Arautegia

Inprimatu

4/2022 LEGEA, maiatzaren 19koa, Euskal Kasazio-Errekurtso Zibilari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 105
  • Hurrenkera-zk.: 2369
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2022/05/19
  • Argitaratze-data: 2022/06/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 4/2022 Legea, maiatzaren 19koa, Euskal Kasazio-Errekurtso Zibilari buruzkoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 2.3 artikuluak agindu bat eman zion Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko Salari, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jurisdikzioa duten epaileek eta auzitegiek ematen dituzten ebazpen arrazoituetatik sortzen den doktrina bateratzeko agindua, legeria prozesalak une bakoitzean hartarako ezartzen dituen errekurtsoen bitartez.

Lege hau onartu arte, Euskal Herriko berezko foru-zuzenbide zibil edo bereziaren arauak hausteagatik Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salaren aurrean jarritako kasazio-errekurtsoa zeina eratortzen baita Konstituzioaren 152. artikulutik, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 73. artikulutik eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 14.1.a) artikulutik Prozedura Zibilaren Legearen 477tik 493ra bitarteko artikuluetan jasotako arauek soilik gobernatzen zuten.

Halere, lege-aurreikuspen horiek orain arte ez dute eman nahi bezalako emaitzarik, izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenen kopurua urriegia da euskal zuzenbide zibila behar adina erabaki judizialez hornitzeko, alegia, doktrina bateratzeko eman zaion eginkizuna osorik bete ahal izateko. Eta hori gertatzen da ebazten diren auziak, hainbat arrazoirengatik, gutxi direlako, eta denboran zehar kopuru hori gutxituz joan da.

Arrazoi horien artean nabarmendu behar da Prozedura Zibilaren Legearen II. liburuko IV. tituluko V. kapituluan jasotako araudia ez zaiela egokitzen euskal zuzenbide zibilak dituen benetako premiei, izan ere, ordenamendu honen zenbait berezitasun funtsezko zein zirkunstantzialek beste zuzenbide zibil batzuetatik bereizten dute eta, are intentsitate handiagoz, zuzenbide zibil erkidetik eta bere inguruabarretatik. Berezitasun horien artean, honakoak azpimarra ditzakegu:

  1. Alde batetik, beste foru-zuzenbide batzuetan gertatu den bezala, euskal zuzenbide zibilaren berezko gai askoren diru-zenbatekoa eskasa da. Diru-zenbatekoa eskasa izatea lotuta dago gure egunetara arte iraun duen erakunde asko nekazaritza-munduarekin mendetan zehar uztartuta egotearekin, esaterako, tronkalekotasuna edo foru-saka, baserriaren ondare- edo eskualdatze-araubideari lotutako arauak eta landa-errentamenduaren arloko berezitasunak; edo, beste erakunde propio batzuen diru-zenbatekoa materialki txikiagoa izatearekin, hala nola, bide-zorrei, landak ixteko eskubideari eta kalterik gabeko igarobideari dagozkionak; edo, era berean, euskal zuzenbide zibileko gai askoren izaera ez-diruzkoa izatearekin edo diru-zenbateko zehaztugabea izatearekin, izan ere, horiek ez zuten bermatuta gaiaren araberako kasaziorako sarbidea, esaterako, familia-zuzenbideko gai gehienak eta, bereziki, bikote-hausturaren ondorengo zaintza eta gurasoen arteko harreman-araubideari buruzko edo izatezko bikoteen araubideari buruzko gai guztiak.

    Horregatik, euskal kasazio zibila kasazio orokorraren eskakizun zorrotzen mende egoteak kasazio-prozeduratik atera ditu hainbat xedapen, materia eta instituzio foral, zeinak, balorazio ekonomiko prozesal mugatua eduki arren, oso errotuta dauden eta gatazka sozial handiak eragiten dituzten zein bere eremuan. Horiek, summa gravaminis irizpidea aplikatuz, irismen orokorreko jurisprudentziatik kanpo uzten dira.

    Prozedura Zibilaren Legean jasotako araudia euskal zuzenbide zibilaren benetako beharrizanetara ez egokitze hori bera aipa daiteke gure zuzenbidearen beste ezaugarri edo berezitasun batzuei dagokienez ere; ez zuzenbide horren arau edo erakunde jakin bati buruz ari garenean, oro har hartuta baizik. Hala, euskal zuzenbide zibilaren berezitasuntzat hartu behar dira eta tratamendu partikularra eskatzen dute.

  2. Euskal zuzenbide zibila idatzizko garapen-maila eta kodetze-maila apalagoekin iritsi da gaurko egunera zuzenbide zibil erkidearekin alderatuta, bai eta beste foru-zuzenbide zibil edo berezi batzuek gaur duten garapen-mailarekin alderatuta ere, hala nola Kataluniako edo Aragoiko zuzenbide zibilak. Eta hori guztia hala da nahiz eta, historikoki, Euskal Herriak foru-ordenamendu errotuenetako bat izan, bai arlo publikoan bai pribatuan, ondare historiko ukaezina duena, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian berariazko aitorpena eta gaurkotze-mandatu bat dituena, idatzizko testuetan adierazle argia (foruak) eta jurisprudentziaren interpretazio eta aplikazio zabala izan dituena, halatan non, 1841eko urriaren 29ko Dekretu bidez ezabatuak izan aurretik, lurralde historikoek beren planta eta sistema judizial propioa baitzuten. Idatzizko garapen- eta kodetze-maila apalago horren arrazoia da, neurri handi batean, XIX. mendearen amaieran foruak abolitzeak ekarri zuen errotiko etena, hain zuzen ere Europako zuzenbideek, Espainiakoak barne, beren kodetze-prozesuei heldu zieten garaian. Baina baita ere, zenbait arrazoi historiko direla tarteko, ez zaielako ekin kodetze-prozesuei edo garapen handiko prozesuei, ez errepublikaren garaian ez ondoren, beste foru-ordenamendu batzuetan lehenago edo geroago egin zen bezala.

  3. Beste alde batetik, beste foru-zuzenbide zibil edo berezi batzuetan gertatzen den bezala baina agian modu nabarmenagoan euskal zuzenbide zibilaren kasuan, lehen adierazi dugunaren haritik, mendetakoa izan da ohiturarekiko dependentzia zuzenbidearen iturri gisa, eta asko dira ohituraz iraun duten arauak edo denbora luzez ohituran izan dutenak adierazpide bakarra, harik eta, poliki-poliki, zuzenbide idatzian sartu diren arte. Egoera horren adibide ona da, hain zuzen, Gipuzkoako zuzenbideak ezagutu duen bilakaera historikoa, zeinak ez baitu idatzizko testuetan jasotako arau zibilik izan ez eta konpilazio-prozesuan islarik ere, baina bai, aldiz, tradizio luze eta ukaezina usadioetan. Era berean, horren adibide nabariak dira, beste lurralde batzuetan, guraso eta seme-alaben arteko harremanei edo familia-zuzenbideari buruzko arauak, landa-errentamenduei buruzkoak, zortasunei buruzkoak edo baserriari lotutakoak, sozietate tradizionalen araubideari buruzkoak, hala nola ermandadeei, kofradiei, mutualitateei edo, orobat, fundazio pribatuei buruzkoak. Horiek guztiak ohitura izan dira idatzizko legean jasoak izan baino askoz aurretik. Era berean, Estatu autonomikoa iritsi arte berezko legegintza-organorik ezean, ohituraren bidea izan da, orobat, erakunde batzuk foru-ordenamenduan integratzeko baliatu duten modua edo bidea, lege-garapena izan baino askoz ere lehenago; erakunde horiek indar handiz errotu dira Euskal Herrian garrantzi juridikoa duten usadio eta egintzen etengabeko errepikapenaren bidez. Horren adibide izan daiteke euskal kooperatiben errotze eta dinamismoa, 1880ko hamarkadaren hasieran Euskal Herrian sortu ziren lehenengo kontsumo-kooperatibetatik hasi eta, ondorengo garapenarekin, gaur egun munduko industria-talde kooperatibo handiena izatera iritsi arte.

  4. Aurreko guztiagatik, euskal zuzenbide zibilaren kasuan, jurisprudentziak, bai historikoak bai egungoak, garrantzi berezia izan du eta du, idatzizko eta, batez ere, ohiturazko arau horien katalizatzaile nagusi, eguneratze-bide eta adierazgarri gisa. Bere izaera beragatik, funtzio horrek ezin dio entzungor egin Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuaren baitan foru-araubidearen eguneratze orokorra gauzatzeko Konstituzioak berak ematen duen aginduari. Euskal zuzenbide zibilaren arauen kasuan, jurisprudentziak duen funtzio berezi horrek, haren historiatik eta iturri-egituratik eratorria denak, berekin ekarri du, orobat, jurisprudentzia kontzeptuaren definizio berezi eta zabalago bat, euskal zuzenbide zibilari berezkoa eta bereizgarria zaiona. Definizio hori, gaur egun, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 2.2 artikuluan jasota dago, eta jurisprudentziaren kontzeptua zabaltzen du Euskal Autonomia Erkidegoan jurisdikzioa duten epaile eta auzitegi guztiek zuzenbide horren aplikazioan emandako ebazpen arrazoituek behin eta berriz ezartzen duten doktrina osoa barne hartzeko; hain zuzen ere, zuzenbide zibil erkideak erabiltzen duen jurisprudentzia kontzeptutik modu argian urrunduz, zeina, Kode Zibilaren 1.6 artikuluaren arabera, Auzitegi Gorenak behin eta berriz ezartzen duen doktrinaren bidez soilik mamitzen baita.

  5. Hori guztia ikusirik eta kontuan hartuta bai jurisprudentziak euskal zuzenbide zibilaren kasuan bereziki jokatu behar duen berebiziko papera, bai jurisprudentziak zuzenbide horretan daukan esanahi zabala bai eta horregatik jurisprudentzia bateratzeko funtzioak duen aparteko garrantzia ere, deigarria da, nahiz eta arrazoi historikoengatik erraz azaltzeko modukoa, foru-kasazioko errekurtsoa espezifikoki aurreikusita ez egotea Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 73.1.a artikulua indarrean sartu zen arte eta doktrina bateratzeko ardura daukan auzitegia bera, Euskadiko Auzitegi Nagusia alegia, sortu gabe egotea duela gutxira arte, hots, 1989ra arte.

    Egiazki, ordura arte Auzitegi Gorenak egindako funtzioa alde batera utzirik, askoz lehenago sumatzen zen lan hori modu espezifikoagoan egingo zuen organo baten beharra, euskal zuzenbide zibilaren funtsezko berezitasun, inguruabar eta iturrietara, bai eta kasazio-errekurtsoaren erregulazioari buruzko zenbait berezitasunetara ere, bereziki egokituta. Behar hori sumatzen zen egungo Justizia Auzitegi Nagusiaren sorrera bera baino lehen ere, eta haren sorrerari bide eman zion sistema autonomikoaren ezartzeak, zehazki, 1978ko Espainiako Konstituzioaren 152. artikuluak gaituta. Horren aurrekarien artean nabarmentzen da, jadanik Bigarren Errepublikaren garaitik, Lege Onuemale Batzordeak (gaur eguneko Aholku Batzorde Juridikoaren aurrekari zuzenak) aurrera eraman zuen Euskadirako «Auzitegi Nagusi bat eta Lurralde Entzutegi bat sortu eta antolatzeko ikerketa lana», 1937ko urtarrilaren 28ko Oroagindu edo Dekretuaren oinarri izango zena, zeinak ondokoa xedatu baitzuen: «Lurraldeko Auzitegi bat sortu-erazten da Bilbao'n. Araba, Gipuzkoa eta Bizkai'n izango du agintea oraingoz» (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren aurrekari izan zen Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoan argitaratua, 1937ko urtarrilaren 31ko 115. alean argitaratu zena).

    Auzitegi Nagusiaren sorrera berantiarraren oso bestelakoa da Auzitegi Gorenak izan duen historia luzea, zeinaren sorrera ikus dezakegun 1812ko Konstituziora arte eta urte bereko apirilaren 17ko Dekretura arte atzera eginda. Eta horrek azaltzen du, halaber, foru kasazio-errekurtsoak zenbait arau espezifiko behar duela, Prozedura Zibilaren Legean jasotzen diren kasazio-arau erkideetatik ezberdinak izango direnak, azken horiek erantzuten baitiete, nagusiki, Auzitegi Gorenaren esperientzia eta inguruabarrei, eta zuzenbide zibil erkidearen interpretazio-beharrei.

    Horrela, adibidez, bi auzitegiak sortzeko daten artean dagoen alde horren ondorioz, justifikatuta dago termino erlatiboetan oraindik berria den Justizia Auzitegi Nagusiak kontuan hartuta euskal zuzenbide zibila osatzen duten edo haren aurrekariak diren arau askoren antzinatasun eta jatorria ezin bazter uztea, arau horiek interpretatu eta bateratzeko zereginean, bere aurretik zeregin horretan aritu ziren auzitegien jurisprudentzia historikoa eta, bereziki, Auzitegi Gorenarena.

  6. Azkenik, doktrina bateratzeko eginkizun hori osorik eta modu egokian egiteari begira, ezberdinak dira euskal zuzenbide zibilaren eta zuzenbide zibil erkidearen egoera Justizia Auzitegi Nagusiaren egoera prozesal bereziari dagokionez, eta ezberdintasun horrek kasazio-errekurtsoaren moldaketa eskatzen du Euskadiren kasuan. Izatez, Auzitegi Gorenak zuzenbide zibil erkidearen arloko doktrina bateratzeko erabili ditzakeen tresna prozesalak ez dira Justizia Auzitegi Nagusiak euskal zuzenbide zibilaren arloko doktrina bateratzeko izan dituenak. Dela baten eta bestearen eskumenak ezberdinak direlako, dela gaur egun, oraindik ere, Justizia Auzitegi Nagusiaren lana erabat gidatu behar zuten arauen erregulazioa partzialki osatu gabe dagoelako, Justizia Auzitegi Nagusia oraindik ere iragankorra den araubide batera bideratuta dago halabeharrez (Prozedura Zibileko Legearen azken xedapenetako hamaseigarrenaren arabera, 1. apartatuko 2tik 7ra bitarteko xedapenak).

    Ezaugarri horiek guztiek bereizten dituzte, batetik, euskal zuzenbide zibila eta zuzenbide zibil erkidea; bestetik, lehenengoak jurisprudentzia sortzeko dituen beharrizan eta aukera bereziak eta zuzenbide zibil erkideak dituenak eta, azkenik, euskal zuzenbide zibilaren jurisprudentzia bateratu behar duen organoa eta zuzenbide zibil erkidea bateratu behar duena, azken horri begira pentsatuta baitaude, batez ere, arau prozesal orokorrak.

    Horregatik guztiagatik, hemen aztertzen ari garen kasazio-errekurtsoaren berezitasunen erregulazioak, ahalik eta gutxien izanik eta hargatik eragotzi gabe arau prozesal orokorrera jotzeko beharra ezinbestekoa ez den horretan guztian, nahitaez jaso behar ditu beharrezkoak diren zehaztapen guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak bere doktrinaren bitartez euskal zuzenbide zibila bateratu, araztu eta, kasu batzuetan, azaleratu ahal izan dezan.

Arazo horiek konpontzeko, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10. artikuluko 5 eta 6. apartatuetan eta 14.1.a) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz eta Konstituzio Auzitegiak Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren inguruan egindako interpretazioaren babesean (Konstituzio Auzitegiaren 47/2004 Epaia, martxoaren 25ekoa), Eusko Legebiltzarrak euskal zuzenbide zibilaren arloko kasazio-errekurtsoa arautzeko lege bat egin dezake, foru-zuzenbide zibil edo berezi propioa duten beste autonomia-erkidego batzuek egin duten bezala, euskal zuzenbide zibilak dituen eta aipatu berri ditugun berezitasunek eragiten dituzten premia bereziei erantzuteko.

Alde horretatik, herritarren eskubideak babesteko bermeak sendotze aldera, legeak Estatuan gai horri buruz dagoen araudi berrienaren bidetik jotzen du, hau da, kasazio-errekurtsoa indartu egin nahi du, zuzenbidearen aplikazio judizialaren uniformetasuna bermatzeko tresna nagusia izan dadin. Horretarako nabarmendu behar da, besteak beste, autonomia-erkidegoak kasazio-errekurtsoa arautzeari dagokionez joka dezakeen rola, Konstituzioaren 149.1.6 artikulutik bertatik abiatuta eta, kasu horretan, Autonomia Estatutuaren 14.1.a) artikuluan oinarrituta.

Lege honek, zehazki, abiapuntu ditu bi premisa orokor, beharrezko eta elkarren osagarriak:

Diru-zenbatekoaren betekizuna ezabatzea eta errekurtsoen aurkezpena onartzea kasazio-interesa izanez gero, halatan non diru-zenbatekoa ez den eragozpena izango auzi batzuk kasaziora iristeko ekonomikoki balio txikikoak edo kuantifikaezinak izateagatik, baldin eta euskal zuzenbide zibilaren interpretazioari dagokionez garrantzi handikoak edo kasazio-interesdunak badira, familia-zuzenbidearen arloan askotan gertatzen den bezala.

Kasazio-interesa sinplifikatzea, zehaztea eta argitzea, hura eratzeko balio duten elementuak zabalduz; halatan non, oro har, Justizia Auzitegi Nagusira jo ahal izango baita gaiari buruzko jurisprudentziarik ez badago edo probintzia-auzitegiek ebazpen kontrajarriak eman badituzte. Kasazio-interesaren bidearen zabaltze eta argitze hau bigarren baldintza bat da, beharrezkoa, diru-zenbatekoaren araberako sarbidea ezabatu ahal izateko. Kasazio-interesaren bidezko sarbidea nahikoa zabala ez bada, gerta liteke summa gravaminis delakoa ezabatzea kasaziora iristeko muga bat kentzea baino, kasaziorako sarbide bat ezabatzearen parekoa izatea, eta horrek kasaziora irits daitezkeen ebazpenen kopurua are gehiago murriztea ekar lezake, handitu beharrean, legearen izateko arrazoia bera zalantzan jarriz. Kontuan hartu behar da, gainera, gaiaren araberako prozedura berezien bidez bideratzen diren errekurtsoak ere kasazio-interesaren irizpideari lotzen zaizkiola (Prozedura Zibilaren Legearen 477.2.3 artikulua), esate baterako, izatezko bikoteen eta familia-zuzenbidearen gai gehienekin gertatzen den bezala, eta, zehazki, bikote-hausturaren ondorengo zaintza eta gurasoen arteko harreman-araubideari buruzko gai guztiekin edo hausturaren ondorengo neurriak aldatzeari buruzkoekin, Familia Harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legean aipatuak.

Kontuan hartzen da arauaren helburua dela bide prozesal berri bat ezartzea, eragile juridiko ezberdinek interpretatu eta aplikatu beharko dutena. Beraz, errekurtso berriaren diseinuaren argitasuna eta segurtasun juridikoa ere lehentasunezko helburuak dira. Horrenbestez, lege argi bat egin nahi da, zeinaren aurreikuspenak behar bezala mugatuta egongo diren eta aukera emango duten, alde batetik, etorkizuneko araua ordenamendu juridikoan txertatzeko ezarriko den errekurtsoak Auzitegi Gorenaren aurreko kasazio-errekurtso zibilarekin eta arau-hauste prozesalaren ondoriozko errekurtsoarekin batera bizi behar du eta, bestetik, operadore juridikoek interpretatu eta aplikatzeko. Azken batean, legeak eraginkortasunez lagunduko du Justizia Auzitegi Nagusiaren euskal zuzenbide zibilaren inguruko jurisprudentziaren gainean doktrina zabal bat eratzen, zeinak zuzenbide hori garatzeko eta finkatzeko ez ezik, irizpide uniformeen arabera aplikatzeko ere balioko baitu.

Halaber, kasazioa hirugarren auzialdi bihur ez dadin eta soil-soilik bere funtzio nomofilaktikoa bete dezan, lege honek errekurtsoak onartzeko mekanismo bat diseinatzen du, zeinak deskribatzen baitu zein kasutan eraman daitekeen auzi bat Justizia Auzitegi Nagusira kasazio-interesa duelako. Horrela, bada, Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak zenbait kasutan kasazio-interes objektiboa dagoela erabaki ahal izango du, errekurtsoa onartzeko autoan berariaz arrazoituz. Errekurtsoa kasu zehatz batzuetan onartu beharko da, alegia, kasazio-interes objektiboaren presuntzioa dagoen kasuetan.

Prozedura Zibilari buruzko Legearen 478.1 artikuluaren idazkera zorrotzaren aldean, lege honen 3.2 artikuluak berrikuntza garrantzitsu bat dakar, izan ere, errekurtso honen ondorioetarako, foru-zuzenbide zibiltzat zer ulertu behar den garatzen du eta, beraz, zehaztu egiten du zein arau-hausteren aurrean balia daitekeen. Berrikuntza hori beharrezkoa da euskal zuzenbide zibila soilik 5/2015 Legearen edukira mugatzen duen interpretazioa saihesteko, eta bat dator euskal zuzenbide zibilaren ezaugarri bereziekin, zuzenbide hori oraindik ere partzialki zenbait legetan zatikatuta eta sakabanatuta edo erabat kodetu gabe baitago; eta bat dator, halaber, zuzenbide substantiboaren berezitasun horiek direla-eta euskal kasazio zibilak erantzun behar dien premia bereziekin ere. Artikulu honek, gainera, Auzitegi Gorenaren doktrinak jada garatutako elementu batzuk jasotzen ditu, esate baterako, ziurtatzen duenean zuzenbide pribatuko gaiei buruzko auziak ebazteko aplika daitekeen arau autonomiko oro ez dela foru-zuzenbide zibileko edo bereziko arau eta, ildo horretatik, irizpide argiak ematen ditu bereizketa hori ezartzeko, errekurtsogileek aukera izan dezaten beren errekurtsoaren bideragarritasunaren gaineko aurreikuspen nahikoa izateko.

Lege honen beste berritasun bat kasazio-errekurtsoaren xedea auto jakin batzuetara zabaltzean datza. Horrek desberdintasun formala dakar kasazio-errekurtsoaren araubide orokorrarekiko, bereziki Justizia Auzitegi Nagusiak gaur egun kasazio-errekurtsoa ebatz dezakeen moldean. Baina, ondorio praktikoei begira, antzekotasunak ditu Auzitegi Gorenak dituen benetako eskumenekin kasazio-funtzioa beste bide batzuekin osatzeari dagokionez; hala nola, arau-hauste prozesalaren ondoriozko errekurtsoaz arduratzeko duen eskumenaren bidez, edo jurisprudentziak irekitako beste bide baten bitartez, zeinak aukera ematen baitu auto batzuk kasaziora irits daitezen, hain zuzen ere, atzerriko epaiak aitortu eta betearaztearen arloko errekurtsoak ebazten dituzten autoak, nazioarteko zenbait hitzarmen eta tresnaren babesean.

Lege honen 3.3 artikuluak hizpide dituen behin betiko autoak euskal zuzenbide zibilaren arau substantiboak aplikatzen edo interpretatzen dituzten probintzia-auzitegiek apelazioan emandakoak dira, eta, horregatik, euskal zuzenbide zibilaren funtsezko arauen edo haiei dagozkien berezitasun prozesalei buruzko arauen interpretazio gutxi-asko egokiak aplikatu edo aurreratu ditzakete. Esate baterako:

(i) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 245.1.b artikuluan eta Prozedura Zibilaren Legearen 206.1.2 artikuluan jasotakoak, zuzenbide substantiboko arauei dagozkienak legitimazioa edo funtsezko beste gai batzuk.

(ii) Prozedura Zibilaren Legearen 206.1.2 artikuluan jasotako erregistroko idatzoharrei eta inskripzioei buruzko autoak. Puntu honetan, polemika bat nabarmentzen da: ezkontza-araubide ekonomiko jakin baten babesean euskal zuzenbide zibileko izatezko bikoteek egindako ondasun higiezinen eskuratzeek Jabetza Erregistroan sarbidea izan dezaketen ala ez.

(iii) Prozedura Zibilaren Legearen 206.1.2 artikuluko bitartekaritza-akordioei eta hitzarmenei buruzko autoak, bereziki familia-zuzenbidearen eremuan, Familia Bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legeari dagokionez, eta bai hitzarmen arautzaileei dagokienez, bai Gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legean aipatzen diren elkarbizitza hausten denerako itunei dagokienez.

(iv) Gai baten gaineko transakzioaren onargarritasunari buruzko autoak, Prozedura Zibilaren Legearen 206.1.2 artikulukoak. Berriz ere, Familia Bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legearekin lotuta, eta familia-zuzenbidearen eremuan eragin handikoa; izan ere, aginduzko arau eta interes ugari daude xedaezin gertatzen direnak adingabearen interes gorenari, alderdien arteko berdintasunari edo gurasoetako edozeinen botere-gehiegikerien aurrean babesteari lotutako arrazoiei eragiten dietelako.

Agi denez, bigarren instantziari amaiera emango dioten probintzia-auzitegien autoen kontra beti jar daiteke prozedura urratzeagatiko errekurtsoa (Prozedura Zibilaren Legearen 468. artikulua). Baina errekurtso hori bakarrik jar daiteke 469. artikuluan jasotako eta batez ere prozedurazko izaera duten arrazoi mugatuengatik eta, beraz, aukera horrek ez du ahalbidetzen arau sustantiboen gaineko doktrina bateratzerik, are gutxiago, arrazoi horiek modu hertsian interpretatu behar direnean, ezohiko errekurtsoen arloan mugitzen garelako.

Baina, gainera, ebazpen horiei kasaziorako sarbidea ukatzeak alboko ondorio bat ere izango luke, prozedura urratzeagatiko errekurtsoa jartzeko aukera bera ukatuko bailuke, Prozedura Zibilaren Legearen 469. artikulu horretako arau-hauste horiek ebaztea ezinezko eginez. Izan ere, kasaziorako diru-zenbatekoaren araberako sarbidea kenduta, Prozedura Zibilaren Legearen azken xedapenetako hamaseigarrenaren arabera, ezingo da prozedura urratzeagatiko errekurtsoa jarri kasazio-errekurtsoa jarri gabe, ez bada oinarrizko eskubideen babes judizial zibilerako eta, kasu horretan ere, Konstituzioaren 24. artikuluak aintzatesten dituenak baztertuta (2. araua); eta errekurtso biak batera jartzen direnean, prozedura urratzeagatiko errekurtsoaren onarpena kasazioerrekurtsoaren aldez aurreko onarpenaren baldintzapean egongo da (5. araua).

Horregatik, bereziki garrantzitsua da aipatu ditugun eduki substantiboko autoei doktrina bateratzeko tresna den kasaziorako sarbidea gaitzea. Ez bakarrik euskal zuzenbide zibilaren arau substantiboen interpretazioan eragiten duten gai substantiboak lantzen dituztelako edo landu ditzaketelako, baizik eta, kasazio bidez berrikusteko modukoak ez badira, ezingo direlako arau-hauste prozesalaren ondoriozko aparteko errekurtsoaren bidez ere berrikusi, ez baitute horretarako sarbiderik izango.

Era honetan, euskal zuzenbide zibilaren arau sustantiboak aplikatuz ebatzi behar diren gai askoren balio ekonomiko eskas edo neurtezinak, lege honen bidez summa gravaminis delakoa ezabatzea bultzatzen duenak, zeharkako ondorioak ditu, halaber, prozedurazko arloan eta prozedura urratzeagatiko errekurtsoari dagokionez, eta konponbide zehatzak eskatzen dituzte horiek, hala nola, eduki sustantiboko zenbait autori kasazio-errekurtsorako sarbidea ematea. Hori dela eta, ezarri nahi den arau prozesal berezia lotzen da ad hoc babes prozesal hori eskatzen duen berezitasun substantibo propio batekin.

Modu berean, justizia-auzitegi nagusien aurrean aurkezten den kasazioari dagokionez, salbuespen gisa onargarria denez berez arau-hauste prozesalaren ondoriozko aparteko errekurtsoaren bidez soilik alegatu ahal izango liratekeen arrazoiak alegatu ahal izatea (Prozedura Zibilaren Legea, 469. artikulua, hamaseigarren xedapen gehigarriaren 1.1 apartatuak berariaz aipatuta), erabateko zentzua du, auzitegi horien aurreko kasazioari dagokionez, epaiez gain Prozedura Zibilaren Legearen 468. artikuluan aipatzen diren autoek ere lekua izateak. Izan ere, Justizia Auzitegi Nagusiaren aurreko kasazio bidez onargarriak ez balira, ez lirateke onargarriak izango halaber auzitegi horren aurrean prozedura urratzeagatiko errekurtsoaren bidetik, azaldu diren arrazoiengatik. Kasu honetan, hortaz, beharrezkoa egiten da autoen kontrako errekurtsoa onartzea, azaldutako arrazoiengatik, hain zuzen ere, ebazpen judizialak har dezakeen forma (epaia edo autoa) ez dadin eragozgarri izan haiek aintzakotzat hartzeko.

Azkenik, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak nazioarteko edo Europar Batasuneko erregelamendu, tratatu edo hitzarmenen arabera errekurtsoa jartzeko modukotzat onartu dituen autoei, salbuespen gisa, kasazio-bidetik aurkez dakieke errekurtsoa (ez arau-hauste prozesalaren bidetik), Prozedura Zibilaren Legearen 477.2 artikuluari jarraituz, kasu bakoitzean aplikatu beharreko arauari dagokionez. Betearazpen-autoak edo atzerriko epaien aitorpenari buruzko autoak epaiekin parekatzearen jatorrian (kasaziorako sarbidea onartzen baita, nahiz eta ebazpen-moldea autoa izan eta ez epaia, eta arau-haustea arau prozesalei buruzkoa izan arren, hala nola epaiak aitortzeari eta betearazteari buruzko tratatu eta erregelamenduak) jurisprudentziaren interpretazio jakin bat dago, zeinak lehendabiziko epai horiekin berdintzen baititu, errekurtsoa jartzeko ahalmena nazioarteko berrespen-tresnan edo Europako izaera bertsuko arauetan aitortzen denean. Eta hori egiten du nazioarteko arau horien eraginkortasuna bermatzeko, izan ere, edukirik gabe geratuko lirateke (ezin baitira arau-hauste prozesalaren ondoriozko errekurtsoaren bidez errekurritu) ebazpen judizialak hartzen duen formak (epaia edo autoa izateak) eragotziko balu kasazio-errekurtsoa jartzea.

Arrazoi berberengatik, eta euskal zuzenbide zibileko arau batzuk Europako antzeko arau batzuekin eta nazioarteko tresna batzuekin estuki lotuta daudenez (aplikatu beharreko foroa edo legea zehazten dutenak, adibidez, seme-alaba komunen gaineko guraso-erantzukizunari, mortis causa oinordetzei, ezkontzako araubide ekonomikoei edo erregistratutako batasunen ondare-ondorioei dagokienez), ezin da baztertu atzerriko ebazpen batek Euskal Autonomia Erkidegoko foru-zuzenbide zibil edo bereziko arauak aplikatu behar izatea eta, hala badagokio, urratu behar izatea, eta kasu horretan Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako organo judizial bat behartuta egongo litzateke aplikazio hori berrikustera edo atzerriko epaia onartzera, hura exekutatze aldera.

Izan ere, euskal zuzenbidearen arau-hauste hori gertatuko balitz, guztiz zentzuzkoa litzateke ebazpen jakin hori kasazioan Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean aurkaratu ahal izatea, baldin errekurtsoa, kasuan kasuko nazioarteko arau-urraketari buruzkoa ez ezik, euskal zuzenbide zibileko arauak hausteari buruzkoa ere baldin bada, «zio bakar gisa edo beste zioekin batera» (lege honen 3.2 artikulua, Prozedura Zibilaren Legearen 478. artikuluari eta Prozedura Zibilaren Legearen azken xedapenetako hamaseigarrenaren 1.1 in fine artikuluari dagokienez). Eta hori guztia, jurisprudentziak salbuespen gisa Auzitegi Gorenaren kasuan onartu dituen arrazoi berberengatik eta argi utzita, betiere, ezin izango direla euskal kasazio zibil horretara iritsi epaien exekuzioari buruzko autoen aurkaratzeak, baldin eta nazioarteko arau horien urratzean soilik oinarritzen badira, bereziki arau horiek eragozten badute funtsari buruzko balorazioa egiterik eta automatikoki onartzen badute atzerriko ebazpena, hain zuzen ere kasu horietan funtsezko baldintza bat faltako litzatekeelako, hots, errekurtsoaren oinarrian egotea prozesuaren xede diren auziak ebazteko aplikagarri diren Euskal Autonomia Erkidegoko berezko foru-zuzenbide zibil edo bereziaren arauen urraketa.

Azkenik gehitu behar da, arauaren alderdi honi dagokionez, idazketa berri honek Prozedura Zibilaren Legearen azken xedapenetako hamaseigarrenean aurreikusitakoari buruz eragin ditzakeen gaizki-ulertuak saihesteko, hirugarren xedapen iragankor berri batek osatzen duela lege honen 3. artikulua. Xedapen iragankor horrek ondokoa argitzen du: «Justizia-auzitegi nagusietako arlo zibil eta penaleko salek arau-hauste prozesalaren ondoriozko aparteko errekurtsoez oro har arduratzeko eskumenik ez duten bitartean, lege honetan araututako errekurtsoa oinarritu ahal izango da lehen honen 3. artikuluaren 1. atalean aipatzen den urraketan, hots, prozesuaren xede diren gaiak ebazteko aplikatu beharreko Euskal Autonomia Erkidegoko berezko foru-zuzenbide zibil edo bereziaren arauen urraketan eta, orobat, Prozedura Zibilaren Legearen 469. artikuluan aurreikusitako arrazoietan, haren azken xedapenetako hamaseigarrenean ezarritakoaren arabera».

Era berean, lehen zeharka aipatu dugun moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusia orain dela ez horrenbeste urte sortu izanak (1989an) behartzen gaitu aurretik egon zitekeen jurisprudentzia kontuan hartzera, eskuarki Auzitegi Gorenarena, lehendik existitzen ziren euskal zuzenbide zibilaren arau batzuei dagokienez eta, bereziki, ohiturei erreferentzia egiten dietenei dagokienez, edo Arabako eta Bizkaiko Zuzenbide Zibil Foralaren konpilazioa jasotzen duen uztailaren 30eko 42/1959 Legean edo foru-zuzenbide zibileko lehenengo lege autonomikoetan jasotzen ez diren iturriei dagokienez. Zehaztu behar da, baina, jurisprudentzia horrek kasazio-interesa justifikatzeko balioko duela soilik baldin doktrina hori indarrean badago, hau da, Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisprudentzia-doktrinak hura ordeztu ez badu.

Premia horrek euskal zuzenbide zibilaren bilakaera historikoaren eta zuzenbide horri aplika dakiokeen jurisprudentziaren berezitasun nabari bati erantzuten dio, zuzenbide zibil erkidearen aurkez aurke. Izan ere, zuzenbide zibil erkidean ez bezala, doktrinaren bateratze-lana ez du beti auzitegi berak gauzatu, auzigaia ebazteko aplikatu den edo aplika daitekeen zuzenbide materiala, forala edo berezia integratzeko eta interpretatzeko garaian.

Aurreko berrikuntzekin batera, kasazio-interesaren ikuskera zabala atxikitzeak izango lukeen garrantziari dagokionez, eta ohartarazi ditugun euskal zuzenbide zibilaren berezko berezitasunen poderioz bai bere erakunde espezifikoen ikuspegitik, bai zuzenbide horren garapen-egoera zehatzagatik, gure kasuan garrantzi berezia hartzen du epaitegiek eta auzitegiek araua interpretatzea Kode Zibilaren 3. artikuluan adierazitako irizpideak kontuan hartuta, arau idatziak eta, bereziki, idatzi gabekoak (ohiturazkoak edo euskal zuzenbide zibilaren printzipio orokorretatik eratorritakoak) egokitzeko mekanismo gisa. Horregatik, legearen 4. artikuluaren 4. apartatuak berariaz lotzen ditu kasazio-interesaren araberako onarpen-irizpidea eta aplikazio-aldiko gizarte-errealitatearen bilakaerak eskatzen duen doktrina-aldaketaren justifikazioa.

Bistan da kasazio-errekurtsoak berezkoa duen funtzio nomofilaktikoa arauaren beraren defentsari datxekiola, eta ez kasazio-auzitegiak arauari buruz duen doktrinaren defentsari. Arauaren defentsak eta hura interpretatuko duen doktrina sortzeak, bestalde, barnean hartu behar ditu organo judizialak erabili behar dituen irizpide hermeneutikoak eta interpretatzaileak arautzen dituzten manuak (Kode Zibilaren 3. artikulua), bere doktrina baino lotesleagoak direnak. Ohiturazko edo idatzi gabeko arauek ez dituzte zuzenbide kodetuaren berezko egokitzapen-mekanismoak, hots, dagozkion legegintza-organoen bitartez egindako aldaketen bidezkoak, eta askoz ere lotuago daude auzitegiek egiten duten integrazio-, interpretazio- eta egokitzapen-lanari eta, horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko epaile eta auzitegien ebazpenetatik datorren doktrina bateratzeko duen funtzioak, euskal zuzenbide zibilaren interpretazioa hobetzeko eta manuak integratzeko zereginari dagokionez (Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko 5/2015 Legearen 2. artikulua), ez du oztopatu behar interpretazio horrek izan dezakeen bilakaera eta, horren bidez, arauak berak izan dezakeena, aurretiaz auzitegiak berak ebatzitako doktrinara kateatuz. Horrenbestez, auzitegiak berariazko gaitasuna izan behar du bere interpretazio propioa berrikusteko, gizartearen bilakaera bera kontuan hartuta, aginduzko irizpide hermeneutiko gisa. Eta betiere argi utziz une jakin batera arte legearen gainean egindako interpretazioa berrikusteko aukerak, zeina lotua baitago legez aurreikusitako irizpide hermeneutiko edo interpretatzaileetara, ez duela kasaziorik irekitzen kasu zehatza, egitateak edo frogaren balorazioa berrikusteko.

Gainerakoan, legearen 4.4 artikuluak ez dakar, berez, berritasunik (bai bada berritasuna artikulua bera legean jasota egotea); besterik gabe, lege-testura eramaten du Auzitegi Gorenaren Lehen Salaren osoko bilkura ez-jurisdikzionalaren erabakietan jada jasota zegoen eduki bat, kasazio-errekurtsoak eta arau-hauste prozesalaren ondoriozko aparteko errekurtsoak onartzeko irizpideei buruzkoa (2017ko urtarrilaren 27ko erabakia eta 2011ko abenduaren 30ekoa). Erabaki horiek Auzitegi Gorenean bideratutako kasazio-araubide arruntari aplika dakizkioke, eta hortik atera da, hitzez hitz, legearen 4.4 artikuluaren idazketa. Hartara, berritasuna datza soil-soilik jurisprudentzia-irizpide bat lege-kategoriara igotzean eta, gainera, jurisprudentzia-irizpide hori erantzun eraginkor eta egokia da euskal zuzenbide zibilaren premia bereziei begira, oro har hartuta, eta haren beharra dago zuzenbide zibil horrek iraungo badu. Egitate hori legean beren-beregi jasotzeak publizitate, argitasun eta segurtasun juridiko handiagoa ematen dio, balizko errekurtsogileen mesedetan. Segurtasun juridiko horrek ezin du begien bistatik galdu errekurtsoetarako irispidea ez dela alderdien xedatze-ahalmenaren baitakoa, ez eta auzitegiaren xedatze-ahalmenaren baitakoa ere; beraz, are positiboagoa da berariaz jasotzea irispide hori erregulatzen duen arauan.

Azkenik, berezitasun horiek guztiek kasazio-errekurtsoa ez onartzea dagokien kasuei buruzko zenbait ñabardura ezartzen dute, bereziki ez-onartze hori oinarritzen bada lege honetan eskatzen diren eskakizunak ez betetzean. Gainera, ez da ahaztu behar euskal kasazio zibilaren lege honen xedapenak nahitaez osagabeak direla, eta Prozedura Zibilaren Legearen xedapenak oraindik ere aplikagarriak direla, ez lege honen aginduz, baizik eta arau prozesal orokor gisa.

Lege honen xedea da euskal zuzenbide zibilaren arloko kasazio-errekurtsoa arautzea.

  1. Lege hau aplikatuko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, Botere Judizialaren Lege Organikoak, Prozedura Zibilaren Legeak edo lege-mailako beste edozein arau prozesalek arlo zibilean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salaren ardurapean uzten dituzten kasazio-errekurtsoei.

  2. Lege honetan aurreikusitakoa ezin izango da oinarri gisa erabili Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak uko egiteko Auzitegi Gorenaren Lehen Salak igortzen dizkion kasazio-errekurtsoez arduratzeko duen eskumenari, nahiz eta lege hau errekurtsoei aplikatuko zaien gainerako ondorio guztietarako.

  1. Kasazio-errekurtsoaren oinarria izan beharko da, soil-soilik edo beste arrazoi batzuekin batera, prozesuaren objektu diren gaiak ebazteko aplikatu beharreko Euskal Autonomia Erkidegoko berezko foru-zuzenbide zibil edo bereziko arauen urraketa.

  2. Ondorio horietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko berezko foru-zuzenbide zibil eta berezia edo, bestela esanda, euskal zuzenbide zibila izango da Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.5 artikuluan aitortutako eskumena baliatuz emandako arau oro edo, espresuki hala izan gabe, jurisprudentzia zibilak euskal zuzenbide zibilaren partetzat hartzen duena, bai zuzenbide horren iturrietatik datorrelako bai haren edukia zuzenbide horrek berezkoa duelako.

  3. Kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango zaie probintzia-auzitegiek bigarren auzialdian emandako epaiei eta auzitegi horiek apelazioan emandako eduki substantiboko behin betiko autoei, betiere ebazpen horiek kasazio-interesa badute.

  4. Kanpoan utziko dira, oro har, prozesua amaitzen ez duten ebazpenak, ebazpen intzidentalak edo kautelazkoak, eta xede berari buruz geroago beste prozedura bat hastea eragozten ez dutenak. Kanpo utziko dira, halaber, izaera prozesal hutseko arauen urraketan oinarritutako ebazpenak edo, arrazoi horregatik beragatik, arau-hauste prozesalaren ondoriozko aparteko errekurtsoaren bidez aurkaratu beharrekoak.

Errekurtso batek kasazio-interesa duela ulertuko da honako kasu hauetan:

  1. Errekurritutako ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak euskal zuzenbide zibilaren arauak aplikatuta emandako jurisprudentzia-doktrinaren aurkakoa denean.

  2. Errekurritutako ebazpena oraindik indarrean egon litekeen doktrina historikoaren kontrakoa denean, baldin eta doktrina hori ezarri bazen Euskal Autonomia Erkidegoaren antolakuntza judizialaren buru izateko ardura izango zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusia sortu eta funtzionatzen hasi aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta zeuden epaile eta auzitegien epaien kontrako errekurtsoak ebazteko jurisdikzioa eta haietatik eratorritako Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurralde historikoen berezko foru-zuzenbide zibileko doktrina bateratzeko eginkizuna zuten auzitegi guztiek behin eta berriz emandako erabaki irmoen bidez.

  3. Errekurritutako ebazpenak euskal zuzenbide zibilaren arauen mendeko auzi bat ebazten duenean eta horren gainean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisprudentzia-doktrinarik ez dagoenean, ez legeari berari dagokionez, ezta eduki bera edo antzekoa duten arau zaharragoei dagokienez ere.

  4. Errekurtsogileak behar bezala justifikatzen duenean planteatutako arazo juridikorako lehendik ezarritako doktrina aldatu beharra dagoela, aipatutako araua aplikatu beharreko garaiko testuingurua edo errealitate soziala aldatu delako, edo aldatu egin delako komunitate juridikoak partekatzen duen iritzia arauaren aplikazioak arauaren espiritu eta helburuari erantzun behar dion moduari buruz.

Kasazio-errekurtsoa ez da onartuko, Prozedura Zibilaren Legean aurreikusitako kasuetan ez ezik, honako kasu hauetan ere:

  1. Errekurtsoa bidegabea bada, ebazpen judizialaren aurka ezin delako errekurtsorik jarri edo zuzendu ezin daitekeen beste edozein forma-akats duelako.

  2. Errekurtsoa jartzeko idazkiak ez baditu betetzen lege honek kasuan-kasuan xedatutako eskakizunak.

  3. Kasazio-interesik ez badago lege honetan xedatutakoaren arabera.

  4. Aurreko artikuluaren 4. apartatuaren kasuan, Salaren ustez doktrina aldatu beharrik ez dagoenean legean aurreikusitako kasurik ez dagoelako.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Legea indarrean jarri aurretik errekurritu daitezkeen ebazpen judizialak.

    Lege hau indarrean jarri aurretik emandako ebazpen judizialei kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango zaie lege honetan xedatutakoaren arabera, errekurtsoa jartzeko denbora baliodunaren barruan baldin badaude.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Kasazio-errekurtsoa aurkez dakiekeen ebazpenen lurralde-mugaketa.

    Botere Judizialaren Lege Organikoak eta Prozedura Zibilaren Legeak besterik xedatzen ez duten bitartean, lege honen 3.3 artikulua interpretatuko da aipatutako lege organikoan indarrean dagoen 73.1.a artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz eta, horren arabera, lege honetan aipatzen diren probintzia-auzitegiak autonomia-erkidegoan egoitza dutenak baino ez dira izango.

    HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Euskal kasazio-errekurtso zibil foralaren oinarri izan daitezkeen arrazoiei buruzko araubide iragankorra.

    Justizia-auzitegi nagusietako arlo zibil eta penaleko salek arau-hauste prozesalaren ondoriozko aparteko errekurtsoez oro har arduratzeko eskumenik ez duten bitartean, lege honetan araututako errekurtsoa oinarritu ahal izango da lege honen 3. artikuluaren 1. atalean aipatzen den urraketan, hots, prozesuaren xede diren gaiak ebazteko aplikatu beharreko Euskal Autonomia Erkidegoko berezko foru-zuzenbide zibil edo bereziaren arauen urraketan eta, orobat, Prozedura Zibilaren Legearen 469. artikuluan aurreikusitako arrazoietan, haren azken xedapenetako hamaseigarrenean ezarritakoaren arabera.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 23a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik