat ezarriko da.

  4. Astuntzat edo oso astuntzat jotako arau-hausteak hiru urte bete baino lehen errepikatzen badira, behin betiko galduko dira lege honen II. tituluko III. kapituluan adierazitako administrazio-baimenak.

Zehapenak ezartzeko eskumena duen agintaritzak erabaki ahal izango du arau-hauslea prestakuntzako edo informazioko prebentzio-programetan sartzea edo animalien zaintzarekin loturarik ez duten lan komunitarioetara bideratzea. Bi modalitateak, osagarriak edo alternatiboak izan daitezkeenak, borondatezkoak izango dira, eta ezin izango dira ezarri zehatuaren edo haren legezko ordezkariaren berariazko adostasunik gabe.

  1. Zehapenak mailakatzeko, inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

    1. Intentzionalitatea izatea, edo arau-haustearen erantzulearen kondizio profesionalaren arabera galda daitekeen erantzukizun-maila.

    2. Eragindako animalien kopurua, egindako arau-hausteak haiei eragindako kaltea eta animalien osasunean, osasun eta segurtasun publikoan edo ingurumenean duen eragina.

    3. Legez kontrako irabazi-asmoa eta arau-haustearekin lortutako edo aurreikusitako irabaziaren zenbatekoa.

    4. Arau-haustearen jarraitutasuna, iraunkortasuna, errepikatzea, berrerortzea, aiherkundea eta/edo ankerkeria.

    5. Urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, administrazio-bidean ebazpen irmoaren bidez hala deklaratu bada.

    6. Arau-haustearen erantzukizun-mailan, zentzu aringarri edo astungarrian, eragina izan dezakeen beste edozein inguruabar. Horretarako, garrantzi berezia izango du adingabeen edo gaixotasuna edo desgaitasuna direla eta kalteberatasun-egoeran daudenen aurrean animalien aurka egindako indarkeriak.

    7. Zehatutako pertsonak eta agintaritza eskudunarekiko duen lankidetza, gertaerak argitzeko eta kaltetutako ondasuna itzultzeko.

  2. Bi arau-hauste edo gehiagoren erantzuleari arau-hauste bakoitzari dagozkion zehapen guztiak ezarriko zaizkio.

  3. Egitate berak edo egitate anitzek arau-hausteen konkurtso erreala, ideala edo mediala eragiten badute, astuntasun txikieneko zehapenak ezarriko zaizkio zehapen bakoitzari.

  1. Lege honetan aurreikusitako zehatzeko ahala Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen edo haren ordezko arauaren arabera baliatuko da.

  2. Udalek lege honen arabera hasitako zehapen-espedienteak instruitu eta ebatziko dituzte, gune zoologikoei eta ekoizpeneko edo errentako animaliei buruzkoak izan ezik, horien instrukzioa eta ebazpena foru-aldundien eskumena izango baita.

  3. Udal-agintariek eskumen hori gauzatzeko behar diren baliabideak ez dituztenean, akordioak egin ahal izango dituzte foru-organo eskudunekin, eginkizun horiek beren gain har ditzaten.

  4. Arau-hausteak delitu izan badaitezke, administrazio instrukzio-egileak jurisdikzio-organo eskudunari pasatuko dio erruduntasun-testigantza, eta ez du zehapen-prozedurarekin jarraituko agintaritza judizialak epai irmoa edo prozedurari amaiera ematen dion ebazpena eman arte.

    Agintaritza judizialaren zehapenak administrazio-zehapena ezartzea baztertuko du, subjektuaren, egitatearen eta oinarriaren identitatea ikusten den kasuetan. Deliturik egon dela baietsi ez bada, administrazioak zehapen-espedientearekin jarraitu ahal izango du, jurisdikzio eskudunak frogatutzat jo dituen egitateak oinarri hartuta.

    Administrazio-prozedura zehatzailea eteteak ez du eragozten hartutako kautela-neurriei eustea, baldin eta bateragarriak badira prozesuaren esparru prozesalean erabakitakoekin.

  1. Animaliak edo pertsonen osotasuna babesteko beharrezkoa denean, behin-behineko neurriak hartu ahal izango dira zehapen-prozedura hasi aurretik.

  2. Honako hauek dira zehapen izaera ez duten behin-behineko neurriak:

    1. Lege honen babespean dauden animaliak behin-behinean erretiratzea, baldin eta lege honen xedapenak urratu izanaren zantzuak badaude, eta, horren ondorioz, animaliak berehala eta presaz erretiratzea komeni bada.

    2. Nahitaezko baimen edo erregistrorik ez duten establezimendu, instalazio edo zerbitzuak amaitzea edo ixtea, edo haien funtzionamendua etetea, ikusitako akatsak zuzendu arte edo animalien babes eta ongizateagatik eskatutako baldintzak bete arte.

  3. Behin-behineko neurriek proportzionaltasun-irizpideari jarraituko diote, eta funtzionarioek egindako aktan justifikatuko dira neurri horien kausa eta helburu zehatzak.

  4. Behin-behineko neurriak organo eskudunaren ebazpen bidez berretsi edo kendu behar dira, eta neurri horiek hartzeak ez du aurrez epaitzen eragiten dien subjektuen erantzukizun penala edo administratiboa.

  5. Behin-behineko neurriei eutsiko zaie neurriak hartzeko arrazoiek dirauten bitartean.

  1. Zehapen-espedientea hasi ondoren, eta arau-hauste gehiago ez egiteko, administrazio-agintaritza instrukzio-egileak honako kautela-neurri hauek hartu ahal izango ditu, arrazoituta:

    1. Hartutako behin-behineko neurriak mantentzea edo aldatzea; kautelazko neurriak izango dira.

    2. Animaliak eta haien zaintza prebentzioz konfiskatzea, animaliak biltzeko zentro batean sartu ondoren.

    3. Instalazio, lokal edo establezimenduak prebentzioz ixtea.

    4. Agintari eskudunak animaliak lekualdatzeko legez eskatzen diren agiriak geldiaraztea edo ez ematea.

  2. Kautela-neurriek iraungo dute horiek hartzeko arrazoiek dirauten bitartean. Edonola ere, animalien erretiratzea ezin izango da luzatu espedientearen ebazpen irmoaz harago, eta prebentziozko itxierak ezin izango du 41.2 artikuluan aurreikusitako epearen erdia baino gehiago iraun, baldin eta animalien behin betiko konfiskazioarekin irmoki zehatu ez bada.

  3. Zehapen-espedientean, egindako arau-haustearen zenbatekoaz gain, behin-behineko edo kautelazko neurriak ezartzeak eragin ditzakeen kalteak ere jasoko dira.

Honako hauei dagokie arau-hausteetarako aurreikusitako zehapenak ezartzea:

  1. Alkatetzari, arau-hauste arinen kasuan.

  2. Gobernu Batzordeari, halakorik badago, edo udalbatzari, arau-hauste astun eta oso astunen kasuan.

  3. Foru-organo eskudunari, bere eskumeneko arau-hausteen kasuan.

Lege honetan aurreikusitako edozein zehapen ezartzeak ez du baztertzen zehatutako pertsonaren edo erakundearen erantzukizun zibila.

  1. Lege honetan aurreikusitako arau-hausteak urtebetera preskribatuko dira arinen kasuan, bi urtera astunen kasuan, eta hiru urtera oso astunen kasuan.

    Arau-hausteen preskripzio-epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Arau-haustea modu jarraituan egin bada, arau-haustea eragin duen azken egitatea egin zen egunetik edo legez kontrako egoera ezabatu zenetik hasiko da kontatzen epe hori.

  2. Arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapenak hiru urtera preskribatuko dira, arau-hauste astunengatik ezarritakoak bi urtera, eta arau-hauste arinengatik ezarritakoak urtebetera.

    Zehapenen preskripzio-epea zehapena ezartzen duen ebazpena administrazio-bidean irmo bihurtu eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen.

Urtebeteko epean, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek lege honen edukia euskal gizartearen artean zabaltzeko ekimenak egin beharko dituzte, bai eta animaliekiko errespetua sustatzen lagunduko duten aldian behingo neurriak hartu ere.

Ekimen horien artean, honako hauek izango dute lehentasuna:

Informatzea eta sentsibilizatzea animaliak abandonatzeak eta/edo tratu txarrak emateak dakartzan ondorioei buruz eta animalien eta pertsonen arteko bizikidetza egokiari buruz.

Lagun egiteko animaliak hausnartu gabe eskuratzeko gogoa kentzea eta animalia horiek antzutzeko beharraz kontzientziatzea.

Lagun egiteko animalien adopzioa eta edukitza arduratsua sustatzeko dibulgazio-ekintzak garatzea.

Animalien ongizateari buruzko informazio- eta aholkularitza-kanpainak egitea lege honen ondoriozko betebeharren eta erantzukizunen eraginpeko kolektibo sozial eta profesionalen artean.

Ikasleen artean dibulgazio-kanpainak programatzea eta animalien ongizateari buruzko edukiak irakaskuntza arautuaren eta ez-arautuaren hezkuntza-programetan sar daitezen sustatzea.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Espezie exotiko inbaditzaileetako animalien aleak.

  1. Espezie exotiko inbaditzaileen katalogoan sartutako animalia-espezieen aleak, 2013ko abuztuaren 3a baino lehen lagun egiteko animalia exotiko gisa edo etxeko animalia gisa eskuratuak edo behar bezala baimendutako parke zoologikoetan kokatuak, beren titularrek mantendu ahal izango dituzte, edukitzaren edo eskuratzearen berri 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen eman bazuten.

  2. Foru-agintariek ezarriko dute, hala badagokio, aleak antzutzeko betebeharra, bai eta identifikazio-sistema egokiak ere.

  3. Titularrek berehala jakinarazi beharko dute ale horiek ustekabean askatu direla, eta ezin izango dituzte merkaturatu, erreproduzitu edo laga. Agintari eskudunek, eskatuz gero, aipatutako animaliak borondatez entregatzea erraztuko dute.

  4. Debekatuta dago basa-jatorriko edozein hegazti-espezie aloktonoren guztien aleak edukitzea, garraiatzea eta salerostea. Debeku hori espezie exotiko inbaditzaileen katalogoan sartutako gatibutasunean jaiotako espezietako hegaztiei ere aplikatzen zaie; debeku horretatik salbuetsita daude 2007ko martxoaren 23a baino lehen legez eskuratutako basa-jatorriko aleak.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Animalien Ongizate eta Babeserako Erakundearteko Kontseilua.

    Lege hau indarrean sartu eta gehienez ere urtebeteko epean, Animalien Ongizaterako eta Babeserako Erakundearteko Kontseilua sortzeko dekretua argitaratuko da.

    HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Abian diren zehapen-espedienteak.

    Lege hau indarrean jarri aurretik ireki ziren zehapen-espedienteak arau-haustea egin zen unean indarrean zen legediaren arabera jarraituko dira izapidetzen.

Xedapen honek Animaliak Babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legea indargabetzen du, bai eta lege honetan xedatutakoarekin kontraesanean dauden edo bateraezinak diren maila bereko edo beheragoko xedapenak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Garapen-xedapenak.

Eusko Jaurlaritzak urtebeteko epean emango ditu lege hau garatzeko bere eskumenekoak diren arauak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Udal-ordenantzak egokitzea.

Udalek urtebeteko epea dute, lege hau indarrean jartzen denetik, udal-ordenantzak lege honen xedapenetara egokitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 8a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Txakurrak (Canis lupus familiaris).

Katuak (Felis silvestris catus).

Hudoak (Mustela putorius furo).

B ZATIA

Ornogabeak (erleak, Mollusca filumeko moluskuak eta Crustacea subfilumeko krustazeoak izan ezik).

Uretako animalia apaingarriak.

Anfibioak.

Narrastiak.

Hegaztiak: oiloak, indioilarrak, pintadak, ahateak, antzarak, galeperrak, usoak, faisaiak, eperrak eta estruzioniformeak (Ratitae) ez diren hegazti-espezieetako espezimenak.

Ugaztunak: elikagaiak ekoizteko erabiltzen direnak ez diren karraskariak eta untxiak, bai eta ekoizpenerako eta errentarako erabiltzen direnak ez diren ekidoak ere, aplikatu beharreko sektore-araudian aurreikusi gabekoetan.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik